- AGINDUA, 2011ko apirilaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, unibertsitateaz kanpoko ikasketak ¿heziketa-zikloak izan ezik¿ ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten zaie hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak egin ditzaten, eta 2011-2012 ikasturtean zehar proiektu horiek aurrera ateratzeko diru-laguntzak emateko baldintzak edo betekizunak ezartzen dira. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko apirilaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, unibertsitateaz kanpoko ikasketak ¿heziketa-zikloak izan ezik¿ ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten zaie hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak egin ditzaten, eta 2011-2012 ikasturtean zehar proiektu horiek aurrera ateratzeko diru-laguntzak emateko baldintzak edo betekizunak ezartzen dira.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 92
- Hurrenkera-zk.: 2674
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/04/19
- Argitaratze-data: 2011/05/17
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak deialdiak egin izan ditu hasiera-hasieratik; hezkuntza-sistema eguneratu eta gizarte-beharrizanei egokitzeko une bakoitzean egokien ziruditen arloetan izan du eragina deialdi bakoitzak.
Curriculumean gaitasunak sartu dira, eta ondorioz azpimarratu egiten da zein garrantzia duen ikasleak prestatzea bere ikasketak integratzeko gai izan daitezen, eduki mota desberdinak harremanetan jarriaz eta eraginkortasunez erabiliz hainbat egoera eta testuingurutan behar dituztenean.
Ikuspegi-aldaketa horrek irakasle aktiboak behar ditu, eta irakasleek, berriz, etengabeko prestakuntza izan behar dute ikastetxean bertan eta lankidetza-giroan. Horrela, curriculum-arloez dituzten ezagutzak eta ulermena sakonduko dute; era beran, ikasi eta irakasteko estrategien errepertorioa zabaldu eta horiek martxan jartzeko duten gaitasuna areagotuko dute: beran, ikastetxean prestatzeko eta berritzeko prozesuak uztartuko dituzte.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak badaki ikastetxeetan esku hartzen duenean, ikastetxeetako lan-testuingurua kontuan hartu behar duela, eta hezkuntza-sistema eguneratzea bermatzeko, irakasleen etengabeko prestakuntza eta ikastetxeko ohiko dinamikan eragin positiboa duten berrikuntza-ekintzak uztartu nahi ditu. Prestatzeko eta berritzeko prozesu hori, berriz, lotu egin behar zaie hobetzeko planei eta indarrean den curriculumaren garapenari.
Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartuak bere VI. tituluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuan diru-laguntzak arautzeari dagokionez xedatutakoarekin eta oro har aplikatzekoak diren beste xedapenekin bat etorriz, eta nahikoa aurrekontu badagoenez abenduaren 23ko 5/2010 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, baimendutako kredituen arabera, honako hau
Agindu honen xedea da, batetik, unibertsitatez kanpoko ikasketak (edozein mota eta mailatakoa, heziketa-zikloak soilik izan ezik) ematen dituzten ikastetxeei dei egitea, hobekuntza-planei, curriculumari eta oinarrizko gaitasunei lotutako hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak aurkez ditzaten; eta, bestetik, 2011-2012 ikasturtean zehar eta proiektu horiek aurrera ateratzeko diru-laguntzak emateko baldintzak edo betekizunak ezartzea.
Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorretan beren-beregi ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta, guztira, berrehun eta hirurogeita hamabost mila euro dira (275.000) euro.
Kopuru hori handitu daiteke deialdia erabaki aurretik, baldin eta diru nahikoa geratzen bada, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko beste laguntza-programek ez dituztelako beren aurrekontu-sailak osoki erabili. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpen bidez.
Deialdi hau bi fasetan ebatziko da:
1. fasean, deialdiko guztizko kopuruarekin, berrikuntza-proiektu globalei erantzungo zaie, 5.2 eta 5.3 artikuluek zehaztutako kopuru ekonomikoen arabera eta, betiere, agindu honetako betekizunak betetzen badira.
2. fasean, eta geratzen den diru-kopuruarekin, Agindu honetan dauden baldintzak betetzen dituzten hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektu guztiei erantzungo zaie, 5.3 artikuluan ezarritako diru-zenbatekoekin. Aurkeztutako hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektu guztientzako diru nahikorik ez badago, dirua onartutako guztien artean hainbanatuko da, kontuan hartuta VII. eranskinak eskaeren balorazio teknikoaren baremoari buruz ezarritakoa.
EAEn unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako edozein maila eta mota eskaintzen duten itunpeko ikastetxe pribatuak, heziketa-zikloetako irakaskuntza besterik ematen ez dutenak izan ezik.
Deialdi honetako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuek kontuan hartu beharko dute ikastetxearen hobekuntza globala, eta, beraz:
Oinarrizko erreferentzia modura izatea ebaluazio diagnostikotik datorren hobekuntza-plana.
Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan ipintzea bereziki arreta, eta oinarrizko gaitasunen garapenean.
Kontuan hartzea ikastetxearen planteamendu globala eta martxan dauden ekimen guztiak; besteak beste, Eskola 2.0, hizkuntzen eta eleaniztasunaren trataera integratua, aniztasunaren trataera, eskolako bizikidetza, hezkuntza zientifikoa eta abar.
Ikastetxe bakoitzak prestakuntza- eta berrikuntza-proiektu bakarra aurkez dezake, eta proiektu horretan ezarriko ditu ikastetxeko prestakuntza-jarduera edo beharrezko berrikuntza-ekimen guztiak.
2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteetan hezkuntza-berrikuntzako proiektu globalak garatu dituzten ikastetxeek eska dezakete horiek luzatzea 2011-2012 ikasturtean, eta, horrela, hasi zirenetik hiru ikasturteko gehienezko epea bete.
Hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuek klaustroaren % 60 inplikatu beharko dute.
Deialdi honen helburu diren hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak hainbat ikasturtetan gara daitezke; ikasturteko fase bakoitza markatzen. Kasu horretan, diru-laguntzak eskatu beharko dira ondoko deialdietan ere.
Proiektu bakoitzak, edo proiektuaren fase bakoitzak proiektua ikasturte batean baino gehiago garatzen bada, gutxienez 30 ordu izan beharko ditu bere garapena eta exekuziorako.
Irakasleen parte-hartzea gutxienez % 80koa bada eta betiere jarraipen-batzordeen memoriaren balorazioa positiboa bada Hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen fase bakoitzak, eta ofizioz egiaztatuko dira, partaide bakoitzari 30 ordu ofizioz egiaztatuko zaizkio. Hala ere, ikastetxe batek proiektuen deialdi batean baino gehiagotan parte har baitezake, irakasle berari gehienez ere 90 ordu aitortuko zaizkio hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen izenean, izan mota honetakoak edo izan ingurumenari buruzkoak, izan osasunaren promozioari buruzkoak, izan hezkuntza-esparru hirueledunari buruzkoak edo izan beste gairen bati buruzkoak.
30 ordu baino gutxiagoko prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak.
Ikastetxearen egunerokoaren barruko jarduerak bakarrik garatzen dituzten prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak (adibidez, zikloak, departamentuak, nota-txostenak eta beste ohiko dokumentu batzuk koordinatzea).
VII. eranskineko baremoaren arabera, 15 puntu baino gutxiagoko puntuazioa lortzen duten proiektuak.
Heziketa-zikloei besterik ez dagozkien prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak.
Kanpoan geratuko dira aurreko hiru ikasturteetan garatu diren eta, horrenbestez, onartutako indarraldia beteta duten berrikuntza-proiektu globalak.
Baztertu egingo dira hobekuntza-planekin, indarrean dagoen curriculumarekin eta/edo oinarrizko gaitasunekin zerikusi zuzenik ez duten prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak.
Baztertu egingo dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zuzenean araututako plan edo jarduera bidez edo/eta beste deialdi espezifikoen bidez araututako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak.
Eskatutako diru-laguntzak erabiliko dira aholkularitza-kontratazio gastuak, materialen erosketa, inplikatutako irakasleen bidaiak edota proiektuaren exekuzioan sortzen diren gastuak ordaintzeko.
2011-2012 ikasturterako onartutako laguntza hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak garatzearekin zerikusi zuzena duten gastuen % 100 izan daiteke.
2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteetan hautatutako hezkuntza-berrikuntzako proiektu globalen gehienezko laguntza ezingo da izan 20.000 euro baino handiagoa aurreko bi ikasturteetan izandako laguntzak batuta.
Hautatutako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen laguntza gutxienez 300 euro eta gehienez 3.000 euro izango da. Jarraipena duten proiektu globalak izan ezik; horiei aurreko puntua aplikatuko zaie.
Zuzendaritza-taldeak zaindu behar du prestakuntza- eta berrikuntza-proiektua martxan jartzen dela, eta Ikasketaburutzak garapen guztia koordinatu beharko du, edo, bestela, irakasle bat ipini beharko du koordinatzaile modura. Horrela eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin informazioa emateaz Ikasketaburutzari proiektuaren garapenari buruz eta egindako ekintzei buruz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen dituztenean.
Dena dela, ikastetxeek, antolakuntzarako duten autonomiaren barruan, koordinatzaileen irakaskuntza-ordutegiak egokitu ahal izango dituzte proiektuetan egiten duten lanera, hala eskola-orduen kopuruaren aldetik nola horien banaketaren aldetik; betiere, kasuan kasuko ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.
Hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiekturik edo proiektu globalik onartzen zaien ikastetxe guztiek gutxienez erreferentziako aholkulari bat izango dute dagokien Berritzegunean. Erreferentziako aholkulari horrek hartuko du bere gain onartutako proiektuen jarraipen- eta ebaluazio-lanen ardura, ikastetxeko prestakuntza- eta/edo berrikuntza-arduradun izendatu dutenarekin batera.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek, nolanahi ere, honako betebehar hauek dituzte:
Emandako diru-laguntza onartzea. Hain zuzen ere, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoko egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egin diru-laguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.
Proiektua Ikastetxearen Urteko Plangintzan txertatzea.
Zertarako eman den diru-laguntza edota diru-zuzkidura, helburu horretarakoxe erabiltzea.
Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak haien funtzioak betetzearren eskatutako informazio guztia bidaltzea.
Memoriak aurkeztea ikasturtea amaitzean.
Onetsitako baldintzetan diru-laguntzak jaso dituzten ikastetxeek aurkezten dituzten prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak eta berrikuntza-proiektu globalak behar bezala burutzea bermatze aldera, Berritzegune bakoitzeko Pedagogia Batzordeak (otsailaren 6ko 15/2001 Dekretuaren III. kapituluaren 6. eta 9. artikuluak) proiektuen betetze-maila aztertuko du zona bakoitzean, ikastetxeek igortzen dituzten memoriak eta beharrezkotzat jotzen duen beste datu edo txosten oro oinarri hartuta; horretaz gain, ikasturte-amaieran, onetsitako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuei eta berrikuntza-proiektu globalei dagozkien jarduera guztien emaitzei buruzko txostena ere egingo du. Txosten horiek ikastetxe bakoitzari dagokion Pedagogia Berriztatzeko Lurraldeburutzari igorriko zaizkio, eta han egoki den ikastetxearen eskura egongo dira.
Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diru-laguntza eman zaien eskualdeko ikastetxeen hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektu edo berrikuntza-proiektu globaletako edozeinen garapenean, Berritzegunearen Zuzendaritzak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, tokian tokiko Lurraldeburutzaren bitartez; hartara, Zuzendaritza horrek agindu hau egokiro betetzeko bidezko diren neurriak hartuko ditu.
Lurraldeburutzek ondoren zehazten den dokumentazioa bidali beharko dute, ikasturtea amaitzean, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara, dokumentazio hori tramitatze aldera:
Ikastetxeen zerrenda; bertan, onartutako hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuetan aurreikusita zeuden helburuak zein neurritan bete diren azalduko da, eta, helburuak behar bezala bete ez badira, berariaz aipatu beharko da hori.
Proiektu bakoitzari dagokion memoriari erantsita, kasuan kasuko irakasleen partaidetzari buruzko ziurtagiria, ikastetxeko Zuzendaritzak egina; horrez gain, bidezkoa bada, oharrak ere jaso ahal izango dira memoria horretan (VIII. eranskina).
Hezkuntzako Ikuskaritzak, ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onetsitako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak eta berrikuntza-proiektu globalak zein neurritan bete diren kontrolatuko du; jarduera eta proiektu horiek ikastetxeko urteko planean sartuta egon beharko dute. Baldin eta jarduera eta proiektuak behar bezala betetzen ez badira, Ikuskaritzak horren berri emango dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari. Era berean, berrikuntza-proiektu global batzuk ebaluatuko ditu Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak; hain zuzen ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beren-beregi zehazten dituenak. Kasu horietan, egoki diren txostenak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari igorriko zaizkio.
Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio espedientea irekitzea; horretarako, dokumentazio hau izango da beharrezkoa:
Ikastetxeko legezko ordezkariak sinatu eta zigilatutako eskabidea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari bidali behar zaiona (I. eranskina).
Deialdi honetara aurkezten diren prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen eta berrikuntza-proiektu globalen deskripzio zehatza, gai honen gaineko jarraibideetan azaltzen den eran (II. eranskina).
Ikastetxeko hobekuntza-planaren kopia bat.
2011-2012 ikasturtean garatuko diren prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen eta berrikuntza-proiektu globalen jardueren laburpen-fitxak (III. eranskina).
