Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko ekainaren 1ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Pirinioetako Lan Elkartearen lankidetza-esparruan ikerketa-sareak eta teknologia-ikerketa eta -garapeneko proiektuak garatzeko laguntzak emateko deialdia egiten duena (2010-2011). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko ekainaren 1ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Pirinioetako Lan Elkartearen lankidetza-esparruan ikerketa-sareak eta teknologia-ikerketa eta -garapeneko proiektuak garatzeko laguntzak emateko deialdia egiten duena (2010-2011).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 115
  • Hurrenkera-zk.: 3169
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/06/01
  • Argitaratze-data: 2011/06/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa; Instituzional

Testu legala

Pirinioetako Lan Elkartea (PLE) honako kolektibitate hauek osatzen dute, eta PLEko eskualde izango dira aurrerantzean: Frantziako estatuko Akitania, Languedoc-Roussillon eta Midi-Pyrénées eskualdeak, Espainiako estatuko Aragoi, Katalunia, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa autonomia-erkidegoak eta Andorrako estatua.

Elkarteak hamazazpi milioi biztanletik gorako populazioa biltzen du, eta kideen ekonomia-garapena sustatzea du helburu.

PLEren borondatea da ikerketa publikoaren arloan guztien arteko jarduerei lehentasuna ematea, eta horretarako enpresen nahiz eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza, bai eta eskualdeetako ikerketa zentroen artekoa ere, bultzatzea. Hori guztia proiektu zientifiko eta teknologiko originalen esparruan gauzatu nahi da, gaur egun I+G+B arloan dauden baliabide ugariak elkarren artean trukatuta.

Zientzia, teknologia eta enpresa arloen baitan dauden eta PLEko eskualdearen garapena sustatzera bideratuta dauden ekintzak abian jartzea da elkartearen helburua, betiere Pirinioetako eskualdeen eremuan, ekintza horiek Europar Batasuneko funtsen finantziazioa lor dezaketen neurrian, ikerketan bikaintasunez diharduen piriniar eskualde bat sortzeko xedez.

Pirinioen ingurunean dinamika integratu hau abiarazteak elkar hobeto ezagutzea eta interes komunei dagozkien lankidetza-ekintzak garatzea eskatzen du.

Testuinguru horretan, deialdi bat egingo da PLEko kide diren eskualde guztietan, betiere eskualde bakoitzaren prozedurak errespetatuz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretuan -Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan- xedatutakoa bete da (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).

Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 5/2010 Legea kontuan izan da (250. EHAA, abenduaren 30ekoa).

Kontuan hartu dira, halaber: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituena (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zenbakia); eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuena.

  1. Agindu honen xedea da Pirinioez gaindiko lankidetza-programak abian jartzeko 2011-2012 aldirako laguntzen deialdia egitea eta arautzea, betiere jarraian zehaztuko ditugun modalitateak eta lehentasunak kontuan hartuta:

  2. Modalitateak:

    1. Gaikako ikerketa-sareak garatzea eta sendotzea.

    2. Teknologia-ikerketa eta -garapeneko proiektuak.

  3. Lehentasunak: ondoko gaiak lehentasunezkotzat joko dira diru-laguntzaren gai diren jardueretarako, aditzera ematen diren hurrenkeran.

    1. Pirinioen testuinguruan egiten diren ikerketa bereziak.

    2. PLErako interesekoak diren beste gai batzuen gaineko ikerketak.

    3. Europar Batasuneko 7. programa markoko lehentasunezko arloak.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzetarako 220.000 euro erabiliko dira, ondoren adierazten den bezala banatuta: 2011ko ekitaldian 120.000 euro, eta 2012ko ekitaldian 100.000 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontuko partidaren kargura.

Artikulu honetan esleitutako zenbateko osoa gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontuen arabera eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpenaren bidez jakinaraziko da hori.

Euskadiko Administrazio Orokorrak emandako laguntzen entitate onuradunak ondoko hauek izan ahalko dira:

  1. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko akreditazioa duten agenteak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituen urriaren 1eko 221/2002 Dekretuko 2. artikuluaren arabera.

    Deialdi honen xedeetarako, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo saileko teknologia-zuzendariak 2011ko martxoaren 8an egiaztatutakoa joko da zientzia-/teknologia-agenteen erregistroko zerrenda eguneratutzat, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 17.4 artikuluarekin bat etorriz.

  2. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak eta eragileak, nortasun juridiko propioa dutenak.

  1. Entitate onuradunek agindu honetan eta eranskinetan programa bakoitzarentzat ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

  2. Eskabidea lehenago finantzatutako beste eskabide baten jarraipena denean, lortutako emaitzen eta egindako argitalpenen kalitatearen, proiektu kudeaketaren eta justifikatutako gastuaren akreditazioaren balorazio positiboa lortu beharko da. Balorazioan ikusten bada lehenago finantzatutako programak ez direla era egokian burutu, 13.8 artikuluan zehazten den bezala, nahikoa arrazoi izango da deialdi berrian parte hartzetik bazter uzteko. Deialdi honetako aurreko urteetako laguntza bat behar bezala zuritu eta amaitu ez duten ikertzaileek ezingo dute deialdi honetan parte hartu.

  3. Erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen 50.5 artikuluan ezarritzako baldintzak bete beharko dituzte. Lege hori Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legeak aldatu zuen.

  1. Deialdi honetako modalitateren bateko programan parte hartzen duten bazkideek koordinatzaile nagusi bat izendatu behar dute. Era berean, eskabidea egiten duen PLEko eskualde bakoitzeko eskualdeko arduradun bat ere izendatu behar dute. Eskualdeko arduradunak bere administrazioarekiko ardura izango du, eta koordinatzaile nagusiak PLEren Prestakuntza eta Teknologi Garapeneko Batzordearekiko ardura izango du, lankidetza-programari edo -jarduerari dagokionez.

  2. Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskabide batean baino ezingo du parte hartu.

  3. Deialdi honetako aurreko urteetako laguntza batean parte hartu duten eta oinarri teknikoetan ezarritako betebeharrak behar bezala zuritu eta amaitu ez dituzten ikertzaileek ezingo dute deialdi honetan parte hartu.

  4. Deialdiaren xedeetarako, erakunde onuradun bateko kidetzat joko dira Ikerbasque fundazioak research professor kategorian kontratutako eta erakunde horri atxikitako langile ikertzaileak.

  1. Kideek, koordinatzaile orokorraren ardurapean, eskabide bakarra landuko dute, lankidetza-programari buruzko informazio guztiarekin. Eskualdeko arduradun bakoitzak dagokion administrazioan aurkeztu behar du eskabide komun hori. Zenbait parte-hartzaile PLEko eskualde berekoak badira, eskabidea eskualdeko arduradunak izapidetuko du.

  2. Eskabidea entitate onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da. EAEko bazkide parte-hartzaileek galdetegi berezia bete beharko dute, eta euren jarduerak zehaztu eta laguntza-eskabidea oinarritzen duten premiak justifikatu beharko dituzte bertan.

  3. Eskaerak aurkezteko epea EHAAn argitaratu ondoko egunetik 2011ko uztailaren 18ra artekoa izango da, egun hori barne.

    Eskabideak helbide honetara bidali behar dira:

    Eusko Jaurlaritza.

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.

    Zientzia Politikarako Zuzendaritza.

    Erreferentzia: Pirinioetako Lan Elkartea.

    Donostia kalea, 1.

    01010 Vitoria-Gasteiz.

    Apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenean, aipatutako edozein erregistrotan aurkeztu behar da, deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epean. Halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko) 38.4 artikuluan adierazitako lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

  4. Eskabideak egiteko inprimaki normalizatuak interesdunen eskura daude Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzan eta interneteko helbide honetan: http://www1.hezkuntza.ej-gv.net.

    Eskabidearekin batera, eranskin bakoitzean zehazten den dokumentazioa aurkeztu behar da. Eskabidea eta dokumentazioa paperean aurkeztuko da, bai eta beste kopia bat ere, CD batean, formatu elektronikoan.

  5. Eskaera horretan jasoko dira Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. atalean aipatzen diren ardurapeko adierazpenak. Testu Bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren bitartez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak aldatu zuen.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzea.

Eskabideak ez badira horretarako normalizatutako inprimaki edo bitartekoetan aurkezten edo beharrezko informazio guztia erantsi ez bazaie, entitate eskatzaileari jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaio akats hori zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak aurkezteko. Gainera, jakinaraziko zaio eskaera ezetsiko dela horrela egiten ez badu, 4/1999 Legeak aldatu zuen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 42. artikuluari jarraituz emandako ebazpen baten ondoren.

Proposamen bakoitzean tartean diren PLEko eskualdeetako administrazioek hartuko dituzte finantziazio erabakiak, dagoen aurrekontuaren eta dagozkion eranskinetan zehaztutako irizpideen arabera.

  1. Eskabideek administrazio bakoitzaren ebaluazio-prozedura bete beharko dute, eta behin-behineko proposamena emango da.

    Ebaluazio-batzorde bat osatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren behin-behineko hautaketarako proposamena PLEri aurkezteko xedearekin. Batzorde hori hauek osatuko dute: Zientzia Politikarako zuzendariak (batzordeburu izango da), Unibertsitateen zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako ikerketa-programen teknikari batek (zuzendariak izendatua). Aipatu batzordeak proiektu bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie dagokien jakintza-arloan ospea eta ebaluatzeko esperientzia duten ikertzaileei.

  2. Aurre-hautaketa egin ondoren, Ebaluazio Batzordeak programa edo jarduera osora egiteko aurreikusitako baterako finantziazioak zuritzeko eskatuko du.

  3. Behin-behineko proposamenak -non ezarritako irizpide bakoitzerako eskabidearen balorazioa erantsiko baita- PLEko Prestakuntza eta Teknologi Garapeneko Batzordeak aztertuko ditu. Aurre-hautaketa adostuko du batzordeak eta, hala badagokio, egoki iritzitako agiri osagarriak eskatuko ditu.

  4. Salbuespen gisa, Prestakuntza eta Teknologi Garapeneko Batzordeak ikerketa-proiektuen nahiz ikerketa-sareen proposamenak onartu ahal izango ditu, nahiz eta parte hartzen duten lurralde-administrazioen finantza-laguntzak mugaz gaindiko izaerarik ez izan; hau da, bi estatutako administrazioek parte hartu behar ez izan. Alabaina, horretarako, proiektuak teknikoki bideragarria izan behar du, Batzorde horren aburuz, eta deialdian eskatzen diren gainerako baldintzak bete behar ditu.

  5. Bestalde, PLEko Prestakuntza eta Teknologia Garapeneko Batzordeak ebaluatutako eskabideen lehentasun ordena bat ezarriko du modalitate bakoitzerako, dagozkien eranskinetan ageri diren ebaluazio-irizpideei jarraiki, eta balorazio onena lortu dutenak soilik hautatuko dira.

  6. Aurreko prozeduraren arabera hautatuko proiektuekin, Ebaluazio Batzordeak erabakiko du zenbateko aurrekontua onartzen den eskabide bakoitzean, eta bakoitzari dagozkion laguntzak esleituko ditu, onartutako kostuaren % 100era artekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako esleitutako aurrekontu-kreditua erabat agortu arte, edo horren eguneratzearen ondoriozkoa agortu arte, indarrean dagoen legediarekin bat aurrekontuan aldaketak eginez gero. Edonola ere, beti errespetatu behar dira agindu honetako I. eta II. eranskinetan laguntza-programa bakoitzerako ezarritako mugak.

  1. Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztuko dio proposamena, eta honek esleitu edo ukatu egingo ditu, ebazpen bakar eta arrazoituaren bidez. Ebazpen horren berri interesdunei banan-banan emango zaie. Denek horren berri izan dezaten, EHAAn argitaratuko dira entitate onuradunen zerrenda, jasotako zenbatekoa eta finantzatu den programaren titulua.

    Deialdi hau argitaratzen denetik sei hilabete igaro aurretik berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskariak isilduzko erabaki bidez ezetsi direla ulertu behar da.

  2. Ebazpen horren aurka, entitate onuradun eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, jakinarazten den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

  3. Ebazpenean ondoko erreferentziak jaso behar dira:

    1. Zein modalitatetara aurkezten den.

    2. Proposamenaren izena.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeko arduraduna.

    4. Entitate onuraduna.

    5. Esleitutako zenbatekoa, urteko kopuruetan banakatuta.

  1. Diru-laguntza berariaz onartu eta gero, diru-laguntzaren zenbatekoa proiektuaren ikertzaile arduradunari dagokion entitate onuradunei ordainduko zaie (13.1 artikulua).

  2. Urteko zenbatekoak aurretiaz ordainduko dira urte bakoitzean. Proiektua burutzeko azken urtea denean, azken urteko diru-laguntzaren % 75 baino ez da ordainduko aurrez. Azken urteko bigarren ordainketa -gainerako % 25ari dagokiona- egiteko, entitate onuradunak dagokion dokumentazio guztia, deialdiaren 12. artikuluan ageri dena, bidali beharko du, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak oniritzia eman beharko dio. Legezko ordezkariak lehenengo urteko txostena bidali eta organo azterkariak ontzat ematen duenean ordainduko da beti bigarren urteko % 75a.

  3. Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta diru-laguntzen itzuleraren sistema orokorra arautzen du, eta hura kudeatzen parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezartzen ditu.

  4. Entitate onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitate bat ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela eta Gizarte Segurantzako ordainketak egunean dituela frogatu beharko du, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraiki (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zenbakia).

  1. Entitate onuradunei ebazpenaren jakinarazpenarekin batera emango zaie diru-laguntzaren urteroko banaketen berri. Erakundeek diru-laguntza onartzen dutela adierazi beharko dute, jakinarazpena legezko ordezkariak sinatu eta bueltatuta. Jakinarazpena jaso eta 10 egutegi-eguneko epea izango dute horretarako, gehienez ere.

    Ikertzaile nagusiak eta entitate onuradunak diru-laguntza onartzeak deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea dakar.

  2. Jatorrizko fakturak erakundean bertan artxibatu behar dira, eta erabilgarri egon behar dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenetarako.

  3. Entitate onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman behar dio erakunde bi horiek beren eginkizunen barruan deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio.

  4. Erakunde onuradunek txosten hauek aurkeztu behar dituzte:

    1. Urteko txostena: proiektuaren edo sarearen entitate onuradun bakoitzak edo mugikortasunaren onuradunak proiektuaren urteko txostena aurkeztu behar dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, programa burutzeko urte bakoitzaren amaieran. Txosten horretan, burututako jarduerak, programak izan duen bilakaeraren balorazioa eta diru-laguntzatik gastatutako kopuruaren estimazioa jasoko da, entitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin.

    2. Euskadiko programaren azken txostena: erakunde onuradun bakoitzak bere proiektu-zatiaren amaierako txosten bat aurkeztu beharko du. Txosten horretan, egindako jarduerak, lortutako emaitzak eta lanaren ondorioak jasoko dira. Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztuko zaio, proiektua amaitzen denetik hilabetea igaro baino lehen.

    3. Programaren amaierako memoria bateratua: aurreko txostenez gain, programa berean parte hartzen duten taldeek amaierako txosten bat aurkeztu behar dute koordinatzailearen gidaritzapean. Txosten horrek egindako jarduerak jaso behar ditu, parte hartu duten taldeenak zein diren zehaztuta. Emaitza bateratuak azaldu behar dira, eta, era berean, emaitzak aztertuko dira, eta ondorioak proposatuko. Proiektua erabat bukatutzat emateko, programa honen eragina zehaztu beharko da, bai batera egingo diren argitalpenei dagokienez, bai parte-hartzaileen etorkizuneko lankidetzei dagokienez ere. Proposatutako helburuen lorpenen eta Europar Batasunaren 7. Esparru Programako jarduera bati jarraipena emateko aukeraren balorazio bat egingo da. EAEn programaren arduraduna denak amaierako memoria hori aurkeztuko du deialdiaren organo kudeatzailean, EAEko bi hizkuntza ofizialetan. Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztuko zaio, proiektua amaitzen denetik sei hilabete igaro baino lehen.

    4. Argitalpenak: lortutako emaitzak liburu, monografia, artikulu, doktorego-tesi, lizentziaturako tesina, kongresuei egindako jakinarazpen, patente, kontratu, erabilera-modelo, eta gisakoetan bildu badira zatika, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari hauen kopia bat emango zaio.

  5. Egindako guztizko gastua egiaztatzea. Entitate onuradunek programaren jarduera-epealdian egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, legezko ordezkariak sinatuta, eta, soberakinen bat egonez gero, horien berri eman beharko du, eta horiek egiaztatu. Ziurtagiri hori programa amaitu osteko bi hilabeteko epean aurkeztu behar da.

  6. Lankidetza-programak dirauen bitartean, ikertzaile parte-hartzaileek programaren egoerari eta garapenari buruzko informazioa eman beharko diote Zientzia Politikorako Zuzendaritzari edo PLEko Prestakuntza eta Teknologi Garapeneko Batzordeari, hala eskatzen diotenean. Era berean, PLEk antolatutako bileretan eta ebaluazioetan parte hartu behar dute, egindako jarduerak aurkezteko.

  7. Urteko txostenek, amaierako memoria zientifikoak eta egindako argitalpenek ebaluazio zientifikoa jasoko dute. Ezagutza-arlo jakin batean itzal handia eta ebaluazio-esperientzia sakona duten pertsonen iritzia eska daiteke. Bai urteko txostenek eta bai urte amaierako memoria zientifikoak ere modu egokian eta justifikatuan bete beharko dituzte eskabidean adierazitako ezagutzaren sormen-maila, ikerketaren garapen-mota, emaitzak, eta, hala behar izanez gero, ikertzaileek aurkeztutako aldaketak, betiere azkeneko hauek Zientzia Politikako Zuzendaritzaren baimena badute.

    Proiektuaren garapen-maila ez bazaie egokitzen organo kudeatzaileak proposatu eta onartutako emaitza eta jarduerei -nahiz eta arau hauste administratiborik ez ekarri-, talde ikertzaileak aurrerantzean egingo dituen ikerketa-proposamenetan hartuko da kontuan.

  1. Ikertzaile-taldeko kideek bakoitzaren erakundean dauden arau orokorrekin eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jarraibideekin bat etorriz egin behar dituzte gastuak.

  2. Entitate onuradunen urteko txostenetan eta argitalpen zientifikoetan agerrarazi behar da horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren babesa jaso dutela, eta proiektuaren identifikazio-kodea ere agerrarazi behar da.

  3. Proiekturako proposatutako xedeak betetzeko eta helburuak gauzatzeko erabili ez diren guztizko zenbatekoei eta zenbateko partzialei dagokienez nahiz Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeei eta itzulerei dagokienez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zenbakia) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu bererako beste erakunde finantzatzaile batzuek eman ditzaketenekin, betiere aldez aurretik Zientzia Politikoko Zuzendaritzari deklaratu eta horrek onartzen baditu. Gainfinantzatuta dagoela atzemanez gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketari kopuru hori murriztuko zaio.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntzarik edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, beharrezkoa den likidazio-ebazpena emango du Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, eta, horren bidez, berregokitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez dela bete eta, urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak.

  1. Diru-laguntza jasotzeko bide eman zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat eta horri jarraiki, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio jasotako diru-zenbatekoa eta horri dagozkion legezko interesak.

  2. Proiekturako eskabidea egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo eskatzaile hori entitate onuraduna ez den beste entitate batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

  3. Proiektu batean beste iturri batzuetatik datorren finantziazioa metatzea edo proiektu horren aldaerak beste erakunde, entitate edo zentro publiko eta pribatu batzuei aurkeztea, finantziazio eske, behar adina justifikatu gabe eta aurretik Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi gabe eta horrek horrelakorik onartu gabe.

  4. Proiektua proposatutako helburuekin eta hitzartutako epeekin bat etorri gabe garatzea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik izan gabe horretarako.

  5. Ikertzaile-taldeko kideek berek proiekturako ezarritako dedikazioa ez betetzea.

  6. Deialdi honetako oinarriak eta administrazio-agiriak ez betetzea.

  7. Datuen ezkutaketa larria, aldaketa edo eske-idazkian edozein eratako manipulazioak egitea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Ikerketa izeneko fitxategi batean sartuko dira datuok, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren erantzulea. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

Lehenengoa. Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruzkoan, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Administrazio Prozedura Erkidean xedatu bezala.

Bigarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 1a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaikako ikerketa-sareak garatzea eta sendotzea.

  1. Programaren xedea.

    Programa honen xedea ikertzaileen eta/edo PLEko eskualdeetako entitate onuradunetako ikertzaile-taldeen arteko harremanak eta lankidetzak antolatzeko sistema egonkor bat finantzatzea da. Sarearen xedea lankidetza zientifiko-teknikoa finkatzea izango da, ikerketa-proiektu komunen garapena prestatzeko eta europar ikerketa-proiektuak prestatzeko. Horretarako, hau lortu beharko da sarearen bidez: komunikazioa areagotzea, ezagutzak elkartrukatzea, baliabide teknologikoak partekatzea eta ikerketako lan komuna erraztea.

  2. Eskaeren baldintzak.

    Sareek gutxienez hiru ikerketa-taldez osatuta egon behar dute, eta talde horietako bakoitzak PLEkoa ez den eskualde batekoa izan behar du. Gainera, nahitaezkoa da proposamenak mugaz gaindiko izaera izatea; hau da, gutxienez bi estatutako ikerketa-taldeek hartu behar dute parte.

    Proposamenak kontuan hartu beharko ditu Sarea osatzearen ondorio gisara, taldeen arteko komunikazio- eta lankidetza-tresna egonkor bat -hala nola «on line» lankidetza-sistema bat- ezar dadin gauzatu beharreko helburu, metodologia eta beharrezko eginkizunak. Sarea sendotzea izango da komunikazio tresna berezi horren helburua, deialdi honen ostean funtzionatzen jarrai dezan.

    Ikertzaileek modalitate honetako bi deialdietan parte har dezakete finantzatutako proposamenetan, gehienez ere. Salbuespen gisa soilik onartuko da hirugarren deialdi batean parte hartzea, europar proiektu bat prestatzen bada edo laguntza eman bazaio; kasu honetan, Sarean lortutako emaitzen balorazioa egingo da, eta europar proiektuaren eskaera/emakida egiaztatuko da.

    Euskal Autonomia Erkidegoko taldeko ikertzaileetako batek Sareko talderen batean egonaldia egitea erabakitzen bada, Sarearen barruan, gutxienez 15 egunekoa eta gehienez 3 hilabetekoa izan beharko du. Mobilizaziorako, 1.200 euroko laguntza erabili ahal izango da hilero, joan-etorriak eta egonaldiko gastuak ordaintzeko.

  3. Laguntzen ezaugarriak.

    Sarerako laguntzaren zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da -gehienez ere-, 2 urterako. Mobilizatzaile bat gauzatzen bada Sarearen barruan, 3.600 euro arteko osagarria jarri ahal izango da horretarako, Sarearen finantziazioaz gain. Zenbateko hori ezingo da beste helburu baterako erabili.

    Sareko egitura- eta antolaketa-kostuak izango dira diru-laguntzagai, betiere honako hauek jasotzen badituzte:

    1. Sarean parte hartzen duten ikerketa-taldeetara zientzia-munduko pertsona ospetsuek egindako bisita laburrak.

    2. Sarea osatzen dutenen artean batzarrak antolatzea.

    3. Nazioarteko edo PLEko enpresa-sektorera zuzendutako mintegiak antolatzea, PLEko lurraldean.

    4. Entitate onuraduneko ikertzaileren bat SAREko gainerako parte-hartzaileen zentroetako batean egindako egonaldia, betiere entitate eskatzailearen eskualde berekoak ez badira.

    5. Datu-baseak eta «on line» kudeaketa-sistemak garatzen laguntzea.

    6. Europar proiektu bat prestatzen bada, aholkularitza-kostuetatik deialdi honen bidez finantzatutako proiektuaren kideei dagokien zati proportzionala onartuko da.

      Laguntzok ezin dira inola ere erabili ikerketa proiektuak finantzatzeko, langileei ordaintzeko edo laborategiko materiala nahiz ekipamendu txikia erosteko. Aipatutako jardueretan jasotako bidaiak PLEko eskualde berean eginak badira soilik onartuko dira.

  4. Eskabideak.

    Inprimaki normalizatua aurkeztu behar da, formatu elektronikoan egindako kopia batekin batera, eskatzaileak atxikita dauden erakundearen legezko ordezkariaren oniritziarekin. Horrekin batera, ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

    1. Koordinatzaile orokorraren eta eskualdeko arduradun orokorren curriculum vitaea.

    2. Lortu nahi diren helburuen eta sarea osatzeak daukan garrantziaren deskribapena.

    3. Proposatutako jarduera zehatzen eta bazkide bakoitzak azken hiru urteetan sarearen helburuarekin lotuta burututako lan nagusien deskribapena, argitalpenak barne.

    4. Sarearen antolaketa-sistema eta -egitura egonkorren deskribapena. Inplementazio-plana: sarea garatzeko etorkizuneko faseak eta garapena.

    5. Parte hartzen duen eskualde bakoitzari dagokion zatiaren aurrekontu orokor xehatua.

    6. Bestelako finantzaketa-iturri propioak edo beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutakoak izateari buruzko adierazpena.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak 50. artikuluaren 6. atalean diru-laguntzei dagokienez egindako aldaketan aipatzen diren aitorpen arduratsuak.

    8. EAEko onuradun bakoitzaren IFK.

    9. Parte hartzen duen EAEko ikertzaile bakoitzaren NANaren kopia.

    10. Eskabide hau deialdira aurkezteko entitate onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak emandako baimena eta erabakia.

    11. EAEren zerga-betebeharrak beteta izatea eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketetan egunean egotea egiaztatzen duten agiriak.

    12. Hautaketa-irizpideekin bat etorriz proposamena zuzen ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.

  5. Ebaluazio-irizpideak.

    Irizpidea Balioa Oharrak

    Gaiaren garrantzia 10 Zehaztu diren lehentasunezko gaien arabera (1.3. artikulua)

    Kalitatea eta interes zientifiko-teknikoa 35 Aldez aurretik proposamenaren ebaluazio zientifiko-teknikoa gainditu behar da

    Sarean parte hartzea 25 4 eskualdek parte hartzea: 15 puntu

    5 eskualdek parte hartzea: 20 puntu

    6 eskualdek parte hartzea: 25 puntu

    Emaitzak transferitzeko gaitasuna eta interes sozioekonomikoa 5

    Sareak eskaintzen dituen aukerak, amaieran ikerketa-proiektu bat aurkezteko 25 Ikerketa-proiektu bat arrakastaz aurkeztea ekarriko duten ekintzak antolatu beharko dira

    Guztira 100

Teknologia-ikerketa eta -garapeneko proiektuak.

  1. Programaren xedea.

    Programa honen helburua ikerketa zientifiko-teknologiko berritzaileen proiektuak finantzatzea da. Proiektu horiek unibertsitateen, zentro teknologikoen eta PLEko eskualdeetako zentro nahiz enpresa teknologikoen eta eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza bultzatu behar dute.

  2. Eskaeren baldintzak.

    Hiru kidek osatu beharko dituzte, gutxienez, proiektuak, eta horietatik bat bederen enpresa arlokoa izango da; eta beste bat, ikerketa-zentroren batekoa edo unibertsitatekoa. Entitate parte-hartzaileak PLEko bi eskualdetakoak izango dira gutxienez.

    Nahitaezkoa da, halaber, proposamenak mugaz gaindiko izaera edukitzea; hau da, gutxienez bi estatutako kideek parte hartzea.

    Proiektuak egiteko gehienezko epea bi urtekoa izango da.

  3. Laguntzen ezaugarriak.

    Eskatutako laguntzak ondoko jarduerak finantzatzeko erabili ahal izango dira:

    1. Langile-gastuak (guztizko kostuaren % 50, gehienez ere). Ez dira atal honetakotzat joko ez Ikerbasqueko langileen langile-kostuak (5.4 artikulua), ez erakunde publikoetako ikertzaileenak edo jada administrazio publikoek finantzatutakoak.

    2. Material inbentariagarria: 18.000 eurotik beherako ekipamendua eta tresneria zientifikoa.

    3. Proiektuaren garapenerako behar den material suntsikorra.

    4. PLEko lurralde barruko bidaia gastuak.

    5. Bestelako gastuak.

      Laguntza horiek onartutako proiektuaren kostuaren % 100 artekoak izan daitezke.

  4. Eskabideak.

    Inprimaki normalizatua aurkeztu behar da, formatu elektronikoan (CD batean) egindako kopia batekin batera, ikertzaileak atxikita dauden entitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin. Horrekin batera, ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

    1. Koordinatzaile orokorraren eta eskualdeko arduradun orokorren curriculum vitaea.

    2. Lortu nahi diren helburuen deskribapena.

    3. Bazkide bakoitzak azken hiru urteetan burututako lan nagusien deskribapena, argitalpenak barne.

    4. Proposatutako jarduera zehatzak deskribatzen dituen memoria.

    5. Parte hartzen duen talde bakoitzari dagokion zatiaren aurrekontu orokor xehatua.

    6. Bestelako finantzaketa-iturri propioak edo beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutakoak izateari buruzko adierazpena.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak 50.3 artikuluaren 6. atalean diru-laguntzei dagokienez egindako aldaketan aipatzen den aitorpen arduratsua.

    8. EAEko onuradun bakoitzaren IFK.

    9. Parte hartzen duen EAEko ikertzaile bakoitzaren NANaren kopia.

    10. Eskabide hau deialdira aurkezteko entitate onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak emandako baimena eta erabakia.

    11. EAEren zerga-betebeharrak beteta izatea eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketetan egunean egotea egiaztatzen duten agiriak.

    12. Hautaketa-irizpideekin bat etorriz proposamena zuzen ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.

  5. Ebaluazio-irizpideak.

    Irizpidea Balioa Oharrak

    Gaiaren garrantzia 10 Zehaztu diren lehentasunezko gaien arabera (1.3. artikulua)

    Kalitatea eta interes zientifiko-teknikoa 35 Aldez aurretik proposamenaren ebaluazio zientifiko-teknikoa gainditu behar da

    Sarean parte hartzea 25 PLEko 3 eskualdek parte hartzea: 7 puntu

    PLEko 4 eskualdek parte hartzea: 15 puntu

    PLEko 5 eskualdek parte hartzea: 25 puntu

    Enpresek eta eragile sozioekonomikoek parte hartzea 15 2 enpresa edo eragile sozioekonomikok parte hartzea: 10 puntu

    3 enpresa edo eragile sozioekonomikok parte hartzea: 15 puntu

    Emaitzak transferitzeko gaitasuna 10

    Interes sozioekonomikoa 5

    Guztira 100

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik