Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko uztailaren 20koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, 2011. urtean hastekoak diren osasun-arloko ikerkuntza-proiektuei laguntzak emateko deialdia egiteko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko uztailaren 20koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, 2011. urtean hastekoak diren osasun-arloko ikerkuntza-proiektuei laguntzak emateko deialdia egiteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 153
  • Hurrenkera-zk.: 3928
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/20
  • Argitaratze-data: 2011/08/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

Osasun eta Kontsumo Sailaren eskumenetako bat da osasun-zientzien arloan ikerkuntza-jarduerak sustatzeko eta planifikatzeko eginkizuna, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema garatu eta hobetzeko funtsezko elementua baita.

Ikerkuntza Bultzatu eta Koordinazio Orokorra egiteko apirilaren 14ko 13/1986 Legeak, Osasuneko Lege Orokorrari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legeak, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1987 Legeak ikerkuntza sanitarioa sustatzeko erreferentzia-marko bateratu bat eskaintzen dute eta era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.

Osasun eta Kontsumo Sailak, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzaren bidez, ikerkuntza-ildo berriak sustatzea du helburu, bai eta ikerkuntza sanitarioaren eremuan sartzen diren profesionalen nodo berriak bilatzea ere; horretarako, hainbat ekintza planifikatzen ditu, hala nola: beka deialdi bidez ikertzaileak prestatu, ikerkuntza-proiektuak finantzatu eta Osasun Saileko pertsonal ikertzaileei europar eta estatuko diru-laguntza publiko bidez lagundutako ikerkuntza-proiektuetan parte hartzeko aukera eman.

Deialdi honetako lehentasunezko arloak Osasun eta Kontsumo Sailak legegintzaldi honetarako ezarritako estrategian sartzen dira eta honako hauek dira: gaixotasun kronikoak, ospitaleko medikuntza lehen mailako arretarekin, etxeko arretarekin eta arreta sozio-sanitarioarekin integratzea, eta teknologia berriak garatzea eta pazienteei aplikatzea.

Horregatik guztiagatik, aintzat harturik Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren sistema orokorra arautzen duen eta hura kudeatzen parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, erregimena eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), honako hau

Agindu honen helburua da 2011. urtean garatzen hasiko diren ikerkuntza sanitarioko proiektuetarako deialdia arautzea eta laguntza ekonomikoak ematea, betiere objektibotasun, norgehiagoka eta publizitatearen printzipioen arabera.

  1. Ikerkuntza-proiektuak honako hauek izan daitezke: ikerkuntza biomedikoa, teknologiak eta zerbitzu sanitarioak ebaluatzeko ikerkuntza edo ekintza bidezko ikerkuntza.

    Deialdi honen ondorioetarako, ikerkuntza biomedikoa izango da oinarrizko ikerkuntza (gaixotasunei zuzendua), klinikoa (pazienteei zuzendua), epidemiologikoa, osasun publikoko eta zerbitzu sanitarioetako ikerkuntza, eta osasuna hobetzera bideratutako garapen teknologikoa, edo ikerkuntza biomedikoko prozesuak eta teknologia hobetzera bideratutakoa.

    Teknologia eta zerbitzu sanitarioak ebaluatzeko ikerkuntzatzat hartuko da, zuzeneko eta zeharkako teknologia sanitarioak erabiltzearen ondorioz, epe labur nahiz luzean izaten diren ondorio kliniko, sozial, ekonomiko, legal eta etikoak, nahita lortu nahi direnak eta nahi gabekoak, ebaluatzea helburu duena; alde horretatik, teknologia sanitarioak izango dira pertsona osasuntsu zein gaixoen banakako beharrizanak eta beharrizan kolektiboak asebetetzea helburu dutenak, hala nola, sendagaiak, ekipamenduak, dispositibo eta prozedura medikoak, antolamendu-eredu eta laguntza-sistemak (telemedikuntza, e-osasuna, informazio-sistemak,...). Atal honetan, halaber, honako arlo hauen gaineko ikerkuntza sartuko da: osasun-zerbitzuak, osasun-estrategiak, pazientearen segurtasunerako estrategiak, Osakidetzaren laguntza-jardueraren hobekuntza, sektore estrategikoen arloko ikerkuntzaren sustapena eta berdintasunaren sustapena.

    Ekintza bidezko ikerkuntza, bestalde, lankidetza eta parte-hartzea oinarri dituen ikerkuntza-metodo bat da; ikerkuntza eta jarduna barne hartzen ditu, eta etengabeko ikaskuntza ahalbidetzen duen prozesu zikliko baten bidez, osasun-sisteman aplikatzekoak diren hobekuntzak lortzea du xede. Lehentasunezkotzat jotzen da ikerkuntza-mota hori gaixotasun kronikoen eremuaren gestioan fokalizatzea, arlo horretako funtsezko alderdiak aintzat hartuta, hala nola, prebentzioa eta biztanleriaren gaineko ikuspegiaren garapena; ildo horretatik, garrantzi handia emango zaie laguntza-mailen eta -prozesuen integrazioari (lehen mailakoa, espezializatua, etxekoa, gizarte-arlokoa eta abar), eta eginahalak egingo dira zaintzei jarraitutasun handiagoa emateko. Horretarako, esperientzia pilotuak abian jarriko dira, helburu hartuta laguntzaren jardun klinikoa eta/edo antolamendu-arlokoa hobetzea; prozesuan lortutako ezagutza, bestalde, osasun-sistema osoan ezarri eta zabalduko da.

  2. Laguntzak eskatzen dituzten proiektuek ikertzaile nagusi bakarra izan behar dute, eta bera izango da proiektuaren betearazpen zientifiko-teknikoaz arduratuko dena.

  3. Aurkeztutako ikerkuntza-proiektuek Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak eta ikerkuntza medikoaren arloan indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak errespetatu beharko dituzte.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden I+G zentro publiko eta pribatuek eskatu ahal izango dituzte deialdi honetan adierazitako laguntzak, betiere diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiarekin kontratatzeko gaiturik badaude.

    Ondorio horietarako, I+G zentro publiko/pribatu diogunean zera ulertuko dugu:

    1. I+G zentro publikoa: entitate eta instituzio sanitario publikoak, unibertsitate publikoak, onartutako ikerkuntza-entitate publikoak eta, oro har, herri administrazioaren menpe dagoen edozein I+G zentro.

    2. I+G zentro pribatua: entitate eta instituzio sanitario pribatuak, unibertsitateak eta bestelako entitate pribatuak, izaera juridiko propiodunak, I+G ekintzetan egiaztatutako gaitasuna edo jarduera dutenak.

  2. Eskaerak aurkezteko unean, zentro eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean beteta edo horietatik salbuetsita egon beharko dute. Laguntzen zentro eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela egiaztatzeko, era automatikoan egingo da, behar beste aldiz, eta horretaz organo kudeatzailea arduratuko da eskatzaileei baimena eskatu beharrik gabe, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50,3 artikuluan ezarritakoa betez.

  3. Onuradunei ezingo zaie diru-laguntzarik eman, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoak eta bere erakunde autonomoetako Administrazio Orokorrak emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, itzultze- edo zigortze-prozeduraren bat amaitu gabe badago.

Adierazitako laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Laguntzak emateko, eskabideak konparatuko dira, euren artean lehentasuna ezartzeko. Lehentasuna 12. artikuluan ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ezarriko da, eta laguntzak deialdian esleitutako kredituak agortu arte emango dira.

  1. Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa 1.858.095 eurokoa da (milioi bat zortziehun eta berrogeita hamazortzi mila eta laurogeita hamabost). Baliabide ekonomiko horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarri diren kredituetatik datoz.

  2. Bereziki aintzat hartuko dira ikerkuntza-talde hasiberriek garatutako proiektuak, betiere 12. artikuluan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen badute. Talde bat hasiberritzat hartuko da, baldin eta halako proiektu batean eta halako ardura-mailarekin inoiz aritu ez den ikertzaile nagusi bat badu eta ikertzaileen taldean esperientzia egiaztatua dutenak % 20 baino gutxiago badira. Halako proiektuak finantzatzeko, deialdi honetako baliabide ekonomiko guztietatik % 10 erabiliko da, gutxienez.

  1. Laguntzak jaso ahal izateko, ikerkuntza-proiektuak 2011. urtean hasiak behar dute izan; horretaz gain, diziplina anitzekoak eta zentro askotakoak ere izan behar dute. Horretarako, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi zentrotako langile diren hainbat ikertzaile bai zentro batekoak, bai bestekoak izan beharko dituzte. Salbuespenez, eta ikertu beharreko eremuaren espezifikotasuna dela-eta, nahikoa osasun-zentro ikertzaile ez badago zentro-aniztasunaren baldintza betetzeko, baldintza hori betetzetik salbuetsiak izan ahalko dira.

  2. Ikerkuntza biomedikoko proiektuak, gutxienez, bi urtekoak izango dira, eta, gehienez, hirukoak. Ekintza bidezko ikerkuntza-proiektuak eta Teknologiak eta Zerbitzu Sanitarioak Ebaluatzekoak, berriz, urtebetetik bi urtera bitartekoak izango dira. Proiektua gauzatzeko epea, bestalde, laguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratu ondorengo hamazazpigarren egunean hasiko da.

  1. Ikertzaile nagusiak baldintza hauek bete beharko ditu:

    1. I+G zentro publiko edo pribatuarekin funtzionario-, estatutupeko edo kontratu-lotura gauzatua izatea, deialdia ebatzi baino lehen eta ebazten den unean.

    2. Osasun prestakuntza espezializatuko programarik egiten ez aritzea.

    3. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, ikertzaile nagusiak ezingo du halakotzat jardun Osasun eta Kontsumo Sailak finantzatutako ikerkuntza-proiektu batean baino gehiagotan.

      Proiektu koordinatuetan, azpiproiektuetako ikertzaile nagusietako batek jardungo du koordinatzaile. Azpiproiektu bakoitzaren ikertzaile nagusia horren erantzulea izango da ondorio guztietarako, proiektuaren koordinazio zientifikoari eta jarraipenari dagokionean izan ezik; alderdi horietaz koordinatzailea arduratuko da.

  2. Ikertzaile-taldeko gainerako kideek:

    1. Gehienez ere deialdi honetako bi proiektutan parte hartu ahal izango dute.

    2. Ezingo du parte hartu aldi berean Osasun eta Kontsumo Sailak finantzatutako bi ikerkuntza-proiektu baino gehiagotan, nahiz eta proiektuok deialdi desberdinetan finantzatutakoak izan.

    3. Ondorio horietarako, ez dira ikertzaile-taldeko kidetzat hartuko Ikerkuntza Unitate batekoak izan arren, aholkularitzako zereginak bakarrik egiten dituztenak.

Kasu bakoitzean ematen den laguntzaren bidez ondoren adierazten diren gastuak ordainduko dira. Gastu horiek guztiek, proiektua gauzatzearekin zuzeneko lotura izan behar dute, eta eskabidearen memorian aldez aurretik zehaztuta egon behar dute.

  1. Bekadunen gastuak: hemen sartzen dira zentro onuradun eta gauzatzailearekin kontratu bidezko loturarik izan gabe proiektuan parte hartzen dutenek eragindako gastuak. Behin deialdia ebatzi ostean, bekadunentzako finantzazioa ematea onartzen bada, ezingo da aukera hori aldatu.

    Proiektu finantzagarrietan bekadunek eragindako gastuak diruz laguntzeko aukera aztertuko du Balioespen Batzordeak, irizpide hauei jarraituz:

    Izangaiaren Curriculum Vitaea: gehienez, 35 puntu.

    Prestakuntza-planaren kalitatea: gehienez, 65 puntu.

    Prestakuntza-planak jarduera-multzo tekniko nahiz praktikoa bildu beharko du. Jarduera horiek, hain zuzen ere, osasun-ikerkuntzan eta berrikuntzan hasteko beharrezkoa den ezagutza emango diote onuradunari. Gradu-ondoko zenbait irakaspenek osatuko dute programa teorikoa, eta zientzia-ikerkuntzan eta berrikuntzan parte hartzen duten elementu metodologiko zein instrumentalak irakastera bideratutakoak izango dira.

    Irizpideok aplikatuta, prestakuntza-planak lortutako gutxieneko puntuazioa 60 puntutik gorakoa ez bada, ez da bekadunen gasturik finantzatuko.

    Bekadunen lanaldi osoagatik, hau da, urteko 1.600 ordurengatik, ordaindu beharreko kopurua urteko 18.000 euro izango da. Proiektuan aritzeko lanaldia laburragoa izanez gero, ordaindu beharreko kopurua lanaldi horren arabera kalkulatuko da proportzioan.

    Hiru urteko iraupena duten proiektuek baino ezingo dute eskatu bekadunak edukitzea.

    Proiekturen batek deialdi honetako lehenagoko ekitaldi batean laguntza jaso badu, oraingo honetan ezin izango du bekadunik eskatu.

  2. Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak; horien barruan honako hauek sartuko dira:

    1. Material inbentariagarria, proiektua egiteko erabili dena. Kontzeptu horrengatik ordaindu beharreko zenbatekoa ez da 18.000 eurotik gorakoa izango. Espresuki uzten dira deialdi honetatik kanpo altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

    2. Material suntsigarria eta gainerako gastu osagarriak. Proiektua garatzeko beharrezkoa den heinean eta behar bezala justifikatzen denean, ez da mugarik egongo material suntsigarria erosteko kontu-sailean. Atal honetan, material bibliografikoa ere sartzen da.

      Kontzeptu honetan, halaber, ikertzaileak ordezteko aukera sartzen da, eta proiektu bakoitzean ikertzaile baten lanaldiaren % 20 ordeztea onartuko da, gehienez. Proiektu batean, deialdiak finantzatutako lanaldia baino dedikazio handiagoa egin behar badute ikertzaileek, zentro onuradunaren kontura izango da.

      Era berean, honako hauek sartuko dira atal honetan: ikertzaile-taldeko kideak bilera zientifikoetara joateko sortutako gastuak, ikerkuntzaren emaitzak zabaltzeko bestelako jarduerak (adibidez, artikuluak argitara ematea). Kontzeptu horiengatik, 2.000 euroko gastua finantzatuko da, gehienez.

      Bulegoko material orokorra ez da diruz lagunduko (fotokopiak, tonerra, telefono-gastuak, eta abar)..

    3. Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzea aurreikusita egonez gero, eskaeraren memorian aipatu beharko da, zerbitzuaren nolakotasuna eta kostua zehaztuta.

  3. Beste zenbait gastu, hala nola: bidaiak, landa-lanak eragindako joan-etorriak, koordinazio-bilerak eta abar, betiere proiektuarekin zuzenean lotuta badaude.

  4. Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erdietsi litekeen beste edozein motatako laguntza edo diru-laguntzarekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

  5. Ikertzaile-taldeko kideek ez dute inolako ordainsaririk jasoko proiektuaren kontura prestakuntza sanitario espezializatuan dauden lizentziatuek barne.

  6. Proiektua amaitu ondoren, emandako laguntzen kontura erositako material inbentariagarria eta bibliografikoa, proiektua gauzatu duen zentroarentzat izango da, eta ikerketa-jardueretako erabiliko da nagusiki.

  1. Eskabideak eta gainerako dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

  2. Administrazio-prozeduretan baliabide elektronikoak erabiltzeari buruzko abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 4.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eskabidea bide elektronikoz izapidetu beharko da, eta horretarako erabili beharreko aplikazioa web orri honetan egongo da eskuragarri: http://www.osakidetza.euskadi.net.

  3. Zentroek eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta harekin batera eskatzen den dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduera guztietan, eta prozedura osoan zehar, zentro eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

  1. Eskabide telematikoarekin batera, eta aplikazio berberaren bidez, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

    1. Ikerkuntza-proiektuaren memoria, araututako ereduari jarraituz (III. eranskina). Memoria horretan material inbentariagarri edo suntsikorrerako eskatutako zenbatekoak dokumentatzeko, gutxienez, bi aurrekontu erabiliko dira, eta bi aurrekontuak ezingo dira izan hornitzaile berberak egindakoak. Material horren aleko prezioak 500 euro baino gehiagokoa izan behar du, edo oso antzekoak diren unitateen zenbatekoak, guztira, 1.000 eurotik gorakoa izan behar du. Baldintza hori betetzen ez bada, c) idatzi-zatian, balorazio zientifiko-teknikoan, lortutako puntuazioari % 50 kenduko zaio.

    2. Ikerkuntza taldeko kide bakoitzaren curriculuma, araututako ereduari jarraituz (IV. eranskina).

    3. Eskabidea egiten duen zentroa ez bada proiektua gauzatuko duena, zentro eskatzaileak proiektua gauzatuko duen zentroaren legezko ordezkaritzaren gauzatzea baimentzen duen idazkia aurkeztuko du. (V. eranskina).

    4. Baimena: hala badagokio, proiektua gauzatuko duen zentroko Etika Batzordeak emandako baimena, eta hitzarmenak eta ikerkuntza-arloko arauak betetzen direla zaintzen duten beste kide anitzeko organo arduradunek emandakoa. Baimen hori dagokion taldeko organoaren lehendakaritzak edo idazkaritzak emango du, eta hartan akordioa hartu zen bileraren aktaren erreferentzia jasoko da.

    5. I+G zentro pribatuek erakundearen estatutuak aurkeztu beharko dituzte, I+G ekintzetan egiaztatutako gaitasuna edo jarduerekiko helburuak, euren eta ikertzaile nagusiaren artean dagoen lotura motaren egiaztapena eta iraupena adieraziz.

    6. Proiektua gauzatuko duen zentroko Ikerkuntza Batzordearen edo pareko figuraren txostena; hartan, ikerkuntza-proiektua bere osotasunean bideragarria dela adieraziko da.

    7. Proiektuaren balioespenari begira, eta ikerkuntza-proiektuaren emaitzak sektore produktiboan txertatzeko aukera baloratzeari begira, emaitza horietan interesa erakutsi duten enpresek izenpetutako idazkia aurkeztu dezake ikerkuntza-taldeak, hala badagokio. Taldearen eta enpresaren artean lankidetza-akordiorik egonez gero, horren kopia ere aurkez daiteke.

      Nolanahi ere, d), e), f) eta g) idatzi-zatietan eskatzen diren agiriak paper-formatuan bidali ahal izango dira, Osasun eta Kontsumo Sailaren Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzara zuzenduta (Donostia kalea 1, Gasteiz), edo bestela, posta elektronikoz, helbide hauetara bidalita: v-eguren@ej-gv.es edo docencia-san@ej-gv.es.

  2. Proiektu koordinatuak direnean, azpiproiektu bakoitzeko eskabide oso bat egingo da. Proiektuaren koordinatzaile jarduten duen ikertzaile nagusiak egoera horren eta koordinatzen dituen taldeen berri ematen duen idazki bat erantsi beharko die gainerako agiriei, talde bakoitzaren arduradunek sinatuta, adostasun adierazle gisa.

Diru-laguntzen eskabideek daturen bat bete gabe utzita balute, edo eskatutako agiri guztiak erantsi gabe, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean falta dena osatzeko edo eskatzen diren agiriak eransteko, jakinaren gainean jarriz horrela egiten ez badu, eskabidea ezetsitzat joko dela; dena den, Administrazioa beharturik dago eskabide horri buruzko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatzen denaren arabera.

Behar bezala aurkeztutako edo epean zuzendutako eskabideen balioespen- eta hautaketa-prozesuak, artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen den Balioespen Batzordeak egingo ditu, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Balioespen Batzordeak honako kide hauek izango ditu: batzordeburu, Osasun eta Kontsumo Sailaren Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko zuzendaria; bokalak: Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendaria, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Publikoko Asistentzia Sanitarioko zuzendariordea, Lanbide-irakaskuntza eta -Garapenerako zerbitzuko burua eta Osasun eta Kontsumo Saileko I+G Laguntzen teknikari arduraduna; azken horrek idazkari jardungo du.

  2. Balioespen Batzordeak proiektuak balioetsiko ditu, irizpide hauen arabera:

    1. Proiektuen egokitzapena, deialdiko modalitate honetarako zehaztutako lehentasunezko eremu eta lerroekiko (I. eranskina): gehienez, 25 puntu.

    2. Proposamenaren interesa Euskal Osasun Sistemarentzat: gehienez, 35 puntu.

    3. Garrantzi zientifikoa eta sozio-sanitarioa proiektutik espero diren ekarpenak barne direla, eta helburuen berritasuna eta garrantzia: gehienez, 25 puntu.

    4. Proiektuaren emaitzen hedapen- eta dibulgazio-plana: gehienez, 15 puntu.

      60 puntuko gutxieneko puntuaziorik eskuratzen ez duten proiektuak ez dira diruz laguntzeko moduko proiektutzat hartuko.

  3. Proiektuak balioetsi aurretik, eta horiek behar bezala ulertze aldera, Balioespen Batzordeak kanpoko ebaluatzaileen parte-hartzea eskatuko du; ebaluatzaile horiek proiektuei buruzko txostenak egingo dituzte, honako alderdi hauek balioetsiz eta aztertuz:

    1. Proiektuan programatutako jarduerak gauzatzeko ikertzaile nagusiaren gaitasuna edo dedikazioa, baita gainontzeko ikerkuntza ekipoaren tamaina, osaera eta dedikazioa ere: gehienez, 20 puntu.

    2. Metodologiaren kalitatea: gehienez, 40 puntu.

    3. Ezarritako helburuak betetzeko eskatutako finantza-baliabideen egokitzapena, eta beste entitate publiko eta pribatu batzuekin batera finantzatu izanaren egiaztapena: gehienez, 15 puntu.

    4. Osasun-sisteman aplikagarri eta erabilgarri izatea: gehienez, 25 puntu.

      Txosten zientifiko-teknikoan proiektuek 50 puntuko gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez badute, Balioespen Batzordeak ez ditu finantzatzeko moduko proiektutzat hartuko.

  4. Bere eginkizuna betetzeko, Batzordeak eskubidea dauka zentro eskatzaileei proiektua erabat ulertzeko beharrezkoak diren agiri osagarriak eskatzeko, bai eta zentro eskatzaileei proiektuen zenbait aldaketa iradokitzeko ere, programa honen helburuetara hobeto egokitu daitezen.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, Balioespen Batzordeak honako hauek hartuko ditu aintzat: aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak, helburuak lortzeko aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna, eta kanpoko ebaluatzaileek txostenean emandako iritzia.

Emandako laguntzek eskatutakoa osorik eta zati batean estali ahal izango dute, baina, edozein modutan, baterako finantzaketa kontuan hartuz, diruz lagundutako jardueraren kostu erreala ezin izango da inolaz ere gainditu.

  1. Koordinatutako proiektuak direnean, azpiproiektu bakoitza independentzat hartuko da, artikulu honen ondorioetarako.

  1. Eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, eskatzaileek planteatutako gai guztiak barne direla, Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Sailburuordetzari dagokio, Balioespen Batzordearen proposamenez.

  2. Ebazpenean erabakiko da agindu honetako diru-laguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen direnen kasuetan, erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektua eta emandako diru-zenbatekoa zehaztuko dira. Ukatzen direnen kasuan, berriz, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

  3. Aurreko lerrokadan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen eta, beraz, zentro interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Osasun eta Kontsumoko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

  1. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea, gehienez ere, hiru hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Epe hori igaro ondoren argitaratuko ez balitz, zentro eskatzaileek euren eskabidea ezetsitzat jo dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  2. Finantzazioa jasoko duten zentroek diru-laguntza emango zaiela dioen idazkia jasoko dute, bai eta onarpen-agiriaren eta laguntzaren datuei buruzko agiriaren bi ale ere. Azken agiri horretan, laguntzaren zenbatekoa azalduko da, urteka eta gastu-motaren arabera banakatuta; halaber, eskabidearen memorian adierazitako kontzeptuetatik diruz lagunduko direnen zerrenda jasoko da, bai eta, hala badagokio, bekaduna onartzeko agiria ere. Onarpen-agiriaren, laguntzari buruzko datuen agiriaren eta, hala badagokio, bekaduna onartzeko agiriaren ale bana Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari itzuli beharko zaizkio hilabeteko epean, beteta eta zentroaren legezko ordezkariak eta ikertzaile nagusiak izenpetuta.

Diru-laguntzak jasotzen dituzten zentro onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntzaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean aurreko artikuluan zehaztutako agiriak Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzara bidaltzen ez baditu, onuradunak laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

  2. Diru-laguntza eman zaion xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren egitekoak betetzeko, deialdi honetako diru-laguntzen inguruan eskatzen dituzten argibideak ematea.

  4. Eskabidean jasotako datu edo inguruabarretan edozein aldaketa gertatuz gero, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari ahalik eta lasterren jakinaraztea.

  5. Ikertzaile nagusiak eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi badu, aurrez baimena eskatu behar dio Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari, eta horretarako arrazoiak ere eman behar ditu.

Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioak / B+I+O Eusko Fundazioak Osasun eta Kontsumo Sailaren erakunde laguntzaile gisa jardungo du, diru-laguntzak emateko programa honen bitartez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zentroei emandako laguntzen kudeaketari eta ordainketari dagokionez; horretaz gain, honako eginkizunak izango ditu:

  1. Diruz lagundutako proiektuek diru-laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzen jarraipena, 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zentroen kasuan, diruz lagundutako proiektuek eragindako gastuen finantza-kudeaketa eta kontabilitate-kontrola, agindu honetan ezarritako eran, betiere.

  3. Zentro onuradunak deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari administrazio-neurriak edo bestelakoak hartzeko proposamena egitea.

  4. Agindu honetan xedatutakoaren arabera, laguntzak nori eman zaizkion Osasun eta Kontsumo Sailari justifikatzea eta aplikatu gabeko zenbatekoak itzultzea.

  5. Laguntza ematea, aipatu funtsei buruz Osasun eta Kontsumo Sailak egin ditzakeen egiaztatze-jardueretan eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiei dagozkienetan.

Emango diren laguntzen ordainketa era honetan egingo da:

  1. Urtebeteko iraupena duten proiektuak.

    Esleitutako laguntzaren % 80 berehala transferituko zaie onuradunei, 14.5 artikuluan aipatzen diren agiriak jaso ondoren. Gainerako % 20a, 18. artikuluko 1.a) idatzi-zatian aipatzen den seihileko memoria zientifikoa aurkeztu ondoren (VI. eranskina). Zentro onuraduna Osakidetza-Euskal osasun zerbitzukoa bada, transferentzia erakunde laguntzaileari egingo zaio.

  2. Urtebetetik gorako iraupena duten proiektuak.

  1. Lehenengo urtealdiari dagokion laguntzaren zenbatekoa berehalakoan ordainduko zaie erakunde laguntzailearen bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko onuradunei; edo onuradun zentroari, berriz, baldin eta ez bada Osakidetza-Euskal osasun zerbitzukoa. Nolanahi ere, ordainketa jasotzeko, aurretik, 14.5 artikuluan aipatzen diren agiriak behar bezala beteta aurkeztu behar dira.

  2. Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzak memoria zientifikoa onartu ondoren eta proiektuak eragindako gastuak agiri bidez (VI. eranskina) justifikatu ondoren ordainduko dira ondorengo urteei dagozkien zenbatekoak; bata eta bestea urtero bidaliko dizkio onuradun zentroak zuzendaritza horri.

  3. Osakidetzako zentro onuradunek ere igorriko dituzte erakunde laguntzailearen bidez memoriak eta justifikazio dokumentala.

  4. Zentro onuradunak ikusiko balu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerkuntza-proiektua gauzatu, ahalik azkarren jakinaraziko dio Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari, proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari eta azken balantze ekonomikoari buruzko txostena ere erantsiz.

    Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzak, espedientea aztertu ondoren, Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren kitapena egiteko ebazpena hartzeko, eta dirua itzuli beharrik izanez gero, zenbatekoak zehaztuko dizkio.

  5. Osasun eta Kontsumo Sailak, komeni dela uste duen kasuetan, proiektuari jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.

  1. Laguntzak jaso dituen zentro onuradunak jasotako diru-laguntza zertan gastatu duen justifikatu beharko du, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari honako agiri hauek helaraziz:

    1. Urtebeteko iraupena duten proiektuak.

      1. Proiektua egiten hasi eta sei hilabeteko epean, zentro onuradunak memoria zientifiko bat egin beharko du, VI. eranskinean azaltzen den eskemari jarraituz, eta Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari bidali beharko dio. Memoria horretan, proiektuaren garapen-egoerari eta lortutako helburu partzialei buruzko deskribapen bat egin beharko da, eta ikertzaile nagusiak izenpetuta aurkeztuko da.

      2. Proiektua egiteko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteko epean, amaierako memoria zientifikoa bidaliko du zentro onuradunak ikertzaile nagusiak izenpetua eta V. eranskineko eredu normalizatuaren arabera egina; horrekin batera, memoria ekonomikoa bidaliko du laguntzaren erakunde kudeatzailearen legezko ordezkariak eta ikertzaile nagusiak izenpetua; ale bitan bidali behar ditu memoria horiek zentro onuradunak. Memoria ekonomiarekin batera, proiektuaren garapen-aldian egindako gastuak egiaztatzen dituzten jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak aurkeztuko dira.

    2. Urtebeteko iraupena duten proiektuak.

      Urteko memoria zientifiko eta ekonomikoa, laguntzaren onarpen-ebazpenean adierazitako epean aurkeztuta, eta VI. eranskinean azaltzen den eskemaren arabera egina. Memoria horretan, proiektuaren garapen-egoerari eta lortutako helburu partzialei buruzko deskribapen bat egin beharko da, eta ikertzaile nagusiak izenpetuta aurkeztuko da. Memoria ekonomikoa ikertzaile nagusiak eta laguntzaren zentro kudeatzailearen legezko ordezkaritzak izenpetuko dute, eta hartan, memoriak hartzen duen aldiari dagokion balantze ekonomikoa egingo da.

      Proiektua egiteko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteko epean, amaierako memoria zientifikoa ikertzaile nagusiak izenpetua eta memoria ekonomikoa laguntzaren erakunde kudeatzailearen legezko ordezkariak izenpetua bidaliko dira; VI. eranskinean ageri den eredu arautuari jarraituz eta ale bitan bidaliko dira memoria horiek.

  2. Zentro onuradunek honako hauek erantsiko dizkiete urteko memoriei eta amaierako memoriari: memoriak hartzen duen aldian egindako gastuak egiaztatzen dituzten eta aurreko memoriekin aurkeztu ez diren jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak.

  3. Jarraipen-memorien aldeko balioespenak eta hurrengo urterako laguntza ordaintzeak ez dakarte berekin egindako gastuen onarpena, ez eta gastuok aurrekontuei egoztea ere; izan ere, egozpena egitea ala ez amaierako memoria ekonomikoarekin batera balioetsiko da.

  4. Amaierako memoriarekin batera, ikerkuntzaren ondorioz sortu diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetara eginiko komunikazio guztien kopia bana aurkeztuko da, halakorik izanez gero. Horietan guztietan, eta geroago sor litezkeenetan, berariaz aipatu behar da Osasun eta Kontsumo Sailak emandako laguntza. Ikerketaren emaitzak ahalik eta erabiltzailerik gehienek ezagutzeko, Osasun eta Kontsumo Sailak finantzatutako proiektuei buruzko artikuluak argitara emango dira, eta horretarako, lehentasuna izango dute sarrera libreko aldizkariek, bai eta argitaratu eta urtebetera sarrera librekoak izango direla bermatzen dutenek ere.

  1. Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada betiere, laguntzaren xedea beteta, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik diru-laguntzaren bat aldi berean jasotzen bada, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Horretarako, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzak dagokion gutxitze-ebazpena emango du, emandako laguntzaren zenbatekoa egokitzeko.

  2. Proiektuaren garapen-prozesuan, gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezko iritziz gero betiere, laguntzaren guztizko zenbatekoa gainditu gabe, aldez aurretik proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskabidea, horretarako arrazoiak emanez eta zentro onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin.

    Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari zuzenduko zaio eskabidea.

  3. Proiektuaren amaiera atzeratzen bada zentro onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz jakinarazten bada hori zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta, Osasun eta Kontsumo Sailak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du.

  1. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duena), onuradunak baldintza eta epeak betetzen ez baditu, edota beka beste helburu baterako erabiltzen badu, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu egin duela eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar dituela deklaratu ahal izango da, prozedurazko izapideak egin ondoren, eta bidezko izan daitekeen beste ekintzarik ere burutu ahal izango da. Aipatutako diru-kopuru guztiak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

    Ez-betetzeagatiko espedienteari hasiera eman eta izapideak egiteko eskumena Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko zuzendariak izango du, eta horri buruzko ebazpena emateko eskumena, berriz, Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeak.

  2. Ez-betetzea dela-eta, laguntza itzuli behar izanez gero, laguntzaren zentro onuraduna izango da erantzulea, Osasun eta Kontsumo Sailaren aurrean.

Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote interesdunek Osasun eta Kontsumoko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Bigarrena. Ebazpen honetan aurrez zehaztu ez diren gaietarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa beteko da (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako idazkera).

Hirugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 20a.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERĶA.

  1. Nerbio-sistema, gaixotasun neurologiko eta mentalak.

  2. Giza garapena eta zahartzea.

  3. Gaixotasun infekziosoak.

  4. Minbizia.

  5. Gaixotasun kardiobaskularrak.

  6. Diabetesa eta obesitatea.

  7. Gaixotasun arraroak.

  8. Arnas-gaixotasunak.

  9. Ibiltze-aparatuko eta ehun konektiboko gaixotasunak.

  10. Aparatu digestiboko gaixotasun kronikoak eta hanturazkoak.

  11. Giltzurruneko gaixotasunak.

  12. Osasun zerbitzuak, teknologia sanitarioak eta telemedikuntza.

    Ekintza bidezko Ikerkuntza eta Teknologien eta Zerbitzu Sanitarioen Ebaluazioa,

    1. Epidemiologia, osasun publikoa eta osasun okupazionala.

    2. Osasun-determinatzaileen, arrisku-faktoreen eta bizimodu osasungarriaren gainean proaktibotasunez eragiteko proiektuak.

    3. Herritarren eginkizuna eta jokabide arduratsua, eta pazientearen autonomia indartzea.

    4. Kontsumo osasungarria, Sailaren eskumenpeko eremuetan.

    5. Gaixo kronikoentzako arreta hobetzea.

    6. Laguntza-prozesuen integrazioaren garapena: Zaintzen Jarraitutasuna hobetzea.

    7. Jardun klinikoa eta autozaintza erraztu eta hobetzen dituzten teknologien garapena.

    8. Eginkizun profesional berrien garapena.

    9. Osasun arloko profesionalen parte-hartzea eta haiekiko lotura.

    10. Ikerkuntza eta Berrikuntzaren emaitzen ezarpena eta antolamendua hobetzea.

    11. Gobernu Ona, kudeaketa sanitario publikoan. Osasunean inbertitzea, garapen sozial eta ekonomikoa sustatzeko.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik