- AGINDUA, 2011ko otsailaren 2koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko otsailaren 2koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 111
- Hurrenkera-zk.: 3082
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/02/02
- Argitaratze-data: 2011/06/13
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Instituzional; Ekonomia
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi gabe, betiere.
Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako dagokion sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, onartutako estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.
Artikulu horietan aurreikusitakoa betetzeko, Odontologo eta Estomatologoen Kontseilu Nagusiak, Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak eta Osasun Sailak den lanbidea izanik, eskumena baitu aginduzkoak diren txostenak egin dituzte.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa legearen araberakoa dela egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzea.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa argitaratzea, agindu honen eranskinean.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba dadin agintzea, erregistroa formalki osatzen den unean.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 2a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Elkargoaren izena honako hau izango da: «Ilustre Colegio Oficial de Odontólogos y Estomatólogos de Gipuzkoa» eta/edo «Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala».
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialak «prestua» tratamendua izango du eta lehendakariak «txit prestua» tratamendua.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da; nortasun juridiko propioa du, eta bere helburuak betetzeko eta eginkizunak gauzatzeko gaitasun osoa. Legeak babestuta dihardu, eta administrazio publikoak aintzatetsita.
Horiek horrela, erakunde, elkartze edo elkarte batek ere ezin izango du bereganatu zuzenbide publikoko korporazio honetako kideen berezko lanbide-interesen ordezkaritza.
Elkargo ofizial honen lurralde-eremua Gipuzkoako Lurralde Historikoa da.
Elkargo ofizial honetara honako hauek biltzen dira: Odontologian lizentziatuak edo horien ordez sortu eta antzekoak diren tituluen jabeak, beren lanbidea dentista modura garatu nahi badute, betiere.
Elkargoaren egoitza Donostian dago; hala ere, posible izango da lurralde-eremuaren barnean beste edozein tokitara aldatzea.
Batzar Orokorrak ordezkaritzak ireki ahal izango ditu, Gobernu Batzordeak hala proposatu ondoren.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofiziala akonfesionala da, baina badu zaindaria: Santa Apolonia; otsailaren 9a da bere oroipen-eguna.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialak, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu, beste sinesmen batzuen deiturak ere har ditzake.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren ikurra lanbideak duena bera izango da, hau da, Maltako Gurutzea, oliba kolore berdekoa, Gipuzkoako ezkutuari lotua.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren logotipoa gaur eguneko berbera izango da: kolore zuriko haginak Maltako Gurutzearekin, eta bi alboetan aurpegi simetrikoak, urdin kolorekoak.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren sigla GOEE izango da.
Elkargoaren barne-egitura eta jardunbidearen funtsezko printzipioak honako hauek dira: kideen berdintasuna, gobernu-organoak demokratikoki hautatzea, erabakiak gehiengoz hartzea eta, legeak errespetatuz, libre jardutea.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren funtsezko eginkizunak honako hauek dira:
Estatutu hauen eremura bildutako tituludunen lanbide-jarduera antolatzea, arautzea eta jagotea.
Elkargokideen ordezkaritza esklusiboa haien lanbide-jardueraren defentsan.
Botere publikoekin lankidetzan aritzea, lanbide-jardunaren baldintza orokorrak arautzen eta elkargo honi dagokion beste edozein alorretan.
Herritarrei laguntza eskaintzea aho-hortzen osasuna babesteko duten eskubidea lortzen; eta lanbide-jarduera zaintzea, era horretara, pazienteen beharrizanetara egokitzeko.
Elkargokideen etengabeko prestakuntza sustatzea zientzia, deontologia, gizarte, kultura, ekonomia eta lanari dagozkien alorretan.
Lanbide-harremanak sustatzea elkargokideen artean eta gainerako lanbideekiko.
Lanbidean printzipio eta balio etiko eta deontologikoak ezartzea eta zabaltzea.
Beharrezkotzat hartzen den beste edozein.
Helburuak lortzeko, Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialari dagokio legeak eta gainerako indarreko arautegiak esleitzen dizkion eginkizunak gauzatzea eta, batez ere, hauek:
Elkargokideen eta lanbidearen ordezkari izatea organismo publikoen, instituzioen, erakunde pribatuen, beste lanbide-erakunde batzuen eta, orokorrean, gizartearen aurrean.
Lanbidearen defentsa gauzatzea administrazioaren, instituzioen, auzitegien, erakundeen eta norbanakoen aurrean, legitimazio aktibo eta pasiboarekin, era horretara, lanbidearen interesak ukitzen dituzten judizioko auzietan eta judizioz kanpokoetan alderdi izateko.
Lanbidearen Kode Etiko eta Deontologikoa egitea eta onartzea.
Elkargokideen maila zientifikoa, kulturala eta deontologikoa etenik gabe sustatzea, iraunaraztea eta osotasunera eramatea, horretarako, egokiak izango diren jarduera zientifiko eta kulturalen antolakuntza eta sustapena bideratuz.
Administrazio publikoek eskuordetzen dizkioten eginkizunak gauzatzea eta, era berean, administrazio publiko horiekin batera lan egitea azterlanak antolatzen, txostenak ematen, estatistikak egiten, kontseiluetan edo aholku-erakundeetan parte hartzen eta helburuekin lotutako bestelako jardueretan parte hartzen.
Lanbidearen barnean intrusismoa eta legezkotasunik eza salatzea eta haien kontra joatea; horretaz gain, herritarrentzat engainagarriak izan daitezkeen edo erabiltzaileen uste onaz baliatzen diren jardueren berri jendaurrean ematea.
Judizioetan peritu gisa esku hartzeko deia jaso dezaketen elkargokideen zerrenda eskuratzea auzitegiei.
Elkargokideen lanbide-jarduera arautzea, lanbidearen estatutuak, arau etikoak eta deontologikoak eta norbanakoen eskubideak betetzen direla jagonez eta, beharrezkoa izanez gero, diziplinazko ahalmena egikarituz lanbidearen eta elkargoaren alorrean.
Elkargokideen artean edo elkargokide eta hirugarrenen artean sor daitezkeen lanbide-gatazketan bitartekaritza edo arbitraje bidean esku hartzea, eta demandatzaileak onartuz gero, nahitaez bete beharreko epaiak ematea, elkargokideen lan-jardunaren ondoriozko arazoen aurrean.
Legez kanpoko lanbide-publizitatea jazarri eta salatzea, unean-unean indarrean den legeria kontuan izanik.
Elkargoaren ibilbide onerako beharrezkoak izan daitezkeen barne-erregelamenduak idaztea, onartzea eta aldaraztea.
Lanbidearen eremuaren barruan, merkatu-azterketak eta ikerketak egitea.
Elkargoaren lurralde-eremuan aintzatetsiak izango diren sari, kondekorazio eta bereizgarriak sortzea eta ematea.
Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako elkargoekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilua eratzea, indarrean dauden arauekin bat etorriz.
Lanbidearen interesentzat onuragarriak izan eta Elkargoaren helburuak betetzera bideratuta dauden gainerako eskumenak.
Eskumena ezin uko eginezkoa da eta bereganatu duen elkargo-organoak erabiliko du, legeetan edo estatutu hauetan aurreikusitako eskuordetze-, ordezte- edo bereganatze-kasuetan izan ezik.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren egintzen araubide juridikoa Administrazio Zuzenbidearen menpean dago.
Izaera zibileko edo penaleko gaiak salbuespen gisa hartzen dira eta, kasuan kasuko araubide juridikoaren menpean egongo dira; era berean, langileriarekiko harremanak lan-legeriak eraenduko ditu.
Elkargoaren organo desberdinetako erabakiak baliozkoak izango dira eta ondorioak eragingo dituzte erabakiak hartzen diren egunetik aurrera, baldin eta erabakietan beste data bat xedatzen ez bada.
Elkargokideen egoera pertsonalei buruzko erabakien jakinarazpena erabakia hartu eta 15 eguneko epean egingo da Elkargoari eman dioten helbidean, bakoitzari egingo zaion jakinarazpenaren bidez, posta arruntez, burofaxez, e-mailez, faxez edo beste edozein bide erabiliz, betiere, data, egintzaren edukia eta interesdunak jaso izana ziurtatuta gelditzen badira; horretaz, egoitzan den edozein arduratu ahal izango da.
Nolanahi ere, jakinarazpena ukatu egin bada, edo beste arrazoi batzuek direla medio arestian aipatu egoitzan jakinarazpena egitea ezinezkoa izan bada, bi ahaleginen ostean, Elkargoaren iragarkien taulan eta lurraldeko aldizkari ofizialean argitaratuko da jakinarazpena.
Elkargoaren organoen egintza edo erabakien aurka, eta prozedura bat aurrera eramatea eragozten duten edo indefentsioa sortzen duten izapidezko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio EAEko Kontseiluari; horretarako, hilabete izango da, egintza edo erabakia hartu eta biharamunetik aurrera, edo, hala egokituz gero, interesdunei jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Errekurtsoa Gobernu Batzordeari aurkeztu beharko zaio, eta, ondoren, Gobernu Batzordeak EAEko Kontseiluari aurkeztuko dio, aurrekari guztiekin eta txostenarekin behar izanez gero; horretarako, 10 egun izango dira, aurkezpen-egunetik aurrera, betiere, erabakia hartu zuen organoak, epe horretan, ofizioz erabakia berraztertzen ez badu.
Gora jotzeko errekurtsoa aurkezterakoan honako hauek adieraziko dira: errekurtso-egilearen izena, abizenak, nortasun agiria eta Elkargoko identifikazio-agiria, helbide bat jakinarazpenetarako, errekurritzen den egintzaren azalpena, egintza inpugnatu izanaren arrazoia eta errekurtsoaren aurkezpen-eguna; errekurtso-egileak behar bezala sinatuta egon beharko du idazkiak.
Errekurtsoa aurkeztu eta hiru hilabete igaro ondoren, ez bada ebazpenik eman, ukatu egin dela joko da. Ondorioz, bide judiziala irekita geratuko da, non eta berrikuspen-errekurtso berezia aurkezteko aukera ematen ez den.
Errekurtsoa aurkezteak ez du etengo inpugnatutako egintzaren betearazpena.
Nolanahi ere, Gobernu Batzordeak edo EAEko Kontseiluak etenda utzi ahal izango dute bidezkotzat joz gero errekurritutako egintzaren betearazpena, eta beharrezkoak diren kautela-neurriak ere hartu ahal izango dituzte, interes publikoen babesa eta inpugnatutako ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko.
Deusezak eta deuseztagarriak dira Administrazio Prozedurari buruz indarrean dagoen legean edo hori aldatzekoa edo ordeztekoa den legean ezarritako kasuren batek eragindako egintzak eta erabakiak.
Gobernu Batzordeak, nolanahi ere, eten egin beharko ditu erabat deusezak diren egintzak, eta horien aurkako errekurtsoa aurkeztu.
Elkargoaren egintzen araubide juridikoari eta egintzok inpugnatzeari buruz estatutu hauetan zerbait jaso gabe egonez gero, Administrazio Prozedurari buruzko Legea edo bera aldatu edo ordezten duena izango da arau osagarria.
Elkargoak, bere helburuak betetze aldera, ondare-gaitasun erabatekoa du ondasunak administratu eta kudeatzeko. Hortaz, era guztietako ondasunak eskuratu, eduki, administratu eta kargatu ahal izango ditu.
Gobernu Batzordeari dagokio Elkargoaren ondasunak eta baliabide ekonomikoak administratu eta kudeatzea. Ordaintzeko aginduak lehendakariak emango ditu, eta diruzainak gauzatuko ditu.
Honako hauek izan daitezke Elkargoaren baliabide ekonomikoak:
Elkargoko kide egiteko kuota.
Elkargokideek ordaindu behar dituzten ohiko eta ezohiko kuotak.
Elkargoak egindako ziurtagirien, ikus-onetsien, txostenen eta azterlanen eskubideak; jarduera editorialengatik jasotako zenbatekoak; publizitate-babesaz eskuratutakoak; eta biltzarrak, mintegiak, ikastaroak, azterlanak eta antzeko jarduerak burutzeagatik eskuratutakoak.
Diziplina-ahala baliatzerakoan ezarritako diru-zehapenetatik datozkion sarrerak.
Elkargoaren ondasunek eta eskubideek sortzen dituzten interes, eskubide eta errentak.
Elkargoaren aldeko dohaintzak, diru-laguntzak, jaraunspenak eta legatuak.
Legez edo erregelamenduz zilegizkoak diren gainerakoak.
Elkargokideek Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilua mantentzen ere parte hartu beharko dute.
Gainerako elkargo ofizialei dagozkien herrietan jarduten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluko kuotak eta kargak bere jarduera nagusiari dagokion Elkargoaren bidez baino ezingo dira ordaindu. Ildo horretatik, jarduera nagusia izango da, Gipuzkoan, lanbide-sektore horretan, lan-hitzarmeneko ordutegiaren erdia baino gehiago osatzen duena.
Gobernu Batzordeak, urtero, hauek aurkeztuko dizkio Batzar Orokorrari, onar ditzan:
Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa.
Hurrengo ekitaldirako aurrekontua.
Hurrengo ekitaldiko aurrekontuak onartzen ez badira, Gobernu Batzordeak, bi hilabeteko epean, aurrekontu berriak aurkeztuko dizkio Batzar Orokorrari, Batzarrak berak onartutako irizpideei jarraituta. Berriro ere atzera botatzen badira, dimititu eta hauteskundeetarako deia egin beharko du Gobernu Batzordeak.
Ekitaldi guztia da balioduna aurrekontua eta aldaketak onartzeko.
Beharrezkoak jotzen dituen lan-kontratuko langileak eta kanpo-zerbitzuak kontrata ditzake Gobernu Batzordeak, behar bezala jardun ahal izateko eta Elkargoaren helburuak betetzeko.
1. ZATIA
Odontologoen eta Estomatologoen Gipuzkoako Elkargo Ofiziala kide anitzeko organoz eta kide bakarreko karguz osatuta dago.
Kide anitzeko organoak hauek dira:
Batzar Orokorra.
Gobernu Batzordea.
Kide bakarreko organoak hauek dira:
Lehendakaria.
Lehendakariordea.
Idazkaria.
Diruzaina.
4 bokal.
2. ZATIA
BATZAR OROKORRA
Batzar Orokorra da Elkargoaren borondatea ordezkatzen duen organo gorena, eta berak hartutako ebazpenak lotesleak dira elkargokide guztientzat eta Gobernu Batzordearentzat.
Elkargokide guztiek, beren elkargo-eskubideen jabe direla, parte hartu ahal izango dute Batzar Orokorretan, hitz egiteko eta botoa emateko eskubideaz.
Ohikoak eta ezohikoak izan daitezke Batzarrak.
Elkargokideen partaidetza eskatzen duten guztiak dira Batzar Orokorraren eskumenak. Batik bat, honako hauek:
Estatutuak eta Kode Deontologikoa onartzea eta berritzea.
Gobernu Batzordeko kideak hautatzea, eta, zentsura-botoa erabiliz, batzordea bertan behera uztea edo batzordeko kargudunen bat kargutik kentzea.
Elkargoaren aurrekontua eta kontuak onartzea.
Urteko kontuen kanpo-auditorea izendatzea.
Barne-araubideko erregelamenduak onartzea eta aldatzea, eta lanbidearen eremuan merkatu-azterketak eta ikerketak egitea.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren Arbitrajeko Erregelamendua onartzea eta aldatzea.
Gobernu Batzordeari baimena ematea Elkargoaren egoitza alda dezan, horretarako egin behar dituen izapide guztiak egiteko gaitasuna emanda, eta tokirik egokiena aukeratzeko ahal osoa eskuratuta.
Estatutu hauetan aitortzen zaizkion gainerakoak.
Batzar Orokorra Gobernu Batzordearen erabakiz deitu beharko da, batzar hori egin baino gutxienez 30 egun lehenago.
Deialdia Elkargoaren iragarki-taulan jarriko da, elkargokideei bidaliko zaie, posta arruntez edo e-mailez halakorik izanez gero, eta Elkargoaren web-orrian zintzilikatuko da. Deialdiak honako hauek jasoko ditu: gai-zerrenda, batzarraren eguna eta ordua lehenengo eta bigarren deialdirako (bien artean 30 minutu, gutxienez).
Ohiko Batzar Orokorra urtean behin egingo da, urteko lehenengo seihilekoan.
Elkargokideek eztabaidatu eta erabaki nahi dituzten proposamenak Gobernu Batzordeari aurkeztu beharko zaizkio, gutxienez, Ohiko Batzarra egin baino zazpi egun lehenago.
Gai jakinen baten gainean elkargokideek Gobernu Batzordeari galdera egin nahi badiote, idatziz egin beharko diote, gutxienez, Batzar Orokorraren eguna baino 7 egun lehenago.
Aurreko artikuluan aurreikusi ez den batzar oro Ezohiko Batzar Orokortzat joko da.
Ezohiko Batzar Orokorrerako deia Gobernu Batzordeak egingo du egoki deritzonean, eta elkargokideen % 20ak edo jarduneko elkargokideen % 10ak hala eskatzen duenean.
Azken kasu horretan batzarrerako deia egingo da, Gobernu Batzordeari hala eskatu eta hurrengo 30 egunen barruan.
Elkargokideek Gobernu Batzordeari idatziz helarazi beharko diote batzarrerako deia egiteko eskaera. Idazkian hauek zehaztuko dira: aztertu beharreko gaiak, eta horien oinarri diren kausak edo arrazoiak.
Gobernu Batzordeak murriztu egin dezake, 15 egunetik 3ra, Ezohiko Batzar Orokorrerako deia egiteko behar den gutxieneko epea, betiere, aztertu nahi den gaia, Batzordearen irizpidearen arabera, presakoa bada.
Gobernu Batzordeak taxutuko du gai-zerrenda, eta eskatutako gaiak sartu beharko ditu.
Batzar Orokorra baliotasun osoz eratuta geldituko da, baldin eta elkargokideen erdia gehi bat badaude; eta bigarren deialdian baliotasun osoz eratuta geldituko da, edozein dela ere bertaratuen kopurua.
Gobernu Batzordeak bertaratutakoei eska diezaieke Batzarrera sartu aurretik bertaratze-orri bat izenpetu dezatela, bakoitzak duen izaera edo ordezkaritza aditzera emanez.
Batzar Orokorra Gobernu Batzordeko lehendakariak gidatuko du. Lehendakariak, egoki baderitzo, baimena eman ahal izango du elkargokide ez direnak Batzarrean egoteko.
Lehendakariak Gobernu Batzordeko idazkariaren laguntza izango du.
Bozketak eskua jasoz egingo dira, non eta, Batzarra egin baino bi egun lehenago, elkargokide batek edo gehiagok kontrakoa eskatzen ez duten.
Bozketak isilpekoak izango dira beti, baldin eta elkargokideei berei buruzkoak edo beren ohoreari buruzkoak badira.
Emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak.
3. ZATIA
GOBERNU BATZORDEA
Gobernu Batzordeari dagozkio Elkargoaren eta haren ondarearen zuzendaritza, ordezkaritza eta kudeaketa. Estatutu hauetan aitortzen zaizkion gai guztiekiko eskumena du eta, oro har, legez edo estatutuen arabera Batzar Orokorrari ez dagozkion gai guztiekikoa.
Gobernu Batzordeko kide dira: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina eta lau bokal.
Gobernu Batzordea hilean behin bilduko da ohiko eran, deialdia lehendakariak egin eta gero.
Ezohiko eran behar beste bilera egin ahal izango ditu, betiere lehendakariak edo batzordeko kideetatik ehuneko hogeiak hala eskatzen badu.
Bilera-deiak, gai-zerrenda jasota dutela, lehendakariak berak bideratuko ditu idatzizko edozein komunikabide erabiliz. Bilera baino hiru egun lehenago egin beharko ditu, non eta bilera presakoa ez den, orduan epea hogeita lau ordukoa izan baitaiteke.
Batzordeko bileren buru lehendakaria izango da.
Lehenengo deialdian erabakiak hartu ahal izateko quorum halabeharrezkoa Gobernu Batzordeko kideen erdia gehi batekoa izango da. Bigarren deialdian -gutxienez ordu erdi geroago bilduko da- erabakiak hartu ahal izateko ez da beharrezkoa izango kide kopuru jakin bat bertan egotea.
Bertaratutakoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Berdinketa denean lehendakariak erabakiko du, kalitateko botoa baitu.
Ez da boto eskuordeturik onartuko.
4. ZATIA
KIDE BAKARREKO KARGUAK
Lehendakariari, estatutu hauetan ezarri eta ondorioztatutako eskumenez gain, beste hau ere badagokio: Elkargoaren legezko ordezkaritza botere publikoekin, auzitegiekin, erakundeekin, korporazioekin, pertsonalitateekin, partikularrekin eta gainerakoekin izan ditzan harremanetan.
Legearen eta estatutu hauen aurkakoak ez diren eskumen guztiak ere badagozkio.
Gobernu Batzordeak esleitutako eginkizun guztiak burutuko ditu lehendakariordeak. Lehendakariarenak ere bereganatuko ditu inori ezelango azalpenik eman gabe, baldin eta hura kanpoan bada, gaixorik badago, abstenitu egin bada, uko egin badio edo haren lekua betetzeke badago.
Legearen eta estatutu hauen ondorio diren eskumen guztiak ere badagozkio.
Batzar Orokorrak eta Batzordeak esleitutako eginkizun guztiak burutuko ditu idazkariak, batik bat honako hauek: Elkargoko langileen eta dokumentazioaren gainekoak, Elkargoko Batzarraren eta Gobernu Batzordearen bileren aktak egitea, eta ontzat jotzen diren ziurtagiriak egin eta baimentzea, lehendakariaren oniritziarekin, betiere.
Legearen eta estatutu hauen ondorio diren eskumen guztiak ere badagozkio.
Elkargoko Batzar Orokorrak edo Gobernu Batzordeak esleitutako eginkizunak dagozkio diruzainari, batik bat honako hauek: Elkargoaren gorabehera finantzarioekin lotutakoak; betiere, ordainketei dagokienez, lehendakariaren oniritzia beharko duela.
Legearen eta estatutu hauen ondorio diren eskumen guztiak ere badagozkio.
Hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izanda hartuko dute parte bokalek Gobernu Batzordearen bileretan; eta, beharrezkotzat jotzen denean, batzorde horretako gainerako karguak ordeztuko dituzte. Elkargoaren Batzordeetan ere hartuko dute parte, horretarako izendatuz gero.
Legearen eta estatutu hauen ondorio diren eskumen guztiak ere badagozkie.
Ondorio korporatibo eta profesionalei begira, hautapen bidezko kargudunei dagozkien betebeharrak konplitzea elkargo-eginbehartzat hartuko da.
Elkargoko kargudun bat hautapen bidez izendatzen denean, izendapen horrek ahalmena ematen dio titularrari agintaldian karguaz libreki baliatzeko; ahalmen hauek izango ditu:
Elkargo-ordezkaritzari dagozkion gaiei buruz iritzia askatasunez ematea; Gobernu Batzordean hitz egindakoa isilean gordeko da uneoro.
Elkargoaren eskubideak eta interesak bere karguaren ardurapean utzitakoak defendatzeko behar diren ekintzak sustatzeko ahalmena.
Estatutuetako arauei jarraituz, korporazioko gobernu-organoetako gainerako kideekin bilerak egiteko ahalmena, Elkargoarentzat interesgarri diren gaien inguruan eztabaidatzeko, erabakiak hartzeko eta kudeaketa egiteko.
Bere egitekoak askatasunez bete behar dituenez, horren kontrako usurpazio, abusu eta esku-sartze ororen aurka babestua izatea.
Elkargoko organo eskudunengandik informazioa, aholkuak eta lankidetza jasotzeko ahalmena, bere karguari dagozkion egitekoak burutzeko behar izanez gero.
Kasu bakoitzean aplikagarria den neurrian, jarduera profesionala eteteko ahalmena, elkargoaren ordezkaritza izateak horretara behartzen duenean.
Kide bakarreko karguek ez dute inolako ordainsaririk jasoko.
Dena dela, Gobernu Batzordeak aurrekontu-partida konpentsatzaile bat izango du batzordekide moduan jarduten duten kide bakarreko karguen ordezkaritza- eta dieta-gastuetarako edo lortu gabeko irabaziak direla-eta, eta horien zenbatekoa eta modalitatea Gobernu Batzordeak onartu beharko ditu.
Kide bakarreko organoen agintaldiak lau urtekoak izango dira, karguaz jabetzen diren egunetik kontatzen hasita, non eta iraupen bereko beste aldi baterako berriro aukeratzen ez diren.
Lehendakaria behin bakarrik berrautatu ahal izango da, eta beraz, gehienez ere, 8 urterako izango da. 8 urtetan zehar lehendakari izan den elkargokideak ezingo izango du aurkeztu berriro ere kargu horretarako.
Kide bakarreko organoetan kargua uzteko arrazoiak:
Agintaldia amaitzea, karguaz jabetu ondoren kargudun berriak izendatzen direnean.
Kargua nahita uztea.
Karguan aritzeko, estatutuetan ezarritako baldintzak galtzea.
Deitutako bileretara hiru bider jarraian huts egitea; edo lau bider, jarraian ez bada. Aldez aurretik espedientea ireki beharko da.
Zentsura-mozioa, estatutu hauetako arauekin bat etorriz onartutakoa.
Diziplinazko arau-hauste astuna edo oso astuna, ebazpen administratibo, judizial edo korporatibo irmoz hartutakoa.
Heriotza edo ezgaitasuna.
Lehendakaritza hutsik geratuz gero, lehendakariordeak beteko ditu haren eginkizunak.
Gobernu Batzordeko karguren bat hutsik geldituko balitz, Batzordeak berak izendatuko luke hutsune hori beteko lukeen pertsona.
Gobernu Batzordearen edo horko kideren baten kargu-uztea erabaki ahal izango du Batzar Orokorrak, aldez aurretik zentsura-moziorik egon bada.
Elkargoko kideetatik gutxienez % 25ak izenpetu beharko du eskaera, argi eta garbi adieraziz oinarri modura hartutako arrazoiak zeintzuk diren.
Eskaera aurkeztu, eta, gehienez ere, hilabeteko epean, Gobernu Batzordeak Batzarrerako deia egitea erabaki behar du; ezinbestekoa izango da, deialdiaren eta Batzarra egingo den egunaren artean, gutxienez, 15 eguneko tartea egotea.
Batzar Orokorra, zentsura-mozioa aztertzeko deitzen denean, kideetatik erdia gehi bat bertaratuta eratuko da.
Zentsura-moziorako, Batzarreko kideek boto bana izango dute. Gobernu Batzordeko kideek, ordea, ez dute botorik izango.
Zentsura-mozioak aurrera egin dezan nahitaezkoa izango da Batzar Orokorra bertaratutako kideetatik edo ordezkatutakoetatik bi herenak onartzea.
Zentsura-mozioak aurrera egiten badu, kargugabetuta geldituko da Gobernu Batzorde zentsuratua. Zentsurako Batzarrean bertan Kudeaketa Batzorde bat eratuko da, eta hark, hilabeteko epean hauteskundeetarako deia eginda, hauteskunde-prozesua abiaraziko du.
Zentsura proposatzen dutenek ezin izango diote besterik aurkeztu kargu berari, harik eta urtebete igaro arte.
Agintaldiko azken sei hilabeteetan ezin izango da zentsura-moziorik aurkeztu.
5. ZATIA
ELKARGOKO BATZORDEAK
Gobernu Batzordeak, jarduera jakinei erantzun ahal izateko, Elkargoaren Batzordeak eratu ahal izango ditu, erabakia hartzeko ahalmena Gobernu Batzordearen esku dela betiere. Hori horrela izanagatik, Gobernu Batzordeak Elkargoaren Batzordeei eskuordetzan utz ahal izango die gai jakin bati buruz erabakitzeko ahalmena, erabaki hori hartzeko jarraibideak ezarrita.
Gomendagarria da batzorde hauek izatea:
Etika eta Deontologia Batzordea, betebehar etiko eta profesionalak betetzen direla zaintzeko, eta espedienteen instrukzioaz arduratzeko.
Atal Zientifikoa, sustapen zientifikoaz eta etengabeko prestakuntzaz arduratzeko.
Talde Sorospeneko Atala, gai hauetaz arduratzeko: aho-hortzen sorospenarekin, hortz-frankiziekin eta administrazioaren menpeko aho-hortzen sorospen-programekin lotutako aseguru-entitateez, zerbitzu-enpresez edo enpresa bitartekariez.
Elkargoaren Batzordeetako kideetariko bat, behintzat, Gobernu Batzordeko kidea izango da, eta Gobernu Batzordea informatzeko ardura izango du bere gain.
Hauteskundeetarako deia egingo da:
4 urteko agintaldia amaitutakoan.
Gobernu Batzordeak horretarako erabakia hartzen duenean.
Gobernu Batzordeko karguetatik erdia baino gehiago hutsik gelditzen direnean.
Gobernu Batzordearen edo kideen erdia gehi baten aurkako zentsura mozioak estatutu hauetan ezarritako moduan aurrera egiten duenean.
Gobernu Batzordeko lehendakariak eta lehendakariordeak dimititu edo karguok hutsik gelditzen direnean.
Espainiar nazionalitatea edo Europar Batasuneko estatu kideetariko bateko nazionalitatea duten elkargokideak izan ahalko dira hautagai, baldin eta: elkargoarekiko obligazioak beteta badituzte, zehapen irmoz lanbidean aritzeko desgaikuntzarik ez badute eta eskubide zibil guztiak badituzte.
Lehendakari-, lehendakariorde-, idazkari- eta diruzain-kargurako beharrezkoa izango da hautatu aurretik bost urte jarraian jarduneko elkargokide izatea.
Lehendakari kargurako ezin izango dira hautatu zortzi urtez kargu hortan egon diren elkargokideak.
Hautagai izateko baldintza guztiak beteta egongo dira hautagai-zerrendak aurkezteko azken egunerako.
Hautagai-zerrendek, hauteskundeetan parte hartu ahal izateko, hautatu behar den Gobernu Batzordeko kide guztiak jaso beharko dituzte.
Hautagai bakoitza zein kargutara aurkezten den adierazi beharko da hautagai-zerrendak osatzerakoan.
Elkargokideak ezin izango dira aurkeztu, hautagai modura, hautagai-zerrenda bat baino gehiagotara, eta ezin izango dute egin proposamen bat baino gehiago kargu baterako.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialeko kide guztiek izango dute botoa emateko eskubidea.
Hautesleek beren botoa askatasunez eta isilpean emateko eskubidea dute.
Hauteskundeetarako deialdia Gobernu Batzordeak egingo du, eta epeak jarriko ditu bertan.
Gobernua uzten duen Batzordeak, hauteskundeetarako deia egin eta gero, bere eginkizunak betetzen jarraituko du, harik eta hauteskundeetatik ateratako Gobernu Batzorde berria karguaz jabetu arte.
Hauteskunde-mahai bat eratuko da, zeinek ardura hauek izango baititu: hauteskunde-prozesuaren funtzionamendu ona zaintzea, hautagai-zerrendak onartzea eta arrazoituta baztertzea, eta botazioetako onarpen- eta zenbaketa-aktak egitea.
Hauteskunde-mahaia honako hauek osatuko dute: lehendakaria, zein jarduneko elkargokiderik zaharrena izango baita; bi elkargokide izango ditu laguntzeko, bata gazteena idazkaria izango da, eta bestea, Gobernu Batzordeko kide bat.
Deialdia argitaratu eta hurrengo hogei egunetan aurkeztuko dira hautagai-zerrendak Elkargoan.
Gobernu Batzordeak, hautagai-zerrendak aurkezteko epea amaitu eta bost egunen barruan, akta bat egingo du. Aktan, onartutako eta baztertutako hautagai-zerrendak agertuko dira, eta baztertutakoen kasuan aditzera emango da zeintzuk izan diren horretarako arrazoiak. Elkargoko iragarki-taulan argitaratuko da akta hori.
Hauteskundeetara hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, horixe hautatuko da, bestelako izapide barik.
Onartutako hautagai-zerrendek hauteskundeetako propaganda-jarduerak garatu ahal izango dituzte hamabost egunetan.
Hautagai-zerrendek ikuskatzaile bana izendatu ahal izango dute elkargokideen artean, hauteskunde-mahaian beren ordezkari izateko.
Hauteskunde-mahaiak, zenbaketa amaitu ondoren, hautatutako hautagaiak aldarrikatu eta akta egingo du, eta, bertan, izandako gorabeheren berri emango du.
Hautatutako hautagaiak gehienez ere hamabost eguneko epean jabetuko dira karguaz.
Gobernu Batzordeak edo hauteskunde-mahaiak hartutako erabaki guztiak inpugna daitezke idatziz, 24 orduren barruan, erabakia hartu duen organo beraren aurrean. Goitik jota, 48 orduren barruan emango da ebazpena; ordutik aurrera ez da oztoporik izango estatutu hauetan araututako errekurtso hori jartzeko, eta ez da etenda geratuko hauteskunde-prozesua.
1. ZATIA.
PRINTZIPIO OROKORRAK
Dentisten diziplina-araubidea legeetan, estatutu hauetan eta horiek garatzeko Elkargoak emandako gainerako arauetan xedatutakoaren araberakoa izango da.
Estatutu hauetan aurreikusitako jokabideak argitu eta interpretatzeko arauak eman ahal izango ditu Batzar Orokorrak, baita arian-arian atzeman daitezen ekintza berriak beroietan integratzeko behar direnak ere.
Elkargoaren beraren jokabide-araurik ez badago, Kode Etikoan eta Deontologikoan xedatutakoa hartuko da aintzat.
Elkargokideak eta sozietate profesionalak diziplina-erantzukizunaren menpe daude, eta haren eraginpean gertatuko dira estatutu hauetan ezarritako kasu eta egoeretan. Printzipio etiko-deontologikoak eta legalak izango dira erantzukizunaren oinarri, horiek hezurmamitzen baitute dentistaren jardun profesionala.
Estatutu hauetan finkatutako diziplina-araubidea lanbidearen jardunean elkargokideek izan dezaketen erantzukizun zibil edo penalari kalterik egin gabe ezarriko da.
2. ZATIA
ARAU-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK
Diziplinako falten sailkapena: arinak, larriak eta oso larriak.
Falta arintzat hartzen dira:
Elkargoko dokumentazioari edo beraren bidez izapidetu behar den dokumentazioari buruz ezarritako arauak ez betetzea.
Elkargoko eginbeharrak ez betetzea, hala nola, Elkargoko organoek egindako agerraldi-, erantzun- edo txosten-eskaerei jaramonik ez egitea.
Estatutuak, arau deontologikoak edo Elkargoko organoek Batzar Orokorra edo Gobernu Batzordea hartutako erabakiak ez betetzea, betiere goragoko mailako falta ez bada.
Egoitza profesionalaren aldaketen berri Elkargoari ez ematea.
Honako hauek hartuko dira falta larritzat:
Elkargoko organoen aurrean beren-beregi modu desegokian jardutea, eta, oro har, horiei zor zaien begiruneari modu larrian huts egitea.
Estatutuak, arau deontologikoak edo Elkargoko organoek hartutako erabakiak ez betetzea, non eta ez den falta txikiagoa edo handiagoa.
Lanbidearen moralari, begiruneari, duintasunari, prestigioari eta ohoreari modu larrian eragiten dieten egiteak edo ez-egiteak, edo elkargokideei zor zaien begirunearen aurkakoak.
Koalifikazio edo tituluren bat, edo prestakuntzaren bat adieraztea, dena delako hori eduki gabe.
Lanbide-sekretua arduragabekeriaz haustea.
Ez erantzutea pazienteek beren historial klinikoetako edukiei dagokienez egindako ziurtapen- edo informazio-eskaerei.
Organo profesionalak beren eskumenak betetzen ari direnean derrigortzea, mehatxatzea, errepresaliatzea edo horiek larriki behartzea.
Pertsonen osasunari edo segurtasunari arriskua eraginez edo indarreko legeria nabarmen hautsiz publizitate profesionala egitea.
Jardueran, zerbitzuetan eta instalazioetan gorde behar diren baldintzei, kontrolei eta zuhurtzia-neurriei jaramonik ez egitea, pazienteren batengan kalteak sor baditzake, betiere.
Pertsonen duintasunari eraso egitea lanbidean jarduterakoan.
Falta arinetan berriro erortzea. Berrerortzea gertatu dela joko da, bi urteko epean gutxienez hiru falta arin egiten badira.
Elkargoko, estatutuetako eta deontologiako obligazioak betetzen zabarkeriaz jokatzea behin eta berriro.
Elkargoetako Gobernu Batzordeetako kideei dagokienez, Batzar Orokorraren erabakiak ez betetzea.
Honako hauek hartuko dira falta oso larritzat:
Lanbide-gaietan delitu izan daitekeen edozein portaera.
Pazienteak asmo gaiztoz edo nahita zaindu gabe uztea, pazienteari kalte larria egiten bazaio, betiere.
Sekretu profesionala doluz haustea.
Intrusismo profesionala estaltzea edo babestea.
Jakinaren gainean eta nahita egiten diren faltak, kalte larria badakarte, betiere.
Larritzat jotako faltetan berriro erortzea. Behin eta berriz falta larriak egin direla ulertuko da, bi urteko epean falta larri bat baino gehiago egiten bada.
Estupefazienteen erabilerari buruzko arauak ez betetzea; eta lanbidean substantzia alkoholiko edo toxikoen eraginpean jardutea.
Laguntza ukatzea, premia-egoera denean edo diskriminazioko arrazoiak direla medio.
Egia esan gabe, txostenak eta egiaztagiriak egitea.
Artikulu honetan aipatzen diren faltengatik, zehapen hauek jar daitezke:
Ohartarazpen pribatua, ahozkoa edo idatzizkoa.
Ohartarazpen publikoa, zehatzeko ebazpen irmoa Elkargoaren adierazpideetan argitaratuz.
Isuna, Elkargo Profesionalei buruzko Euskal Legean ezarritako zenbatekoen araberakoa, edo zenbateko horiek eguneratzen dituzten arauetan ezarritakoaren araberakoa.
Lanbide-gaitasungabetzea gehienez ere, hogei urtekoa, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluaren edo hura ordezkatzen duen araudiaren arabera.
Falta arinak egiten dituztenei zehapen hauek ezarriko zaizkie: ohartarazpen pribatua edo publikoa, edo 300 eurora arteko isuna edo unean-unean indarrean den legerian egindako eguneratzetik ateratzen den zenbatekokoa.
Falta larriak egiten dituztenei zehapen hauek ezarriko zaizkie: 301 eurotik 3.004 eurora arteko isuna edo unean-unean indarrean den legerian egindako eguneratzetik ateratzen den zenbatekokoa, edo, gehienez ere, urtebeteko epean, lanbiderako desgaikuntza.
Falta oso larriak egiten dituztenei zehapen hauek ezarriko zaizkie: lanbideko jarduna etetea urtebete eta egun bat eta hogei urte bitartean, eta/edo 3.005 eurotik 30.050 eurora arteko isuna, edo unean-unean indarrean den legerian egindako eguneratzetik ateratzen den zenbatekokoa.
Lanbide-jarduna aldi baterako etenarazteko zehapena jaso duenari beste elkargo bateko kide izateko desgaikuntza ere ezarriko zaio, zehapena indarrean den bitartean.
Aurreko paragrafoetan aurreikusitako diziplina-zehapenek berekin batera dakarte: atzemandako akats edo irregulartasunak zuzendu beharra; egoera edo jarrera bidegabeak konpontzea; espedientearen izapideak egiterakoan ondorioztatu eta frogatu diren egintzetan oinarrituz, organo eskudunak aldi berean har dezan erabakia gauzatzea; eta, diziplina-espedienteak izapidetzerakoan edo behar diren jakinarazpenetarako errekerimenduak notarioaren bidez egiterakoan sortutako gastuak ordaintzea.
Arauhauste bategatik egileak diru-etekina atera badu, isuna handiagoa izango da: etekin hori zenbatekoa izan den kalkulatu ondoren aurreko gehienezko kopuruekin alderatuko da, gutxienez etekina eta gehienez etekinaren bikoitza gehitu beharko zaio ordaindu beharreko isunari.
Zehapenak ezartzeko, mailakatu egin beharko da erruztatuaren erantzukina eta, horretarako, egindako arau-haustearen izaerari, haustearen eraginari eta erantzukizuna alda dezaketen gainerako zirkunstantziei begiratuko die. Ahalmena izango du bidezkotzat jotako zehapena ezartzeko, nahiz eta zehapen bat baino gehiago ezarri falta-mota bakoitzerako. Dena den, aplikatu beharreko zuzenketa kalifikatu eta zehazteko, honako zirkunstantzia hauek hartuko dira kontuan:
Pazienteari, hirugarrengo batzuei, profesionalei edo Elkargoari eragindako kalte-galeren larritasun-maila.
Nahitakotasun-, zuhurtziagabekeria- edo zabarkeria-maila.
Espedientea izapidetzerakoan organo eskudunaren aurrean erakutsitako temakeria edo menik ez egiteko borondatea.
Egite zehagarriaren iraunaldia.
Bererortzeak.
Kasu bakoitzak izan ditzakeen gainerako zirkunstantziak.
Isunetatik jasotzen den diru guztia etengabeko lanbide-prestakuntzako programak sustatzeko erabiliko du Gobernu Batzordeak. Horretarako, Gobernu Batzordeak beharrezkoak diren erabakiak hartu eta gauzatuko ditu.
Falta larri edo oso larriengatik zehapenak ezartzen dituzten ebazpenak, administrazioaren bidean irmoak direnean, osasungintzako agintariei, hirugarrengoei eta herritarrei jakinarazi ahal izango zaizkie, horretarako bidezkotzat jotako komunikabideak erabilita.
Lanbide-jarduna eteteko zehapenak eta osasun publikoari eragin diezaioketen jokabideei dagozkienak osasungintzako eta gobernuko agintariei jakinaraziko zaizkie.
Diziplina-erantzukizuna iraungi egingo da:
Erruztatua hiltzen denean.
Zehapena betetzen denean.
Administrazio-prozedurari buruz indarrean dauden legeetan xedatutakoaren arabera, arau-hausteak edo zehapenak preskribituta geratzen direnean.
Dagokion elkargoak hala erabaki duelako, Euskal Autonomia Erkidegoko Dentisten Kontseiluak edo, horren ezean, Kontseilu Nagusiak berretsi ondoren.
3. ZATIA
PROZEDURA
Kapitulu honetan ezarritako prozeduraren arabera, ezin izango da inolako diziplina-zehapenik jarri, aldez aurretik ez bada espedienterik ireki.
Indarrean dauden legeetan eta horiek garatzen dituzten gainerako arauetan ezarritako araubide orokorrak aintzatetsiko ditu zehapen prozedurak.
Elkargoko Deontologia Batzordeko kide bati egokituko zaio zehapen-prozeduraren instrukzioa egitea. Elkargoko administrazio-saileko kide bat izango da idazkaria, Gobernu Batzordeak izendatuta.
Espedientea ireki zaiona zein elkargotako kide den, hango Gobernu Batzordeko lehendakariari dagokio zehatzeko ahala. Nolanahi ere, elkargoetako Gobernu Batzordeetako kideek egiten dituzten faltak epaitzeko eta horiei zehapena jartzeko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluak izango du.
Elkargo ofizial batekoak ez diren profesionalek elkargo horren lurralde-eremuan arau-hausteren bat eginez gero, elkargo horrek informazio-espediente bat izapidetu beharko du bi hilabeteko epean. Espedientea profesional horiek kide diren elkargo ofizialera bidaliko da, eta hark, hala badagokio, zehapen-espedientearen instrukzioa egin eta ebazpena emango du.
Kasu guztietan, edozein zehapen ezarri baino lehen, Deontologia Batzordeari entzungo zaio, nahiz haren txostena loteslea izan ez. Espedientea ireki zaiona elkargokidea bada, orduan, Elkargoko Deontologia Batzordeari entzungo zaio. Espedientea ireki zaiona Gobernu Batzordeko kidea bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluko Deontologia Batzordeari entzungo zaio.
Zehapena ezartzeko erabakiak berehala betearaztekoak izango dira, egokitzen diren errekurtsoei kalterik egin gabe.
Elkargoak berehala emango dio EAEko Kontseiluari irekitako diziplina-espedienteetan eman diren ebazpenen berri, horien kopia bat bidaliz.
Elkargoak zehapenen erregistro bat izango du, eta gorde egin beharko du espedientea, harik eta diziplina-erantzukizuna iraungi arte. Diziplina-zehapen irmoak elkargokidearen espediente pertsonalean jaso beharko dira.
Oharpen horiek ofizioz ezereztuta geldituko dira urtebete igarotzen denean, zehapena bete edo preskribitzen den egunetik kontatzen hasita.
Dentistaren lanbidean Gipuzkoako lurralde historikoan legez aritzeko, beharrezko betekizuna da Elkargo honetako kide izatea eta eskatzen diren lege-, arau- eta estatutu-betekizunak betetzea.
Aurreko paragrafoan xedatutakoari unean-unean legez ezarritako salbuespenak aplikatuko zaizkio.
Nolanahi ere, Odontologo eta Estomatologoen beste Elkargoren batean inskripzioa eginda duten profesionalek jardun ahal izango dute beren lanbidean Elkargo honen eremuan, baita alderantziz ere.
Elkargoko kide izan ahal izango dira indarreko legeriaren araberako unibertsitate-titulua duten profesional guztiak, baldin-eta titulu horrek hortz-haginetako, ahoko, masailezurretako eta inguruko ehunetako anomalia eta gaixotasunak prebenitzeko, eta horiek diagnostikatzeko eta tratatzeko jarduera-multzoari aurre egiteko gaitzen baditu (dentistak).
Elkargokideek beren bizilekua eta/edo lantokia Elkargoaren lurralde-eremuaren barruan eduki beharko dute beti.
Elkargoratzeko eskaera egiteko, profesionalek eskabide bat helaraziko diote Elkargoko lehendakariari; eskabidearekin batera, gutxienez, honako hauek egiaztatuko dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da:
Dentistaren lanbidean jarduteko legez eskatzen diren tituluetariko bat, gutxienez, izan beharko da.
Profesional graduatu berriren batek titulua lortzerik izan ez arren, Gobernu Batzordeak elkargoko kide egin dezake, betiere, profesionalak frogatzen badu, beharrezkoak diren ikasketak egin dituela eta titulua emateko eskubideak ordainduta dituela. Profesional horrek, hala ere, behin titulua eskuetan duela, Elkargoan aurkeztu beharko du, erregistratua izan dadin.
Ezin izango da egon lanbidean jarduteko desgaikuntza jasota edo ezgaituta.
Elkargoaren Gobernu Batzordeak elkargokide egiteko ezartzen duen kuota ordaintzea.
Eskatzaileak estatutu hauen eta Etika eta Deontologia Kodearen berri baduela egiaztatzen duen adierazpena, horiek beteko dituela aginduta.
Lan egiten duten klinika edo klinikak, bat baino gehiago izanez gero non kokatuta dauden azaltzen duen adierazpena. Bat baino gehiago izanez gero, klinika nagusia zein den zehaztu beharko da. Klinika guztien lan-ordutegia ere adierazi beharko da, baita baimen sanitarioa dutela ere.
Aseguru-poliza hitzartuta duela frogatzen duen agiria, erantzukizun zibil profesionala jaso eta estaltzen duena.
Jarduten ez duen profesionalak zinpeko adierazpena egin beharko du, jardunean ez dagoela dioena.
Elkargoari egoitza profesionalaren aldaketen berri emateko konpromiso idatzia.
Sozietate profesionalek, elkargoratzeko eskaera egiteko, eskabide bat helaraziko diote Elkargoko lehendakariari; eskabidearekin batera, gutxienez, honako hauek egiaztatuko dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da:
Sozietatearen eratze-eskritura publikoa eta Merkataritza Erregistroan sozietateak duen inskripzioaren ziurtagiria.
Bazkide profesionalen eta ez-profesionalen identifikazioa; lehenengoei dagokienez, elkargokide-zenbakia eta zein elkargo profesionaletakoa den adieraziko da. Administrazioaren eta ordezkaritzaren ardura duten pertsonen identifikazioa.
Bazkideek eta/edo administratzaileek nahiz kontratu sozialak aldaketarik izanez gero, aldaketa Elkargoari jakinarazteko konpromiso idatzia.
Sozietate profesionalen inskripzioa horretarako eratuko den Erregistro batean egiaztatuko da.
Europar Batasunekoak ez diren eskatzaile atzerritarrek lan- eta bizileku-baimena ere aurkeztu beharko dituzte; nolanahi ere, elkarrekikotasun printzipioa eta indarrean dauden legeetan xedatutakoa aplikatuko zaizkie.
Gobernu Batzordeak, bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egin ondoren, hogeita hamar egun baliodun izango ditu eskabidea aurkezten den egunetik aurrera, eskatzailea Elkargoko kide egin ala ez erabakitzeko. Horren berri interesdunari eman beharko dio idatziz, hamar eguneko epean.
Gobernu Batzordeak etenda utzi edo atzeratu egin ahal izango du Elkargoko kide egitea, horretarako ebazpen arrazoitua emanda, honako kasu hauetan:
Aurkeztutako dokumentuak nahiko ez badira, akatsak badituzte eta osagabeak edo irakurtezinak badira.
Horrelakoetan, Gobernu Batzordeak, bere irizpidez, hiru hilabetera arteko epea eman ahal izango du dokumentazioa osatzeko edo atzemandako akatsak zuzentzeko.
Aurkeztutako dokumentuen legitimitate edo benetakotasunari buruzko zalantza arrazoizkoak daudenean.
Horrelakoetan, Gobernu Batzordeak etenda utziko du Elkargoko kide egitea, harik eta sortutako zalantzak uxatzeko edo berresteko izapideak amaitzen diren arte. Izapide horiek bizkortasun osoz egin beharko dira, gehienez ere hiru hilabeteko epean, edo Elkargoaren eskaeraz abiarazitako prozedura judizialek iraun bitartean.
Gobernu Batzordeak, ukatu egin ahal izango du ebazpen arrazoitu baten bidez Elkargoko kide egitea, honako kasu hauetan:
Aurreko artikuluko a) idatz-zatian aipatutako epea igaro eta dokumentuak osatu gabe daudenean edo atzemandako akatsak zuzendu ez direnean.
Aurreko artikuluko b) idatz-zatian aipatutako izapideak egin eta dokumentuak legezkoak ez direla edo faltsuak direla frogatzen denean.
Ondorengo egoerak nabarmenak direnean: eskatzailearen ezgaitasun fisikoa; aurkeztutako dokumentuen desegokitasuna; titulu nahikorik ez izatea; edo akatsak, hiru hilabeteko epean, zuzentzea ezinezkoa izatea.
Oro har, estatutu hauetan jaso eta ezarritako baldintzaren bat betetzen ez denean.
Elkargoko kide egitea ukatuz gero, ukapen horrekin batera itzuli egin beharko da elkargoratze-kuotaren zenbatekoa; zenbateko horri, aldez aurretik, elkargoratze-eskabidea izapidetzeak sortutako gastu administratiboei dagokiena kenduko zaio.
Dentistaren lanbidean jarduteko, hauek dira ezgaitasun- eta desgaikuntza-arrazoiak:
Ezintasun fisikoak edo psikikoak, beren izaera edo sakontasunaren ondorioz lanbide-eginkizun propioa betetzea eragozten badute.
Elkargoko kide izan nahi duenaren gaitasun fisiko edo psikikoari buruzko zalantza sendoak baditu Elkargoak, ziurtagiri medikua eska diezaioke, bere osasun fisikoa zein mentala onak direla frogatzen dituena.
Dentistaren lanbidean jarduteko beren-beregi desgaikuntza jasota edo eginkizunetan etenda egotea, epaileak edo korporazioak emandako ebazpen irmoz.
Ezgaitasuna edo desgaikuntza desagertuko dira, hain zuzen ere, horietarako arrazoiak desagertzen direnean edo, estatutu hauen arabera, diziplinazko erantzukizuna azkentzen denean.
Honako arrazoi hauengatik galduko da elkargokide-izaera:
Elkargokidea hil delako.
Borondatezko baja, Elkargoaren lurralde-eremuko jardun profesionala bertan behera utzi delako; idatziz jakinarazi behar da hori. Nolanahi ere ez da elkargokide izaera galduko, jardunean egongo ez den elkargokide izatera pasatzea eskatzen bada.
Urtebetez jarraian ez direlako ordaindu ezarritako epeen barruan ohiko eta ezohiko kuotak, ez eta ordaindu beharreko Elkargoko gainerako kargak ere. Elkargokide-izaera galdu aurretik, Elkargoak ordainketa egiteko eskatuko dio, eta hamabost egun emango dizkio betebehar ekonomikoei erantzuteko. Elkargoak bide judiziala erabili ahal izango du zor diren kuotak ordaintzea eskatzeko.
Sozietate profesionalen kasuan, Merkataritza Erregistroko inskripzioa ezereztu izana.
Elkargokide izaera galduz gero, horren berri idatziz emango zaio interesdunari. Jaso egingo da gorabehera hori, eta gertaeraren unetik beretik izango ditu ondorioak.
Bajak arrazoia edozein dela ere Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluari jakinaraziko zaizkio.
Artikulu honetako 1. paragrafoko c) idatz-zatiari dagokionez, elkargokide zordunek beren eskubideak berreskuratu ahal izango dituzte. Horretarako, zor dutena, zenbateko horren legezko interesak eta Elkargoko kide berriro egiteko eskubideak ordaindu beharko dituzte.
Jardun profesionala eragozten duen ezgaitasun fisiko eta/edo psikikorik suertatuz gero, bi aukera izango ditu interesdunak: Elkargoan baja hartzea edo jarduten ez duen elkargokide moduan jarraitzea.
Beste elkargo bateko kide izanik, elkargo honen eremuan lanbidean jardun nahi duten profesionalek -eta alderantziz- ez diote Elkargoari jardun horren gorabeheraren berririk eman beharko.
Lanbideko egintza bakoitzari dagokionez, elkargokidea bere jardun profesionala garatu den elkargoko diziplina-araubidearen menpe geratuko da eta lanbideko egintza horiek elkargoaren aurrean erantzun beharra sor diezaiokete.
Gipuzkoako Odontologoen eta Estomatologoen Elkargo Ofizialak elkargokide-mota hauek onartzen ditu:
Jardunean daudenak edo jardunekoak.
Jardunean ez daudenak edo ez-jardunekoak.
Sozietate profesionalak.
Jarduneko elkargokideak izango dira, elkargokide moduan inskribatuta egonik, lanbidean jarduten dutenak. Nolanahi ere, beste Elkargo batekoak ere izan ahalko dira, titulua dela medio, Elkargo horri dagozkion ekintzetan jardun ahal badute edo jarduten badute.
Jardunean ez dauden elkargokideak dira, elkargokide izateko beharrezkoak diren baldintzak beteta eta elkargokide izanda, lanbidean jarduten ez dutenak, eta mota horretako elkargokide izatea eskatzen dutenak; edo, atzerriko titulua duten profesionalak izan, gure herrian ikasketak sakontzen aritu eta irakaskuntzarako ahalmena duen erakunde nazional batek abalatuta egonez gero, Elkargoan inskripzioa eskatu dutenak. Elkargoak, bere irizpidez, inskripzio hori egingo du, ikasketek ustez iraungo duten aldirako.
Sozietate profesionalak dira jarduera profesionalean modu erkidean aritzea xede dutenak eta unean-uneko legeriaren arabera horrela eratuta daudenak.
Elkargokideek, jardunean egon edo ez, «ohorezko elkargokideak» bereizgarri ohorezkoa jaso dezakete, baldin eta, elkargoaren, zientziaren edo lanbidearen ikuspuntutik, lan garrantzizkoa eta merezimenduzkoa egin badute odontoestomatologiari dagokionez.
Kategoria hori ohorezkoa izango da, eta Batzar Orokorrak erabaki beharko du, Gobernu Batzordearen proposamena jaso ondoren.
Elkargokideek eskubide hauek izango dituzte:
Lanbidean askatasun osoz jarduteko eskubidea izango dute, zuzenbidearen, deontologiaren eta estatutuen eremuaren barruan.
Korporazioaren kudeaketan parte hartzeko eskubidea izango dute eta, beraz, eskariak egiteko, botoa emateko eta zuzendaritza karguetara heltzeko eskubideez baliatu ahal izango dute, estatutuetan ezarritako prozeduren eta baldintzen arabera.
Lanbidean zuzen jarduteko beharko luketen laguntza eta babesa Elkargoari eskatu eta jasotzeko eskubidea izango dute. Elkargoak ordezkaritza eta laguntza eskainiko die, inoiz agintariei, auzitegiei, eta erakunde publiko edo pribatuei erreklamazio funtsatuak aurkeztu beharrean daudenean eta jardun profesionalean sor dakizkien auzietan. Prozeduran zehar sortutako gastuak eta kostu juridikoak elkargokideak ordainduko ditu, non eta, erreklamazio horiek interes orokorrekoak direlako, gobernu-organoek bestelako erabakirik hartzen ez duten.
Elkargoak dituen gizarte-aurreikuspen eta laguntzako erakundeetako eta erakunde asistentzial, kultural eta zientifikoetako erakundeetako partaide izateko eskubidea.
Eskatutakoan Elkargotik informazioa jasotzeko eskubidea, baldin halakorik badu.
Lanbide-jardunari dagozkion ordainsariak jasotzeko eskubidea.
Estatutu hauen, legeen eta indarreko arauen ondorio diren gainerako eskubide guztiak.
Elkargokide ororen funtsezko eginbeharra da lanbidean arau etiko eta deontologikoekin bat etorrita jardutea.
Honako hauek ere, besteak beste, elkargokideen betebeharrak izango dira:
Estatutuan eta Kode Deontologikoan jasotako aginduei men egin beharko diete, eta horiek zorrotz bete beharko dituzte.
Kuotak eta karga ekonomikoak, ohikoak eta ezohikoak, Batzarrak ezartzen duen zenbatekoz eta moduan ordainduko dituzte.
Ahalik eta leialtasunik handienaz jokatuko dute Elkargoarekiko eta beste elkargokideekiko harremanetan.
Ematen dituzten zerbitzuen kalitatea eta lanbidearen irudi ona zainduko dute. Elkargoari jakinarazi egingo diote legearen aurkako instalazioak daudela, eta jardun onaren eta Kode Deontologikoaren aurka doazen jarduerak gertatu direla, baldin eta halakoen berri badute.
Erantzun egin beharko diote Elkargoak egindako eskaera orori, eta jakinarazi egin beharko diote Elkargoari bizileku edo egoitza profesionala aldatu badute.
Elkargoaren egoitzara joango dira, Gobernu Batzordeak edo Deontologia Batzordeak hala eskatzen badiote.
) Elkargokideek bertaratu egin beharko dute eta parte hartu Elkargoaren funtzionamendu onerako beharrezkoak diren jardueretan.
Elkargokideek, oro har, beren-beregi debekatuta izango dituzte indarreko lege eta arauetan, estatutu hauetan eta dentista-lanbidearen arau etiko eta deontologikoetan xedatutakoaren kontrako jarduera profesionalak.
Zehatzago esanda, elkargokide orok debekatuta izango du:
Sendatzeko prozeduren edo bitarteko pertsonalen eraginkortasuna bermatuta eskaintzea, baldin prozedura eta bitarteko horiek prestigio handiko zientzia-erakunde edo profesionalen onespenik ez badute.
Gaixoak tratatzeko zientifikoki kontrolatu gabeko baliabideak erabiltzea, eta elementu diagnostiko eta terapeutikoak aplikatu izana disimulatu edo plantak egitea.
Bezeroak edozein eratako kontsulta publikoetatik irabazte xedeko kontsulta partikularretara norberarenak edo besterenak desbideratzea.
Beste batzuen intrusismo profesionala eta legez kontrako jardun profesionala eta praktikak onartzea edo ezkutatzea.
Aho-hortzetako osasun-zientziei beren-beregi ez dagozkien formula, zeinu edo hizkerak erabiltzea.
Indarreko legeria eta araudia hausten dituzten zerbitzu-prestazioak iragartzea edo horiei zabalkundea ematea publizitatearen bidez.
Bidegabeko lehia egitea edo kostuaren azpitiko tratamenduak burutzea.
Euren lanbide-jardunean, eta unean-unean indarrean dagoen araudiaren arabera, elkargokideek diziplina-erantzukizuna izan dezakete, elkargo mailakoa edo elkargo eta korporazio mailakoa.
Elkargokideek, korporazioaren barruan, erantzuleak izango dira:
Falta oso larria egiten badute, alegia, euren lanbide-jardunean erantzukizun penalean jausten badira (kondena irmo bat).
Falta larria egiten badute, alegia, euren lanbide-jardunean erantzukizun zibilean jausten badira (epai irmo bat) eta pazientearen aurrean erantzukizun hori borondatez zuzentzeari uko egiten badiote.
Zerbitzuak eskaintzen dituzten kontsultategietan dauden instalazioak indarrean dagoen araudira ez badira egokitzen. Gainera, kontsultategi horien zuzendaritza klinikoa euren kargu badago, administrazio-erantzukizuna edo beste mota batekoa izan dezakete.
Zerbitzuak eskaintzen dituzten kontsultategietan lanean dihardutenek euren betebeharrak lanekoak edo sozialak betetzen ez badituzte.
Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialeko elkargokideek elkargo eta korporazio mailako diziplina-erantzukizuna izan dezakete, euren lanbide-jardunean Estatutu hauetan eta horiek garatzen dituzten gainerako arauetan ezarritako arau eta debekuak hausten badituzte.
Korporazio eta elkargo mailako erantzukizun hori gauzatuko da, hain zuzen ere, Estatutu hauen II. tituluko VI. kapituluan jasotako Zehapen Araubidean ezarritakoaren arabera.
Desegiteko arrazoiak:
Helburuak lortzea guztiz ezinezkoa gertatzea.
Elkargoaren gobernu-organoak behin betiko gelditu, eta horien funtzionamendua eta berriro martxan jartzea ezinezkoa izatea.
Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez desegingo da Elkargoa, edo beste Elkargo bati edo batzuei atxiki izanagatik, edo beste elkargo bat edo batzuk sortu izanagatik, unean-unean indarrean dauden legeetan aurreikusitakoaren arabera. Eusko Legebiltzarreko legeak berak zehaztuko du desegiteak nolako ondorio juridikoak dituen eta ondarea likidatzeko prozedura
Elkargoaren likidazioa.
Desegiteko prozedura berak likidazioaldia irekiko du. Lehen aipatutako legean aurreikusitako kasuetan Elkargoaren ondarea, eskubideak eta obligazioak likidatzeko prozedura ezarriko da, eta, soberakina zertarako erabiliko den zehaztuko da, Batzarrak erabakitakoaren arabera eta soberakinaren izaerari erreparatuta.
Elkargoa desegitea.
Eusko Legebiltzarraren legea beharko da Elkargoa desegiteko, non eta maila goragoko elkargo baten bereizketaz beste bat edo batzuk sortzeko ez den, eta orduan, eragindako elkargo guztien aldeko erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Dentista Kontseiluaren arauzko txostena eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Jaurlaritzaren dekretua beharko dira.
Horrelakoetan, desegite-legeak berak zehaztuko ditu Elkargoa desegitearen ondorio juridikoak; ondarea, eskubideak eta obligazioak likidatzeko prozedura ezarriko du; eta soberakinik egonez gero, horren zertarakoa finkatuko du; hori guztia, Elkargoaren Estatutuetan xedatutakoaren arabera egingo da.
Elkargoa desegiteko proposamena egiteko, elkargokideen ehuneko berrogeita hamarrak eskatu beharko dio idatziz Gobernu Batzordeari. Eskaera jasota, Gobernu Batzordeak berehala egingo du kideen ezohiko biltzarrerako deia. Deialdia eta gai-zerrenda 30 egun lehenago argitaratu beharko da lurralde historiko bakoitzean gehien saltzen diren hiru egunkarietan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Elkargokide guztiei ere jakinaraziko zaie zirkularren bitartez.
Ezohiko Batzar Orokorrak, bertaratutako elkargokideen hiru laurdenak desegitea erabaki ostean, Batzorde Likidatzailea izendatuko du, zein, hiru hilabete baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluarekin eta Aholkularitza Juridikoarekin harremanetan jarriko baita, sei hilabete baino gehiagokoa ez den epean bertan sar dadin, eta lehenengoaren harreman eta egoera juridiko guztietan subrogatuko da.
Desegin den elkargo autonomikoak bere nortasun juridikoa eta gaitasuna galduko ditu, hain zuzen ere, desegite-xedapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzerakoan.
Desegite erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluari eta Elkargoa dagokion Sailari jakinaraziko zaie.
Estatutu hauek Batzar Orokorrak alda ditzake, zeregin horretarako ezohiko izaeraz deitu eta gero.
Erabakia baliotasunez hartzeko, batzarreratutako elkargokideen bi herenak eman beharko du aldeko botoa. Batzarrean elkargokide guztien erdia gehi batek parte hartu beharko dute lehenengo deialdian, eta bigarrenean ez da beharrezkoa izango inolako quorumik.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilua eratu arte, horren eginkizun eta eskumen guztiak -estatutu hauen ondorio direnak- Espainiako Odontologo eta Estomatologoen Kontseilu Nagusiaren eskuetan jarraituko dute.


