- AGINDUA, 2011ko apirilaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleak prestatu eta hobetzeko jardueren erakunde-eskaintza argitaratzen da eta Garatu 2011-2012 Planaren barruan arautu egiten dira, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera horiek egiteko deialdia, eta, bestetik, laguntza ekonomikoen deialdia jarduera horietan parte hartzen duten irakasleentzat. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko apirilaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleak prestatu eta hobetzeko jardueren erakunde-eskaintza argitaratzen da eta Garatu 2011-2012 Planaren barruan arautu egiten dira, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera horiek egiteko deialdia, eta, bestetik, laguntza ekonomikoen deialdia jarduera horietan parte hartzen duten irakasleentzat.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 86
- Hurrenkera-zk.: 2512
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/04/19
- Argitaratze-data: 2011/05/09
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio unibertsitateaz kanpoko irakasleak prestatzeko agintzea eta irakasle moduan prestatzeko duten eskubidea eta betebeharra jagotea, lanbide-premien arabera behar bezala eta behar besteko kalitateaz presta daitezen, beti ere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren III. tituluko III. kapituluan jasotzen denez.
Horregatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleak prestatzeko plana egiten du urtero. Plan horretan, alde batetik, prestakuntza-proposamenak egin ditu unibertsitatez kanpoko irakasleen lan-gaitasuna hobetzearren eta, zehatz esateko, hezkuntza-sistema hobetzearren; eta, beste alde batetik, bideak irekitzen ditu, irakasleek lanean sumatzen dituzten beharren eta egiten dituzten eskaeren araberako prestakuntza etengabea emateko.
Prestakuntza-jarduerak aurrera eramateko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erakunde batzuen laguntza izango du, hain zuzen ere Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Plana garatzeko proiektuak aurkezteko deialdian diru-laguntza jaso dutenena. Bestela, Hezkuntza Sailak barne baliabideekin antolatu ditzake ikastaroak.
Hori dela eta, hau
Garatu 2011-2012 Planean prestatu eta hobetzeko eskaintzen diren jardueren zerrenda argitaratzea.
Prozedura bat ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko mailetako irakasleak prestatu eta hobetzeko ikastaroak egiteko baldintzak zehazteko, ikastaro-eskabideak egitekok eta parte-hartzaileak hautatzeko. Hori gorabehera, kontuan hartuko dira Lanbide Heziketa eta Etengabeko Prestakuntzako sailburuordearen berezko eginkizunak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 14ko 233/2001 Dekretuaren 16. artikuluan zehazten direnak.
Prestatu eta hobetzeko ikastaro horiek gainditzen dituzten irakasleei laguntza ekonomikoak ematea arautzea, laguntzak jaso ditzaten.
Agindu honen I. eranskinean jasotzen da 2011-2012 ikasturteko prestakuntza-jardueren zerrenda; irakasleek eskura dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko web orrian. Prestakuntza-jarduerek deskripzio-fitxa bana izango dute, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko web orritik lortu ahal izango da edo, bestela, Garatu planean matrikulatzeko aplikazio informatikoan. Fitxa guztiek informazio hau dute:
Izena, kodea, ikastaroa ematen duen erakunde arduraduna, nork emango duen, ordu-kopurua, hasiera-eguna eta amaiera-eguna, hizkuntza, aldiak, non emango den eta ordutegia.
Jarduera bakoitza eskatzen jartzen diren baldintzak eta salbuespenak, ikastaroan onartzeko nahitaezkoak izango direnak.
Programa xehatua: helburuak, edukiak eta metodologia.
Prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute irakasleek, baldin eta lanean ari badira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak baimendutako unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan; era berean, parte hartu ahal izango dute laguntza-zerbitzuetako langileek (berritzeguneetakoek), Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundekoek, Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegietakoek, Itsuen Baliabidetegietakoek, Irale ikastegietakoek, hizkuntza-eskola ofizialetakoek eta Hezkuntza Ikuskaritzakoek.
Lanbide Heziketako irakasleek partaidetza dela eta, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzari berariazko lanbide-heziketako irakasleak hobetzeko eta prestatzeko planak egitea dagokio, kontuan hartuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 14ko 233/2010 Dekretuaren 16.1.g) artikuluak ezarritakoa.
Hala ere, Lanbide Heziketako irakasleek prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute, baldin eta plazak esleitu eta gero baten bat libre geratzen bada.
Era berean, hauek ere parte hartu ahal izango dute:
Hezkuntza Bereziko lan-legepeko langileek: hezkuntza-premia bereziei buruzko jardueretan eta jarduera horietarako jartzen diren baldintzetan.
Ikastetxe publiko edo baimendutako ikastetxe pribatuetako hezitzaileak: Haur Hezkuntzako (zero eta hiru urte arteko) jardueretan. Jardueretan euretan zehaztuko da zein baldintzatan parte hartuko duten.
Jarduera hauen matrikula doakoa izango da.
Matrikula online egin beharko da, eta salbuespen modura paperean, eskabide-eredu bakarra erabiliz (II. eranskina).
Garatu 2011-2012 planeko prestakuntza-jarduerak on line eskatzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko aplikazio bat erabili beharko da irakasgunea atarian. Atari horretara irakasle guztiek sartu ahal dira, hala ikastetxe publikoetakoak nola itunpekoak; izan ere, sartzerik ez badute, irakasleek eurek sortu ahal izango dute erabiltzailea eta sarbide-gakoa. Eskabidea bete eta gero, inprimatu ahal izango da, eta ordezkagiritzat joko da; ez zaio Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan sarrera ofizialik jarri beharko.
Eskabidea paperean aurkeztuz gero, eskatzaileek eskabidea (II. eranskina) beteta eta sinatuta entregatu beharko dute Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako informazio-ataletan edo Hezkuntza Berriztatzeko ataletan, nork bere lanpostuari dagokionean.
San Prudentzio 18, Vitoria-Gasteiz (Araba)
Kale Nagusia 85, Bilbao (Bizkaia)
Andia 13, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)
Zuzenean zerbitzuan ere entregatu ahal izango da (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Andia 13, 20003 Donostia-San Sebastián; Ramiro de Maeztu 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).
30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduan ere bidali ahal izango dira, artikulu horretan adierazitako tokietara.
Jatorrizko eskabideak baino ez dira onartuko, ondo beteta eta sinatuta.
Eskatzen den jardueraren baldintza bereziren bat (atzerriko hizkuntzako tituluaren ziurtagiria) justifikatu behar badute eskatzaileek, egiaztagiri hori erantsi beharko dute Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako informazio atal edo Hezkuntza Berriztatzeko ataletara bidaltzeko.
Prestakuntza-jarduerak eskatzeko epe jakin batzuk izango dira, eta zein bere epean baino ezingo da eskatu. Epe jakin batean epe horretakoa ez den jarduerarik eskatuz gero, eskabidea ez da kontuan hartuko.
Matrikula egiteko lehenengo epea 2011ko uztail, abuztu, irail eta urriko jardueretarako da eta 2011-2012an liberatuta atzerrian egiten diren hizkuntza-ikastaroetarako. Matrikula-epea, berriz, 10 egun naturalekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Matrikula egiteko bigarren epea, berriz, 2011ko azarotik 2012ko ekaina bitartean egiten diren jardueretarako izango da, eta matrikula irailaren 5etik 23a bitartean egin beharko da, egun bi horiek barne.
Epe berezia: deialdia ebatzi ostean, Saileko web orrian adieraziko da ea deitu eta ezeztatu gabeko ikastaro edo jardueraren batean plaza hutsik geratzen den, eta halakorik balego, jarduera hasten den egunera arte eskatu ahal izango da. Eskabidea, berriz, agindu honen II. eranskinaren bitartez egin beharko da eta eskatzailearen lanpostua nongoa, Hezkuntza Sailak lurralde horretan duen informazio-atalean edo Hezkuntza Berriztatzeko atalean entregatu beharko da. Eskabideak aztertuko dira egiaztatzeko ikastaro bakoitzerako eskatzen diren baldintzak bete egiten dituztela; onartzeko irizpidea izango da zein egunetan aurkezten den eskabide-orria. Berdinketarik egonez gero, agindu honen 6.10 artikuluak dioena beteko da.