Irakasleen klaustroaren agiria, honako hau berariaz adieraziko duena: ezagutzen dituela prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak eta berrikuntza-proiektu globalak eta horien barneko jarduera bakoitza, eta bere gain hartzen dituela proiektu horiek ikastetxearen barruko antolamenduan izan ditzaketen eraginak (IV. eranskina).
Ordezkaritza Organo Gorenaren agiria, honako hauek jasoko dituena: eskabidearen onespena, aurkeztutako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak ezagutzen eta onartzen direlako adierazpena, eta, azkenean proiektuok onartu onartzen badira, horiek gauzatzeko eta Ikastetxearen Urteko Planean sartzeko behar diren neurriak hartzeko konpromisoa (V. eranskina).
Ikastetxeko legezko ordezkariaren zinpeko aitorpen arduratsua, honako hauek adieraziz: helburu bereko beste deialdi batean parte hartuko ez duela; eta administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ez duela sexu-arrazoiengatiko diskriminazioa dela eta, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.5 artikuluak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetan seigarrenak eman dion idazkeran, xedatu duenaren arabera (VI. eranskina).
Zerga-obligazioak beteta dituela adierazten duen agiria, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoari jarraiki (apirilaren 15eko EHAA).
Gizarte Segurantzarekiko ordainketak eginak dituztela egiaztatzeko agiriak.
Eskabideak on line beteko dira, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/ helbide elektronikoan dagoen inprimakia erabiliz. Deialdia zabalik dagoen artean, beharrezkotzat jotzen den guztietan bete eta alda daiteke inprimaki hori. Epe hori bukatzen denean, aplikazioa automatikoki itxiko da, eta ezingo da eskabidea aldatu; aurretik, betetako dokumentu guztiak inprimatuko dira, baita sinatu eta zigilatu ere, eta bi ale aurkeztuko dira Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan,Zuzenean zerbitzuan (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Andia 13, 20003 Donostia-San Sebastián; Ramiro de Maeztu 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusten diren bulegoetarik edozeinetan. Ez da kontuan hartuko aurkezten ez den eskabiderik, nahiz eta on line beteta egon.
Eskabideak aurkezteko epea EHAAn argitaratzen den egunetik hilabetekoa izango da. Epe horretan inprimaki-eran aurkezten ez diren eskabideak ez dira ikastetxearen eskabide irmotzat joko, eta ez dira aintzat hartuko edozein eraginetarako.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, Prestakuntza eta Berrikuntza proiektuak 19 fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea izango da. Fitxategi honen ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.
Baldin eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskabidean akats edo okerren bat dagoela sumatzen badu, interesatuari aginduko zaio hamar eguneko epearen barruan akatsa zuzendu edo manuzko diren agiriak aurkez ditzan; halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari dagokionez atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz bideratuko den ebazpena eman ondoren.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.
Aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-batzordea eratuko da beren-beregi. Honela osatuko da batzorde hori:
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duena; lehendakari izango da.
Hezkuntza Berriztatzeko lurraldeburuak edo haiek izendatutako ordezkariak.
Irakasleak Hobetzeko Zerbitzuetako burua.
Ikuskari nagusiak izendatutako ikuskaria.
Berritzegune bateko zuzendaria, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako bi teknikari, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzakoak; horietako batek idazkari-lanak egingo ditu.
Aurreko deialdietan onartutako proiektu globalak onartuko dira, salbu Hezkuntzako Ikuskaritzako ebaluazio negatiboa jaso badute. Ikastetxe horiek eskaera-orria aurkeztu beharko dute, ikasturte honetako proiektuaren garapena zehaztuta (I. eta III. eranskinak).
Berritzegune bakoitzak prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak baloratuko ditu, VII. eranskinean ezarritako baremoarekin. Jarritako puntuazioak eta egoki iritzitako gorabeherak jasotzen dituen txosten bat bidaliko dute Berritzeguneetako zuzendariek Pedagogia Berriztatzeko Burutzara.
Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Pedagogia Berriztatzeko Burutzak, Berritzeguneetako zuzendariek emandako txostenak eta puntuazioak kontuan hartuta, txostena helaraziko dio ebaluazio-batzordeari, honako hauek jasota:
Hezkuntzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen zerrenda; baztertu diren jarduerak eta baztertzeko zioak ere adierazi beharko dira.
Berrikuntza-proiektu globalen zerrenda; baztertu diren jarduerak eta baztertzeko zioak ere adierazi beharko dira, puntuazio ordenaren arabera.
Berrikuntza-proiektu global eta prestakuntza- eta berrikuntza-proiektu guztien diru-laguntzaren proposamena, deialdi-agindu honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ebaluazio-batzordea, Pedagogia Berriztatzeko lurraldeburuek egindako txostenetan oinarrituta, onartu beharreko prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak eta berrikuntza-proiektu globalak hautatuko ditu, eta bakoitzari eman beharreko laguntza zehaztuko du, deialdi-agindu honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Deialdiaren ebazpen-proposamena Hezkuntzako sailburuordeari igorri aurretik, aurkeztutako proiektuetan egin beharreko aldaketak proposa ditzake ebaluazio-batzordeak. Halakoetan, batzordeak proposatutako aldaketak jakinaraziko zaizkio eskabidea egin duen ikastetxeari, aldaketa horiekin ados dagoen ala ez adieraz dezan hamabost eguneko epearen barruan, jakinarazpen hori jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta eskabidea egin duten ikastetxeek ez badiote proposamenari beren-beregi uko egiten, proposamen hori onartu egiten dutela ulertuko da, eta, horren ondorioz, aurkeztutako proiektuak onartu egingo dira, proposatu diren baldintzen arabera.
Hezkuntzako sailburuordeari dagokio, ebaluazio-batzordeak proposatuta, agindu honetan araupetutako deialdiaren gainean ebaztea. Ebazpena interesatuei jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; horretarako epea, gehienez ere, 6 hilekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunetik aurrera.
Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Artikulu honetako 1. atalean aipatutako epea igaro eta artean ez bada deialdiaren gaineko ebazpena argitaratu, interesatuek eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, hartara Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen gaineko 30/1992 Legearen (azaroaren 26koa, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak hein batean aldatu zuena) 44.1 artikuluan ezarritakoa aplikatu ahal izateko.
Ematen diren diru-laguntzak edo diru-zuzkidurak ezin dira bateratu helburu bereko beste deialdi batzuen bidez lor litezkeenekin.
Diru-laguntza edo diru-zuzkidura bi epetan ordainduko da: lehena, emandako guztiaren % 80, 20.a) artikuluan aipatzen den epea uko egin gabe igarotakoan, eta bigarrena, gainerako zatia, dagokion memoria agindu honen 16. artikuluan ezarritako epean eta betekizunekin aurkeztu eta ebaluatutakoan.
Diru-laguntza jaso duten ikastetxeek memoriaren bi ale aurkeztu beharko dituzte 2012ko maiatzaren 30a baino lehenago Pedagogia Berriztapenerako Lurraldeburutzan; onartutako proiektu bakoitzeko bina ale aurkeztuko dituzte, VIII. eta IX. eranskinetako ereduaren ildotik.
Egindako gastuen jatorrizko ordainagiri, faktura edo bestelako egiaztagiri guztiak sartu beharko dira memorian, gastuak legez onartutakoak eta emandako diru-laguntzaren edo diru-zuzkiduraren kontuan ezartzekoak baldin badira. Memoriaren idazkera on line osatu ahal izango da proiektuak.net aplikazioan, eta gainerako agiriei erantsi.
Memoria horretan kasuan kasuko irakasleen partaidetzari buruzko ziurtagiria, ikastetxearen Zuzendaritzak egindakoa, sartu beharko da; horretarako, esku hartu duten irakasleen zerrenda jasoko da, baita onetsi diren prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuen eta berrikuntza-proiektu globalen koordinatzailearena ere. Halaber, beren-beregi adierazi beharko da burutu diren jarduera-orduen guztirakoaren gaineko partaidetza-portzentajea, IX. eranskineko ereduari jarraiki.
Diru-laguntza ematea eragin duten baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta horiei dagozkien legezko interesak itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren bidez onetsi den Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarririk dagoenaren arabera eta horiekin bat etorriz.
Jasotako diru-laguntzak eta aplikagarri diren legezko interesak honako egoera hauetan bueltatu beharko dira:
Dagokion Berritzeguneko Pedagogia Batzordeak eta/edo zuzendaritzak 7. artikuluan aipatzen diren dokumentuetan azaltzea proiektuek ez dutela diseinatzerakoan aurreikusitako betetze-maila erdietsi, inola ere.
Agindu honetan xedatutakoa edonola ez betetzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunei dagozkien eginbeharretakoren bat ez betetzea.
Itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen du (1992ko otsailaren 17ko EHAA).
Lehenengoa. Deialdi honetan aurreikusi ez den guztian aplikatuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak egindako aldaketekin, hain zuzen ere.
Bigarrena. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beraren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari; hilabeteko epea izango da horretarako, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea ere badago Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epea izango da horretarako, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
Hirugarrena. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen zaio argibide hauek betetzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan.
Laugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 19a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


