- AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan kalitatezko kudeaketarako eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezartzeko laguntza-programa bat sortzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan kalitatezko kudeaketarako eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezartzeko laguntza-programa bat sortzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 170
- Hurrenkera-zk.: 4318
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/07/27
- Argitaratze-data: 2011/09/07
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Kalitatezko kudeaketarako eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak, zerbitzua emateko garaian segurtasuna, kalitatea, gardentasuna eta bizkortasuna handitzeko ezarri nahi dira Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien garraio publikoko enpresetan; alde batetik, positiboa da garraio-enpresentzat, enpresa modernizatzeko aukera emango diolako, zerbitzuak bezeroak nahi duen bezala eta eskatzen duen kalitatearekin kudeatu eta emateko sistema batekin; eta bestetik, erabiltzailearentzat ere onuragarri da, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoa jasoko duelako.
Ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezartzeak ere helburu bera dauka; sistema horiek ingurunea zaintzeko konpromisoa erakusten duen sistema eraginkor bat jartzen du enpresaren esku, ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketen jarduerak, lehengaiak eta zerbitzuak kontrolatzeko mekanismoak errazten dizkio, eta aldi berean, ingurumenaren arloan indarrean dauden arauak betetzekoa, horrekin garraio-sistema iraunkor bat erdiesten laguntzen delarik.
Kalitatea enpresa-kudeaketa onaren sinonimo da, eta horrek produktu eta zerbitzu lehiakorragoak izatea esan nahi du. Hain aldakorra, eta gero eta globalagoa eta lehiakorragoa den testuinguru batean enpresa kudeatzeko erak berebiziko garrantzia dauka.
Laguntza-programa Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako helburu, estrategia eta ekintza-lerroen ondorio da, garraio iraunkorragoa lortzen laguntzen baitu, eta garraioaren modernizazioa bultzatzen; eta, hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko bidaiarien eta merkantzien garraio publikoaren modernizazioa, garraio sektorean kalitate eta ingurumen ziurtagiriak lortzea sustatuaz.
Horiek horrela, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari iruditzen zaio laguntza-programa bat ezarri behar dela, teknologia berri horiek ezartzea garraiolarientzat hain garesti gerta ez dadin.
Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (EHAA, 22. zenbakia, 2008ko urtarrilaren 31koa). Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.
Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2006ko abenduaren 15ean onartutako 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (EBAO L 379, 2006-12-28) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.
Ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,
Agindu honen helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraio publikoko enpresetan, eta zehatzago esanda, ibilgailu astunetan egiten den salgaien garraioan eta bidaiarien garraioan dihardutenetan, kalitatezko kudeaketarako eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezar daitezen bultzatzea. Laguntzak enpresaz kanpoko profesionalek edo kontsultore adituek 2011n zehar proiektuak egiteko izango dira, eta honakoak sartuko dira diruz laguntzekoak diren ekintzen artean:
Kalitatezko kudeaketarako sistemak eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezartzeko proiektuetan kanpoko aholkularitzak eragindako gastuak.
Kalitateari buruzko auditoriak direla-eta sortutako gastuak eta enpresak kasuan kasuko erakundeen ziurtagiria lortzeko edo-eta horien aurrean erregistratzeko gastuak.
Diruz lagunduko diren sistemak:
Kalitatearen ISO 9001 eta ingurumenaren ISO 14001 arauak, biak hartuko dituen sistema.
ISO 9001 arauan oinarritutako kalitatezko kudeaketarako sistema.
Lehendik ISO 9001 araua ezarrita dutenentzat, ISO 14001 arauan oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.
ISO 14001 arauan oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.
EMAS araudian oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.
Ekoscan 2004 arauan oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.
EN-UNE 13816 kalitate-sistema.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko hogeita hamar mila (30.000) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.
Agindu honetan araututako laguntzak arestian diruz lagundu daitezkeen ekintzen bat egiten duten legez gaitutako pertsona fisiko eta juridikoak jaso ahal izango dituzte, baldin eta eskakizun hauek ere betetzen badituzte:
Enpresa txiki edo ertaina izatea; halakotzat hartzeko eskakizun hauek bete beharko dituzte:
250 langile baino gutxiago izatea.
Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
Aurreko eskakizunetako bat betetzen ez duen enpresa batek edo enpresa multzo batek ez izatea, ez zuzenean, ez zeharka, enpresaren % 25eko partaidetza edo gehiagokoa.
Interpretazio arazorik sortuz gero, enpresa txiki eta ertainak definitzeko Europar Batzordearen maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioa edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartu beharko dira kontuan.
Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
Pertsona fisiko, sozietateek eta elkarlaneko kooperatibek, bere izenean gutxienez baimen bat eta baimen horren gutxienez bost kopia izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko edo gidaria barne dela 9 jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan bidaiariak garraiatzeko. Antzinatasuna egiaztatutzat joko da bazkide guztiek hala egiaztatzen badute.
Merkaturatzeko sozietate edo garraiolarien kooperatiba bat bada, bazkide edo kooperatibistek artikulu honen e) idatz-zatian aipatutako motako baimen bat izan beharko dute gutxienez.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Derrigortuta dauden pertsonek, urteko kontuak aurkeztu eta uzteari buruzko merkataritzako betebeharrak betetzea.
Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
Izapidetze elektronikoa administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautzen dute.
Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.
Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.neteko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.net/r33-2287/eu/contenidos/ayuda_subvencion/copy_of_calidad_ayudas/eu_calidad/abandono_2011.html.
Eskabidea egiteko bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik. Era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du interesdunak; horretarako, organo eskudunari horren berri eman eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du. Hala ezartzen dute Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 4.4 eta 21.2 artikuluek, hurrenez hurren.
Eskabideak, eranskinean datorren eskabide-orria behar bezala beteta, paperean aurkeztu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) entregatu ahal izango dira edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari helaraziko zaizkio. Eskabidearen eredua agindu honen I. eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.neten barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.
Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
Eskabidea, behar bezala beteta (Aginduaren eranskinean dator eredua).
Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFK.
Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.
Sozietatea eratzeko eskritura edo, hori aldatu bada, ondorengoa, eskabidea aurkezteko egunean akzioen banaketa nola dagoen ikusteko eta Merkataritza Erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzeko. Horrekin batera sozietatearen estatutuak ere aurkeztu beharko dira.
Garraiolarien kooperatiben edo elkarlaneko kooperatiben kasuan, eratzeko eskritura, sozietatearen estatutuak eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.
Eskatzailea pertsona juridikoa bada, TC1 eta TC2, eta langile autonomoen erregimen berezia hautatu duten elkarlaneko kooperatiben kasuan, eskabidea egin den aurreko hileko ordainagiria.
Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren azken ordainagiriaren kopia.
Eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela adierazten duten Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria.
Urteko kontuak aurkeztu eta gordailutzeko merkataritzako betebeharrak betetzen dituela erakusten duen egiaztagiria (horretara derrigortuta dagoenak).
Diruz laguntzekoak diren gastuen aurrekontua edo faktura, proformakoa nahiz behin betikoa.
Memoria teknikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:
Proiektuaren azalpena, fase eta epeekin.
Kontsultorearen datuak.
Proiektua estrategikoa dela erakusten duten arrazoiak eta enpresaren lehiakortasuna hobetzen zenbateraino lagunduko duen azaltzeko xehetasunak.
Exijitutako baimen kopuruaren titular dela egiaztatzea.
Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak berariaz onartu ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazioaren zati bat eskuratzeko edo egiaztatzeko aukera, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz.
Ondoren zehaztuko diren betebeharrak egiaztatzeko aski izango da erantzukizunpeko adierazpen eskabidearekin bat aurkeztea; eredua eskabidearekin batera dator:
Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eskatu edo jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.
Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta.
Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetan Seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1995 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak proiektuaren kostu osoaren % 25 ordaintzeko izango dira, gehienez ere 4.000 euro onuraduneko, eta ez da itzuli beharrik izango.
Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.
Agindu honen arabera emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste pertsona fisiko edota juridikoek emandako beste batzuekin, baina guztira jasotako diru kopuruak ezin izango du gainditu diruz laguntzekoa den jardueraren kostua. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso de minimis laguntzetan. Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz diru-laguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, Agindu honi esker emandako diru-laguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.
Garraio eta Herri Lanetako zuzendariaren ebazpenaz emango dira diru-laguntzak eta ebazpen horrek ez< du amaituko administrazio-bidea eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari, hilabeteko epearen barruan.
Ebazpena azaroa amaitu baino lehen hartuko da, eta interesdunei banaka jakinaraziko zaie azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako eran.
Ebazpenean horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.
Aurreko atalean ezarritako epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.
Dirua dena betera ordainduko da, diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gastua faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan. Nolanahi ere, eskabidearekin aurkeztu ez bada behintzat, behin betiko faktura 2011ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da.
Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:
Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.
Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.
Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.
Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
Artikulu honen 1.e puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
Onuradunak Agindu honetan, diru-laguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
Lehenengoa. Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak Agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
(Ikus .PDF)