Prestakuntza-jarduerak gorabehera, parte-hartzaileak aukeratzeko, baldintza hauek hartuko dira kontuan:
Parte-hartzaileak kanporatu egingo dira, baldin eta prestakuntza-jarduerako deskripzio-fitxan azaltzen diren baldintza edo salbuespen guzti-guztiak betetzen ez badituzte.
Garatu 2011-2012ko jardueren eskabideak baztertu egingo dira baldin eta eskatzaileek Garatu 2009-2010 eta 2010-2011ko jardueretan parte hartu baina justifikatu gabe huts egin bazuten; bakarrik onartuko dira, baldin eta plaza hutsak geratzen badira gainerako eskabideei hautatzeko irizpideak aplikatu eta gero.
Atzerriko hizkuntzetako ikastaro edo prestakuntza-ekintzetatik kanpo geratuko dira irakasleak, baldin eta atzerriko hizkuntzako ikastaroa egiteko eskatzen den ziurtagiria badute edo maila hori baino handiagoa badute edo ikastaroko edukiak badakizkite, beti ere ikastaroko fitxan hala zehazten bada.
Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek ezin izango dute atzerrian ikasteko ikastarorik eskatu.
Atzerriko hizkuntzako 0 mailarako ez da irakaslerik onartuko, baldin eta Garatu 2010-2011n atzerriko hizkuntzako oinarrizko maila egiteko onartu bazen.
Atzerriko hizkuntzetako ikastaroetatik edo atzerrian egiten diren ikastaroetatik kanpo geratuko dira irakasleak, baldin eta atzerriko hizkuntzako beste ikastaro batean edo atzerriko beste ikastaro batean parte hartu badute Garatu planeko aurreko bi deialdietan (2009-2010ean eta 2010-2011n).
Ikastetxeko irakasle bakarra joan ahal izango da atzerrian egin baina hizkuntza-edukiak jorratzekoak ez diren ikastaroetara, eta joan ere zerbitzu-denbora gehien duen irakaslea joango da.
Inork ezin izango du prestakuntza-jardueretan edo ikastaroetan parte hartu, baldin eta zehapen penala edo administratiboa jasotzearren diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galduta badu edo horretarako gaitasun kentzen dion legezko debekurik badu, sexua bereiztearren eragindakoak barne, beti ere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.
III. eranskineko baremoak aplikatuko zaizkie baldintza horiek guztiak bete eta arestian adierazitako arrazoien batengatik kanporatu ez diren guztiei.
Puntuazio bera izanez gero, eskabidea egin eta deialdia ebazten denean ikastetxean den bekadunen portzentajeak erabakiko du izangaien hurrenkera. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, ebazteko, eskatzaileak zerbitzuan eman duen denborari erreparatuko zaio.
Eskatzaileek nahi beste prestakuntza-jarduera eskatu dezakete denboraldi baterako, baina denboraldiko bakar baterako baino ez da onartuko; horretarako, kontuan hartuko da eskabidean adierazitako lehentasun-ordena. Denboraldi-kode bera duten prestakuntza-jarduerak bateraezinak dira. Horren inguruko oharrak:
Lehenengo matrikulazio-aldiko (2011ko maiatzeko) kodeak:
Hizkuntza-ikastaroak udan, hizkuntza-ikastaroak atzerrian liberatuta.
2011ko uztaila.
2011ko iraila.
2011ko urria.
Urte osoko ikastaroak.
Online ikastaroak.
HMHko ikastaroak.
Proiektu-ikastaroak.
Bigarren matrikulazio-aldiko kodeak (2011ko iraila).
Ikasturte osoa (2011ko azarotik 2012ko ekainera).
2011ko azaroa eta abendua.
2012ko urtarrila, otsaila eta martxoa.
2012ko apirila, maiatza eta ekaina.
Online 1.a.
Online 2.a.
Proiektu-ikastaroak.
HMHko ikastaroak.
Ikastetxeko proiektuei lotutako prestakuntza-jarduerak ez zaizkie irakasleei orokorrean eskainiko, baizik eta ikastetxe horietako eskatzaileei; eskabidea eta onarpena, berriz, ikastetxean bertan egingo da, ikastetxe horretako zuzendaritzak jasotzen dituen aginduen arabera. Jarduerak egiteko toki baino eskatzaile gehiago badago, eskatzaileak hautatzeko, bestelako jardueren eskatzaileei aplikatzen zaizkien baldintza berak aplikatuko dira.
Deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebatziko du, batzorde batek proposatuta. Batzorde hori osatuko dute Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuko arduradunak edo hura eskuordetzen duenak batzordeburu izango da eta Saileko funtzionarioak; Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuko ditu eta hiru izango dira gutxienez, eta zortzi, gehienez.
Lehen matrikulazio-aldian, 2011ko ekainaren 1a baino lehenago argitaratuko dira ikastaroak egiteko onartutakoen behin behineko zerrendak eta urriaren 7a baino lehenago, berriz, bigarren matrikulazio-aldian. Zerrenda horiek Saileko web orrian argitaratuko dira; bertan adieraziko da adierazi egingo da zein den hautatze-prozesuaren emaitza eskatutako ikastaro guztietarako, zein ikastaro ezeztatu den eskatutako baldintzak betetzen dituen eskabiderik ez izatearren eta zein ikastarotan geratu den plazaren bat hutsik; plaza hutsak, berriz, agindu honetan azaldutako moduan eskatu ahal izango dira.
Eskatzaile guztiek irakaslegunea atariko aplikazio informatikoan ikusi ahal izango dute onartu dituzten ala ez jarduera batean.
Interesdunek 10 egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak egiteko edo eskaerei uko egiteko; zein bere matrikulazio-aldiko behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Behin betiko zerrendak Sailaren web orrian argitaratu eta Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan jarriko dira, ikastaroka eta eskatzaileka (abizenen hurrenkera alfabetikoaren arabera). Zerrendetan azalduko da eskatzaileek zein egoeratan geratu diren eskatutako jarduera bakoitzean, eta azaldu ere honela azalduko da:
Onartua: ikastaroan plaza duten lagunak.
Gordeta: plazarik ez duten lagunak, ikastaroan eskatutako baldintzak betetzen duten eskaera lar dagoelako. Horrela daudenak, ikastaro-hasieran aurkezten direnak, onartuak izango dira, behin betiko zerrendan duten hurrenkeraren arabera, baldin eta onartutako beste lagunen bat ikastarora joaten ez bada.
Baztertua: deialdian adierazitako baldintzak edo ikastaro-fitxak betetzen ez direlako edo aldiak bateraezina direlako.
Baztertzeko arrazoiak.
A: eskabidea ez dago osorik.
C: lan-egoera.
I: aldia bateraezina da.
K ez du betetzen baldintza berezi bat.
L: ikastaroa ezeztatu egin da.
H: eskatzaileak atzera egin du.
E: ez du betetzen atzerriko hizkuntzako titulazioa.
Ebazpenik ematen ez bada deialdi bakoitzak horretarako ezarritako epean, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da; dena dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak Administrazioari ebazteko beharra ezartzen dio.
Behin betiko ebazpenaren kontra, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, ebazpenok lurralde-ordezkaritzetan argitaratu eta hilabeteko epearen buruan.
Onartutako ikastaroa noiz hasiko den jakinarazteko, jakinarazpen bat bidaliko da norberaren helbide elektronikora; nolanahi ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko web gunean eta irakaslegunean ere kontsultatu ahal izango da.
Behin betiko zerrendak argitaratu eta gero, prestakuntza-jarduerari uko egiteko, justifikatutako arrazoia azaldu beharko da. Uko egiteko jakinarazpena Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzara bidali beharko da, uko egitea justifikatzen duen gertaera jazo eta berehala bidali ere, eta bakar-bakarrik onartuko da agiri-euskarria eransten bazaio.
Jarduerako zuzendaritzak aldi edo atazaren bat baliokidetu eta hura egitetik salbuetsi ezean, onartutako prestakuntza-jardueran programatuta dauden aldi eta ataza guztiak egin beharko dituzte parte-hartzaileek.
Ikastaroa hasten denean parte-hartzailea ez badoa eta aurretik ezer ohartarazten ez badu, beraren tokia beste bati emango zaio, hain zuzen ere tokiak gordetzeko zerrendan une horretan lehenengo dagoen lagunari emango zaio. Hutsegite hori ez justifikatzeak irakaslea zigortzea ekarriko du; ondorioz ez da Garatu 2012-2013 eta 2013-2014 ikastaroetan onartuko, eta onartzekotan ere bakar-bakarrik gainerako eskabideei hautatzeko irizpideak aplikatu eta gero plaza hutsik geratzen bada.
Prestakuntza-jarduerek fase bakarra edo gehiago izango dituzte, eta hainbat motatakoak izan daitezke:
Jarduera-tokian bertan egitekoak.
A: irakastorduen barruan, erabateko liberazioaz. Liberatuz gero, parte-hartzaileari irakas-egunetan ordezkoa jarriko zaio. Ordezkoek ikastaro horietan plaza bete ahal izango dute, beti ere baldintza hauek betetzen badituzte: 150 ordutik beherako ikastaroak, jarduera bakarra liberazioaz pertsonako eta ikasturteko, eta urte osoko lanpostua betetzea.
B: irakastorduen barruan, liberazio erdiaz. A motan ezartzen diren baldintza berak izango dituzte ordezkoek ikastaroak egiteko.
D: irakastorduez kanpo.
B/D: irakastorduen barruan edo kanpo, liberazio barik.
E: luzatzeko aldi presentziara, mintegi, tutoretza,& erakoak.
Ez-presentzialak jarduera-tokian.
M: praktikak: normalean parte hartzen duen ikastetxean bertan, enpresa edo erakunde batean,&
G: txostena edo memoria egitea: ikastaroa ematen duen erakundeak adieraziko du nola eta erakundeari entregatu beharko zaio, baina Sailak eskatu ahal izango du.
H: ikastaroak online.
Erakunde antolatzaileak hasierako ebaluazioa egingo die atzerriko hizkuntzen ikastaroetan onartutako lagunei, eta baten maila ez badator bat ikastaroaren hasierako diseinuko mailarekin, tokia gordetzeko zerrendako batek hartuko du haren lekua.
Ikastaroak egiten diren bitartean, bakarrik joko dira jaieguntzat Euskal Autonomia Erkidegoko egutegi ofizialean azaltzen direnak.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ikastaroak ezeztatu ahal izango ditu, eskabide nahikoa onartzen ez direnean edo ikastaroa egiterik ez dagoenean, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin zerikusirik ez duten arrazoiak direla-eta.
Prestakuntza-jarduerak eskatzen dituzte irakasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:
Ikastetxeko zuzendaritzaren baimena izatea (edo dagokion lurralde-burutzarena, Zonako Hezkuntza Laguntzarako Zerbitzuen eta Hezkuntza Ikuskaritzaren kasuan), ikastaroak osorik edo zati batean irakastorduetan egin behar direnean edo liberatuta eskola-egutegian egiten direnean. Egiaztatuz gero liberatzea eskatzen duen jarduera bateko eskatzaileak ez duela ikastetxeko zuzendaritzako baimenik, kanporatu egingo da jardueratik.
Inor liberatzeko, bermatu egin beharko da ikastaroa egiteko liberatu den lagunari ordezkoa jarriko zaiola.
Liberatzea eskatzen duen prestakuntza-jarduera batean onartuz gero, ikasturte horretan ezin izango da liberatzea eskatzen duen beste batean parte hartu.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ikastetxeetako irakasleak baino ez dira liberatuko. Aldi horretako irakastegun guztietan ordu biko hiru saio izango dira (09:00-11:00, 11:30-13:30 eta 15:00-17:00); goizean batu ahal izango dira saio horiek, parte-hartzaile eta irakasleek aurretik hori adostuz gero). Nolanahi ere, lanaldia sei irakastordukoa izango da, saio arteko atsedenaldiez aparte.
Irakasleak liberatuta daudenean, ikastaroa egiten den tokia joko da parte-hartzaileen lantokitzat ordutegi, baja, baimen eta bestelako gorabeherak betetzeko.
Ikastaro horietan parte hartu nahi baina Sail honen menpekoak ez diren ikastetxeetako parte-hartzailek nork bere ikastetxeko zuzendaritzako baimena izan beharko dute.
Ikastaro hauetan, justifikatu gabe ikastaroetara falta izanez gero, baldin badagokio diziplinako espedientea irekitzea gerta liteke.
Ikastaro guztien jarraipena eta ebaluazio orokorra gorabehera, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak jarraipen eta ebaluazio bereziak eskatu ahal izango ditu, eta jarraibide zehatzak emango ditu horretarako.
Aktak eta ziurtagiriak.
Ikastaroa amaituta, horren erakunde arduradunak akta bidaliko du Irakasleak Hobetzeko Administrazio Atalera. Akta horretan jasoko dira: parte-hartzaileen zerrenda, gai edo ez gaitzat jotzen diren, aldez aurretik ezarri eta erakundeak parte-hartzaileei jakinarazitako ebaluazio-irizpideen arabera, eta, behar izanez gero, ziurtagiriak izapidetu eta laguntza ekonomikoak emateko behar diren datu guztiak.
Onartutako lagunak ikastaroetara joan egiten direla kontrolatuko du erakunde emaileak. Parte-hartzaileak gaitzat jotzeko, derrigorrezkoa da jarduera-orduen % 80an joatea klaseetara, gutxienez, salbu agindu honen 8.3 artikuluan adierazitakoan; era berean, G motako aldia agindu honetako 8.5.b) artikuluan adierazitakoa duten ikastaroetan, derrigorrezkoa izango da txostena edo memoria entregatzea. Parte-hartzaileak ez gaitzat joko dira hutsegiteak jarduera-orduen % 20 baino gehiago badira: ezin izango dute ziurtagiririk lortu eta ez zaie laguntza ekonomikorik emango. Gainera, hutsegiteak justifikatu egin beharko dituzte; izan ere, bestela, zigortu egingo zaie, 6.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Akta itxia izango da, eta gerora ezin izango zaio ezer aldatu, errakuntzak edo aipatu gabeak izan ezik; edonola ere, aldaketak ondo justifikatu beharko dira agiri bidez.
Jarduerak gaindituz gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko irakasleak berritu eta prestatzeko jardueren datu-basean jasoko dira. Interesdunek datu-base hori kontsultatu ahal izango dute, indarrean den legediaren arabera, eta bertatik Berritu eta Prestatzeko Jardueren Ziurtagiria inprimatu ahal izango dute.
Onuradunak EAEko irakasle eta hezitzaileei laguntzeko I. eranskinean azaldu eta EAEn egiten diren ikastaroetan parte hartzen, Agindu honetako 3. artikuluan aipatzen diren parte-hartzaileek laguntzak eskatu ahal izango dituzte ikastaroetan parte hartzeko eta ikastaroetara joan eta etortzeko. Horretarako, prestakuntza-jarduerak eskatu eta gainditu badituzte eta Agindu honetan ezartzen diren baldintzak bete behar dituzte.
Laguntzen zenbatekoa. Ikasketari bakoitzari, guztira, dagokion laguntza kalkulatzeko, parte hartzeagatik eta joan-etorriengatik dagozkion laguntzen kopuruak batuko dira.
Parte hartzearren, 10,50 euro ordainduko dira eguneko; horretarako, kontuan hartuko da lanaldi etenean egiten diren jardueren eskola-aldian (aldi presentzialean) zenbat egunetan izan den benetan jarduera-tokian. Jardunaldi jarraitua duten ekintzetan parte hartuz gero, ordea, inoiz ez da kontzeptu honegatik laguntzarik emango.
Joan-etorriak direla-eta, jardueraren lehen egunean destinoko zentrotzat izandako herriaren eta jarduera-tokiaren arteko joan-etorriak finantzatuko dira, eta 0,15 euro ordainduko da kilometroko. Kilometroak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira jardueraren eskola-aldiak (fase presentziala) dirauen bitartean benetan bertaratutako egun bakoitzean egindako kilometroak.
Agindu honen ondorioetarako, irakasleak jardueraren lehen egunean destinoko zentrotzat izandako herriaren eta jarduera-tokiaren arteko distantziatzat hartuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren dagozkion tauletan agertzen dena.
Eskabideak egiteko epea eta prozedura: laguntza-eskabidea Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari aurkeztu beharko zaio, IV. eranskinaren arabera. Eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, prestakuntza-jarduera amaitzen den egun beretik aurrera.
Inork ezin izango du parte hartu agindu honen bidez araututako laguntza-deialdian, baldin eta zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena dela-eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu badu edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean badago, sexua bereiztearen zigortutakoak barne, otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren 4/2005 Legearen arabera. Egoera horretan dagoen inork ezin izango du deialdian parte hartu dagokion zehapenak ezartzen duen aldian.
Betekizunak. Hona eskatzaileek bete beharreko baldintzak:
Laguntza eskatzea aurreko idatzi-zatian adierazitako moduan.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak onartzea eta «Gai» kalifikazioa lortzea.
Prestakuntza-jardueraren destinoko zentroa eta ikasketariaren bizilekua bera ez izatea. Destinoko zentrotzat eta bizilekutzat joko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan halakotzat jasota daudenak ikasturte-hasieraren lehen egunean.
Bateraezintasunak. Laguntza hauek eta prestakuntza-jarduera bera egiteko antzeko diru-laguntzak bateraezinak dira.
Laguntzak ebatzi eta ematea: «Gai» kalifikazioa lortu dutenen parte-hartzaileen eta beharrezko beste datu guztien zerrenda jaso ostean, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ebazpena emango du.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak laguntzak eman eta banan-banan jakinaraziko ditu. Mundu guztiak horren berri izan dezan, EHAAn eta Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko ditu, eskabidea egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Bertan honako hauek adieraziko ditu:
Laguntza emanez gero eskuratuko den zenbatekoa.
Osterantzean, ezezkoa emateko arrazoia.
Banakako laguntza ekonomikoak emateko ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen eta horren kontra gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera; izan ere, hori ezartzen dute azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluek (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskabideak onartutzat joko dira.
Laguntza onartzea: laguntza onartutzat joko da, baldin eta ebazpena argitaratu eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz beren beregi uko egiten ez badute.
Laguntza ordaintzea. Laguntza dena batera ordainduko da, ebatzi eta hilabetera.
Laguntzen zenbatekoa, guztira: gehienez ere, 140.000 euro erabiliko dira laguntza hauek emateko: 30.000 euro 2011ko aurrekontu-ekitaldiaren kontura izango dira, eta 110.000 euro, berriz, 2012ko aurrekontu-ekitaldiaren kontura.
Artikulu honetan adierazitako zenbateko orokorra aldatu ahal izango da; horretarako kontuan hartuko da eskatutako laguntzen zenbateko osoa eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk bete ondoren ia geratu den aurrekontu-baliabiderik agortu barik, eta horiek ebatzi baino lehenago. Aldaketa horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da.
Laguntza hauen onuradunek deialdi honen kontura jaso dituzten diru-laguntzei buruzko informazioa eman beharko diete Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, euren zereginak betetzearren eskatzen badiete.
Onuradunek ez badute deialdi honetako baldintzarik betetzen osorik edo zatiren batean, ezingo dute laguntza ordaintzeko eskatu, eta, dagoeneko kopururen bat jasota baldin badute, itzuli egin beharko dute, legezko interes eta guzti, kopurua ordaindu zitzaienetik aurrera zenbatzen hasita.
Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, 5. fitxategi izeneko fitxategi batean sartuko dira (diru-laguntzen) deialdi hau kudeatzeko eta deialdi honetan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarena da, eta zuzendaritza horretara (Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz) jo beharko da datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideez baliatzeko.
Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla ziurtatzeko beste erakunde publiko batzuetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzeko, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2007ko apirilaren 26an eman zuen aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, 2012an egiten diren ikastaroak ebazteko, kreditu egoki eta nahikoa egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012. urteko aurrekontu orokorretan.
Lehenengoa. Agindu honetan prozedurari buruz aurreikusi ez den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea aplikatuko da osagarri modura.
Bigarrena. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari baimena ematen zaio agindu hau garatu eta ezartzeko beharrezko jarraibideak emateko.
Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Laugarrena. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren kontra, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 19a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: EBAZPENA, 2012ko uztailaren 16koa, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariarena. Honen bidez, diru-laguntzak ematen zaizkie Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Planeko (2011-2012) prestakuntza-ikastaroak gainditu dituzten irakasleei.
- Ikus: EBAZPENA, 2012ko maiatzaren 14koa, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariarena. Honen bidez, diru-laguntzak ematen zaizkie Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Planeko (2011-2012) prestakuntza-ikastaroak gainditu dituzten irakasleei.


