- AGINDUA, 2011ko ekainaren 22koa, Kulturako sailburuarena, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko ekainaren 22koa, Kulturako sailburuarena, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 137
- Hurrenkera-zk.: 3635
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/06/22
- Argitaratze-data: 2011/07/19
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Informazio etak komunikazioak; Ekonomia
Testu legala
Euskadiko liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen bitartez sortutako Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareari dagokio, beste eginkizunen artean, liburutegientzat laguntza-programak eta zerbitzuak jartzea, bereziki informatika-sareak osatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak antolatzeko, funtsak eskuratzeko eta beste helburu batzuetarako.
Bestalde, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareari dagozkion egitekoak garatu eta gauzatzea, bai eta ondare bibliografikoaren eta liburutegien alorrean diren beharrak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea eta liburutegien eta ondare bibliografikoaren alorreko politika kudeatzea, horretarako beharrezko diren proiektuak sustatuz, bultzatuz eta zuzenduz.
Hori dela eta, udal liburutegi publikoen helburua gogoan, herritar orok ezagutza eta informazioa jasotzeko duen eskubidea, eta teknologia berriek horretan duten garrantzia, Kultura Sailak uste du beharrezkoa dela teknologia horiek udal liburutegi publikoetan ezartzeko eta garatzeko lagundu dezaketen jarduerak bultzatzea.
Ondorioz, hauxe
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako titularrak diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, bere kontura eta baita udal liburutegiak kudeatzeko eskudun diren erakundeei ere, beren liburutegietako teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko 2011. urterako diru-laguntzak emateko modua arautzea eta horretarako deia egitea da agindu honen helburua.
Agindu honen bidez araututako diru-laguntzetarako 400.000 euro erabiliko dira gehienez.
Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzak liburutegi publikoa duten udalek jaso ditzakete, baldin eta liburutegia Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan badago. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegi publikoak kudeatzeko eskudun diren toki-erakundeak ere izan daitezke onuradun.
Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute agindu honetako dirulaguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko.
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko elementuak jartzeko edo eskuratzeko 2011. urtean egiten diren jarduera bereziak izango dira finantzagai.
2011. urtetik hara zabaltzen diren inbertsio-proiektuetako zati bat diren inbertsio-jarduerak finantzagai izango dira, baldin eta 2011. urtean gauzatzen badira, erabilera beregaina dutela jotzen bada, eta haien banakako kostua zehaztu ahal bada.
Zehazki, honakoak eskuratzea edo instalatzea izango da laguntzagai:
Hardware edo euskarri fisikoa. Ordenagailuak eta bere osagaiak sartzen dira bertan, bai eta funtzionamendurako edo erabilerarako beharrezkoa den beste edozein elementu material ere, dela ordenagailua modu autonomoan lanean diharduela, dela sarean diharduela (mahaigaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pdak, eskanerra, pantaila lauak, periferikoak, routerrak, biltegiratze unitateak, txartel grafikoak, saguak, aurikularrak, inprimagailuak, eta abar).
Software edo informatika sistemen euskarri logikoa. Alegia, halako ataza zehatz bat egiteko beharrezkoak diren programa eta prozeduren multzoa. Horretarako, liburutegi-kudeaketarako sistemak ez diren sistemen softwarea eta aplikazioen softwarea sartzen dira atal honetan.
Telekomunikazioak. Komunikazio-sareak instalatzea, bai kableatuak bai haririk gabekoak.
Ondorengoak joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastutzat: aurkeztutako eskabidean jasota egonik diruz laguntzeko jarduerarekin lotura estua dutenak; bai erosketatik eratortzen direnak, bai errentamendutik edo laguntzeko moduko elementuen benetako erabilgarritasuna bermatzen duten bestelako sistematik eratortzen direnak.
Ez dira diruz lagunduko:
Ikus-entzunezko edo bestelako ekipamenduak, bere ezaugarriak direla-eta 3. puntuko ezein ataletan sartzen ez badira.
Mantentze-lan, laguntza tekniko edo aholkularitza moduan definitzen diren zerbitzuen kostuak.
Liburuzainak edo erabiltzaileak tresna berrietan trebatzeko prestakuntza-ikastaroak.
Liburutegien presentzia Interneten areagotzeko asmo hutsez bideratutako software eta gainerako elementuak.
Liburutegiarentzako funtsak eskuratzea, loturarik ez badago euskarri, lokalizazio eta edukietan sartzeko beharrezko ekipamenduarekin.
Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Diru-laguntzak eskatzeko, agindu honen I. eranskineko ereduaren arabera bete eta Kultura Sailean aurkeztu beharko dira, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduta, (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edota Kultura Sailaren lurralde ordezkaritzetan, bai zuzenean bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako edozein erabiliz.
Eskabidea egiten duten entitateak legez eratuta eta hainbat udalerrik osatuta badaude, edota udal liburutegi publikoen alorrean eskudun badira, beren helburuen artean liburutegi-zerbitzu publikoa elkarrekin kudeatzea dagoela egiaztatu beharko dute agirien bidez.
Eskabidearekin batera, honako hauek ere aurkeztuko dira:
Erakunde eskatzaileko teknikari arduradunek sinatutako txosten bat, 2011. urteko ekitaldian egindako edo egin beharreko eta laguntzagai diren jarduketak azaltzen dituena, baita ere erosketa/instalazioarekin iritsi nahi diren helburuak, eta haien beharraren justifikazioa.
2011. urtetik hara zabaltzen diren inbertsio-proiektuetako zati bat diren inbertsio-jarduerak badira, haien banakotasuna eta erabilera beregaina dutela egiaztatu beharko da. Kasu horretan, eskabidea jarduketa horietara mugatuko da.
Ondasunak edo instalazioak jartzen dituzten enpresa hornitzaileen aurrekontuak, jardueretan aurreikusitako gastua justifikatuko dutenak.
Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako diru-laguntzen zerrenda, erakundearen izena eta diru-laguntzaren egoera aipatuta (ezetsia, erantzunaren zain ala emana eta diru-kopurua). Horrelakorik egon ezean, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako helburuetarako beste inongo laguntzarik ez dela eskatu egiaztatzeko jakinarazpena.
Entitate eskatzailearen idazkariaren egiaztagiria, erroldan dauden biztanleen kopurua zehazten duena. Datu horiek nondik atera diren ere jakinarazi beharko da.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
Eskabidearen tramitea onartzeko behar diren dokumenturik falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten bada, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio eskatutakoa egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Era berean, zuzendaritza horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak.
Dauden diru-baliabideak agindu honetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira.
Eskabide bakoitzari zehatz-mehatz eman beharreko diru-kopurua jakiteko, hurrengo atalean finkatutako irizpideak eta Aginduaren II. eranskineko kalkulu-sistema aplikatuko dira.
Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hauek erabiliko dira:
Biztanleria irizpidea: Erakunde onuradunaren biztanleak hartuko dira kontuan. Horretarako, biztanleen araberako multzoak egongo dira, eta haiei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko zaizkie, zeinak handiagoak izango baitira onuradunek biztanle gutxiago jasotzen dituzten heinean. Bai multzoak bai balore homologatuak, bai eta indize zuzentzaileak ere, II. eranskinean agertzen dira.
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen on line katalogoan izaten den parte hartzean oinarritutako irizpidea. Bi aukera baino ez dira emango: parte hartuz gero, 1,4 koefizientea esleituko da; parte hartu ezean, 1 koefizientea esleituko da.
Kalkulatzeko sistema hori aplikatu eta lehenengo emaitzak erakusten badu eskabideren batean gainfinantzaketa egon dela, hasieran esleitutako kopurua murriztuko zaie eskatzaile horiei, eta soberakina gainerako eskatzaileen artean banatuko da, eta behar adina aldiz errepikatuko da eragiketa hori. Esleitutako kopuruak inola ere ez du gaindituko agindu honetako 10. artikuluan 1. puntuan jasotako muga.
Jasotako diru-laguntzak ez du gaindituko eskatutako gastuaren % 90, eta inolaz ere ez da izango 100.000 eurotik gorakoa eskabide bakoitzerako.
Diru-laguntza justifikatzeko eta likidatzeko dokumentazioan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, diru-laguntza murriztuko da behar den heineraino.
Diru-laguntza zati bakar batean ordainduko da.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea. Ebazpen horretan adieraziko dira, onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaz gain, emandako diru-laguntzak ondo erabiliko direla bermatzeko baldintzak.
Diru-laguntzei buruzko ebazpena eta jakinarazpena hiru hilabeteko epean egingo da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Jakinarazpen-gisa, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Epe hori bukatuta, ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen ondorioetarako.
Entitate onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Kultura Sailak beren zereginetan dihardutela deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruz eskatutako informazioa ematea.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar.
Laguntza hauek jasotzen dituen onuraduna behartuta dago liburutegi informatizatuetako katalogoak Kultura Sailaren esku jartzera, Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) sar daitezen eta, horrela, herritarrek bertan eskuragarri dauden funtsen berri izan dezaten.
Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa 2011ko abenduaren 15a arte aurkez daiteke. Justifikazioa egiteko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
Kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, egindako gastuei buruzkoa eta III. eranskinaren araberakoa.
Beste entitate publiko zein pribatuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera.
Laguntza emateko ebazpenean eskatzen den beste edozein agiri.
Dokumentazioa jasotakoan edo epea bukatutakoan, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, kasuan kasuko dokumentazioa aztertu ondoren, diru-laguntza ordaintzeko agindua emango du eta, murrizketarik egin behar bada, bakoitzari dagokion likidazioa igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari. Sailburuordeari baitagokio horren inguruko ebazpena egitea bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
Hauek izango dira ez-betetzeak:
Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
Agindu honetan edo laguntza emateko ebazpenean adierazitako betebeharrak ez betetzea.
Legezko beste xedapenen batek ezarritako beste edozein eskakizun orokor bete ez denean.
Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 22a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


