Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko ekainaren 14koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez onesten dira Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe nagusiei laguntzak emateko arauak eta 2011ko ekitaldian eskabideak aurkezteko deialdia. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko ekainaren 14koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez onesten dira Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe nagusiei laguntzak emateko arauak eta 2011ko ekitaldian eskabideak aurkezteko deialdia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 127
  • Hurrenkera-zk.: 3446
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/06/14
  • Argitaratze-data: 2011/07/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez (abenduaren 30ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 250. zenbakia) onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011. urteko Aurrekontu Orokorreko 4223 programan unibertsitateko irakaskuntzari buruzkoan zenbait neurri ezarri dira unibertsitatearen arloko ekimen eta jarduera osagarriei laguntzeko, eta horietako bat da ikastetxe nagusietako diru-laguntzen deialdia.

Hiru dira laguntza horien helburuak:

  1. Ikastetxe nagusietako ikasle egoiliar eta atxikitakoak kulturaren eta zientziaren arloetan prestatze aldera, ikastetxe horien jarduerak finantzatzea.

  2. Diru-baliabide gutxi dituzten unibertsitate-ikasleak ikastetxe nagusietan egoitza izan dezaten ahalegintzea.

  3. Prestakuntza jardueretarako eta unibertsitate-ikastetxe horiek ekipatzeko diren ondasun inbentariagarriak finantzatuz, ikastetxe nagusiei laguntza eskaintzea bizirauteko.

    Diru-laguntza programa honen bidez laguntza ematen zaie ikastetxe nagusi horiei, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian agindutako eginkizunak bete ditzaten, hau da, laguntzea unibertsitateko ikasleei egoitzak eskaintzen, ikasle horien kultura- eta zientzia-prestakuntza sustatzen eta euren jarduerak unibertsitateko komunitatearen zerbitzura jartzen.

    Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA, 11. zenbakia). Dekretu horretako VI. eta VII. tituluak III. Kapitulua EAEko Administrazio Publikoaren laguntza eta diru-laguntzen erregimenari eta arlo horretako arau-hauste eta zehapenen erregimenari buruzkoak dira. Hortaz, titulu horietan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 2/2009 Legean eta aplikazio orokorrekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako hau

  1. Deialdi honen xedea da 2011. urtean zehar ikastetxe nagusietan sortzen diren gastuak finantzatzeko laguntzak arautzea eta ematea, 4. artikuluan adierazten diren ekintzak egin ditzaten.

  2. Deialdi hau 11. artikuluan eta hurrengoetan finkatutako banaketa proportzionalaren sistemaren arabera ebatziko da.

  1. Deialdi honetarako jarritako zenbatekoa 103.171 eurokoa da, eta helburu horretarako abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorreko 4223 programan unibertsitateko irakaskuntzari buruzkoan izendatutako aurrekontu kredituen kargura habilitatu da.

  2. Aurreko paragrafoan adierazten den zenbatekoa handitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren agortu gabe gerta litezkeen aurrekontuen arabera, eta, betiere, laguntza horiek ebatzi aurretik. Horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

  1. Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunak unibertsitate-zentroen titular diren pertsona juridiko publiko zein pribatuak izan daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

    1. Legez aitortuta egotea unibertsitateko ikastetxe nagusi gisa.

    2. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

  2. Onuradun juridikoek bete egin beharko dituzte indarreko legeriak diru-laguntza publikoen onuradun izateko eskatzen dituen betekizun orokorrak, egokitasun subjektiboari dagozkionak. Orobat, ez dira ez penalki ez administratiboki zigortuta egongo diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eta ez dira egongo laguntzak jasotzea eragozten dien inolako lege-debekuren pean sexuagatiko diskriminazioa egiteari dagozkionak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki.

  1. Deialdi honen bidez emandako laguntzen erakunde onuradunek laguntzak zuzendu egin beharko dituzte artikulu honetan zehazten diren portzentajeetan zuzendu ere ikastetxe nagusiek egiten dituzten ekintza hauen gastuak finantzatzera:

    1. Prestakuntza-jarduerak egitea.- Laguntzaren % 25: egoitzako ikasleak kulturan eta zientzian prestatzen laguntzeko jarduerek unibertsitateko komunitatean eragina dutenek sortutako gastuak finantzatzeko, betiere unibertsitateko erkidegoaren onerako badira.

    2. Bekak ematea.- Laguntzaren % 50: ikasle-egoitzan bizi diren ikasleetatik baliabide ekonomiko gutxien dituztenei egoitzarako bekak edo laguntzak emateko 2011-2012 ikasturtean.

    3. Ondasun inbentariagarriak erostea.- Laguntzaren % 25: diruz lagundutako ekintzetarako edo ikastetxe nagusiko ekipamendurako beharrezkoak diren ondasun inbentariagarriak erosteko.

  2. Emandako diru-laguntzari egozten zaizkion gastu guztiak 2011. urtean sortu behar dira. Artikulu honen 1.b) idatzi-zatian ezarritako zenbatekoaren kontura ematen diren egoitza-bekak 2011-2012 ikasturterako dira, eta 2012ko urtarrilaren 1a baino lehenago jakinarazi beharko zaizkie ikasleei, onuradunei eta ordezkoei.

  3. Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

    1. Egoitzako ikasleen egoitza- edo mantenu-gastuak eta bidaietan edo joan-etorrietan egiten dituztenak, salbu egoitza nagusien kirol-topaketak sortutakoak.

    2. Zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

  4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren logotipoa agertu behar da diruz lagundutako ekintzen publizitate eta propaganda guztian, deialdi honetako 15. artikuluko d) idatzi-zatian ezarritakoari jarraiki.

  1. Interesdunek agindu honen eranskinean ageri den eskabide eredu normalizatuan egin behar dute eskaera, eta, agindu honetako 7.1 artikuluan eskatutako agiriekin batera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean aurkeztu beharko da (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz).

  2. Herritarrari Arreta Eskaintzeko Zerbitzuan ere (Zuzenean, www.zuzenean.euskadi.net) aurkeztu ahal izango da, honako helbide hauetan:

    • Araba: Samaniego, 2; 01008 Vitoria-Gasteiz. - Bizkaia: Kale Nagusia, 85; 48011 Bilbao. - Gipuzkoa: Andia, 13; 20004 Donostia.

  3. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan ezarritako prozeduren bati eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoari jarraituz (2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zenbakia).

  4. Posta-bulegoen bidez egiten den eskabidea gutunazal irekian aurkeztu beharko da, ziurtatu aurretik eguna jarri eta zigilatu dadin, horrela ezartzen baita posta zerbitzuak arautzen dituen Araudia onartzeari buruzko abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuko 31. artikuluan, hain zuzen ere Posta-Zerbitzu Unibertsala eta Posta-Zerbitzuak Liberalizatzeari buruzko uztailaren 13ko 24/1998 Legean ezarritakoa garatuz (1999ko abenduaren 31ko BOE).

  5. Eskabide formularioak deialdiari buruzko Interneteko helbide honetatik: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net inprimatu daitezke.

  1. Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko eta 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, eskabide formularioan edo laguntza eskatzeko edo esleitzeko espedientearen parte izan behar duen agirietan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzako «Laguntzak eta diru-laguntzak» dioen 1 zenbakiko fitxategiari atxikiko zaizkio, zein Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduz arautu baitzen (2010eko azaroaren 5eko EHAA, 216. zenbakia).

  2. Aurka egin, sartu, zuzendu edo ezabatzeko eskubideak eta indarreko legeek pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkieten gainerakoak, Unibertsitate Sailburuordetzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz).

  3. Ikasle bekadunen datu pertsonalak ere fitxategi automatizatu berean sartuko dira. Beraz, horren berri eman beharko zaie, Agindu honen 17.1 artikuluaren c) idatzi-zatian azaltzen diren ondorioetarako.

  1. Eskabidearekin batera honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

    1. Legezko ordezkariaren NANa.

    2. Legezko ordezkaritzaren frogagiria.

    3. Ikastetxe nagusiaren 2011ko aurrekontua edo, behar denean, 2010-2011 ikasturtekoa.

    4. Zergen arloko betebeharrak bete direla egiaztatzen duen frogagiria.

    5. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete direla egiaztatzen duen frogagiria.

  2. Ikastetxe nagusiak 2009-2010 ikasturtean egindako prestakuntzako jardueren oroitidazkia. Memoria hori edizio inprimatuan badago, horren ale bat bidaliko da.

  3. Aurreko 1 paragrafoan exijitu diren agiriak, horien jatorrizkoak ez badira aurkezten, behar bezala konpultsatuta egon beharko dute. Baldin eta eskatzen diren agiri horiek dagoeneko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren esku badaude, interesdunek horren berri eman dezakete eskabidean. Halakoetan, eskatzaileak adierazi beharko du zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen, edo, bestela, zein organo edo bulegok eman zizkion, hartara Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 35. artikuluaren f) idatzi-zatian ezarritakoa aplika ahal izan dakien.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. eta 71. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriaz, Unibertsitate Zuzendaritzak atzematen badu aurkeztutako eskabidean akats edo hutsen bat dagoela, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala hutsa, edo behar diren agiriak aurkeztu ditzala hamar egun balioduneko epean, aditzera emanez ezen, horrela jokatzen ez badu, jarritako epearen barruan ukatuko egingo zaiola eskabidea, aldez aurretik behin betikotasunez emandako ebazpenez.

Deialdi hau kudeatzeko eginkizuna Unibertsitate Zuzendaritzarena da.

Irizpide hauen arabera zehaztuko dira laguntzak:

  1. Oinarrizko finantzaketa.- Aurreko 2.1 artikuluan jasotako eran, deialdi honetara zuzendutako ehuneko hirurogei deialdian interesa duten ikastetxe nagusien kopuruaren proportzio zuzenean banatuko da, betiere eskatutako betekizunak betetzen badituzte.

  2. Egoitzako plazen kopurua. Deialdi honetara zuzendutako zenbatekoaren ehuneko berrogeia proportzio zuzenean banatuko da ikastetxe nagusietan 2010-2011 ikasturtean eskainitako egoitza-tokien artean.

Diru-laguntza zenbatekoa den jakiteko, agindu honen 11. artikuluan ezartzen diren irizpideak, banaketa proportzionalari buruzkoak, aplikatuko dira.

  1. Deialdi hau gehienez ere sei hilabeteren barruan ebatziko da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako epe horren barruan ebazpenik egon ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi, Lege horrek administrazioari berariaz ebazteko obligaziorik ezartzen ez dionik.

  3. Unibertsitate Zuzendaritzak proposatuta, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango du deialdiko diru-laguntzen gaineko ebazpena.

  4. Eskatzaileei eta, hala behar izanez gero, beste interesdun batzuei banaka jakinaraziko zaie deialdi honen ebazpena.

  5. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak eta haietan gertatzen diren aldaketak.

  1. Laguntzak hiru epetan ordainduko dira:

    1. Lehenengo ordainketa.- % 40 laguntza onartutakoan ordainduko da, betiere agindu honen 17.a) artikuluan ezarritakoaren arabera onartu eta gero.

    2. Bigarren ordainketa.- Laguntza-zenbatekoaren % 50ekoa izango da, eta 2011ko azaroaren 15a baino lehenago igorriko da egoitza-beketarako.

    3. Hirugarren ordainketa.- Laguntza-zenbatekoaren % 10 laguntza esleitutako laguntza justifikatu eta gero ordainduko da.

  2. Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubideari eutsiz bermatuko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen itzulketen eta bermeen araubide orokorra arautu zen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezarri ziren.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak orokorki aipatzen dituen obligazioez gain, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek obligazio hauek bete beharko dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntza eman dela jakinarazteko komunikazioa jasotzen denetik harako hamar eguneko epearen barruan, entitate onuradunek idatziz eta berariaz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartutzat joko da.

  2. Diru-laguntza zenbait ekintzen gastuak ordaintzeko emanda bada, bada horretarako ez beste ezertarako erabiltzea, 4. artikuluan finkatutakoari jarraiki.

  3. Egoitza-beka edo -laguntzak emateko, publikotasun, lehia eta objektibotasun printzipioak aplikatuko dira.

  4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren logotipoa agertzea diruz lagundutako ekintzen publizitate edo propaganda guztian. Inprimatzeko eta ondo ikusteko moduan agertuko da logotipoa, hala agintzen baitu Eusko Jaurlaritzako erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak (1999ko urriaren 26ko EHAA, 205. zenbakia).

  5. Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera funtsean aldatzen duten gorabeheren berri ematea, eta deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea Unibertsitate Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, erakunde horiek beren eginkizunak betez eskatzen baldin badiete.

    10. artikuluan aditzera ematen den laguntza kudeatuko duen organoari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

  1. Agindu honetan araututako diru-laguntzekin batera beste erakunde publiko zein pribatu guztiek helburu bererako emandako bestelako diru-laguntza edota unibertsitateko laguntza edo bekak jaso daitezke, baldin eta pilaketak gainfinantzaketarik eragiten ez badu.

  2. Deialdi honetan emandako laguntza eta helburu bererako beste diru-sarrerak bat eginda sortzen den kopurua inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren edo laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa. Hori gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa behar den beste murriztuko da eta onuradunak diru-laguntzaren zenbatekoa aldatzen duen ebazpenean ezartzen den kopurua itzuli beharko du.

  1. Diru-laguntza zertarako erabili den justifikatzeko, agiri hauek bidali beharko dira Unibertsitate Zuzendaritzara 2012ko martxoaren 31 baino lehenago:

    1. Memoria bat. Bertan deskribatu egingo dira jasotako diru-laguntzaren kontura egindako gastuak eta prestakuntza-ekintzak.

    2. Agindu honen 4. artikuluaren a) eta c) idatzi-zatietan aipatzen diren prestakuntza-jardueren edo erositako ondasun inbentariagarrien gastuen faktura originalak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak. Horiekin batera, zerrenda bat ere aurkeztuko da, faktura bakoitzaren xehetasunak bereizita adierazten dituena, deialdi honen organo kudeatzaileak horretarako prestatutako datu-orrien arabera.

    3. Ikastetxe nagusiko zuzendariaren aitorpen sinatua. Bertan honako hauek zerrendatuko dira: ikastetxe nagusiaren egoitzako agindu honen 4.1.b) artikuluan ezarritakoa aplikatuta kuotetarako laguntza edo beka jaso duten ikasleen zerrenda, abizenak, izena eta NANa, alfabetikoki ordenatuta. Zerrenda horretan zehaztu egingo da nork zenbat jaso duen. Dena dela, beste erakunde publiko zein pribaturen batek bekarik edo laguntzarik eman badiete ikastetxe nagusiko ikasle bekadunei, erakunde horren izena ere zehaztuko da.

    4. Agindu honetan ezarritakoa aplikatuta emandako egoitza-laguntzak emateko oinarriak.

    5. Aitorpen sinatua, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izanari buruzkoa.

  2. Agindu honen 6.3 artikuluan azaltzen diren ondorioetarako, aurreko 1.c) idatzi-zatian adierazitako aitorpenarekin batera, ikasleek idatziz emandako baimena jaso beharko da, hain zuzen ere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari uzteko agirietan azaltzen diren datu pertsonalak erabiltzen uztekoa.

  3. Era berean, ikastetxe nagusiaren 2011ko edo, behar denean, 2010-2011 ikasturteko aurrekontuen kitapena bidali behar diote Unibertsitate Zuzendaritzari, eskumena duen organoak onetsitakoan. Diru-sarreren atalean deialdi honen kargura emandako diru-laguntzaren zenbatekoa agertu behar da, bereiz.

  4. Fakturen eta ikasle bekadunen zerrendak kalkulu-orriko (Excel) formatuan kopia elektroniko baten bidez bidaliko dira.

Diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzeak edo, honekin batera, beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik diru-laguntzak eta laguntzak jasotzeak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, deialdi honetan laguntzen onuradun izateko finkatutako gutxieneko betekizunekin bat etorrita betiere. Ondorio horietarako, Unibertsitate Zuzendaritzak aldatzeko ebazpen bat emango du, eta bertan diru-laguntzen zenbatekoa doituko da.

Diru-laguntza ematea eragin zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatzen bada, jasotako diru-kopurua eta legezko interesak itzuli beharko ditu ikastetxeak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak 53. artikuluan xedatutakoaren arabera eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari jarraiki.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik