Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko apirilaren 6koa, Herrizaingoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta tokiko beste erakunde batzuei ematen zaizkien diru-laguntzak arautu eta horiek eskatzeko deia egiten duena, 2011n mugikortasun segururako hezkuntzako jarduerak gara ditzaten. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko apirilaren 6koa, Herrizaingoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta tokiko beste erakunde batzuei ematen zaizkien diru-laguntzak arautu eta horiek eskatzeko deia egiten duena, 2011n mugikortasun segururako hezkuntzako jarduerak gara ditzaten.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 77
  • Hurrenkera-zk.: 2248
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/04/06
  • Argitaratze-data: 2011/04/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia; Hezkuntza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Hainbat ibilgailu mota orokorrean erabiltzea gizarte garaikidearen nortasun-ezaugarrietako bat da. Horren erabilerak gero eta pertsona eta salgai gehiago mugitzea ekarri du, baita garapen ekonomikoa ere. Hala ere, horrek kalte asko sortu ditu, trafiko istripuen bidez, bai horien handitasunagatik zein larritasunagatik: sozialak, ekonomikoak eta osasun komunitariokoak.

Ondorio horiek eskatzen dute bide segurtasun arloan ardura duten erakundeek neurri egokiak hartzea, istripuak saihesteko eta, horiek gertatuz gero, ondorioak txikiagotzeko. Zentzu horretan, Bide-segurtasuneko Larrialdi Planak tresna erabilgarriak eta egokiak dira, ahaleginak biltzeko eta istripuei aurre egiteko ekintza guztietan eragin handiagoa lortzeko. Ekintza horien artean hezkuntza nabarmendu behar dugu, tresna baliotsua baita jokabide arriskutsuak prebenitzeko eta, gizartea aldatzeko eta eraldatzeko osagaia.

Mugikortasun segururako hezkuntza garatzea esparru guztiei dagokie, baldin eta bertan istripua izateko arriskuko taldea badago, bai asti librean, lantokian edo ikastegietan. Mugikortasun segururako hezkuntza sustatzeak gizartearen garapen-prozesua dakar, eraginkorragoa izango dena gizartearen eragile guztiek zenbat eta sentsibilizazio, inplikazio eta konpromiso-maila handiagoa izan.

Horregatik, ezinbestekoa da herritarrei zuzendutako prebentziorako hezkuntza-jarduerak eta -programak sustatzea eta horiek giza faktorearen inguruko helburua izango dute, trafikoko istripu gehienetan zuzeneko arrazoien artean baitago.

Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuak (irailaren 7ko EHAA, 171. zk.) ematen didan eskumenen indarrez,

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta tokiko beste erakunde batzuei ematen zaizkien diru-laguntzen deialdia arautzea, 2011n mugikortasun segururako hezkuntzako jarduerak gauzatu ahal izateko.

Diru-laguntzetarako programa honek berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euro zuzenduko ditu, dagokion aurrekontu partidaren kontura. Ezarritako zenbateko osoa gehitu egin daiteke; horretarako, kontuan hartuko dira, batetik, eskatutako laguntzen orotarako zenbatekoa eta, bestetik, Herrizaingo Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontu-baliabiderik dagoenentz; alabaina, laguntzei buruz ebatzi aurretik egin beharko da aldaketa hori. Horrelakorik gertatuz gero, jendaurrean jakinarazi beharko da Herrizaingoko sailburuordearen Ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dena.

  1. Agindu honek araututako diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko udal eta tokiko beste erakunde batzuk izango dira, baldin eta 2011n mugikortasun segururako hezkuntzako jarduerak egiten badituzte.

  2. Ezin izango du deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduta duen administrazio-zehapen edo zigor penalik jaso duen Entitate eskatzaileak, edota horretarako ezgaitu dezakeen legezko inolako debekuan sarturik badago, sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik Seigarrenean horri emandako idazketaren arabera.

  1. artikuluan aipatzen diren diru-laguntzak ondoren zehazten diren kontzeptuengatik eska daitezke:

    «Mugikortasun segururako hezkuntza - Eskumenen gida» izeneko dokumentuarekin zuzenean lotutako hezkuntza saioak (Herrizaingo Saila, 2008. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpenen Zerbitzu Nagusia) eta udalerriko hainbat talderi zuzenduta. «Talde»tzat ulertzen dugu ezaugarri komunak partekatzen dituzten pertsona-taldea: adina, bide jokaera (oinezkoak, bizikleta edo ibilgailu motordunen gidariak, garraio publikoaren laguntzaileak edo erabiltzaileak) edo jarduera komuna garatzeko eremua (eskola, lantokia, aisialdia).

    Dibulgazio-materialak argitaratzea, mugikortasun segururako heziketa-baloreak sustatzen dituztenak.

    Arduradunak prestatzea, mugikortasun segururako heziketa-ekintzak edota -programak garatzeko.

Agindu honek araututako diru-laguntzak bateragarri dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin eman ditzakeen beste diru-laguntzekin, beti ere ez bada gain-finantzaketarik gertatzen. Kasu horretan, emandako diru-laguntzaren kopurua gehiegizkoa litzatekeen zenbatekoan murriztuko da.

  1. Agindu honetako 2. artikuluan aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa lehiaketa bidez banatuko da ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskaeren artean, 12. artikuluaren arabera. Gauzak horrela, proportzionaltasunaren irizpidea erabiliko da diru-laguntzak emateko, honela: diru-kopurua eskaera guztien artean banatuko da balorazio fasean lortutako puntuazioaren ehunekoan eta diru-kopuru mugatua eta ezarritako portzentajeak errespetatuko dira, eskatutako zenbatekoa gainditu gabe.

  2. Zehaztutako gastuen behin betiko kostu erreala aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan gutxiagotuko da, horregatik diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

  3. Zehaztutako gastuen behin betiko kostu erreala, berriz, aurkeztutako aurrekontua baino handiagoa balitz, emandako diru-laguntza gehituko da.

Interesa duten entitateek Agindu honen I. eranskinean agertzen den eredu normalizatuaren arabera beteriko eskaerak, udalerriko alkateak sinatuta, aurkeztu beharko dituzte eta aurkeztu ere Herrizaingo Saileko erregistro nagusian, hots Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean, edo bestela azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein egoitzatan, 45 egun naturaleko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskabidearekin batera, agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

  1. Esperientziaren egiaztagiria, azken 10 urteetan buru dituen bide-heziketa jarduerak garatzeko. Horrelakorik ez dute egin behar Herrizaingo Sailak horretarako emandako diru-laguntzak jaso dituzten udalek.

  2. Proposatutako jardueren finantzaketa-plana; bertan zehatuko da horiek gauzatzeko aurreikusitako gastu bakoitza.

  3. Udaleko Idazkaritzak edota Esku hartzeko Alorrak, edo toki entitateak egindako egiaztagiria, diruz lagundu gabeko gastua estaltzeko finantza-ahalmenaren berri ematen duena.

  4. Azalpen txostena, zehaztasunez hauxe jasoko duena:

    1. Udalerriko mugikortasun segururako heziketari buruzko beharren diagnosia, Agindu honen II. eranskinaren arabera.

      Diagnosiak identifikatu behar ditu udalerriko edo herriko datu garrantzitsuenak (herritarren eta bere mugikortasunaren ezaugarriak, bide-istripuen eta ezbeharren estatistikak), baita prestakuntzako behar espezifikoak ere.

    2. Jardueren zerrenda, Agindu honen III. eranskinaren arabera, beharren diagnosiaren egokitzapena zehaztuko duena, baita egutegia eta zuzeneko prestakuntzako orduen kopurua ere.

    3. Jarduera bakoitzeko fitxa, Agindu honen IV. eranskinaren arabera.

Trafiko Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean antzemango balu aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak, baita azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluarenak ere, betetzen ez direla, interesdunari jakinaraziko dio hamar eguneko epea duela akatsa zuzentzeko edo ezinbesteko agiriak aurkezteko. Eta, horretaz gain, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela adieraziko zaio, aldez aurreko ebazpenaren bidez.

Trafikoko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

  1. Balorazio Epaimahaia eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko; kide hauek osatuko dute:

    Batzordeburua: Trafikoko zuzendaria.

    Bokalak: Trafikoko Zuzendaritzaren bi teknikari.

    Idazkaria: Kudeaketa Ekonomiko eta Kontratazioko teknikari bat.

  2. Balorazio Epaimahaiak erabakiak gehiengo soilez hartuko ditu, Agindu honen 12. artikuluan ezarritako diru-laguntzak esleitzeko irizpideetan oinarrituz, eta erabaki-proposamena Herrizaingoko sailburuordeari zuzenduko dio.

Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Epaimahaiak irizpide eta portzentaje hauek izango ditu kontuan:

  1. Aurkeztutako azalpen-memoriaren kalitatea: % 50, gehienez.

    Irizpide horren balorazioa honela egingo da:

    Udalerriko edo herriko mugikortasun segururako heziketari buruzko beharren diagnosia: gehienez 15 puntu.

    «Mugikortasun segururako heziketa. Eskumenen Gida» (Herrizaingo Saila, 2008) agirian sartutako beharren diagnosi eta edukiekin proposatutako jarduerak egokitzea: gehienez 15 puntu.

    Proposatutako jarduera horietan prestakuntza-eraginaren maila: gehienez 10 puntu.

    Ebaluazio-tresnak, garatutako jardueren edota programen eragina ezagutzea ahalbidetzen dutenak: gehienez 6 puntu.

    Jardueretan erabili beharreko metodologia: gehienez 4 puntu.

  2. Prestakuntza zuzeneko ordu-kopurua, jarduera bakoitzeko: % 40, gehienez.

  3. Esperientziaren egiaztagiria, azken 10 urteetan burututako bide-heziketa jarduerak garatzen. % 10, gehienez.

    Aurkeztutako azalpen-memoriaren kalitateari buruzko a) paragrafoan, gutxienez 10 puntu lortu behar dira, 6. artikuluan aurreikusitako lehiaketan parte hartu ahal izateko.

  1. Eskabideak aurkezteko epea agortutakoan, hiru hilabeteko epearen barruan hartuko du Herrizaingoko sailburuordeak deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko erabakia, Balorazio Epaimahaiak egindako proposamena ikusi ondoren. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek ezagut dezaten.

  2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluak dioenaren arabera, epea igaro ondoren ebazpena interesdunari jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ez dela onartu esan ahal izango du.

  3. Diru-laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan badaude, oraindik izapidetzen egon daitekeen itzultze edo zigortze-prozedura bukatuta egotea.

Diru-laguntzen onuradun suertatu diren udal zein toki entitateek esleipenaren arrazoi izan diren materialak eskuratu eta kontratatu beharko dituzte, eta faktura orijinalak edo eskumeneko organoak konpultsatutako kopiak Trafiko Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte 2012ko urtarrilaren 20a baino lehen. Diru-laguntzen ordainketa honela izango da:

  1. Berariaz ezezkorik ematen ez bazaio, % 80 ordainduko da, Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak ematen dituen Herrizaingoko sailburuordearen Ebazpena EHAAn argitaratu eta gero.

  2. Gainerako % 20 ordainduko da, Trafiko Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz) betearazpen-memoria aurkeztu eta gero. Memoria hori 2012ko urtarrilaren 20a baino lehenago aurkeztu beharko da eta informazio hau izango du:

    Egindako jardueren zerrenda xehatua.

    Jarduera bakoitzeko hartzaile kopurua eta esku-hartze zuzeneko orduak.

    Jardueren eragina ebaluatzea dagokion taldean, Agindu honen IV. eranskinean aurkeztutako bitarteko eta tresnen arabera.

    Argitalpenak dituen jardueren kasuan horien 10 ale gehituko dira.

    Emandako diru-laguntza behar bezala erabili dela dioen Ebazpena, udal edo toki entitateko eskumeneko organoak emana, baita horri atxikitako sarrerak eta gastuak, diruz lagundutako gastuaren fakturak edo agiriak ere; eta, hala badagokio, helburu bererako bestelako diru-laguntzarik jasotzearen berri zehaztu beharko du.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasoko dituen erakundeak betebeharrok ditu:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea, diru-laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako baldintzen arabera. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten duen agiria jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hamabost eguneko epean, onuradunek zehazki eta idatziz honi uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Diru-laguntza erabiltzea berez dagokion helbururako, salbu diru-laguntzaren baldintzak aldatzeari buruzko 16. artikuluan ezarritakoa aplikagarria gertatzen bada.

  3. Beste administrazioetatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik, helburu bera duten laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, Trafiko Zuzendaritzari jakinaraztea, hamar eguneko epean aipatu gorabehera jakiten denetik kontatzen hasita.

  4. Aurkeztutako egitasmoan esleipena egiterakoan kontuan izandako gorabehera objektibo edo subjektiboen artean aldaketarik emanez gero, horren berri Trafikoko Zuzendaritzari ematea, aurreko paragrafoan ezarritako epean.

  5. Laguntza eman duen entitateak egindako egiaztapen-ekintzei makurtzea eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren egitekoen barruan, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten adina informazio aurkeztu beharko diete.

  6. Bere gain utzitako datu-bilketetan edo erregistratzeko beste tekniketan laguntzea, mugikortasun segururako heziketa-kanpainak ebaluatzeko.

  7. Sortutako material guztietan Herrizaingo Saileko finantzazioa izan dela zehaztuko da argi eta garbi, bi administrazioen logotipoa ere sartuko da.

  8. Egingo diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz idatziko dira edota euskaraz eta gaztelaniaz.

  9. Azterlan, programa, jardunaldi, argitalpen, eta abarrek genero-berdintasunaren ikuspegia izango dute eta hizkeran eta irudian bereizketa-kutsurik ez agertzea bermatuko dute.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada, edo bestelako erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, laguntza edo diru-laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko erabakia alda daiteke. Ondorio horietarako, Trafikoko Zuzendaritzak likidazio-erabakia emango du, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak berriro egokitzeko.

Deialdi honetan eta diru-laguntza eman ahal izateko ezarri diren baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrera itzuli beharko da jasotako zenbateko osoa gehi legez dagozkion interesak.

Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta beraren aurka entitate interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Herrizaingoko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Horren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eragiten Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 6a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik