Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko ekainaren 24koa, Herrizaingoko sailburuarena, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzetarako dei egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko ekainaren 24koa, Herrizaingoko sailburuarena, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzetarako dei egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 123
  • Hurrenkera-zk.: 3346
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/06/24
  • Argitaratze-data: 2011/06/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Herrizaingoa; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorren Lege-proiektuan, aurrekontu-saila dago diru-laguntzak emateko, hain zuzen ekintza terroristen biktimei arreta eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakundeentzat.

Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzen dituen Herrizaingoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduak, bere 6. artikuluan, ezartzen du Herrizaingoko sailburuaren urteko Aginduaren bidez gauzatuko dela diru-laguntzen deialdia eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dela. Deialdiak zehaztuko du laguntza horietara urtero emango diren baliabideak, baita diruz lagunduko diren programen eta jardueren tipologia guztien artean nola banatu ere.

Horren ondorioz eta Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuak aitortzen dizkidan eskumenen arabera,

Agindu honen xedea da terrorismoaren biktimak laguntzeko programak eta jarduerak finantzatzera zuzendutako laguntzen deia egitea; horiek 2011n garatuko dira eta terrorismoaren biktimen edo giza-eskubideen arloan jardun ohi duten elkarte eta erakundeek sustatuko dituzte, Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzeko den Herrizaingoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduan ezarritakoa betetzeko asmoz.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

  2. Eskabideak, hurrengo paragrafoan ezarritako agiri osagarriekin batera, aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Halaber, baliabide telematikoen bidez aurkez daitezke helbide elektroniko honetan:

    http://www.interior.ejgv.euskadi.net/r42-victimas/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ayuda_asociaciones/eu_ayuaso/ayuda_asociaciones.html

    Eskabide-inprimakia gehitu da Agindu honen eranskin gisa eta lehen aipatu helbide elektronikoan ere badago; horretan ere argitaratu dira diru-laguntzak izapidetzeko baliabide telematikoak erabiltzeko jarraibideak.

  3. Behar bezala betetako eskabide-orri normalizatuarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Entitate eskatzailearen izenean eskabidea sinatzen duenaren identitatearen egiaztagiria.

    2. Terrorismoaren biktimen elkarteei dagokienez, EAEn izandako atentatuen ondorioz terrorismoaren biktimak edo horien lehen mailara arteko senideak diren kideen kopurua egiaztatzea.

    3. Proiektuaren memoria, alderdi hauek zehaztuko dituena:

      Helburuak.

      Metodologia.

      Lan-plana.

      Proiektuaren hartzaileak eta horien ezaugarriak.

      Parte-hartzaileen kopurua, gutxi gorabehera.

      Proiektua garatzeko ardura duten entitateko pertsonak eta, behar izanez gero, hori gauzatzeko kontratatuko direnak.

      Hori garatzeko tokia.

      Kontrol-metodoak, helburuak lortu direla eta gastuaren eraginkortasuna bermatzeko ezarriko direnak.

      Entitate eskatzaileak egindako eskabidea hobeto barematzeko egoki iritzitako informazio guztia, agindu arautzailearen 10.3 artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Eskabidean baloratu beharreko irizpideren bati buruzko informaziorik ematen ez bada, irizpide horren puntuazioa 0 puntukoa izango da.

    4. Sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua eta bereziki jasoko dira ekarpen ekonomikoen jatorria:

      Entitate eskatzailea.

      Proiektuaren hartzaileak.

      Beste entitate pribatu batzuk.

      Beste edozein administrazio publiko.

  4. Nolanahi ere, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak entitate eskatzaileari eskatu ahal izango dio beharrezkotzat jotzen dituen beste agiri edo argibide osagarri, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko.

Agindu honen diru-hornidura laurehun mila (400.000) eurokoa da eta horretatik % 50 esleituko zaio laguntza horiek arautzeko den Herrizaingoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduaren 10.1 artikuluan ezarritako prozedura bakoitzari. Dena dela, prozeduraren batean emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez badu agortzen horri esleitutako dotazioaren zatia, soberako baliabide ekonomikoek beste prozedura handituko dute.

Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herrizaingoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 24a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik