- AGINDUA, 2011ko martxoaren 16koa, Kulturako sailburuarena, zeinen bidez arautzen baita Euskadiko kirol-federazioen 2011ko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko martxoaren 16koa, Kulturako sailburuarena, zeinen bidez arautzen baita Euskadiko kirol-federazioen 2011ko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 68
- Hurrenkera-zk.: 2010
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/03/16
- Argitaratze-data: 2011/04/07
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Herrizaingoa
Testu legala
2000ko abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren xedea kirol-federazioen finantza-bidea arautzea da, horiei beren urteroko kirol-programetarako diru-laguntza ez itzulgarriak emanez.
287/2000 Dekretu horretako 3. artikuluak xedatzen duenez, urtez urte egingo da dekretuak arautzen dituen laguntzak jasotzeko deialdia, Kulturako sailburuaren agindu baten bidez, eta deialdi horietan gorabehera hauek zehaztuko dira: deitutako laguntzak finantzatzeko diru-zuzkidura, eskabideak aurkezteko epeak eta tokia, erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen zenbatekoa egiteko ponderazio-irizpideak, eta emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu behar diren dokumentuak.
Beraz, 287/2000 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, agindu honen bitartez gorabehera horiek zehaztuko dira, 2011. urteari begira laguntza-deialdia aplikatu ahal izateko.
Ondorioz, hauxe
Euskal kirol-federazioen kirol-programetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duen 2000ko abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren bidez araututako diru-laguntzetarako 2011ko deialdian parte hartu nahi duenak hilabeteko epea izango du eskabidea aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Agindu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistro Orokor Zentralean edo erregistro osagarrietan aurkeztuko dira (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, 2008ko maiatzaren 30eko EHAAn argitaratua -102. zk.-), zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetatik edozein erabiliz.
Diru-laguntzak jasotzeko eskabideekin batera honako dokumentazioa aurkeztu behar da:
Eskabide-inprimakia (I. eranskina), federazioaren legezko ordezkariaren NANaren kopiarekin eta ordezkari horrek duen boterearen kreditazioarekin batera.
Erakundearen 2011ko ekitaldiko aurrekontua, batzar nagusiak onartua, VI. eranskineko kontabilitate-ereduaren arabera.
Federazioaren Identifikazio Fiskalerako Zenbakiaren kopia.
Zerga eta Gizarte Segurantzako kontuetan bere betebehar guztiak ordainduta dituela egiaztatzen duten agiri eguneratuak.
Entitate onuradunak eskatu dituen edo ustez jasoko dituen beste laguntza batzuen ziurtagiria, tokian tokiko federazioaren idazkariak emana, laguntzok emango dituen erakunde publiko zein pribatuaren izena eta diru-laguntzarako eskabideen egoera aipatuta (ezetsiak, erantzunaren zain, emanak) eta diru-kopuruak. Horrelakorik egon ezean, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako egitarauetarako beste inongo laguntzarik ez dela eskatu edo jaso egiaztatzeko jakinarazpena.
Kirol-egitasmoa azaltzen duen memoria (II. eranskina). Honako hauek agertuko dira bertan:
Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak. Lehiaketen gutxi gorabeherako kopurua, espezialitate edo diziplinen eta kategorien arabera. Parte hartuko duten kirolari eta kluben kopurua eta parte hartuko duten kluben portzentajea adierazi beharko da, federazioan afiliatuta dauden klub guztien aldean.
Kirol-prestakuntzako jarduerak. Egingo diren jardueren zerrenda eta partaideen eta orduen kopurua gutxi gorabehera.
Zuzendari teknikorik dagoen eta horren titulazioa, dedikazioa ordutan eta federazioarekin duen lotura.
Parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan federazioak antolatutako jarduerak (jolas, aisia eta osasunerako kirola).
Kirol-selekzioek burututako jarduerak.
Kirol-mota bertokoa den.
Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak baztertzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko federazioak bultzatzen dituen ekintzak.
Federazioen estamentu-liburua, Kirol Erakundeen Erregistroak legeztatua, eta Federazioaren idazkariak lehendakariaren oniritziarekin egindako egiaztagiria, 2010eko abenduaren 31n federazioak zituen kirolari federatuen kopurua adierazten duena (III. eranskina).
2010eko abenduaren 31n federazioak afiliatuen artean zituen goi-mailako kirolarien zerrenda (Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak onartuak).
Federazioak euskara zenbateraino erabiltzen duen adierazten duen memoria (IV. eranskina). Honako hauek aipatuko dira:
Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.
Euskararen erabilera federazioen dokumentu eta argitalpenetan.
Euskarazko web-orririk duen.
Jendeari harrera euskaraz egiten zaion.
Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzen den.
Federazioko kideekin euskara erabiltzen den.
Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzen den.
Erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere, aitortzen duen zinpeko deklarazioa (V. eranskina).
Txapelketa ofizial propioen egutegia, Federazioko idazkariak sinatua eta presidenteak ontzat emana, Batzar Nagusiak zein egunetan onartu duen adierazita.
2011ko ekitaldirako agindu honetan arautzen diren laguntzak finantzatzeko bideratu den aurrekontu-zuzkidura hiru milioi eta berrehun mila (3.200.000) eurokoa da.
Artikulu honetan finkatu den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da eskatutako diru-laguntzen kopurua kontuan hartuta, baldin eta Kultura Sailean laguntzak emateko beste egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontua ahitu gabe geratu bada. Aldaketa hori diru-laguntzak ebatzi aurretik egin behar da eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.
Segidan zehazten diren zenbatekoen batuketak esango du honako agindu honen deialdian parte hartuko duten federazioei zenbateko diru-laguntza emango zaien:
Euskadiko kirol-federazioen 2010eko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautzen duen Kulturako sailburuaren 2009ko abenduaren 16ko Aginduaren babesean federazio bakoitzak eskuratu zuen diru-laguntzaren erdia (% 50).
Aurreko puntuaren arabera federazio eskatzaile bakoitzarentzako diru-kopurua zehaztu ondoren, horien guztien batuketa agindu honetako 4. artikuluan zehaztutako kopuruari kenduko zaio eta gelditzen dena irizpide hauen arabera banatuko da:
Kirol-egitasmoa (puntuen % 75).
Ondoko hauek hartuko dira kontuan kirol-egitasmoaren interesa balioesteko:
Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak.
Kirol-prestakuntzako jarduerak.
Zuzendari teknikorik dagoen.
Parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan federazioak antolatutako jarduerak (jolas, aisia eta osasunerako kirola).
Kirol-selekzioek burututako jarduerak.
Kirol-mota bertokoa den.
Lizentzia federatua duten kirolarien kopurua (puntuen % 5).
Euskararen erabilera (puntuen % 10). Puntu bana emango zaie euskaraz osoki egindako ondorengo ekintzei, eta puntu erdia euskaraz partez egindako ekintza bakoitzari:
Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.
Euskararen erabilera federazioen dokumentu eta argitalpenetan.
Euskarazko web-orririk duen.
Jendeari harrera euskaraz egiten zaion.
Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzen den.
Federazioko kideekin euskara erabiltzen den.
Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzen den.
Autofinantzaketa-maila (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:
0,00 - % 49,99: 0 puntu.
50,00 - % 74,99: 2 puntu.
75etik gora: 5 puntu.
Goi-mailako kirolarien kopurua, Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak onartuak (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:
Kirolari kop. Puntuak
1-3 2
4-6 4
6tik gora 5
Aurreko idatzi-zatian zehaztutako balorazioa egin ondoren, federazio bakoitzari dagokion gainontzeko diru-kopurua honela kalkulatuko da: federazio bakoitzak lortutako puntuazioak federazio guztien puntuazioarekiko erakusten duen portzentajea aplikatuko zaio artikulu honen 2. puntuan aipatzen den guztirako kopuruari.
Agindu honetako 3. artikuluan eskatzen den dokumentazio guztia eta eskabidea aurkeztu ondoren, Kiroletako zuzendariak ebazpen bat emango du onuradun bakoitzak jasoko duen lehenengo aurrerapena zenbatekoa izango den zehazteko eta ordainketa egiteko, 287/2000 Dekretuko 5. artikuluan adierazitako ordainketa-arautegian xedatzen dena betez.
Bigarren ordainketa aurreratua Kiroletako zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo da, betiere aurreko urtean jasotako diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onartu ondoren. Bigarren zati hori aipatutako urteko diru-laguntzaren % 25 izango da.
Diru-laguntzaren gainerakoa, eskaera egin den urterako onartutako diru-laguntzaren guztia osatu artekoa, alegia, aurreratutako ordainketetan emandako zenbatekoak justifikatu ondoren likidatuko da.
Diru-laguntzaren bat jaso duten federazioek diru hori agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako helburuetarako erabili dela erakutsi behar dute 2012ko otsailaren 15a baino lehenago, honako dokumentazio hau aurkeztuz:
2011. aurrekontuaren likidazioa, Batzar Nagusiak onartua, VII. eranskineko ereduaren arabera.
Burututako kirol-proiektuari buruzko memoria zehatza. Horrekin batera, eskabidean zehaztutako jarduerak burutu direla erakusten duen dokumentazioa aurkeztu behar da.
Helburu berbererako beste diru-laguntzaren bat jaso bada eta deialdi honetarako eskaera aurkezteko unean horren berri ez bazuen, horien zerrenda.
Gastuaren justifikazioa.
Gastua justifikatzeko, jatorrizko fakturak edo Kirol Zuzendaritzak zein Kultura Saileko lurralde-zerbitzuek konpultsatutako fotokopiak aurkeztu behar dira. Fakturen zenbatekoa emandako diru-laguntzaren bestekoa izan behar da, ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.
Eskabidea egiterakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa aurkeztu duten federazioei dagokienez, konpromiso hori betetzen dela erakusten duten agirien aleak.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du eta, hala badagokio, ordurako ordainduta dagoen diru-laguntzatik zein diru-kopuru itzuli behar den zehaztuko du itzulketa egiteko, eta, hori gertatuz gero, bi hilabeteko epea emango da, likidazio-ebazpena jasotzen den egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 16a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
2010eko abenduaren 31n federazio-lizentzia duten kirolarien kopurua / Número de deportistas con licencia federada a 31 de diciembre de 2010
(Ikus.PDF)


