Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko ekainaren 30ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxeen eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe ez dauden ikastetxe publikoen eta Europar Batasuneko estatuetako ikastetxeen arteko eskola-trukeak eta alde anitzetako topaketak egitea errazteko diru-laguntzetarako deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko ekainaren 30ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxeen eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe ez dauden ikastetxe publikoen eta Europar Batasuneko estatuetako ikastetxeen arteko eskola-trukeak eta alde anitzetako topaketak egitea errazteko diru-laguntzetarako deia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 164
  • Hurrenkera-zk.: 4131
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/06/30
  • Argitaratze-data: 2011/08/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeen eta Europar Batasuneko estatuetako ikastetxeen arteko eskola-trukeek eta alde anitzetako topaketek, ondorengo helburuak lortu nahi dituzte, ikastetxeen arteko elkartzeen bidez:

EAEko ikasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzea.

Nazioz haraindiko lankidetza bultzatzea, hezkuntza-metodo eta materialen kalitate global hobea lortzeko eta ezagutzaren gizartearen erronka berriei aurre egin ahal izateko.

Europako identitatearen sentimendua indartzea, Europako hizkuntza eta kultura-aniztasunarekin harremanetan jarriz.

Euskal kultura Europako eskoletan ezagutzera eman eta zabaltzea.

Horregatik, ondoko xedapenak kontuan hartuta: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuan diru-laguntzak arautzeari buruzkoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legea, honako hau

  1. Agindu honen helburua da 2011/2012 ikasturterako diru-laguntzetarako deia egitea, Europar Batasuneko estatuetako ikastetxeen arteko eskola-trukeak eta aldeanitzetako topaketak errazteko. Diru-laguntza horien zenbatekoak ezin izango du 150.000 euro baino gehiago izan.

  1. Deitutako diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxeak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe ez dauden ikastetxe publikoak, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailak, Batxilergoa edo Heziketa Zikloak ematen badituzte.

  2. Zigor edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

  1. Eskola-trukeak:

    Europako herrialde desberdinetako bi ikastetxeren arteko harremanari esango zaio eskola-trukea. Harreman hori lan-proiektu baten inguruan eratuko da, eta proiektu horren jarduerak bi herrialdeetan egin beharreko egonaldi-elkarraldia baino lehen, egonaldi-elkarraldian bertan eta ondoren egingo dituzte bi aldeek.

    Eskola-trukeek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

    1. Lan-proiektuetan, elkarren intereseko gai bat garatu beharko da, beste herrialde bateko ikasleekin batera. Gai horren bitartez, komunikazio-gaitasuna sustatuko da hainbat egoeratan: eskolan, familian, gizartean eta kulturan eta aisialdian.

    2. Lan-proiektuaren gaia edozein izan daiteke, baldin eta ondoko alderdiak ukitzen baditu: elkartasuna eta tolerantzia, bi hiritako migrazio-ereduak, herri edo eskualdeen kultura-agerpenak, artea, eskola gatazken eta indarkeriaren prebentzioa, ingurumenarekin zerikusia duten gaiak, edota beste edozein, aurreko paragrafoan aurreikusitako lankidetza-eremuan.

    3. Lan-proiektuarekin zerikusia duten jarduerak eta lanak ikastetxeko plan orokorrean eta ikasleen ikasketa-programan txertatuko dira, eta, beraz, horien barruan egongo dira. Diziplinarteko jarduerak bultzatuko dira, ahal dela.

    4. Proiektuaren ardura duten irakasleek prestatuko dute lan-proiektua bere fasetan, eta zerikusia duten ikasleen eta zuzendaritza-taldeen parte hartze aktiboa izango dute.

    5. Harremanetarako hizkuntza nagusia eskuarki erabiltzen denetako bat ingelesa, frantsesa, alemana izan daitekeen arren, harrera-herrialdeko hizkuntza eta kulturari buruzko prestakuntzarik ere aurreikusi beharko da.

  2. Alde anitzetako topaketak:

    Lan-proiektu baten inguruan Europako herrialde desberdinetako bi ikastetxeren edo bi ikastetxe baino gehiagoren artean finkatutako harremanei esango zaie alde anitzetako topaketak. Izan ere, topaketa horiek proiektu horren jarduerak egitea eskatzen dute, proiektuan parte hartzen duten herrialdeetako batean egin beharreko egonaldi-elkarraldia baino lehen, egonaldi-elkarraldian bertan eta ondoren.

    Eskola-trukeei buruzko aurreko atalean aipatzen diren baldintza berberak bete beharko dituzte alde anitzetako topaketek.

  3. Irakasleen aldez aurreko bilera:

    Eskola-trukea edo alde anitzetako topaketa egin behar duten ikastetxeek aldez aurreko bilera bat eskatu ahal izango dute. Irakasleen aldez aurreko bileratzat hartuko da lan-proiektua diseinatzea eta eskola-trukea edo alde anitzetako topaketa prestatzea helburu izango dituena.

    Aldez aurreko bilera bakarra eskatu ahal izango da proiektu bakoitzeko. Bilera hori trukea egin baino gutxienez lau hilabete lehenago egin beharko da.

Eskola-trukeak eta alde anitzetako topaketak egingo badira, lan-proiektua aurkeztu beharko da, eta ondoko baldintzak bete beharko ditu:

  1. Parte hartzen duten ikasleek ikasle hartzaileen etxeetan bizi beharko dute, atzerriko ikastetxeetako zuzendaritzek justifikatu beharko dituzten aparteko kasuetan izan ezik.

  2. Euskal taldearen atzerriko jarduerak 7tik 15 egunera bitartean iraun beharko du, bidaia-egunak barne.

  3. Ikasleen atzerriko egonaldia ikasturtean zehar egin beharko da.

  4. Proiektu bakoitzeko gutxienez 10 ikaslek hartu beharko du parte atzerriko jardueretan.

  5. Ikasleek jatorrizko ikastetxeko irakasleen laguntza izango dute bidaietan eta harrera-herrialdean emateko aldietan. Hartara, irakasle bat jarriko da 14 ikasleko edo 6 ikasle baino gehiagoko zatiki bakoitzeko.

  1. Aldez aurreko irakasleen bileretarako eskariak egiteko 1. formulario-eredua erabili beharko da, eta oso-osorik bete. Eredu hori Sailaren web orrialdetik jaitsi daiteke, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net, Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak, Europar eta nazioarteko programak atalean. Formulario horrek ondorengo agiriekin batera joan beharko du: Ordezkaritza-Organo Gorenaren onarpena jasoko duen akta edo ikastetxeko zuzendaritzaren ziurtagiria, jarduera hori ikastetxeko programazio orokorraren barruan dagoela agertu behar duena.

  2. Eskola-trukeak eta alde anitzetako topaketak egiteko eskaeretarako, berriz, 2. formulario-eredua erabili beharko da, eta oso-osorik bete. Eredu hori Sailaren web orrialdean jaitsi daiteke, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net, Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak, Europar eta nazioarteko programak atalean. Formulario honetan sartzen da:

    1. Ordezkaritza-Organo Gorenak proiektua onartu izanaren ziurtagiria.

    2. aitorpen arduratsua, eranskinean, sinatu beharrekoa.

      Eskaria onartuko bada, nahitaez bete beharko dira eduki ekonomikoa duten atalak, honako hauek kontuan hartuta: trukearen edo topaketaren gastuen aurrekontua eta finantzaketa-plana orekatuta egongo dira; finantzaketa-planak beren-beregi jasoko ditu, Agindu honen 8.2 artikuluaren arabera kalkulatutako laguntza-zenbatekoaz gain, gainerako finantzaketa-iturri guztiak, ikasleen ekarpena barne, halakorik izatekotan. Finantzaketa-planak ez baldin badu aurreikusten gastu-aurrekontua bere osoan estaltzea, ezezkoa emango zaio laguntza-eskariari.

      Formulario horrek ondorengo agiriekin batera joan beharko du:

    1. Atzerriko ikastetxeak edo ikastetxeek proiektua aurrera eramateko berariazko konpromisoa hartzea, lanaren gaia, trukea edo topaketaren datak eta ikasleak familiekin egotea onartuz.

    2. Atzerriko ikastetxeko edo ikastetxeetako zuzendaritzaren ziurtagiria, ikasleak, horrela gertatuz gero, ezin direla familien etxeetan bizi agertu behar duena.

  1. Aldez aurreko bilerak, trukeak eta topaketak egiteko eskaerak aurkeztu beharko dira hilabeteko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita

  2. Eskaerak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Pedagogia Berriztapenerako Zerbitzura bidaliko dira Donostia kalea 1, 01010-Vitoria-Gasteiz. Herritarrentzako Arreta (Zuzenean) bulegoen edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean zehaztutako bulegoen bidez ere aurkeztu ahal izango dira.

  3. Ondorio horietarako, ikastetxeetako erregistroak ez dira aipatutako legeak 38.4. artikuluan zerrendatutako bulegoen multzoan sartuko. Eskaera posta-bulego batean aurkeztu nahi izanez gero, gutun-azal irekian egin beharko da, postako funtzionarioak eskaera-inprimakiari data jarri eta zigilatzeko, ziurtatu aurretik.

  4. Aipatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 71. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerak baldintzak betetzen ez baldin baditu, hamar eguneko epea emango zaio interesatuari akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak gehitzeko. Era berean adieraziko zaio, horrela egin ezean, bere eskarian atzera egin duela ulertuko dela, aurretik ebazpena emanez lege horretako 42. artikuluak jartzen duen moduan.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan eskaintzen diren diru-laguntzen kudeaketa.

  1. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak aztertu egingo du aldez aurreko bilerak, trukeak edo topaketak egiteko eskaerek baldintzak betetzen ote dituzten, eta Hezkuntzako sailburuordeari helaraziko dio onartzeko edo, hala bada, ez onartzeko (arrazoi eta guzti, halakoetan) proposamena.

  2. Onartutako eskariei ondoko kopuruak emango zaizkie, horietako bakoitzean adierazitako aurrekontuaren mugen barruan, betiere:

  1. Ikasleen aldez aurreko bilera:

    700 euro bilera bakoitzeko. Salbuespen izango dira ikastetxeren batekin izandako bilerak, baldin eta azken hiru ikasturteotan, eta deialdi honen barruan edo Etengabeko Ikaskuntzarako programaren aldebiko elkarte baten barruan, trukeren bat egin bada horiekin. Esandako bilera horiek ez dute eskubide ekonomikorik batere sorraraziko.

  2. Trukeak eta topaketak. Ondoko aldagaien arabera zehaztuko den kopurua:

    Oinarrizko kopurua: 8 euro ikasleko eta eguneko.

    Ikastetxeen arteko distantziari begiratuta, 600 km-tik aurrera eta hortik gorako 100 km bakoitzeko, aurreko oinarrizko kopuruari 0,6 euro gehituko zaizkio, ikasle bakoitzeko eta eguneko 26 eurora arte, gehienez.

    Aurreko bi aldagaiak aplikatzetik ateratzen den kopurua honela emendatuko da, ikastetxearen egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta: ikastetxeak duen bekadun-ehunekoaren bi halako portzentajea aplikatu, eta ateratako kopurua biribilduz gertueneko euro-kopuru osoaren arabera.

    Ateratako azken kopurua izango da proiektu bakoitzari egokituko zaion laguntza-modulua, parte hartzen duen ikasle bakoitzeko eta eguneko.

    Proiektu bakoitzari aitortuko zaion diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa, beraz, honela aterako da: modulua bider trukean parte hartzeko diren ikasleen kopurua bider joan-etorriak iraungo duen egun-kopurua eginez.

    Ez dute laguntzarik izango Etengabeko Ikaskuntzarako programaren barruko aldebiko elkarte beraren kideen arteko elkartrukeek.

  3. Aurreko irizpideak aplikatu eta hortik ateratzen den guztizko zenbatekoa (onartutako proiektu eta bisita guztiei dagozkien zenbatekoak batuz ateratakoa, zenbateko horiek aurreko 8.2.1 eta 8.2.2 artikuluen aurreikusi dutenaren arabera kalkulatuta) handiagoa balitz 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino, ikastetxe bakoitzari kalkulatu zaizkion kopuruak proportzioan gutxituko lirateke, diru-laguntzen guztizkoa aipatu mugara egokitu arte.

  1. Hezkuntza Berriztatzeko proposamena kontuan hartuta, Hezkuntza sailburuordeak ebatziko du deialdia.

  2. Ebazpen horrek ondorengo puntuak zehaztuko ditu:

    1. Aukeratutako ikastetxeen zerrenda, ondokoak argituz:

      laguntzaren kontzeptua: aldez aurreko bilera, trukea edo topaketa, edo biak.

      bidaia nora egingo den (herria eta herrialdea).

      proiektu bakoitzari onartu zaion moduluaren zenbatekoa, ikasleko eta eguneko.

      onartutako guztizko diru-laguntza (ikasleko modulua bider egun eta ikasle kopurua, gehi aldez aurreko bileretarako laguntza).

    2. Kanpoan utzitako ikastetxeen zerrenda, arrazoia zein den adieraziz.

  3. Aipatu Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da 2011ko azaroaren 30ean. Data horretan ebazpenik argitaratu ez bada, ikastetxe eskatzaileek ezetsitzat jo ditzakete euren eskariak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak Administrazioari ezarri dion beren beregi ebazteko beharraren kaltetan gabe.

  4. Gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari ebazpen horren aurka, hilabeteko epean, argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  1. Ikastetxe onuradunei eman beharreko diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

    1. Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren % 80, 2011ko abenduaren 31 baino lehen.

    2. Hurrengo paragrafoan aipatzen den dokumentazioa bere epean jaso ondoren, geratzen den % 20a ordainduko da.

  2. Ikastetxeek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte aldez aurreko bilera, trukea edo topaketa burutu eta hurrengo hilabetean, beti 2012ko uztailaren 15a baino lehen:

    1. Aldez aurreko bileraren, trukearen edo topaketaren deskripzio-memoria. Memoria horri ikastetxearen zuzendaritzak emandako egiaztagiria erantsiko zaio, zeinaren bidez adieraziko baita diru-laguntzaren helburua bete dela.

    2. Dagozkien agiri edo fakturen fotokopiak, diru-laguntza guztia erabili dela frogatzeko. Ikastetxeko idazkariaren sinaduraz abalatuko da kopia horien egiazkotasuna.

    3. Truke edo topaketa baldin bada, aipatu memoria horren osagarri aurkeztuko da 3. formularioa Sailaren web orrialdetik, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net, Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak Europar eta nazioarteko programak ataletik, jaitsi daiteke formularioa, hain zuzen ere:

      Bidaia eta egonaldia egin diren datak, joandako ikasle kopurua eta herrialdea.

      Irakasleen zerrenda izen-abizenak eta NAN zenbakiekin. Ikastetxean proiektuaren ardura izan duten eta trukean parte hartu duten irakasleak jasoko ditu zerrenda honek.

      Alderdi ekonomikoak, bai egindako gastu guztiari buruzkoak, bai trukera edo topaketara bideratutako baliabideen jatorria eta zenbatekoak ere.

  3. Finantza-iturri guztietatik ateratako guztizko kopurua handiagoa bada proiektuaren kostua baino, Administrazio honen laguntza dagokion proportzioan murriztuko da.

  1. Deialdi honen bidez lortzen den diru-laguntza bateragarria izango da beste edozein erakunde publiko zein pribatutik helburu bererako eskura daitekeen beste edozeinekin, salbuespen bakarrarekin: beste hezkuntza-administrazioren batetik jasotakoak.

  2. Finantza-iturri guztietatik ateratako guztizko kopurua handiagoa bada proiektuaren kostua baino, Administrazio honen laguntza dagokion proportzioan murriztuko da. Hasierako ebazpena aldatzeko espediente egokia izapidetuko da horretarako.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Testu Bateginak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) bere 50. artikuluan aurreikusi dituen gainerako betebeharrak ere hor direla, ikastetxe onuradunek ondoko betebeharrak izango dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, eman izana jakinarazi eta hamabost eguneko epean uko egiten ez bazaio, beren beregi eta idatziz egin ere, onartutzat joko da.

  2. Laguntza eman zaien bilerak, trukeak edo topaketak egitea.

  3. Jasotako laguntza behar bezala inbertitu dela justifikatzea, Agindu honek aurrez ikusitakoaren arabera.

  4. Diru-laguntzak ematen dituen Administrazioaren egiaztatze-jarduerak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduerak erraztea, aipatu testu bateginaren 50.2. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ondorio horretarako, jatorrizko fakturak ikastetxeetan gordeko dira.

  1. Emandako diru-laguntza oinarri hauen arabera ez justifikatzeak, eta bereziki, memoria ez egiteak edota justifikaturiko arrazoirik gabe 2012ko uztailaren 15a baino lehen ez aurkezteak, ondorio ekarriko du justifikatu gabeko zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra, berandutza interesak eskatzearekin batera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Testu Bateginak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) xedatutakoaren arabera.

  2. Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero eta, betiere, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek, nazio edo nazioarteko mailakoek, diru-laguntzak ematen baldin badituzte, aldatu ahal izango da diru-laguntza emateko hartutako ebazpena.

  1. Diruz lagundutako proiektuak onartutako baldintzetan aurrera eramaten direla bermatzeko asmoz, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak zehaztuko ditu proiektuak jarraitu eta baloratzeko orduan Hezkuntza Ikuskaritzak kontuan hartu behar dituen irizpideak.

  2. Jarraipena egitean proiektuaren garapenean gorabeherarik gertatuz gero, Hezkuntza Ikuskaritzak egokitzat jotzen duen txostena bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, honek neurriak har ditzan agindu hau behar bezala betetzeko.

  3. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ofizioz ziurtatu edo egiaztatuko du irakasleen parte-hartzea, bai lan-proiektua onartu zaion diruz lagundutako jarduera gauzatzeko ardurari dagokionez, bai truke-topaketetan ikasleei lagundu izanari dagokionez.

Datu Pertsonalak Babesteari Buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, haien jabeek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, Eskola-trukeak izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren ikastetxeei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan barne dauden pertsonek Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

  1. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak xedatzen duena aplikatuko da, osagarri gisa, prozeduraren arloan agindu honek arautzen ez dituen ataletan.

  2. Interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari administrazio-bidea agortzen duen agindu horren aurka, hilabeteko epean, Agindua EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Agindua argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  3. Baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari behar diren jarraibideak eman ditzan agindu hau gauzatzeko.

  4. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 30a.

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

    MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik