- AGINDUA, 2011ko apirilaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2011ko udan atzerrian ingelesezko, frantsesezko eta alemanezko ikastaroak egin nahi dituzten unibertsitateko eta goi-mailako beste ikasketa batzuetako ikasleentzat laguntzak eskatzeko deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko apirilaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2011ko udan atzerrian ingelesezko, frantsesezko eta alemanezko ikastaroak egin nahi dituzten unibertsitateko eta goi-mailako beste ikasketa batzuetako ikasleentzat laguntzak eskatzeko deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 77
- Hurrenkera-zk.: 2250
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/04/05
- Argitaratze-data: 2011/04/20
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Gaur egun, hezkuntza-sistemen helburu nagusietako bat da norberarenaz gain beste hizkuntza batzuk ikastea, hori oso baliagarria baita ikasleen prestakuntza osorako, eta, gainera, lagungarria da komunikaziorako eta zirkulazio librerako. Ildo horretatik, eta Bolognako prozesuak bultzatutako aldaketen artean, goi-hezkuntzako europar eremuaren ardatzetako bat da unibertsitateko ikasleen mugikortasuna. Horretarako, aurrez hizkuntza landu beharra dago gehienetan.
Hizkuntzak ikasteko prozesu horretan, osagarri garrantzitsua dira jatorrizko herrialdeetan egindako egonaldiak, eta gero eta zabalduagoa dago udako ikastaroak egiteko ohitura, ikasitakoa finkatzeko. Nolanahi ere, familia askok nekez egin diezaiokete aurre egonaldi horien kostuari. Horregatik, aukeren berdintasuna bermatzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak laguntza-deialdi bat egitea erabaki du, unibertsitateko ikasle bekadunei zuzendutakoa, hizkuntzaren bat hobeto ikasteko atzerrian egonaldiak egin nahi dituztenei.
Horregatik, eta kontuan hartuz diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, bai eta abenduaren 23ko 5/2010 Legea ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena,
514.800 euro bideratuko dira helburu honetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-kredituaren arabera.
Zenbateko hori handiagotu egin ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren programak gauzatu ostean agortu gabeko aurrekonturik badago, eta bekak emateko prozedura ebatzi baino lehenago. Horren berri emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen baten bitartez.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa. Unibertsitateetako zuzendariari baimena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezko instrukzioak eman ditzan.
Bigarrena. Agindu honek administrazio-bidea agortzen duenez, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote horren aurka Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Sailean, bi hilabeteko epean aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Hirugarrena. Agindu honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 5a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
2011KO UDAN ATZERRIAN INGELESEZKO, FRANTSESEZKO ETA ALEMANEZKO IKASTAROAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA EGITEN DUEN AGINDUAREN ERANSKINA
OINARRIAK
Deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea 2011ko udan atzerrian ingelesezko, frantsesezko eta alemanezko ikastaroak egiteko. 2010-2011 ikasturtean beka orokorra jaso duten unibertsitateko eta goi-mailako beste ikasketa batzuetako ikasleei zuzenduta daude diru-laguntzak.
Beka hauek diru-laguntza izaerakoak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez denerako, hau aplikatuko da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntza eta diru-laguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak.
Diru-laguntzak 1.800 eurokoak izango dira. Sorrarazitako edo egiaztatutako gastuen zenbatekoa txikiagoa bada, diferentzia hori murriztuko zaio diru-laguntzari.
Diru-laguntza hauetako bat jasotzeko aukera izateko, beka orokor bat lortu izan beharko dute ikasleek 2010eko ekainaren 23ko aginduari jarraiki. Honako diru-laguntza hauek arautzen ditu agindu horrek, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak: orokorrak, eguneroko garraioa ordaintzekoak eta gutxitasuna duten ikasleen garraioa ordaintzekoak, 2010-2011 ikasturtean unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako ikasketak egin ditzaten (2010eko uztailaren 9ko EHAA, 131. zenbakiduna).
Laguntza hau jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko ditu atzerrian egin behar den hizkuntza-ikastaroak:
Ingelesa, frantsesa edo alemana ikasteko xedea izatea, eta ikasi behar den hizkuntza ofiziala den herrialde batean gauzatzea.
Hiru aste jarraitukoa izatea gutxienez, eta asteko 15 ikastordu edukitzea gutxienez.
2011ko udan egitea, 2011ko ekainaren 1aren eta irailaren 15aren artean zehazki.
Laguntza hau bateraezina da erakunde publikoek edo pribatuek helburu berarentzat emandako beste beka edo laguntza batzuekin.
Diru-laguntzaren eskatzaileek eskaera-eredua bete beharko dute, honako web orri honetan dagoena: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Eredu horretan jasoko da Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. atalean aipatzen den ardurapeko adierazpena. Testu bategin hori onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak, diru-laguntzen gaiari dagokionez honako arau honek aldatutakoak: abenduaren 23ko 5/2010 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak.
Behin eskabidea betetakoan, inprimatu egin beharko da, eta data eta sinadura jarri ostean, 72/2008 Dekretuan, apirilaren 29koan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenean, aipatutako edozein erregistrotan aurkeztu, deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epean. Eskaerak, halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko) 38. artikuluan adierazitako lekuetan aurkeztu ahal izango dira.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera.
Eskabideen izapideak egiteaz arduratuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate Zuzendaritza.
Hautapen-batzorde batek espedienteak aztertu eta ebazpen-proposamenak egingo ditu. Unibertsitateen Arloko arduraduna izango da batzorde horretako presidente, eta bokale izango dira Unibertsitate Zuzendaritzara atxikitako bi teknikari, zuzendariak izendatutakoak.
Norgehiagoka-prozedura bidez emango dira diru-laguntza hauek. Beraz, diru-laguntza hauek jasotzeko, ez da nahikoa izango eranskin honen 3. artikuluan jasotako baldintza betetzea. Horrez gainera, ordena-zenbaki jakin bat eskuratu beharko da, eman behar diren diru-laguntza guztien artean kokatuko duena eskabidea. Eskabide bakoitzaren ordena ezartzeko, honako irizpide hauen arabera ordenatuko dira deialdian ezarritako baldintza betetzen duten eskabideak:
Familiaren per capita errentaren arabera ordenatuko dira eskabideak, txikienetik handienera. Per capita errenta kalkulatzeko, 2010-2011 ikasturtean eskatzaileari diru-laguntza orokorra emateko kontuan hartu diren diru-sarrera zenbakarriak zatituko dira horren familiako kide zenbakarrien kopuruaren artean.
Lehentasuna izango dute aurreko urteetan diru-laguntzarik lortu ez dutenek. Beraz, aurrez diru-laguntzarik jaso ez dutenen eskabideen atzetik jarriko dira aurreko deialdietan diru-laguntzak jaso dituztenenak.
Balizko berdinketak ebazteko, lehentasuna emango zaie maila altuagoko ikasturteetakoei, eta, berdinduta egoten jarraitzen badute, zozketa bidez ebatziko da.
Horretarako sortutako hautapen-batzordeak onartu beharko du aurreko irizpideei jarraiki ordenatutako eskabideen zerrenda, eta Unibertsitateetako zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena, hiru zerrendaz osatuta egongo dena. Lehenengo zerrendan jasoko dira esleipendun izan behar duten eskabideak, horien ordena-zenbakiari jarraiki. Bigarren zerrendan jasoko dira deialdi honetan ezarritako baldintza betetzen ez dutenak. Eta hirugarren zerrendan jasoko dira, deialdi honetako baldintza betetzen badute ere, laguntza jasotzeko eduki beharreko ordena-zenbakira heltzen ez direnak. Hirugarren zerrenda horrekin, eta horren lehentasun-ordenari jarraiki, ordezkoen zerrenda osatuko da. Zerrenda horretan jasotakoek ordeztuko dituzte edozein arrazoi dela eta azkenean diru-laguntza jaso ezin duten pertsonak.
Unibertsitateetako zuzendariak ebatziko du bekak emateko ebazpena, eta banaka jakinaraziko, agindua argitaratu eta sei hileko epean gehienez. Epe hori igaro ondoren, ez bazaie jakinarazi ebazpenik interesatuei, beka-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan arautzen dituen eraginetarako.
Prozedura-ebazpen horren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabete bateko epean aurreko atalean aipatutako jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Ebazpenak amaiera emango dio emate-prozedurari, eta EHAAn argitaratuko da guztiek horren berri izan dezaten, bai eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian ere: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.
Behin diru-laguntzak emateko ebazpena jakinarazi denean, eskatzaileek 15 egun naturaleko epea izango dute atzerriko hizkuntza-ikastaroan plaza erreserbatu dutenaren egiaztapena aurkezteko 6.2 artikuluan aipatutako erregistro ofizialetan. Egiaztapen horretan adierazi beharko da erreserba horri dagokion kontu-ordainketa, 200 eurokoa gutxienez.
Eskatzaileek ez badute egiaztapen hori aurkezten horretarako ezarritako epean, emandako diru-laguntzari uko egiten diotela ulertuko da.
Artikulu honen lehenengo atalean aipatutako epea amaitu eta 20 egun naturaleko epean, itxaro-zerrendako eskatzaileei emango zaizkie esleipendunen uko egiteak direla eta eman gabe gelditu diren diru-laguntzak, ebazpenean ezarritako lehentasun-ordenari jarraiki. Diru-laguntza horiek eman berri direla jakinaraziko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orriaren bidez soilik: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Esleipendun berriek 15 egun naturaleko epea izango dute, web orri horretan jakinarazpena egiten denetik aurrera, plaza erreserbatu dutela egiaztatzeko, eta kontu-ordainketa aurkezteko, 200 eurokoa gutxienez.
Behin bekak emateko ebazpena jakinarazi denean, ordainketa bakar batean ordainduko dira hilabete bateko epean, esleipendunak onartu ostean.
Agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bategineko 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraiki.
Honako hauek dira bekadunen betebeharrak:
Ezarritako xederako erabiltzea diru-laguntza; horren xedea da, hain zuzen ere, egonaldi bat gauzatzea deialdian ezarritako baldintzetan. Horretarako, onuradunek 2011ko azaroaren 30a baino lehenago aurkeztu beharko dute 6.2 artikuluan aipatutako erregistroetan dagokion hizkuntza-ikastaroa egin izanaren egiaztapena. Irakaskuntza-zentroaren jatorrizko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta ziurtagiri horretan adierazi beharko da zenbat iraun duen ikastaroak, eta asteko zenbat irakastordu izan dituen. Era berean, garraioak, egonaldiak eta atzerriko herrialdeko ikastaroak eragindako gastuak ere egiaztatu beharko dituzte.
Laguntza ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa-jardueretara makurtzea, eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia ematea.
Unibertsitate zuzendariak, espedienteko pertsona interesdunari entzun ondoren, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela aitortuko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta horien aplikaziotik sortzen diren interesak itzuli behar dituela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen 53. artikuluari jarraiki (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Testu Bategina), beste batzuen artean:
Beka jasotzeko datuak ezkutatu edo faltsutu badira.
2010-2011 ikasturtean unibertsitateko ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk gauzatzeko matrikula deuseztatu bada.
Ez bada behar bezala egiaztatzen ikastaroa egin dela, edo deialdi honetan jasotako baldintzak bete ez badira horri dagokionez.
Diru-laguntza honekin bateragarria ez den laguntzaren bat jaso bada xede bererako.
Izapidetutako espedientea dela eta, jasotako zenbatekoak itzuli behar badira, eta, hala badagokio, bai eta horren legezko interesak ere, ebazpen bat emango da itzultze hori egin ahal izateko beharrezko informazioa jasoko duena. Itzuli beharra adierazten duen aitorpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean itzuli beharko da hori. Kontuan hartuko da 698/1991 Dekretuaren, abenduaren 17koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duenaren, eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituenaren, bigarren tituluan jasotakoa.
Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenek diotenez.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Unibertsitate Zuzendaritzaren 2. zenbakidun fitxategian, Unibertsitateko Bekak izenekoan, jasoko dira deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak. Fitxategi hori barne hartzen du 2010eko urriaren 4ko aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituenak.
Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Unibertsitate Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.


