Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko uztailaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, atzerrian alemaneko, frantseseko eta ingeleseko ikastaroak egiteko deialdia egiten duena, funts publikoz finantzatzen diren EAEko ikastetxetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. maila eta Batxilergoko 1. eta 2. maila ikasten duten ikasleentzat. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko uztailaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, atzerrian alemaneko, frantseseko eta ingeleseko ikastaroak egiteko deialdia egiten duena, funts publikoz finantzatzen diren EAEko ikastetxetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. maila eta Batxilergoko 1. eta 2. maila ikasten duten ikasleentzat.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 178
  • Hurrenkera-zk.: 4563
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/19
  • Argitaratze-data: 2011/09/19

Testu legala

Atzerri-hizkuntza bat jakitea hezkuntza-sistemaren helburu handienetako bat da gaur egun; izan ere, prestakuntza osoaren bidean jartzen ditu ikasleak, eta bitarteko oso baliagarria da giro soziokultural anitzetara gerturatzeko. Aski frogatuta dago osagarri egokia dela atzerriko herrialdean egonaldi bat egitea, ikasturtean zehar ikasitako hizkuntzaren jakintza indartzeko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, 1989ko udan, atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskaintzen hasi zen ikasle bekadunentzat, 4 asteko egonaldiak egiteko.

Programak harrera ona izan du eta emaitza onak izan ditu. Horren erakusgarri da hasierako 219 plazak 750 plazatara igo direla azken hiru urteetan.

Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskuratzeko baldintzak aldatzen joan dira, plaza horien aprobetxamendu egokia bermatzeko. Zehazki, 2005ean, errendimendu akademikoko gutxieneko baldintza batzuk ezarri ziren plaza horiek eskuratu ahal izateko, eta, era berean, zirrikitu bat egin zitzaion bekadunak ez ziren ikasleak hartzeko aukerari.

Beka izan ala ez, famili ugarik ezin dute, gaur egun, beren seme-alabak atzerrian hizkuntza bat ikastera bidaltzeko aukerarik, joan-etorriek eta egonaldiak kostu ekonomiko handia baitute.

Agindu honek egiten duen deialdiaren erronka da errendimendu akademiko handiko ahalik eta ikasle-kopuru handienak izatea aukera udan atzerri-egonaldi bat egiteko, baina, betiere, familien egoera ekonomikoari arreta berezia jartzeari utzi gabe.

Erronka horri erantzuteko, diru-ekarpen indibidualak egiteko baldintza arautzen du Agindu honek, familiaren maila ekonomikoaren arabera. Plazaren kostua ordaintzen lagunduko dute familiek, eta plaza-kopuru handiago bat gordeko da errenta txikiagoko familientzat. Ikasleen ahalegin indibiduala aitortzeko, errendimendu akademikoaren arabera esleitzen dira deialdiko plazak.

Ekarpen indibidual horiek aukera ematen dute, diru-ekarpen publikoei gehituta, nabarmen handitzea eskainitako plaza-kopurua; izan ere, 750 plaza eskaintzetik 869 plaza eskaintzera igaroko da. Horren bidez, beraz, familia ugarik egindako eskaerari erantzungo zaio.

Horrenbestez, aintzat hartuta zer arautzen duten azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenek, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren arloko diru-laguntzak arautzen dituen heinean, eta behar bezala betez aplikazio orokorreko gainerako xedapenak, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren proposamenez, honako hau

  1. Deialdiaren xedea da 850 plaza deitzea Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan eta Irlandan egonaldi eta ikastaroak egiteko 2012ko udan, hurrengo artikuluan egiten den plaza-kopuruen banaketaren arabera. Plaza horiek deitzen dira funts publikoz finantzatzen diren EAEko ikastetxetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. maila eta Batxilergoko 1. eta 2. maila ikasten duten ikasleentzat.

  2. Hizkuntzak ikasteko ikastaroak antolatzeko lehiaketan, 19 plaza gehituko zaizkio Erresuma Batuari dagozkion plazei. Batxilergoko Aparteko Saria lortu duten 15 pertsonentzat eta matematika-olinpiadan lehen lau postuak lortu dituzten DBHko 2. mailako ikasleentzat izango dira plaza gehigarri horiek. Atzerrian hizkuntzak ikasteko plaza horiek hurrengo atalean adierazten direnen antzeko edukia izango dute.

  3. Kontzeptu hauek izango ditu deitutako plaza bakoitzak: joan-etorriko bidaia EAEko hiru hiriburuetatik ikasleak egonaldia egingo duen herrialdera, bidaia-asegurua, egingo duen hizkuntza-ikastaroaren matrikula eta eskola-materiala, alojamendua, mantenu-gastuak eta ikastaroa emango den zentrorako hiri-garraioa.

  4. Ikastaroak eta familia-bizikidetza antolatzeko, administrazio-kontratu bat deitu eta ebatziko du Administrazioak, hurrengo puntuan adierazten dena betez.

  5. Agindu honek deitzen dituen plazak finantzatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egin dezakeen diru-ekarpenaren zenbatekoa 1.581.400 eurokoa izango da gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko Aurrekontu Orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-sailaren kontura.

  6. Adierazitako diru-zenbateko hori ez bada nahikoa Aginduaren bidez eskaintzen diren 869 plazak finantzatzeko, diru-zenbateko hori handitzeko aukera izan daiteke deialdia erabaki aurretik, baldin eta diru nahikoa geratzen bada, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko beste laguntza-programek ez dituztelako beren aurrekontu-sailak osoki erabili. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpen bidez.

  1. Deialdi honen xede diren ikasleentzat deitzen diren plazak hiru tartetan banatzen dira, hezkuntza-mailaren arabera, hizkuntza eta herrialde bakoitzeko, eta horiek partaidetza-kuota bat zehazten edo erabakitzen dute familien egoera ekonomikoari erreparatuta. Hauxe da banaketa:

    (Ikus .PDF)

  2. Deitutako plazak erabiltzeko eskubidea eskuratzen dutenek, plaza horri dagokion ekarpen ekonomikoa egin beharko dute.

    Lehen tartea: 200 euro

    Bigarren tartea: 400 euro

    Hirugarren tartea: 800 euro

Tarte bakoitzeko plazak eskuratu ahal izateko, familia-unitateko kideen urteko errenta indibidualak honako tarte hauetan izan behar du:

Lehen tartea: 8.000 euro baino txikiagoko errenta indibiduala

Bigarren tartea: 8.000 euro edo handiagoko errenta indibiduala, baina 14.000 eurokoa baino txikiagoa

Hirugarren tartea: 14.000 euro edo handiagoko errenta indibiduala.

Urteko errenta indibiduala kalkulatzeko, familia-unitateko kideen artean zati behar da familiaren errenta. Horren harian, familia-errentaren zenbatekoa eta familia-unitateko kideen kopurua zehazteko, deialdiaren aurreko ikasturtean unibertsitatekoak ez diren ikasleen bekak eta laguntzak izapidetzeko erabili ziren irizpideak baliatuko dira.

Ikasleak ez badu parte hartu, eskaera aurkezten duen dataren aurreko ikasturte akademikoan, unibertsitatekoak ez diren ikaskuntza-mailetako ikasleei ikasketetan laguntzeko beken eta laguntzen deialdian, bere eskaera hirugarren tartean kokatuko da.

Baldintza hauek bete behar dira agindu honen bidez deitzen diren 850 plazetakoren bat eskuratzeko:

  1. Aurreko ikasturtean 6 puntuko gutxieneko nota lortu behar da eskatutako hizkuntzan/hizkuntzatan, eta 15 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu behar da aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.

  2. Eskatzen den plazari dagokion edo dagozkion hizkuntzak ikasiak izan behar ditu eskaera-dataren aurreko bi urteetan, eta ikasketa horrek, azken urtean, funts publikoen bidez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean egina izan behar du.

  3. Epe-barruan egin behar du plaza atxikitzen den tarteari dagokion diru-ekarpena.

  4. Ez du aurreko urteren batean atzerrian hizkuntza bat ikasteko Hezkuntza, Unibertsitate eta Hezkuntza Sailak deitu dituen deialdietan plazarik eskuratua izan behar. Horren salbuespen izango dira plaza matematika-olinpiadetan eskuratu duten ikasleak.

  5. Beranduenez 2012an bete behar dituzte 19 urte.

  6. Pertsonek ezin izango dute parte hartu agindu honen bidez araututako laguntza publikoaren deialdian, ezarri zaien zigorrak ezartzen duen aldian, baldin eta zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena dela-eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea galdu badute edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean badaude, sexu-diskriminazioagatik eragindakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 2005/18 Legearen arabera.

  1. Derrigorrezkoa da eskaera egitea, eredu normalizatuan. Eredu hori www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net orrian eskuratuko da, Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak / Unibertsitateaz kanpoko ikasleak atalean. Deialdiari dagokion Agindua EHAA aldizkarian argitaratu ondoren izango da eskuragarri formulario hori, egutegiko hogei eguneko epean. Adierazitako epe hori igarota, ezingo da derrigorrezko eskaera horretara sartu.

  2. Alderdi hauek adieraziko ditu eskaerak:

    1. Eskatzailearen datu pertsonalak: izen-abizenak, jaiotze-data, nortasun-agiria, helbide osoa, harremanetarako telefono-zenbakiak, e-postako helbidea eta sexua.

    2. Eskaera egiten den unean zer ikastetxetan eta mailatan dagoen matrikulatuta.

    3. Eskatzen den herrialdea, lehentasun-hurrenkeran (3 aukera). Eskatutako herrialderako soilik balioko dute eskaerek, eta, herrialderik adierazi ez bada, baliogabea izango da eskaera.

    4. Eskatutako plazak 1. eta 2. tarteetakoak, hau da, partaidetza ekonomiko apalagokoak badira, eskaera-dataren aurreko ikasturtean unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleentzat deitutako beken eta laguntzen deialdian izandako eskaera- edo kredentzial-zenbakia adierazi beharko da.

      Zenbaki hori adierazten ez bada edo zenbaki hori zuzena ez bada, eskaera 3. tartean sartuko da, eta 800 euroko partaidetza-kuota izango du.

    5. Erantzukizunpeko deklarazio bat, adierazten duena eskatzaileak ez duela plazarik lortu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hizkuntzak ikasteko xedez aurretiaz egin dituen deialdietan eta ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea debekatzen dion zigor edo inhabilitaziorik.

    6. Erantzukizunpeko deklarazioa, adierazten duena ikastetxeko zuzendariari ematen diola, aurreko artikuluak arautzen duenaren baitan, eskaera tramitatzeko ordezkatze-ahalmena.

  3. Inprimatu egin behar da eskaera, eta, balio osoa izan dezan, ikasle eskatzaileak izenpetu behar du eta haren aitak, amak edo lege-tutoreak baimendu behar du.

  4. Inprimatu eta izenpetu ondoren, eskatzailea matrikulatuta dagoen ikastetxean entregatuko da eskaera, artikulu honetako 1. puntuan adierazi den epea amaitu ondorengo lehen egun balioduneko idazkaritza-ordutegia amaitu baino lehen.

  5. Eskaera egiten duen ikaslearen nortasuna egiaztatuko du ikastetxeak, eta jakinaraziko dio eskaera dagokion epean eta haren izenean tramitatuko duela edo zer egunetan jarriko duen haren esku matrikularen eta noten eskabide eta ziurtagiriak.

  1. Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazen eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, Herritarrei Arreta Emateko - Zuzenean bulegoetan edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan. Beste aukera bat izango da haiek aurkeztea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluak adierazten dituen lekuetan edota Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehazten dituen erregistroetan.

  2. Baliozkoa izateko, eskaera indibiduala eta ziurtagiri akademikoa jaso behar ditu eskabideak. Ikastetxeak emango du ziurtagiri hori, tramitazio indibiduala edo kolektiboa eginez. Horretarako, prozedura hauetakoren bat erabili behar du:

    1. Ikastetxearen tramitazio kolektiboa.

      Eskaerako datuak sartuko ditu ikastetxeak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prestatutako aplikazio informatikoan, eta hura osatuko du ikasleak aurreko bi ikasturteetan eta eskatutako hizkuntzan edo hizkuntzetan izan dituen notak eta batez besteko notak, eta matrikulazio-notak adieraziz, azken ikasturtea EAEko ikastetxe batean egindakoa izan beharko duelarik.

      Bi dezimalekin kalkulatuko da batez besteko nota, ikasitako irakasgai guztiak kontuan hartuta. Deialdira aurkezten diren ikasleen kalifikazioa egitean berdintasuneko eta lehia askeko printzipioak beteko direla bermatzeko, erlijioko irakasgaian lortutako nota ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

      Aplikazioa ixtean, tramitatutako eskabideen akta eskuratuko du ikastetxeak. Akta horretan jasoko dira eskatzaileen identifikazioa, haien datu akademikoak, eta, hala behar duen kasuetan, unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako beken eta laguntzen deialdi orokorrean izan duten eskaera- edo kredentzial-zenbakia. Ikastetxeko iragarki-oholean erakutsiko da aktaren kopia bat.

      Akta horrek, ikastetxeko idazkariak eta zuzendariak izenpetu ondoren, eskabide kolektiboaren izaera izango du, eta artikulu honetako lehen puntuan adierazten den lekuan, moduan eta epean aurkeztu beharko da.

    2. Tramitazio indibiduala.

      Aurreko a) idatzi-zatian ezarri den prozedura ez erabiltzea erabakitzen duten itunpeko ikastetxeek horren berri eman behar diete beren ikasleei, eta azken horiei itzuliko dizkiete jasotzen dituzten eskaerak, haiek aurkezteko eskubidea erabili ahal izateko behar den aurrerapen nahikoz. Agindu honen I. eranskinean jasotzen den ereduaren araberako ziurtagiri akademikoarekin batera itzuliko dute eskabidea.

      Artikulu honetako lehen puntuan adierazten diren leku, modu eta epean aurkeztu behar du eskatzaileak eskabidea eta ziurtagiri akademikoa.

  3. Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzorde bat izendatuko du laguntzak esleitzeko proposamena egiteko. Hauek osatuko dute batzordea:

Berrikuntza Pedagogikoko Zerbitzuko arduraduna. Batzordeburua izango da.

Berrikuntza Pedagogikoko Zerbitzuko ordezkari bat. Idazkaria izango da.

Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Berrikuntza Pedagogikorako lurralde-burutza bakoitzeko ordezkari bana.

  1. Ikasle eskatzaileen zerrenda alfabetikoa egingo du Batzordeak, eta bertan adieraziko du errenta indibidualeko zer tartetan sartu den eskaera bakoitza, ikasleen batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzan lortutako nota eta esleipen-proposamena, aurrez adierazi diren datu horien arabera egindakoa. Proposamena plaza ematekoa, erreserba-taldeetan sartzekoa edo deialditik baztertzekoa izango da. Azken kasu horretan, baztertze-proposamenaren arrazoia adierazi beharko da.

  2. Plazak esleitzeko proposamenak, partaidetza ekonomikoko hiru tarteetan, puntuazio onenen ordenari jarraituz egingo dira. Aurreko ikasturteko batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzan lortutako nota batuz lortuko da puntuazio hori.

    Berdinketarik ematen bada, errentan indibidual egiaztatu apalena duen familia-unitateko ikasleari esleituko zaio plaza, eta, datu hori jakin ezin bada, adinez zaharrenari.

  3. Ikasle batek ezingo du Agindu honetan deitutako plaza bat baino gehiago eskuratu. Ikaslearen puntuazioak eskubidea ematen badio herrialde baten baino gehiagotan plaza eskuratzeko, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi duen lehentasun-ordenari dagokiona esleituko zaio.

  4. Baldin eta 2. artikuluan ezartzen diren tarteetakoren batean plazarik sobratzen bada, plaza horiei hurrengo tartean pilatuko dira, herrialde eta maila berean. Herrialde eta maila horretarako eskabide baliozko guztiak onetsi ondoren soberako plazarik bada, herrialde berean soberakina izan duen tartean pilatuko dira, beste hezkuntza-mailan.

  5. Zerrenda hori Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan eta www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrian erakutsi behar da, eskaerak egiteko epea amaitu eta hurrengo 20 egun balioduneko epean.

  6. Zerrenda alfabetikoaren datuetan akatsik hautematen bada, interesatuek aukera izango dute, hura argitaratu ondorengo 10 egun balioduneko epean, idatzizko alegazioak aurkezteko hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan. Datu horiek aldatzeko frogak proposatu behar dituzte alegazio-idatzian.

  7. Erreklamazioak aztertu ondoren, Batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena igorriko dio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari, eta deialdia ebatziko du azken horrek.

  1. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du errenta indibidualeko tarte, maila eta herrialde bakoitzeko, eta ebazpen horietan zerrendatuta adieraziko dira lehen esleipenean plaza eskuratu dutenak. Horrez gainera, ebazpen bat emango du errenta indibidualeko tarte, maila eta herrialde bakoitzean erreserban geratzen diren ikasleen zerrendak adierazteko, eta beste bat baztertu diren eskaerak zerrendatzeko. Azken kasu horretan, baztertzearen arrazoiak adieraziko dira.

    Ebazpen horiek Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan eta www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrian argitaratuko dira.

  2. Baldin eta deialdia ez bada artikulu honetan araututako prozeduraren arabera ebazten eskaerak aurkezteko epea amaitu ondorengo hiru hileko epean, beren eskaerak ezetsi direla ulertu behar dute interesatuek, nahiz eta horrek ez duen salbuetsiko Administrazioak duen obligazioa berariazko ebazpen bat emateko.

  3. Deialdi-ebazpenaren aurka gora jotzeko helegitea jar dezakete interesatuek, Hezkuntza sailburuordearen aurrean, hilabeteko epea agortu baino lehen, ebazpena jakinarazten den eguneko biharamunetik kontatzen hasita.

  1. Plaza lehen esleipenean eskuratzen duten esleipendunek 2012ko urtarrilaren 31 baino lehenago egin behar dute plaza zehatzaren erreserba ikastaroa egiteko kontratatzen den enpresarekin.

    Plazak aukeratzeko prozedura:

    Lehentasun-taldeka aukeratuko dituzte ikasle esleipendunek plaza zehatzak, talde bakoitzarentzat berariaz finkatzen diren egunetan, eta txanda bakoitzeko erreserba-ehunekoak errespetatuz. Hau da, enpresak egunean 50 plaza kudeatu baditzake, lehen egunean plaza aukeratuko dute 1. txandako lehen 25 postuak betetzen dituzten ikasleek, 2. txandako lehen 15 ikasleek, eta 3. txandako lehen 10 ikasleek. Bigarren egunean, hurrengo 50 postuek aukeratuko dute plaza, banaketa-hurrenkera berean, eta sistema horri jarraituko zaio, harik eta plaza guztiak agortzen diren arte. Txandaren bateko plazak agortzen badira, egoera horretara egokituko da prozedura. Esleipen-ebazpenean adieraziko da egun baliodunen egutegia eta ebazpen horrek berak adieraziko ditu taldeak.

    Enpresak ezin badu plaza-kopuru hori (50) kudeatu, adierazi den proportzioarekiko doituko da hautatze-prozedura.

    Norbaitek ezin badu plaza hautatzera joan bere taldearentzat finkatu den egunean, hurrengo egunetan egiteko aukera izango du, 2012ko urtarrilaren 31ra arte.

    Plaza hautatu ondoren, erreserba indarrean jarriko da 200 euro ordaintzen direnean. Ez bada diru hori ordaintzen epe barruan, esleitu eta/edo hautatutako plazari uko egin zaiola ulertuko da.

    Ekainaren 15a baino lehen ordaindu beharko da partaidetza-kuotari dagokion gainerako diru-zenbatekoa, 2. artikuluak finkatzen dituen arauak betez. Halakorik egiten ez bada, kontratatutako enpresak plaza-erreserba baliogabetu dezake, eta, hala badagokio, ordaindutako diru-zenbatekoa galduko da.

  2. Otsaileko bosgarren egun baliodunean, enpresek Berrikuntza Pedagogikoko Zerbitzuari jakinaraziko diote zer plaza geratu diren hutsik erreserba ordaindu ez delako.

    Plaza horiek bigarren esleipenean esleituko zaizkie erreserbako lehen postuak betetzen dituzten ikasleei, hutsik dauden plazei dagozkien tarteetan.

    Esleipen-proposamena Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrian argitaratuko da. Esleipendunek otsaileko azken egunera arteko epea izango dute plaza zehatzen erreserba hitzartzeko ikastaroa egiteko kontratatzen den enpresarekin. Aurreko puntuan adierazi den hautatzeko eta erreserbatzeko prozedura erabiliko da.

  3. Azken epe hori igaro ondoren plaza hutsak gelditzen badira, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak banaka eta lehentasun-ordenari jarraituz eskainiko dizkie erreserba-egoeran dauden izangaiei, harik eta kontratatutako plaza-kopurua osatzen den arte.

Egiaz ematen dituzten zerbitzuei dagozkien zenbatekoak soilik ordainduko dizkie Eusko Jaurlaritzak enpresa esleipendunei. Horrenbestez, aseguru-bidaia bat kontratatu beharko dute esleitutako prezioa eskuratuko dutela bermatzeko, baldin eta heriotzarik edo gaixotasun edo istripu larririk gertatzen bada, bai programan parte hartzen duten ikasleena, bai haien 2. mailara arteko senideena, eta horrek programa uztera eta ikaslea etxera bueltatzea eragiten badu.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2007ko apirilaren 26an emandako aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura izango diren espediente-gastuak aurrez izapidetzeari buruzkoak, adierazten dituen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egokiak egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

Lehenengoa. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarren Agindu hau.

Bigarrena. Agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak emateko baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 19a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik