- EBAZPENA, 2011ko uztailaren 21ekoa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiteko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko uztailaren 21ekoa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiteko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 153
- Hurrenkera-zk.: 3929
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/07/20
- Argitaratze-data: 2011/08/12
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Osasun eta Kontsumo Sailaren helburuetariko bat osasun-arloko langileen prestakuntzaren bidez osasun-zerbitzuen kalitatearen hobekuntza sustatzea da. Halaber, ikerketa eta berrikuntza funtsezko elementutzat jotzen da Euskadiko osasun sistemaren garapenean.
Hori dela eta, Osasun eta Kontsumo Sailak epe luzerako estrategia bat planteatu du bai osasun-arloko langileak euren lan-praktikan gaitzeko, bai ikerketako eta berrikuntzako prestakuntza bultzatzeko ere, gerora Euskadiko osasun sistemaren ikerketa-komunitatean partaide izan daitezen.
Deialdi hau helburu horiek betetzeko egiten da; hain zuzen ere, diruz lagunduko dira, batetik, espezializazio-ikastaroak eta -egonaldiak, eta, bestetik, ikerketa eta berrikuntzako prestakuntza-planak.
Horregatik, honakoa
Agindu honen bitartez, osasunaren arloan prestakuntza-planak gauzatzeko bekak eta laguntzak emateko erregimena arautu eta laguntza horietarako deialdia egiten da. 2011. urtean hasiko dira prestakuntza-plan horiek. Bi modalitate hauetan emango dira laguntzak:
Atzerriko zentroetan ikastaroak eta egonaldiak egiteko bekak eta laguntzak.
Osasunaren arloan ikerketako eta berrikuntzako prestakuntza-planak gauzatzeko bekak eta laguntzak.
Prestakuntza-planak, teknikoak nahiz praktikoak izango diren jarduera-multzo bat bereganatu beharko du. Jarduera horiek, hain zuzen ere, osasun-ikerketan eta -berrikuntzan hasteko beharrezkoak diren ezagutzak emango dizkiote onuradunari. Ikerketa eta berrikuntzako prestakuntza-planen kasuan, zenbait graduondoko ikastarok osatuko dute programa teorikoa; eta ikastaro horiek bideratuta egongo dira, osasun-arloan, ikerketa eta berrikuntza-zientifikoaren prozesuan parte hartzen duten elementu metodologiko zein instrumentalak erakustera.
Agindu honetan jasotzen diren beka eta laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, goi-mailako edo erdi mailako unibertsitate tituluaren jabe izanik, gutxienez, eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenagotik, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta dauden pertsonek.
Ezingo dute deialdi honetan parte hartu prestakuntza-aldian dauden langile egoiliarrek.
Beka eta laguntzak emateak eta hartzeak ez du kontratu edo estatutu bidezko inongo harremanik ezarriko onuradunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean.
Onuradunei ezingo zaie diru-laguntzarik eman, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, izaera bereko itzultze edo zigortze prozeduraren bat amaitu gabe badago.
Ezingo dute deialdi honetan parte hartu zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta daudenek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen debekuren baten eraginpean daudenak ere sexu-diskriminazioaren ondoriozkoa barne, harik eta dagokion zehapenak ezartzen duen aldia amaitzen den arte.
Modalitate bakoitzeko bekak eta laguntzak emateko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozedurari jarraituko zaio (1/1997 Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena). Hori horrela, modalitate batean eta bestean aurkeztutako eskabideak erkatuko dira eta, 11. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideak aplikatuz, eskabideak lehentasun-hurrenkeran jarriko dira. Diru-laguntzak, balorazio-fasean gutxienez hirurogei (60) puntu lortzen dituzten eskabideei emango zaizkie, horretarako dagoen diru-kopurua agortzen den arte.
Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako bideratutako aurrekontu kredituetatik datoz, eta guztira berrehun mila hirurehun eta berrogeita bi (200.342) euro dira. Zenbateko hori erdibana banatuko da bi modalitateen artean:
Modalitateetako baten deialdia ebatzi eta soberakinak baldin badaude, soberakin horiek beste modalitatearen zenbatekoari gehitu ahal izango zaizkio Halakorik gertatuz gero, Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.
Emandako diru-laguntza beka edo laguntza izan daiteke.
Hauxe da bekaren helburua: onuradunaren mantenu-gastuak finantzatzea prestakuntza-planak irauten duen bitartean.
Laguntza, berriz, onuradunak prestakuntza-planaren garapenean sortutako gastuetarako emango da, esate baterako: bidaia-gastuak, matrikula, ostatua, irakaskuntzako materiala erostea, etab.
Onuradunak, prestakuntzako jarduerarekin batera, ordaindutako beste jardueraren bat egiten badu, gastuetarako laguntza ekonomikoa baino ezingo du eskuratu.
Onuradunak ordaindutako jarduerarik egiten ez duenean, beka bat eta gastuetarako laguntza ekonomiko bat jaso dezake.
Emango den beka edo laguntza, gehienez, urtebetekoa izango da. Prestakuntza-planak iraupen luzeagoa izango balu, onuradunak, diru-laguntza edukitzeko epea amaitu ondoren, beste beka bat eskatu ahal izango du, hurrengo deialdiak ezarriko duenaren arabera.
Beken zenbatekoa ezingo da izan, hilean, mila eta bostehun (1.500) eurokoa baino handiagoa.
Atzerriko egonaldiak edo ikastaroak hiru hilabetetik gorakoak direnean, familiarekin batera egiten badira, hilero hirurehun (300) euro arteko laguntza gehigarria jaso ahal izango da diru-sarrera propiorik ez duen seme-alaba bakoitzeko. Kasu horretan, eskabide-egileari bakarrik ordainduko zaizkio bidaia-gastuak, eta ez harekin joango diren familiartekoei.
Gastuetarako laguntzen zenbatekoa ezingo da izan, hilean, zazpi mila eta berrehun (7.200) eurokoa baino handiagoa.
Agindu honen babesean ematen den bekaren bat eskuratuz gero, ezin izango da ordaindutako lanik egin, ez diruz lagundutako prestakuntza-jarduera bererako erakunde publiko nahiz pribatu batek emandako beste beka edo laguntzaren bat hartu, edo ez beka horiek berez eskatzen duten lana behar bezala burutzea galaraziko duen beste eginkizunen bat izan.
Bestalde, laguntza hau helburu bereko beste edozein diru-laguntzarekin bateragarria izango da, betiere, finantzatutako jardueratik ez bada gainfinantzaketarik sortzen. Halakorik gertatuz gero, emandako laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Interesdunek, baldin eta sinadura elektroniko baimendua badute, bitarteko elektronikoen bitartez eskatu ahal izango dituzte deialdi honetako bekak eta laguntzak. Halaber, bitarteko elektroniko horien bidez egin ahal izango dituzte agindu honetan jasotako prozeduren izapide guztiak.
Eskatzaileak izapide bat bitarteko elektronikoen bidez egiten badu ere, ez dago behartuta prozeduran zehar egin behar dituen gainerako izapideak bitarteko horien bidez egitera.
Hauek arautzen dute izapide elektronikoa: Administrazioaren prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili behar diren arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua; Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua; eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa Platea ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.
Deialdian parte hartzeko eskabidea egiteko, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan ageri den eredu normalizatua bete behar da:
A modalitatea:
Euskara:
https://www6.euskadi.net/s06-9772x/eu/r02kToolkitFormulariosWar/commonJSP/fdp.do?language=eu&procedureId=X31B_BEC,
Gaztelera:
https://www6.euskadi.net/s06-9772x/eu/r02kToolkitFormulariosWar/commonJSP/fdp.do?language=eu&procedureId=X31B_BEC,
B modalitatea:
Euskara:
https://www6.euskadi.net/s06-9772x/eu/r02kToolkitFormulariosWar/commonJSP/fdp.do?language=eu&procedureId=X31B_INVBEC
Gaztelera:
https://www6.euskadi.net/s06-9772x/es/r02kToolkitFormulariosWar/commonJSP/fdp.do?language=es&procedureId=X31B_INVBECT
Eta Osasun eta Kontsumo Saileko Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko zuzendariari zuzenduko zaio.
Eskabide-orria honako leku hauetan aurkez daiteke, eskura: Osasun eta Kontsumo Sailaren Erregistro Nagusian, Sailaren hiru Lurralde Ordezkaritzetako Erregistroetan, Herritarren Arretarako Bulegoetan (Zuzenean), eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako organo eta bulegoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa). Eskabidea postaz bidaltzen bada, helbide honetara bidaliko da: Donostia kalea 1, Gasteiz.
Eskabidea aurkezteko, bitarteko elektronikoak ere erabili ahal izango dira, euskadi.net-eko egoitza elektroniko horretara sartuta:
A modalitatea:
Gaztelera:
http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/becas_formacion_2011/es_ayuda/ficha_procedimiento.html
Euskara:
http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/becas_formacion_2011/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html
B modalitatea:
Gaztelera:
http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/becas_investigacion_2011/es_ayuda/ficha_procedimiento.html
Euskara:
http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/becas_investigacion_2011/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html
Eskatzaileek eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta harekin batera eskatzen den dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduera guztietan, eta prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
Eskabidearekin batera, ondoko agiriak ere aurkeztu beharko dira:
Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
Eskabidea eskura aurkezten bada, eta eskatzaileak baimena ematen badio Administrazioari, nortasunari buruzko datuak Barne Ministerioan egiaztatzeko, ez da beharrezkoa izango agiri hori aurkeztea.
Eskatzaileak ez badio baimenik ematen Administrazioari datuak eskuratzeko, datuak aurkeztu ahal izango dira paperezko euskarrian (fotokopia) edo euskarri elektronikoan (kopia eskaneatua, pdf formatuan, sinadura elektronikoarekin).
Curriculum Vitae laburtua.
Burutuko diren jarduerak jasoko dituen prestakuntza-plana (B modalitatearen kasuan, prestakuntza-plana zuzenduko duenaren oniritziarekin edo aldeko txostenarekin), eta jarduera horiek burutzeko egin beharreko gastuaren aurreikuspena.
Errolda-ziurtagiria.
Eskatzaileak baimena ematen badio Administrazioari bizilekuari buruzko datuak Estatistikako Institutu Nazionalean frogatu eta egiaztatzeko, ez da beharrezkoa izango agiri hori aurkeztea.
Erantzukizunpeko aitorpena, eredu normalizatuan, ondokoa adierazten duena: emandako bekaz gozatzen hasten den unean, uko egingo diola edozein administrazio publikok edo erakunde pribatuk emandako diru-laguntza orori, baldin eta laguntza hauen helburu berekoa bada; entitate batek emandako laguntza jasoko duela zenbatekoa ere adierazita; eta hirugarrenik, oraindik ebazteko dagoen laguntza bat eskatu duela.
Aitorpen horretan adieraziko du, halaber, ordaindutako lanik egiten duen ala ez, eta ba al daukan beste eginkizunik, bekaz gozatzen hasten den unean diruz lagundutako jarduera behar bezala burutzea galaraziko diona.
Aitorpen horren bidez egiaztatuko da, halaber:
Eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.
Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan jasotako datuak, eta indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, laguntza hauen onuradun izateko.
Behar izanez gero, prestakuntza-plana egiteko baimena, eskatzailearen lantokiko Zuzendaritzak emana.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen denetik.
Deialdiko oinarriren bat ez betetzeak, edo datuak gorde, aldatu edo eskatutako argibideak manipulatzeak, eskaria ezestea ekarriko du. Horrek ez du esan nahi erantzukizun administratiboa, zibila edo penala eskatzeko aukera baztertuko denik.
Laguntzen eskabidea ez badago behar bezala beteta edo eskatutako dokumentazioa falta badu, eskatzaileari eskatuko zaio, hamar eguneko epearen barruan hutsa zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko, eta hau ohartaraziko zaio: eskatutakoa egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela. Dena den, Administrazioa behartuta dago eskabideen gainean ebazpen adierazi bat hartzera eta ebazpena jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
Modalitate bakoitzerako aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, dagokion Balorazio Batzordea eratuko da, eta kideak hauek izango dira: presidentea, Osasun eta Kontsumo Saileko Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko zuzendaria; bokalak: Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko zerbitzuko burua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzako arduraduna, eta Osasun eta Kontsumo Saileko I+D Laguntzen teknikari arduraduna; azken horrek idazkari legez ere jardungo du. Batzorde horrek eskabideen balorazio egokirako beharrezkotzat jotzen dituen aholkuak eskatu ahal izango ditu.
Batzordeak prestakuntza-plana osorik ulertzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari.
Azkenik, Batzordeak, aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, aurkeztutako eskabideak baloratuko ditu eta Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeari dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.
Beken eta laguntzen esleipena irizpide hauetan oinarriturik eta ondoko ponderazio honen arabera egingo da:
Atzerriko zentroetan egonaldiak eta ikastaroak egiteko beka eta laguntzen A) modalitateari atxikitako eskabideak.
Eskatzailearen Curriculum Vitaea: gehienez, 15 puntu.
Ikasketak egingo diren zentroaren edo erakundearen prestakuntza-kalitatea: gehienez, 15 puntu.
Egin beharreko ikasketek zein hurbiltasun duten jarraian zehazten diren lehentasun-arloekiko (gehienez, 20 puntu):
Zerbitzu sanitarioen antolamendua eta kudeaketa,
Osasun-zerbitzuen eta teknologia berrietako zerbitzuen ebaluazioa.
Osasun Publikoa eta Osasunaren Sustapena.
Erizaintzaren antolamendua, kudeaketa eta ebaluazioa.
Osasun Planaren eta Kalitate Asistentzialaren lehentasunezko helburuak.
Egin beharreko ikasketen kalitatea eta eskatzailearen lan-jarduera horietara egokitzea: gehienez, 35 puntu.
Eskatzailea Euskadiko osasun sistemakoa izatea, edo osasun-arloko profesionala izanik, bere espezialitatea egoiliar gisa amaitua izatea, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan: gehienez, 15 puntu.
Osasunaren esparruan ikerketari eta berrikuntzari buruzko prestakuntza-planak egiteko beken eta laguntzen B) modalitateari atxikitako eskabideak.
Eskatzailearen Curriculum Vitaea: gehienez, 20 puntu.
Prestakuntza-planaren kalitatea: gehienez, 50 puntu.
Prestakuntza Plana iraupen luzeagoko espezializazio programa batean sartuta egotea: gehienez, 15 puntu.
Eskatzailea Euskadiko osasun sistemakoa izatea, edo osasun-arloko profesionala izanik, bere espezialitatea egoiliar gisa amaitua izatea, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan: gehienez, 15 puntu.
6. artikuluan ezarri diren gehienezko zenbatekoak eta aurkeztutako aurrekontua gehienez finantza daitekeena errespetatuz, bekaren zenbatekoa zehaztuko da prestakuntza-planaren iraupenaren eta plana burutuko den tokietan dagoen bizimoduaren kostuaren arabera.
Laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da prestakuntza-plana aurrera eramateko egin behar diren gastuen arabera.
Deialdi honen lehiaketa-prozedurak ebazteko, bi ebazpen emango ditu Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeak, Balorazio Batzordeak proposatuta.
Ebazpenek onuradunen zerrenda, emandako diru-laguntza mota (beka edo laguntza ekonomikoa) eta horren zenbatekoa adieraziko dituzte, baita baztertu diren eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoi eta guzti.
Ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko dira, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, halaxe ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan, ahaztu gabe lege berak Administrazioari berariaz ebatzi behar duela ere agintzen diola.
Onuradunei dagokien onarpen-agiria bidaliko zaie, eta bete ostean, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzara bidali beharko dute; hirugarrenaren alta-agiria ere beteta bidali behar dute.
Aurreko puntuan eskatzen diren agiriez gain, bekaren onuradunek zinpeko aitorpena aurkeztu behar dute, eta bertan adieraziko dute ez daukatela ordaindutako inolako lanik.
Interesdunek, Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasun eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
Eskabideari ezezkoa ematen bazaio, aurkeztutako agiriak -paperezko euskarrian-berreskuratzeko epea hilabetekoa izango da, dagokion ebazpena argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita, betiere, ez bada errekurritua izan. Errekurtsorik aurkeztu bada, ezesteko ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik aurrera hasiko da epea.
Bekak edo laguntzak jasotzen dituzten onuradunek, nolanahi ere, honako betebehar hauek izango dituzte:
Emandako beka edo laguntza onartzea. Zentzu horretan, beka jaso eta egutegiko hogei eguneko epean, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzara ez bada bidali aurreko artikuluaren 4. paragrafoan aipatzen den onarpen-agiria, beka edo laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da.
Beka edo laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzaren inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzari, eskabidean adierazitako datuetan gerta litekeen edozein aldaketen berri ematea, aldaketa gertatu, eta, gehienez, hilabeteko epean (bereziki, 7. artikuluko bateragarritasun-araubideari eragiten diotenak).
B modalitateko onuradunek beren prestakuntza-jardueren garapenari buruzko hiruhileko txosten bat bidali beharko dute.
Ematen diren beka eta laguntzen ordainketa zatika egingo da, honela:
Lehen ordainketa, diru-laguntzaren zenbateko osoaren ehuneko hirurogeita hamabostekoa (% 75), berehala emango da, behin 13.4 eta 14.a) artikuluetan aipatzen den onarpen-agiria behar bezala beteta jaso denean.
Gainerakoa, onuradunak prestakuntza-plana amaitu eta, gehienez, bi hilabeteko epean hurrengo artikuluan adierazten den dokumentazioa bidaltzen duenean.
Beka eta laguntzen onuradunak diru-laguntzari emandako erabilera justifikatzera behartuta daude; horretarako, ondoko agiriak bidaliko dituzte Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzara:
Atzerriko zentroetan egonaldiak eta ikastaroak egiteko beka eta laguntzen A) modalitatean emandako bekak eta laguntzak.
Bekak:
Amaierako memoria, egindako prestakuntza-jardueren deskribapena eta zentro hartzailearen irakaskuntza-kalitatearen balorazioarekin.
Zentro hartzaileak emandako aprobetxamendu-ziurtagiria edo titulua.
Laguntzak:
Beketarako aipatu diren agiriez gain, gastu osoen zerrenda eta justifikatu beharreko fakturen originalak ere aurkeztu beharko dira: bidaiak, matrikulak, ostatuak, material bibliografikoaren eskurapena, eta abar.
Osasunaren esparruan ikerketari eta berrikuntzari buruzko prestakuntza-planak egiteko beken eta laguntzen B) modalitatean emandako bekak eta laguntzak.
Bekak:
Amaierako memoria, egindako jarduerekin eta lortutako emaitzekin (deialdi publiko eta pribatuetara aurkeztutako ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak, kongresuetako aurkezpenak, argitalpenak, ...), prestakuntza-plana zuzendu duen pertsonaren oniritziarekin.
Zentroek emandako aprobetxamendu-ziurtagiriak edo tituluak, ikastaroak edo egonaldiak eginez gero.
Lanaren emaitzak argitaratu badira, argitalpen horien separatak edo kopiak bidaliko dira.
Laguntzak:
Beketarako aipatu diren agiriez gain, gastu osoen zerrenda eta justifikatu beharreko fakturen originalak ere aurkeztu beharko dira: bidaiak, matrikulak, ostatuak, material bibliografikoaren eskurapena, eta abar.
Beka edo laguntza emateko aintzat hartutako baldintzen aldaketa orok betiere horien xedea betetzat jotzen denean eta, aldi berean beste laguntza batzuk lortzeak, diru-laguntzaren aldaketa ekar dezake. Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko zuzendariak izango du laguntza gutxitzeko espedientea hasi eta izapideak egiteko eskumena; eta horri buruzko ebazpena emateko eskumena, berriz, Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeak izango du.
Batetik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuenak-ezarritakoaren arabera, eta, bestetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bermea eta sarreren araubidea erregulatzen duenak ezarritakoarekin bat eginez, onuradunak ez baditu agindu honetan ezarritako eskakizunak, baldintzak eta epeak betetzen, laguntza beste helburu baterako erabiltzen badu edo aprobetxamendu akademikoa ez bada nahikoa, prozedura-izapide egokiak bideratu ostean, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu duela emango da aditzera. Horretaz gainera, ordura arte eskuratutako diru-zenbatekoak gehi horien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, eta horretaz gain, bidezkoak diren bestelako ekintzak ere egin ahal izango dira. Aipatutako diru-kopuru guztiak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko zuzendariak izango du eskumena ez-betetzeagatiko espedienteari hasiera eman eta izapideak egiteko; eta horri buruzko ebazpena emateko eskumena, berriz, Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeak izango du.
Lehenengoa. Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasun eta Kontsumoko sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena. Agindu honetan zehaztu ez diren gaiak direla-eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa beteko da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako idazkerari jarraiki.
Hirugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 20a.
Osasun eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.


