Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko maiatzaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 112
  • Hurrenkera-zk.: 3108
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/05/25
  • Argitaratze-data: 2011/06/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako heziketa-zikloen helburua da ikasleei, etorkizuneko profesionalak diren aldetik, kalitatezko arte-irakaskuntza ematea, eta lanbide-heziketa bermatzea, irudi, produktu eta inguruen diseinuarekin zerikusia duten jarduerak behar bezala burutu ahal izan ditzaten.

Arte plastikoetako eta diseinuko erdi eta goi-mailako heziketa-zikloekin zerikusia duten ikasketa guztiak biltzen ditu Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzak.

Heziketa-zikloak antolatu dira Arte Plastikoarekin eta Diseinuarekin lotutako heziketa-munduaren eta lan-munduaren arteko zubi izan daitezen, eta, era berean, tresna baliagarriak izan daitezen arte- eta plastika-irakaskuntzaren eremuko heziketa hasi, eguneratu edo hobetu nahi duten guztientzat.

Halaber, zikloen barruan sartzen da ikastetxean emandako irakaskuntza, enpresa, lantegi eta estudioetan egindako praktikak, eta azken obra edo proiektua egitea. Ikastetxean emandako irakaskuntzaren egiturak, berriz, hiru eremu ditu: modulu teorikoak, modulu teoriko-praktikoak eta lantegi edo tailerretan emandako eskola praktikoak.

Esparru horretan, arte plastikoetako eta diseinuko heziketa-zikloen ohiko eskaintza publikoa Gasteizko Eskola Publikoan (Arte Eskolan) eman izan da, eta ikastetxe pribatuen eskaintzak osatu du. Dena den, ikastetxe horien eskaintza oso atomizatuta egon da, eskaerarik gehien duten espezialitateetan zentratuta.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, bere eskumenen eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoan ikuspegi orokor batetik landu ditu, batetik, arte-irakaskuntza bere osotasunean eta, bestetik, arte-irakaskuntzaren plangintza eta eskaintza. Eta jorratzen ari garen eremu honetan, Arte eta Goi-mailako Diseinuko Eskola bilakatu da Vitoria-Gasteizko Eskola, eta, aldi berean, irakaskuntza horren ardatz bihurtu da. Era berean, Diseinu eta Publizitate Grafikoko goi-mailako heziketa-zikloen eskaintza publikoa egin da Ibarrekolanda eta Usandizaga-Peñaflorida BHIetan, Bizkaian eta Gipuzkoan hurrenez hurren.

Hori guztia dela-eta, eta eskaintza publikoa lurralde osora zabalduta ez dagoenez eta eskaintza hori egokia ez denez, honen bidez diru-laguntzetarako deialdia egiten zaie arte plastikoetako eta diseinuko ikastetxe pribatuei, agindu honetan adierazten diren baldintzetan; izan ere, kontuan hartzen da deialdian parte hartzen duen ikastetxeak gero eta gutxiago direla.

Deialdi honen xedea da Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deialdia egitea.

Helburu horretarako, gehienez ere, 130.471 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

Diru-kopuru hori areagotu ahal izango da. Horretarako, kontuan hartuko dira, batetik, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa eta, bestetik, ebazpena eman aurretik ea aurrekonturik geratu den agortu barik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programarik burutu ostean. Gorabehera hori izanez gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen Ebazpenaren bidez emango da horren berri.

  1. Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezke Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntza ikastetxe baimenduak, betiere 2010-2011 ikasturtean bestelako diru-laguntzarik jaso ez badute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik.

  1. Inor (pertsona zein erakunde) ezin izango da aurkeztu agindu honetan araututako diru-laguntza eta laguntzen deialditara, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, balin eta zehapen penala edo administratiboa izatearen diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu badu, edo horretarako gaitasunik gabe utzi duen legezko debekua badu, sexua bereiztearren egoera horretan daudenak barne, beti ere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

  2. Ikastetxeak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak.

Agindu honetako laguntzen helburua da 1. artikuluan adierazitako ikastetxeei diru-laguntzak ematea, 2010-2011 ikasturteko langile-kostuak finantza ditzaten.

Horretarako, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleen ordainsari gordinak finantzatu ahal izango dira.

  1. Eskabideak onartzeko, horiek bete egin beharko dituzte onuradunei eta diruz lagun daitekeen jarduerari eskatutako baldintza guztiak.

  2. Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, berriz, kontuan hartuko da zenbat ordu finantza daitezkeen, I. eranskinaren arabera; bestalde, eskura dagoen kredituak ez bada nahikoa diru-laguntza eskatu duten eskabide guztiak estaltzeko, orduan, onuradun bakoitzak finantzatzeko moduan, guztira, dituen ordu kopuruaren proportzio berean hainbanatuko da.

  3. Nolanahi ere, laguntzak ez du inoiz gaindituko 5. artikuluan diruz laguntzeko aurreikusten den gastuaren % 100.

  1. Eskabidea aurkezteko, interesatuek idazkia bidali beharko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

  2. Eskaerekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira derrigorrez:

    III. eranskinetik VIII.era bitartekoak, ondo beteta.

    1. Ikastetxeko estatutuak, baldin eta aurreko deialdian aurkeztu ez badira, edo azkenengoz aurkeztu zirenetik aldatu badira.

    2. Eskatzailea ikastetxearen titularra dela edo haren ordez ari dela frogatzen duen agiria.

    3. Foru Ogasunaren ziurtagiria, erakunde eskatzaileak bere zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duena.

    4. Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren ziurtagiria, ikastetxea Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela egiaztatzen duena.

    5. Ikastetxeko zuzendariaren zinpeko aitorpena, azaldutako datuak egiazkoak direla adierazten duena.

    6. Erantzukizunezko adierazpena (III. eranskina), ordezkatzeko gaitasuna duena, adierazpena sinatzen duen pertsona fisikoak egina. Bertan hauek jaso behar dira:

      Eskabidea eta, behar izanez gero, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo bestelako baliabideak.

      Eskatzaileak ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik izan, sexua bereiztearren izandakoak barne, laguntza edo diru-laguntza publikorik jasotzeko, edo ez duela horrelakorik jasotzeko legezko debekurik, beti ere III. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

    1. Agiri hauek ere bete beharko dituzte deialdira lehenengoz biltzen diren ikastetxeek edo banku-datuak aldatzen dituztenek: datuen alta, hirugarren interesatua. Dokumentu horren jatorrizko aleak Sailari eskatuko zaizkio (Irakaskuntza Araubide Bereziko Zerbitzua- Arteak eta Kirolak).

    2. Ikastetxeek, gainera, IV. eranskina beteko dute, 2010-2011 ikasturteari buruzko datuekin.

  3. Eskabideak Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan aurkeztuko dira, ikastetxea non, lurralde horretako ordezkaritzan; bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen duen egoitzetako batean ere aurkeztu ahal izango da (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.

Ikastetxeen Zuzendaritzak eskabidean akats edo okerren bat antzematen badu, interesatuari eskatuko dio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko, eta adierazi egingo dio, bestela, hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, beti ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluari jarraiki ebazpena eman eta gero.

Ikastetxeen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.

  1. Ikastetxeen Zuzendaritzak egindako proposamena ikusita, Hezkuntzako sailburuordeak emango du diru-laguntzen gaineko ebazpena. Ebazpen hori emateko epea sei hilabetekoa da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Interesdunei jakinarazteko, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  2. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, eskabidea ukatutzat joko da.

  3. Ebazpen honen kontra, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ebazpena argitaratu eta hilabeteren buruan ordainduko da diru-laguntza, eta ordaindu ere 15. artikuluan ezarritako moduan.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2. artikuluak orokorrean jasotzen dituen betebeharrak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost egunen buruan interesdunek beren beregi eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

  2. Diru-laguntza zertarako eman, horretarako erabiltzea, ez beste ezertarako.

  3. Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea.

  4. Bestelako diru-laguntzarik edo laguntzarik jasoz gero helburu bererako, Administrazio emaileari horren berri ematea.

  1. Agindu honen bidez deituta diru-laguntzak bateragarriak dira beste batzuekin, baldin eta helburu beraz beste erakunde publiko edo pribatu batek ematen baditu.

  2. Alabaina, xede bererako lortu diren diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, kostu osotik gorakoa bada, diru-laguntzaren zenbatekotik gorako soberakina kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

  1. Justifikazioari langile-izenen zerrenda gehituko zaio; horrez gain, langile bakoitzaren kostua adieraziko da. Adierazitako langileek Gizarte Segurantzan duten alta-kontratua edo ziurtagiria erantsiko zaio; bestela, TCa edo horren agiri baliokideak erantsiko dira, langile horien lan-egoera normalizatuaren egiaztagiri moduan.

  2. Frogagiriak 2010-2011 ikasturtean egindako gastuenak izango dira, eta dagokion gobernu-organoek berretsita aurkeztuko dira.

  3. 2011ko abenduaren 30a baino lehenago justifikatu beharko da.

  1. Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzarik aldatuz gero, beti ere diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

  2. Horretarako, Ikastetxeen Zuzendaritzak kitapen-ebazpena emango du; ebazpen horretan, doitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Diru-laguntza emateko baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta jasotako dirua eta horren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, beti ere kontuan hartuta, batetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta, bestetik, abenduaren 17ko 698/91 Dekretua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, musika-ikastegientzako diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen diren lagunei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Ikastetxeen Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuok zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, hain zuzen ere helbide honetara: Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Ikastetxeen Zuzendaritzari beste herri-erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.

Lehenengoa. Agindu honen kontra aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratzen denetik hasita.

Bigarrena. Prozedura-gaietan Agindu honek aurreikusten ez duen guztirako, osagarri moduan aplikatuko dira laguntza eta diru-laguntza publikoen gaineko legeak eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.

Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 25a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik