- AGINDUA, 2011ko maiatzaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, 2011ko deialdia egiten duena urriaren 7ko 171/2008 Dekretuaren babespeko laguntzetarako. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautu zituen (Erein programa). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko maiatzaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, 2011ko deialdia egiten duena urriaren 7ko 171/2008 Dekretuaren babespeko laguntzetarako. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautu zituen (Erein programa).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 115
- Hurrenkera-zk.: 3173
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/05/10
- Argitaratze-data: 2011/06/17
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Ekonomia
Testu legala
Urriaren 7ko 171/2008 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautu ditu Erein programa. Hona dekretu horren xedea: Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko jarduerak eta inbertsioak finantzatzeko diru-laguntzak emateko araubidea bildu eta arautzea.
Dekretuaren 6.2 artikuluaren arabera, urtero, agindu batek honakook ezarriko ditu, besteak beste: laguntzetarako deialdia, laguntza-eskabideak aurkezteko epeak irekitzea, eskueran dagoen aurrekontu-kredituaren berri ematea eta lagundutako proiektuen iraupena finkatzea.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 49.5 artikuluak ezartzen duenez (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen dekretu horren bidez), Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien diru-laguntzen deialdia egingo da. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legea onetsita dagoenez, deialdi hori egin beharra dago.
Horren indarrez, honako hau
Lehenengoa. Helburua.
Agindu honen helburua da 2011ko ekitaldian EAEko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautzen dituen (Erein programa) urriaren 7ko 171/2008 Dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdia egitea.
Bigarrena. Eskabideak aurkezteko epea.
Urriaren 7ko 171/2008 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautu ditu (Erein programa). Bada, dekretu horrek arautu dituen laguntzetara biltzeko eskabideak aurkezteko epea, 2011ko ekitaldian, hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Hirugarrena. Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.
Hemen deitutako laguntzetara biltzeko eskabideak, originala eta kopia bat, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Landa eta Itsasertzeko Garapeneko Zuzendaritzan aurkeztu behar dira, landa-garapeneko elkarteen bidez edo zuzenean bertara joanda. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusitako bideetarik edozein erabili ahal izango da. Eskabide-orriak honako web-orri honetan daude eskura: www.nasdap.ejgv.euskadi.net. Eredu horrekin bat etorriz, eskatzaileek hitza eman beharko dute ez direla erortzen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 50. artikuluaren paragrafo berrian ezarritako kasuetan (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenaren indarrez sartuta).
Aurkeztu beharrekoak dira eskabidearekin batera EAEko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautzen dituen (Erein programa) urriaren 7ko 171/2008 Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako agiri guztiak.
Laugarrena. Baliabide ekonomikoak.
Deialdiaren guztizko zenbatekoak 6.200.000 euro jotzen du.
Indarreko legerian ezarritakoaren arabera aurrekontu-aldaketarik gerta badaiteke ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautu dituen urriaren 7ko 171/2008 Dekretuko laguntzon xederako bideratu dituzten kredituek 5.400.000 euro jotzen dute, horietarik, 1.400.000 euro 2011rako ordainketa-kredituetarako dira, eta 4.000.000 euro 2012rako konpromiso-kredituetarako.
LGENF funts komunitarioari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Jasangarriko Plana 2007-2013ren babesean, aipatutako Dekretuaren helburua bete dadin erabili beharreko kredituen zenbateko zehatza 800.000 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak finkaturik dauden ordainketen bidez aplikatuko dituenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren landa-garapenerako programazioaren agiriko koadro finantzarioen birprogramaziotik etor litekeen finantzaketa gehigarriari kalterik egin gabe, Europako Batzordeak onetsitakoa. Landa eta Itsasertzeko Garapeneko zuzendariaren ebazpen batek emango du horren berri.
Deialdi honen barruan Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura eman beharreko laguntzen kopuru osoak ez du esandako aurrekontu-kontsignazkoa gaindituko, ez eta indarrean dagoen legeriak kreditu-loturari edo aurrekontu-aldaketari buruz aurreikusi duenaren arabera aurrekontuetan ezarritako kopuru hori eguneratzearen ondorioz ezartzen den kopurua ere.
Laguntza eskaera guztiei erantzuteko funts nahikorik ez izanez gero, laguntza jasoko dute neurri bakoitzaren barnean puntuaketa altuena lortzen dutenak, kreditua agortu arte. Hau gertatuz gero, gainontzeko eskaerak ezeztatuak izango lirateke arrazoi honengatik.
Bosgarrena. Proiektuak gauzatzeko epea.
Landa eta Itsasertzeko Garapeneko zuzendariaren ebazpen baten bidez onartuko da inbertsioak eta gastuak gauzatzeko gehieneko epea. Orokorrean, urteko proiektuetarako, 2011ko abenduaren 31 artekoa izango da epea, eta urte anitzeko proiektuetarako, 2012ko abenduaren 31 artekoa.
Dena den, justifikaturiko arrazoirik bada, eta horretarako eskari arrazoi eta guztikoa aurkeztu ondoren, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariak luzapena eman dezake ebazpen baten bitartez, eta luzapen hori ez da bi urtekoa baino luzeagoa izango.
Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 10a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


