- AGINDUA, 2011ko maiatzaren 30ekoa, Kulturako sailburuarena, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko maiatzaren 30ekoa, Kulturako sailburuarena, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 120
- Hurrenkera-zk.: 3300
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/05/30
- Argitaratze-data: 2011/06/24
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Euskadiko liburutegiei buruzko urriaren 26ko, 11/2007 Legearen indarrez, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailari dagokio urtez urte bere aurrekontuetan funtsak handitzeko laguntza-programak ezartzea.
Era berean, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatu eta gauzatzea.
Araudi horrekin bat, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan dauden liburutegietako titularrekin batera, bere gain hartu du liburutegi horiek funtsez hornitzeko ardura, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, erabiltzaileen beharrei behar bezala erantzuteko.
Ondorioz, hauxe
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako titularrak diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, bere kontura eta baita udal liburutegiak kudeatzeko eskudun diren erakundeei ere, beren liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko 2011. urterako diru-laguntzak emateko modua arautzea eta horretarako dei egitea da agindu honen helburua.
Diru-laguntza horiek honako funts hauek erosteko diru-kopuruak izango dira:
Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu sortak.
Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko izenburuak.
Bi kasuotan, eskuratzen diren lanen artean nahitaezkoa izango da euskaraz nahiz gaztelaniaz editatutako lanak egotea, EAEko bi hizkuntza ofizialetan irakurtzen duten irakurleen eskubidea bermatzeko. Horrekin batera, diru-laguntzaren % 10, gutxienez, EAEn argitaratutako obrak erosteko erabili behar da nahitaez.
Agindu honen bidez araututako diru-laguntzetarako 800.000 euro erabiliko dira gehienez.
Zenbateko globala honela banakatuko da:
83.700 euro, gehienez, liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu-sortetarako.
716.300 euro lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko. Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu sortarako zenbatekoa erabiltzen edo agortzen ez bada, diru hori edo soberakina lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko erabiliko da.
Agindu honetara bideratutako diru-kopuruak handitu egin ahal izango dira aginduaren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzak liburutegi publikoa duten udalek jaso ditzakete, baldin eta liburutegia Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan badago. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegi publikoak kudeatzeko eskudun diren toki-erakundeak ere izan daitezke onuradun.
Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere.
Halaber, ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.
Eskakizun hauek ere nahitaez bete behar dira:
Liburutegi sortu berrietarako dokumentu sortak erosteko diru-laguntzetarako:
Lagundu nahi den liburutegiaren eragin-eremuko biztanleen kopurua (betiere, biztanleria entitate eskatzaileari dagokiona izango da) 3.000koa edo 3.000tik gorakoa izatea.
Entitate eskatzaileak 2011ko edo 2010eko aurrekontuetan diru-atal bat izatea liburutegi sortu berria(k) liburuz hornitzeko, edota 2011n diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Gutxieneko kantitatea hauxe izango da: agindu honen III. eranskinaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren erdiaren adinakoa.
Diru-laguntza jasoko duten liburutegia(k) Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan sartuta egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.
Liburutegi horiek 2010eko urtarrilaren 1a eta agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako azken egunaren artean sortuak izatea, betiere Kultura Sailaren eskutik helburu horretarako -hau da, liburutegi sortu berri(eta)rako dokumentu-sortak erosteko- inolako diru-laguntzarik jaso ez badute.
Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko diru-laguntzetarako:
Entitate eskatzailearen 2011ko udal-aurrekontuetan diru-atal bat izatea bere liburutegiko funtsak berritzeko.
Diru-laguntza jasoko duten liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan sartuta egotea.
Liburutegi horiek eskabideak aurkezteko epean jadanik irekiak egotea edo, bestela, 2011. urtea bukatu baino lehen irekitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko.
Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Diru-laguntzak eskatzeko, agindu honen I. eta IV. eranskinetako eskabide-ereduak aurkeztu beharko dira, edo, liburutegi sortu berrietarako dokumentu-sortetarako laguntzen kasuan, I. eta V. eranskinetakoak. Hori guztia Kultura Sailean aurkeztu ere, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduta, (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edota Kultura Sailaren lurralde ordezkaritzetan, bai zuzenean bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako edozein erabiliz.
Eskabidea egiten duten entitateak legez eratuta eta hainbat udalerrik osatuta badaude, edota udal liburutegi publikoen alorrean eskudun badira, beren helburuen artean liburutegi-zerbitzu publikoa elkarrekin kudeatzea dagoela egiaztatu beharko dute agirien bidez.
Artikulu honetako 2. eta 3. puntuetan adierazitakoaz gainera, honako hauek ere aurkeztuko dira:
Liburutegi sortu berrietarako dokumentu-sorten kasuan:
Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako diru-laguntzen zerrenda, erakundearen izena eta diru-laguntzaren egoera aipatuta (ezetsia, erantzunaren zain ala emana eta diru-kopurua). Horrelakorik egon ezean, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako helburuetarako beste inongo laguntzarik ez dela eskatu egiaztatzeko jakinarazpena.
Entitate eskatzailearen idazkariaren egiaztagiria. Bertan, liburutegi(ar)en eragin-eremuko biztanleen kopurua adieraziko da (betiere, biztanleria entitate eskatzaileari dagokiona izango da) eta, horrekin batera, datua nondik atera den.
2010eko edo 2011ko aurrekontuetan helburu berbererako onartuta dauden diru-atal propioen egiaztagiria edo 2011. urtean finantziazioan parte hartzeko konpromisoa. Horren kopurua, gutxienez, agindu honen II. eranskinaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren erdia izango da.
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartzeko eskabidea, aurretik egin ez bada, eta proiektuari buruzko memoria zehatza.
Funtsak berritzeko eskabideen kasuan:
Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako diru-laguntzen zerrenda, erakundearen izena eta diru-laguntzaren egoera aipatuta (ezetsia, erantzunaren zain ala emana eta diru-kopurua). Horrelakorik egon ezean, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako helburuetarako beste inongo laguntzarik ez dela eskatu egiaztatzeko jakinarazpena.
Entitate eskatzaileko idazkariaren egiaztagiria, erroldan dauden biztanleen kopurua zehazten duena. Datu horiek nondik atera diren ere jakinarazi beharko da.
2011ko aurrekontuetan liburutegiko liburu-funtsa berritzeko onartuta dauden diru-atal propioen egiaztagiria edo 2011n finantziazioan parte hartzeko konpromisoa.
Bigarren aukeraz baliatuz gero, zehaztu egin beharko da ea entitateak, gutxienez, Kultura Sailetik jasoko duen diru-kopuru berbera jarriko duen edo, bestela, zenbat diru emango duen, gehienez, helburu horretarako.
Eskabidea aurkezteko epean liburutegia irekita ez badago, alkateak izenpetutako konpromisoa, urtea bukatu baino lehen irekiko dela adierazteko.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
Eskabidea izapidetzeko beharrezkoak diren dokumentuak falta direla edo dokumentu horiek formazko akatsak dituztela ikusten bada, edota balorazioa egiteko dokumentuetan akatsak atzematen badira, hamar laneguneko epea emango zaio interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio eskatutakoa ez badu egiten eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, edo bere eskaera izapidetzeko eskubidea galduko duela. Horretarako ebazpena emango da.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Era berean, zuzendaritza horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak.
Dauden diru-baliabideak agindu honetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira.
Liburutegiko funtsak berritzeko diru-laguntzen zenbatekoak zehazteko, II. eranskinean aipatzen diren irizpideak erabiliko dira, bederatzigarren artikuluko 1. puntuan xedatutakoa kontuan hartuta.
Liburutegi sortu berrientzako funtsak erosteko diru-laguntzen zenbatekoak zehazteko, III. eranskinean aipatzen diren irizpideak erabiliko dira.
Aurreko idatzi-zatian xedatutakoa aplikatu eta gero, onuradunen batek 9. artikuluko 1. puntuko ehunekoa gainditzen badu, kasu horietan, aurrekontuaren gainean onarturiko gehieneko ehunekoan ezarriko dira diru-laguntzak. Soberakinak gainerako onuradunen artean banatuko dira, III. eranskinean ezarritako sistemaren arabera. Jardunbide hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta aplikatu eta gero geratzen diren kopuruak aurretik lortutako kopuruei gehituko zaizkie
Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko diru-laguntza gisa jaso beharreko diru-kopurua ezingo da izan, inola ere, onuradunek berek funts propioetatik horretarako jarri dutena baino handiagoa.
Horregatik, 8. artikuluko 2. puntuan adierazitakoa aplikatu, eta ateratzen den kopurua onuradunek berek funts propioetatik jarri dutena baino handiagoa bada, laguntza gisa emango den diru-kopurua murriztu egingo da betekizun horrek markatzen duen mugaraino.
Horrenbestez, azken bukaerako gastuak -justifikatzekoak- honako bi kontzeptu hauen baturak emandakoa izan behar du, gutxienez: azkenean esleitutako diru-laguntza eta horri dagokionez onuradunak jarri beharreko gutxieneko ekarpena.
Diru-laguntza justifikatzeko eta likidatzeko dokumentazioan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, diru-laguntza murriztuko da behar den heineraino.
Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu-sortetarako zenbatekoak esleitzeko orduan, III. eranskinean xedatutakoa beteko da. eranskin horretan populazioaren araberako taldeak egiten dira eta bakoitzari zenbateko bat esleitzen zaio. Hala ere, onuradunen kopurua handia bada eta eranskinean finkatutako zenbatekoak emanez gero kontzeptu horretarako dauden baliabideak gainditzen badira, zenbateko hori hainbanatu egingo da.
Funtsak berritzeko kasuan, onuradun bakoitzak 150.000 euroko diru-kopurua jaso ahal izango du, gehien jota, agindu honen bitartez. Liburutegi sortu berrietarako funtsak erosteko, berriz, agindu honen II. eranskinean adierazitakoa beteko da.
Diru-laguntza zati bakar batean ordainduko da.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea. Ebazpen horretan adieraziko dira, onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaz gain, emandako diru-laguntzak ondo erabiliko direla bermatzeko baldintzak.
Diru-laguntzei buruzko ebazpena eta jakinarazpena sei hileko epean egingo da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Jakinarazpen-gisa, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Epe hori bukatuta, ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen ondorioetarako.
Dena den, agindu honen 6. artikuluan adierazitakoa gertatuz gero, ebazpena emateko epea etenda geratuko da tramite hark behar duen beste denboraz, jakinarazpen-egunaren eta erantzuteko epearen arabera.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:
Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Kultura Sailak beren zereginetan dihardutela deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruz eskatutako informazioa ematea.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar.
Laguntza hauek jasotzen dituen onuraduna behartuta dago liburutegi informatizatuetako katalogoak Kultura Sailaren esku jartzera, Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) sar daitezen eta, horrela, herritarrek bertan eskuragarri dauden funtsen berri izan dezaten.
Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa 2012ko otsailaren 15a arte aurkez daiteke. Justifikazioa egiteko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
Kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, egindako gastuei buruzkoa eta VI. eranskinaren araberakoa.
Beste entitate publiko zein pribatuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera.
Laguntza emateko ebazpenean eskatzen den beste edozein agiri.
Dokumentazioa jasotakoan edo epea bukatutakoan, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, kasuan kasuko dokumentazioa aztertu ondoren, diru-laguntza ordaintzeko agindua emango du eta, murrizketarik egin behar bada, bakoitzari dagokion likidazioa igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, sailburuordeari baitagokio horren inguruko ebazpena ematea bi hileko epean, justifikazioak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
Hauek izango dira ez-betetzeak:
Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
Agindu honetan edo laguntza emateko ebazpenean adierazitako betebeharrak ez betetzea.
Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea, hala badagokio.
Legezko beste xedapenen batek ezarritako beste edozein eskakizun orokor ez betetzea.
Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzuleren erregimen orokorra arautu eta erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak finkatzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
Agindu honetako 2. artikuluan adierazitako diru-kopuruak handitu ahal izango dira, baldin eta aurrekontuak agortu gabe geratu badira Kultura Sailaren beste laguntza-programa batzuk exekutatu ondoren edota indarreko legediaren arabera egindako aurrekontu-aldaketen ondoren.
Gehikuntza hori gertatuz gero, aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da, eta horren berri Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez emango da.
Halaber, aurrekontuaren zuzkiduran gehikuntzarik izanez gero, eutsi egingo litzaieke liburutegi sortu berrietarako eta lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko portzentajeei.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 30a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Agindu honetarako finkatu den diru-kopurua (aginduko guztirakoari liburutegi berrietarako funtsak eskuratzeko kopurua kenduta ateratzen dena) ondoren azaltzen denaren arabera banatuko da onuradunen artean, 9.1 artikuluan xedatutakoa ezertan ere urratu gabe, honako formula hau erabiliz:
Diru-laguntza = DK * B
BB
FORMULAKO FAKTOREAK:
DK: Agindu honetarako finkatu den diru-kopurua, behin liburutegi berrietarako funtsak eskuratzeko kopurua kenduta, liburutegi berriak sortu izan ezkero.
B, Onuradun bakoitzari dagokion balorea, hau da, P, IZ eta KA faktoreen biderketa.
Populazio homologatua (P).
Herri guztiak biztanle-kopuruaren arabera sailkatu ditugu eta herrien P balore homologatua lortu dugu, sailkapen honen arabera:
Biztanleak P
0tik-1.000ra 1.000
001etik 2.000ra 2.000
001etik 3.000ra 3.000
001etik 4.000ra 4.000
001etik 5.000ra 5.000
001etik 10.000ra 10.000
001etik 15.000ra 15.000
001etik 20.000ra 20.000
001etik 25.000ra 25.000
001etik 30.000ra 30.000
001etik 40.000ra 40.000
001etik 50.000ra 50.000
001etik 60.000ra 60.000
001etik 70.000ra 70.000
001etik 80.000ra 80.000
001etik 90.000ra 90.000
001etik 100.000ra 100.000
001etik 125.000ra 125.000
001etik 150.000ra 150.000
000naka jarraitzen du
Adibideak: 3.248 biztanledun udalerri bat 4.000 dituenarekin parekatuko da, eta 54.949 biztanledun beste bat, 60.000 dituenarekin.
Koefiziente zuzentzailea (IZ).
Honako koefiziente zuzentzailea ezarriko da:
Biztanleak IZ
0tik 3.000ra 1,6
001etik 5.000ra 1,4
001etik 30.000ra 1,2
001etik 100.000ra 1
001etik aurrera 0,8
Koefiziente bat ezarriko da, liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen katalogo orokorraren barruan sartuta dauden edo ez dauden aintzat hartuta. (KA).
Proiektuan parte hartuz gero, KA faktorearentzat 1,40 indizea esleituko da (B) indizea lortzeko formulan. Aitzitik, parte hartu ezean, 1 indizea esleituko da.
BB: Onuradunen guztien B baloreen batuketa.
Biztanle-kopuruaren arabera egin da kontzeptu honetarako banaketa. Horretarako, segidan zehazten diren mugen barruan dauden herrien taldeak egiten dira eta jasoko duten diru-laguntza finkatzen da.
Biztanleen kopuruan ez dira zergatik sartu behar entitate onuraduneko biztanle guztiak, baizik eta diruz lagundu nahi den liburutegiaren eragin-eremuko biztanleak.
Liburutegi sortu berrietarako dokumentu-sortarako diru-laguntzen zenbatekoa 80.000 euro izango da gehienez. Hori dela-eta, onuradunen kopurua handia bada eta eranskinean finkatutako zenbatekoak emanez gero kontzeptu horretarako dauden baliabideak gainditzen badira, zenbateko hori hainbanatu egingo da.
Biztanleak Zenbatekoa (euro)
000tik 5.000ra 12.020,24
001etik 10.000ra 13.522,77
001etik 15.000ra 15.025,30
001etik 30.000ra 16.527,83
001etik 50.000ra 18.030,36
001etik 100.000ra 21.035,42
001etik gora 24.040,48


