Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien errepideko garraio publikoaren arloko elkarte profesional eta enpresarialentzako laguntzak emateko deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien errepideko garraio publikoaren arloko elkarte profesional eta enpresarialentzako laguntzak emateko deia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 169
  • Hurrenkera-zk.: 4293
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/27
  • Argitaratze-data: 2011/09/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Euskadiko garraio-politikaren helburuetako bat garraio arloko elkartegintza sustatzea izanik, behar-beharrezkoa da elkarte profesional eta enpresarialen jarduerak eta ekimenak bultzatzea, batez ere, elkarteak osatzen dituzten bazkideen interes profesional eta ekonomikoak erkidegoan, erkidegoz gaindi eta Europa mailan ordezkatu, babestu eta koordinatzeko direnak, eta garraiolarien lana garatu eta baldintza hobeagoetan egin ahal izateko bideratzen direnak.

Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistemaren euskarrietako bat, hain zuzen ere, elkarte profesional eta enpresarialak ditugu, garraioen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoen eta garraio arloko ekonomiako eta gizarteko agenteen arteko harreman eraginkorrerako funtsezko direla erakutsi baitute. Elkarte horiek betetzen duten paperaren garrantzia oso nabarmena da, batez ere garraio arloak Euskadin duen egituraketa eskasa kontuan izaten badugu; gogoan izan behar baita gurean enpresa txiki larregi dagoela.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren bidez, errepideko garraioaren arloan elkartegintza bultzatzeko neurriak hartzen jarraitu nahi du, eta horretarako, ezinbestean, ezarritako helburuekin bat etorriko diren laguntzak emateko sistema arautu beharra dago.

Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan errepideko garraioaren arloan elkarte profesional eta enpresarialentzat laguntza ekonomikoak emateko era bat ezartzea da, elkarte horiek, garraio arloak dituen zenbait gabezia neurri batean konpontzeko beharrezko diren ekimenak abiarazi ditzaketela uste baita.

Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (EHAA, 22. zenbakia, 2008ko urtarrilaren 31koa). Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.

Ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4.1. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,

  1. Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren eta jarduera osagarrien arloko elkarte profesional eta enpresarialei, horien federazio eta konfederazioei, eta kooperatiben federazio eta konfederazioei 2011n laguntzak emateko deia egitea.

  2. Agindu honetan jasotako ondorioetarako, garraioko enpresa edo-eta profesionalek osatzen dituzten eta helburu gisa garraio arloaren interesak ordezkatu eta defendatzea duten elkarteak hartuko dira errepideko garraio arloko elkarte profesional eta enpresarialtzat.

  3. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun eta hogeita bost mila (125.000) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetik hartuta.

  1. Agindu honetan araututako laguntzak eskatzeko, aurreko artikuluan adierazitako elkarteek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

    1. 2011ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik legez eratuta egotea.

    2. Elkartearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

    3. Errepideko garraioaren arloko interes sozio-ekonomikoen defentsa eta ordezkaritzarekin lotuta egotea elkartearen helburua.

    4. Irabazteko xederik ez izatea.

    5. Jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea eta Erkidegoko hiru lurralde historikoetan egotea, 2011ko urtarrilaren 1aren aurretik hasita.

    6. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

    7. Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

  2. Aurreko paragrafoan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko batasun, federazio edo bestelako erakundeetan sarturik dauden elkarteek ere eska ditzakete laguntza hauek, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko ordezkaritzak eragindako gastuak ordaintzeko.

  1. 2011. urtean lagundu ahal izango diren gastuak eta laguntzen gehieneko mugak ondoko hauek dira:

    1. Garraio-lanean jarduteko baldintzak, eta garraio arloko baldintza sozio-ekonomikoak sustatu eta hobetzeko diren azterlan edo prestakuntza-jarduerak egiteko direnak.

      Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.

    2. Bazkideak nazioartera ateratzea bultzatzeko direnak eta garraioei buruzko azoka eta erakustaldietan, erkidego, estatu nahiz atzerrikoetan parte hartzeko eta antolatzeko direnak.

      Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.

    3. Elkartearen jarduerak eta garraioarekin zerikusia duten albisteak sustatu eta hedatzeko elementuetarako direnak.

      Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.

    4. Honako gastu orokor hauek:

      Langile-gastuak, kaleratze eta erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainak izan ezik

      Garraio publikoan egindako bidaia-gastuak

      Errentamenduak eta kanonak

      Entitate eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak

      Aseguruak

      Komunikazioak

      Bulegoko materiala, fotokopiak eta inprenta

      Hornidurak

      Beste entitate batzuetako kide izateagatiko kuotak

      Diru-laguntza, gehienez ere, gastuen % 50ekoa izango da.

  2. Pertsona bakar batek ezin izango du sekula 100.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso.

  3. Edonola ere, eta laguntza kalkulatzeari dagokionez, ez dira kontuan hartuko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren ustez elkartearen funtzionamendu edo ordezkaritzarako beharrezko ez diren gastuak.

Agindu honetan araututako laguntzak banaketa proportzionalaren sistemari jarraituz banatuko dira; hau da, 6. artikuluan adierazten diren irizpideen arabera egindako balorazioaren proportzioan banatuko da dirua, betiere gehienez ere zenbat eman daitekeen edo, eskatutakoa gutxiago bada, zenbat eskatu den kontuan hartuta.

Eskabideak aztertzeko balorazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko hiru teknikarik osatuko dute, eta Garraioetako zuzendariak izendatu beharko ditu. Batzordearen lana izango da, batetik, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, Agindu honen 6. artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta Garraioetako zuzendariari aurkezteko ebazpen-proposamena prestatzea. Proposamen horretan, laguntzarik eman behar bada, onuradun bakoitzari zenbat dagokion adierazi beharko da, eta emandako diru-laguntzak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko Agindu honetan aurreikusitako beste edozein baldintza ere jaso ahal izango da. Balorazio-batzordea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera osatuko da.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko betiere hirugarren artikuluan ezarritako mugaren barruan irizpide hauek hartuko dira kontuan:

  1. Elkarte eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere puntuazio osoaren % 25).

  2. Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoan eta arlo jakin horretan zenbateraino errotu den; horretarako kontuan hartuko dira, besteak beste, bazkide kopurua batez ere emakumeak zenbat diren eta guztien artean dituzten ibilgailuak, kide diren enpresen kopurua, dauzkaten lokalen kopurua, edo lanean zenbat jende duten, etab. (gehienez ere puntuazio osoaren % 25).

  3. Elkarteak sustatu edota garatzen dituen jardueren garrantzia, horretarako kontuan izango direlarik, besteak beste, ikastaroen, azterlanen, jardunaldien, parte hartutako azoka eta lehiaketen, sustapenerako argitalpen eta ekintzen kopurua eta garrantzia. Era berean kontuan izango dira garraio sektorerako berdintasun-plan edo programak, bai eta emakumeen eta gizonen arteko aukera eta tratu-berdintasuna sustatu eta bermatzeko neurriak (gehienez ere, puntuazio osoaren % 25).

  4. Elkartekideei eskaintzen zaizkien zerbitzuak (puntuazio osoaren % 15).

  5. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Euskadin garraio arloa modernizatu eta hobetzeko bultzatu dituen jarduera eta ekimenetan elkarte eskatzaileak zenbateraino jardun duen Sailarekin elkarlanean; horretarako kontuan izango dira, besteak beste, bileretara, jardunaldietara, foroetara joan izana eta parte hartu izana, azterlanak, etab. (Gehienez ere puntuazio osoaren % 10).

  1. Izapidetze elektronikoa administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautzen dute.

  2. Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

    Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.neteko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.net/r33-2287/eu/contenidos/ayuda_subvencion/asociaciones_2010/eu_ay_trans/abandono_2011.html.

    Eskabidea egiteko bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik. Era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du interesdunak; horretarako, organo eskudunari horren berri eman eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du. Hala ezartzen dute Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 4.4 eta 21.2 artikuluek, hurrenez hurren.

  1. Eskabideak, eranskinean datorren eskabide-orria behar bezala beteta, paperean aurkeztu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) entregatu ahal izango dira edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari helaraziko zaizkio. Eskabidearen eredua agindu honen I. eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.neten barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.

    Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 7. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.

  2. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

  3. Eskabidea erakundearen legezko ordezkariak sinatu beharko du, eta honako agiri hauek batera aurkeztu beharko da:

    1. Erakundeak ekonomia-ekitaldian burutu dituen edo burutu nahi dituen jarduera eta ekimenei buruzko memoria zehatza, hirugarren puntuan aurreikusitakoari jarraituz lagundu daitezkeen gastuak azalduko dituena. Memoria horretan, ondoko zertzelada hauek guztiak jasoko dira: jarduerak burutzeko datak, giza-baliabideak (langileak) eta baliabide materialak (lokalak, bulegoak, etab.), elkartekideen edo bazkideen kopuru eta zerrenda, ekitaldirako sarrera eta gastuen aurrekontua, helburu bererako lortutako diru-laguntzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren jarduerekin izandako lankidetza, eta laguntzaren premia eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen gainerako kontu guztiak, II. eta III. eranskinetan datozen ereduen arabera.

    2. Eraketa-aktaren kopia eta administrazio-organo eskudunak ikus-onetsitako estatutuen kopia.

    3. Erakundea batasun, federazio edo bestelako erakunderen batean sarturik dagoela egiaztatzen duen agiria, hala badago.

    4. Zerga-identifikazioko txartelaren fotokopia.

    5. Elkartea Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela frogatzen duten agiri gaurkotuak.

    6. Agindu honetan aurreikusitako laguntzez baliatzeko erakundeak edo elkarteak hartutako erabakiaren ziurtagiria.

  4. Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko zaio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1995 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

  5. Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  6. Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak berariaz onartu ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazioaren zati bat eskuratzeko edo egiaztatzeko aukera, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

  7. Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz.

  8. Ondoren zehaztuko diren betebeharrak egiaztatzeko aski izango da erantzukizunpeko adierazpen eskabidearekin bat aurkeztea; eredua eskabidearekin batera dator:

    1. Helburu bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabideren bat eskatu dela eta, jaso bada, administrazio edo ente publikoek nahiz pribatuek eman, horren berri ematea.

    2. Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta.

    3. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetan Seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

      Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

  9. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

  1. Diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraioetako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari.

    Ebazpena azaroa amaitu baino lehen hartuko da, eta interesdunei banaka jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako eran.

    Ebazpenean horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

  2. Aurreko atalean ezarritako epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  3. Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

  4. Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.

Dirua dena betera ordainduko da, diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gastuak egin eta agiri bidez justifikatutakoan, fakturak nahiz diruz laguntzekoak diren gastuen egiaztagiriak aurkeztuz, eta edonola ere, 2011ko abenduaren 31 baino lehen.

  1. Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk ematen duen beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin, agindu honen bidez lagun daitezkeen gastuak estaltzeko bada.

  2. Hala ere, laguntza horiek jasotzen badira, Sailak diru-laguntzarako kontuan hartutako gastuen eta beste erakunde batzuek emandako laguntzen arteko aldeari aplikatuko zaio agindu honen 3. artikuluan adierazitako gehieneko ehunekoa.

Laguntza-programan aurreikusitako jarduerak 2011n burutu beharko dira.

  1. Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituzten elkarteek honako betebeharrok izango dituzte:

    1. Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.

    2. Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

    3. Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.

    4. Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.

    5. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

    6. Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematekoan, eta garraioaren inguruko albisteetan, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.

  2. 2012ko martxoaren 31 baino lehen ondoko agiri hauek bidali beharko dituzte Garraio Zuzendaritzara erakunde onuradunek:

    1. Egindako lanak eta aurrekontutik zenbat gastatu den azaltzen duen txostena, xehetasun guztiekin.

    2. Entitatearen egiaztagiria aurkeztutako diru-sarrerak eta gastuak urteko kontuekin bat datozela egiaztatzen duena, laguntza 45.000 eurotik gorakoa denean.

  3. Artikulu honen 1.e puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

Onuradunak Agindu honetan, diru-laguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

Lehenengoa. Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.