- AGINDUA, 2011ko ekainaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, deialdia egiten duena 2011-2012 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko diru-laguntzetarako eta 2011-2012 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egingo dituzten ahalmen urriko ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzetarako. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko ekainaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, deialdia egiten duena 2011-2012 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko diru-laguntzetarako eta 2011-2012 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egingo dituzten ahalmen urriko ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzetarako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 134
- Hurrenkera-zk.: 3568
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/06/28
- Argitaratze-data: 2011/07/14
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak; Hezkuntza
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Herri Administrazioa
Testu legala
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onetsitako Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak ezartzen duenez, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta hori garatuko duten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe.
181/1985 Dekretuaren eranskineko B.2 puntuak, unibertsitateen arloan estatuaren egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoak, ezartzen du erkidego horri eskualdatzen zaiola erkidego horretan administrazio-egoitza duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleentzako beka-deialdiak arautzeko eta kudeatzeko zeregina (uztailaren 2ko 181/1985 Dekretuaren bidez, unibertsitateen arloan Transferentzien Bitariko Batzordeak 1985eko martxoaren 25ean hartutako erabakia onetsi zen, maiatzaren 25eko 1014/1985 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera).
Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 8., 38. eta 44. artikuluetan arautzen ditu beka eta ikasketetarako laguntzei buruzko gaiak, eta honako hau ezartzen du: unibertsitateen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio oinarrizko legedian bekei, kredituei eta ikasketetarako laguntzei buruz ezarritako sistema orokorra arau bidez garatzea.
Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, hau xedatzen du 8.2 artikuluan: ahalmen-urritasuna duten ikasleak euskal unibertsitate-sistematik baztertuta gera ez daitezen, Jaurlaritzak arauak ezarriko ditu, bai eta aukera-berdintasunerako politikak bultzatu ere; bekak, laguntzak eta maileguak emango dizkie ikasle horiei.
Horregatik, eta kontuan hartuz diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko VI. idazpurua eta III. atalburuko VII. idazpurua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen 5/2010 Legea, abenduaren 23koa,
Agindu honen helburua da beka eta laguntza hauen oinarriak azaltzea eta onartzea:
2011-2012 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak, agindu honen 1. eranskineko oinarrien arabera.
2011-2012 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egingo dituzten ahalmen urriko ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzak, agindu honen 2. eranskineko oinarrien arabera.
Aurreko artikuluko 1. ataleko laguntzetarako, 26.577.611 euro bideratuko dira. Horietatik, 13.077.611 euro 2011ko ekitaldian hartzen diren laguntza-ebazpenak finantzatzeko erabiliko dira, hain zuzen ere, 2011ko ekitaldian guztiz bideratu diren eskaera-beken ebazpenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura finantzatuko dira. Gainerakoa (13.500.000 euro), berriz, 2012ko ekitaldian hartzen diren laguntza-ebazpenak finantzatzeko bideratuko da, baldintza batekin, betiere: 2011. urterako kredituak egokia eta behar adinakoa izan beharko du, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko aginduan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).
Aurreko artikuluko 2. ataleko laguntzetarako, 100.000 euro bideratuko dira; Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura, hain zuzen ere.
Kopuru horiek, dena den, aldatu egin ahal izango dira, baldin eta aurrekontua baino txikiagoa bada eskatutako laguntzen zenbateko osoa eta aurrekontu-baliabideak agortu gabe geratzen badira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk bete ondoren. Laguntzak ebatzi baino lehenago aldatu beharko dira kopuru horiek. Edonola ere, kopuru horiek aldatu edo deialdi horietarako funtsak agortzen badira, horren berri emango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren ebazpen baten bidez.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 28a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
I. ATALBURUA
HELBURUA ETA APLIKAZIO-EREMUA
Deialdi honen helburua da goi-mailako irakaskuntzetako ikasleei bekak ematea, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza izan eta 2011-2012 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketa hauetakoren bat egingo dutenei:
Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutakoak.
Titulu hauek lortzera bideratutakoak: unibertsitateko diplomadun titulua, arkitekto tekniko titulua, ingeniari tekniko titulua, lizentziadun titulua, arkitekto titulua eta ingeniari titulua.
Unibertsitate-ikasketetako bigarren zikloren batera sartzeko beharrezkoak diren egokitze-ikastaroak eta prestakuntza osagarriak.
25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate publiko ez-presentzialetan emandakoak.
Goi-mailako arte-ikasketak.
Goi-mailako militar ikasketak.
Goi-mailako erlijio-ikasketak.
Beka horiek diru-laguntza izaerakoak dira. Araubide juridikoan xedapenik ez duen guztiari hau aplikatuko zaio: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Testu Bategina, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearena, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak.
II. ATALBURUA
BEKAREN OSAGAIAK
Beka hainbat osagaitan zatituko da, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteagatik diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuen arabera. Bekadun bakoitzari dagokion bekaren azken zenbatekoa zein den jakiteko, aplikagarriak zaizkion osagai guztiak batu beharko dira, honen guztiaren arabera: bekadunaren, haren familiaren eta ikasketen egoera, eta osagai horien arteko bateraezintasun-erregimena.
Hauek dira bekaren osagaiak:
Prezio publikoen zenbatekoa.
Material didaktikoa.
Soldata.
Osabidezko laguntza.
Hiriarteko garraioa.
EAE barruko eguneroko garraioa.
Egoitza.
Prezio publikoen zenbatekoa izateak esan nahi du bekadunari ordaindu egingo zaizkiola 2011-2012 ikasturteko irakaskuntza-zerbitzuak edo matrikula.
Bekadun guztiek izango dute prezio publikoen zenbatekoa, hauek izan ezik: Euskal Autonomia Erkidegoan eguneroko garraioa izateko osagaia soilik lortzen dutenek eta goi-mailako irakaskuntza Euskal Herritik kanpo dauden ikastetxeetan egiten dutenek.
Bekaren osagai hori emateko, familia-errenta ezin da izan 16. artikuluan zehaztutako 3. maila baino handiagoa.
Ikasleak 2011-2012 ikasturterako egingo duen matrikulako irakasgai eta kreditu guztiak hartuko ditu zenbateko horrek, baldin eta irakasgai eta kreditu guztiak titulu edo espezialitate bakarrarenak badira, titulu hori lortzeko beharrezkoak badira eta lehenengo edo bigarren matrikularenak badira.
Matrikularen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartu behar dira arau hauek:
Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitateetan, agindu batek zehaztuko du prezioa; 2011-2012 ikasturtean ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharko diren prezio publikoak arautuko dituen aginduak, hain zuzen ere.
Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitate pribatuetan, prezioa ez da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan titulu eta ikasketa-plan berarentzat ezarritako prezio publiko ofiziala baino handiago izango. Unibertsitate pribatuen graduko eta masterreko ikasketa ofizialei dagokienez, esperimentazio-mailaren eta jakintza-alorraren arabera ezarriko da prezioa.
Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitate publikoetan, bertako prezioak arautzen dituzten xedapenen araberakoa izango da prezioa.
Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitate pribatuetan, prezioa ez da eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ikastetxe publikoan titulu eta ikasketa-plan berarentzat ezarritako prezio publiko ofiziala baino handiago izango. Autonomia-erkidego horretan eskaintzen ez diren tituluei dagokienez, ikasketa horiei dagokien esperimentazio-mailaren arabera ezarriko da laguntzaren zenbatekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako ikastetxeetan, bertako prezioak arautzen dituzten xedapenen araberakoa izango da prezioa.
Osagai hori zuzenean ordainduko zaie laguntzarik jaso gabe gelditzen diren erakundeei.
Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu behar dituzten liburuen edo/eta materialaren gastuak arintzea da material didaktikoari buruzko osagaiaren helburua.
Bekaren osagai hori emateko, familia-errenta ezin da izan 16. artikuluan zehaztutako 3. maila baino handiagoa.
Familia-errentaren araberakoa izango da material didaktikoari buruzko osagaiaren zenbatekoa:
Familia-errenta deialdi honetako 16. artikuluan zehaztutako 2. mailaren berdina edo txikiagoa bada: 307 euro.
Familia-errenta deialdi honetako 16. artikuluan zehaztutako 2. maila baino handiagoa bada, eta 3. mailaren berdina edo txikiagoa bada: 239 euro.
Material didaktikoari buruzko osagaia ez da bateragarria beste bi osagai hauekin: soldata eta EAE barruko eguneroko garraioa.
Osagai horren helburua da eskatzailearen ikasketak ordaintzea. Osagai hori eskuratzeko, ezinbestekoa da gradu-tituluko ikasketak egitea ikastetxean bertan, eta, gutxienez, 60 kredituko matrikula egitea.
Bekaren osagai hori emateko, familia-errenta ezin da izan 16. artikuluan zehaztutako 1. maila baino handiagoa.
Soldatari buruzko osagaiaren zenbatekoa 3.500 eurokoa da.
Soldatari buruzko osagaia ez da bateragarria beste bi osagai hauekin: material didaktikoa eta EAE barruko eguneroko garraioa.
Osagai horren helburua da eskatzailearen ikasketak ordaintzea. Osagai hori eskuratzeko, ezinbestekoa da unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egitea ikastetxean bertan. Graduko ikasketak ez dira osagai horretan sartzen.
Bekaren osagai hori emateko, familia-errenta ezin da izan 16. artikuluan zehaztutako 1. maila baino handiagoa.
Osabidezko laguntzari buruzko osagaiaren zenbatekoa 2.800 eurokoa da.
Osabidezko laguntzari buruzko osagaia ez da bateragarria EAE barruko eguneroko garraiori buruzko osagaiarekin.
Hiriarteko garraioari buruzko osagaiaren helburua da ikasleari laguntza ematea etxetik ikastetxerako garraioaren gastua arintzeko.
Bekaren osagai hori emateko, familia-errenta ezin da izan 16. artikuluan zehaztutako 2. maila baino handiagoa.
Eskatzaileak ikastetxean bertan ikasten badu, eskatzailearen familiak bizilekutzat duen herritik ikastetxearen herrira dagoen tarte motzenaren araberakoa izango da hiriarteko garraioaren zenbatekoa, eskala honen arabera:
5 eta 10 kilometro artean: 192 euro.
10 eta 30 kilometro artean: 386 euro.
30 eta 50 kilometro artean: 763 euro.
50 eta 200 kilometro artean: 993 euro.
200 kilometro baino gehiago: 1.592 euro.
Eskatzaileak ikasketa ez-presentzialak edo lineako ikasketak egiten baditu, hiriarteko garraioaren zenbatekoa 250 eurokoa izango da, baldin eta eskatzailearen familiak bizilekutzat duen herritik ikastetxearen herrira dagoen tarte motzena ez bada 50 kilometrokoa baino handiagoa.
Hiriarteko garraioari buruzko osagaia ez da bateragarria bi osagai hauekin: egoitza eta EAE barruko eguneroko garraioa.
EAE barruko eguneroko garraioari buruzko osagaiaren helburua da ikasleen garraio-gastuak ordaintzea. Osagai hori eskuratzeko, ikasleek Euskal Herrian ikasi behar dute, unibertsitateko edo goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeetan, eta ikastetxera joan behar dute ikastera. Horrez gainera, ezin dituzte bete hiriarteko garraioari buruzko osagaiak ezartzen dituen baldintzak. Osagai hori eskuratzeko, ikasleak ikasturtean zehar bizilekutzat izango duen herriaren eta ikastetxearen herriaren artean 10 kilometro edo gehiago egon behar dute, bi herrien arteko errepide motzena hartuta.
Bekaren osagai hori emateko, familia-errenta ezin da izan 16. artikuluan zehaztutako 3. maila baino handiagoa.
Distantziaren eta familia-errentaren araberakoa izango da osagai horren zenbatekoa (artikulu honetako 1. atalean azaldu bezala kalkulatu behar da distantzia). Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, joan-etorriko bidaian egindako kilometro-kopuruarekin biderkatu behar da kasu bakoitzari aplika dakiokeen modulua.
Eskatzailearen familia-errenta 2. mailaren berdina edo txikiagoa bada, 4,40 euro ibilbidearen kilometro bakoitzeko.
Eskatzailearen familia-errenta 16. artikuluan zehaztutako 2. eta 3. mailen artekoa bada, 2,80 euro ibilbidearen kilometro bakoitzeko.
Edonola ere, gutxieneko diru-laguntza 308 eurokoa izango da, eskatzailearen familia-errenta 2. mailaren berdina edo txikiagoa bada, eta 196 eurokoa eskatzailearen familia-errenta 2. eta 3. mailen artekoa bada.
Ibilbide bakoitzeko, gehienez 110 kilometroko distantzia zenbatuko da.
EAE barruko eguneroko garraioari buruzko osagaia ez da bateragarria deialdi honetan jasotako gainerako osagaiekin.
Egoitzari buruzko osagaiaren helburua da unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiten dituzten ikasleei laguntza ematea ikasturtean zehar egiten duten etxebizitza-aldaketaren gastuak arintzeko. Osagai hori eskuratzeko, ezinbestekoa da ikastetxean bertan ikastea.
Ikasleak behar bezala egiaztatu beharko du ikasturtean zehar izango duen bizilekua, hots, ikasketak direla-eta, ohiko etxebizitzatik kanpo izango duen bizilekua. Familiaren bizitokiaren eta ikastetxearen herriaren artean 50 kilometro baino gutxiago badaude, egiaztatu egin beharko da ikasturtean zehar familiaren bizitokitik kanpo bizitzea ezinbestekoa dela, garraiobideen eskasia eta ikastordutegia dela eta.
Nazioko edo nazioarteko mugikortasun-programetan parte hartzen duten ikasleek egoitzari buruzko osagaia eskuratu ahalko dute, baldin eta egiaztatzen badute familiaren bizitokitik kanpo egongo direla sei hilabete baino gehiago.
15. artikuluko 3. atalaren arabera, familiaren laguntza ekonomikorik gabe bizitzeko baliabideak dituzten ikasleek ezingo dute eskuratu egoitzari buruzko osagaia; izan ere, ohiko bizilekutzat hartuko da ikasturtean zehar izango duten bizilekua, nahiz eta erroldan ageri den bizilekua ez izan.
Bekaren osagai hori emateko, familia-errenta ezin da izan 16. artikuluan zehaztutako 3. maila baino handiagoa.
Familia-errentaren araberako izango da egoitzari buruzko osagaiaren zenbatekoa:
Familiaren errenta deialdi honetako 16. artikuluan zehaztutako 1. mailaren berdina edo txikiagoa bada: 3.772 euro.
Familiaren errenta deialdi honetako 16. artikuluan zehaztutako 1. maila baino handiagoa bada eta 2. mailaren berdina edo txikiagoa bada: 3.336 euro.
Familiaren errenta deialdi honetako 16. artikuluan zehaztutako 2. maila baino handiagoa bada eta 3. mailaren berdina edo txikiagoa bada: 2.903 euro.
Egoitzari buruzko osagaia ez da bateragarria bi osagai hauekin: hiriarteko garraioa eta EAE barruko eguneroko garraioa.
% 65eko ahalmen-urritasuna edo handiagoa legez aitortuta duten ikasleek % 50era arte murriztu ahalko dute ikasgai-kopurua; murrizpen horrek ez du eraginik izango laguntzetan.
Matrikula osorik egiten duten ikasleek % 50 gehiago jasoko dute dagokien bekaren osagai guztietan, prezio publikoen salbuespenean izan ezik.
Bekaren osagai hori emateko, familia-errenta ezin da izan 16. artikuluan zehaztutako 3. maila baino handiagoa.
III. ATALBURUA
BALDINTZA OROKORRAK
Beka eskuratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea, 2010eko abenduaren 31n.
Matrikula egitea eta 2011-2012 ikasturtean 1. artikuluan jasotako ikasketaren bat egitea. Aldi berean hainbat ikasketa eginez gero, ikasketa batentzat soilik jaso ahalko da beka.
Deialdi honetan beka eskatzeko, ikasleek master ofizial bat egin behar dute. Ezinbestekoa da masterraren ikasturtea bat etortzea urte naturalarekin eta 2011. urtean ematea.
Eskatzailea atzerritarra bada, egoitza-baimena Espainian izatea, eta eskatzailea edo sostengu ekonomikoa ematen diotenak Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunean zergapekoak izatea, 2010eko ekitaldian.
Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexu-bereizkeriagatiko debekurik ere, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, azken xedapenean, seigarrenean, xedatutakoaren arabera.
Ikasleek ez izatea bekarekin egin nahi dituzten ikasketen maila bereko edo handiagoko titulurik, eta ez betetzea horrelako tituluren bat eskuratzeko legezko baldintzak. Ondorio horietarako, graduko ikasketek ez dute diplomaturako, ingeniaritza teknikoko eta arkitektura teknikoko ikasketek baino maila handiagoa.
Ez jasotzea unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekarekin bateraezina den bekarik edo laguntzarik.
Unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beka bateraezina da entitate eta erakunde publiko nahiz pribatuen beka-deialdiekin, artikulu honetako salbuespenak salbu.
Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko eskuratutako laguntza guztien zenbatekoa ezingo da izan ikasketen kostu erreala baino handiagoa.
Unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beka bateragarria da EAEko ikastetxeetara ikastera joaten diren ahalmen urriko ikasleentzako garraiorako bekarekin. Nolanahi ere, laguntza guztien zenbatekoa ezin da izan garraio-gastuaren % 100 baino handiagoa. Hala gertatzen bada, laguntza murriztuko da, dagokion gehienezko mugaraino.
Horrez gainera, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beka bateragarria da beka hauekin: lankidetza-bekak; nazioarteko mugikortasunaren bekak; bikaintasun-bekak; atzerrian hizkuntzak ikasteko bekak, sail horrek antolatzen dituenak; eta Erasmus eta Sokrates bekak. Seneka beka ere bateragarria da unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekaren osagai hauekin: prezio publikoen salbuespena eta material didaktikoa.
Bekaduna ikasketa-planean ezarritakoa baino urtebete gehiagoz izango da bekadun, Ingeniaritza eta Arkitektura ikasten dutenak izan ezik; ikasle horiek bi urte gehiagoz izango dira bekadun.
Dena den, eskatzaileak ikasketa ez-presentzialak edo lineako ikasketak egiten baditu, aurreko paragrafoan araututakoa baino urtebete gehiagoz jaso ahalko du beka.
% 65eko ahalmen-urritasuna edo handiagoa duten bekadunek ikastordu gutxiago izatea aukeratzen badute, artikulu honetako 1. puntuan ezarritako denboraren halako bi aldiz izan ahalko dute beka.
Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egin eta ikasketa horietan beka jaso duten eskatzaileek ezingo dute bekarik jaso unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak aldatzen badituzte, harik eta aurreko unibertsitateko edo goi-mailako ikasketetan beka jaso zuten ikasturte-kopurua baino ikasturte gehiagotan matrikula egiten duten arte oraingo ikasketetan. Salbuespen gisa, unibertsitateko ikasketen lehenengo urtean beka jaso eta ikasketak lehenengo ikasturtean lehenengo aldiz aldatzen dituztenek beka jaso ahalko dute beste ikasketetan, baldin eta 22. artikuluan ezarritako etekin akademikoari buruzko betebeharra betetzen badute.
IV. ATALBURUA
BETEBEHAR EKONOMIKOAK
Oro har, bekaren ondorioetarako, 2010eko abenduaren 31n etxebizitza berean eskatzailearekin batera bizi direnak dira kide konputagarriak, 15. artikuluan xedatutakoaren arabera. Etxebizitza horrek Euskal Autonomia Erkidegoan egon beharko du eta dagokion udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da. Kide konputagarrien diru-sarrerak eta ondarea egiaztatu beharko da, eskatzailearen familia-unitateak zer errenta eta ondare duen jakiteko, eta ekonomiaren eta ondarearen baldintzak betetzen diren ikusteko.
Banantzearen edo dibortzioaren ondorioz familiaren etxean bizi ez den ezkontidea ez da kide konputagarria. Dena den, kide horrek ematen dituen konpentsazio-pentsioak edo mantenu-pentsioak eskatzailearen familia-unitateko diru-sarreratzat hartuko dira. Gurasoek zaintza banatua badute eta seme-alabak txandaka bizi badira gurasoekin, guraso bien diru-sarrerak hartuko dira kontuan. Dena den, guraso bakarreko familiei aplikatzen zaien murrizketa eskuratu ahalko dute eskatzaileek.
Ez dira onartuko Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden eskatzaileen beka-eskaerak, baldin eta ez badira ekonomikoki independenteak, eta haien familia-unitateek eta sostengu ekonomikoa ematen dietenek ezin badute egiaztatu erkidego horretan bizi direla.
Eskatzailea ez bada ekonomikoki independentea eta familia-unitate bateko semea edo alaba bada, familiaren etxebizitzan bizi diren kide hauek izango dira kide konputagarriak bekaren ondorioetarako: eskatzailea; aita eta ama; legezko tutorea, hala badagokio; eta hogeita bost urtetik beherako neba-arreba ezkongabeak (neba-arrebek ahalmen urritasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke).
Kide konputagarritzat hartuko dira etxebizitza berean bizi diren kide hauek:
Gurasoen senideak, baldin eta etxebizitza berean bizi direla egiaztatzen badute.
Familiak legez edo egitez hartu eta familiaren kontura bizi den adingabea; egoera hori behar bezala arrazoitu eta egiaztatu beharko da.
Eskatzailearen aitaren edo amaren ezkontide berria edo izatezko bikotekide edo antzeko bikotekide berria, familiaren etxebizitzan bizi dena. Haren errenta eta ondarea kontuan hartuko dira.
Salbuespen gisa, kide konputagarritzat hartuko dira eskatzailearekin bizi diren beste senide batzuk, baldin eta behar bezala egiaztatzen bada eskatzailearentzat ezinbestekoa dela haien laguntza ekonomikoa eta eskatzaileak ez zuela 2010ean beste inoren sostengu ekonomikorik jaso.
Eskatzailea ekonomikoki independentea bada eta familia-unitatea sortu badu, haren etxean bizi diren kide hauek izango dira kide konputagarriak bekaren ondorioetarako: eskatzailea; ezkontidea edo izatezko bikotekidea, hala erregistraturik edo erregistratu gabe dagoena; hogeita bost urtetik beherako seme-alabak (seme-alabek ahalmen urritasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke); legez hartutako adingabeak; eta eskatzailearen senideak edo ezkontide edo bikotekidearenak, hala badagokio.
Eskatzaileak pertsona bakarreko familia eratzen badu eta esaten badu ez duela familiaren laguntza ekonomikorik behar, justifikatu egin beharko du, batetik, etxebizitza baten jabe dela edo etxebizitza bat alokatzen duela, eta, bestetik, bizitzeko nahikoa baliabide ekonomiko dituela. Bekaren ondorioetarako, ikasturtean zehar bizilekutzat izango duen etxebizitza hartuko da eskatzailearen etxebizitzatzat. Eskaera ukatu egingo da, baldin eta ez bada behar bezala egiaztatzen eskatzaileak bere etxebizitza duela eta baliabide ekonomikoak dituela.
Kide konputagarritzat hartu ahalko da eskatzailearekin bizi den pertsona, nahiz eta haien artean ahaidetasun-harremanik ez izan eta alokairuzko etxebizitza banatzen dutela ezin justifikatu.
2011-2012 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko emango diren bekak familia-errentaren maila hauen araberakoak izango dira:
(Ikus .PDF)
235 euro gehituko dira kide konputagarri bakoitzeko.
(Ikus .PDF)
672 euro gehituko dira kide konputagarri bakoitzeko.
(Ikus .PDF)
562 euro gehituko dira kide konputagarri bakoitzeko.
Beka-eskaera ukatu egingo da, familia-unitatearen errenta familia-kide kopuru horrentzat 3. mailan ezarritako errenta baino handiagoa bada.
Familia-errenta zenbatesteko, artikulu honetan ezarritakoa aplikatuko zaio familia-unitateko kide konputagarri bakoitzari; hain zuzen ere, 14. eta 15. artikuluan ezarritakoaren arabera kide konputagarriak diren familia-kideei.
Bekaren ondorioetarako, honela zenbatetsiko da PFEZ aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta:
PFEZ aitorpeneko bi zenbateko batu behar dira: zerga-oinarri orokorrarena eta aurrezpenaren zerga-oinarriarena. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza zero izango da. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio.
Hartzaileak PFEZren pean ez dauden diru-sarrerak edo PFEZtik salbuetsita daudenak baditu, diru-sarrera horien zenbatekoa gehitu egingo zaio aurreko formularekin ateratako emaitzari.
Bekaren ondorioetarako, honela zenbatetsiko da PFEZ aitorpena aurkeztu behar ez duten kide konputagarrien errenta:
Edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabeziaren prestazioak eta laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak...), baita hiri-izaerako ondasunen etekina ere, PFEZren ondorioetarako konputagarria dena, aplikatzekoa den zerga-araudiari jarraiki. Ondasun horietan ez da sartzen ohiko etxebizitza.
Konturako atxikipenak eta aplikatzekoak diren gastu kengarriak (Gizarte Segurantza, etab.) kendu behar zaizkio emaitza horri.
Ez da diru-sarreratzat hartuko Administrazio publikoek emandako ikasketa-beken zenbatekoa.
Laguntza ukatu ahalko da, baldin eta kontraesanik badago diru-sarreren, adierazitako ondarearen eta gastuen artean.
Guraso bakarreko familiei aplikatu behar zaien kenkaria:
Lortutako familia-errentari ehuneko hamarreko kenkaria besterik ez zaio aplikatuko, baldin eta eskatzailearen familia-unitateak baldintza hauetakoren bat betetzen badu:
Eskatzailea guraso bakarreko familia-unitate bateko semea edo alaba da, eta familia-unitateak diru-iturri bakarra du: hain zuzen ere, aitak edo amak besteren kontura egiten duen lana edo/eta jasotzen duen pentsioa(elbarritasun-pentsioa, alargun-pentsioa, zurztasun-pentsioa, osabidezko pentsioa edo/eta janari-pentsioa). Eskatzailea guraso bakarreko familia-unitate bateko ama edo aita bada, kenkari hori aplikatu ahalko da, baldin eta aurreko baldintzak betetzen badira eta, haurrak kenduta, etxean ez bada beste seniderik bizi.
Edonola ere, familia-errentari kenkari hori aplikatzeko, behar-beharrezkoa da familia-errentan janari-pentsioaren edo/eta osabidezko pentsioaren zenbateko eguneratua sartzea, edo behar bezala egiaztatzea ez dagokiela kobratzea.
Eskatzailea erabateko umezurtza da, hogeita bost urtetik beherakoa da eta zurztasun-pentsiotik edo beste familia-unitate baten pentzutan bizi da.
Kide konputagarri jakin batzuen diru-sarrerei aplikatu behar zaien kenkaria.
Familian diru-sarrerak dituen kide konputagarri bakoitzaren errentaren ehuneko berrogeita hamarra kendu ahalko zaio familia-errentari. Ez dira, ordea, kide konputagarri hauek kontuan hartuko:
Eskatzailea.
Aita edo/eta ama (eta haren ezkontidea edo bizikidea, hala badagokio) edo legezko tutoreak, 15.1 artikuluan deskribatutako familia-unitateetan.
-Eskatzailearen ezkontidea edo bikotekidea, 15.2 artikuluan deskribatutako familia-unitateetan.
Familia ugariei aplikatuko zaien kenkaria:
Familia-errentari 500 euro kenduko zaizkio familia-egoitzan bizi den neba-arreba bakoitzarengatik, eskatzailea barne dela, kategoria orokorreko familia ugariak direnean; kopuru hori 765 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugariak direnean. Era berean, eskatzailea familia ugari bateko aita edo ama bada, kenkari hori aplikatu ahalko zaio etxean bizi den seme edo alaba bakoitzarengatik.
Ahalmen-urritasunagatik aplikatuko den kenkaria:
Familia-errentari kenkari bat aplikatu ahalko zaio ahalmen-urritasuna legez aitortua izan eta lan-errentarik ez duen kide konputagarri bakoitzarengatik. Kenkaria 1.811 eurokoa izango da ahalmen-urritasuna % 33koa edo handiagoa bada eta % 65koa baina txikiagoa bada, edonor dela ere kide konputagarria. Ahalmen-urritasuna % 65ekoa edo handiagoa bada, kenkaria 4.000 eurokoa izango da, baldin eta eskatzaileak badu ahalmen-urritasun hori; kenkaria 2.881 eurokoa izango da, baldin eta beste kide konputagarri batek badu ahalmen-urritasun hori.
Ikasketak direla-eta etxetik kanpo bizitzeagatik aplikatuko den kenkaria:
176 euroko kenkaria aplikatuko da, baldin eta gutxienez bi kide konputagarrik unibertsitate-ikasketak egiten badituzte eta egiaztatzen badute familia-egoitzatik kanpo bizi direla ikasketak direla-eta.
Ondasun-mugak.
2010eko abenduaren 31n, familia-unitateko kide konputagarrien ondasunen balioak edo/eta etekinek ezarri diren mugak gainditzen badituzte, eskatutako beka ukatu ahalko da, ondasunarekin loturiko arrazoiak direla-eta, familia-errenta edonolakoa dela ere.
Atal honetan aipatutako ondasunen balioari % 50eko kenkaria aplikatuko zaio. Horretarako, ondasun horien jabe diren familiako kide konputagarriek eskubidea izan behar dute diru-sarreretan kenkariak izateko; hain zuzen ere, 18.2 artikulua aplikatzen zaielako.
Hiri-finken mugak:
Familiaren hiri-finken katastro-balioen batura 42.900 eurokoa izango da, gehienez. Ohiko etxebizitzaren katastro-balioa ez da kontuan hartuko.
Ohiko etxebizitzaz gainera, familia-unitatea bi etxebizitzaren edo gehiagoren jabe bada, eskatutako beka ukatu egingo da, ondasunarekin loturiko arrazoiak direla-eta.
Hiri-finken balioa zenbatesteko, arau hauei jarraitu behar zaie:
-. Euskal Herriko udalerrietako hiri-finkak:
Bizkaiko udalerrietan edo katastro-balioak berraztertu edo aldatu ez dituzten Arabako udalerrietan, hiri-finken katastro-balioaren % 100 zenbatuko da.
Katastro-balioak berraztertu edo aldatu dituzten Arabako udalerrietan, hiri-finken katastro-balioaren % 60 zenbatuko da, Gasteizen izan ezik; han % 25 zenbatuko da.
Gipuzkoako udalerrietan, katastro-balioaren % 30 zenbatuko da, Donostian izan ezik; han % 25 zenbatuko da.
-. Euskal Herritik kanpo dauden udalerrietako hiri-finkak:
Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren deialdietan ezarritako arauk aplikatuko dira; alegia, unibertsitate-ikasleentzako 2011-2012 ikasturterako bekak arautzen dituzten arauak.
Landa-finken mugak:
Familiako landa-finken balio katastralen baturak ezingo du izan 13.300 euro baino handiagoa familiako kide konputagarri bakoitzeko.
Balio higigarrien mugak:
Kide konputagarri bakoitzaren 2010eko PFEZ aitorpenean, balio higigarriari dagozkion laukiak hartu eta kalkulua egingo da familia osoaren kapital higigarriaren etekin garbia 2.100 euro baino handiagoa den; kalkulu hori egiteko, kendu egingo dira 2010aren aurreko ekitaldietako ondare-irabazien eta -galeren saldo negatibo garbiak eta 2009ko kapital higigarriaren etekinen saldo negatibo garbia. 2.100 euro baino handiagoa bada, beka ukatuko da, ondarearekin loturiko arrazoiak direla-eta.
Jarduera ekonomikoen mugak.
2010eko ekitaldiko jarduera ekonomikoen fakturazio-bolumenak ezingo du 169.470 euro baino handiagoa izan, baldin eta jardueraren titularrak familiako kide konputagarrietako bat edo gehiago badira. Enpresa txikiei eta ertainei hori bera aplikatuko zaie, baldin eta titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietako baten bat sozietate horren kidea edo partaidea bada eta bertan lan egiten badu.
V. ATALBURUA
BETEBEHAR AKADEMIKOAK
2011-2012 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko beka jasotzeko, ikasleek matrikula egin behar dute deialdi honetako 1. artikuluko ikasketaren batean, ikasturte horretan. Horrez gainera, baldintza akademikoak bete behar dituzte, bai eta artikulu honetan jasotako probetxu akademikoaren betebeharrak ere.
Ikasleek aldi berean hainbat ikasketa egiten badituzte, bekaren bidez egin nahi dituzten ikasketei buruzkoak izan behar dute betebehar akademikoek eta probetxu akademikoaren betebeharrek.
Ikasle batek ikasturte batez ikasketarik egin ez badu, egindako azken ikasturteari buruzko betebeharrak eskatuko dira.
Oro har, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beka eskatzen dutenek gutxieneko kreditu-kopuru bat hartu behar dute matrikula egiten dutenean. 2011-2012 ikasturtean egiten duten ikasketa-motaren araberakoa izango da kreditu-kopurua:
Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak: eskatzaileek, gutxienez, 60 kredituko matrikula egin beharko dute 2011-2012 ikasturtean.
Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak: eskatzaileek, gutxienez, 60 kredituko matrikula egin beharko dute 2011-2012 ikasturtean. Masterraren ikasketa-planak ikasturte horretarako kreditu gutxiago dituela egiaztatzen badute, eskatzaileek beka orokorra eskuratu ahalko dute; dena den, gutxienez hogeita hamar kreditu izan beharko ditu ikasketa-plan horrek.
Titulu ofizial hauek lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketak: unibertsitate-diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa, ingeniaria, eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetan tituluduna. 2011-2012 ikasturteko matrikulan, ikasleak irakasgai- edo kreditu-kopuru hauek hartu beharko ditu gutxienez:
Ikasketa-planak kredituen bidez egituratuta badaude, eragiketa hau egin beharko da gutxieneko kreditu-kopurua zein den jakiteko: ikasketa-planaren kredituen ehuneko laurogeita bost zati ikasketa-planaren urte-kopurua.
Ikasketa-planak ez badaude kredituen bidez egituratuta, ikasturte osoko matrikula egin beharko du ikasleak lehenengo ikasturtean. Ondorengo mailetan, eragiketa hau egingo da gutxieneko kopuru hori zein den jakiteko: ikasketa-planeko irakasgai-kopuru osoa zati ikasketa-planaren urte-kopurua.
Unibertsitate-ikasketetako bigarren zikloren batera sartzeko beharrezkoak diren egokitze-ikastaroak eta prestakuntza osagarriak: eskatzaileak kreditu guztiak hartu beharko ditu 2011-2012 ikasturteko matrikulan. Ikasturte bakar batentzat emango da beka.
25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate publikoetan emandakoak: eskatzaileak gutxienez hogeita hamabost kreditu hartu beharko ditu 2011-2012 ikasturteko matrikulan. Ikasturte bakar batentzat emango da beka.
Atal honen 1. artikuluan araututakoak salbuespen hauek ditu:
Matrikulako irakasgai- edo kreditu-kopurua mugatzen badu unibertsitatearen araudiak, ikasleak beka lortu ahal izango du ahal duen irakasgai edo kreditu guztietan matrikulatzen bada, nahiz eta ez iritsi artikulu honek eskatutako gutxienekora.
Eskatzaileak ikasketa ez-presentzialak egiten baditu, eta matrikula partziala egiten badu lana eta ikasketak uztartzeko, gutxienez 35 kreditutan matrikulatu beharko da beka lortzeko. Aukera hori hautatuz gero, osagai hauek soilik eskuratu ahalko ditu: prezio publikoen salbuespena, hiriarteko garraioa eta material didaktikoa.
Ikasketak amaitzeko falta zaizkion kreditu guztietan matrikulatzen bada eskatzailea, beka jaso ahalko du. Dena den, 13. artikuluan jasotako urte-kopurua -beka eskatzen duen ikasturtea barne- izango du bekaduna izateko, ez gehiago. Beka lortuz gero, ez ditu osagai hauek eskuratuko: osabidezko laguntza eta soldata. Horrez gainera, 12tik 35era bitarteko kreditu-kopurua hartzen badu matrikula egiten duenean, beka-osagaien zenbatekoa % 50 jaitsiko da, prezio publikoen salbuespenaren osagaia izan ezik; osagai hori osorik ordainduko da. 12 kreditu baino gutxiago hartzen baditu, prezio publikoen salbuespenaren osagaia soilik jasoko du.
Eskatzaileak legez aitortutako % 65eko ahalmen-urritasuna edo handiagoa badu, % 50era murriztu ahalko du irakasgai-kopurua; artikulu honetako 1. atalean ezarritako gutxienekoak ere % 50era murriztuko dira. Murrizpen hori erabiltzen duenak atal horretako d) eta e) paragrafoan agertzen diren ikasketak egiteko erabiltzen badu, beka berritu ahalko du, baldin eta matrikulatutako kredituen % 50 gainditzen badu.
Matrikulako gutxieneko kreditu-kopurua zein den jakiteko, kontuan hartu beharko dira arau hauek:
Artikulu honetan adierazitako gutxieneko kopuruan ezingo dira sartu espezialitate bat baino gehiagoko irakasgai edo kredituak, ezta dagokion titulua eskuratzeko behar diren kopurutik gorakoak ere.
Irakasgai edo kreditu baliozkotuak, egokituak eta aitortuak ez dira aintzat hartuko, ezertarako. Ikasturte horretan amortizatuko diren aukera askeko irakasgaien kredituak ere ez dira aintzat hartuko.
Lau edo sei hileko matrikula duten ikasketa-planetan, beka lortzeko, eskatzaileak artikulu honen 1. atalean ezarritako gutxieneko kredituen ehuneko berrogeita hamarra hartu beharko du matrikulan, eta hurrengo lau edo sei hilabetean matrikula bete beharko du gutxieneko kreditu-kopurua lortzeko. Baldintza hori betetzen ez bada, beka itzultzeko prozedurari ekingo zaio.
EAE barruko eguneroko garraioa kenduta, bekaren beste osagai guztiak lortzeko etekin eta probetxu akademikoa:
Unibertsitateko ikasketak edo goi-mailako erlijio-eta militar ikasketak egiteko matrikula lehenengo aldiz egiten duten ikasleak salbu, eskatutako etekin eta probetxu akademikoa betetzen dutela bermatu beharko dute beka eskatzen dutenek, betiere, 2011-2012 ikasturtean egingo dituzten ikasketen arabera:
Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak: gainditu gabeko kredituen kopuruak ezingo du izan, kasuan kasu, jarraian adierazitakoa baino handiagoa:
Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko berrogeita hamar.
Gainerako unibertsitateko eta goi-mailako ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hogeita hamabost.
Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak:
Urtebeteko iraupena duen master ofizial bat egiteko, edo bi urteko iraupena duen master baten lehenengo ikasturtea egiteko, eskatzaileak gutxienez 6 puntuko batez besteko nota lortu beharko du masterra ikasteko bide ematen duen tituluaren unibertsitate-ikasketetan. Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan lortutako batez besteko notak 1,7 koefizienteaz biderkatuko dira.
Master ofizial baten bigarren ikasturterako beka eskatzen dutenek egiaztatu beharko dute 2011-2012 ikasturtean matrikulatutako kreditu guztiak gainditu dituztela, bai eta masterreko ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkien kreditu guztietan matrikulatu direla ere.
Batez besteko nota kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:
Masterrera bigarren zikloko titulazioetatik jotzen bada, lehen zikloan lortutako kalifikazioak ere aintzat hartuko dira eskatzaileak zer batez besteko nota izan behar duen jakiteko.
Kalifikazio numerikorik ez badago, baremo honen arabera balioetsiko dira kalifikazioak:
Ohorezko matrikula (Bikain eta aipamena) = 10 puntu.
Bikain (9 eta 10 puntu artean) = 9 puntu.
Oso ongi (7 eta 8,9 artean) = 7,5 puntu.
Nahiko edo gai (5 eta 6,9 artean) = 5,5 puntu.
Irakasgaiaren arabera antolatutako ikasketa-planetan, honela kalkulatuko da batez besteko nota: irakasgai bakoitzean lortutako noten batura zati egindako irakasgaien kopurua.
Ikasketa-plana kredituen bidez antolatzen bada, irakasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatuz lortzen den puntuazioa ikasketa-planaren kredituen arabera haztatuko da, formula honi jarraiki:
B = P x IKK/KK
B= irakasgaietan lortutako notak haztatu ondorengo balioa.
P = irakasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko ataleko baremoa aplikatuta.
IKK = irakasgaiaren kreditu-kopurua.
KK = irakatsitako kreditu konputagarrien kopurua.
Formula hori aplikatuta lortutako balioak batu egingo dira, eta horren emaitza izango da batez besteko azken nota.
Irakasgai eta kreditu baliozkotu edo egokituek jatorrizko ikastetxean lortutako kalifikazioei dagozkien puntuak izango dituzte, eta onartutako irakasgai edo kredituek kalifikaziorik ez balute, ez dira espedientean jasoko. Kalifikaziorik ez balego, balorazioa nahiko izango da.
Karrera-amaierako lanek, proiektuek eta azterketek kredituak dituztenez, irakasgai moduan kontabilizatuko dira; betiere, batez besteko nota kalkulatzeko aukera ematen duen kalifikazioren bat badute.
Atzerriko unibertsitateetako espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, epaimahaiak irakasgai bakoitzerako ezarriko du sistema dezimalerako baliokidetza. Horretarako, aintzat hartuko ditu irakasgaia gainditzeko gutxieneko nota eta jatorrizko kalifikazioen kalifikazio handiena, eta zehaztu egingo du kalifikazio-sistema dezimalarekiko zer baliokidetza duen.
Titulu ofizial hauek lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketak: unibertsitate-diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa, ingeniaria, eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetan tituluduna. Gainditu gabeko kredituen edo irakasgaien kopuruak ezingo du izan, kasuan kasu, jarraian adierazitakoa baino handiagoa:
Kreditutan egituratutako ikasketetan:
Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko berrogeita hamar.
Gainerako unibertsitateko eta goi-mailako ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hogeita hamabost.
Kreditutan egituratuta ez dauden ikasketetan:
Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan, 3 irakasgai.
Gainerako unibertsitateko edo goi-mailako ikasketetan, irakasgai 1.
EAE barruko eguneroko garraioaren osagai lortzeko izan behar den etekin eta probetxu akademikoa:
Ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe batean egiten baditu graduko ikasketak edo titulu ofizial bat lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketak -unibertsitateko diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa, ingeniaria eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetan tituluduna izateko-, azken ikasturtean gainditu ez dituen kredituek edo irakasgaiek ezingo dute, kasuan kasu, jarraian adierazitakoak baino handiagoak izan:
Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hirurogeita bost.
Gainerako unibertsitateko eta goi-mailako ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko berrogeita hamar.
Egindako azken ikasturtean matrikulatutako kreditu guztiak hartuko dira kontuan, probetxu akademikoaren balioespena egiteko. Egiaztatu egin beharko da, era berean, aurreko ikasturteko matrikulan, ikasketa eta ikasturte horretarako gutxieneko kredituak behintzat hartu zituela ikasleak.
Ikasketak aldatuz gero, oraingo ikasketetan beka eskuratzeko, utzitako ikasketen azken ikasturtearen etekin akademikoa hartuko da betebehar akademikotzat. Ikasketak plan berrietara egokitzen badituzte, egokitzapen horiek ez dira ikasketa-aldaketatzat joko.
VI. ATALBURUA
NOLA AURKEZTU ESKAERAK
Bekaren eskatzaileek eskaera-eredua bete eta inprimatu beharko dute. Webgune honetan dago eskaera-eredua: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Eredu horretan jasoko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50. artikuluaren 6. atalean aipatzen den ardurapeko adierazpena. Testu bategin hori onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak, diru-laguntzen gaiari dagokionez honako arau honek aldatu zuenak: abenduaren 23ko 5/2010 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak.
Eskaera behar bezala betetakoan, data eta sinadura jarri eta eskatutako agiriekin batera aurkeztu beharko da eskatzaileak ikasketak egingo dituen unibertsitateko beken unitatean edo izen bereko sailean, edo goi-mailako ikasketen ikastetxean.
Eskaera leku hauetan aurkeztu ahalko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak adierazitako edozein erregistrotan; edo, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko) 38. artikuluan adierazitako lekuetan.
Postaz bidaltzen diren eskabideak gutun-azal ireki baten barruan aurkeztu beharko dira, postako langileek data jarri eta zigilua eman dezaten.
Bekaren eskaera aurkezteak berekin dakar:
Interesdunak baimena ematen duela eskaeran jasotako datuak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko fitxategi informatizatuetan sartzeko.
Deialdiaren oinarriak onartzea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari baimena ematea Zerga Administrazioen bitartez datuak eskuratzeko, hain zuzen, familiak zer errenta eta ondasun dituen jakiteko, bekaren ondorioetarako.
Irakaskuntza-zerbitzuei dagokien prezioa aurretik ordaindu gabe egin ahal izango dute matrikula beka eskatzen dutenek. Hala ere, unibertsitateek, kautela-neurri gisa, irakaskuntza-zerbitzuen prezioa ordaintzeko eska diezaiekete eskatzaileei, baldin eta ez badituzte betetzen agindu honetan ezarritako baldintza akademikoak.
2011ko irailaren 30a arte (egun hori barne) aurkeztu ahalko dira eskaerak.
Epe horretatik kanpo ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak, deialdiaren azken ebazpena baino lehenago, betiere, kasu hauetan:
Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikastetxeren batean ikasten badu, 2011ko urriaren 15era arteko epea izango du eskaera aurkezteko.
Eskatzailearen ikasketak 2011n hasten badira eta ikasketa horien matrikula-epea aipatutako datak baino geroago hasten bada, baldin eta matrikula egiten duenean beka-eskaera aurkezten badu; kasu horretan, 2011ko abenduaren 31ra arteko epea izango du gehienez.
Eskaera-orria, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko webgunetik deskargatu dena. Eskaera-orriak behar bezala beteta egon behar du eta eskatzaileak nahiz familia-unitateko adindunek sinatu behar dute.
Administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria, familiaren etxebizitzan 2010eko abenduaren 31n bizi diren pertsona guztien zerrenda jasoko duena.
Libreta edo kontu-korronte baten fotokopia, bekaren zenbatekoa ordaintzeko. Fotokopia horretan, bezeroaren kontu-kodea agertu behar da, bai eta banketxea edo kutxa, bulegoa, kontrol-digituak eta kontu-korrontearen zenbakia ere. Eskatzaileak kontu horren titularra edo titularkidea izan behar du.
2010eko ekitaldiko diru-sarreren ziurtagiriak, hau da:
Zerga-aitorpena egin duten kide konputagarrien Pertsonen Fisikoen Errentaren gaineko Zerga-aitorpenaren (PFEZ aitorpenaren) fotokopia osoa.
PFEZtik salbuetsita dauden errenten eta pentsioen ziurtagiriak, bai eta Gizarte Segurantzaren pentsioen eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo/eta etxebizitzarako laguntza osagarriaren ziurtagiriak ere.
Ogasunaren ziurtagiria, aitorpena egin ez duten kide konputagarrien aitorpena aurkeztu ez izana egiaztatzen duena.
Lan-etekinen egiaztagiria (10T), 2010ean PFEZren aitorpena egin ez bada.
Hiri- nahiz landa-izaerako ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagirien fotokopia (familia-unitatearen ohiko etxebizitzarena izan ezik), baldin eta kide konputagarriren batek ondasun higiezinak baditu, ohiko etxebizitzaz gainera.
Familiaren errenta garbia kalkulatzean kenkariak aplikatzeko eskubidea ematen duten egoerak egiaztatzeko agiriak; egoera horiek 18. artikuluan adierazita daude (besteak beste, familia ugariaren tituluaren fotokopia eta dagokion Foru Aldundiaren Balioespen eta Orientazio Unitateak hartutako ebazpenaren fotokopia, ahalmen-urritasunaren gradua aitortzen duena).
Eskatzaileak ikasturtean zehar izango duen bizilekuaren egiaztagiria (alokairu-kontratuaren fotokopia, ikasle-egoitza batean lekua erreserbatu izanaren ziurtagiria, ohiko etxebizitzaren jabetzaren justifikazioa, etab.), baldin eta eskatzailea familiaren ohiko etxebizitzatik kanpo biziko bada unibertsitateko ikasketak egiteko 2011-2012 ikasturtean, edo egiaztatzeko eskatzaileak ez duela familiaren laguntza ekonomikorik behar, agindu honen 15.3 artikuluan xedatutakoari jarraiki.
Master ofizialari bide ematen dion espediente akademikoaren tituluaren ziurtagiria, baldin eta eskatzaileak masterreko ikasketa ofizialak egiteko eskatzen badu beka, eta masterreko matrikula ez badu titulua eskuratu zuen unibertsitate berean egin.
VII. ATALBURUA
IZAPIDEAK ETA ERABAKIA HARTZEKO PROZEDURA
Unibertsitateen Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honen bidez arautzen diren bekak.
Unibertsitateak, eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetarako ikastetxeak beka horien kudeaketan parte hartzen dute.Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Unibertsitateen Zuzendaritzak aplikazio informatiko bat jarriko du erakunde lankideen eskura, beka-eskarien izapideak eta kudeaketa errazteko.
Hona hemen erakunde horien partaidetzaren zehaztapenak:
Eskaerak jasotzea.
Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazio gehigarria egiaztatzea. Behar izanez gero, antzemandako gabeziak edo akatsak zuzentzeko eskatu ahal izango dute, bai eta aurkeztu gabeko dokumentazioa aurkezteko ere.
Egiaztatzea eskatzaileek bete egiten dituztela eskatutako baldintzak.
2012ko otsailaren 1a baino lehenago, beka eskatu eta eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda bidali behar dute Unibertsitateen Zuzendaritzara; baldintza horiek betetzen ez dituzten eskatzaileen zerrenda ere bidali behar dute.
Prozeduraren ebazpenaren berri emango dute beren kudeaketa-unitateetan.
Aurkeztutako eskaerak aztertuko dituzte hautespen-epaimahaiek, eta beka eman edo ez erabaki. Egindako bileren akten kopiak Unibertsitateen Zuzendaritzara bidali behar dituzte, epaimahaiburuaren oniritzia jaso ondoren.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan, kide hauek osatuko dute hautespen-epaimahaia:
Epaimahaiburua: unibertsitateko errektoreak izendatutako errektoreordea.
Epaimahaiburuordea: unibertsitateko gerentea.
Idazkaria: unibertsitateko gerentziako beken arloko edo bulegoko burua.
Epaimahaikideak: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko bi ordezkari, Unibertsitateen zuzendariak izendatuko dituenak; epaimahaiburuak izendatutako unibertsitateko bost irakasle; 2010-2011 ikasturtean beka jaso zutenen artean zoriz hautatutako hiru ordezkari; eta beste pertsona batzuk, ez hiru baino gehiago, epaimahaiburuak beharrezkotzat jotzen badu haiek bertan egotea.
Unibertsitate pribatuetan, unibertsitatean pertsona bakarreko organo horien eginkizunen baliokideak dituzten pertsonak izango dira hautespen-epaimahaiaren epaimahaiburu, epaimahaiburuorde eta idazkari.
Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitateetan, eskaerak hautatzeko, Hezkuntza Ministerioaren aginduak xedatzen duenaren arabera sortuko dituzte hautespen-epaimahaiak (agindu horren bidez egiten da unibertsitateko eta goi-mailako ikasleentzako izaera orokorreko eta mugikortasuneko beken deialdia, 2011-2012 ikasturterako).
Hautespen-epaimahaiek ahalmena izango dute:
Beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak eskatzeko. Agiri horiei esker, bermatu egingo da, batetik, behar adina datu dituztela kasuan kasuko berezitasunei buruz, eta, bestetik, beketarako bideratutako bitartekoak behar bezala inbertitzen direla. PFEZren aitorpeneko edukiak ez dira lotesleak izango, geroago zerga-administrazioaren egiaztapenen xede izan daitezkeenean salbu.
Enpresa- edo lanbide-jarduerak dituztenei beren jardueren benetako etekina adierazten duten ziurtagiriak aurkezteko eskatzeko.
Beharrezkotzat irizten diren txosten guztiak eskatzeko. Txosten horien bidez, erabaki-proposamena egiteko kontuan izan behar diren datuak zehaztu, jakin eta egiaztatu ahalko dituzte.
Organo horiek gai horren inguruan duten jarduna egokitu egingo zaio Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. idazpuruko II. atalburuan jasotako arauek xedatutakoari.
Beka-eskarien espedienteak aztertu ondoren, unibertsitateek eta goi-mailako arte-ikasketen eta bestelako ikasketen ikastetxeek bekaren onarpen- eta ukapen-proposamenak bidali beharko dituzte Unibertsitateen Zuzendaritzara, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako baliabide informatikoen bidez, bertan prozeduraren izapideak egin ditzaten. Hautespen-epaimahaiaren akta bidali beharko dute proposamen horrekin batera.
Egiaztatu ondoren proposamenak prozedurarekin bat datozela eta deialdi honetako baldintzak betetzen dituztela, Unibertsitateen zuzendariak aginduko du onarpen- edo ukapen-proposamenaren berri ematea eskatzaileei banakako jakinarazpena baten bidez. Onarpen-proposamena bada, bekaren osagaiak eta zenbatekoa adieraziko dira jakinarazpenean. Ukapen-proposamena bada, ukapenaren arrazoiak adieraziko dira jakinarazpenean. Eskatzaileek beren eskaerari dagokion informazioa ikusi ahalko dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.
Jakinarazpena jaso ondoren, proposamenarekin ados ez dauden eskatzaileek alegazioak egin ahalko dizkiote hautespen-epaimahaiari, bai eta egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkeztu ere; horretarako, hamabost lanegun izango dituzte, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
Alegazioetarako epean, interesdunak adierazten badu proposamena onartzen duela eta uko egiten badio beste datuak eta dokumentazioa emateari, izapideak amaitutzat emango dira.
Epea bukatu eta alegazioak aztertu ondoren, Unibertsitateen zuzendariak dagokion ebazpena hartuko du, eta interesdunei horren berri emateko aginduko du.
Ebazpen horren kontra, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza eta Ikerketarako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Nolanahi ere, eskaera aurkeztu eta 6 hilabetean ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da, 30/1992 Legearen 44.1 artikuluak ezartzen duenari jarraiki (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
Prozedura amaitzen denean, Unibertsitateen zuzendariak aginduko du beken ebazpenen zerrendak argitaratzeko unibertsitateetako iragarki-oholetan, bai eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetarako ikastetxeetako iragarki-oholetan ere. Zerrenda horietan azalduko da beka nork jasoko duen eta nork ez.
Bekak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, bekak ordainketa bakarrean ordainduko dira, esleipendunek onartu eta hilabeteko epean.
Agindu honetan zehaztutako beken onuradunek ez dute ordainketarik jasoko, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan abian den edozein itzultze- edo zigortze-prozedura amaitu arte, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50.4 artikuluak xedatzen duenari jarraiki.
Ez badago 2011ko beka-eskaera guztiak ordaintzeko adina aurrekontu-baliabide 2011ko ekitaldian, 2012ko ekitaldiaren kargura ordainduko dira kreditu falta dela-eta ordaindu ez diren beka-eskaerak.
VIII. ATALBURUA
BEKEN EGIAZTAPENA ETA KONTROLA
2011-2012 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko beka jasotzen dutenek hau guztia egin behar dute:
Beka zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako; alegia, matrikula egiteko, eskolara joateko eta ikasketekin loturiko gastuak ordaintzeko.
Egiaztatzea laguntza emateko eta hartaz baliatzeko ezarri diren baldintzak eta eskakizunak betetzen dituztela.
Frogak egitea beka emateko baldintzak bete direla egiaztatzeko, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, beken helburua fiskalizatzeko lanetan.
Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak aldatuz gero, berariaz adieraztea aurreko urteetan beka izan duten edo ez.
Unibertsitateen Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bererako laguntzarik jaso duten, edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk emanak direla ere.
Matrikula ezetsiz gero eta laguntza emateko kontuan hartutako beste edozein baldintza aldatuz gero, Unibertsitateen Zuzendaritzari jakinaraztea.
Unibertsitateen zuzendariak, espedienteko pertsona interesdunari entzun ondoren, adieraziko du emandako beka jasotzeko eskubidea galdu duela, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta horien aplikaziotik sortzen diren interesak itzuli behar dituela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legearen 53. artikuluari jarraiki (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onetsitako Testu Bategina), honako kasu hauetan:
Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.
Egiaztatzen bada jasotako beka bateraezina dela beste pertsona fisiko edo juridikoek emandako beka edo laguntzekin.
Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.
Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.
Eskatzaileak ezetsi egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.
Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak eta hala badagokio, baita haien legezko interesak ere, ebazpen bat emango da, itzultze hori egin ahal izateko beharrezko informazioa jasoko duena, eta jakinarazpen bat igorriko da, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla esateko. Jakinarazpen hori igorri eta bi hilabeteko epean itzuli beharko da bertan adierazitako kopurua. Kontuan hartuko dira erakunde lankideek bete behar dituzten baldintzak, araubidea eta eginbeharrak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren idazpuruan jasotakoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautu eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakundeak dira erakunde lankideak). Familiaren egoera ekonomikoa oinarrizko baldintza denez bekak emateko, eskatzaileak eta sostengu ekonomikoa ematen diotenek egungo eta bihar-etziko ondasunekin erantzun beharko diote bat eginik Administrazioari, itzulketa horri erantzuteko, legez ezarritako mugapenak salbuetsiz.
Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, indarrean dauden xedapenak ezarritakoaren arabera premiamenduzko bideari ekin dakion.
Hezkuntza Administrazioaren organoek kontrol zehatza egingo dute, beketara bideratutako aurrekontu-baliabideak behar bezala inbertitu direla ziurtatzeko.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak laguntza eskatu ahal izango dio Ogasun eta Herri Administrazio Sailari, bai eta foru-aldundietako ogasun-sailei edo administrazio publikoko beste edozein organori ere: batetik, zehazteko zer mekanismoren bidez egingo den hobekien familien errentaren eta ondarearen balioespen erreala diru-laguntzak esleitzeko garaian; eta bestetik, kontrola indartzeko bekak lortzera bideratutako aitorpenetan iruzurren aurka. Gainera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erakunde horietan dauden datuak, familia-unitateko kide konputagarri guztiei buruzkoak, erabili ahalko ditu beharrezkotzat irizten dituen egiaztapenak egiteko.
Eskaera aurkezteak berekin ekarriko du baimena ematea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari errentaren eta ondarearen inguruko datuak eskuratzeko edo horiek zerga-administrazioetan daudenekin konparatzeko.
Arlo pertsonaleko datuen babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta titulartasun publikoko datu pertsonalen fitxategiei eta datuen babeserako euskal agentziaren sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitateen Zuzendaritzaren 2. fitxategian jasoko dira; unibertsitate-bekak deritzon fitxategian, hain zuzen ere. Fitxategi hori 2010eko urriaren 4an Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak hartutako aginduan dago (agindu horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira).
Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Unibertsitateen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 01010 Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Unibertsitateen Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla egiaztatzeko, beste erakunde publiko batzuetan.
Deialdi honen helburua da laguntzak ematea 2011-2012 ikasturtean unibertsitate-ikasketak, goi-mailako arte-, erlijio- edo militar ikasketak Euskal Herrian egingo dituzten ahalmen urriko ikasleei ikastetxerako joan-etorrien gastua arintzeko, baldin eta ahalmen-urritasuna dela-eta ezin badituzte garraiobide arruntak erabili.
Beka horiek diru-laguntza izaerakoak dira. Araubide juridikoan xedapenik ez duen guztiari hau aplikatuko zaio: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onetsi zuen Testu Bategina, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearena, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak.
Ibilgailu pribatua erabiliz gero joan-etorrietarako, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, 0,29 euro biderkatuko da egindako kilometro-kopuruarekin. Distantzia hori kalkulatzeko, errepidez dagoen ibilbide laburrena hartuko da kontuan; hain zuzen ere, eskatzaileak ohiko bizilekutzat duen herriaren eta unibertsitatearen herriaren artekoa.
Taxia edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero joan-etorrietarako, garraio horren kostuaren hainbatekoa izango da diru-laguntzaren zenbatekoa.
Joan-etorria egiteko beste pertsona baten laguntza beharrezkoa izanez gero, haren joan-etorrien gastua ere ordainduko da.
Onartzen den aurrekontu guztia (% 100) finantzatu ahal izango da, eta eskaera bakoitzeko, gehienez, 12.000 euro emango dira, horretarako ezarritako diru-kopurua agortu arte.
Eskatzaileek eskaeran egindako aurrekontuak ikusi ondoren, ezin bada finantzatu eskatzaile guztien garraio-gastuen % 100 ahalmen urriko ikasleen garraiorako kredituarekin, aurrekontuetan dagoen gabeziaren proportzio berean murriztuko da laguntzaren zenbatekoa; alegia, eskaera onetsi guztiek jasoko duten laguntzaren zenbatekoa.
Garraiorako laguntza jasotzeko, ahalmen urriko ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea eskaera aurkeztean, eta justifikatzea gutxienez urtebetez egon direla erroldatuta, Euskal Herrian eskaerak aurkezteko epe orokorra amaitzen denean.
Dagokion Foru Aldundiaren Balioespen eta Orientazio Unitateak baldintza hauek aitortu izatea:
% 33ko ahalmen-urritasuna edo handiagoa.
Mugikortasun-arazoak izatea garraio kolektiboak erabiltzeko, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskineko baremoaren arabera (ahalmen-urritasunaren maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautzen du dekretu horrek). Laguntza jasotzeko, eskatzaileak egiaztatu egin beharko du A, B edo C egoeran dagoela. Egoera horietako batean ez badago, gutxienez 10 puntu lortu beharko ditu D eta H ataletako puntuazioak batzen dituenean.
Hala badagokio, beste hirugarren pertsona baten beharra izatea, ahalmen-urritasunaren maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautu zuen abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean ezarritako baremoaren arabera, edo apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuaren 1. eranskinean ezarritakoaren arabera. Azken horren bidez onartu zen mendekotasuna duten pertsonen balioespen-baremoa, abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritakoa; hain zuzen, autonomia pertsonalaren sustapenari eta mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzari buruzko legeak ezarritakoa.
Matrikula egitea eta 2011-2012 ikasturtean ikasketa hauetakoren bat egitea:
Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
Titulu hauek lortzera bideratutakoak: unibertsitateko diplomadun titulua, arkitekto tekniko titulua, ingeniari tekniko titulua, lizentziadun titulua, arkitekto titulua eta ingeniari titulua.
Unibertsitate-ikasketetako bigarren zikloren batera sartzeko beharrezkoak diren egokitze-ikastaroak eta prestakuntza osagarriak.
25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate publiko ez-presentzialetan emandakoak.
Goi-mailako arte-ikasketak.
Goi-mailako militar ikasketak.
Goi-mailako erlijio-ikasketak.
Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexu-bereizkeriagatiko debekurik ere, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, azken xedapenean, seigarrenean, xedatutakoaren arabera.
Ikasleek ez izatea bekarekin egin nahi dituzten ikasketen maila bereko edo handiagoko titulurik, eta ez betetzea horrelako tituluren bat eskuratzeko legezko baldintzak. Ondorio horietarako, graduko ikasketek ez dute diplomaturako, ingeniaritza teknikoko eta arkitektura teknikoko ikasketek baino maila handiagoa izango.
Ez jasotzea unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekarekin bateraezina den bekarik edo laguntzarik.
Ahalmen urriko ikasleentzako garraio-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde batzuek garraiorako ematen dituzten bekekin eta laguntzekin, bai eta 2011-2012 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekekin ere. Beka hauekin ere bateragarriak dira: lankidetza-bekekin, nazioarteko mugikortasunaren bekekin, bikaintasun-bekekin eta atzerrian hizkuntzak ikasteko bekekin (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatzen ditu beka horiek).
Ahalmen urriko ikasleek garraioarentzako jasotzen dituzten laguntza guztien zenbatekoak ezingo du izan ikasketen kostu erreala baino handiagoa (garraio-laguntzen bidez, ahalmen urriko ikasleek joan-etorriak egiten dituzte Euskal Herriko ikastetxeetara, unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko). Hala gertatuz gero, murriztu egingo da ahalmen urriko ikasleentzako garraio-laguntzaren zenbatekoa, harik eta joan-etorrien kostu errealaren % 100 den arte gehienez.
Garraio-laguntza eskatzen duten ahalmen urriko ikasleek eskaera-eredua bete eta inprimatu beharko dute. webgune honetan dago eskaera-eredu hori: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Eredu horretan jasoko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50. artikuluaren 6. atalean aipatzen den ardurapeko adierazpena. Testu bategin hori onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak, diru-laguntzen gaiari dagokionez honako arau honek aldatu zuenak: abenduaren 23ko 5/2010 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak.
Eskaera behar bezala betetakoan, data eta sinadura jarri eta eskatutako agiriekin batera aurkeztu beharko da leku hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak adierazitako edozein erregistrotan; edo, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko) 38. artikuluan adierazitako lekuetan.
2011ko irailaren 30a arte (egun hori barne) aurkeztu ahalko dira eskaerak.
Eskaeraz gainera, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
Administrazio-egoitzaren ziurtagiria, egiaztatzeko eskaera egiten duenean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta dagoela, eta jakiteko udalerri horretan noiztik dagoen erroldatuta.
Dagokion Foru Aldundiak egindako ahalmen-urritasun ziurtagiria, 3. artikuluko b) ataleko ahalmen-urritasun maila egiaztatzen duena.
2011-2012 ikasturtean 3. artikuluaren c) ataleko ikasketaren bat egiteko matrikula egin izanaren egiaztagiria.
Taxia erabiltzen badu, garraiobide horri dagokion aurrekontua. Bertan adieraziko da, batetik, bidaia bakoitzak zenbat balio duen, eta, bestetik, ikasturtean zehar zenbat bidaia egingo dituen.
Banku-entitatearen agiria, bekaren zenbatekoa ordaintzeko. Kontu-kodearen edo aurrezki-libretaren zenbakia agertu behar da bertan. Eskatzaileak kontu horren titularra edo titularkidea izan behar du.
Hautapen-batzorde batek egingo ditu espedienteak aztertu eta ebazpen-proposamenak. Unibertsitateen arloko arduraduna izango da epaimahaiburua; Unibertsitateen Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak aukeratutakoak, izango dira epaimahaikideak.
Hautespen-batzorde horrek Unibertsitateen zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena. Bertan adieraziko da: alde batetik, zein eskatzailek jasoko duten laguntza, eta zenbateko laguntza jasoko duten; eta beste batetik, zer eskaerek ez dituzten betetzen ahalmen urriko ikasleentzako garraio-laguntza jasotzeko baldintzak, eta zergatik ez.
Deialdi hau argitaratu eta gehienez sei hilabetera, Unibertsitateen zuzendariak laguntzak emateko prozeduraren ebazpena emango du eta eskatzaileei jakinaraziko die, banakako jakinarazpen baten bidez. Epe hori amaitu eta interesdunei ez bazaie ezer jakinarazi, baztertutzat hartu beharko dute beka-eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioei eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 44.1 artikuluan xedatzen duenaren arabera.
Ebazpen horren kontra, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza eta Ikerketarako sailburuordeari hilabeteko epean, aurreko ataleko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Bekak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, bekak aldez aurretik ordainduko dira, ordainketa bakarrean eta hilabeteko epean.
Ahalmen urriko ikasleentzako garraio-laguntzaren onuradunek ez dute ordainketarik jasoko, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan abian den edozein itzultze- edo zigortze-prozedura amaitu arte, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50.4 artikuluak xedatzen duenari jarraiki.
Ahalmen urriko ikasleen garraio-laguntza jasoko dutenek betebehar hauek izango dituzte:
Dagokion helbururako erabili behar dute laguntza; alegia, laguntza ematean ezarritako baldintzen arabera egin beharko dituzte ikastetxerako joan-etorriak. Joan-etorriak egin dituztela egiaztatzeko, onuradunek 2012ko abuztua baino lehenago aurkeztu beharko dituzte garraioaren fakturak (taxi-zerbitzuaren fakturak, tiketak, txartelak, etab.) Unibertsitateen Zuzendaritzan. Hala badagokio, zenbat bidaia egin dituzten egiaztatzeko balioko dute faktura horiek.
Hala badagokio, probak egin beharko dituzte beka ematean ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia eman beharko dute, beken helburua fiskalizatzeko lanetan.
Unibertsitateen zuzendariak, espedienteko pertsona interesdunari entzun ondoren, adieraziko du emandako beka jasotzeko eskubidea galdu duela, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta horien aplikaziotik sortzen diren interesak itzuli behar dituela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legearen 53. artikuluari jarraiki (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onetsitako Testu Bategina), honako kasu hauetan:
Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.
Egiaztatzen bada jasotako beka bateraezina dela beste pertsona fisiko edo juridikoek emandako beka edo laguntzekin.
Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.
Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.
Eskatzaileak ezetsi egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.
Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak -eta hala badagokio, baita haien legezko interesak ere-, ebazpen bat emango da, itzultze hori egin ahal izateko beharrezko informazioa jasoko duena, eta jakinarazpen bat igorriko da, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla esateko. Jakinarazpen hori igorri eta bi hilabeteko epean itzuli beharko da bertan adierazitako kopurua. Kontuan hartuko dira erakunde lankideek bete behar dituzten baldintzak, araubidea eta eginbeharrak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren idazpuruan jasotakoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautu eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakundeak dira erakunde lankideak).
Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, indarrean dauden xedapenek ezarritakoaren arabera premiamenduzko bideari ekin dakion.
Arlo pertsonaleko datuen babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Titulartasun publikoko datu pertsonalen fitxategiei eta datuen babeserako euskal agentziaren sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitateen Zuzendaritzaren 2. fitxategian jasoko dira; unibertsitate-bekak deritzon fitxategian, hain zuzen ere. Fitxategi hori 2010eko urriaren 4an Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak hartutako Aginduan dago (Agindu horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira).
Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Unibertsitateen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 - 01010 Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Unibertsitateen Zuzendaritzari egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla beste erakunde publiko batzuetan.


