- AGINDUA, 2011ko uztailaren 26koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deia egiten da ikasle etorkinentzat kulturartekotasuna sustatzeko programak eta ikasle sartu berrien hizkuntza sendotzeko programak garatzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko uztailaren 26koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deia egiten da ikasle etorkinentzat kulturartekotasuna sustatzeko programak eta ikasle sartu berrien hizkuntza sendotzeko programak garatzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 180
- Hurrenkera-zk.: 4606
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/07/26
- Argitaratze-data: 2011/09/21
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Herri Administrazioa
Testu legala
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuingurura egokitu behar dela jakin badakienez, kulturarteko hezkuntza-eredua garatu nahi du, berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da kulturarteko benetako gizarteak lortzeko.
Euskal Hezkuntza Sisteman hasi berriak diren ikasle etorkinei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea, eta kulturartekotasuna sustatzeko programak ezarri behar dira ikastetxeetan. Ekitaldi honetan, ekimen honek ikasle etorkinak dituzten ikastetxeak ditu helburu, hain zuzen ere, etorkinen proportzioa % 20 baino handiagoa duten ikastetxeei.
Irailaren 14ko 233/2010 Dekretua Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duena kontuan hartuta, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onarturiko Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluak ezarritakoari (Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren esparruko diru-laguntzak arautzen ditu titulu horrek) eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenei jarraiki, honako hau
Hona agindu honen xedea: itundutako ikastetxeei emango zaizkien diru-laguntzen erregimena arautzea. Diru-laguntza horiek ikastetxearen kulturarteko ikuspegia koordinatzeko eta hasi berri diren ikasle etorkinentzat hizkuntza indartzeko programak egiteko dira, baldin eta komunikatzeko gabezia handiak badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik, eta, beraz, 2011-2012 ikasturtean hizkuntza indartzeko plan bat behar badute.
Ikasle hasi berriak dira Euskal Hezkuntza Sisteman unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko 2010eko urtarrilaren 1az geroztik lehen aldiz matrikulatu direnak. Diru-laguntza jasotzeko eskubidea izateko, 6 urtetik gora izan behar dituzte 2011-2012 ikasturtean, eta 18 urte ez bete ikasturtea amaitu baino lehen.
Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, bi milioi, berrehun eta hirurogeita hamabost mila (2.275.000) euro jarri dira. Zenbateko hori handitzeko aukera egon badago, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren diru-laguntzen beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu ez den dirurik badago deialdia ebatzi aurretik. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez.
Deialdi honen onuradun izan daitezke Lehen edo/eta Bigarren Hezkuntzan itundutako unitateak dituzten ikastetxe pribatuak, eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak garatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren diru-laguntzak jasotzen dituzten ikastetxeak. Ikastetxe horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute, eta hurrengo artikuluan deskribatzen diren jarduerak, diruz lagun daitezkeenak, egin behar dituzte.
Onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, izaera bereko itzultze- edo zehapen-prozedurek bukatuta egon behar dute, eta zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla frogatu behar da.
Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen edo laguntza publikoen deialdietan ezingo dute parte hartu zigor-arloko zehapena edo administrazio-zigorra dela-eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten erakundeek, ezta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren 4/2005 Legearen arabera.
Diruz lagunduko dira:
Lehen hezkuntzan eta/edo bigarren hezkuntzan hezkuntza-itunak dituzten ikastetxeetan kulturartekotasuna sustatzeko programak sortu, zuzendu eta kudeatzeko jarduerak. Ikastetxe horiek 6 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat matrikula-ildo bat baino gehiago izan behar dute eta etorkinen portzentajea % 20koa baino handiagoa izan behar du.
Ikasle etorri berrien hizkuntza sendotzeko ekintzak.
7. artikuluan finkatzen den diru-laguntza jasotzeko, ikastetxeek 4. artikuluan ezarritakoa bete eta ondoren adierazten diren gutxienekoak bete beharko dituzte.
Kulturartesuneko programetan, funtzio hauek beteko dira:
Ikastetxean, ikasgeletan eta erabiltzen diren materialetan eta baliabideetan eskola-elkartea osatzen duten kultura guztiak kontuan har daitezen lan egitea, protagonisten ekarpenak bereziki baloratuz.
Etorkinei eta gutxiengo etnikoetakoak diren ikasleei hezkuntza-arreta ohiko gelan emateko aukera eta integrazioa erraztuko duten estrategiei, prozedurei eta baliabideei buruzko irakaskuntza-esperientziak biltzea, eta irakasleekin lankidetzan aritzea horrelako proiektuak martxan jartzeko.
Laguntza ematea harrera-plan bat diseinatzeko, martxan jartzeko, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Ikasle guztiak eta haien familiak hezkuntza-sistemako kide izatea izango da planaren helburua.
Zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin lankidetzan aritzea ikastetxea familiengana hurbiltzeko, ikasle etorri berrien familiengana bereziki, eta familia horiek eskola-elkartean parte hartzera bultzatzeko.
Zuzendaritza-taldearekin lankidetzan jardutea ikastetxerako etengabeko prestakuntza-plan bat sortzeko. Planak errealitate berria aintzat hartuko du, hau da, iritsi berri diren ikasleak daudela.
Ikastetxeko proiektuetako gainerako arduradunekin koordinatzeko guneak eta denborak ezartzea. Baliabideak bildu eta errentagarri bihurtu behar dira, lehentasunezko jardunbideak ezarri, eta lankidetzazko jarraipena egin.
Ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko programetan, berriz, egin beharreko ekintzek, orokorrean, esan nahi dute:
Hizkuntza indartzeko gelako programazioa egitea, betiere ikasleen beharretara egokituta.
Banakako esku-hartze plan bat egitea ikasle horientzat, tutorearen laguntzarekin.
Irakaskuntza antolatzea, hizkuntza indartzeko:
Ikasleak ezagutu eta taldetan biltzea.
Ikasgela antolatzea.
Material didaktikoak aztertzea, antolatzea eta prestatzea.
Dagokion hezkuntza-errefortzua ematea. Hizkuntza indartzeko irakasleek, ikasle etorri berrien tutoreekin batera, eginkizun hauek beteko dituzte:
Gainerako irakasleekin koordinatzeko prozesu bat ezartzea, lanerako plan pertsonala prestatzeko eta plan hori gauzatzearen jarraipena egiteko.
Iritsi berri diren ikasleen harrera eta integrazioa erraztea, haien gaitasunak gara ditzaten laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.
Ikasleen aurrerapenen eta ikaskuntzen ebaluazioan parte hartzea.
Materialak eta edukiak egokitzea.
Halaber, eskola-elkarteko kide diren heinean, hizkuntza indartzeko irakasleek gainerako irakasleekin batera beteko dituzte honako funtzio hauek:
Hizkuntzak irakasteko jardueren plangintza egitea.
Hezkuntza-prozesuan kulturarteko ikuspegia sartzeko jarduerak diseinatzea.
Irakasleek indarrean dagoen araudian eskatzen den titulazioa izan behar dute Lehen edo/eta Bigarren Hezkuntzan euskara irakasteko, eta, irakaskuntza hori emateko ardura izateaz gain, programazio didaktikoa egiteko ardura ere izango dute, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak aintzat hartuta.
Diru-laguntza eskatzeko eredu normalizatua eskuratzeko erabili behar den fitxategi informatikoa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web gunean dago (www.hezkuntza.ejgv.net) honako atal honetan: Ikasleak / Ikasle etorkinak / Ikastetxe itunduak.
Fitxategiak jaitsi eta atal guztiak bete ostean, orrialde guztiak inprimatu behar dira. Datu hauek agertzen dira:
Eskabidea.
Ikastetxean matrikulatu berri diren ikasle etorkinen zerrenda, datu hauek zehaztuta: ikaslearen izena, jaiotze-eguna, Euskal Hezkuntza Sisteman sartu zen eguna, eta orain zer mailatan edo kurtsotan matrikulatuta dagoen.
Ikastetxean hizkuntza indartzeko garatzen diren programen deskribapena, honako xehetasun hauek adierazita:
1. Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten ordainsari gordinen zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari. Diru-laguntzaren xede den programan parte hartzen duten irakasle espezializatuen titulazioen eta indarrean dauden lan-kontratuen kopia ere aurkeztu behar da.
2. Parte hartzen duten ikasleen izen-abizenak, maila eta jatorrizko herrialdea.
3. Programaren programazio didaktikoa, ordutegiak, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak barne hartuta; errefortzua noiz ezarri(ko) den, etab.
Ikastetxean kulturartekotasuna lantzeko garatu nahi den programaren deskribapena, eskema honen arabera:
1. Ikastetxearen hasierako egoera.
2. Garatu beharreko proiektuaren plangintza:
2011-2012 ikasturterako helburuak.
Jarduerak eta tenporizazioa.
Aurreikusitako parte-hartzaileak (irakasleak, ikasleak, beste batzuk).
Ebaluazioa eta lorpen-adierazleak.
3. Ekintza hauek burutzeko berariazko konpromisoa:
Ikasle iritsi berriak hartzeko plana egitea, ikastetxeak halakorik ez badauka.
Gutxienez prestakuntza-jarduera bat antolatzea kulturarteko ikuspegitik, irakasleak, ikasleak edota familiakoak sentsibilizatzeko.
Izendatutako dinamizatzaileak konpromisoa hartuko du, batetik, Sailak eskatzen duenean bere esperientzia partekatzeko, eta, bestetik, Sailak dinamizatzaileentzat berariaz antolatzen duen hasierako eta etengabeko prestakuntzan parte hartzeko.
Iazko ikasturtean ikastetxeak kulturartekotasuna sustatzeko programa gauzatzeko diru-laguntza jaso bazuen aurtengo ikasturteari dagokion memoria soilik erantsi beharko du, eskema honi jarraituz:
1. Gauzatutako proiektuaren deskribapena, honako alderdi hauek aintzat hartuta:
Gauzatutako jarduera nagusiak.
Proiektua aplikatzearen ondorioz, curriculumarekin edota ikastetxearen antolaketarekin zerikusia duten hitzarmen nagusiak, halakorik balego.
Proiektua garatzean gertatutako jazoerak, halakorik balego.
Garrantzizkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.
2. Helburuen lorpen-maila. Proiektuan zehaztutako helburu bakoitzaren analisia, eta helburu hori lortu den balioestea. Helbururen bat lortu ez bada, horretan eragin duten arrazoiak aipatu.
3. Parte hartu duten aholkularien ekarpenen balioespena, halakorik balego.
4. Parte-hartzaileen partaidetza- eta inplikazio-mailaren balioespena, eta garatutako edukiek eta hitzartutako akordioek zer aplikazioa izango duten.
5. Ondorioak eta jarraipen-proposamenak.
Eskaera sinatu eta zigilatu ostean, honako agiri hauekin batera aurkeztu behar da:
Aitorpen arduratsua, ondokoa egiaztauz: eskatzaileari edo ordezkari den erakundeari ez zaiola diru-laguntza publikoak jaso ezin izateko zigor arloko edo administrazio-zigorrik ezarri, ezta, halaber, horretarako ezgaitzen duen inolako lege-debekurik ere; lege debeku hauen artean sexu-diskriminazioagatik gertatu direnak sartzen dira, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, azken seigarren xedapenean zehaztutakoaren arabera. Halaber, adierazi behar da ikastetxeak ez duela helburu berdineko beste deialdietako laguntzarik jasoko edota, laguntza jasoz gero, laguntza horrek ez duela finantzatuko parte hartuko duten irakasleen kostua, eta Ordezkaritza Organo Gorenak aurreikusita dauden programen berri baduela eta onetsi dituela.
Zerga-betebeharrak bete dituela frogatzen duten agiriak, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1997ko martxoaren 21eko Aginduan ezarritakoaren arabera (EHAA, apirilaren 21ekoa). Titularra pertsona juridikoren bat izanez gero, diru-laguntza hau eskatzeko behar adinako aginpidea baduela egiaztatu beharko du eskatzaileak.
Gizarte Segurantzaren arloan eskumena duen organoak egindako administrazio-agiria, gai horren inguruko betebeharrak bete direla egiaztatzekoa.
Deialdi honetan parte hartzeko eskabidea, hilabeteko epean aurkeztu behar da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Eskabideak eta dokumentazioa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzetara bidaliko dira, zuzenki, edo herritarren arretarako bulegoen bidez, Zuzenean zerbitzuaren bidez, (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Andía 13 20003 Donostia-San Sebastián; Ramiro Maeztu 10 01008 Vitoria-Gasteiz) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako edozein bulegoren bitartez edota Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehazten dituen erregistroen bidez.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraiki, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, hizkuntza-indargarriak eta kulturartekotasuna izeneko fitxategian sartuko dira. Fitxategi horren helburua izango da ikasle etorkinentzat kulturartekotasuna sustatzeko eta ikasle etorri berrien hizkuntza sendotzeko programak garatzeko diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdi horretara biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri ematea.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduradun. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, deialdian parte hartzen duten pertsonek eurek aurkeztutako agirien benetakotasuna beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.
Formulario normalizatuak ikastetxeen eskura daude Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web gunean: www.hezkuntza.ejgv.net (Alumnado / Alumnado Inmigrante / Centros concertados atalean).
Aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan jasotakoaren arabera.
Eskolatzeko Lurralde Batzordeek, eskumena duen Berritzegunea aholkulari izanik, eta kulturartekotasuna lantzeko programaren arduradunak egindako txosten loteslea ikusita, aurkeztutako programa kulturartekotasuna sustatzeko egokia den edo ez balioetsiko dute, eta matrikulazio-portzentajearen eta koordinatzailearen identitatearen baldintzak betetzen diren edo ez ikusiko dute. Baietz irizten badiote, ikastetxeari diru-laguntza ematea balioespen batzordera proposatuko dute, eta zenbatekoa kalkulatzeko 4 koefiziente biderkatzailea aplikatuko da.
Hizkuntza indartzeko laguntza-eskaerak aztertu eta haien balioespena egingo da, deialdi honen baldintzak bete direla egiaztatu ondoren, eta Agindu honen 1. artikuluan zein 8. eta 9. artikuluetan adierazitako aurrekontuzko mugak kontuan hartuta.
Programan parte hartzen duten ikasle etorkin hasi berrien kopuruaren araberako koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaio eskaera bakoitzari, taula honetan zehaztutako irizpideak aintzat hartuta:
Eskabideak etiteko epea amaitzean, lurraldeko eskolatze-batzordeek adieraziko dute zenbat diren ikasle etorri berriak. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko estatistika-datuetan egun horretan azaltzen diren ikasle etorkinak izango dira ikastetxeak, guztira, dituen ikasle etorkinak.
6 eta 16 urte bitarteko ildo bat edo gehiago dituzten lehen edo derrigorrezko bigarren hezkuntzako hezkuntza-itunen ikastetxe titularrek egiten dituzten eskabideei koefiziente biderkatzaile bat aplikatuko zaie. Koefiziente hori zehazteko, A zutabean azaltzen den etorkin-portzentajea hartuko da kontuan, eta ikasle etorkinen portzentajearen arabera (D zutabetik G zutabera), zutabe bat aukeratu eta zutabe horretan azaltzen den kopurua izango da koefiziente biderkatzailea.
(Ikus .PDF)
Etorkinen ehuneko garbia kalkulatzeko, formula hau erabiliko da:
(Ikus .PDF)
Hor:
N = ikastetxeko ikasleen guztirako kopurua
E = ikastetxeko etorkinen guztirako kopurua
LS = hasi berriak diren ikasle etorkinen kopuruari dagokion tartearen (taularen A zutabea) goiko muga.
Adibidez: Ikastetxe batean 615 ikasle daude matrikulatuta; haietatik 65 etorkinak dira eta 21 hasi berriak. Hortaz, etorkinen ehuneko garbia % 6,83koa da
(Ikus .PDF)
eta, horrenbestez, koefiziente biderkatzailea 7 izango da.
Ikastetxeek egindako eskabideak aurreko atalean sartzen ez badira, B zutabean jasotako koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaie: zenbat ikasle etorri berri duen ikastetxeak, A zutabean ikasle horiei dagokiena.
Ikastetxeek 17.460 euro jaso ahal izango dituzte kulturartekotasuna sustatzeko programak betetzearren.
Hizkuntza sendotzeko programak betetzearren ikastetxeak jaso dezakeen diru-laguntza zehazteko, 4.365 euroko kopurua esleitutako koefizientearekin biderkatu egingo da, beti ere aurreko artikuluko irizpideak beteta.
Aurreko adibidean, 7 x 4.365= 30.555 euro.
Nolanahi ere, eskura dauden funtsak ahalik eta gehien egokitzeko ikastetxeek egindako ahaleginetara, ikasle heldu berriko ematen den diru-laguntza inoiz ez da izango 900 eurokoa baino txikiagoa eta 1.200 eurokoa baino handiagoa.
Aurreko irizpideak aplikatu ondoren, onartu diren programa guztiei esleitu beharreko guztizko zenbatekoa 1. artikuluan ezarritako aurrekontu-kreditutik gorakoa bada, ikastetxe bakoitzarentzat kalkulatutako zenbatekoak proportzioan gutxituko dira, diru-laguntzen guztizko zenbatekoa adierazi den mugara ekarri arte.
Diru-laguntza, guztira, ez da inolaz ere ikastetxeak aurkeztutako aurrekontua edo benetan egindako gastuak baino handiagoa izango. Aurrekontua txikiagoa bada, aurrekontu horren balioak jarriko du diru-laguntzaren muga. Azkenean justifikaturiko gastuak txikiagoak badira, ebazpena aldatu egingo da, eta ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekoari egokituko zaio.
Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk proiektuan diharduten irakasleen langile-kostua finantzatzeko eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuta, ebaluazio-batzorde bat eratuko da, eskabideak ebaluatzeko. Kide hauek osatuko dute batzorde hori:
Hezkuntza Berriztatzeko arduraduna edo hura ordezkatzen duena; batzordeburu jardungo du.
Berritzegune Nagusiko Kulturartekotasun Programako arduraduna.
Teknikari bat, lurraldeko eskolatze-batzordeko.
Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko teknikari bat; idazkari jardungo du.
Balorazio-batzorde horrek ebazpen-proposamena egingo dio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari, adieraziz zenbateko diru-laguntza eman behar den, eman behar bada.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, Baloraspen Batzordeak egindako proposamenak ikusi ondoren, ebazpena emango du eta, bertan, eskatutako diru-laguntzak eman ala ez erabakiko du. Emanez gero, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko du.
Hartzen den erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emanez jakinaraziko zaie ikastetxe eskatzaileei, sei hilabeteko epean, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Aipatutako epea pasa ondoren, aurreko atalean ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek beren eskaera atzera bota dela interpretatu ahal izango dute, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharraren kaltetan izan gabe.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza sailburuordeari, deitzen diren diru-laguntzak esleitzeko prozedurari bukaera ematen dion ebazpenaren kontra, hilabeteko epean, EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek honako betebeharrak izango dituzte betiere:
Emandako diru-laguntza onartzea. Hortaz, hamabost eguneko epean (ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita) erakunde onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira.
Diru-laguntza egoki erabiltzea: xede zehatz baterako emandakoa da eta hura betetzeko erabili behar da.
Hezkuntzako Ikuskatzailetzari ikastetxean garatzen diren programei buruz eskatu beste informazio ematea.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak gauzatuz eskatutako informazio guztia ematea.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta diru-laguntza eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu badira ere.
Zatika, bi ordainketa-aginduren bidez, ordainduko zaizkie diru-laguntzak ikastetxe onuradunei:
Lehena, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren % 80, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Ondorengo atalean aipatzen den dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren, diru-laguntzaren likidazioa egingo da. Ateratzen den guztizkotik (ezin da izan ebazpenean aitortutakoa eta egindako gastu osoa baino handiagoa), lehen ordainketaren zenbatekoa kenduko da eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatuko da.
2012ko irailaren 14ko 14:00 baino lehenago, diru-laguntza justifikatzeko, diruz lagundutako ikastetxeek garatutako programa bakoitzeko memoria deskribatzaile bana bidali beharko dute Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara. Memorian zehaztu beharrekoak: arreta jasotako ikasleak, proiektuan aritu diren irakasleak, irakasle bakoitzak emandako irakaskuntza-orduak, lan egindako ordu guztiak eta lortutako emaitzak. Halaber, honako hau ere bidali beharko dute, edo aurreko memoriari erantsi: jasandako langile-gastuen ziurtagiria, proiektuan aritutako irakasle bakoitzaren ordainketen zenbateko gordinak eta Gizarte Segurantzako kostuak jasoko dituena.
Memoriarekin batera, Ordezkaritza Organo Gorenaren onespen-ziurtagiria aurkeztuko da, eta hari erantsita, aipatu langileei dagozkien Gizarte Segurantzako ordainketen egiaztagiriak TCak edo baliokideak, langile horien lan-egoera normalizatuaren froga gisa.
Memoria-eredu normalizatua eskuratzeko erabili behar den fitxategi informatikoa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web gunean dago (www.hezkuntza.ejgv.net) honako atal honetan: Ikasleak / Ikasle etorkinak / Ikastetxe itunduak.
Diru-laguntzak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko dira (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko araubide orokorra ezarri da, eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, arauak eta betebeharrak xedatu dira).
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio. Hori guztia, Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenari jarraituz.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen denean diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Hori dela eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.
2007ko apirilaren 26ko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren Aginduak aurreikusitako ondorioetarako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzea da agindu horren xedea agindu honetan xedatutako laguntzak emango dira 2012rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako ordainketa-kreditua egokia eta nahikoa bada.
Lehenengoa. Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, eta horretarako hilabeteko epea egongo da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, eta horretarako bi hilabeteko epea egongo da, agindua aldizkari berean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 26a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


