- AGINDUA, 2011ko maiatzaren 24koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, abenduaren 17ko 298/2002 Dekretuan zehaztutako diru-laguntzen 2011ko deialdia egiteko dena. Dekretu horren bitartez, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzarako jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak arautu ziren. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko maiatzaren 24koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, abenduaren 17ko 298/2002 Dekretuan zehaztutako diru-laguntzen 2011ko deialdia egiteko dena. Dekretu horren bitartez, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzarako jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak arautu ziren.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 114
- Hurrenkera-zk.: 3142
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/05/24
- Argitaratze-data: 2011/06/16
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa
Testu legala
2002ko abenduaren 30eko EHAAn argitaratu zen, 248. zenbakian, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren inguruko jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 17ko 298/2002 Dekretua. Dekretu horren bidez, bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzaren testuinguruan hiritarren parte-hartzea bultzatzeko eta 25 urtetik gorako pertsonen gaitasunak hobetzeko helburua duten ikaskuntza erabilgarriko jarduerak sustatu nahi dira ezagutzaren edozein esparrutan; eta horretarako, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bitartez martxan jarri dituen laguntzen esparrua ezarri zen.
Etengabeko ikaskuntzako proiektuak erakunde arteko jardunaren helburu izan daitezke, eta bi motatakoak izango dira: batzuk, interesa duten pertsonek banaka jaso dezaketen ikaskuntzako ekimen, ekintza edo jarduera espezifikoari buruzkoak; besteak, toki- edo eskualde-esparruetan ikaskuntzako ekimen, ekintza edo jarduerak garatu eta sustatzen dituztenak.
Beste alde batetik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean izango dituen aurrekontu orokorrak zehaztuta daudenean, programei diru-laguntzak eman edo ez erabakitzeko arauak eguneratu, berrikusi edo, hala behar badu, ezarri egin beharko direla, eta zehaztu gabeko indarraldia eman zitzaien diru-laguntzen kasuan, dagokien deialdia egin beharko dela.
Halaber, abenduaren 17ko 298/2002 Dekretuak zehaztugabeko indarraldia edo denbora-mugarik gabeko izaera daukaten diru-laguntzak arautzen dituenez, eta dekretu horren 10.3 artikuluak ematen duen gaikuntza erabiliz, bidezkoa da agindu hau ematea eta EHAAn argitaratzea, aipatutako artikuluaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero egin behar baitu deialdia.
Azkenik, 298/2002 Dekretuaren lehenengo Azken Xedapenaren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretua garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko. Hori dela-eta, agindu honen 5 artikuluan ezartzen da onartzen diren proiektuak garatzeko gehienezko epea.
Ondorioz, hau
Lehenengoa. Bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzaren inguruko jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 17ko 298/2002 Dekretuan zehaztutako diru-laguntzen 2011ko deialdia egitea.
Bigarrena. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak agindu honen I. eranskinean jasotzen den eskabide-eredu normalizatuaren arabera aurkeztu behar dira. Eskaerekin batera, aipatutako abenduaren 17ko 298/2002 Dekretuaren 11. artikuluan eskatutako derrigorrezko agiriak ez ezik beste erantzukizunezko aitorpen bat ere aurkeztu behar da. Erantzukizunezko aitorpen horren bidez adierazten da, sinatzen duenak ez duela zigor-edo administrazio-arloko zigorrik jaso diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten edo horretarako ezgaitzen duenik eta ez duela inolako lege-debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren Azken Xedapenaren arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne.
Deialdi honetan eskatutako erantzukizunezko aitorpenak agindu honen II. eranskineko eskemaren arabera aurkeztu beharko dira. Halaber, proiektuaren laburpen-fitxari dagokion III. eranskina ondo beteta aurkeztu beharko da.
Hirugarrena. Deialdia finantzatzeko 1.164.000 euro izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.
Zenbateko hori handitu egin daiteke abenduaren 17ko 298/2002 Dekretuaren 18.1 artikuluak ezarritakoaren arabera.
Laugarrena. Deialdi honetako diru-laguntzak eskatzeko eta emateko baldintzak, diru-laguntza horiek arautzen dituen abenduaren 17ko 298/2002 Dekretuan ezarritakoak izango dira. Halaber, ezingo dira diru-laguntzen onuradun izan Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluaren 5. atalak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatutakoak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean dauden erakundeak.
Bosgarrena. Onartutako proiektuek 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko uztailaren 31 arte iraungo dute gehienez.
Seigarrena. Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legean aurreikusitakoaren arabera, deialdi honen barruan sartu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeak berekin ekarriko ditu legean aipatzen diren baimenak.
Datuak babesteko gaian indarrean dagoen araudiaren mendean geratuko da, deialdi honen barruan aurkeztutako eskaeretan jasotako informazioa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak xedatzen duena betez, interesatuak, dirulaguntza-eskaera betetzearen bidez, eskaera horretan adierazitako datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Entitate Kolaboratzaileen fitxategi informatizatuetan sartzeko baimena ematen du. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Etengabeko Ikaskuntzaren Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benekotasuna egiaztatzeko.
Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta bere aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluek ezarritakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
Bigarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 24a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


