- AGINDUA, 2011ko apirilaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeak jabetzan dituzten Irakaskuntza Kooperatibetarako laguntza-deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko apirilaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeak jabetzan dituzten Irakaskuntza Kooperatibetarako laguntza-deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 87
- Hurrenkera-zk.: 2548
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/04/19
- Argitaratze-data: 2011/05/10
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Kooperatiba moduan eratutako ikastetxeek gizartean betetzen duten zereginagatik arreta berezia jasotzen dute indarrean dagoen legeriaren esparruan; hala ikusten da Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan eta Hezkuntza Itunen Araubidea onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuan.
Hori guztia dela eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bidezkotzat jo du laguntza ematea, aurrekontuek uzten duten heinean betiere, legearen arabera (dagokien erregistroan izena hala emana) eratutako irakaskuntzako kooperatibetako gurasoek unibertsitate-mailakoak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleentzat antolatutako hezkuntza-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak abian jartzeko.
Aipatutako guztiaren arabera, laguntzak emateko deialdia ireki behar da horretarako propio izendatutako aurrekontuaren kontura.
Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak bere VI. tituluan xedatukoaren arabera, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak arautzeari buruzkoan, eta, halaber, abenduaren 23ko 5/2010 Legeak, 2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, eta aplikatu beharreko gainerako xedapenek ezarritakoaren arabera, honako hau
Agindu honen xedea irakaskuntzako kooperatibei laguntzak emateko deialdia egitea da; diru-laguntza horien bidez, 2011ko urtean irakaskuntzako kooperatibek gurasoentzat eta ikasleentzat antolatzen dituzten jarduerek eragiten dituzten gastuetan lagundu nahi da. Jarduera hauek 4. artikuluan aipatutakoari jarraitu behar diote.
Agindu honen xedetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko aurrekontu orokorretan, berrogeita hamahiru mila (53.000) euroko kreditua erabaki da.
Honako hauek eskatu ahal izango dituzte aurreko artikuluan adierazitako laguntzak: unibertsitatekoak ez diren mailetan Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eta Batxilergoa irakasten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzako kooperatibek, zuzenbidearen arabera eratuta daudenean eta indarrean dagoen arautegian xedatutakoarekin bat datozen helburuak dituztenean, baldin eta Euskadiko Kooperatiben erroldan izena emanda badaude eta irakaskuntza izaera badute.
Eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen egon beharko dute izena emanda dagokien erroldan, eta ofizioz egiaztatuko da hori hala dela.
Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen edo laguntzen deialdi honetan ezingo dute parte hartu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, zigor-arloko zehapena edo administrazio-zigorra dela-eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten erakundeek, ezta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren 4/2005 Legearen arabera.
Agindu honetan adierazten diren laguntzak gastu hauetarako emango dira:
Ikasleen gurasoentzako prestakuntzak eragindako gastuetarako.
Beste ikastetxe batzuetako ikasleentzat bideratutako jarduerek eragindako gastuetarako.
Eskaera behar bezala bete ondoren, I. eranskinean jasotako ereduari jarraiki, dokumentazio honekin batera aurkeztu behar da:
Diruz lagundu daitekeen epean kooperatibak gauzatuko dituen aktibitateen egitasmoa. Baliozkoa izateko, Eskola Kontseiluko idazkariaren egiaztagiria ere aurkeztu behar da, jarduerak gauzatu direla egiaztatuko duena (II. eranskina).
Eskaera egiten duen kooperatibaren Identifikazio Fiskaleko Zenbakian (IFZ) edo bankuko datuetan aldaketarik eginez gero, eta, halaber, Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatzen zaion lehen aldia bada, hirugarrenen jatorrizko alta-orria eta indarrean dagoen IFZko txartelaren kopia erantsi behar da.
Entitate batek bi ikastetxetan lana egiten duenean, bi eskabide egin behar izango ditu, ikastetxeko bat. Aldiz ikastetxe batean bi eskabide izanez gero, zein guraso elkarte bik eginda zein elkarte batek eta kooperatiba batek eginda, ikasleen kopurua banatuko da eskabideetan aipatutako portzentajearen arabera. Era berean, ikasleen guraso-elkarteen eskabidea entitate hauei dagozkien deialdiaren arabera aztertuko da.
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Herritarrentzako Bulegoetan, «Zuzenean», edo bakoitzari dagokion hezkuntza-ordezkaritzan. Eskaerak aurkezteko, halaber, beste bulego batzuk ere erabil daitezke; hain zuzen ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotzen direnak. Eskatzaileek posta-bulegoan aurkeztea erabakitzen badute, gutun-azal irekian egingo dute, eta horrela, posta-funtzionarioak, gutuna zertifikatu aurretik, zigilua bota ahal izango du eskaera-orrian.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapidean jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduradun. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatu dezan aurkeztutako dokumentuek diotena.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dokumentazioan hutsik edo okerreko daturik antzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio hutsok zuzentzeko. Hamar egunen buruan zuzendu ezean, eskatzaileak eskaerari uko egin diola ulertuko da, ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako moduan idatzi beharrekoa.
Laguntzen banakako zenbatekoa zehazteko artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuko da. Zenbateko hori ez da inola ere izango kooperatiba horietako bakoitzak benetan izandako gastu guztien zenbatekoa baino handiagoa.
Banaketa-sistema hau da:
Hasiera batean, 180na euro esleituko zaie onartutako eskaera guztiei.
Gero, kooperatiba horietako bakoitzari bi puntuazio hauen emaitza esleituko zaio:
Ikastetxeak dituen ikasleen kopuruagatiko puntuazioa; ikasle bakoitzeko puntu bat.
Ikastetxean dituen bekadunen kopurua bider hiru eginda lortutako puntuazioa.
Kooperatiba bakoitzari dagokion ikasleen kopurua eta bekadunen kopurua zehazteko, eskaera epearen amaieran estatistika-dokumentazio ofiziala hartuko da kontuan.
Deialdiaren zenbatekotik kenduko dira hasierako laguntzen guztizkoa. Hori egin ondoren lortutako zenbatekoa izango da banatu beharreko soberakina.
Kooperatiba bakoitzak horrela ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore konstante batekin, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati kooperatibei emandako puntuen guztizko batura.
Ateratako zenbatekoari hasierako 180 euro gehituko zaio, kooperatiba bakoitzari emango zaion laguntza zehazteko.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzordea eratuko du, laguntzak esleitzeko proposamena prestatu dezan. Batzordeak kide hauek izango ditu:
Pedagogia Berriztatzeko zerbitzuburua. Batzordearen lehendakari gisa jardungo du.
Hezkuntzako hiru lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzetako kide bana.
Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuko teknikari bat, idazkari gisa jardungo du.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpenak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du eta interesdunei jakinarazteko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, agindu hau argitaratu eta lau hilabetera. Egindako eskabideei dagokienez, onuradun guztiei emandako zenbatekoa adieraziko da eta, behar izanez gero, laguntzak ukatzeko arrazoiak.
Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesatuek Hezkuntzako sailburuordeari hilabeteko epean argitaratzen den egunetik aurrera.
Artikulu honen lehenengo atalean aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Deialdi honen bidez lortutako edozein laguntza bateragarria izango da Euskal Herriko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein herri-administrazioren edo erakunde pribaturen bidez lortutako beste edozein laguntzarekin, beti ere jasotako laguntza guztien baturak diru-laguntza honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez badu. Halakorik gertatuko balitz, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.
Agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradun guztiek betebehar hauek izango dituzte.
Diru-laguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Testu Bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).
Diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.
Emandako diru-laguntza onartzea. Era honetan, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, onartuta dagoela ulertuko da.
Diru-laguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.
Lagundutako ekintzen ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.
Agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira, egindako gastuak justifikatu eta gero. Gastu horiek emandako diru-laguntza adinakoak edo handiagoak izan beharko dute.
Aipatutako gastuak 15 egun naturalean justifikatu beharko dira, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, III eranskinean agertzen den ereduari jarraituz. Aurkeztutako faktura eta erreziboetako kopurua eta emandako diru-laguntzako kopurua berdinak ez direnean, aldea agiri baten bidez justifikatu ahalko da, urtarrilaren 31 baino lehen gastua eginda izango dela egiaztatzeko konpromisoa adieraziko duena.
Ematen diren epeetan justifikatu ezean edo emandako diru-laguntza baino gutxiago justifikatuz gero, Ebazpeneko kopurua aldatzeko prozesua hasiko da, dagokion heinean, eta, behar izanez gero, laguntzaren eskuratzeko eskubidearen galtzea ekarriko du.
Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira diru-laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere diru-laguntzak emateko Ebazpena aldatu ahal izango da.
Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.
Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzaren bat betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako diru-kopuruak eta dagozkien legezko korrituak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Prozeduraren arloan Agindu honek arautzen ez dituen gaietan, osagarri gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak xedatzen duena aplikatuko da.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Haren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete aukeran, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari zuzenduta; horretarako hilabeteko epea dute, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 19a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


