- AGINDUA, 2011ko martxoaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bitartez, debekatu egiten da lanpernak (Pollicipes pollicipes) ateratzea DonostiaSan Sebastiángo Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri Tontorraren artean kokatzen den zonan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko martxoaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bitartez, debekatu egiten da lanpernak (Pollicipes pollicipes) ateratzea Donostia-San Sebastiángo Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri Tontorraren artean kokatzen den zonan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 79
- Hurrenkera-zk.: 2326
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/03/10
- Argitaratze-data: 2011/04/27
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Ingurumena; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legeko 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, itsas jarduna antolatu eta arautzeko finkatzen diren neurrien joera itsasoko baliabideak oinarri iraunkor batean babesteko eta mantentzekoa eta kostaldeko komunitateak garatzekoa izango da. Halaber, lege horretako 6. artikuluak egokitzat eta arrazoizkotzat jotzen du legez baimendutako baliabide eta aparailuekin egiten den eta jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta itsasoko baliabide eta ekosistemen babes eta mantentzearen arteko orekari eutsiko zaiola bermatzen duen ustiapena.
Premisa horietatik abiatuz, eta aintzat hartuta lanpernak (Pollicipes pollicipes) Euskal Autonomia Erkidegoko kostan bizi duen egoera zaila dela, Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak baliabide hori ustiatzeko sistema ezartzearen komenigarritasuna baloratu zuen, horretarako kudeaketa planak erabiliz. Lanpernaren ustiapenerako plan hauek aplikatu dituzten autonomia erkidegoetan izandako eskarmentua arrakastatsua izan da.
Ekimen honi erantzunez, Azti-Tecnalia Fundazioak zera aurkeztu zuen: «Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean lanpernak (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko planen aplikazioan bideragarritasuna aztertzeko saiakuntza proiektua». Bertan, saiakera esperientzia egiteko zona modura Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri Tontorraren artean kokatzen den itsasertz tartea finkatu zen.
Proiektu horretan eskuratutako ondorioek agerian uzten dute saiakera zonaldean baliabidearen ustiapena neurriz gainekoa dela. Hori dela eta, kudeaketako lehen neurri modura, eta ustiapen plan bat ezarri baino lehen, beharrezkoa da hautatutako itsasertz tartean espezie hori Berreskuratzeko Plana garatzea, lanpernaren itsas bilketarako gutxienez bi urterako itxiz. Neurri honen helburua da, aztergai den itsasertz-tartean lanpernaren biomasaren berreskurapena ahalbidetzea baliabide hori modu jasangarrian eta errentagarrian ustiatu ahal. Gainera, itxierak iraun bitartean, areagotu egin beharko da zonako zaintza eta kontrola, horren bitartez ezkutuko jarduleak ekiditeko eta baliabidea berreskuratzen ari den edo ez ebaluatzea ahalbidetuko duen jarraipena egiteko.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2010eko martxoaren 16ko Aginduaren bitartez, itxialdia indarrean sartu zen. Hain zuzen ere, Donostiako Igeldoko itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri Tontorraren arteko eremuan lanpernak ateratzeko debekua ezartzen du agindu horrek. Aginduaren arabera, itxialdia urtebetekoa zen, eta, txosten teknikoak zein zientifikoak kontuan hartuta, epe hori luza zitekeen urtebeteka.
Hori dena kontuan hartuta, Azti-Tecnaliak egindako txostenetan aipatzen diren gomendioak direla medio, komeni da itxialdia urtebete luzatzea. Luzapen honen bitartez, alde batetik lanpernaren kopurua berreskuratzeko behar den gutxieneko epea garatuko da, eta, bestetik, aipatutako berreskuratzea zientifikoki egiaztatuko ahal izango da dagozkion txostenen bitartez.
Itsaski-bilketa egiteko arauak jartzen dituen uztailaren 1eko 171/1986 Dekretuko 25. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, egokitzat jotako zientzia eta teknika aholkularitzarekin, debekualdi eta gutxieneko neurriak ezartzeko arauak egin ahalko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan biltzen diren itsaski espezieetarako.
Aisialdiko arrantzaleei dagokienez, Itsasoko Kirol-arrantzaren Arautegia onesten duen urriaren 3ko 198/2000 Dekretuko lehen azken xedapeneko bigarren puntuak eskumena ematen dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari dekretu horretako II. eranskineko bigarren idatzi-zatian bildutako espezieen harrapatze baldintzak eta aldiak aldarazteko, betiere, itsaski baliabideen egoerari buruz egiten diren azterlan eta analisi zientifikoetatik eratorritako gomendioak gorabehera.
Halaber, aisialdiko arrantzari buruzko araudiarekin jarraituz, besteak beste itsaski espezieen debekualdiak eta gutxieneko neurriak biltzen dituen taula orokorra finkatzen duen 102/1997 Dekretuko azken xedapenak ere eskumena ematen dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari debekualdien eta neurrien taula orokorra aldatzeko nahiz kirol arrantzaleei debekatutako espezie kopurua zabaldu edo murrizteko eta espezieak ateratzeko denbora, modua eta tokia finkatzeko, betiere, kasuan kasuko txosten eta irizpen teknikoen ondotik.
Agindu honen xedea aldi batez lanpernak (Pollicipes pollicipes) ateratzea debekatzea da, bai itsaskilari profesionalei, bai aisialdiko arrantzale eta arrantzale profesionalei Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri Tontorraren artean kokatzen den itsasertz tartean. Debekua urtebeterako finkatu da, teknikariek egingo duten ebaluazio txostenaren ondorioen zain. Hura baliabidea berreskuratu den edo ez jakitera eta ustiapenaren bideragarritasuna egiaztatzera zuzenduta egongo da.
Adierazitakoaren ondotik, zera
Lehenengoa. Debekatu egiten da lanpernak (Pollicipes pollicipes) ateratzea, bai itsaskilari profesionalei, bai aisialdiko arrantzale eta arrantzale profesionalei Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri Tontorraren artean kokatzen den itsasertz tartean.
Bigarrena. Debeku hau aldi baterako izango da, urtebeterako hain zuzen, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita, eta urtebeteko aldiez luzatzerik egongo da debekuaren gaineko jarraipena eta ebaluazioa egiteko idazten diren txosten teknikoek eta zientifikoek hori gomendatzen badute.
Lehenengoa. Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari eskumena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa burutzeko behar diren neurriak hartzeko.
Bigarrena. Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Hirugarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta honen aurka berraztertzeko hautazko errekurtsoa jarri ahalko dute interesdunek Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean. Horretarako, hilabeteko epea egongo da honakoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzerik dago Euskadiko Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, honakoa aldizkari berean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 10a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


