Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko maiatzaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, udalei, mankomunitateei edo horiek sortutako erakundeei eta erakunde pribatuei diru-laguntzak emateko deia egiten duena, 2011-2012 ikasturtean Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak garatzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, udalei, mankomunitateei edo horiek sortutako erakundeei eta erakunde pribatuei diru-laguntzak emateko deia egiten duena, 2011-2012 ikasturtean Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak garatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 106
  • Hurrenkera-zk.: 2973
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/05/18
  • Argitaratze-data: 2011/06/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

EAEko Lanbide Kualifikazioko Programak arautzen dituen 2008ko ekainaren 10eko Aginduaren 12.1 artikuluak ezartzen duenez, Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak erakunde publiko nahiz pribatuekin egindako itun, hitzarmen edo kontratazioen bidez eman ahal izango direla; 12.2 artikuluak ezartzen du, halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango duela baimena Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak emateko, eta honek zuzenduko dituela ikastetxeek eta erakundeek jaso ditzaketen diru-laguntzak.

Beraz, EAEko Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak arautzen dituen 2008ko ekainaren 10eko Aginduan ezarritakoa bete ahal izateko, honako hau

Udalei, mankomunitateei, horiek sortutako erakundeei eta erakunde pribatuei diru-laguntzak emateko deia egitea, 2011-2012 ikasturtean Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak garatzeko.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzetara honako erakunde hauek bildu ahal izango dira, betiere 2011-2012 ikasturterako profil kopuruaren zein profil bakoitzeko talde kopuruaren aurretiazko baimena baldin badute:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, mankomunitateak edota horiek sortutako erakundeak.

    2. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde pribatuak, betiere EAEko Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak arautzen dituen 2008ko ekainaren 10eko Aginduak 12. artikuluan ezartzen duenaren arabera.

  2. Udalak, mankomunitateak, horiek sortutako erakundeak edota erakunde pribatuak ezin izango dira deialdi honetara bildu, baldin eta aldez aurretik Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak emateko baimena ez badute. Kontzertuen bidez programa horiek emateko diru-laguntzak jasotzen dituzten ikastetxe pribatuak ezin izango dira bildu.

  1. Deialdi honen bidez lortzen den diru-laguntza bateraezina da beste erakunde publiko edo pribatu batzuek, estatukoek zein nazioartekoek, xede horretarako ematen duten beste edozein diru-laguntzarekin edo laguntza ekonomikorekin.

  2. Erakunde eskatzaileak ezin du diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen duen zigor administratibo edo penalik izan, eta ez du diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik izango Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez zigortutako sexugatiko bereizketak barne.

  3. Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

  4. Erakunde pribatu eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko ditu eta 4.3.b) artikuluan adierazten den moduan egiaztatu beharko du alderdi hori.

  5. Eskatzaileak diru-laguntza eskatzeko behar besteko ahalordea izan beharko du.

  1. Agindu honetako II. eranskinean agertzen den eskaera-ereduan egingo dira eskabideak. Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetuko ditu eskabideak.

  2. Aurreko puntuan adierazitakoaren arabera, diru-laguntzen eskabideei honako dokumentazio hau gaineratu beharko zaie:

    1. Erakunde eskatzaileek III. eranskinaren kopiak aurkeztu beharko dituzte, Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programetako talde adina kopia hain zuzen. III. eranskin horretan horien alderdi nagusiak zehaztuko dira.

    2. Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen duen zigor administratibo edo penalik ez dutela eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ez dutela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez zigortutako sexugatiko bereizketak barne egiaztatuko duen idazkariaren ziurtagiria edo, hala badagokio, aitorpen arduratsua.

    3. Beste erakunde publiko edo pribatu batzuek, estatukoek zein nazioartekoek, jarduera bererako ematen duten beste edozein diru-laguntza edo laguntza jasotzen ez dutela aditzera ematen duen idazkariaren ziurtagiria edo, hala badagokio, aitorpen arduratsua.

  3. Eskabideei, aurretik aditzera emandako dokumentazioaz gain, honako dokumentazio hau ere gaineratu beharko zaie:

    Eskatzaileak udalak, mankomunitateak edo erakunde publikoak badira, honako dokumentazioa aurkeztuko dute:

    Proiektua garatzeko dagokion erakundeak duen diru-izendapenaren ziurtagiria.

    Udalek edo mankomunitateek sortutako erakundeetako ordezkariak zein ordezkapen-gaitasun duen egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztuko dute.

    Erakunde pribatuen kasuan, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

    Organo eskudunak diru-laguntza eskatzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria. Erakundeko idazkariaren ziurtagiri horretan, diru-laguntzaren xedea eta zenbatekoa adierazi beharko da.

    Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia konpultsatua.

    Erakundea eratzearen akta edo eskritura, legezko ordezkariaren izendapena eta haren NANaren kopia.

    Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria.

  4. Eskatzaileek 2010-2011 ikasturtean aurkeztu ez diren programa berrien proiektua aurkeztu beharko dute. Proiektu horretan, honako puntu hauek hartu beharko dira barnean:

    1. Programaren beharraren justifikazioa.

    2. Hartzaileen ezaugarriak eta aurrez ikusitako kopurua.

    3. Ikasleak hautatzeko irizpideak.

    4. Pedagogi irizpideak: helburu orokorrak, metodologia eta ebaluatzeko prozedurak.

    5. Prestakuntza-planaren eskema.

    6. Proposatzen diren lanbide-profilak eta zonako ingurune sozio-ekonomikoari nola egokitzen zaizkion.

    7. Lan-munduratzeko plana, eta zonako ingurune sozio-ekonomikoari nola egokitzen zaion.

  5. Proposatu ahal izango diren Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak argitaratzen dituen artetik hartu beharko dira.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

  2. Agindu honen bosgarren artikuluan eskatzen den dokumentazioa eta eskabidea Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu beharko da edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan aurreikusten diren dependentzietako edozeinetan.

  3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluaren indarrez, eskabideak eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela akatsa zuzentzeko edo aginduzko dokumentuak gaineratzeko. Gainera, ohartaraziko zaio, hala egiten ez badu, eskabidea bertan behera geratuko dela bidezko ebazpenaren ondoren. Ebazpen hori lege horren 42. artikuluan aurreikusten den moduan eman beharko da.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko Osabidezko eta Helduen Hezkuntzako Unitateak 10 eguneko epean bidaliko dizkio eskabide horiek eta horietako bakoitzerako aurkeztutako dokumentazioa Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari.

Batzorde batek aztertu eta baloratuko ditu eskabideak. Honako kide hauek izango ditu batzorde horrek:

Etengabeko Ikaskuntza zuzendaria edo, horren ordez, Osabidezko, Lanerako edo Helduen Hezkuntza Zerbitzuko arduraduna, lehendakari gisa.

Osabidezko, Lanerako eta Helduen Hezkuntza Zerbitzuko kide bat, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak xede horretarako izendatua, idazkari gisa.

Lurralde-ordezkaritzetako bakoitzeko Osabidezko eta Helduen Hezkuntza Zerbitzuko kide bat, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak xede horretarako izendatuak.

  1. Agindu honen bitartez 2011-2012 ikasturterako deitutako diru-laguntzetara guztira 18.500.000 euro zenbatekoa zuzenduko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan arlo horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

  2. Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, zenbateko orokor hori gehitu ahal izango da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekonturik izanez gero, eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Zirkunstantzia hori argitara emango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Administrazio eta Zerbitzu sailburuordearen Ebazpen bidez.

  1. Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten diru-laguntzako eskabide guztien artean, lehiaketa-prozeduraren bidez erabakiko da diru-laguntza ematea.

  2. Hurrengo puntuan ezarritako baremoaren arabera puntuaziorik handiena lortzen duten eskabideei esleituko zaie diru-laguntza, eskura dauden aurrekontu-kredituak agortu arte edo hura eguneratzearen ondoriozkoak gainditu arte.

  3. Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira eskabideak:

    1. Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programen egituraren eta antolamenduaren inguruan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritako jarraibideekin bat etortzea: 25 puntu gehienez.

    2. Jardun-proiektuaren kalitatea, pedagogia-irizpideekiko koherentzia eta Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programen helburuarekiko eta planteamendu orokorrarekiko koherentzia, betiere Sailak curriculumaren eta programen metodologiaren arloan emandako gomendioei dagokienez: 20 puntu gehienez.

    3. Programaren hartzaile diren gazteen desabantaila soziokulturaleko egoera: 20 puntu gehienez.

    4. Programan erabiltzeko jarriko diren giza baliabideak eta baliabide materialak: 15 puntu gehienez.

    5. Aurkeztutako aurrekontuaren koherentzia, betiere langileen soldatak, funtzionamendu-gastuak eta beharrezko ekipamendu-gastuak kontuan izanik, eta proposatutako lanbide-profilen arabera: 10 puntu gehienez.

    6. Proiektua neska eta mutilen arteko aukera-berdintasuneko printzipioari egokitzea: 10 puntu gehienez.

  4. Aurreko balorazioaren arabera zerrendatutako programei kurtsoko eta taldeko esleituko zaizkie dagozkien laguntzak, aurrekontu-baliabideak agortu arte.

  5. Diru-laguntza jasotzeko, gutxienez 50 puntu bildu beharko dira artikulu honetako hirugarren atalaren balorazioari jarraituz.

1. I. eranskinean islatuko da 2011-2012ko ikasturterako Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programetako bakoitzari aurrekontu gisa aplikatuko zaion modulua.

  1. Taldeko aurkeztutako aurrekontua I. eranskinean ezarritako zenbatekoa baino txikiagoa bada, emandako laguntzak ez du aurkeztutako aurrekontua gaindituko.

  2. Nolanahi ere, diru-laguntza jasoko bada, diru-laguntza eskatu den ikasturteko uztailaren 14a baino lehen osatu beharko dira nahitaez ikasle-taldeen kopurua.

  1. Diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko 6 hilabeteko gehieneko epea ezarri da Agindu honetan, betiere Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

  2. Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean bideratuko dira, eta prozedura hori ebaztea Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari dagokio.

  3. Ebazpenak erabakiko du diru-laguntzak ematen diren edo, hala badagokie, ukatzen diren. Lehenengo kasuan, erakunde onuraduna, diruz lagundutako kurtsoak eta horietako bakoitzarentzat emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eman beharko da aditzera. Ukatuen kasuan, berriz, diru-laguntza ukatzearen arrazoiak adieraziko dira.

  4. Diru-laguntzak emateari eta ukatzeari buruzko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara ebazpena 6 hilabeteko epearen barruan, betiere ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

  5. Aurreko paragrafoan aditzera ematen den epea amaitu eta prozeduraren ebazpena argitara eman ez bada, interesdunek pentsatu beharko dute haien eskabidea ukatu dutela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluaren ondorioetarako.

  6. Prozeduraren ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari. Ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epea izango da errekurtso hori jartzeko.

Diru-laguntza hiru epetan ordainduko da.

Diru-laguntzari dagokion lehenengo ordainketa, % 34ko baliokoa, Erabaki honen 15.1 artikuluan zehazten den epea amaitu ondoren egingo da.

Bigarren ordainketa, zenbateko osoaren % 56koa, bigarren hiruhilekoaren hasieran egingo da, 15.8 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu eta gero.

Eta hirugarren ordainketa, % 10ekoa, ikasturtearen bukaeran egingo da, 15.9 eta 15.10 artikuluetan aipatutako dokumentazioa aurkeztu eta gero.

  1. Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa orok ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, betiere diru-laguntza horien onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie.

  2. Jasotako zenbatekoen itzulketa eta berandutza-interesen eskakizuna honako xedapenetan xedatutakoaren arabera zuzenduko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren printzipio antolatzaileei buruzko Legearen 53. artikuluan xedatutakoaren arabera (Testu Bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan xedatutakoaren arabera.

  3. Jasotako diru-laguntza gehi aplikatzekoak diren interesak itzuli beharko dira adierazitako araudian aintzat hartzen diren honako zirkunstantzia hauetakoren bat gertatzen denean, eta bereziki:

    1. Osabidezko eta Helduen Hezkuntza Zerbitzuek egindako txostenek argi uzten dutenean proiektuek ez dutela aurreikusitako helbururik lortzen.

    2. Agindu honetan eta Agindua garatuko duten ebazpenetan xedatutakoa edozein modutan betetzen ez denean.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunei dagozkien eginbeharretakoren bat betetzen ez denean.

  4. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 17ko EHAA) araututakoaren arabera egingo da itzulketa.

  1. Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programa hauek doakoak izango dira ikasleentzat, eta izena ematea ekainean eta uztailean egingo da, programa horiek garatuko dituen udalak, mankomunitateak, erakunde publikoak edota erakunde pribatuak erabakitako tokian.

  2. Hautatutako ikaslearen datuak Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak adierazitako aldiaren barruan grabatu beharko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ondorio horretarako finkatutako aplikazioan. Horrela, Sail bereko organo eskudunak datu horiek onartu ahal izango ditu.

    Bitarteko hori ezin bada erabili, dagokion Lurralde Ordezkaritzako Osabidezko, Lanerako eta Helduen Hezkuntza Unitatean aurkeztu beharko da talde bakoitzerako hautatu diren ikasleen zerrenda. Honako datu hauek adierazi beharko dira: adina, gainditutako azken maila eta jatorrizko ikastetxea. Diru-laguntzaren xede den ikasturte horretako irailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko da zerrenda hori, onar dezaten.

    Bi kasuetan, ikasleen zerrendaren eta horren datuen egokitasunaren onarpena ezinbestekoa da, jarduerei ekin ahal izateko.

  3. Taldeek, gutxienez, 10 ikasle izan beharko dituzte lehenengo kurtsoan eta 8 ikasle 2. kurtsoan, eta, gehienez, 15 ikasle. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak dauden taldeetan, gehieneko kopurua 12koa izango da, eta talde bakoitzean ezin izango dira sartu horrelako ezaugarriak dituzten bi ikasle baino gehiago.

    Ez dira lanbide-profil bereko bi talde baino gehiago diruz lagunduko 1. kurtsoan zein 2. kurtsoan. Profil bereko 1. kurtsoko bigarren talde bat osatu ahal izateko, guztira 30 ikasleko matrikula izan beharko da. Profil bereko 2. kurtsoko bigarren talde bat osatu ahal izateko, guztira 20 ikasleko matrikula izan beharko da. Hau da, 1. kurtsoan talde bat bitan banatzeko, 30 ikasle izan beharko dira, eta, 2. kurtsoko talde bitan banatzeko, 20 ikasle.

    Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programa Egokituetako talde bakoitzean ikasle kopuru mugatuak hartuko du parte, betiere ikasleen hezkuntza-premiak kontuan hartuta.

  4. Matrikula-aldia uztailaren 13an amaituko da. Taldea eratzeko ikasleen gutxieneko kopurua osatuta, matrikulatzeko aparteko aldia zabalduko da. Matrikulazio-aldi hori irailean izango da, irailaren 1etik 10era bitartean, eta postuak hutsik geratu diren eskaintzetan matrikulatu ahal izango dira ikasleak. Matrikulazio-aldi hori amaitutakoan, aplikazioa itxita geratuko da, eta matrikulazio berrien eskabideak eskaera arrazoitu bidez bideratuko dira Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzetan. Data horren ondoren egiten diren izen-emateek dagokien Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkariaren baimena izan beharko dute aurretik.

  5. Programa garatzen duten toki-erakundeek eta erakunde pribatuek eskatzen zaien dokumentazio guztia eman beharko diete Lurralde Ordezkaritzei, ikasleek programan izena ematearen ondorioetarako.

  1. Eman zaien diru-laguntza onartuko dute. Ildo horretan, diru-laguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratzen denetik hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten, onartutzat joko da.

  2. Emandako diru-laguntza eskatutako helburua betetzeko soilik erabili ahal izango da, 13. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez bada behintzat.

  3. Irakasleen lan-baldintzak arlo juridikokoak zein ekonomikokoak egokiak izango dira, eta lan-legerian ezarritakoa bete beharko dute. Horrek ez luke ekarri behar erakunde onuradunetako gainerako langileekiko diskriminaziorik.

    Bestalde, eta edukien metodologia integratzaileak erabiltzeko hastapenen eta ikasleen jarraipen eta arreta pertsonalizatuaren arabera, programa hauek emateko baimenduta dauden erakundeek saiatu beharko dute talde berarengan esku hartzen duten irakasleen kopurua ahalik eta txikiena izaten.

  4. Diru-laguntza jasotzen duen erakundeak programa garatzeko erosi duen tresneria, bestalde, programa horretako jardueretarako soilik erabiliko da. Materiala erosi ahala, tresneriaren berariazko inbentarioan jaso beharko da. Tresneria inori lagatzeko edo, hala badagokio, besterentzeko, berriz, beharrezkoa izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta dagokion erakundearen adostasun adierazia.

  5. Ikastetxean garatzen diren programen inguruan eskatzen zaion informazio guztia helarazi beharko zaio Hezkuntza Ikuskaritzari.

  6. Dagokion deialdiaren kargura jasotako diru-laguntzen gainean eskatutako informazioa helaraziko zaio Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

  7. Erakunde eskatzaileak honako gastu hauek hartuko ditu bere gain: programa egiteko lokalenak, lokal horiek konpontzeko eta kontserbatzeko lanenak, eta ikasleentzat aseguru bat kontratatzearenak Eskola Aseguruak adina prestazio eskaintzen duen aseguru bat izan beharko du.

  8. Diruz lagundutako ikasturteko lehenengo hiruhilekoan, erakunde onuradunek ikasturterako jarduera-proiektua edo hasierako memoria aurkeztu beharko dute, honako hau hartu beharko dute barnean:

    1. Irakatsiko den lanbide-profil bakoitzari dagokion curriculum-proposamena. Proposamen horretan alderdi hauek zehaztuko dira:

      Gaitasunen esparruan ikasleek lortu beharreko helburuak.

      Irakaskuntzako eta ikaskuntzako jarduera adierazgarriak.

      .Ikasleen aurrerabidea ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

    2. Jarduera osagarriak.

    3. Egutegia. Kurtsoen eta horien faseen hasierako eta amaierako datak adierazi beharko dira.

    4. Ikasle-talde bakoitzaren asteko ordutegia, arloaren eta jardueraren arabera, asteko egun bakoitzean.

    5. Irakasleen ordutegia: irakasle bakoitzaren asteko ordutegia.

    6. Estatistika-laburpen bat, ikasleek dituzten ezaugarriak, nondik datozen edo zein ikasketa-maila duten adieraziko duena.

      Dokumentazio hori eta, horrekin batera, tokian tokiko lurralde-ordezkaritzako Osabidezko eta Helduen Hezkuntza Zerbitzuak egindako txostena Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, Ordezkaritzan jaso eta gehienez 10 eguneko epean.

  9. Ikasturtea amaitutakoan, erakunde onuradunek 2 hilabete izango dituzte programaren emaitzak ebaluatuko dituen amaierako memoria Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkezteko. Memoria horretan honako alderdi hauek jaso beharko dira:

    1. Programaren garapenaren laburpena eta ikasturteko lehenengo hiruhilekoaren hasierako memoriari eta diru-laguntza eskatzeko egindako programaren proiektuari egin zaizkien aldaketak.

    2. Parte hartu duten gazteak, izandako bajak eta zergatiak.

    3. Taldeak eta ikasle bakoitzak lortutako helburuak. Horretarako, programaren proiektuan eta hasierako memorian aurrez ikusitako helburuak hartuko dira oinarri.

    4. Ikasleak lan-munduratzeari dagokionez eta/edo maila akademikoari edo prestakuntzakoari dagokionez lortutako emaitzen estatistika-laburpena.

    5. Emaitzen analisia, jarduera-proiektua egokia ote den zehazteko eta behar dituen aldaketak finkatzeko.

  10. Halaber, ikasturtea amaitutakoan, erakunde onuradunek 2 hilabeteko epea izango dute garatutako programen justifikazio ekonomikoa aurkezteko. Dagozkien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko dute. Honako dokumentazio hau hartu beharko da barnean:

    1. Irakasleen nomina guztien fotokopia konpultsatua. Horiekin batera, nominen zerrenda pertsona eta hilabete bakoitzekoa hartuko da barnean. Nomina bakoitzaren zenbatekoa adierazi beharko da, baita enpresak Gizarte Segurantzari egiten dion ekarpena ere.

    2. Diru-laguntza jaso duen jardueraren aurrekontu osoari dagozkion gastuen agiri bidezko justifikazioa. Ondorio horietarako, dokumentuen zerrenda gaineratuko da, eta zerrenda horretan data, kontzeptua, guztizko zenbatekoa, zenbateko zergagarria hala badagokio eta ordainketaren data adierazi beharko da. Dokumentu horien jatorrizkoak gorde beharko dira etorkizunean egiaztatu ahal izateko.

    3. Diru-laguntzaren kargura erosi den material inbentariagarria erakundeko inbentarioan sartu dela ziurtatzen duen erakundeko arduradunaren ziurtagiria.

    4. Jasotako diru-laguntzaren helburua eta xedea bete egin direla egiaztatzen duen eta horretara zuzendutako zenbatekoak ziurtatzen dituen erakundeko arduradunaren ziurtagiria.

  11. Artikulu honetako 9 eta 10. ataletan aipatutako dokumentazioa Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaio, baita, horrekin batera, tokian tokiko lurralde-ordezkaritzako Osabidezko eta Helduen Hezkuntza Zerbitzuak egindako txostena ere. Ordezkaritzan jaso eta gehienez 10 eguneko epean bidaliko dira.

Udalek, mankomunitateek edo horiek sortutako erakundeek jarduera horiek kontratatu ahal izango dituzte. Kontratazioa gertatu dela ulertuko da hirugarren batzuekin hitzartzen badute jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera hori diruz lagundutako jardueraren % 100era ere irits daiteke.

Enpresa kontratatuak erakunde publiko kontratatzaileen mende soilik egongo dira, eta horiek diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa bere gain hartuko dute Administrazioaren aurrean.

Udal, mankomunitate eta horiek sortutako erakundeen eta enpresa kontratatuen artean sinatutako kontratua idatziz jasoko da, eta Administrazioaren esku egongo da.

Azpikontratatutako enpresak ezin izango dira Agindu honetan adierazitako debekuetako bakar baten pean egon.

Erakunde onuradunek berariaz jasoarazi beharko dute diruz lagundutako jarduera guztietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren babesa dutela, baldin eta jarduera horiek dibulgatu, hedatu edo, hala badagokio, argitaratu behar badira.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak Hasierako Lanbide Kualifikazioko ikasleen matrikulazioaren fitxategian barne hartuko dira parte-hartzaileek baimena eman dute datu horiek tratatu eta argitara emateko. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko edo aurka egiteko eskubideak Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna beste organismo publiko batzuetan egiaztatu ahal izateko.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du. Beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean. Edonola ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epearen barruan. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira epe horiek.

Bigarrena. Agindu honetan xedatzen ez den orotarako aplikatzekoa izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitakoa urtarrilaren 13ko 4/1993 Legeak zati batean aldatu zuena, baita laguntza eta diru-laguntza publikoak arautzen dituen araudiak aurreikusitakoa ere.

Hirugarrena. Agindu hau aplikatzeko beharrezkoak izan daitezkeen jarraibideak emateko baimena du Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak.

Laugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 18a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik