Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko ekainaren 13koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, hainbat motako banakako diru-laguntzetarako deialdia egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren instituzio-eskaintzaz kanpoko prestakuntza-jardueretan parte har dezaten. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko ekainaren 13koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, hainbat motako banakako diru-laguntzetarako deialdia egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren instituzio-eskaintzaz kanpoko prestakuntza-jardueretan parte har dezaten.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 164
  • Hurrenkera-zk.: 4129
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/06/13
  • Argitaratze-data: 2011/08/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio unibertsitateaz kanpoko irakasleak prestatzeko agintzea eta irakasle moduan prestatzeko duten eskubidea eta betebeharra jagotea, lanbide-premien arabera behar bezala eta behar besteko kalitateaz presta daitezen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren III. Tituluko III. Kapituluan jasotzen denez.

Horregatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleak prestatzeko plana egiten du urtero. Plan horretan, alde batetik, prestakuntza-proposamenak egin ditu, unibertsitateaz kanpoko irakasleen lan-gaitasuna hobetzearren, eta, zehatz esateko, hezkuntza-sistema hobetzearren; eta, beste alde batetik, bideak irekitzen ditu irakasleek beren lanean sumatzen dituzten beharren eta egiten dituzten eskaeren araberako prestakuntza etengabea emateko.

Arlo horretan diharduten erakundeek irakasleen etengabeko prestakuntzarako eskaintzen dituzten jarduerak ugariak direnez, eta irakasleen interesak ere anitz direnez, bidezkoa da laguntza-sistema bat arautzea, irakasleen kolektiboek laguntzez nola baliatu behar duten zehazteko, jarduera-motaren arabera. Sistema horri jarraiki ezarriko dira eman daitezkeen gehienezko diru-kopuruak, laguntzak hobeto banatu eta jasotzaileen arteko txandakatze egokiagoa lortu ahal izateko.

Horiek horrela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onetsiak, bere VI. tituluko xedapenetan, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko diru-laguntzak arautzekoan, zehaztutakoarekin bat, honako hau

Banakako diru-laguntzetarako dei egitea Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle eta hezitzaileei, parte har dezaten 2010eko irailaren 1a eta 2011ko ekainaren 31 bitartean amaitu diren edo amaitzen diren prestakuntza-jardueretan, sailaren instituzio-eskaintzaz kanpokoetan. Horretarako 400.000 euro erabiliko dira.

Prestakuntza-ekitaldia zein den eta/edo non egiten den kontuan hartuta, laguntzak honela sailkatzen dira:

  1. Atzerriko hizkuntzetan prestatzeko ekintzak burutzeko laguntzak, egiten diren lekua edozein dela ere, eta presentzialak edo online diren kontuan izan gabe.

  2. Jarduera-esparru edo espezialitate bakoitzeko curriculumarekin zuzenean lotuta dauden prestakuntza-jarduerak egiteko laguntzak.

  1. Aurreko artikuluan adierazitako laguntza-motak zein diren, gehienez ere diru-kopuruak hauek jasoko dira laguntzetan:

    (Ikus .PDF)

  2. Honela kalkulatuko da eskabideei emateko laguntza: aurreko paragrafoan laguntza-mota bakoitzarentzat ezarri diren gehienezko zenbatekoak kontuan hartuta, baita 8. artikuluan aurreikusten diren gastu diruz lagungarriak ere.

  3. Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoak nahikoa izanez gero goian adierazitakoaren arabera kalkulatutako laguntzen guztizko zenbatekoari aurre egiteko, laguntza bakoitzari kalkulatu zaion zenbatekoaren arabera esleituko dira laguntzak. Bestela, hasieran emandako diru-laguntza proportzionalki murriztuko da, egon dagoen aurrekontura doitzeko.

Laguntzak bateraezinak dira euren artean, eta, beraz, ezin daiteke laguntza bat baino gehiago jaso deialdiko eta pertsonako. Bateraezinak dira, gainera, beste bideren batetik jaso litekeen beste edozein laguntzarekin, hots, europar programetakoekin eta bestelakoekin.

Irakasle edo hezitzaile hauek eskatu ahal izango dituzte laguntzak: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko zein pribatu itunduetan destinoa dutenak, edozein maila eta modalitatekoak, baita ikerketa eta irakaskuntzari laguntzeko zerbitzuetan jarduten duten irakasleek ere (Hezkuntzako Ikuskaritza, Hezkuntza-administrazioa, Berritzeguneak, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea, Ingurugiroarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegiak, Itsuen Baliabidetegiak, IRALEko zentroak eta Euskal Girotze Barnetegiak). 6. artikuluan adierazten diren baldintzak bete beharko dituzte.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira heziketa-zikloetako irakasleak eta hezitzaileak.

Erakundeek edo pertsonek ezin izango dute parte hartu agindu honen bidez araututako laguntza publikoaren deialdian, zigorrak ezartzen duen aldian, baldin eta zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena dela-eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean badaude, sexu-diskriminazioagatik eragindakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

  1. Jarduera gauzatu bitartean, eskatzaileak irakasle edo hezitzaile jardun behar du aurreko artikuluan aipaturiko edozein ikastegitan

  2. Hezkuntza-administrazioak berak antolaturiko antzeko prestakuntza-jarduerarik eskura ez izatea, edo, izatekotan, bertan parte hartzea eskatu eta onartu ez izana.

  3. Eskatzaileak lan egiten duen jardute-eremuko edo espezialitateko curriculumarekin zuzeneko lotura duen prestakuntza-jarduerak izatea edo atzerriko hizkuntzak hobetzeko jarduerak izatea.

  4. Jarduera ez sartzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erakunde antolatzaileari erabat diruz laguntzen dizkion jardueren artean.

  5. prestakuntza-ekintza 2010eko irailaren 1a eta 2011ko ekainaren 30a bitartean biak barne amaitzea.

  6. Jarduera lanorduetan egin beharrekoa bada, horretarako baimena izatea

Deialditik kanpo geratuko dira prestakuntza-jardueren eskabideak, Prestakuntza Proiektuen deialdiko baldintzak betetzen badituzte eta ikastetxe bereko zenbait irakaslek aurkezten badituzte. Era berean, kanpoan geratuko dira prestakuntza-jardueretarako eskabideak, baldin eta itunpeko ikastetxeetako elkarte/federazioentzako deialdian onartutako jardueretarakoak badira.

Matrikula edo inskripzio-gastuak oso-osorik lagundu ahal izango dira diruz, baina matrikularen kopuru horretatik kenduko da gainditu ez diren edo baliozkotu edo amortizatu diren irakasgaiei dagokien matrikula-zatia.

Agindu honen I. eranskinean azaltzen den eredu arautuaren arabera egingo da eskabidea. http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web orrian dago eskuragarri.

Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, agindu hau EHAAn argitaratu eta hilabeteko epean dokumentazio inprimatua aurkeztu beharko da norbere lantokiko lurraldean den Hezkuntza Berriztatzeko lurralde-burutzan, edo Zuzenean zerbitzuan (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Andia 13, 20003 Donostia-San Sebastián; Ramiro de Maeztu 10 behea,01008 Vitoria-Gasteiz) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan.

Eskabidea agiri hauekin batera aurkeztuko da:

  1. Egindako prestakuntza-jarduera gainditu dela adierazten duen egiaztagiria.

  2. Irakaskuntza-gastuen justifikazioa (matrikula, inskripzioa, hilerokoak, eta abar).

  3. Norberaren iritzi-txosten laburra (folio bat edo bi), ekitaldia nola gauzatu den azalduz

  4. Ikastetxeko idazkariaren ziurtagiria zuzendariaren oniritzia izan behar du eta II. eranskinaren arabera egingo da edo aurtengo ikasturteko irakastaularen kopia, idazkariak behar bezala alderatua.

    Laguntza-zentroetan diharduten irakasleek, berriz, zuzendariaren ziurtagiria aurkeztuko dute, Pedagogia Berrikuntzako lurralde-buruaren oniritzia duela.

    Hezkuntza Ikuskaritzan diharduten irakasleek dagokien barrutiko koordinatzailearen ziurtagiria aurkeztuko dute, Ikuskaritzako lurralde-buruaren oniritzi eta guzti.

  5. Deialdi honetako laguntza jasotzeko xede den jarduera hori bera egiteko beste inongo laguntzarik jaso ez dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

  6. Jarduera lan-orduetan egiten bada, parte hartzen uzteko baimen idatzia aurkeztu behar da.

  7. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazteko interesdunak ez duela zigor arloko zehapenik edo administrazio-zehapenik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten dionik, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, sexu-diskriminazioagatik eragindakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen ondorioz.

    Aurkeztutako eskabidean Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak akats edo okerren bat dagoela sumatzen badu, interesatuari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan. Epe hori igaro eta zuzentzen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 71.1 artikuluan zehazten den moduan ebazpena eman ondoren.

  1. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du deialdiaren behin-behineko ebazpena. Horretarako, batzorde batek aztertuko ditu eskabideak edo ebazpen-proposamena egingo dio zuzendari horri. Hauek izango dira batzorde horretako kideak: Irakasleen Hobekuntzako Administrazio Ataleko burua, batzordeburu lanetan, Pedagogia Berrikuntzarako lurraldeburuak edo euren ordez doazenak, Irakasleen Hobekuntzako Administrazio Ataleko beste bi funtzionario eta irakasleen ordezkariak, baina, betiere, unibertsitateaz kanpoko irakasle publikoentzako hitzarmenaren baldintzak betez.

  2. Behin-behineko ebazpena Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan emango da argitara agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita bost hilabeteren buruan. Ebazpen horrek hau adieraziko du:

    1. Laguntza emanez gero eskuratuko den zenbatekoa.

    2. Laguntza ematea bidezkoa ez dela jotzen bada, ezezkoa emateko arrazoia.

    3. Osatu beharreko agiriak, agiriak falta direlako ebatzi ezin bada.

  3. Ebazpen horren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari 10 egun balioduneko epean, argitaratzen denetik

  1. Behin betiko ebazpena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du behin-behineko ebazpena argitara eman zenetik hilabeteko epean, eta EHAAn argitaratuko da. Behin betiko ebazpenean honako hauek jasoko dira:

    1. Laguntza emanez gero eskuratuko den zenbatekoa.

    2. Osterantzean, ezezkoa emateko arrazoia.

  2. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dio Hezkuntzako sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazpen hau jasotzen duen egunaren biharamunetik aurrera, hori ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan.

  3. Agindu hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean deialdiaren ebazpenaren jakinarazpenik jaso ezean, interesatuek eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen gaineko 30/1992 Legeko (30/1992 Legea hein batean aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak) 44.1 artikuluaren ondorioetarako.

Behin betiko ebazpena eman ondoren ordainduko da laguntza, dena batera.

Diru-laguntza eskatu eta eman zen berariazko helbururako erabiltzen ez badu onuradunak; diru-laguntza emateko zergatia izan zen jarduera burutzen ez badu; finkaturiko xedeetan erabili duela justifikatzen ez badu, edo, modu batera edo bestera, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuko 50. artikuluan, agindu honetan edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako eginbeharrak betetzen ez baditu, jasotako diru-kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako lege-interesak ere. Horretarako, 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan eman diren diru-laguntzen berme eta itzulketak arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakundeen baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituenak xedatutako jardunbideari jarraituko zaio, bidezkoak izan daitezkeen gainerako ekintzen kaltetan joan gabe. Kopuru horiek diru sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuko dira («irakasleen baimena» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduradun. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz.

Lehenengo artikuluan ezarritako zenbateko orokorra aldatu egin daiteke ebazpenak eman baino lehen, kontuan hartuta, batetik, guztira eskatutako laguntza-kopurua eta, bestetik, ea aurrekontu-baliabiderik agortu gabe geratu den Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko beste laguntza-programa batzuk burutu ostean. Hori gertatuz gero, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuz jakinaraziko da.

Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Bigarrena. Jardunbideari dagokionez, agindu honetan ezarri ez den edozertan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea hartuko da aintzat.

Hirugarrena. Baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari agindu hau garatzeko eta erabiltzeko behar diren jarraibide guztiak emateko

Laugarrena. Agindu honek argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 13a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik