Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko maiatzaren 9koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritako diru-laguntzetara biltzeko 2011ko deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 9koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritako diru-laguntzetara biltzeko 2011ko deia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 105
  • Hurrenkera-zk.: 2953
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/05/09
  • Argitaratze-data: 2011/06/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ingurumena; Herri Administrazioa; Ekonomia

Testu legala

2010eko urriaren 21ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen urriaren 19ko 260/2010 Dekretua, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituena. Dekretu horren bidez, indarreko EBko arauak gainditzen dituzten ingurumenaren babes-mailak lortzera bideratutako inbertsioak egitera bultzatu nahi dira enpresak, inbertsio horiei zuzenean lotutako azterlanak barne hartuta eta bereziki kontuan hartuz ekoberrikuntzako proiektuak, berrikuntza babesteko Erkidegoko helburuaren arabera.

Agindu hau prestatzeko, kontuan izan dira ingurumena babesteko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoko Zuzentarauak (2008/C 82/01). Horietan ezartzen da sustatzeko helburua izan behar duela laguntzak, alegia, enpresa onuradunen jarrera aldatzea, laguntzarik gabe lortuko liratekeenak baino ingurumeneko babes-maila hobeak lortzeko. Beraz, laguntzek inoiz ez dute enpresetan lortu nahi den sustapen-eragina, laguntza-eskaera proiektua hasi ondoren aurkezten bada.

Urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero, dagokion deialdiaren agindua argitaratuko da, artikuluan bertan ezarritako edukiarekin argitaratu ere. Ildo horretan, agindu honek, aipatutako dekretuan bildutako mandatua betez, honako hauek xedatzen ditu: diruz lagunduko diren lerroak; esleipen-prozedura bakoitzerako aurrekontuko baliabideak; eskabideak aurkezteko epea; eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa; Balorazio-epaimahaiak zein portzentajetik aurrera jakinaraziko dion eskatzaileari ebaluazio-taldeak egindako inbertsio garbiaren kalkulua; bai eta proiektuko edota produkzio-zentroko emango den gehieneko eta gutxieneko zenbatekoa ere.

Ildo horretan, agindu honek araututako deialdian, prozedura arruntean, diruz lagundu ahal izango dira urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritakoa betetzen duten inbertsio guztiak, enpresak lekuz aldatzeko laguntzak salbu. Prozedura erraztuaren bidez, berriz, 260/2010 Dekretuan ezarritakoa betetzen duten inbertsio guztiak lagunduko dira diruz, ekitaldi honetan, agindu honen 5. artikuluan zehazten diren mugekin.

Halaber, eta aurkeztutako eskabideak baloratzeko prozesua ahalik eta gardenena izan dadin, ahalik eta zehatzen ezartzen da urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 8. artikuluan aipatutako esleipen irizpideen balizko edukia; azkenik, esleipen-irizpide guztiak aplikatzeari buruzko haztapena ezartzen da.

Azkenik, aipatutako urriaren 19ko 260/2010 Dekretuko 13. artikuluaren arabera, urteko deialdiaren aginduan, IHOBE SA Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa SA izendatu ahal izango da, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak kudeatzeko; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpeko erakunde laguntzailea da, xedapen hauetan ezarri bezala: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2011ko deialdiko laguntzen kudeaketa ahalik eta gehien optimizatzeko, agindu honen bidez IHOBE SA izendatzen da erakunde laguntzaile, eta erakunde laguntzaile gisa izango dituen zereginak finkatzen dira.

Horregatik guztiagatik, abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, esleitutako eskuduntzen, eta abenduaren 23ko 5/2010 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenaren, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza-dekretuaren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren arabera.

Urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituenean, aurreikusitako diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.

Eskabideak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ingurumen Sailburuordetzan (Donostia kalea, 1. zk., Vitoria-Gasteiz), sail horren lurralde-bulegoetan, Zuzenean hiritarren arretarako zerbitzuan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan onartutako edozein tokitan aurkeztu behar dira. Eskabidearekin batera, agindu honen eranskinean jasota dagoen inprimakia bete beharko da, eta urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 9. artikuluan zehazten diren agiri guztiak aurkeztu.

Diru-laguntzaren eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako deialdia ebazteko organo eskumendunak ebazpena eman ondoren.

Ez dira diruz lagunduko dagokion eskaera aurkeztu aurretik hasitako inbertsioen proiektuak.

Jarraian datozen ataletan adierazten diren diru-laguntza lerroak sartuko dira deialdian 2011ko ekitaldian, eta adierazten den prozeduraren arabera emango dira diru-laguntzak:

  1. Prozedura arrunt bakar baten bidez, diruz lagundu ahal izango dira hurrengo lerroak:

    1. Enpresa onuradunari aplikatzekoak diren arauak gainditzen dituen mailako ingurumen-babesa lortzera bideratutako inbertsioak finantzatzeko laguntzak, edo, aplikatzeko araurik egon ezean, ingurumenaren babesa hobetzekoak diren laguntzak.

    2. Ingurumenaren arloan indarrean dauden babes-arauak gainditzera zuzendutako inbertsioekin lotura zuzena duten ingurumen-ikerketak egiteko laguntzak, hamabost mila (15.000) euro baino gehiagoko ikerketak badira.

    3. Hirugarrenek sortutako hondakinak «puntako teknologia» erabiliz edo ohiko teknologiak modu berritzailean baliatuz kudeatzeko inbertsioak finantzatzeko laguntzak.

    4. Orube kutsatuak saneatzeko laguntzak, ez dagoenean jakiterik zein den kutsaduraren erantzulea edo ez dagoenean horren kostua ordaintzera behartzerik.

  2. Banakako prozedura erraztuetan, honako lerro eta azpilerro hauek lagundu ahal izango dira diruz:

    1. Laguntzak inbertsio jakin batzuk finantzatzera bideratuko dira: enpresa onuradunari aplikatzekoak zaizkion arauak gainditzeko aukera ematen duen ingurumenaren babes-maila lortzekoak edo aplikatu beharreko araurik ezean ingurumenaren babesa hobetzekoak. Deialdi honetan, zehazki, azpilerro hauek lagunduko dira diruz:

      1. Berotegi-efektua eragiten duten gasen prozesuko isuriak murrizteko inbertsioak, isurien merkataritzaren araudiak eragiten ez dien instalazio finkoetan egiten diren inbertsioak direnean eta bostehun mila (500.000) eurora iristen ez diren inbertsioak direnean.

      2. Galdategietako moldekatze-hondarrak balorizatu ahal izateko ekipoetan egiten diren inbertsioak, bereziki moldaketa kimikoko hondarrak, eta bostehun mila (500.000) eurora iristen ez diren inbertsioak direnean.

    2. Ingurumenaren arloan indarrean dauden babes-arauak gainditzera zuzendutako inbertsioak egin aurretik teknikaren eta ingurumenaren aldetik bideragarritasun-azterketak egiteko laguntzak, hamabost mila (15.000) eurotik beherako ikerketak badira. Ikerketa hauek konparazioz Eskuragarri dauden Teknikarik Onenak aztertzeko edo/eta BEGen sorkuntza, lehengaien kontsumoa, hondakinen sorkuntza, isuriak eta igorpenak aztertuko dituzte.

    3. Ingurumenaren alorreko kanpo aholkularitzako zerbitzuen kanpoko kostuak finantzatzeko ETEentzako laguntzak. Deialdi honetan, hurrengo azpilerroak soilik lagundu ahal izango dira diruz:

      1. EMAS Ingurumen Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan inskribatzeko laguntzak, betiere enpresak, diru laguntza eskatzen duenean, ISO 14001 edota Ekoscan arauen arabera ziurtatutako ingurumen-kudeaketako sistema badu.

      2. UNE 150.301 Ekodiseinuko Araua, ekoetiketak (I. mota edo III. mota), karbono-lorratza edo baso-aprobetxamendu jasangarriaren ziurtagiriak ezarri eta egiaztatzeko laguntzak.

      3. ERP Enpresa Baliabideak Kudeatzeko Sistemak egokitzeko laguntzak, E3L 3.0 lengoaia hartuz Ingurumen Informazioko Kudeaketa Integraleko Sistemarekin edo IKS eeM sistemarekin elkarrekintzan jarduteko edota E3S 2.3.1 edo E3S 3.0 negozio-zerbitzuak garatu eta ezartzeko. Lerro horretako diru laguntza lortzeko berariazko baldintzak I. eranskinean bildu dira.

Prozedura arruntean, jarraian adierazitako esleipen-irizpideak hartuko dira kontuan:

  1. Industria jarduerak ingurumenean duen eraginari dagokionez, ondorengo alorretako instalazioetan egiten diren inbertsioak balioetsiko dira, ingurumenean gehien eragiten duten alorrak direla uste delako: galdaketaren, altzairuaren, beroko ijeztearen, zementuaren, beiraren, zeramikaren, karearen, azaleko tratamenduaren eta paper-orearen sektoreetan eta sektore kimikoan egindakoak. Halaber, indarrean dagoen Ingurumen Esparru Programaren helburuei egindako ekarpena ere baloratuko da.

  2. Egingo den inbertsioak ingurumenari ekarriko dion hobekuntza zehatzaz bezainbatean, hobekuntzaren izaera hartuko da aintzat, eta, hala, argi bereiziko dira, batetik, «hodi-bukaera» izenarekin ezagutzen diren proiektuak, alegia, emisio kutsagarriak tratatzeko direnak, eta, bestetik, emisiorik ez sortzeko egiten diren proiektuak. Bestalde, hobekuntza era absolutuan eta erlatiboan zenbatuko da, eta arrisku gehien duten kutsagarriak gutxitzeko zer-nolako hobekuntza izan den aztertuko da.

  3. Kontseiluaren 1979ko apirilaren 2ko 79/409/EEE Zuzentarauak, hegazti basatiak kontserbatzeari buruzkoak, eta Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak, habitat naturalak eta flora eta fauna basatiak kontserbatzeari buruzkoak, aipatutako zonei nahiz ekainaren 30eko 16/1994 Legeak babestutako espazio naturalei eragiten dieten instalazioetako inbertsioei dagokienez, proiektuaren espazio horiekiko distantzia eta ingurumen-interesa baloratuko da.

  4. Proiektuaren koherentzia eta kalitatea. Irizpide honetan, kontuan hartuko da ingurumen-arloko arazo zehatzak adierazten dituen enpresaren barruko diagnostikorik dagoen eta proiektuan erabiliko den konponbidea behar bezala justifikatuta dagoen.

  5. Proiektuaren izaera ekoberritzailea. Irizpide horretan kontuan izango dira proiektuaren berrikuntza-maila eta beste arlo batzuetan erabiltzeko aukera. Ekoberritzailea da ingurumen-babesa nabarmen hobetzen duen jarduera berritzaile oro. Ekoberrikuntzak fabrikazio-prozesu berriak, produktu edo zerbitzu berriak eta enpresako edo kudeaketako metodo berriak biltzen ditu, ingurumenerako arriskuak, kutsadura edo baliabideak erabiltzearen bestelako eragin negatiboak prebenitu edo nabarmen murriztu ditzaketenak horiei lotutako jardueren bizi-zikloan zehar. Zehazki, berritzailetzat joko dira, bestelakorik justifikatu gabe, Teknologia Garbien Euskal Zerrendan aipatutako teknologia guztiak.

  6. Pertsona juridiko eskatzaileek enpresa txiki edo ertaina direla egiaztatzea, mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan ezarritakoaren arabera.

  7. Inbertsioa egiten den kokalekuak ingurumen-kudeaketako sistemen baliozko ziurtagiriak badituela egiaztatzea.

  1. Agindu honen 6. artikuluan bildutako esleipen-irizpideak, eskatzailearen jarduerak eragindako kutsadura eta bestelako ondorio kaltegarriak murriztu edo desagerrarazteko inbertsioei aplika dakizkiekeenak, guztira 100 punturekin ponderatuko dira, eta jarraian adierazitako gehieneko puntuazioaren arabera banatuko dira:

    1. Industria-jarduerak ingurumenean duen eragina eta industria-jardueraren eragin-eremuan gauzatuko diren ingurumen-arloko planak egotea:

      Aginduko lehentasunezko sektoreak: 10

      Ingurumen-hobekuntzako planari egindako ekarpena: 5 15 puntu

    2. Aurreikusitako inbertsioak ingurumenean egingo duen hobekuntza:

      Hobekuntzaren izaera: 5

      Kuantifikazio absolutua: 20

      Kuantifikazio erlatiboa: 1 40 puntu

    3. Inbertsioak egitea apirilaren 2ko 79/409/EEE Zuzentarauko eta maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauko zona sentikorrei eta ekainaren 30eko 16/1994 Legean definitutako espazio natural babestuei eragiten dieten instalazioetan:

      Ingurunearen izaera: 5 5 puntu

    4. Proiektuaren koherentzia eta kalitatea:

      Proiektuaren justifikazioa: 5 5 puntu

    5. Proiektuaren izaera ekoberritzailea:

      Izaera ekoberritzailea: 10

      Beste arlo batzuetan erabiltzeko aukera: 5 15 puntu

    6. 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioaren arabera ETE edo mikro ETE gisa sailkatzen diren enpresak:

      ETE edo mikro ETE: 10 10 puntu

    7. Ingurumen-kudeaketako sistemak:

      EMAS: 10

      Ekoscan Plus, ISO 14001 edo UNE 150.301: 5 10 puntu

      Guztira

      100 puntu

  2. Ez dira diruz lagunduko gutxienez 55 puntura iristen ez diren eskabideak.

  1. Inola ere ez dira gaindituko urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritako gehieneko portzentajeak.

  2. Prozedura arruntean, honako hauen arabera zehaztuko da zenbatekoa:

    1. Proiektuaren puntuazioa, aurreko artikuluan adierazitako irizpide teknikoen ponderazioa aplikatuta.

    2. Proiektuen inbertsioen zenbateko garbiak.

    3. Eskabide guztietarako egindako banaketa proportzionala.

      Diru-laguntzek inola ere ezingo dute berrehun mila (200.000) euro baino gehiagokoak izan proiektu eta produkzio-zentro bakoitzeko.

      Era berean, ez dira diruz lagunduko aurreko artikuluan esandako puntuazio minimoa gainditu bai baina hiru mila (3.000) euro baino gutxiagoko diru laguntza lortu duten proiektuak.

  3. Prozedura erraztuetan, honako hauen arabera zehaztuko da zenbatekoa:

    1. Proiektuen inbertsioen zenbateko garbiak.

    2. Lerro bakoitzean erabilgarri dagoen aurrekontuaren esleipenaren eta diruz lagundu beharreko proiektuen kopuruaren arteko zatiketa.

      Arauak gainditzeko edo ingurumena gehiago babesteko inbertsioen kasuan, diru-laguntzek ez dute gaindituko proiektuko eta ekoizpen-zentroko ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko gehieneko zenbatekoa.

      Ingurumen-azterketa eta kanpoko aholkularitza-zerbitzuetarako laguntzen kasuan, diru-laguntzak ezingo dira izan sei mila (6.000) euro baino gehiagokoak proiektu edo/eta produkzio-zentro bakoitzeko, E3L lengoaia hartuz ERPa egokitzeko edo/eta E3S 3.0 web zerbitzuak berritzeko laguntzetarako izan ezik; kasu horretan, proiektu eta produkzio-zentro bakoitzeko gehieneko zenbatekoa zazpi mila eta bostehun (7.500) eurokoa izango da.

  4. Balorazio Epaimahaiak eskatzaileak adierazitako inbertsio garbia egokitu ahal izango du, erakunde eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa eta datuak nahiz merkatuko batezbesteko balio/prezioaz eta erabilgarri duen gainerako informazioaz baliatuta. Erakunde eskatzaileak aurkeztutako inbertsio garbiaren eta Balorazio Epaimahaiak egindako inbertsio garbiaren kalkuluaren arteko diferentzia % 50 baino handiagoa izango balitz, Balorazio Epaimahaiak erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio inbertsio garbiaren inguruan egindako kalkulua, bai eta hori zehazteko kontuan izandako datuak ere, eta 10 eguneko epea emango dio, hala badagokio, egoki deritzen alegazioak aurkezteko.

  1. Ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei zuzendutako diru-laguntzen deialdi honetarako aurrekontuko diru-dotazioa, guztira, bi milioi hirurehun eta hemeretzi mila (2.319.000) eurokoa izango da.

    Milioi bat berrehun eta hemeretzi mila (1.219.000) euro prozedura arruntaren bidez esleitutako proiektuetarako.

    Milioi bat ehun mila (1.100.000) euro prozedura erraztuaren bidez esleitutako proiektuetarako.

  2. Prozedura erraztuan, lerro eta azpilerroetarako dotazioa honela banatuko da:

    1. Ingurumena babesteko aplikatzekoak diren arauak gainditzeko edo aplikatzeko araurik egon ezean ingurumenaren babes-maila handitzeko inbertsioetarako laguntzen kasuan:

      Berotegi-efektua eragiten duten gasen prozesuko isuriak murrizteko inbertsioak: hirurehun mila (300.000) euro.

      Galdategietako moldekatze-hondarrak balorizatu ahal izateko ekipoetan egindako inbertsioak: laurehun mila (400.000) euro.

    2. Arauak gainditzera zuzendutako inbertsioekin lotura zuzena duten ingurumen-azterlanetarako laguntzak: berrogeita hamar mila 50.000 (euro).

    3. ETEen ingurumen alorreko kanpo-aholkularitzako zerbitzuetarako laguntzen esparruan:

      EMAS: ehun mila (100.000) euro.

      Ekodiseinua, ekoetiketak, karbono-lorratza eta basogintzako ziurtagiriak: ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro.

      ERPa egokitzea E3L lengoaia hartuta edota E3S 3.0 web-zerbitzuak baliatuta: ehun mila (100.000) euro.

  3. Eskabiderik ez dagoelako edo daudenek baldintzak betetzen ez dituztelako adierazitako prozedura edo lerroren baterako esleitutako zenbatekoa agortuko ez balitz, soberakina beste esleipen-prozedura edo lerro bati esleitutako zenbatekoari gehitu ahal izango zaio.

  1. Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko, IHOBE SA sozietate publikoa erakunde laguntzaile izendatzen da, xedapen hauetan ezarri bezala: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

  2. IHOBE SAk, erakunde laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:

    1. Aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratzea eta, hala badagokio, hutsegiteak zuzentzea proposatzea.

    2. Eskabidea egiten duten pertsonek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten egiaztatzea.

    3. Balorazio Epaimahaiarekin lankidetzan aritzea, eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan.

    4. Jarduera burutzen den egiaztatzea, eta diru-laguntzaren emakidan azaltzen den helburua betetzen den egiaztatzea.

    5. Diru-laguntza jasotzen duten pertsonek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez baloratzea.

    6. Erakunde onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen duen agiriak egiaztatzea.

    7. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari proposatzea diru-laguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, pertsona onuradunak agindu honetan ezarritako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar direnak barne.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera; bestela ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat.

Agindu honen 9. artikuluan jasotako zenbateko osoa nahiz bertan adierazitako esleipen-prozedura bakoitzaren esleipena gehitu ahal izango dira, eskatutako laguntza guztien zenbateko osoa kontutan izanik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera. Zenbatekoa aldatzen bada, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da argitara.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 9a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik