Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko ekainaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, 2011-2012 ikasturterako Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatu dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez gozatzeko baldintzak ezarri ere. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko ekainaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, 2011-2012 ikasturterako Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatu dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez gozatzeko baldintzak ezarri ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 134
  • Hurrenkera-zk.: 3564
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/06/28
  • Argitaratze-data: 2011/07/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Sailak; Ekonomia

Testu legala

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua) 81.3.b) artikuluan dio zerbitzu akademikoengatiko prezio publikoak, izaera ofizialeko tituluak lortzera daramatenak, Autonomia Erkidegoak finkatu beharko dituela Unibertsitate Koordinaziorako Kontseiluak ezarritako mugen barruan. Aipatutako 2/2007 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarriak agintzen du Unibertsitate Koordinaziorako Kontseiluaren erreferentziarekin Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusia aipatzen dela. Gainerako ikasketetarako, Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu prezio publikoak.

Era berean, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak bere 95. eta 96. artikuluetan arautzen ditu zerbitzu akademikoengatiko eta gainerako eskubideengatiko prezio publikoak, eta gaineratzen du prezio horiek prezio publikoen izaera izango dutela eta, horren ondorioz, tasa eta prezio publikoei buruzko lege-ordenamenduan ezarritakoaren araberakoak izango direla.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bategina onartzeko 1/2007 Legegintzako Dekretuak, irailaren 11koak, 30. artikulutik 35.erakoetan arautzen ditu prezio publiko horiek finkatzean kontuan hartu beharreko irizpide orokorrak.

Irailaren 28ko 249/2010 Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere organismo autonomoen prezio publikoen bidez ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak ezartzen ditu. Zehazki, 2. artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Sailek eta horien organismo autonomoek prezio publikoak kobratu ahalko dituztela dekretu horren eranskinean zerrendatutako zerbitzuen truke; aldi berean, 3. artikuluan ezartzen du Ogasunean eskumena duen sailak txosten loteslea egin ondoren finkatu edo aldatuko direla prezio publikoen zenbatekoak, dagokion saileko sailburuaren agindu bidez edo eskuratu behar dituen erakunde autonomo hari atxikita dagoen saileko sailburuaren agindu bidez.

Hain zuzen ere, irailaren 28ko 249/2010 Dekretuaren eranskineko 3. atalean aipatuta daude, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prezio publikoak kobra ditzakeen zerbitzu eta jardueren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoak, izaera ofizialeko tituluak lortzera daramatenak.

Goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzeaz gainera, eta inor ere arrazoi ekonomikoengatik unibertsitate-ikasketetatik baztertuta gera ez dadin, Gobernuak eta autonomia-erkidegoek, bai eta unibertsitateek ere, ikasleentzako beka-, laguntza- eta kreditu-politika bat egituratuko dute eta modalitateak ezarriko dituzte, halaber, zerbitzu akademikoengatiko prezio publikoak ordaintzea guztiz edo hein batean salbuesteko. Halaxe araututa dago Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua) 45.4 artikuluan. Beti ere, arreta berezia emango zaie mendekotasun edo ezintasunen bat duten pertsonei, unibertsitate-ikasketak eskuratu eta horietan eustea bermatzeko.

Arau hori betetze aldera, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 39. artikuluan biltzen ditu unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioen salbuespenak eta murrizketak eta legez ezarritako gainerako eskubideak, legezko aurreikuspenen esparruan Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek gozatuko dituztenak. Era berean, artikulu horretan arautzen da prezio publikoak onartzeko agindu edo akordioak salbuespen-baldintzak zehaztu ahalko dituela, baita bestelako salbuespen oso edo partzial batzuk finkatu ere, inolako bereizkeria arbitrariorik ez dakartenean, beti ere.

Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiak 2011ko maiatzaren 16ko bileran onartutako akordioaren esparruan; Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak 2011ko maiatzaren 2ko bileran adostutako akordioaren arabera; eta memorian jasotako proposamenarekin bat etorrita; Agindu honen bidez finkatzen dira Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntza-zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak, eta zehazten dira horietan aplikatu beharreko salbuespen eta murrizketez gozatu ahal izateko baldintzak.

Horregatik guztiagatik, honako hau

  1. Eranskinetan jasotako tarifetan adierazitakoak dira izaera ofizialeko tituluak lortzeko Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntza-zerbitzu publikoen truke 2011-2012 ikasturtean ordaindu beharreko prezioak.

  2. Gizarte Kontseiluak finkatutako ditu Euskal Herriko Unibertsitateko berezko tituluak lortzera daramaten unibertsitate-ikasketen prezioak.

  1. Unibertsitateko gradu- eta master- irakaskuntzak.

    1. Ikasgaien prezioen zenbatekoa kreditu bakoitzaren prezioa, gaien esperimentazio-mailaren araberakoa dena (I. eta II. eranskinak), gaiari dagozkion kreditu-kopuruarekin biderkatuz lortuko da.

    2. Prezio ezberdineko unibertsitate-masterrei III. eranskineko tarifak aplikatuko zaizkie.

    3. Gradu-irakaskuntzetan, berriz, ikasleak egoki irizten dieten ECTS kredituetan matrikulatu ahalko dira, salbu eta graduko lehen ikasturtea hasten badute, orduan, ikasketa-planean lehen ikasturteari dagozkion ECTS kreditu guztietan matrikulatu beharko baitira; edo egiaztapen-memoriak edo ikasketa-planak ikasturte osoa ez bestelako matrikula-kredituen gutxieneko kopuru bat ezartzen badu. Unibertsitate-masterretan aurrez ezarritako ikasketa-planaren arabera egingo da matrikula.

    4. Campus Birtualean emandako kredituei 1. mailako esperimentaltasunari dagozkion prezioak aplikatuko zaizkie, lortu nahi den titulua gorabehera.

    5. Europar Batasuneko programetara atxikitako gradu eta masterretan Agindu honetan finkatutako prezio publikoak izango dituzte zerbitzu akademikoek. Nolanahi ere, hainbat tasa ezarri ahalko zaizkie Europar Batasunean bizi ez diren ikasleei, bai eta beste zerbitzu batzuetatik eratorritako gainordain bat ere ikasle guztiei, beti ere dena delako programa eta hori garatzen duten akordioak erregulatzen dituzten arauen arabera. Graduen kasuan, I. eranskinean ezarritakoa baino lau aldiz handiagoa izan daiteke prezio publikoa, eta master ofizialen kasuan, berriz, III. eta IV. eranskinetan jasotakoak baino sei aldiz handiagoak.

  2. Doktorego-irakaskuntzak.

    1. Doktorego-programa batean onartutako ikasleek urtero egin beharko dute matrikula, tutoretza-matrikulari dagokion tarifarekin (V. eranskina).

    2. Europar Batasuneko programetara atxikitako doktorego-programetan Agindu honetan finkatutako prezio publikoak izango dituzte zerbitzu akademikoek. Nolanahi ere, hainbat tasa ezarri ahalko zaizkie Europar Batasunean bizi ez diren ikasleei, bai eta beste zerbitzu batzuetatik eratorritako gainordain bat ere ikasle guztiei, beti ere dena delako programa eta hori garatzen duten akordioak erregulatzen dituzten arauen arabera. Kasu horretan, V. eranskinean jasotzen den tutoretza-matrikula baino sei aldiz handiagoa izan ahal izango da prezio publikoa

  1. Ikasgaien prezioen zenbatekoa (aukera askeko ikasgaienak salbu) kreditu bakoitzaren prezioa, gaien esperimentazio-mailaren araberakoa eta ikasgai hori hartzen duten lehenengo, bigarren, hirugarren edo beste aldiaren araberakoa dena (IV. eranskina), gaiari dagozkion kreditu-kopuruarekin biderkatuz lortuko da.

  2. Oro har, asignatura solteetan matrikulatu ahalko dira, horien zer ikasturtekoak diren axola gabe.

  3. Aukera askeko ikasgaiei dagozkien kredituak ordaintzean hautatutako ikasgaiak zer titulaziokoak diren hartu beharko da aintzat, azken horrentzat ezarritako tarifak aplikatuko baitira.

  4. Unibertsitateko ikasketa-planekin bat ez datozen baina unibertsitateak aukera askeko kredituak amortizatzeko onartzen dituen jardueretarako, % 25 aplikatuko zaio lortu nahi den titulazioaren arabera dagokion zenbatekoari.

  5. Campus Birtualean emandako kredituei 1. mailako esperimentaltasunari dagozkion prezioak aplikatuko zaizkie, lortu nahi den titulua gorabehera.

  1. Ebaluazio, proba, azterketa, titulu, egiaztagiri eta idazkaritza-eskubideen truke ordaindu beharreko tarifak V. eranskinean zehaztutakoak dira.

  2. V. eranskinean jasotako titulu ofizialen agiriak egiteko tasetan inplizituki sartuta dago 1044/2003 eta 1002/2010 Errege Dekretuek araututako Tituluaren Europar Gehigarriaren agiria egitea.

  1. Desagerrarazi beharreko planen barruan irakaskuntzarik ematen ez den ikasgaietan edo ikasketa-zentroetatik kanpo zaindutako praktiketan, kreditu edo ikasgai bakoitzari dagokion prezioaren % 25 ordaindu beharko da.

  2. Unibertsitateak, bere baliabideekin, beste ikasketa-sistemaren bat eskaintzen badio ikasleari, kreditu edo ikasgai bakoitzari dagokion zenbateko osoa ordaindu beharko da.

  1. Gradu-ikasketei dagokienez, bai eta Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitu gabeko Lehen eta Bigarren Zikloko irakaskuntzei dagokienez ere, matrikularen prezioa ordaintzeak bi azterketa-deialdirako eskubidea emango du matrikulan zehaztutako ikasgai bakoitzeko, ikasturte beraren barruan, beti ere. Deialdien datak unibertsitateak ezarriko ditu.

  2. Master ofizialei dagokienez, matrikularen prezioa ordaintzeak eskubidea emango du ikasturte bakoitzeko azterketa-deialdi bakarra erabiltzera matrikulan zehaztutako ikasgai bakoitzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik. Bi aldiz matrikulatu ahalko da ikasgai bakoitza, gehienez ere.

  3. Ikasketa-planetatik eratorritako bateraezintasun akademikoek mugatuko dituzte matrikulan jasotako ikasgai edo, hala badagokio, kredituetarako azterketa- eta ebaluazio-eskubideak.

  4. Xedapen honetan jasotako matrikula-eskubidea gauzatzeak ez du aldaraziko ikastetxe bakoitzean horko ikasketa-planetako ikasketa-beharrizanen arabera zehaztutako ordutegi orokorren araubidea.

  1. Kredituka egituratutako irakaskuntzetan (Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitu gabeak) ohorezko matrikulagatiko murrizketak ikasketa berberen edo lehen zikloa bukatutakoan has daitekeen 2. zikloko ikasketen hurrengo matrikulan aplikatuko dira. Murrizketa horiek EHUko ikasleei bakarrik aplikatuko zaizkie eta ez beste unibertsitate pribatu zein publiko batzuetatik etorritakoei.

  2. Plan zaharra plan berrira egokitzen bada, ohorezko matrikulaz gainditutako ikasgaiari esleitutako kreditu-kopuruaren araberako murrizketa aplikatuko da.

  3. Batxilergoko ikasgaietan lortutako ohorezko matrikulek ez dute murrizketa-eskubiderik emango. Soilik kalifikazio globala ohorezko matrikula bada izango dute salbuespen-eskubidea, unibertsitatea hasten duten lehen aldian, matrikula ordaintzeari dagokionez.

  1. Ezarritako prezioak aldi bakarrean ordaindu ahalko dira, matrikula egiteko orduan, edo bi epe berdinetan, lehena matrikula egitean eta bigarrena abenduan.

  2. Lau hilabeteka egituratutako irakaskuntzetan, unibertsitateak baimena eman ahalko du bigarren lau hilabetekoari dagokion matrikula horren hasieran egiteko. Kasu horretan ez dira aplikatuko aurreko atalean aipatutako ordainketa-epeak.

  3. Orobat ez dira aplikagarriak izango 1. atalean aurreikusitako ordainketa-epeak baldin eta ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 150 eurotik beherakoa bada.

  4. Ez ordaintzeagatik matrikula ezeztatu zaien ikasleek galdu egingo dute ordaindutako zenbatekoa eta ordaintzeke daudenak unibertsitatearen aldeko zortzat joko dira; zor hori ebazpen bidez ezarriko da eta ikasleei jakinaraziko zaio. Unibertsitatearekin zorrak dituenak ezingo du haren zerbitzuez gozatu eta, bereziki, ez zaie beste ikasketarik egiten utziko, titulu-agiririk egingo, ez ziurtagiririk, ez beren ikasketa-espedienteari buruzko informazio-oharrik, ez eta beste matrikularik egiteko aukera emango ere.

Dagozkion atxikitze-hitzarmenetan adostutakoari eragin gabe, atxikitako unibertsitate-ikastetxe edo -institutuetan ikasten duten pertsonek unibertsitateari ordainduko diote I., II., III., eta IV. eranskinetako tarifetan ikasketen arabera ezarritako prezioen % 25. Gainerako prezioak aurreikusitako zenbatekoan eta osoki ordainduko dira.

  1. Espainiako titulu eta graduetarako homologazioa eskatu duten eta, horretarako, gaitasun-proba edo proba orokor bat egin behar dutenek VI. eranskinean jasotako tarifa ordainduko dute. Prestakuntza-baldintza osagarri gisa zaintzapeko ikastaroren batera joan behar badute dagozkion prezioak ordaindu beharko dituzte, ikastaro horien esperimentazio-mailaren arabera.

  2. Atzerriko goi-mailako hezkuntza-tituluak Espainiako master- eta doktorego-tituluekin homologatzea eskatzen dutenek VI. eranskinean jasotako tarifa ordainduko dute.

  1. Titulartasun pribatuko zentroetan edo atzerrian egindako ikasketengatik ikasgaiak baliozkotzea lortzen dutenek unibertsitateari ordaindu beharko diote dagozkien eranskinetan jasotako tarifetan ezarritako prezioen % 25.

  2. Unibertsitateko gradu- edo master-ikasketetan kredituak errekonozitzen dituzten ikasleek I., II. eta III. eranskinetan ezarritako prezioen % 25 ordaindu beharko dute.

  3. Desagertzen ari den plan bat ezartzen ari den plan berrira moldatzeak ez die inolako gasturik ekarriko ikasleei.

  4. Unibertsitate publikoetan egindako ikasketak baliozkotzeak edo errekonozitzeak ez du kosturik sorraraziko.

  1. «Familia ugaria» kontzeptua Familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 2. artikuluan jasota dago, baita eta Gizarte Segurantzaren alorreko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legean ere, familia ugariaren kontzeptu berriari buruzko hamahirugarren xedapen gehigarrian, hain zuzen ere. Hala, bada, familia ugaritzat jotzen da guraso batez edo biz eta hiru seme-alaba edo gehiagoz osatutakoa, seme-alabak komunak izan edo ez.

  2. 40/2003 Legearen arabera, familia ugariaren mailan jarriko dira kide hauez osatutako familiak:

    1. Guraso bat edo gehiago eta bi seme-alaba, komunak izan edo ez, horietako batek ezgaitasunen bat badu edo lan egiteko gaitasunik ez badu.

    2. Bi guraso, batak zein besteak ezgaitasunen bat badu edo, bietatik batek, gutxienez, % 65 edo gehiagoko ezgaitasun-maila badu, edo ez badute lan egiteko gaitasunik, eta bi seme-alaba, komunak izan edo ez.

    3. Bereizi edo dibortziatutako ama edo aita eta hiru seme-alaba edo gehiago, horiek komunak izan edo ez, familia-unitate ezberdinetan banatuta badaude ere, baldin eta haren ekonomia-mendekotasunaren pean badaude, nahiz eta senar-emazteen egoitzan bizi ez.

    4. Aita eta amarik gabeko bi neba-arreba edo gehiago, tutoretza, harrera edo zaintzapean daudenak, baina horien kargura ez daudenak.

    5. Aita eta amarik gabeko 18 urtetik gorako hiru neba-arreba edo gehiago, edo bi neba-arreba, baldin eta horietako batek ezgaitasunen bat badu, batera bizi badira eta elkarrekiko mendekotasun ekonomikoa badute.

    6. Bi seme-alabadun aita edo ama, beste gurasoa hil bada.

  3. Salbuespen-mota:

    1. Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen guztizko salbuespena maila bereziko familia ugarietakoak badira. Maila bereziko familia ugaritzat joko dira bost seme-alaba edo gehiago dituztenak, eta lau seme-alabakoak horietatik hiru, gutxienez, jaiotza, adopzio, harrera iraunkor edo adopzio-aurreko harrera anizkunetik eratorriak badira.

    2. Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen 100eko 50eko salbuespena, maila orokorreko familia ugarietakoak badira. Maila orokorreko familia ugaritzat joko da goiko paragrafoko definizioan sartzen ez den familia ugari oro.

  4. Eman beharreko agiriak: dagokion Foru Aldundiaren titulua, familia ugariaren izaera adierazten eta horren maila zehazten duena; eta administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako batean dutela edo erroldatuta daudela adierazten duen ziurtagiria.

  1. Terrorismoaren biktima batek eta horren senideek Agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izan dezan bete egin beharko ditu Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuak 25. artikuluan ezarritako eskakizun orokorrak; eskakizun horiek bete beharko baitituzte terrorismoaren biktimek eta horren senideek hezkuntzaren alorreko eskubide eta laguntzak jasotzeko.

  2. Biktimaren senidetzat joko dira senar edo emaztea, edo antzeko atxikitasunezko harreman baten bidez iraunkorki bizikidetzat izan duena, eta biktimaren seme alabak, edo legez familia-harrerako egoeran daudenak.

  3. Soilik terrorismoaren biktima izateari lotutako inguruabarren zioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizitzea joan behar izan duten pertsonek ere jaso ahalko dituzte Agindu honetan araututako murrizketa eta salbuespenak.

  4. Salbuespen-mota: guztizko salbuespena, aipatutako azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 26. artikuluan arautua.

  5. Eman beharreko agiriak: Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza Programara atxikita daudela adierazten duen ebazpena eta administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria.

  1. Ezgaitasunen bat duen kideren bat duen familia batek agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izan dezan, honako bi egoera hauetakoren batean egon beharko da: % 33ko edo gehiagoko ezgaitasun-maila izatea, edo horren zuzeneko senideek % 65eko edo gehiagoko ezgaitasun-maila izatea. Zuzeneko senidetzat joko dira aita, ama, neba-arrebak edo horiek legez harreran dituztenak, baldin eta etxebizitza berean erroldatuta badaude.

  2. Salbuespen-mota: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen guztizko salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan.

  3. Eman beharreko agiriak: dagokion Foru Aldundiaren ebazpena, ezgaitasun-maila zehazten duena; eta administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako batean duela edo erroldatuta dagoela adierazten duen ziurtagiria.

  1. Genero-indarkeriaren biktima batek eta egoitza berean bizi diren haren mendeko 25 urtetik beherako seme-alabek Agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izan dezaten, bete egin beharko dituzte Genero indarkeriaren aurkako osoko babeserako neurrien 1/2004 Lege Organikoan, abenduaren 28koan (Lege hori Indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio-mekanismoei buruzko 29/2009 Dekretuak, martxoaren 1ekoak, garatu du), ezarritako eskakizunak. Horrela, genero-indarkeriatzat joko da emakumearen aurkako indarkeria-ekintza oro; era berean, indarkeria-ekintzatzat joko da esparru publikoan zein pribatuan gertatzen den sexuaren ziozko ekintza bortitz oro, baldin eta horren ondorioz kalte fisikoa, sexuala edo psikologikoa edo emakumearen pairamena eragin badu edo badezake, bai eta gisa horretako ekintzak gauzatzeko mehatxuak, bortxa, edo askatasun gabetze arbitrarioa ere.

  2. Salbuespen-mota: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen guztizko salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan.

  3. Eman beharreko agiriak: administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako batean duela edo erroldatuta daudela adierazten duen ziurtagiria, eta behean zerrendatutako agirietako bat:

    • Genero-indarkeriaren biktima dela edo izan dela adierazten duen ebazpen judiziala.

    • Biktimaren aldeko babes-agindua, indarrean dagoena.

    • Fiskaltzaren txostena, interesatua genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena, babes-agindua egiten den artean.

    • Genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko Zuzendaritzaren txostena.

  1. Guraso bakarreko familia batek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketez gozatzeko eskubidea izan dezan, guraso bakar batez eta bere zaintzapeko 25 urtetik beherako bi seme-alaba edo gehiagoz osatuta egon beharko da, guztiak ere etxebizitza berean bizi direla. Guraso horrek izan beharko du, halaber, eusle bakarra. Familia ugariko kide zenbagarria izango da, orobat, legez ume-ordetzat hartutako 18 urtetik beherako pertsona, behar bezala justifikatu eta egiaztatuta egonez gero.

  2. Nahitaezkoa da zaintzapeko seme-alaben elikagai-pentsioetatik eratorritako inolako laguntza osagarririk ez jasotzea, eta diru-sarrera osagarriak dituen nukleo anitzeko etxebizitza baten parte ez izatea. Horren eraginetarako, umezurtz-pentsioa bateragarria da salbuespen honekiko.

  3. Aurreko paragrafoan jasotakoaren eraginetarako, nukleo anitzeko familiatzat joko da etxe berean bizi diren pertsonek osatutakoa, baldin eta horien artean familia-nukleo bat baino gehiago badago, nahiz eta kideetako bat nukleo horietatik guztietatik kanpokoa izan.

  4. Salbuespen-mota: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen % 50eko salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan.

  5. Eman beharreko agiriak: administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako batean duela edo erroldatuta daudela adierazten duen ziurtagiria; zaintzapeko seme-alaben elikagai-pentsiotik eratorritako laguntza osagarririk jasotzen ez dela adierazten duen egiaztagiria (epaia edo, halakorik ez balego, jarritako salaketa), eta egoera hori jasotzen duen zinpeko deklarazioa.

  1. Agindu honetan araututako unibertsitate-zerbitzu akademikoengatiko prezio publikoen salbuespen eta murrizketen onuradun izateko, interesatuek egoera jakin horretan egon beharko dute ikasturtearen hasieran, eta kasu bakoitzean beharrezkoak diren agiriak eman beharko dituzte. Data horretan egoeraren aitorpena izapidetzen ariko balitz, aitorpen- edo berrikuspen-eskaeraren kopia konpultsatua emanez egiaztatuko da.

  2. Horrez gainera, interesatuek administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria eman beharko dute, 2011ko urtarrilaren 1ean etxebizitza berean bizi diren pertsona guztien zerrenda jasotzen duena.

  3. Nolanahi ere, 2011ko abenduaren 31 baino lehen eman beharko dituzte dagozkion agiriak.

  4. Ezarritako epean agiri horiek eman ez ezean, automatikoki baliogabetuko dira emandako onurak, eta salbuespena edo murrizketa aplikatu zaien unibertsitate-zerbitzuengatiko prezio publikoak ordaindu beharko dituzte.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ordainduko dizkio Euskal Herriko Unibertsitateari prezio publikoen salbuespen eta murrizketa horien onuradunei dagozkien irakaskuntza-zerbitzuengatiko prezioak, 12.3.b) artikuluan jasotako salbuespena izan ezik, hots, maila orokorrean sailkatutako familia ugariei buruzkoa. Izan ere, Familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 12. artikulua aplikatuta, non hezkuntza-alorreko tasa edo prezio publikoen % 50eko salbuespena xedatzen den maila orokorreko familia ugarietako ikasleentzat, Hezkuntza Ministerioak salbuespen horiek finantzatzera bideratutako partida bat sartzen du urtero Estatuko Aurrekontu Orokorren barruan.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Agindu hau. Data horretatik aurrera eranskinetako tarifak aplikatuko zaizkie 2011-2012 ikasturtean emango diren zerbitzu akademikoei.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 28a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

  1. esperimentazio-maila: Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen Zientziak, Erizaintza, Farmazia, Fisioterapia (*), Geologia, Medikuntza, Giza Elikadura eta Dietetika, Odontologia, Kimika.

  2. esperimentazio-maila: Arte Ederrak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Kultura Ondasunen Zaintza eta Zaharberritzea, Sorkuntza eta Diseinua, Fisika, Arkitektura Oinarriak (*), Ingurumen Ingeniaritza, Ingeniaritza Zibila, Meatzeen eta Energiaren Teknologia Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Elektroniko Industriala eta Automatikoa, Eraikuntza Ingeniaritza, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza(*), Geomatika eta Topografia Ingeniaritza, Antolaketa Industrialaren Ingeniaritza, Teknologia Industrialaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Informatikoa, Kudeaketaren eta Informazio-sistemen Ingeniaritza, Ingeniaritza Informatikoa, Itsas Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Nautikoa eta Itsas Garraioa, Ingeniaritza Kimikoa, Ingeniaritza Kimiko Industriala, Telekomunikazioen Ingeniaritza Teknikoa, Psikologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa.

  3. esperimentazio-maila: Administrazio eta Enpresen Zuzendaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Ekonomia, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza, Finantzak eta Aseguruak, Zerga-arloa eta Administrazio Publikoa, Geografia eta Lurraldearen Antolamendua, Negozioen Kudeaketa, Enpresa Kudeaketa eta Marketina, Marketina, Matematika, Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Gizarte Lana.

  4. esperimentazio-maila: Gizarte Antropologia, Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa, Kriminologia, Zuzenbidea, Ingeles Ikasketak, Euskal Ikasketak, Filosofia, Artearen Historia, Filologia, Kazetaritza, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak, Soziologia.

    (*) Baimena falta da.

    (Ikus .PDF)

  1. esperimentazio-maila: Osasun Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

  2. esperimentazio-maila: Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

  3. esperimentazio-maila: Ingeniaritza eta Arkitekturaren jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

  4. esperimentazio-maila: Lege- eta Gizarte-zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

  5. esperimentazio-gradua: Artearen eta Giza Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

    (Ikus .PDF)

  1. esperimentazio-maila: lizentziaturak: Biologia, Biokimika, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen Zientziak, Itsas Zientziak, Farmazia, Medikuntza, Odontologia, Kimika eta Albaitaritza. Diplomaturak: Erizaintza, Fisioterapia, Giza Elikadura eta Dietetika eta Podologia.

  2. esperimentazio-maila: lizentziaturak: Arte Ederrak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Enologia, Fisika, Geologia, Itsas makinak, Nautika eta Itsas Garraioak, Itsas Irrati Elektronika, eta Itzulpengintza eta Interpretazioa. Ingeniariak: Aeronautika; Nekazaritza; Automatika eta Elektronika Industriala; Bideak, Ubideak eta Portuak; Meatzeak; Mendiak; Elektronika; Geodesia eta Kartografia; Geologia; Industria; Informatika; Materialak; Itsasoa eta ozeanoak; Industria Antolamendua; Kimika; eta Telekomunikazioak. Arkitektoa: Arkitekto Teknikoa. Diplomaturak: Logopedia, Itsas Makinak, Itsas Nabigazioa, Optika eta Optometria, Itsas Irrati Elektronika eta Lanaren bidezko Terapia. Ingeniari tekniko aeronautikoak: Aeromotorrak, Aeronabigazioa, Aireontziak, Aireportuak, Ekipo eta Material Aeroespazialak. Nekazaritza-ingeniari teknikoak: Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak, Barazki-frutazaintza eta Lorezaintza, Nekazaritza eta Elikagaien Industria, Nekazaritza Mekanizazioa eta Eraikuntzak. Industria Diseinuko ingeniari teknikoa. Baso-ingeniari teknikoak: Baso Ustiapenak, Baso Industriak. Kudeaketa-informatikako ingeniari teknikoa. Sistemen Informatikako ingeniari teknikoa. Industria-ingeniari teknikoa: Elektrizitatea, Elektronika Industriala, Mekanika, Kimika Industriala eta Ehungintza. Meatzetako Instalazio Elektro-mekanikoak, Mineralurgia eta Metalurgia, Energia Baliabideak, Erregaiak eta Lehergaiak, Meatzetako Zundaketa eta Ikerkuntzak. Ontzigintzako ingeniari teknikoa: Itsasorako Egiturak, Ontzietako Propultsio eta Zerbitzuak. Herri Lanetako ingeniari teknikoa: Eraikuntza Zibilak, Hidrologia, Garraioak eta Hiri Zerbitzuak. Telekomunikazio-ingeniari teknikoa: Telekomunikaziorako Sistemak, Sistema Elektronikoak, Soinua eta Irudia eta Telematika. Topografiako ingeniari teknikoa.

  3. esperimentazio-maila: lizentziaturak: Zientzia eta Teknika Estatistikoak, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Dokumentazioa, Musikaren Historia eta Zientziak, Matematika, Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Psikologia eta Psikopedagogia. Diplomaturak: Bibliotekonomia eta Dokumentazioa, Gizarte Hezkuntza, Estatistika, Gizarte Lana eta Turismoa. Irakasletza: Entzutea eta Mintzaira, Hezkuntza Berezia, Gorputz Hezkuntza, Haur Hezkuntza, Musika Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Atzerriko Hizkuntza.

  4. esperimentazio-maila: Administrazio eta Enpresen Zuzendaritza, Gizarte eta kultura Antropologia, Aktuariotza eta Finantza Zientziak, Politika eta Administrazio Zientziak, Lan Zientziak, Zuzenbidea, Ekonomia, Filosofia, Aleman Filologia, Arabiar Filologia, Katalan Filologia, Filologia Klasikoa, Eslaviar Filologia, Frantses Filologia, Galiziar Filologia, Hebrear Filologia, Filologia Hispanikoa, Ingeles Filologia, Italiar Filologia, Portugaldar Filologia, Filologia Erromanikoa, Euskal Filologia, Geografia, Historia, Artearen Historia, Giza Zientziak, Merkatu Ikerketa eta Teknikak, Hizkuntzalaritza, Kazetaritza, Soziologia, Literatura Teoria eta Literatura Konparatua. Diplomaturak: Enpresa Zientziak, Kudeaketa eta Administrazio Publikoa eta Lan Harremanak.

    TARIFAK

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik