- AGINDUA, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak 2011ko maitzaren 18an emana; Agindu horren bidez, 2011. urterako, EAEko eremuan lur-zaintzailetzailetza akordioetan diren ondare naturala kontserbatzeko ekintzetarako diru-laguntzak iragartzen dira. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak 2011ko maitzaren 18an emana; Agindu horren bidez, 2011. urterako, EAEko eremuan lur-zaintzailetzailetza akordioetan diren ondare naturala kontserbatzeko ekintzetarako diru-laguntzak iragartzen dira.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 110
- Hurrenkera-zk.: 3068
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/05/18
- Argitaratze-data: 2011/06/10
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Herri Administrazioa
Testu legala
Autonomia Estatuaren 10.31 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari lurralde eta itsasertze antolatzeko eskumen esklusiboaeman zion, eta lege testu bereko 11.1 a) artikuluak ingurumen eta ekologia arloan Estatuko oinarrizko legediaren exekuzioaren garapenarena eman zion.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 14.1.e) artikuluaren arabera, eskumen hori Ingurumen, Lurradle Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailaren bidez egikaritzen da.
Euskal Herriko Ingurumen babes orokorrerako 3/1998 Legeak horrelakorik aurreikusten ez badu ere, bertan badio eremu egonkor bat eratzen duela, eta indarrean duen ezpazio eta denbora eremu barne diren bai eragile pribatuak zein gobernu ezberdinetako politikak kabitzen direla, eta legeak ezartzen dituen helburuak lortzeko parte hartu egin ahal eta behar dutela.
Gobernu Kontseiluak 2002ko ekainaren 4an onartu zuen 2002-2020 Garapen Jasangarrirako Ingurumen Euskal Estrategiak bere ardatz artean biodibertsitatea kontserbatzea ezartzen du. BIodibertsitatearen galera gelditzea ere Europar Batasunaren helburua da 2010. urterako.
Ingurumenari buruzko Estatu lege berriak onartu egin dira, oraindik [EAE-aren Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikulua] ingurumen eta ekologia mailan Estatuko oinarrizko legeak garatzeko eskumena erabiliz garatzeko direnak, eta lege horiek trenza berri hauek erabiltzeko bidea zabaltzen dute.
Esateko, 42/2007 estatuko legeak, ondare natural eta biodibertsitatekoak, tresnen artean zaintzailetza akordioak aurreikusten ditu. Herri Administrazioak zaintzailetza-akordioak sustatuko dituzte zaintzailetza-erakunde eta jabego publiko zein pribatuko lurren jabeen artean, ondare natural aeta biodibertsitatea kontserbatzeko asmoz.
Herri administrazioek haien jarduketetan ingurumen kudeaketa egokia lortzeko ekintza guztiak aurrera eramateko duten beharra dela-eta, natura kontserbatzeko eta garapen jasangarrirako bide eta tresna berriak sortzen dira. Haien artean, lurralde zaintzaren mekanismoa, esateko, biodibertsitatea kontserbatzeko. Tresna honek duen beste helburu nabarmena bada beste eragileen parte hartzea sustatzea biodibertsitatearen kontserbaziorako.(hau da, jabeak, gizarte zibila antolatua, hiritarrak edota enpresa pribatuak).
Lur zaintzailetza borondatezko akordioaren forma hartzen du, lurraldearen jabeak edo erabiltzaileak edota baliabide naturalen aprobetxamendu edo erabilera eskubideen jabeak eta zaintzailetza erakundeen artekoa. Indarrean izango den epea ezartzen da, biodibertsitatea kontserbatzeko egingo diren ekintzak, jarraipen eta aholku tresnak, eta baita laguntza tekniko eta finantzieroa ere.
Zaintzailetzarako lursailak izan daitezke bai jabego pribatukoak zein udalen herrilurrak, enpresen jabetzakoak edota izan daitezke ere lurzoruak non jabetza izan gabe baliabide naturalen aprobetxamendu eskubideak dira. Zaintzailetza erakundeak honako hauek izan daitezke: kontserbazio erakundeak, auzokideen elkarteak, eragile sozialak, fundazioak, edo baita toki erakundeak ere, udalak, administrazio batzordeak, mankomunitateak, partzuergoak etab., beti ere irabazteko asmo gabekoak, eta haien helburuen artean biodibertsitate kontserbatzeko aldeko ekintzak burutzekoa egon behar da.
Horrela, Agindu honen bidez, dirulaguntza eman nahi zaie biodibertsitate kontserbatzearen aldeko helburua duten jarduketei, eta, horretarako, lur-zaintzailetza akordioetan barne diren helburu horretarako kontserbatzeko ekintzak burutzeko diru-laguntzak ematen dira.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuak ematen didan eskumena dela bide, hauxe
Agindu honen helburua, 2011ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko lur-zaintzailetza akordioetan diren ondare naturala kontserbatzeko ekintzak burutzeko diru-laguntzak emateko oinarriak ezartzea da.
Deialdi honen ondorioetarako, lurralde zaintzailetza akordioa hauxe da: lurraldearen jabeak eta erabiltzaileak biodibertsitate eta haren elementuen kontserbazio eta erabilpenera erakarteko teknika edo estrategia juridikoen multzoa, Hau den hau borondatezko akordioaren bidez egiten da, lurraldearen jabeak edo erabiltzaileak edota baliabide naturalen aprobetxamendu edo erabilera eskubideen jabeak eta zaintzailetza erakundeen artekoa.
Lur-zaintzailetza akordioek diru-laguntza eskaera aurkezteko epea amaitu baino lehen eginda izan beharko dute, eta honako hau izango dute: kideen edota parte hatzen duten erakundeen identifikazioa, iraupen epea, Agindu honen I. eranskinean ezartzen denarekin bat datozen egin beharreko ekintzak, jarraipen eta aholkularitza mekanismoak, eta baita aurreikusitako zabaltze ekintzak eta laguntza tekniko eta finantzieroa ere.
Agindu hau dela bide ematen diren laguntzak dirulaguntza itzulezinak izango dira.
Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da helduko dirulaguntza jaso dezakeen gastuaren % 100ra.
Agindu honetan jasotako dirulaguntzen emakida bateragarri izango da helburu bera izan eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman ditzakeen dirulaguntza guztiekin, baldin eta horrek gehiegizko finantziaziorik ez badakar. Hori gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da.
Agindu honen helburua betetzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarrita dauden aurrekontu-kredituetatik aterako dira.
Helburu hori lortzeko, gehienez hirurehun ta hogei ta hamar mila (330.000) euroko zenbatekoa dago.
Emango diren laguntzen bolumen osoa ez da zuzkidura horretatik edo berori handitzetik gorakoa izango, baldin eta (azken kasu horretan) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-programa batzuk betearaztearen edo indarreko legeriaren arabera onesteko moduko aurrekontu-aldaketen eraginezko agortu gabeko aurrekontu-erabilgarritasunik badago, beti ere, dirulaguntzak ebatzi baino lehen.
Handitze hori, egonez gero, Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak emateko prozedura ebatzi baino lehenagokoa izan beharko da, eta horri publizitatea emango zaio, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez.
Agindu honetan jasotako diru-laguntzen onuradunak izan daitezke pertsona juridikoak beti ere irabazteko asmogabekoak, pribatuak zein publikoak, baldin eta, zaintzailetza erakunde bezala aritzen direnean, EAEaren eremu barruan Agindu honetan zehazten diren ekintzak eta jarduketak egiten badituzte.
Agindu honetan jasotako diru-laguntzen onuradunak izan daitezke I.eranskinean zehazten diren ekintzak eta jarduketak. Horiek eskatzaileek egindako dagozkien lur-zaintzailetza akordioetan izango dira. Ekintza horiek EAEko eremuan burutu behar dira.
Lur-zaintzailetza akordioaren barne, Agindu honenpean, dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak 2011n egingo direnak baino ez dira izango; betiere 2011ko abenduaren 31 baino lehen garatuta eta bukatuta gelditu behar baitira.
Agindu honetan jasotako araubidearen babesean dirulaguntza jaso dezaketen gastuak honako hauek izango dira: eskatzaileak aurkezturiko jarduketaren aurrekontu xehatuan jaso eta hori betearazteari argi lotuta daudenak.
Eskatzaileak aurkezturiko aurrekontuaren barruko gastuek dirulaguntza jaso ezin badute (artikulu honetan ezarritakoaren arabera), Balorazio Batzordeak horiek ezabatu edo arazi egingo ditu, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarritzat balioko duen aurrekontua (dirulaguntza jaso dezaketen gastuen aurrekontua) zehazteko.
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuraduna izateko, eskatzaileak honako baldintza hauek betetzen dituela egiaztatu beharko du:
pertsona juridikoa, publiko zein pribatua izatea, beti ere irabazteko asmogabekoa.
pertsona juridiko pribatuen kasuan, erakundeak bere helburuen artean ondare naturalaren kontserbazioarena izan beharko du, eta haren estatutuetan bere ekintzen artean berez lur zaintzailetza agertu beharko da.
EAEan diru-laguntza jasotzeko moduko jarduera edo jarduketa garatzea.
Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galduta ez edukitzea, zigorren edo administrazio zehapenen baten ondorioz, eta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekuren bat ez edukitzea.
Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebehar guztiak eta Gizarte-segurantzarako betebehar guztiak beteta edukitzearen ziurtapena erakunde kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, haien baimenaren beharrik gabe. Guzti hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko 50.artikuluaren arabera.
Eskabideak Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean aurkeztu behar dira, Zuzenean zerbitzuko hiritarrekiko harrera puntuetan (informazioa 012 telefonoan edota www.euskadi.net-en), Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritzan (Donostia 1 kalea, 01010 Vitoria-Gasteiz), sail horren Lurralde Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritako leku guztietan. Eskabideekin batera, hurrengo artikuluan aipaturiko dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.
Norberaren Datuak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eskatzaileei jakitera ematen zaie aurkezten dituzten datuak biltzeko erabiliko den fitxategiaren helburua dirulaguntza-deialdi hau eta arloari loturiko gainerako administrazio espediente guztiak kudeatzea izango dela. Fitxategiaren arduraduna Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritza da, eta bertan gauzatuko dira lortze, zuzentze, amaitze eta aurkatze eskubideak; horretarako, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia 1 kalea, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Eskabideak Agindu honetako II. eranskinean (pertsona juridiko publikoak) eta III.eranskinean (pertsona juridiko pribatuak) agertzen diren eredu normalizatuan egingo dira, eta honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
Pertsona juridiko publikoaren kasuan:
erakundeko eskumena duen organoak egindako eskaera.
lur-zaintzailetza akordioaren eta dirulaguntza izateko eskatzen diren ekintza eta jarduerak egiteko onarpen akordioa, eta baita herri erakundeak jartzen duen dirua ere.
herri erakundeko idazkariak luzatutako ziurtagiria. Bertan, hala balegokio, helburu berarako beste pertsonek edo erakundeek eman dituzten diru-laguntzen kopurua esan beharko da, haien diru-kopurua adieraziz.
Azalpen-memoria. Bertan, ondo zehaztuta honako hau jaso beharko da: zaintzailetza akordioaren edukia (honen kopia erantsiko da), akordioaren iraupena, helburuak, jarduketak egingo diren tokiaren mugaketa eta planoak, epeak, ekintzen garapen eta hedapena, jardueraren aurrekontu osoa (partidaka xehatuta) eta jarduketa betearazteko egutegia.
Bidezkoa denean, udalaren hirigintza-lizentzia, eta, behar denean, administrazio sektorial eskudunaren manuzko baimen eta lizentziak.
Eskatutako diru-laguntzaren kopurua.
Pertsona juridiko pribatuen kasuan
Eskatzailearen NAN eta dagokion ordezkapen ahalordearen kopia.
Identifikazio fiskalaren kopia.
Erakundearen estatutoen kopia eta baita haien aldaketarena ere.
Irabazi-asmorik gabeko erakundea dela: euren xedearen definizioa edota beraien xedea egiaztatzen duen beste edozein agiriaren kopia.
Azalpen-memoria. Bertan, ondo zehaztuta honako hau jaso beharko da: zaintzailetza akordioaren edukia (honen kopia erantsiko da), akordioaren iraupena, helburuak, jarduketak egingo diren tokiaren mugaketa eta planoak, epeak, ekintzen hedapen eta garapena, jardueraren aurrekontu osoa (partidaka xehatuta) eta jarduketa betearazteko egutegia.
Bidezkoa denean, udalaren hirigintza-lizentzia, eta, behar denean, administrazio sektorial eskudunaren manuzko baimen eta lizentziak.
Beste pertsona edo erakunde batzuek helburu horrexetarako emandako beste dirulaguntza batzuen zenbatekoaren adierazpena.
Jatorrizko dokumentazioa edo kopia egiaztatua aurkeztu beharko da.
Eskabidea jaso ondoren, aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak ez dituela betetzen ikusiz gero, edo baldin eta dirulaguntza behar duen jarduketa hobeto ezagutzeko dokumentazio osagarria behar dela erabakitzen bada, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritzak, eskatzaileari eskabidea egingo dio, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo manuzko agiriak aurkezteko; hori egin ezean, eskabidea ez da onartuko, aintzat hartuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan ezarritakoaren arabera emango den ebazpena.
Deialdi honetan ezarritako laguntzak kudeatzeko lanak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritzak egingo ditu.
Aurkezturiko eskabideak aztertzeko, ebaluatzeko eta aukeratzeko, Balorazio Batzordea osatuko da eta horrek honako kide hauek izango ditu:
Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren zuzendaria.
Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetza zuzendaritzara atxikitako teknikari bi, eta horietariko batek idazkaritzat jardungo du.
Eskabideak ebaluatu ondoren, Batzordeak Ingurumeneko sailburuordeari bidaliko dio ebazpen-proposamena; horrek, hurrengo artikuluan adierazitako esleipen-irizpideetara eta aurrekontu-mugetara egokituta, dirulaguntza jaso ditzaketen proiektuak eta dirulaguntza horren zenbatekoa adieraziko ditu; gainera, bakoitzari emandako laguntza-ehunekoak ere zehaztuko ditu, baita onuraduntzat proposaturikoak ere. Era berean, ukatu beharko liratekeen proiektuak eta horren zergatia ere adieraziko ditu.
Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez emango dira, Euskadiko ogasun Nagusien Antolamenduko Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategineko 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsitako Legea).
Horri dagokionez, hautapena egiteko, konparatu egingo dira aurkezturiko eskabideak, horien arteko hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuta artikulu honetan ezarritako esleipen-irizpideak; gutxienez 50 puntuko puntuazioa lortzen dutenak baino ez dira esleituko.Ez dira aintzakotzat hartuko Agindu honen I.eranskinean diren ekintzarik aurreikusten ez duten eskaerek.
Balorazio Batzordeak dirulaguntza jaso nahi duten proiektuak ebaluatzean eta ebazpen-proposamena egitean aintzat hartuko dituen irizpideak honako hauek izango dira:
Jarduera burutzeko eremua, gehienez 35 puntu:
Natura 2000ko eremuetan barne kokatutako lursailak (35 puntu).
Bestetiko Babes eremuetan kokatutako lursailak (30 puntu).
EAEko hezegunetako LPSko II eta III taldetan diren lursailak (25 puntu).
Aurreko ataletan ez diren lursailak, baina heien barne Batasuneko interesa duten flora eta fauna basatiko espeziek dituztenak, hegaztien eta habitat 92/43 Zuzentarauaren eranskinean direnak edo flora eta fauna basati mehatxatuen euskal katalogoan direnak (20 puntu).
Jarduketa-eremu beran sailkapen ezberdinak baleude, puntuazio gehieneri dagokiona baloratuko da.
Lur-zaintzailetza akordioak duen denbora eremua. 2 puntu emango dira akordioak irauten duen urte baloitzarako, gehienez 20 puntu emanez.
Proposaturiko ekintzek ondare naturala kontserbatzeko duten ahalmena, gehienez 45 puntu:
Egitasmoaren kalitate teknikoa eta ondare naturala eta paisaia kontserbatzeko, berrezartzeko eta hobetzeko kontribuzioaren arabera bideragarritasuna (gehienez 25 puntu).
Jarraipen eta ikerketa plangintzren kalitate teknikoa eta proiekzioa (gehienez 15 puntu).
Komunikazio eta zabalkunde ekintzen gizarte eragin almena (gehienez 5 puntu).
Esleitzen den laguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionalaren sistema erabiliko da; hori dela bide, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa aurreko 2. paragrafoan adierazitako gutxieneko puntuazioa lortu duten proiektuen artean banatuko da, balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera (aurreko paragrafoan adierazitako irizpideak aplikatzearen eraginezko puntuazioa), Agindu honetako 2. artikuluan ezarritako gehieneko laguntza-ehunekoa edo, txikiagoa izanez gero, eskaturiko kopurua errespetatuz.
Aurkezturiko eskabideak prozedura bakarrean tramitatuko dira; hori, interesatuak planteaturiko gai guztiak erabakita, Ingurumeneko sailburuordeak ebatziko du.
Ebazpenaren arabera, eman edo ukatu egingo dira Agindu honetan ezarritako laguntzak; ematen badira, zuzkidura, dirulaguntza jaso duen proiektua (dirulaguntza jaso dezakeen jarduketaren kopurua adierazita) eta betearazteko epea adieraziko dira. Ukatzen badira, ukatze horren zergatia adieraziko da.
Aurreko paragrafoan aipaturiko ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik ematen; izan ere, horren aurka, interesatuek gorako errekurtsoa jar dezakete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuaren aurrean; hilabeteko epea izango dute horretarako, jakinarazpena egin eta biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Hartzen den ebazpena, bestalde, interesatuei jakinarazkio zaie, ezagupen publikorako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta izateaz gain.
Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesatuei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, Agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita; epe hori igaro eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpenik argitaratu ez bada, interesatuek dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin zaiela ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Agindu honetan jasotako laguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, honako hau ezinbestekoa izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea.
Onuradunak honako betebehar hauek izango ditu:
Emandako dirulaguntza onartzea. Horri dagokionez, prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hamabost eguneko epean onuradunak berariazko eta idatzizko ukapena egin ezean, dirulaguntza onartu egin duela ulertuko da.
Laguntzaren edo dirulaguntzaren helburua betetzea.
Laguntza edo dirulaguntza eragin duen proiektua gauzatzea.
Laguntza edo dirulaguntza ematearen ondorioz ezarritako baldintzak betetzea.
Baldintzak eta beharkizunak bete egiten direla justifikatzea, eta jarduera egin dela eta helburua bete dela ere justifikatzea, dirulaguntzaren emakida edo gozamena horren araberakoa baita. Horretarako dagokion memoria aurkeztu beharko da.
Altan emanda ez bazegoen, hirugarren alta eskatzea, IV. eranskinaren arabera.
Organo emaileak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, baita Kontrol Ekonomikoaren Bulegoak egin beharreko finantzako eta kudeaketako gainerako egiaztapen- eta kontrol-jarduketa guztiak onartzea ere, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak araudi berezian ezarritako guztiak ere bai.
Aurreko paragrafoan aipaturikoei laguntzea, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen garapenean, jarduketa horietarako eskatzen den informazio guztia emanez; horretarako, hauxe erraztuko da:
Eskuragarri utzi egiaztatu beharreko dokumentazioa, informatika-euskarria duten programak eta artxiboak ere barne.
Eskuragarri utzi dirulaguntza garatzeko lekuetan sartzeko aukera, edo laguntzaren edo dirulaguntzaren kontura finantzaturiko eragiketen errealitatea eta erregulartasuna egiaztatzeko aukera.
Eskuragarri utzi fakturen, agiri baliokideen edo ordezkoen eta eragiketei buruzko beste edozein agiriren kopia, horietan laguntza edo dirulaguntza txarto lortu, gozatu edo bideratu dela ondorioztatuz gero.
Laguntzak edo dirulaguntzak kobratzeko edo fondo-hornidurak egiteko finantza-erakundeen kontuetan dagoen informazioa.
Jasotako fondoen aplikazioa justifikatzen duten agiriak kontserbatu egingo dira, agiri elektronikoak ere barne, harik eta horren inguruko egiaztapeneko eta kontroleko jarduketak egin ahal izan arte.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetza Zuzendaritzari jakitera emango zaizkio helburu horrexetarako emandako gainerako laguntza edo dirulaguntza guztien (finantzakoak eta materialak) lorpena, organo emailea eta zenbatekoa, horiek edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk eman arren; hamar asteguneko epea egongo da horretarako, horren berri izan eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Organo horri, bestalde, dirulaguntza emateko aintzat harturiko edozein inguruabar objektiboren edo subjektiboren aldaketa jakinaraziko zaio, aurreko paragrafoan adierazitako epean.
Jasotako fondoak edo garaturiko jarduketarako nahiz jarduerarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzuli egingo dira, Euskadiko Ogasun Nagusiko Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategineko 53. artikuluan jasotako kasuetan.
Jarduerak sorrarazten duen dokumentu orotan, eta baita iragarki guztietan ere, berariaz adierazi behar da hura Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak diruz lagundu duela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera egongo da. (http://www.euskadi.net/id_corporativa/indice_c.htm).
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, dohainik eta modu ez soilean, aurkezturiko dokumentazioan jasotako informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea lagako zaio (Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko informazio-sistemetan erabiltzeko edo sartzeko), baita horren zabalkundea edota argitalpena egiteko eskubidea ere, edozein formatutan (bibliografikoak, ikus-entzunezkoak edo informatikoak); gainera, teknika erabiltzeko baimena emango du.
Jarduketaren behin betiko kostu erreala, izan ere, laguntza emateko aurkezturiko aurrekontua baino txikiagoa izanez gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da bidezko proportzioan, eta, orduan, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.
Aldiz, hasieran aurkezturiko aurrekontuak goranzko aldaketa badu, prozedura ebazpen-proposameneko fasean egon baino lehen sartu ahal izango da bertan. Gorantz zuzendutako aurrekontu bat geroago aurkezteak (jarduketa-kostuetan izandako hazkundeak kontuan hartzeko) ez du emandako laguntzaren hazkunderik eragingo, eta hurrengo artikuluaren ondoreetarako baino ez da aintzat hartuko.
Hasieran ezarritako eta ebazpenaren bidez onetsitako gastuei edo jarduketei dagokienez egin nahi den edozein aldaketa, eskatu ere, jarduketa egin orduko eskatu beharko da, eta Ingurumeneko sailburuordearen berariazko onarpena beharko du.
Aldaketak ez du inoiz ere eraginik izango jarduketaren izaeran.
Dirulaguntzaren onuradunak justifikazioan agerian jartzen badu emakidarako aintzat hartutako baldintzetan aldaketak egon direla eta aldaketa horiek ebazpena aldatuko zutela, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategineko 49.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta onespenerako aurretiazko administrazio-baimenaren tramitea bete ez bada, organo eskudunak onartu egin dezake aurkezturiko justifikazioa, baldin eta gainontzekoen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
Organo emaileak, egiaztapen-egintzan, aldaketak onartzeak onuradunari ez dizkio kentzen egokitu ahal zaizkion zehapenak.
Ematen diren dirulaguntzen ordainketa-agindu biren bidez egingo da: % 40a ematen denean, eta gainerako % 60a dirulaguntza jaso duen jarduketa benetan egin dela, helburua egokitzen dela eta kostua lehendik adierazitakoa dela egiaztatu ondoren.
Onuradunek, aurreko atalean aipaturiko eskabidearekin batera, jarduketaren kostu osoaren egiaztagiria aurkeztuko dute, kostu hori egiaztatzen duten fakturak edo beste ziurtagiri batzuk erabiliz (jatorrizkoak edo kopia egiaztatuak). 2012ko martxoaren 31 baino lehenago aurkeztu behar da aipatutako dokumentazioa.
Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzako Zuzendaritzak, ikuskapen horren egiaztapenetan nahiz emaitzetan eta aurkezturiko dokumentazioan oinarrituz, likidatu egingo du dirulaguntza, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzako zuzendariak bidezko ebazpena emanez.
Ordainketa tramitatzen den egunean, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritako kasuak betetzen direnean (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen onuradunek zerga-betebeharrak betetzea egiaztatzeari buruzko agindua), egiaztapen hori Agindu honetako 8. artikuluko 1. ataleko g) letran ezarritakoaren arabera egingo da.
Dirulaguntza emateko aintzat harturiko baldintzak aldatuz gero, dirulaguntzaren helburua bete egin dela jotzen bada, eta beste edozein erakunde publikoren edo pribaturen dirulaguntzak nahiz laguntzak lortuz gero, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko Ebazpena, baldin eta bete egiten badira agindu honetan dirulaguntzaren jasotzailea izateko ezarritako baldintzak. Horri dagokionez, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, egokitu egingo dira emandako dirulaguntzaren zenbatekoak edo, hala badagokio, agindu egingo da jasotako gehiegizko zenbatekoen itzulketa.
Laguntzen onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategineko 53.1 artikuluan ezarritako kasuetarikoren batean sartzen badira (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), edo Agindu honetan, gainerako arau aplikagarrietan nahiz emakida-ebazpenean ezarritako edozein baldintza urratzen badute, Ingurumenaren Sailburuordeak, interesatuaren audientzia izango duen bidezko prozedura gauzatu ondoren, gainerako zenbatekoak jasotzeko eskubidearen galera adieraziko du, eta gainera, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak Euskadiko Altxortegi Nagusira itzuli beharra ere ezarriko du, bidezko gainerako ekintza guztien kalterik gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, legezko ondoreetarako, eta erantzukizun-araubidea, berriz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategineko 64. artikuluan ezarritakoa izango da.
Lehenengoa. Ordezko araubidea.
Agindu honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, honako hauetan jasotako xedapenak izango dira aplikagarriak: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategina onetsi duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan.
Bigarrena. Errekurtsoak.
Administrazio-bidea agortzen duen Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuaren aurrean; hilabeteko epea egongo da horretarako, jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke, Euskal Herriko Justizi Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta, horretarako, bi hilabeteko epea egongo da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Hirugarrena. Ondoreak.
Agindu honek ondoreak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 18a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
I.A. Jarduketa zehatzak.
Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketen zerrenda:
I.A.1. Biodibertsitea kontserbatzeko, berrezartzeko edo hobetzeko jarduketak.
Egun izapidetzen ari diren Natura 2000 Sareko Kontserbazio Gune Berezien (KGB) kontserbazio neurriak dituzten agirietan barne diren jarduketak.
Mehatxatuta den flora edo fauna basatia kontserbatzeko jarduketak.
Hostozabal autoktonoen espezieek eraturiko basotxoak ezartzea, suspertzea edo hobetzea. Aurretik den zuhaitza aloktonoa aldatzeko eta europar edo lurralde interesa duten habitat-en kontserbazio egoera hobetzeko, edota EAEn lehentasun interesa duten espeziek hartzeko ahalmenerako jarduketei lehentasuna emango zaie.
Ekotonoak sortzea, bai baso-basen ertzean, bai larredien ertzean, orla zuhaitz edo zuhaixkak landatuta.
Urbazterreko basoen azalera handitzea, babes edo kontserbazio helburuekin, oraingo basotxoak euren artean konektatu ahal izateko
Urbazterreko landaredia babesteko edota landareriarako landatzeak egitea (haltzadi, lizardi, sahasti edo zumardiak), gutxienez 10 metroko zabalerakoak, ur ibilguen babes bandetan, edonon direla (belardiak, labore-lurrak, basoak, bide ertzak). Horren barruan, eukalipto eta pinu landaketetako lehenengo 10 metroak (gutxienez) urbazterreko baso bihurtzea sartzen da.
Baso-orbanei eta landazabaleko zonei loturiko putzuak eta hezeguneak instalatzea.
Gune hezeak suspertzea edo berreskuratzea, hezeguneei loturiko eremuetan edo hezegune bihurtzeko aukera duten eremuetan, esate baterako, eremu endorreikoetan, troketan, depresioetan, etab.
Ekosistema autoktonoen osotasunerako mehatxagarriak diren espezie exotiko inbaditzaileak ezabatzea.
Baso bideak kentzea, bertako espezien urraketa eta landaketaren bidez.
Leize eta kobazuloetan harlankaitz hormez mugaketa itxidurak ezartzea.
Hesi biziak sortzea dagokionean bertako espeziek erabiliz, atlantiko edota mediterraneoko giroetakoak.
Lehorreko laboreen artean ildarteak egitea, giro mediterraneoetan.
Ureztatze putuzak fauna basatiaren kontserbazioarekin bateragarri egitea. Itxidurak iraztezinak eta arantza harizkoak itxidura bigunez aldatzea. Espezieak putzu eta kanpora arteko bide askea izatea errazten duten elementuak ezartzea.
I.A.2. Ikerketa eta jarraipen jarduketak (zerrenda orientagarria).
Lurralde zaintzailetza akordioaren barruen diren biodibertsitatearen elementuen zerrenda egitea.
Egitasmoaren helburu eta ekintzen jarraipen eta ebaluazio plangintza.
Egitasmoaren ekintzen zuzendaritza teknikoa.
Salbuespen gisa, jarraipenerako edota zerrendetarako datuak lortzeko ekipamendua erostea, beti ere egitasmoaren ekintzak aurrera eramateko nahitaezkoak direla erakusten bada.
I.A.3. Komunikazio jarduketak (zerrenda orientagarria).
Egitasmoaren ekintzen eta lurralde zaintzailetza akordioan diren lurren natur balioen gaineko material didaktikoa egitea.
Seinaleztapena.
I.B. Baldintza bereziak.
Erabiliko diren landareek edo haziek bete egingo dituzte indarreko araudiak baso eremuen arloan ezartzen dituen baldintza guztiak, baita bidezko proiektu eta memoria teknikoek ezarritako baldintzak ere. Halaber, jarduketetarako erabilitako landareak bermaturiko jatorri genetikoarekin etortzearen aldeko balorazioa egingo da, eta jatorri hori ahalik eta hurbilena izango da jarduketaren eremutik.
Landareen adina eta gutxieneko dimentsioak, eta baita landaketaren trinkotasuna aurkezturiko proiektuan edo memoria teknikoan adierazita egongo dira. Ale gazteen landaketa trinkoak erabiltzea gomendatzen da.
Ubideen ondoko lurretan egin beharreko suspertzeetarako laguntzak jasotzeko, beharrezkoa da gutxienez lehenengo bost metroak birlandatzea, ubidearen bi aldeetan, ibai ertzaren ondoan, inguruko landaredia naturaleko baso espezie erripikolekin, eta gainera, errespetatu egin behar da lehendik dagoen landaredia autoktonoa.
Mediterraneo isurialdeko eta aroko ur jarioarekin eta nekazal matrizean sartuta diren errekatxo txikietako ertzetan birlandatze jarduketetan, landaketa gutxienezko dentsitatea honako hua izango da: 1.500 landare/ha 1-2 sapa. Espezietako % 5-10ak eremuko zuhaitzak izan beharko dira, gainerakoak zuhaixkak, nagusiki arrosondo eta elorriak. Ur erabilgarritasunaren mantenimendua bermatu behar da.
Espezie exotiko inbaditzaileak kentzeko jarduketetan, erabiliko den metodologiak inguruko ekosistemen eta biodibertsitatearen beste elementuengan inolako afektazioarik ez izatea bermatu beharko du.
Putzuak eta hezeguneak instalatzeko ekintzetan gutxienezko edukiera azalerako 50 m3 eta 50 m² -ak gainditu beharko du. Ertzetako malda % 5-10eko baino beheragokoa eta perimetroaren ¼a landarerik gabekoa izango da. Gutxienez putzuetako ertzeen 2/3ak 30-40 m-tako sakona izan beharko dute ertzetik 3 m-rarte. Eremuko abelzaintza zama UGM1eko baino goragokoa denean, putzura sartzeko mugaketak ezarri beharko dira.
Leize eta kobazuloetan harlankaitz hormez mugaketa itxidurak ezartzeko, itxidurak gutxienez leize edo kobazuloko ahotik 15 m-tara ezarriko dira. Hormek 1 eta 1.30mtako altuera eta gutxienezko 70zm-tako zabalera izan beharko dute. Agiriko aldea lehorrean izan beharko da. Azpiko aldean 30 cm-ko altuera eta 50 zm-tako luzera duten hutsuneak utziko dira, hormaren irazkortasuna fauna basatirako bermatzeko.
Ureztatze putzuak fauna basaitarekin bateragarria egiteko egitasmoetan, putzuaren perimetroko erdi eta hiru laurdeneko azalera berlandatu beharko da, inguruko bertako espeziekin. Gutxienezko dentsitatea 1.500 landare/hako eta gutxienez % 5a inguruko bertako zuhaitz espeziak izan beharko dira.
Sortzeko hesi biziak gutxienezko bi metrotako zabalera izan beharko dute, landaketa gutxienezko dentsitatea 900 landare/hako 1-2 sapetakoarekin, eta gutxienez % 10 eta 15en bitartekoa inguruko bertako zuhaitz espeziak izan beharko dira.


