- AGINDUA, 2011ko ekainaren 3koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, EAEko Kooperatiba Sozietateetan eta Lan Sozietateetan inbertsioak egiteko laguntzak bideratzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko ekainaren 3koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, EAEko Kooperatiba Sozietateetan eta Lan Sozietateetan inbertsioak egiteko laguntzak bideratzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 120
- Hurrenkera-zk.: 3292
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/06/03
- Argitaratze-data: 2011/06/24
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Hirugarren urtez jarraian egiten da laguntza-lerro honetarako deialdia, lehiakortasun handiko enpresa-sorta finkatzeko erronkaren barruan, gizarte ekonomiako izaera duten enpresa-entitateen aktiboetan inbertsioak egin daitezen zuzenean sustatuz.
Helburu horrekin abiarazi zen 2009ko ekitaldian laguntza-programa hau, produkzio-inbertsioen finantzaketa ahalbidetuz, kooperatiba eta lan-sozietateetan inbertsioak egiteko emandako maileguen interesen kostuak ordaintzera bideraturiko laguntza publikoa ematearen bidez gauzaturikoa, egungo enpresa-errealitateak sendotu edo zabaltzeko betiere.
Laguntza-lerro honen zabalkundea eta inplementazioa gauzatzeko hasierako etapak amaituta, eta gure inguruneko enpresentzat azken urteotako ekonomia-egoerak ekarri dituen zailtasunak gaindituk direlakoan, ekitaldi honetan Agindu honek Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresa-ehunaren kalitatea osatzeko duen ahalmen osoaren benetako neurria erakutsiko duela uste dugu.
Uste dugu, halaber, garrantzi handikoa dela berrestea inbertsioen helburua enpresak garaturiko jarduera nagusiarekin lotuta egon behar duela, eta inbertsio horrek aktibo berrien erosketa ere biltzea, direla instalazio teknikoak edo beste ibilgetu material bat, eta ezin ahalko zaie laguntza hau egotzi ibilgetu ukiezinei, ezta lurrei eta eraikuntzei ere.
Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau
Agindu honen xedea Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez eta 2011ko aurrekontuaren kargura eman ahal izango dituen laguntzak arautzea da, EAEko kooperatiba-sozietateak eta lan-sozietateak zabaltzera edo sendotzera destinatutako inbertsioak egiteko emandako maileguen interesak finantzatzeko.
Honako hauek lortu ahal izango dituzte laguntzak:
Kooperatiba sozietate txikiek, erkidegoan ustiatzeko kooperatibek eta gehienez ere iraupen mugagabeko hamar langile bazkide dituzten lan elkartuko kooperatiba sozietateek, eta eskaera aurkezten duten unean eratu zirenetik 5 urte ez badira igaro.
Lan Sozietateak, gehienez ere iraupen mugagabeko hamar langile bazkide dituztenek, eta eskaera aurkezten duten unean eratu zirenetik 5 urte ez badira igaro.
Eraketa-data izango da gizarte-ekonomiako enpresa eratzeko edo horretan eraldatzeko eskritura Euskadiko Kooperatiben Erregistroan eta Euskadiko Lan Sozietateen Erregistroan inskribatzen den unea. Betekizun hori Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak egiaztatuko du ofizioz.
Euskal Autonomia Erkidegoan lantokiren bat eta egoitza soziala edukitzea.
Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea eta Gizarte Segurantzan izena emanda, horrela badagokio.
Inbertsio garbiak, zergak kanpo, gutxienez 10.000 eurokoa izan behar du.
Diruz lagundu daitezkeen inbertsioa finantzatzeko nahikoa baliabide propiorik ez edukitzea, beste laguntza publiko batzuk barne, horien artean Sail honek emandako enpresak sortzeko eta ekintzailetzako laguntzak egonik.
Onuradunak inbertsioen finantzaketari baliabide propioekin egin beharreko ekarpenak % 25ekoa edo handiagoa izan behar du.
Laguntza eskatzen deneko inbertsioa 2011ko ekitaldian egitea.
Diru-laguntza eman aurretik legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatiboren batean integratuta egotea. Agindu honetako 6.1 artikuluak aipatzen duen laguntzaren hiru urteko indarraldian atxiki behar da integratuta.
Itzuli beharrik gabeko laguntza hauen xede izan daitezke, bigarren artikuluan aipatutako EAEko kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak zabaltzera edo sendotzera destinatutako inbertsioak eskuratzeko maileguen interesak. Edonola ere, gizarte-ekonomiako enpresak garatutako jarduera nagusiarekin zuzenean erlazionatuta egon beharko dute inbertsioek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan instalatu beharko dira.
Inbertsioak instalazio teknikoetan eta bestelako ibilgetu materialean egingo dira, hala nola: makineria, tresneria, altzariak, informazioa prozesatzeko ekipoak, garraio-elementuak.
Inbertsioak aktibo berriak erosiz egingo dira. Ez dira diruz lagunduko bigarren eskuko makina eta ekipoetan egindako inbertsioak.
Ondasunak finantza-errentamenduko erregimenean finantzatu edo eskuratu daitezke, betiere enpresak bereziki konpromisoa hartzen badu dagokion erosteko aukera baliatuko duela eragiketa egiten duen finantza-erakundearen aurrean.
Ez dira diruz lagunduko erosteko aukera duten errentamendu-kontratuekin erlazionatutako gastuak, hala nola: errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguru-gastuak.
Ez dira diruz lagunduko ibilgetu ukiezinean, lurretan eta eraikuntzetan egindako inbertsioak.
Instalazio teknikoetan eta bestelako ibilgetu materialean inbertsioak egiteko maileguen interesak honako era honetan diru lagundu ahal izango dira:
Ehuneko berrogeian (% 40) eragiketa bakoitzean.
Ehuneko berrogeita hamarrean (% 50) eragiketa bakoitzean, Elkarren Bermerako Sozietate batek abalatzen duenean eragiketa hori.
Enpresa batek eragiketa guztiengatik jaso dezakeen gehieneko kopurua 4.000 euro da.
Diru-laguntzaren xede den inbertsioa gutxienez hiru urtez mantendu behar da, epe txikiagoan amortizatu daitezkeen ondasunen kasuan salbu, kasu horretan ere gutxienez aldi horretarako mantendu behar izanik.
Diru-laguntza hori ematen bada, gizarte-ekonomiako enpresak diru-laguntza jaso duten inbertsioak diru-laguntza hori ematen den aurrekontu-ekitaldian egin beharko ditu.
Oro har, eta Azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duenak, bere 50.2. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, entitate onuradunek diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, Ekonomia eta Ogasun Sailak xedatutakoa betez, entitate eskatzaileek beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteta dauzkatela egiaztatu beharko dute.
Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zigortzaile oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.
Zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru-laguntza jasotzen duen jardueraren guztizko kostua.
Diru-laguntza beste lurralde-administrazio batzuetatik datozenekiko aldi berekoa bada, eta betiere laguntza horien baturak laguntzekoa den jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela deklaratuko da, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuta.
Instantzia normalizatuan egingo dira eskaerak, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan ere emango edo Interneteko www.gizartelan.ejgv.euskadi.net helbidean ere deskargatu ahalko da. Eskaera horiek, dagokien dokumentazioarekin batera eta Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzari zuzenduta, sozietatearen helbidearen lurralde historikoari dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko da, edo, hala badagokio, erakunde eskatzailearen lantokiarenean, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bitartekoren bidez.
Eskaerak aurkezteko epea 2011ko uztailaren 29an bukatuko da, egun hori barne.
Entitate onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute betebehar guztiak betetzen dituztela.
Erakunde eskatzaileek laguntza jasotzeko eskabidea aurkeztu ahal izango dute horrekin batera aurkezten den dokumentazioarekin, haiek aukeratu duten EAEko hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardueretan eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Agindu honetan jasotako onurak berenganatu nahi dituzten erakundeek, normalizatutako eskaeraz batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
Foru aldundiekin dituzten zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen agiria.
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion erakundearen ziurtagiri eguneratua, Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela ziurtatzen duena.
Erakunde eskatzailearen erantzukizun-deklarazioa, administrazio honi nahiz beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) adieraztekoa. Era berean, aitorpenean eskaera-dataren aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntza guztiak barne hartuko dira, baita eginda dauden baina ebazteko zain dauden eskaerak ere.
Erakunde eskatzaileak erantzukizunezko deklarazio bat egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz zehapen-prozedurei buruz, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.
Jarduera ekonomikoen zergaren kopia eta, hala badagokio, enpresak Gizarte Segurantzan alta eman izanaren partearen kopia.
Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.
Hirugarren interesdunaren datuen altari buruzko fitxa, erakunde eskatzaileak eta dagokion bankuak izenpetu eta zigilatuta.
Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.
Legez eratutako gizarte-ekonomiako elkarte-egitura batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
Entitate eskatzailearen erantzukizun-aitorpena, zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela adierazita; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako (otsailaren 18ko 4/2005) Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
Mailegu-kontratua, eta Elkarren Bermerako Sozietate baten abala, hala badagokio, eta era berean proiektuaren memoria ekonomiko bat, inbertsioaren aurrekontua, finantzaketa-plana, eta Kooperatiba edo Lan Sozietatea martxan jartzeko, zabaltzeko edo kontsolidatzeko inbertsioak beharrezkoak direla ziurtatzen duen egiaztagiria.
Enpresaren lege-ordezkariak egindako ziurtagiria, inoren konturako langileen izen-zerrendarekin, abizenak, izena, IFZren zk., lanaldi mota eta kontratu mota adieraziz. Inoren konturako langileak badaude, hori jakinarazi egin beharko da.
Enpresaren lege-ordezkariak egindako ziurtagiria, langile bazkideen izen-zerrendarekin, abizenak, izena, IFZren zk. lanaldi mota eta sozietate-harreman mota adieraziz: iraupen jakinekoa edo mugagabea, eta bazkide bakoitzak harpidetu eta ordaindutako kapitala.
Urtean zehar instalazio teknikoetan eta bestelako ibilgetu materialean egindako inbertsioaren ordainketa egiaztatzen duten fakturak edo behin betiko justifikagiriak. Eskaerak aurkezteko datan fakturak oraindik ordaindu gabe badaude, inbertsioen ordainketa-plana aurkeztu behar da.
Erakunde eskatzaileak inbertsioaren % 25eko edo kopuru handiagoko fondo propioak aurkeztu izanaren egiaztagiria. Egiaztapen hori kapitala eratzeko edo zabaltzeko eskritura publikoaren bitartez egingo da, edota Kooperatibaren lege-ordezkariak emandako ziurtagiriaren bitartez, zeinak fondo propioen zenbatekoa egiaztatuko duen. Era berean, azken bi ekitaldietako egoera-balantzea eta emaitzen kontua aurkeztuko dira, erakundea sortu berria denean salbu, kasu horretan dagokion erregistroan izena eman duen egunetik formulatutakoak aurkeztuz.
Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren fotokopia.
Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean, edo aurreko artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar egunetan akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hori egin ezean eskabideari uko egiten diola ulertuko dugu. Administrazioak, ordea, esanbidez erabaki eta jakinarazi behar du eskabideari buruzko ebazpena, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera (Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.
Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.
Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.
Agindu honen babesean egindako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan esanbidezko ebazpenik eta jakinarazpenik ematen ez bada, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko betebeharra ezartzen dion.
Publizitate-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenaren jakinarazpen espresa bazter utzi gabe, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendariaren ebazpenaz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakitera emango da xedapen honen babesean diru-laguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten.
Kooperatiba txikiek eta lan-sozietateek eskaera-dataren aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntza guztiei buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, baita eginda dauden baina ebazteko zain dauden eskaeren aitorpena ere.
Enpresa bati emandako guztizko «minimis» laguntza ez da 200.000 eurotik gorakoa izango hiru zergaldiko edozein alditan, Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 CE Erregelamenduan «minimis» laguntzei Ituneko 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari lotuta xedatzen denaren arabera (EBAO 2006-12-28). Agindu honetan arautzen den laguntzaren «de minimis» izaera duela aipatuko du diru-laguntza emateko banakako ebazpenak.
Agindu honetan bildutako diru-laguntzak ordainketa bakarrean egingo dira, emakidaren jakinarazpenaren biharamunetik hamabost egun igaro ondoren eta esanbidezko ukorik izan ez bada.
Agindu honen xedea betetzeko, berrogeita hamar mila (50.000) euroko gehienezko zenbatekoa bideratuko da, 2011ko ekitaldirako ordainketa-kreditu batean, eta zenbateko hori hala badagokio eguneratu ahal izango da, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-loturako erregimenaren edo aldaketa-erregimenaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuan. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek diru-laguntza jasoko dute. Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako diru-laguntzei.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu badira, betiere diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, edo, hala badagokio, administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko batek emandako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Aginduan erakunde onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte jasotako gehiegizko zenbatekoak.
Diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo agindu honetan, edo aplika daitezkeen gainerako arauetan, edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez badu betetzen, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak, Ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.
Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik 5.4 artikuluan adierazitako denboraz ez badio eusten elkarte-egitura baten barruko gizarte-ekonomiako enpresa izateari, jarduerak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du gauzatutako epea gutxienez hemezortzi (18) hilabetekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko emandako diru-laguntzaren zenbatekoa aipatutako denbora-epea amaitzeko falta zen denboraren proportzioan murriztuko da, eta onuradunak, jasotako gehiegizko kopurua itzuli beharko du.
Ezarritako arauak betetzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio jasotako diru-laguntza itzultzeko:
Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak erakunde onuradunari prozeduraren hasiera eta prozedura hori hasteko zioak jakinaraziko dizkio, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki irizten dituen alegazioak egiteko.
Alegazioak jaso edota alegaziorik aurkeztu gabe epea pasatu eta gero, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak itzulera-prozedura amaitutzat emango du, eta, aplikagarri den araudia urratu dela iritzi badio, erabakia emango du, kasua bada, dagozkion zenbatekoak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari bueltatzeko obligazioa deklaratzen duena. Dirua bueltatzeko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, erabakiaren jakinarazpenetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko aldiko epetzat joko da.
Dirua itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.
Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraiki ekin diezaion premiamendu-bidetik.
Lehenengoa. Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta agindu beraren aurka badago berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epean izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).
Bigarrena. Ondorioak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 3a.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


