- AGINDUA, 2011ko uztailaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia egiten da, 2011-2012 ikasturtean ikastetxe horietako langileek prestakuntza-jarduerak egin ditzaten. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko uztailaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia egiten da, 2011-2012 ikasturtean ikastetxe horietako langileek prestakuntza-jarduerak egin ditzaten.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 167
- Hurrenkera-zk.: 4216
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/07/05
- Argitaratze-data: 2011/09/02
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzkoak, 102. ezartzen du etengabeko prestakuntza eskubidea eta betebeharra dela irakasle guztientzat, eta erantzukizuna, berriz, hezkuntza administrazio eta ikastetxeentzat. Era berean, ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek sustatuko dute irakasle guztiek (beren espezialitatea edozein izanik ere) informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea eta atzerriko hizkuntzetan prestatzea, eta berariazko prestakuntza-programak ezarriko dituzte eremu horretan. Halaber, ikerketako eta berrikuntzako programak sustatuko dituzte.
Agindu hori betetzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero prestakuntza-jardueren deialdiak egiten dizkie hala irakasleei, banaka egin ere, nola prestakuntza-proiektuei lotutako ikastetxeei.
Deialdirik gehienak euskal eskola publikoko irakasle guztiei egiten zaizkie; dena den, agindu honen helburua da unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko sareko ikastetxe pribatuetako irakasleen prestakuntza-premiei erantzutea eta premia horiek osatzea; horretarako, ikastetxe horiek estatutu edo arau-harremanak izan behar dituzte deialdi hau zuzentzen zaien federazio eta elkarteekin; halaber, deialdi honen helburua da federazio eta elkarte horiek bere kabuz bultzatzen dituzten jarduerak babestea.
Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartuaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin (Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan) eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, abenduaren 23ko 5/2010 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aski aurrekontu-izendapen badagoenez (2/2009 Legearen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau.
Agindu honen xedea da beronen babesean 2011-2012 ikasturtean unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuetako langileek prestatzeko jarduerak egiteko ematen diren diru-laguntzak arautzea.
Diru-laguntza hauei heldu ahal izango diete itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio edo elkarte guztiek ikastetxe horietako irakasleen prestakuntzari dagokionez, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak direnek, bai Estatukoak direnek ere. Estatu osokoak direnek egoitza eduki beharko dute Erkidego honetan, nortasun juridiko eta ahalmen nahikoarekin.
Diru-laguntzarik jaso ahal izateko, federazio edo elkarte horiek hiru ikastetxe eduki beharko dituzte gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.
Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.
Ezin izango da onuradun izan zigor administratibo edo penalaren ondorioz diru-laguntza publikoak lortzerik ez duen inor, ez eta onuradun izateko gaitasuna kentzen duen legezko debekurik duen inor. Azken multzo horren barruan izango dira Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, betez, sexu bereizketagatik ezarritako ezgaitzeak.
Ematen diren diru-laguntzen xede izango dira prestakuntza-jarduera hauek: federazio edo elkarte onuradunekin estatutu edo erregelamendu harremanak dituzten ikastetxeen menpeko irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa sustatzen dituzten jarduerak, unibertsitateaz kanpo indarrean diren irakaskuntzen curriculumetatik datozenak eta eduki kurrikular edo didaktikoa duten beste jarduera batzuk ere, batez ere oinarrizko gaitasunak, zientzia-hezkuntza eta Eskola 2.0 garatzeko egiten badira.
Prestakuntza-zikloak irakasteko egituraren eta curriculumaren ondoriozko prestakuntza-jarduerek ezin izango diete agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzei heldu.
Irakasleek atzerriko hizkuntzak ikasteko edo hizkuntza horietan prestatzeko jarduerak deialdi honetatik kanpo geratzen dira.
Deialdi honetatik at geratuko dira irakaskuntzari dagozkion prestakuntza-jarduerak edo ikastetxearen ohiko jardueran sartzen direnak (koordinazio pedagogikoa, kudeaketa, ikastetxeko agiriak prestatzea,...). Halaber, deialditik kanpo geratuko dira unibertsitateko titulazioak eskuratzeari dagozkion jarduera guztiak.
Deialditik kanpo geratuko dira Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan, maiatzaren 3koan (BOE, 106 zk., maiatzaren 4koan), azaltzen diren curriculum propioen ondoriozko jarduerak, baldin eta horiei loturiko eskumenak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari ez badagozkio eta Lege horren bigarren xedapen gehigarrian islatzen diren erlijio-agintariei badagozkie.
Era berean, kanpoan geratuko dira elkartearen berezko izaeraren ondoriozko ikastaroak eta 10 ordutik beherako edo 100etik gorako jarduerak. Salbuespen modura eta ondo justifikatzen diren kasuetan bakarrik baimendu ahal izango dira 100 ordutik gorako jarduerak.
Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, halaber, beste deialdi batzuen xede diren prestakuntza-modalitatea duten prestakuntza-jarduerak: ikastetxeetan prestatzeko/hezkuntza berriztatzeko proiektuak, Hezkuntza Marko Hirueleduna, ikastetxeen zuzendaritza... eta, orokorrean, Sailak eskainita itunpeko irakaskuntzako irakasleek jaso dezaketen prestakuntza-eskaintza guztia.
Berrehun eta berrogeita hamar mila (250.0000) euro zuzenduko dira, gehienez ere, agindu honen bidez deitutako diru-laguntzetara. Diru-kopuru horretatik Eskola 2.0 programa sustatzeko eta bertan parte hartzeko jardueretara eta bestelako eduki kurrikular edo didaktikoetara, batez ere oinarriko gaitasunak garatzeko badira.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza hauei heltzeko eskabideak aurkezteko epea, 2011ko urriaren 2ra arte (egun hori barne) luzatuko da.
Eskaerak aurkeztu ahal izango dira Hezkuntzako ordezkaritzetan, Zuzenean Zerbitzuan (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Andia 13, 20003 Donostia-San Sebastián; Ramiro de Maeztu 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan.
Eskaerak federazio edo elkarte eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetuko ditu, eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara bidaliko dira. Eskaera horiek betetzeko, Agindu honen I. eranskinean datorren eredu normalizatua erabili beharko da, eta eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
Eskaera egiten duen federazioaren edo elkartearen eratze-eskrituraren kopia konpultsatua.
Eskaera izenpetzen duenak diru-laguntza eskatzeko ahalmen nahikoa duela egiaztatzen duten agiriak.
Federazio edo elkarte eskatzailearekin harreman estatutarioa edo erregelamenduzkoa duten EAEko zentroen zerrenda. Bertan, horien kodea ezarri beharko da.
Laburpen-fitxa. Bertan jasoko dira federazio edo elkarte eskatzailearen datuak, eta diru-laguntzaren xede izango diren prestakuntza-jarduera guztiak (II. eranskin gisa ematen den eredu normalizatuaren arabera).
Prestakuntza-jarduera guztiei buruzko fitxa deskribatzailea (III. eranskin gisa ematen den eredu normalizatuaren arabera).
Zinpeko adierazpena, deialdi honetara aurkezten den jarduerak bestelako laguntzarik ez duela jaso adierazten duena.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen dokumentazioa, beti ere Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuak 1991ko urriaren 7ko Aginduaren bidez ezarritakoarekin bat (1991ko urriaren 15eko EHAA, 208. zk.).
Legezko ordezkaritza duen lagunaren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da. Bertan, egiaztatu beharko da erakundeak ez duela zehapen administratibo edo penalik, diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazi dionik, edo ez duela horretarako ezgaitzen duen inongo legezko debekurik, sexua bereiztearren eragindakoak barne, beti ere Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera (I. eranskina)
Agiri horien guztien jatorrizkoa eta bi kopia aurkeztu beharko dira.
Ikastetxe jakin batek harreman estatutario edo erregelamenduzkoak baditu federazio batekin eta elkarte batekin, edo federazio edo elkarte bat baino gehiagorekin, Agindu honetatik erator daitezkeen helburuetarako, horietako bakar batekin azalduko da lotua. Horretarako, haren ordezkari legalaren adostasunezko idatzia atxiki beharko da.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak akatsen bat, zehaztasun-faltaren bat edo erantsi beharreko dokumentu baten falta antzematen badu aurkeztutako eskaeran, eskatzaileari horren berri emango dio eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzendu edo beharrezko dokumentuak aurkezteko, eta adierazi egingo dio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluari jarraiki ebazpena eman ondoren.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «7.a» izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduradun. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.
Honela ebatziko da laguntzak nola esleitu: Printzipioz, 8. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta ateratzen dena emango zaio eskabide bakoitzari. Jarritako diru hori nahikoa ez bada eskabide guztiei arestian adierazitako baldintzetan erantzuteko, guztira jarritako dirua hainbanatu egingo da onartutako eskabideen artean.
Prestakuntza-jarduerek ez dute laguntzarik jasoko, baldin eta gutxienez I. eranskinean jasotako baremoaren 1, 2 eta 3 ataletan lortutako puntu guztiak batuta, gutxienez, 4 puntu lortzen ez badute.
Diru-laguntzen esleipen-prozedura aurrera eraman ahal izateko, hautaketa-batzorde bat eratuko da. Batzorde horrek kide hauek izango ditu:
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duen pertsona, batzordeburu arituko dena.
Hezkuntzako ikuskari zentrala edo horrek eskuordetzen duen pertsona.
Irakasleak Hobetzeko Zerbitzuko burua.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako hiru teknikari. Horietako batek idazkari lanak egingo ditu.
Hautaketa-batzordeak proposamen bakoitzean diruz lagundu beharreko prestakuntza-jarduerak erabakiko ditu; eta kontuan hartuz IV. eranskinean ezarritako baremoa, Aginduaren 4. artikuluan ezarritako aurrekontu-mugak eta 8. eta 9. artikuluetan ezarritako mugak kontuan harturik, esleipen-proposamena bidaliko dio Hezkuntzako sailburuordeari.
Ebazteko prozesuan, batzordeak, bere egitekoak betetzeko beharrezko jotzen badu, argibideak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei; era berean, beharrezkotzat jotzen dituen proposamen guztiak egin ahal izango ditu eskatzaileek aurkeztutako proposamenak alda ditzaten.
Onuradun bakoitzari esleitutako diru-laguntzaren zenbateko osoa, hautatutako jarduera bakoitzarentzat aurkeztutako aurrekontuak batuta kalkulatuko da, beti ere irizpide hauei jarraituz:
Diru-laguntzaren zenbateko osoak ezingo du biderketa honen emaitza gainditu: emandako ordu guztiak bider ehun eta hogei (120) euro orduko (zenbateko horri ordezkapenei dagokien zenbatekoa kendu ondoren).
«Material»ek sortutako gastuei dagokien zenbatekoak ezingo du proposatutako diru-laguntzaren % 20 gainditu, behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik, batez ere prestakuntza-jardueraren ezaugarri eta edukiak direla-eta.
«Joan-etorri»ek sortutako gastuei dagokien zenbatekoak ezingo du gainditu proposatutako diru-laguntzaren % 10.
Honela lortuko da onartutako jarduerek jasoko duten diru-laguntza:
1. Aurrekonturik handiena kalkulatuko da jarduerako, kontuan hartuz artikulu honetako a, b, c eta d idatzi-zatiak.
2. Jardueraren kalitatearen arabera, beti ere IV. eranskineko baremoaz neurtuta, aurrekonturik handiena oinarritzat hartuta jarduera bakoitzari dagokion azken diru-laguntza kalkulatuko da, ebaluazio-batzordeak aldez aurretik erabakitako portzentajeak aplikatuz. Hori egingo da aurrekontua agortu arte, baina finkatutako muga gainditu gabe.
Agindu honen erregimenaren arabera ematen diren diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako laguntzekin.
Hautaketa-batzordeak egindako proposamena ikusirik, deialdia Hezkuntzako sailburuordeak ebatziko du 2011ko azaroaren 30a baino lehen.
Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da esandako epearen barruan, eta horrela jakinaraziko zaie interesatuei. Ebazpen horretan entitate onuradunak eta onartutako prestakuntza-jarduerak zeintzuk diren eta bakoitzari emandako diru-laguntza zenbatekoa zein den adieraziko da. Halaber, onartu ez diren eskaerak zeintzuk diren ere esango da, eta zergatik onartu ez diren ere bai.
Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Artikulu honen lehen paragrafoan adierazitako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi Lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko betebeharrik ezartzen ez dionik.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo hamabost egunetan entitate onuradunek ez badiote laguntza horri beren beregi eta idatziz egiten uko, diru-laguntza onartutzat joko da.
Diru-laguntza egoki erabiltzea: xede zehatz baterako emandakoa da eta hura betetzeko erabili behar da.
Prestakuntza-jarduerak burutzen ari diren irakasleak matrikula, materialak, ziurtagiri-gastuak, eta ikastaroa egitearen ondorioz sortutako beste gastuak ordaintzetik salbuestea. Ez dira salbuetsiko, ordea, irakasleak prestakuntza-jarduera burutzen den lekura joateko egindako gastuak.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara, onartutako prestakuntza-jarduera bakoitzeko, parte hartuko duten irakasle guztien zerrenda bidaltzea. Irakasle bakoitzaren NANa eta lanean diharduen ikastetxea adierazi beharko da (V. eranskina).
Prestakuntza-jarduera ematen duen erakundeak irakasle parte-hartzaile guztiei egiaztagiria eman diela ziurtatzea. EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko prozedura ezarri zuen 1998ko ekainaren 12ko Aginduan (1998ko uztailaren 24ko EHAA, 139 zk.) ezarritako baldintzak bete beharko ditu egiaztagiri horrek.
Diruz laguntzeko zenbatekoaren barruan sartzen baldin badira prestakuntza-jarduerara doazen irakasleak ordezkatzeko aurrekontu-esleipenak, esleipen horiek justifikatu egin beharko dira, jardueran parte-hartzeari buruzko ondoko datuen bidez justifikatu ere: NAN, ikastetxea, emandako irakasgaia edo irakasgaiak, prestakuntza-jarduerarekin bat datozen eskola-orduak (VI. eranskinean aurreikusitako ereduaren arabera) eta ikastetxeko zuzendaritzaren baimena.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara bidali beharko dira datu horiek, prestakuntza-jarduera hasi baino hilabete lehenago gutxienez, Zuzendaritzak baiezkoa edo ezezkoa eman diezaion ordezkapenari.
Baimena eman eta prestakuntza-jarduera egin eta gero, azken txostenean justifikatu beharko da behar bezala ordezkapenaren gastua, gainerako diru-laguntzarekin batera.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari behar beste informazio eskuratzea, deialdi honetako diru-laguntzak direla-eta eskatzen zaion guztietan.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, beti ere diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Halakorik gertatuz gero, dagokion aldaketa-ebazpena emango da, eta bertan emandako diru-laguntzaren zenbatekoak berriro ezarriko dira.
Onartutako prestakuntza-jarduerak eta horien ezaugarriak jarduera hasi baino hilabete lehenago arte aldatu ahal izango dira, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinarazten bazaio. Hain zuzen ere, proposatutako aldaketekin ados dagoela adierazi beharko du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak. Halakorik gertatzen denean, aldaketa-ebazpena emango da.
Onartutako prestakuntza-jarduera bat arrazoiren batengatik ez bada burutzen, jarduera horri esleitutako zenbatekoa diru-laguntzaren azken ordainketatik kenduko da, eta itzuli beharreko zenbatekoak ordainketa hori gainditu egiten badu, bi zenbatekoen artean dagoen aldea itzuli egin beharko da, 14.3 artikuluan ezarritako prozedura bidez.
Diru-laguntza hiru epetan ordainduko da. Honako aurreikuspen hauen araberakoak izango dira ordainketa horiek:
Lehenengoa, emandako diru-laguntza osoaren ehuneko hogeita hamar (% 30) izango da gehienez, eta deialdia ebatzi ostean ordainduko da, behin 11.a) artikuluak aipatzen duen epea igaro ondoren, eta beti ere berariaz uko egin ez bazaio.
Hautaketa-batzordeak eskatzailearen proposamenean aldaketa nabarmenak egitea beharrezkotzat jo badu, onuradunak aldaketa horiek berariaz onartzea nahitaezkoa izango da, bai eta horiek betetzeko konpromisoa hartzea ere.
Bigarrena, berriz, guztira ematen den diru-laguntzaren ehuneko berrogeita hamarrekoa (% 50) izango da, eta ordaintzeko, aurreikusirik dauden partaideei buruzko datuak bidali behar ditu onuradunak (V. eranskinean ematen den ereduaren arabera) 2011ko ekitaldia amaitu baino lehenago.
Eta hirugarrena geratzen den zenbatekoa ordaintzeko, onuradunak memoria bat aurkeztu beharko du, onartutako prestakuntza-jarduerak amaitu, eta hilabeteko epean, beti ere azken prestakuntza-ekintza egiten denetik aurrera. Memoria horrek jaso beharko ditu: emandako diru-laguntza zertan erabili den erakusten duen balantze ekonomikoa eta Federazio edo Elkarteko Organo Gorenaren akta, balantze hori onartzen duena.
Nolanahi ere, federazio edo elkarte onuradunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren esku eduki beharko dute baimendutako jarduera bakoitzarentzako egin diren gastuen egiaztagiriak.
Agindu honetako 11.c artikuluan aurreikusitako betebeharra betetzen ez badu onuradunak, azken ordainketari ondokoa kenduko zaio: bete ez den prestakuntza-jarduerari diru-laguntza osoan dagokion zati proportzionala. Eta jarduera hori baztertutzat hartuko da eta, beraz, ez homologatutzat.
Baldin eta, laguntza jakin baten ordainketan, artikulu honetako 1. paragrafoko a) eta b) idatzi-zatietan aurreikusitako ehunekoak aplikatzetik ateratzen diren zenbatekoek, banaka edo batera, 180.303,63 euroko muga gainditzen badute, onuradunak, laguntza jaso aurretik, ordainketak ziurtatu beharko ditu, 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira (EHAA, 26. zk., 1992ko otsailaren 7koa).
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak eskuratzeagatik ezarrita dauden arau-hausteen erregimenari loturik egongo dira laguntzen onuradunak.
Arauak betegabetzat joko dira honako kasu hauetan:
Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutako jardueretarako ez erabiltzea.
Agindu honetan edota diru-laguntza emateko orduan ezarritako egitekoak ez betetzea.
Hala badagokio, kitapen-ebazpenean zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.
Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.
Artikulu honen aurreko paragrafoan azaldutako kasuetakoren bat gertatuz gero, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli egin beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta bidezko diren legezko interesak, beti ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak dioenaren arabera. Arau horrek jasotzen ez dituenetarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua ezarriko da.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen eta kontrolerako sistemak ezarri ahal izango ditu, baita beharrezkotzat jotzen dituen datuak eskatu ere; eta hori guztia, onartutako jarduera bakoitzaren helburu eta emaitzak bermatzeko asmoz.
Onartu eta burututako jarduerak ofizioz homologatuko dira 1998ko ekainaren 12ko Aginduaren ondorioz. Agindu horrek EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko prozedura ezarri zuen (1998ko uztailaren 24ko EHAA, 139 zk.).
Lehenengoa. Agindu honek jasotzen ez duen guztirako azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, aplikatuko da.
Bigarrena. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epearen barruan, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hirugarrena. Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 5a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


