Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko ekainaren 22koa, Kulturako sailburuarena; honen bidez, kultura-arloko jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta kultura-ekintza bereziak antolatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri, eta 2011rako deialdia egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko ekainaren 22koa, Kulturako sailburuarena; honen bidez, kultura-arloko jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta kultura-ekintza bereziak antolatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri, eta 2011rako deialdia egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 135
  • Hurrenkera-zk.: 3592
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/06/22
  • Argitaratze-data: 2011/07/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta horien zabalkundeari dagozkionak Kultura Sailaren eskumenekoak dira, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren arabera (2009ko maiatzaren 9ko EHAA, 86. zk.). Aipatutako zereginak, Kultura Sailaren barruan, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkio, betiere Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2011ko martxoaren 25eko EHAA, 59. zk.).

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, egokia da jardunbide bat ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta kultur-ekintza bereziei laguntzeko. Jardunbide hori, bestalde, zuzendaritza horren eskumenen esparruan sartzen da, eta hainbat kultura-arlotan jarduerak antolatzeko diru-laguntzak eskainiz gauzatzen da, bereziki, honako arlo hauetan: ikus-entzunezkoak, antzerkia, dantza, musika, ikusmen-arteak eta literatura. Hartara, formula bat bultzatu nahi da kultura-produkzioaren adierazpen guztiak gizarte osoaren eskura jartzeko.

Hori dela-eta, honako hau

  1. Agindu honen xedea da kultura-arloko jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta kultura-ekintza bereziak antolatzeko 2011ko ekitaldiko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea, bereziki honako kultura-arlo hauetan: ikus-entzunezkoak, antzerkia, dantza, musika, ikusmen-arteak eta literatura. Kultura-ekintzok espezializazio- edo berezitasun-maila handikoak izan behar dira, eta interes berezia sortu, Euskal Autonomia Erkidegoko kulturaren eremuan.

  2. Diru-laguntzak jasotzeko, jarduerek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Erakunde antolatzailearen jatorria zein den gorabehera, programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

    2. Diru-laguntzen deialdi honetara aurkeztutako programek edo jarduerek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute. Hori egiaztatzeko, aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da, eta hartan, batetik, gastu- eta sarrera-zenbatekoak parekoak izan beharko dira eta, bestetik, agindu honen 7. artikuluan ezarritako finantzazio-mugak bete beharko dira.

  3. Deialditik kanpo geratuko dira:

    1. Kultura-programazio orokorrak; alde horretatik, diru-laguntzen deialdira aurkezteko, jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta ekintza berezi zehatzak aukeratu beharko dituzte eskatzaileek, beren programazioetatik.

    2. Dokumentazioa aztertuta, Balioespen Batzordearen iritziz, gehien bat tokiko edo eskualdeko zabalkundea duten jarduerak.

    3. Dokumentazioa aztertuta, Balioespen Batzordearen iritziz, kultura-eduki nabarmenik ez duten jarduerak, hau da, kultura-arloren batekin eta, batik bat, honako arlo hauetakoren batekin loturarik ez daukatenak: ikus-entzunezkoak, antzerkia, dantza, musika, ikusmen-arteak edo literatura.

  1. Agindu honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira; hartara, diru-laguntzak jasotzeko ezartzen den gehienezko muga errespetatuta, eta hautaturiko proiektuen dimentsioa aintzat hartuta, jardueren kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatzeko moduko onuradun kopurua baino ez da hautatuko, ezarritako irizpideen arabera betiere.

  2. Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak finantzatzera bideratutako kredituaren zenbatekoa, guztira, laurehun eta laurogeita hamar mila (490.000) eurokoa izango da; zenbateko hori ezin izango da handitu.

  1. Agindu honen kargura diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte, aginduan bertan adierazten diren kultura-arloetan jarduerak edo programak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek publiko nahiz pribatuek.

  2. Onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako ezaugarri bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze-prozedura edo zehapen-prozedura.

  3. Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu, kasuan-kasuko zehapenak ezarritako epean, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu duten entitateak, zigor administratibo edo penalen bat jasotzeagatik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekua izateagatik, sexu-bereizkeria dela-eta egoera horretan daudenak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean araututakoarekin bat etorriz.

Agindu honetako diru-laguntzak eskuratzeko eskabideak I. eranskinean azaltzen den inprimaki-ereduaren arabera formalizatuko dira, eta hartan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira nahitaez. Eskabideok Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio, zuzenean edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide erabilita. Halaber, aplikagarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua (2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zk.); dekretu horrek aukera ematen die herritarrei eskabideak, idazkiak edo jakinarazpenak edozein herri-administraziotako edozein organotan aurkez dezaten dekretuko eranskinetan zehazten diren erregistroak erabiliz batez ere, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, dekretuan bertan ezarritako moduan betiere. Deialdi honetan ez dago aurreikusita eskabideak bide telematikoz aurkezteko aukera eskaintzerik.

  1. Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  2. Aurkeztutako eskabideak eta gainontzeko agiriak aztertu ondoren, formazko akatsen bat dagoela atzemanez gero, edo balioesteko aurkeztutako agirietan akatsen bat dagoela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona fisiko edo juridiko interesatuari, akatsak zuzendu ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela joko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio. Orobat, dokumentazioa aztertu ondoren, agiriren bat falta dela ikusten bada, aipatutako epean akatsa zuzentzeko eta nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, izapide horretarako eskubidea galdu duela joko dela.

  3. Agindu honetan araututako prozeduraren gehienezko iraupena lau hilabete izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan arautu eta deitutako laguntzak kudeatzea.

  1. Agindu honetara biltzen diren programek edo jarduerek jasoko duten diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango aurkeztutako aurrekontuaren % 50etik gorakoa.

  2. Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede bera betetzeko ematen dituztenekin, baina ezin da inolaz ere gain-finantziaziorik gertatu; kasu horretan, bidezkoa izango da diru-laguntza murriztea, diruz lagundutako jardueraren guztizko kostuaren mugaraino.

  1. Aurkeztutako proiektuak balioesteko eta, ondorioz, hautatu behar diren ala ez erabakitzeko eta diru-laguntzen zenbatekoak zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira:

    1. Jardueraren interes kulturala eta kalitate artistikoa (puntuazio osoaren % 45, gehienez). Proiektu bakoitzean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, batez ere:

      1.- Kultura intereseko elementuak:

      • Jardueraren garrantzi kulturala.

      • Jarduera zenbat ediziotan garatu den, eta gizartean zenbateraino dagoen erroturik.

      • Jardueraren eremu-hartzailean antzekorik ez egotea.

      • Gaiaren aldetik, berritzaile izatea.

      • Proiektua garatzeko moldea hartzaile berriak erakartzeko modukoa izatea, batez ere haur eta gazteen artean.

      • Emakumeek proiektuan ekarpen eta partaidetza profesionala izatea eta, oro har, generoaren ikuspegia integratuta egotea.

        2.- Kalitate artistikoko elementuak:

      • Proiektuan parte hartzen duten talde artistiko eta teknikoak.

      • Antzeztu edo proiektatuko diren lanak edo eduki kulturalak.

      • Lan eta eduki horiek egokitzeko modua eta proiektuaren garapena.

      • Proiektua taularatzeko proposamena.

    2. Aurkeztutako aurrekontu orokorraren arabera, emankizuna zein neurritan autofinantzatzen den, edo finantzazio pribatua duen (puntuazio osoaren % 30, gehienez). Alde horretatik, positiboki balioetsiko dira:

      • Jarduera osorik garatzeko finantzazio-alternatibak aurkeztea; izan ere, baliteke eskatutako laguntza osoa ez estaltzea Kultura Sailaren finantzatze-proposamenak.

      • Eskaera egiten den edizioaren aurrekoan, beste erakunde publiko batzuek egindako ekarpena.

    3. Euskara erabiltzea (puntuazio osoaren % 15, gehienez).

    4. Jarduera zein lurralde-esparrutara zuzendurik dagoen, eta ekintzak nolako zabalkunde eta oihartzuna izango duen kanpoan (puntuazio osoaren % 10, gehienez). Jarduerak lurraldeen arteko oreka lortzeko egiten duen ekarpena ere balioetsiko da.

  2. Aurreko paragrafoan ezarritako irizpideak aplikaturik, puntuazio osoaren % 50 lortzen duten proiektuak bakarrik hautatuko dira.

  3. Hautatutako proiektuen artean bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa sistema proportzionala ezarriko da, era honetan: deialdiaren kreditu osoaren zenbatekoa, 1. puntuan agertzen diren irizpideei jarraituz balioespen-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, modu proportzionalean eta Kultura Sailari eskatutako kopuruari aplikatuta, betiere 7. artikuluan ezartzen diren gehienezko mugak errespetatuz.

  1. Balioespen Batzorde bati egokituko zaio aurkezten diren eskabideak ebaluatzea, dagokion ebazpen-proposamena hartzea, loteslea izango ez den arren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igortzea.

  2. Balioespen Batzordea kide hauek osatuko dute:

    • Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, edo hark izendatutako ordezkoa.

    • Batzordekideak: Kultura Saileko hiru teknikari, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendaturik.

    • Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendaturik ere, hitzarekin baina botorik gabe arituko dena.

      Balioespen Batzorde horren osaera EHAAn argitaratuko da, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen bidez. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa bete beharko da.

  3. Eskabideak behar bezala ebaluatu ahal izateko, Balioespen Batzordeak, beharrezko jotzen duen bakoitzean, egoki iritzitako argibideak azaltzeko eskatu ahal izango die eskabidegileei, eta, era berean, jardueren arduradunekin elkarrizketak egin ahal izango ditu.

  4. Ebazpen-proposamena diru-laguntza ematearen aldekoa denean, bertan honako datu hauek adierazi beharko dira, gutxienez:

    1. Erakunde, enpresa, elkarte edo pertsona onuraduna.

    2. Diruz lagunduko den jarduera.

    3. Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

    4. Agindu honetan ezarritako beste edozein betebehar, diru-laguntza jasoko duen proiektua gauzatuko dela bermatze aldera betiere.

  1. Balioespen Batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak ebatziko ditu aurkeztutako eskaerak.

  2. Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpena ebazpen-proposamenarekin bat ez badator, ebazpen hori hartu duen organoak arrazoitu egin beharko du.

  3. Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie banan-banan, eta, gainera, onuradunen zerrenda osoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen bidez; zerrenda horrekin batera, agindu honen babesean diruz lagundutako jarduerak eta emandako diru-laguntzen zenbatekoak ere argitara emango dira.

  4. Ebazpena baiezkoa denean, agindu honetako 9.4 artikuluko zehaztapenez gain, honako hauek ere adieraziko dira: ordaintzeko era eta epeak, justifikatzeko era, eta agindu arautzaile honetan nahiz orokorrean aplikatzekoa den araudian eskatzen diren baldintzak eta betekizunak.

  5. Ebazpena bi hilabeteko epean jakinaraziko zaie interesatuei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

    Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, agindu honetako 5. artikuluan hutsen zuzenketei buruz ezarritakoa aplikatzekoa denean, ebazpena emateko epea etenda geratuko da izapide hori bukatu arte, betiere jakinarazpena noiz jaso den eta zuzentzeko epea zein den aintzat hartuta.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntza jaso dutela nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoetan. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

  2. Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Onuradunek espresuki eta idatziz adierazi ahal izango dute onarpena. Hala egin ezean, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten zaien egunetik hamabost eguneko epean diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

  3. Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako, salbu eta 6. atalean aldaketen onarpenari buruz ezarritakoa aplikatzekoa bada.

  4. Ikuskatze-lana egiteko beharrezko duen dokumentazioa eman beharko diote Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatuko direla bermatze aldera.

  5. Agindu honen babesean jasotako diru-laguntzei dagokienez, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren jardunean eskatzen dieten argibide oro eman beharko dute onuradunek.

  6. Aurkeztutako proiektuaren gainean aldaketarik eginez gero, idatziz jakinarazi beharko diote Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, gehienez hilabeteko epean, esleipenari buruzko ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera. Zuzendaritzak, bestalde, 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko, aldaketaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasita. Epe hori igarota erantzun ez badu, aldaketa onartu dela ulertuko da.

  1. Agindu honetan araututakoaren kargura ematen diren diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, honako prozedura honen arabera:

    • Lehenengo ordainketa, justifikazioari aurreratua, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 75ekoa: diru-laguntza onartu eta hilabeteko epean egingo da, jardueren bideragarritasuna bermatzeko, betiere agindu honetako 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    • Bigarren ordainketa, hau da, azkena, gainontzeko % 25ekoa: jardueraren gastua eta beste alderdi batzuk justifikatu ondoren egingo da, hala badagokio, betiere agindu honetako 13.1 artikuluan zehaztutako moduan.

  2. Aurreko paragrafoan xedatzen dena alde batera utzi gabe, esleipen-ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denean jarduera dagoeneko bukatuta badago, diru-laguntza osoa ordainketa bakar batean ordaindu ahal izango da, betiere agindu honetako 13.1 artikuluan ezarritako moduan justifikatu ondoren. Hala ere, horretarako, jarduera exekutatu dela eta aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren arabera gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira eskabidean, nahitaezko gainerako agiriekin batera.

  1. Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek, diruz lagundutako jarduerak amaitu ondoko bi hilabeteko epean, eta, edonola ere, 2011ko abenduaren 31 baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Jarduera egin ondorengo memoria; bertan, gutxienez, agindu honetako 8.1 artikuluan ezarritako balioespen-irizpideak bete direla aipatu beharko da.

    2. Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda eta balantzea. Gainera, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuarekin bat etorriz, gastu eta diru-sarrera horien faktura edo ordainagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo Kultura Sailaren lurralde-zerbitzuetan konpultsatutako fotokopiak. Diru-laguntzaren zenbatekoa ez bada jardueraren gastu-aurrekontu osoaren % 30etik gorakoa, justifikatu beharreko gastuak ere ez dira izango diru-laguntzaren zenbateko horretatik gorakoak. Halako kasuetan, jardueraren gastu zein diru-sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da; onuradunak, gainera, konpromisoa hartuko du jardueraren guztizko gastuaren justifikazioa Kultura Sailaren eskura jartzeko, erakunde honek hala eskatzen badio. Hartara, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatu ahal izango dira laginketa-tekniken bidez, eta diru-laguntza egoki aplikatu den jakiteko froga nahikoak lortuko dira. Horretaz gain, hasiera batean aurkeztu gabeko frogagiriak aurkezteko eskatu ahal izango zaio onuradunari.

    3. Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein laguntzaren zerrenda.

    4. Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta bestelako material grafikoen edo entzunezkoen hizkuntza bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesaren aipamena espresuki adierazita agertu behar da.

  2. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik ere beste laguntza edo diru-laguntzaren bat jaso bada, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, hala badagokio, likidazio-ebazpena emango du betiere, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera aurkeztu diren agiriak ikusirik, eta aurkeztu diren proiektuetako aldaketez eta horien jakinarazpenaz 11.6 artikuluan ezartzen dena kontuan harturik, diru-laguntzaren helburua bete dela jotzen bada, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diru-laguntzak itzultzeko ezartzen duen prozedurarekin bat etorriz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

  1. Baldintzak ez direla bete ulertuko da honako kasu hauetan:

    1. Jasotako diru-laguntza, osorik edo partez, agindu honetan ezarrita ez dauden jardueretarako erabiltzea.

    2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, esleipen-ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.

    3. Diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

    4. Diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako jarduera aldatzea, osorik edo partez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak horretarako onespenik eman gabe agindu honetako 11.6 artikuluan adierazten den eran.

    5. Bestelako xedapenetan ezarritako baldintza orokorren bat ez betetzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura laguntza publikoak eskuratzen dituztenentzat ezarrita dagoen arau-hauste erregimenaren menpe egongo dira laguntza hauen onuradunak kasu guztietan.

  3. Artikulu honetan adierazitako egoeraren bat gertatu dela egiaztatzen baldin bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-zenbatekoak eta dagozkien lege-interesak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako moduan, eta horietan ezarritakoa beteta.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik