Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko uztailaren 1ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza garatzeko 2011-2013 Programa kudeatuko duen Kostaldeko Ekintza Talde arduraduna hautatzeko deialdi publikoa egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko uztailaren 1ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza garatzeko 2011-2013 Programa kudeatuko duen Kostaldeko Ekintza Talde arduraduna hautatzeko deialdi publikoa egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 171
  • Hurrenkera-zk.: 4363
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/01
  • Argitaratze-data: 2011/09/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Ingurumena; Nekazaritza eta arrantza; Sailak

Testu legala

Kontseiluak uztailaren 27an eman zuen 1198/2006/EE Erregelamenduak, Arrantzaren Europako Funtsari buruzkoak, bere IV. tituluko IV. kapituluan arautzen du, arrantza-eremuen garapen iraunkorra izango dela lehentasunezko 4. jardun-ardatza. Horrez gainera, erregelamendu horren 43.1. artikuluak arautzen du Europako Arrantza Funtsak lagundu egin dezakeela, Europako Erkidegoko beste tresna batzuen lana osatzeko, arrantza-eremuen bizi-kalitatea handitzen eta garapen iraunkorra bultzatzen, diruz lagun daitezkeen arrantza-eremuetan. Hori guztia estrategia orokor baten barruan kokatuko litzateke, Europako Erkidegoko Arrantza Politikaren helburuak betetzen laguntzeko, eta, berariaz, haren eragin sozioekonomikoak aintzat hartzeko.

Kontseiluak uztailaren 27an eman zuen 1198/2006/EE Erregelamenduak planteatzen du arrantza-eremuak garatzeko politikak sartuta egon behar duela, egoeren eta eskualdeen egoera anitzaren ondorioz, ikuspegi oso baten barruan. Ikuspegi horren oinarrian, lurralde-estrategia egoki bat sortu behar da, tokiko testuinguruetara egokitua, eta, horrez gain, beste ezaugarri hauek izan behar ditu: ahalik eta deszentralizazio-maila handiena izan behar du, tokiko eragileen partaidetza sustatu behar du, planteamendu gorakor bat izan behar du, eskala txikiko eragiketak egiteko aukera eman behar du, eta sektore pribatuaren partaidetza zabal bat bermatu behar du.

Erregelamendu horren 45. artikuluak arautzen duena aintzat hartuz, arrantza-eremuen garapen iraunkorrean parte hartzeko modua izango da lurralde jakinetan tokiko sektore sozioekonomiko egokien solaskide publiko eta pribatuekin lan egitea, haien ordezkari izango diren tokiko erakunde eta taldeekin jardunez. Azken horiek, proportzionaltasun-printzipioa betez, gaitasun administratibo eta finantzario nahikoa izan behar dute emandako laguntzak kudeatzeko eta eragiketak behar adinako egokitasunez egingo direla kontrolatzeko.

Deialdi honen bidez, helburu hauek bete nahi ditu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak: Europako Erkidegoaren Arrantza Politikaren ikuspegi berri horretara egokitzea; Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza garatzeko 2011-2013 Programa kudeatuko duen Kostaldeko Ekintza Talde arduraduna hautatzeko prozesua abiaraztea; eta Europako Arrantza Funtseko 4. ardatza garatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza garatzeko 2011-2013 Programak zehazten ditu Kostaldeko Ekintza Taldearen lurralde-esparrua eta jarduera-ardatzak. Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako Zuzendaritzak egin zuen programa, euskal kostaldeko arrantza-eremuetako eragile sozioekonomikoen partaidetzarekin. Programa horren helburua da garapeneko estrategia integralak bultzatzea arrantzarekiko mendetasun nabarmena duten Euskal Autonomia Erkidegoko zonaldeetan, 2011 eta 2013 urteen bitartean. Sailak euskal kostaldearen garapen iraunkorra bultzatzeko egiten duen ekintza politikoaren esparruan sartzen da programa, eta hura abiarazi du beharrezkoa delako dibertsifikazio ekonomikoa indartzea eta bizi-kalitatea hobetzea arrantza-jardueraren mende bizi izan diren eta oraindik, modu adierazkor batean, bizi diren zonalde arrantzaleetan. Programak jarduera-esparru bat osatu nahi du, estrategiak, proiektuak eta ekimenak lantzeko, eta, horien bidez, euskal kostaldeko arrantza-zonaldeen etorkizuneko erronkei erantzuteko, iraunkortasuna bermatuz ekonomian, gizartean eta ingurumenean.

Arrantza eta Akuikulturako 2009-2013 Plan Estrategikoak ezartzen duen esparruan sartzen da Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza garatzeko 2011-2013 Programa; izan ere, aldi horretarako agiri estrategikoa izateko egin da. Prozesu hori aztertu ondoren, ikusi da, arrantza-sektorearen eta arrantzarekiko mendetasun handia duten udalerrien aburuan, beharrezkoa dela planifikatzea arrantzaren gero eta indar murritzagoak euskal kostaldean eta haren ekonomian izan dezakeen eragina.

Amaitzeko, nabarmendu behar da, agerikoa den moduan, hautatze-prozesu hau irekitzeak ez duela esan nahi laguntza jasotzeko eskubide bat sortzen denik. Laguntzak eskuratzeko, beharrezkoa izango da hautatzen den Kostaldeko Ekintza Taldeak osa dezakeen Kostaldearen Garapenerako Programa Operatiboa bat etortzea Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza garatzeko 2011-2013 Programarekin, beharrezkoak diren lankidetza-hitzarmenak izenpetzea, eta laguntza ematen duen ebazpena argitaratzea.

Hori dena kontuan izanik, honako hau

Agindu honen xedea da Kostaldeko Ekintza Talde bat hautatzeko deialdi bat egitea, eta haren ezaugarriak eta betebeharrak arautzea. Talde horrek Kostaldearen Garapenerako Programak kudeatuko ditu 2011-2013 epean; betiere, Kostaldearen Garapeneko Programak eta Kontseiluak uztailaren 27an eman zuen 1198/2006/EE Erregelamenduak, Europako Arrantza Funtsari buruzkoak, 4. ardatzak arautzen dutenari jarraituz.

Euskal Autonomia Erkidegoko kostalde-zona guztietan aplikatuko da agindu hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza garatzeko 2011-2013 Programak jasotzen duen euskal kostaldeko udalerrien mapari erreparatuta. Zona edo eremu horietan egingo dira Agindu honen araupean onartutako planen esparruan diruz lagunduko diren ekintza edo jarduerak. Agindu honen eranskinean adierazten da zein diren Euskal Autonomia Erkidegoko kostalde-zonak.

Helburu orokorra kostalde-eremuen garapen iraunkorra bultzatzea eta haietan bizi-kalitatea handitzea da, baina, berariaz, helburu hauek izan behar ditu aurkezten den programazio orok:

  1. Arrantza-jardueraren iraunkortasuna handitzea.

  2. Jarduera ekonomikoa dibertsifikatzea eta enplegu-aukera berriak sortzea.

  3. Herritarren bizi-baldintzak hobetzea eta udalerrien erakargarritasuna eta nortasuna indartzea.

  4. Ereduzko espazioa izatea ingurumena, natura-ingurunea eta kostaldea kontserbatu edo zaintzeko.

Hautatuak izateko, 2. artikuluan zehazten den lurraldean antolatu behar dituzte programek, garapen iraunkorreko estrategia bat eta estrategia hori kudeatzeaz arduratuko den taldeak behar bezala adieraziz. Ildo horretatik, programek ezaugarri hauek izan behar dituzte gutxienez:

  1. Lurraldea.

    Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako lurraldeak osatuko du aplikazio-eremua.

  2. Garapen iraunkorreko estrategia.

    Kostaldeko Ekintza Taldeek aurkeztutako garapen-programek iraunkorrak izan behar dute, eta behar bezala bermatu behar dituzte printzipio hauek: lankidetza, objektibotasuna, inpartzialtasuna, efikazia, efizientzia, gardentasuna, publizitatea eta lehia askea. Horrez gain, alderdi orokor hauek bete behar dituzte:

    1. Jarduera-lurralderako garapen-programa bat aurkeztu behar du talde hautagai orok. Programa horrek garapen-estrategia bat zehaztu behar du, eta, bertan, 4.2. artikuluan zerrendatzen diren neurriak jasoko ditu; hala ere, taldeak erabaki dezake, behar bezala arrazoituta eta bere urteko kudeaketa-planari jarraituz, neurri bat edo batzuk lehenestea bere lurraldean.

    2. Beren zonako ezaugarriekin bat egingo duen garapen iraunkorreko prozesu egingarri bat sustatu behar da. Lurraldearen potentzialtasunak landu eta sektore guztien partaidetza bermatu behar ditu prozesu horrek. Ekimen pribatuak eta tokiko erakundeek sustatuko dituzte ekintzak.

    3. Ezaugarri horiekin bat datorrela arrazoitu ondoren, garapen iraunkorreko programak egiaztatu behar du aurrez adierazitako alderdi baten edo batzuen inguruan antolatzen dela. Ez da estrategia moduan onartuko proiektuen pilaketa edo metaketa hutsa edota sektore-interbentzioen gainjartze soila.

    4. Kasu guztietan, lehentasunezkoak izango dira emakumeen eta gazteen berdintasuna bilatzen duten estrategiak eta okupazio-aukera handienak ematen dituzten aukerak.

    5. Programak frogatu behar du koherentzia eta sustraiak dituela bere eraginpeko lurraldean, eta garrantzi berezia eman behar dio ikuspuntu sozioekonomikoari. Ingurumen-aldetik bideragarria eta iraunkorra dela arrazoitu behar du, hau da, baliabideak erabili behar ditu geroko edo etorkizuneko garapen-aukerak kaltetu gabe.

    6. Programak erakutsi behar du proposatzen dituen metodoak beste leku batzuetan erabil daitezkeela; hala, proiektuen sustatzaileek beren metodologia-eskarmentua eta lortutako emaitzak sareko informazio-sistema batean azaltzeko moduan izan behar dute.

    7. Taldearen estrategiaren alor bat izan behar du lurraldeen eta nazioen arteko lankidetzan aritzea, Espainiako Estatuko beste tokiko talde batzuekin eta Europako Erkidegoko beste herrialde batzuetako tokiko taldeekin.

    8. Taldeak, bere estrategian, lehentasuna eman behar die zehar-proiektuei, erakarpen-indarra sor dezaten beren lurralde-eremuetara. Horiek guztiek bateragarriak izan behar dute proiektu produktiboekin.

    9. Garapen iraunkorreko estrategiak frogatu behar du osagarria izango dela bere jarduera-eremuan egitekoak diren gainerako interbentzioekiko.

    10. Estrategia pilotua izango da, eta tresnak sortu behar ditu, garapen iraunkorrerako bide berriak irekiko dituztenak eta produktu eta zerbitzu berriak sortuko dituztenak, tokian tokiko ezaugarriak bere eginez. Metodo berriak landuko dira, aukera emango dutenak potentzial endogenoa baliatzeko, aparte jardun ohi duten ekonomia-sektoreen jarduna konbinatzeko; eta, horrez gain, bertako jendearen antolamendua eta partaidetza bideratzeko modu originalak sortuko ditu, proiektuaren baitan erabakiak hartu eta proiektua bera aplikatzeko.

  3. Kostaldeko ekintza-taldea.

    1. Hautatuko den taldea, arau orokor moduan, erakunde sortu berria izango da, eta bere sorrera-xede bakarra izan behar du kostaldearen garapenerako programak kudeatzeko hautatua izatea. Programa horiek Europako 2007-2013 Arrantza Funtsaren lehentasunezko 4. ardatzaren garapenaren baitakoak izan behar dute, Kontseiluak uztailaren 27an eman zuen 1198/2006/EE Erregelamenduak, Europako Arrantza Funtsari buruzkoak, arautzen dituen baldintzak betez.

    2. Taldeak egitura orekatua izan behar du eta tokiko eskalan lan egiten duten eragile publikoak eta pribatuak ordezkatu behar ditu; hala, estrategiak zehaztu behar ditu eta herritarrei informazioa eta aholkularitza eman, eta arrantza-komunitateen mobilizazioa eta partaidetza bultzatu, erabakiak hartu eta beren lurraldeko garapen ekonomikoa eta soziala lortzeko. Okupazioak sorrarazi edo tokian tokiko bizi-kalitatea hobetuko duten inbertsio-proiektuak egitea sustatu behar du taldeak, eta arrantza-zonaldeen garapen iraunkorrerako programa baten esparruan egin behar ditu jarduera horiek guztiak. Europako Erkidegoko 1198/2006 Erregelamenduko 45.1. artikuluak arautzen duenarekin bat etorriz, taldeek tokiko sektore sozioekonomikoetako solaskide publiko eta pribatuen ordezkari izango dira, eta gaitasun administratibo eta finantzario nahikoa izango dute jasotako laguntzak administratzeko eta eragiketak behar bezala, arrakastaz, beteko direla kontrolatzeko. Talde horien ardura izango da lurralde jakin batean egin edo betetzea arrantza-zonaldeen garapena bultzatzeko neurriak.

    3. Taldearen estatutuek adierazi behar dute irabazi-asmorik gabeko erakundea dela.

    4. Taldeak hartzen duen forma juridikoa eta horren arabera bete beharrekoak izan ditzakeen xedapenak alde batera utzita, lurralde-programek sozietate-araubidea zehazteko atal bat izango dute, eta haien kideen eskubideak eta betebeharrak adieraziko dira atal horretan.

    5. Taldearen erabaki-organoetan, boto-eskubidearen gutxienez % 50 osatu behar dute administrazioarekin loturarik ez duten sektore ekonomiko eta sozial pribatuen ordezkariek eta elkarte pribatuek.

    6. Taldeek hartzen duten forma juridikoak ez badie derrigortzen kontabilitate-sistema jakin bat hartzera, Kontabilitate Plan Orokorraren indarreko araudiak irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat arautzen duenari egokitutako kontabilitatea eramango dute kostaldearen garapenerako programak kudeatzeko.

  4. Hautagaitzak aurkeztea.

    Hautagaitzak baloratzeko, talde bakoitzak datu hauek eman behar ditu gutxienez:

    1. Identifikazioa.

      (Elkartearen IFZren fotokopia konpultsatua.

      (Erakunde juridikoa kreditatzen duten agirien (eskrituren, estatutuen eta abarren) fotokopia konpultsatua. Erregistroan inskribatutako agiriak izan behar dute.

      • Erakundea ordezkatzen duen pertsonaren NAN/IFZaren fotokopia konpultsatua.

      • Erakundearen lege-ordezkariaren izendapena edo, halakorik ezean, ahalorde-eskritura.

      • Toki-administrazioak taldera atxikitzea onartzen duten osoko bilkuren erabaki originalak edo horien fotokopia konpultsatuak.

      • Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordaintzen direla ziurtatzen duen agiri eguneratua.

      • Hirugarrenen altaren inprimaki-eredua.

      • Memoria edo txosten bat, hurrengo 2. puntuan adierazten den informazioa jasoko duena.

    2. Memoria edo txostenak jaso behar duen informazioa.

      • Kostaldeko Ekintza Taldearen osaera.

        1. Bazkideen zerrenda.

        2. Taldeari atxikitako toki-administrazioak.

        3. Bazkideen baldintzak, eskubideak eta betebeharrak.

        4. Taldearen funtzionamenduaz arduratzen diren organoak.

        5. Bazkideen lurralde-ezarpena eta haien ordezkapen-eremua.

        6. Taldeko zuzendaritza-organoak hartutako erabakiaren ale originala edo fotokopia konpultsatua, taldea ordezkatzen duen pertsonari eskaera egiteko baimena ematen diona.

      • Funtzionamendua.

        1. Estatutua eta barne-araudia.

        2. Egitekoen eta arduren banaketa azaltzen duen eskema.

        3. Taldea kudeatzeko eta haren kontabilitatea eramateko elementuak.

        4. Alderdi teknikoan eta administratiboan diharduten langileak:

          Taldeko teknikariek dinamizatu eta kudeatu egin behar dituzte haren jarduera-eremuko proiektuak, eta aholkularitza eman behar diete proiektuak sustatzen eta ekiten dituzten pertsonei, taldearekin lehen hartu-emana duten unetik hasi, eta, beharrezkoa bada, proiektua ziurtatu arte. Diruz laguntzen den jarduera abian jarri ondorengo jarraipena egin eta laguntza eman behar dute, bizitako esperientziak biltzeko eta jardunbide egokiak eta akastunak hautemateko. Betebeharrak eta konpromisoak betetzen direla kontrolatu behar dute.

        5. Taldeak izango duen ekipamendua.

        6. Proiektuak hautatzeko eta laguntzak kudeatzeko elementu teknikoak eta administratiboak.

        7. Taldeak egindako garapen iraunkorreko programa. Bertan adierazi behar dira zer lurraldetan jardungo den, garapen-estrategia eta kostaldeko ekintza-taldea.

  1. Kostaldeko Ekintza Taldearen izaera bereganatuko du programak aurkeztu eta hautatutakoak betetzeaz arduratuko den elkarte-entitateak.

  2. Agindu honen 4.1.c) artikuluan adierazten dira Kostaldeko Ekintza Taldeak bete beharko dituen baldintzak eta betebeharrak.

  3. Kostaldeko Ekintza Talde bakar bat hautatuko da.

  1. Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako Zuzendaritzak egin zuen Itsasertza Garatzeko 2011-2013 Programak arautzen duenarekin bat etorriz, hauek izango dira Kostaldeko Ekintza Taldeen estrategiek eta programazioek lagundu ditzaketen neurrien eta jardueren helburuak:

    1. Sektoreari laguntza ematea eta jarduera ekonomikoa dibertsifikatzea.

    2. Bizi-kalitatea hobetzea.

    3. Euskal kostaldeko udalerrien ondare naturala eta kulturala zaindu eta indartzea.

  2. Neurri hauek zehazten dituzte adierazitako helburuak:

    1. Kostaldeko ekonomiarako eta biztanleentzako oinarrizko zerbitzuak.

    2. Kostaldeko ondarea zaindu eta hobetzea.

    3. Itsasoari lotutako ekimen turistikoak sortzea eta horien garapen iraunkorra egitea.

    4. Enpresak sortu, handitu eta modernizatzea, lehentasuna emanez itsasoarekin eta arrantzarekin lotuta daudenei.

    5. Arrantza-sektorearen jarduera ekonomikoa beste jarduera batzuetara dibertsifikatzea.

    6. Arrantza-sektorean produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko lankidetza.

    7. Nork bere lana sortzeko laguntzak ematea.

  1. Kostaldeko ekintza-taldeek egin eta aurkeztutako garapen iraunkorrerako programak hautatzeko, prozedura bat bete beharko da. Prozedura horrek behar bezala bermatuko du hautatze-prozesuaren gardentasuna eta inpartzialtasuna, artikulu honetan adierazten diren hautatze-irizpideak betez. Aurkezten diren programek egitura homogeneoa izan behar dute, bi balorazio-multzoetara egokitua, eta haietan adierazten diren alderdiei buruzko informazioa eman behar dute gutxienez. Hauek dira bi balorazio-multzoak:

    1. balorazio-multzoa. Kostaldeko Ekintza Taldea. Gehienezko balorazioa: 100 puntu.

  1. Estatutuak eta barne-araudia: 10 puntu gehienez.

  2. Lantalde teknikoak eta ekipamendua: 25 puntu gehienez.

  3. Taldearen osaera eta sektore ekonomiko eta sozialen partaidetza eta ordezkapena. Eragile pribatuek taldearen erabaki-organoetan duten eragina: 45 puntu gehienez.

  4. Eskualdeen edota nazioen arteko lankidetzarako eta partaidetzarako aukerak eta arrantza-zonen garapen iraunkorrerako sareetan sartzeko aukera: 10 puntu gehienez.

  5. Emakumeak elkarteko karguak betetzea: 10 puntu gehienez.

    2. balorazio-multzoa. Programa. Gehienezko balorazioa: 200 puntu.

  1. Helburu orokorrak, espero diren emaitzak eta inpaktu edo eragin-adierazleak: 20 puntu gehienez.

  2. Estrategiak eta horiek helburuekiko duten egokitasuna. Estrategiak lantzeko tresnak, sektoreen aniztasuna, ingurumen-bideragarritasuna eta izaera iraunkorra: 80 puntu gehienez.

  3. Lehenetsiko diren neurriak: 15 puntu gehienez.

  4. Programen antolamendua (osagarritasuna): 5 puntu gehienez.

  5. Espero diren emaitzak eta prozesuak beste esparru batzuetara zabaltzeko gaitasuna: 20 puntu gehienez.

  6. Emakumeen eta gazteen aukera-berdintasuna bermatzea: 10 puntu gehienez.

  7. Lankidetza: 30 puntu gehienez.

  8. Estrategiak ebaluatzea eta berrikustea: 20 puntu gehienez.

  1. Aurkeztutako programak ikusita eta 4.1.d) artikuluak arautzen duen jardun-egitura aztertu ondoren, balorazio onena jasotzen duten proposamenak hautatuko dira. Balorazioa 300 puntukoa izango daiteke gehienez.

    Hautatze-prozesua gainditzeko, taldeak 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez lehen multzoan, eta 100 puntu gutxienez bigarrenean.

    3 Hautagaitzak ebaluatzeko, aintzat hartuko da, lehentasunez, eginkizunen eta arduren banaketan ikusten den gardentasuna; horrez gain, hautagaitzek behar bezala bermatu beharko dute solaskideek gaitasun osoa izango dutela agintzen zaizkien egitekoak betetzeko, eta lan egiteko eta erabakiak hartzeko mekanismoak eraginkorrak izango direla.

  1. Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariari bidaliko zaizkio Kostaldeko Ekintza Taldea hautatzeko eskaerak, eta bide hauek erabil daitezke haiek aurkezteko: zuzenean aurkez daitezke Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Orokorrean (Donostia kalea, 1. zk., Lakua 1, 3. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz), edota Herri Administrazio Publikoen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak arautzen dituen bideak erabil daitezke haiek aurkezteko.

  2. Eskaerarekin batera, 4.1.d)1 artikuluan adierazten den dokumentazioa aurkeztu behar da.

  3. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, agindu hau indarrean sartzen den egunetik hasita.

  1. Kostaldeko Ekintza Taldea eta haren programa hautatzeko aurkezten diren hautagaitzak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat osatuko da. Batzorde horrek hiru kide izango ditu, eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariak izendatuko ditu Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzako langileen artean. Emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da. Hautaketa 7. artikuluak arautzen diren irizpideak betez egingo da, eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariak emango du hari dagokion ebazpena.

  2. Aurreko puntuko izapidea egiten denean, hiru hileko gehienezko epea izango da deialdia ebatzi eta jakinarazteko hautagaitza Sailean sarrera izan duen egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, beren hautagaitzak ezetsiak izan direla ulertuko dute interesatuek, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen 44. artikuluak arautzen dituen ondorioetarako. Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariaren ebazpenari publizitatea emateko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  3. Ondoren, 10. artikuluak adierazten duena betez, hitzarmenak izenpetuko dira Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Kostaldeko Ekintza Taldearen artean.

  4. Talde hautatuak aukera izango du, Agindu honek arautzen duenari jarraituz, Erakunde Laguntzaile izendatua izateko. Izendapen hori jasotzeko, bete beharrekoak izango ditu, batetik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 52.2. artikuluko a) letratik eta d) letrara bitarteko xedapenak, eta, bestetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko hirugarren titulua (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

  1. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak lankidetza-hitzarmen bat izenpetuko du hautatua suertatzen den Kostaldeko Ekintza Taldearekin. Kostaldea garatzeko programen kudeaketa arautuko du hitzarmen horrek.

  2. Hitzarmen horrek arautuko ditu ematen diren laguntzen kudeaketa, kontrola eta jarraipena, taldearen finantziazioa, betebeharrak eta ardurak, hitzarmenaren izaera, iraupena eta berrikuspena, eta interesekoak irizten diren gainerako gaiak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta haren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Lehenengoa. Agindu hau bete eta garatzeko egoki irizten dituen xedapenak emateko ahalmena ematen zaio Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariari.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 1a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik