Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko uztailaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Unibertsitatea-Enpresa egintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena (2012-2013). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko uztailaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Unibertsitatea-Enpresa egintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena (2012-2013).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 140
  • Hurrenkera-zk.: 3699
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/05
  • Argitaratze-data: 2011/07/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Berrikuntza-prozesuak, arazo zehatzak ebazteko asmoz ezagutza zientifikoak eta teknikoak erabili eta aplikatzeko prozesua den aldetik, jadanik ez dio jarraitzen ohiko eskema linealari, zeinetan oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura pasatzen baita eta bertatik garapen teknologikora, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuan amaitzeko; aitzitik, era askotako loturetan oinarritutako dinamika berri bati eutsi dio.

Berrikuntza teknologikoa industria-ekoizpeneko enpresetan nabarmendu ohi bada ere, eragile askoren arteko elkarrekintzen emaitza da: ikerketa teknologikoko zentroak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, ETEak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, herri-administrazioak, eta abar.

Berrikuntza, beraz, elkarrekintzazko eredu baten emaitza da eta bertan gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie eragileen arteko elkarrekintzei eta, gaur egungo egoeran, haien arteko harreman- eta truke-mekanismoak sortzeari. Horrek tartean sartutako eragileen kulturak eta estrategiak aldatzea dakar berekin.

Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia eta Teknologia Sistemak badu hutsune bat, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateen eta inguruko agente zientifiko-teknologiko eta ekoizpen-enpresen arteko elkarrekintzari dagokionez. Agindu honen bitartez, sailak unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa-taldeen eta teknologia-berrikuntzan interesa duten industria-enpresen arteko lankidetza sustatu nahi du.

Ekoizpen-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; euskal unibertsitateak eta agente zientifiko-teknologikoek, berriz, ahalmen zientifiko eta tekniko handia dute ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, baina ekoizpen-inguruneak ez du hori behar adina aprobetxatzen.

Deialdi honen xedea, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoaren zientzia- eta teknologia-sistema indartzea da, unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa taldeen eta ekoizpen-inguruneko enpresen arteko elkarrekintza ahalbidetuta, kalitateagatik eta interes zientifiko-teknologikoagatik enpresentzat interesgarriak izango diren ikerketa aplikatu edo teknologikorako proiektuen bitartez. Produktu horiek, hain zuzen, unibertsitatetik enpresarako teknologi transferentzia ekarriko dute, edota prozesuen edo produktuen mailan helburu berritzaileak gauzatzea.

Asmoa da, ahal den neurrian, parte hartzen duten ikerketa-taldeetan enpresetako eta unibertsitate- eta teknologia-zentroetako teknikariek parte hartzea, eta proiektuen helburuak produktu edo prozesu berritzaileak lortzera bideratzea, aurrelehiakortasunaren edo lehiakortasunaren mailan, aipatutako lehentasunekin bat etorriz, enpresek haiekiko interes handia baitute.

Deialdia egin duen sailak elkarrekintza hori sustatuko du proiektuen zuzeneko kostuaren alde handi bat finantzatuz; enpresek ere aipatutako finantziazioan parte hartu beharko dute, ikerketa-proiektuarekiko duten interes teknologikoaren arabera.

Ondoko dekretua kontuan izanik: «233/2010 Dekretua, irailaren 14koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena (2010eko irailaren 29ko EHAA, 188. zk.).

1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) ezarritakoa kontuan izan da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra arautu zen, eta, era berean, diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezarri ziren. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

  1. Deialdi hone xedea da: ekoizpen-enpresentzat baliagarriak izango diren ikerketa-proiektuak gauzatzeko diru-laguntzen deialdia egitea. Aipatutako proiektuetan unibertsitateko ikertzaileek eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Agenteetako batzuek parte hartuko dute enpresetako eta gizarte- eta/edo industria-mailako ekintzak burutzen dituzten entitateetako I+G unitateekin batera, industria-, gizarte-, edo teknologia-aplikazioari buruzko gaiak garatzeko asmoz, agindu honetan jasotzen diren baldintzen arabera.

  2. Parte hartzen duten enpresek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute eskudirutan. Diru hau ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahalko da. Kasu horretan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak ez dira enpresatzat hartuko. Horretarako, lankidetza-hitzarmena izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 16.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek II. eranskinean aipatzen diren printzipioak errespetatu beharko dituzte.

  1. Agindu honen xede diren laguntzetarako 229.472 euro izango dira, guztira, honela banatuta: 2012ko ekitaldian 131.127 euro, eta 2013ko ekitaldian 98.345 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontuko partidaren kargura.

  2. Aipatu zenbatekoa gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontuen arabera, eta, betiere, laguntza horiek ebatzi aurretik. Halakorik gertatuz gero, aditzera emanen da, hain justu ere Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpen baten bidez.

  1. Euskal Herriko Unibertsitatea izan ezik, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Unibertsitateak izan daitezke diru-laguntzaren onuradunak, baldin eta 4. artikuluaren arabera prestatutako ikertzaile-taldeak badituzte plantillan.

  2. Eskabidean erakunde laguntzailetzat hartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluan azaltzen diren agente-kategorietan badaude (221/2002 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarriak arautu zituena). Hona hemen artikulu horretan zerrendatzen diren kategoriak:

    Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.

    Elkarlaneko ikerketa-zentroak.

    Teknologia-zentroak.

    Deialdi honen helburuetarako, honako hau joko da agente zientifiko teknologikoen erregistroko zerrenda gaurkotua: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologiako zuzendariak egiaztatutako zerrenda, noiz eta deialdia bukatu eta hurrengo egunean, betiere urriaren 1eko 221/2002 Dekretuko 17.4 artikuluaren arabera.

  3. Enpresa, diru-laguntzaren zuzeneko onuradun ez bada ere, ikerketaren emaitzen benetako jasotzailea da. Alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar baitute eta, bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak bere «know-how»-aren barruan sartuz erabili eta unibertsitate-talde ikertzailearekin izenpetu behar duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ustiatu behar baitu.

  4. Ezingo dute erakunde onuradun izan diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera sexu-bazterkeriagatik zigortutakoek ere.

  1. Proiektuetako ikertzaileek erakunde parte-hartzaileetakoren baten plantillako kide izan beharko dute, eta deialdi honetan eskatutako proiektu baten bakarrik parte hartu ahal izango dute.

  2. Aurreko deialdietako laguntzen onuradun izan diren erakundeetako ikertzaileek ezingo dute deialdi honetan parte hartu, baldin eta aurreko deialdietarako eskabideetan parte hartu badute eta eskabidea aurkezterakoan betebeharren bat egiteko dutela-eta euren jarduerak itxi ez badituzte -emaitzen ustiapen-txostena eta argitalpena salbu-.

  3. Research Professo kategorian Ikerbasque Fundazioak kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxiki eta erakunde horretako plantillado badira, deialdi honi dagokionez, ikertzaile kontsideratuko dira.

  4. Ondokoek osatuko dute ikerketa-taldea:

    1. Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusia; doktoradutza-tituluaren jabe eta unibertsitate onuradunaren plantillakoa izan behar du.

    2. Doktore-titulua edo lizentziatura, arkitektura- nahiz ingeniaritza-titulua duen ikertzailea. Erakunde onuradun edo kolaboratzaile bakoitzeko bat egongo da gutxienez, eta erakunde horien plantillakoa izan beharko du. Gainera, ondoko hauekin osatu ahal izango da:

    3. Ikerketako laguntzaileak: enpresa laguntzaileetako pertsonak izan daitezke. Programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua izango dute eta ez dira adierazitako gainerako kategorietakoak izango.

  5. Ezinbesteko baldintza izango da proiektuan, gutxienez, unibertsitate onuradunetako ikerketa-talde batek eta helbide soziala EAEn duen enpresa batek parte hartzea; Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agente baten partaidetza, berriz, aukerakoa izango da.

  1. Parte hartzen duten erakunde guztietan garatu beharko dira ikerketa-jarduera.

  2. Iraupena.

    Proiektuak 2012ko urtarrilaren 1ean hasiko dira, eta proiektuari hasiera ematen zaion egunetik hasita, urte batean edo bitan burutu beharko dira.

  3. Deialdi honetan honako hauek finantzatu ahal izango dira:

    1. Laguntzaileak: lanaldi osoagatik, hau da, urteko 1.600 ordugatik, gehienez ere 15.500 euro emango dira, Unibertsitatearekiko harreman motaren arabera. Proiektuari denbora gutxiago eskaintzen bazaio, ordaindu beharreko zenbatekoa proiektuari eskainitako denboraren araberakoa izango da.

      Lizentziaduna, ingeniaria, arkitektoa edo ingeniari teknikoa izan beharko du laguntzaileak. Ez da izango deialdiko erakunde parte-hartzaileetako plantillakoa eta ezin izango du jaso beka bidezko beste ordainsaririk, beste ikerketa proiektu batzuetarako diru-laguntzarik, lansaririk edo izaera publiko edo pribatuko bestelako ordainsaririk.

      Laguntzaile bat kontratatzeko finantziazioa ematen bada, onar dezan, ikertzaile nagusiak izen bat proposaturiko dio Politika Zientifikorako Zuzendaritzari, hain justu ere laguntza-funtzioa betetzeko egokia dena. Proiektuak dirauen bitartean, zeregin horietan pertsona bera aritzea komeni bada ere, gutxienez urtebetez egon beharko du.

    2. Material inbentariagarria: kontzeptu horregatik gehienez ere ez dira urteko 18.000 euro baino ordainduko; betiere, kontuan izanik, deialdian ez dela finantzatzen BEZaren gastua. Proiektuaren kontura erositako material inbentariagarria erakundearen inbentarioan jaso beharko da, eta material horren kostua 18.000 eurotik beherakoa izango da. Espresuki uzten dira deialdi honetatik kanpo altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako tresneria inbentariagarria ere.

    3. Material suntsikorra: proiektuko jardueretarako beharrezkoa den heinean eta behar bezala justifikatzen denean ez da mugarik egongo kontusail honetan.

    4. Bidaiak: proiektuaren jardunak burutu ahal izateko egiten direnak. Bidaia-gastuak onartuko dira, proiektua betearazteko azken urtean lortutako emaitzak erakusteko, eta ikerketa-taldeko pertsona bakar batentzat.

    5. Bestelako gastuak: finantzatutako proiektuaren kostuaren % 5ekoa izango da gehienez urteko. Aurreko kontusailetan aurreikusi gabeko kontzeptuetarako gastuak ordaintzeko baino ez da erabiliko diru hori.

      Deialdi honen kontura ez dira finantzatuko parte hartzen duten unibertsitate-irakasleen lansariak: enpresek eskudirutan egindako ekarpenak, parte hartzen duten ikertzaileentzako izan daitezke, onuradun unibertsitatekoak nahiz erakunde laguntzailekoak izan; eta hori, betiere, proiektuarekiko dedikazioaren arabera.

  1. Eskabideak aurkezteko epea.

    Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean zabalduko da, eta 2011ko irailaren 5ean itxiko.

  2. Eskabideak helbide honetara bidali behar dira:

    Eusko Jaurlaritza Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila Zientzia Politikarako Zuzendaritza Erreferentzia: Unibertsitate-Enpresa Ikerketa Proiektuak Donostia, 1 01010 Vitoria-Gasteiz

    Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren era bere erakunde autonomoen erregistroen eraketa, antolaketa eta funtzio baimenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako erregistroetarik edozeinen bidez. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan zehaztu bulegoetarik edozeinetan aurkeztu ahal izango da.

  3. Ikertzaile nagusiak sinatu beharko du eskabidea, eta erakunde parte-hartzailearen legezko ordezkariaren baimena izan beharko du.

  4. Eskabidean sartu beharreko dokumentazioa I. eranskinean azaltzen eta zehazten dena izango da. Eskabidea eta dokumentazioa paperean aurkeztu beharko dira, horien kopia elektronikoarekin batera (CD formatuan).

  5. Datuak aipatu gabe uzteak, aldatzeak edo eskatutako informazioaren edozein erabilera oker egiteak eskabidea ezestea ekarriko du.

  6. Eskabideak aurkezteko, interesdunek inprimaki eredu posible bat izango dute eskuragarri interneteko helbide honetan: «http://www.hezkuntza.net».

  7. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. paragrafoak aipatu erantzukizunezko deklarazioa jaso beharko du eskabideak. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeaz aldatu zen lege hura.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea, Ikerketa Proiektuen Zerbitzuaren bidez.

Eskabideek eskatutako informazio guztia jasotzen ez badute, eta/edo aurreko ataletan adierazitako agiri guztiak eransten ez bazaizkie, interesdunari hori jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak aurkezteko. Gainera, horrela egiten ez badu, eskaera ezetsi egingo dela jakinaraziko zaio, 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluari jarraiki emandako ebazpenaren ondoren; lege hori, 4/1999 Legaz aldatu zen.

  1. Ebaluazio Batzordea.

    Ebaluazio-batzordeko kide izango dira: Zientzia Politikarako zuzendaria (bera izango da lehendakaria), Unibertsitateetako zuzendaria, Ikerketa Proiektuen teknikaria, eta zientzia-ebaluazioko aditu bat edo bi, Politika Zientifikorako zuzendariak izendatutakoak. Aipatu batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie dagokien jakintza-arloan ospea eta ebaluatzeko esperientzia duten ikertzaileei. Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak edo Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak egin ahal izango dituzte aipatu txostenak. Ebaluazio-batzorde honek deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta kasuan kasuko gaietako adituen txosten teknikoak bateratuko ditu.

  1. Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, Ebaluazio Batzordeak ondoko irizpideak izango ditu kontuan eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera antolatzeko:

    (Ikus .PDF)

  2. Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren III. eranskinean adierazi dira irizpideak zehatzago baloratzeko aldeen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenago izan dadin.

  1. Diru-laguntzak lehiaketaren bidez emango dira eta proiektuak dirauen artean jaso ahal izango dira. Horretarako, ebaluazio-batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren.

  2. Onartutako aurrekontuak kontuan hartuko ditu 5. artikuluan ezarritako kontzeptuak, eta ikertzaile taldeek planteatu eta behar bezala kreditatutako beharrak eta adituek emandako aholkuak kontuan hartuta finkatuko da.

  3. Ebaluazioan, 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskabideak bakarrik lagun daitezke diruz. Ebaluazio Batzordeak eskabide bakoitzerako onartutako kostuaren eta balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko lehentasun-ordenaren arabera erabakiko da laguntzak -agindu honetan araututakoak- ematea. Eta diru-laguntzako zenbatekoak esleituko dira, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako diru-zenbatekoa agortzen den arte, edo indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egiten direnean, hasierako zenbatekoa gaurkotzetik ateratzen dena agortzen den arte. Aukeratutako ikerketa proiektu bakoitzean eskatutakoaren % 100a hartu ahal izango dute esleipenek.

  4. Urteka banatuko da diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planen arabera.

  1. Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari proposamena aurkeztuko dio, eta honek esleitu edo ukatu egingo ditu, ebazpen bakar eta arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri interesdunei banan-banan emango zaie. Ebazpen horren berri banan-banan emango zaie interesatuei, eta EHAAn ere argitaratuko da, denek izan dezaten horren berri.

  2. Onartzen den proiektu bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

    Ikertzaile nagusiaren izena.

    Erakunde onuraduna.

    Parte hartzen duten enpresen izena edo helbidea.

    Ikerketa-proiektuaren titulua.

    Proiektua egingo den urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa.

  3. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskariak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantziatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste erakunde horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da. Zientzia Politikarako Zuzendaritza beste alderdi finantziatzailearekin harremanetan jarri ahal izango da, elkarren artean finantzatzeko akordioa lortzeko. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

  1. Proiektuaren ikertzaile nagusia atxikita dagoen unibertsitateari ordainduko zaio diru-laguntzen zenbatekoa.

  2. Urteko zenbatekoak aurretiaz ordainduko dira urte bakoitzean. Proiektua burutzeko azken urtea denean, azken urteko diru-laguntzaren % 75 baino ez da ordainduko aurrez. Unibertsitate onuradunak deialdiaren 15. artikuluan zehaztutako dokumentazio guztia bidali eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak ontzat eman eta gero egingo da azken urteko bigarren ordainketa, hau da, gainerako % 25a.

  3. Diru-laguntzaren onarpenari buruzko dokumentua jaso ondoren, unibertsitatearen eta proiektuan parte hartzen duen enpresaren arteko hitzarmenaren ondoren, eta enpresak egindako lehen ordainketaren ondoren (gutxienez, hitzartutako zenbateko osoaren % 50) egingo da lehen urteari dagokion ordainketa. Bigarren urteari dagokion ordainketa, berriz, baldintzatuta egongo da; alegia, aurreko urteari dagokion urteko txostena entregatu beharko da horretarako.

  4. Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme erregimenaren arabera bermatuko da. Dekretu horrek, Euskal Autonomi Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta diru-laguntzen itzuleraren sistema orokorra arautzen duen eta hura kudeatzen parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileen baldintzak, erregimena eta obligazioak ezartzen ditu.

  5. Diru-laguntza igorri ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela frogatu beharko du, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraiki (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zk.).

  1. Diru-laguntza onartzeko dokumentua: unibertsitate onuradunei ebazpenaren jakinarazpenarekin batera emango zaie diru-laguntzaren urteroko banaketen eta kontzeptuen berri. Unibertsitateek diru-laguntza onartzen dutela adierazteko, itzuli egingo dute jakinarazpena -legezko ordezkariak behar bezala sinatuta-; horretarako epea, jakinarazpena jaso eta 10 egunekoa izango da. Epe horren barruan igorri ezean, onuradunak laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

  2. Laguntzaileentzako diru-laguntzarik egonez gero, laguntzailea unibertsitate onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, eta parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua berariaz jaso beharko da, baita bere egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da izan deialdiaren ebazpena baino lehenagokoa; 2012ko lehen seihilekoan egin beharko da. Kontzeptu hori dela-eta emandako diru-laguntza deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100era iritsiko ez balitz eta kontratuaren kostu osoa ordaintzera iritsiko ez balitz, zentroak lanaldi osorako kontratua egin ahal izango dio, eta horretarako, zentroak berak erantsiko dio zenbateko bat diru-laguntzari harik eta kostu osoa ordaindu arte. Hori gertatuz gero, proiektuarekin batera, zentroak esleitzen dizkion bestelako egiteko osagarri batzuk ere egin ahal izango ditu laguntzaileak.

  3. Unibertsitate onuradunaren eta enpres(ar)en artean izenpetutako hitzarmenaren (16,3 artikulua) deialdia aurkeztea erakunde kudeatzaileari, baita enpresak lehenengo ordainketa egin izanaren egiaztagiria ere -diru-laguntzaren lehenengo ordainketa egiteko ezinbesteko baldintza. Sinatutako hitzarmena erakunde kudeatzaileari aurkeztu behar zaio, ebazpenaren jakinarazpena egin eta, gehienez ere, hilabeteko epean.

  4. Urteko txostena: unibertsitate onuraduneko ikertzaile nagusiak, proiektua burutzeko urte bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txosten bat aurkeztu beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Ondokoak jasoko dira txosten horretan: proiektuaren helburuen erdieste-maila, izandako gorabeherak, ateratako emaitzak eta diru-laguntzatik gastatu den kopuruaren estimazioa.

  5. Gastua egiaztatzea: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitzerakoan, dagokion urteko txostena aurkeztu ondoren, unibertsitate onuradunak egindako gastu guztiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektu beraren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Ziurtagiri hori proiektua amaitu osteko hilabete biko epean aurkeztu behar da.

  6. Amaierako txosten zientifikoa: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitu ondorengo lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta bertan zehaztasun handiz adierazi aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabaltze- eta jendarteratze-jarduerak.

  7. Argitalpenak: proiektuaren emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen badira, edo liburuak, monografiak, artikuluak, doktore-tesiak, lizentzia-tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, sail laguntzailearen babesa utzi beharko da jasota, proiektuaren kodea ere aipatuz. Era berean, argitalpenen kopia bidali beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.

  8. Enpresaren txostenak: diruz lagundutako ikerketan lortutako emaitzak enpresak nola aplikatu eta/edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da; horretarako, enpresa parte-hartzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta bertan proiektuaren garapenari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. Proiektua amaitu ondorengo urtearen amaieran, emaitzen ustiapenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta bertan zera adierazi beharko du: emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek enpresan nola ezarri dituen, burututako patenteak eta lortutako irabaziak.

  9. Unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin bidali beharko da proiektuaren jarraipenari dagokion dokumentazio guztia; salbuespen izango dira enpresaren txostenak, enpresaren legezko ordezkariak izenpetuko baititu.

  10. Artikulu honetan aipatu txostenen edukien deskripzioa eskuragarri egongo da interneteko helbide honetan: http://www.hezkuntza.net.

  11. Urteko txostenek, amaierako txosten zientifikoak eta egindako argitalpenek ebaluazio zientifikoa izan dezakete. Dagokion ezagutza alorrean ospe eta ebaluazio-esperientzia onartua aitortua duten ikertzaileak aritu daitezke ebaluazio horietan. Ebaluazio negatibotik honakoa ondorioztatzen bada: ebazpen- eta ebaluazio-prozesuan onartu era eskabidean proposatutako egitasmoarekin eta helburuekin bat ez datorren proiektu-garapena, 18.2.d) artikuluan xedatutakoa beteko da.

  1. Ikerketa-taldeek onuradun unibertsitatearen arau orokorren arabera egingo dituzte gastuak, agindu honetan ezarritakoaren eta deialdiaren organo kudeatzailea den Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren jarraibideen arabera.

  2. Proiektuan proposatutako helburuak betetzeko erabili gabeko zenbateko osoei edo zatikakoei, eta bermeen araubide orokorrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzei dagokienez, abenduren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakori jarraituko zaio.

  3. Lankidetza-hitzarmena izenpetu beharko da unibertsitate onuradunaren eta enpresa parte-hartzaile(ar)en artean, Transferentzia Teknologikorako Erakunde baten bitartez (hala nola: BTBak, Unibertsitate-Enpresa Fundazioa, Estrategia Teknologikorako Unitatea edo beste batzuk). Hitzarmen horretan honako hauek jaso beharko dira: ekonomia-harremanak, ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren, proiektuaren emaitzek zein erabilera eta jabetza duten, eta deialdiari dagokionez enpresak ea bere egin dituen obligazioak.

    Hitzarmenean, proiektuaren emaitzez baliatzeko baldintzak zehaztuko dira.

  4. Jatorrizko fakturak unibertsitate onuradunean bertan artxibatu behar dira eta erabilgarri egon behar dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenetarako.

  5. Unibertsitate onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman behar die, erakunde bi horiek beren eginkizunen barruan, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio.

  6. Proiektua amaitzen den epealdian, ikerketa-proiektua burutzea eta, ondorioz, diru-laguntza agortzea galarazi duen arrazoirik gertatuz gero, ikertzaile nagusiak, unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari proiektua gauzatu eta kreditua agortu ahal izateko luzapena, gehienez ere sei hilabetekoa, eskatu ahal izango dio, aipatutako eskabidea egiteko arrazoiak behar bezala egiaztatu ondoren. Luzapen horrek ez du esan nahi azken txosten zientifikoa eta 15. artikuluan adierazitako memoria eta txostenak entregatzeko epea luzatu egiten denik.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez dela bete eta, urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak.

  1. Arau-hauste administratiboa gertatzen bada, laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen erregimena aplikatuko da, alegia, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa, horren bitartez onartu da-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina.

    Diru-laguntza jasotzeko bide eman zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat eta horri jarraiki, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio jasotako diru-zenbatekoa eta horri dagozkion legezko interesak.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutako kausez gain, ondoko hauek izango dira ez-betetzearen kausak:

    1. Proiekturako eskabidea egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo eskatzaile hori entitate onuraduna ez den beste erakunde batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

    2. Unibertsitate-taldearen eta enpresaren arteko lankidetza-harremanak desegitea edo haustea.

    3. Ikerketa proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ikerketa proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

    4. Ikerketa proiektua proposatu diren helburuetatik eta onartutako epeetatik aldenduz garatzea, deialdia kudeatzen duen erakundearen baimena izan gabe.

    5. Taldeko kideek berek ikerketa-proiekturako ezarritako dedikazioa ez betetzea.

    6. Deialdi honen oinarri-arauen ez betetze larria, zati batekoa edo erabatekoa.

    7. Datuen ezkutatze larria, horiek aldatzea edo eskabidean egin daitekeen edozein manipulazio.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko eta egoki den kreditua egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

Lehenengoa. Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzietako jurisdikzioari, bi hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat.

Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 5a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Honako hauek jasoko ditu eskabideak:

  1. Proiektuaren deskribapen orokorra; honako hauek jasoko dira bertan:

    Proiektuaren deskribapen orokorra.

    Ikerketa-taldearen datuak.

    Zentro parte-hartzaile bakoitzaren fitxa.

    Beste proiektu batzuetan parte hartu izanaren adierazpena.

  2. Ikerketa-proiektuaren memoria bat honakoak jasoz:

    Ikerketa-proiektuaren laburpena.

    Gaiaren aurrekariak eta egungo egoera.

    Bibliografia aipagarriena.

    Proiektuaren interes orokorra.

    Proiektuaren azken emaitza eta emaitza hori ustiatzeko plana.

    Hipotesiak Helburu orokorrak eta operatiboak.

    Helburuei lotutako gertaerak. Kronograma.

    Gertaera bakoitzean erabilitako metodologia.

    Proiektua gauzatzeko erabilgarri dauden instalazio, baliabide eta teknikak.

    Erantzukizunen banaketa.

    Ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia.

    Burututako azken 5 proiektuen emaitzak eta lortutako etekina.

    Kofinantzaketaren deskribapena.

    Eskatutako diru-laguntzaren justifikazio zehatza.

    Bi zentro edo gehiagoren arteko lankidetza.

    Enpresak proiektuan izan duen parte-hartzea.

  3. Erakunde onuradunaren, erakunde laguntzailearen eta enpresa parte-hartzailearen adierazpena; azken horrek adierazi egin beharko du proiektuari zenbateko ekarpena egin dion.

  4. Ikertzaile nagusiaren curriculum vitaea.

  5. Beste ikertzaile batzuen curriculumak, dena delakoagatik euren garrantzia edo osagarritasunagatik, edo ikertzaile nagusiarenaz bestelako diziplina batekoa izateagatik- berariaz ebaluatzea merezi duenean.

  6. Ikertzaile-taldearen curriculum kolektiboa. Erakunde laguntzaileko eta enpresako langileen curriculumak jasoko dira curriculum hau osatzerakoan.

  7. Parte-hartzaile bakoitzaren NANaren kopia eta zentro parte-hartzaile bakoitzaren IFZren kopia.

  8. Enpresaren ezaugarriak eta orain arte egin diren I+G ekintzak.

  9. Zinpeko aitorpena: egiaztatu egin beharko dute ez daudela diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean, ez eta sexu bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

  10. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituztela egiaztatzen duten agiriak.

  11. Jasotako eta eskatutako laguntzei buruzko adierazpena, finantziazioa zertarako eskatu den, horren justifikazio xehatua eta beste deialdian finantzatutako ekintzekiko harremana.

  12. Proposamena, esleipen irizpideen arabera ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek errespetatu beharko dituzte:

  1. Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

  2. Gizakiak ikertzea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuetan, Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 13ko 14/2007 Legean ezarritakoa bete beharko da.

    Lege hori bera bete beharko dute, orobat, giza enbriologia jatorriko zelulak eta ehunak edo ehun horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzen dituzten proiektuek.

  3. Saiakuntza klinikoak dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan aurreikusitakoa bete beharko dute.

  4. Animaliekin ikerketak egitea dakarten proiektuek bete beharko dute, batetik, indarreko legerian, eta bestetik, eta batez ere, ikerkuntzarako eta beste helburu zientifiko batzuetarako erabilitako animaliak babesteari buruzko urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan ezarritakoa.

  5. Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta bestetik, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

  6. Eragile biologikoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, lan-arriskuak prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea, eta bestetik, eragile biologikoen aurrean jarrita egoteak dakartzan arriskuen arloan lege hori garatzen duten errege-dekretuak.

  7. Material genetikoa eskuratzea edo elkartrukatzea dakarten proiektuek bete beharko dute, batetik, Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena, bestetik, Elikadura eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Hitzarmena, eta hirugarrenik, Mintegietako Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzko uztailaren 26ko 30/2006 Legea.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik