- AGINDUA, 2011ko abuztuaren 30ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deia egiten zaie Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei, 2011-2012 ikasturtean atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroak eta berrikuntza-jarduerak egin ditzaten. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko abuztuaren 30ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deia egiten zaie Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei, 2011-2012 ikasturtean atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroak eta berrikuntza-jarduerak egin ditzaten.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 180
- Hurrenkera-zk.: 4608
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/08/30
- Argitaratze-data: 2011/09/21
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa
Testu legala
Lanbide Heziketa ahalegin handia egiten ari da Europan, Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan bere araudia, curriculuma eta baliabide materialak produkzio-sistemak eta gizarteak ezartzen dizkioten prestakuntza-eskaeretara egokitzeko.
Gure hezkuntzako arau-esparruari dagokionez, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko 5/2002 Lege Organikoak kualifikazio-sistema oso bat arautzen du. Kualifikazio-sistema hori hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketari nahiz enplegurako Lanbide Heziketari dagokie, eta prestakuntzako baliabideak optimizatzera, ikaskuntzako emaitzak hobetzera eta, azken batean, gure profesionalentzat kualifikazio-maila gorena lortzera bideratuta dago.
Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoak (LOE) eta hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketa arautzen duen 1538/2006 Errege Dekretuak lanbide-heziketako titulu berriak emateko oinarriak ezarri dituzte. Titulu horiek ordeztu egingo dituzte, era progresiboan, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako 1/1990 Lege Organikoa (LOGSE) aplikatzeko eta garatzeko ezarri ziren tituluak.
Ildo horretan, Ekonomia Jasangarriari buruzko 2/2011 Legeak honako xede hauek ezartzen ditu 72. artikuluaren e) eta g) idatzi-zatietan: «berrikuntzaren eta ekimen ekintzailearen eremuetan lanbide-heziketak duen egitekoa sustatzea eta bultzatzea», eta «Europan kalitatearen arloan dauden gidalerroei jarraituz, lanbide-heziketaren kalitatea bermatzea, bikaitasuna goi-mailara eramateko».
Horiek horrela, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak eta diru-laguntzak arautzen ditu) xedatutakoarekin bat hau
Atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroak eta berrikuntza-jarduerak sustatzea xede duten diru-laguntzetarako deia egiten da, 2011-2012 ikasturterako; halako jarduerak beharrezkoak dira, izan ere, Lanbide Heziketaren prestakuntza-eskaintza produkzio-sistemaren premietara egokituko bada.
2010-2011 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak itunduta edo hitzartuta dituzten ikastetxe pribatuak eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoak dira diru-laguntzetarako agindu honen onuradun.
Agindu honetan, diruz laguntzeko moduko ekintzak dira:
Atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroak.
Ikastaroetako irakasleen nomina-gastuak baino ez dira diruz lagunduko.
Berrikuntza-jarduerak, ondoren zehazten diren eremuetan garatzekoak badira eta ikastetxearentzat intraneteko eta interneteko konexio-gastuak sortzen badituzte. Diruz laguntzekoak dira, orobat, jarduera horietarako behar diren langileen nominak. Berrikuntza-jarduerak eremuotan garatu behar dira:
Ikastetxearen informatika-sarea administratzea.
Ikastetxeetan informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien (IKTB) erabilera dinamizatzea.
Irakaste- eta ikaste-prozesuko berrikuntza-jarduerak.
Kultura ekintzailea sustatzea.
Teknologia-berrikuntza.
Kudeaketa-sistemak ziurtatzea.
Artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan zehaztu diren jarduerak justifikatzeko, dagozkien nominak aurkeztu beharko dira; 2. paragrafoaren a) eta b) idatzi-zatietan adierazitako jardueretarako, berriz, konexio-gastuen fakturak ere aurkeztu beharko dira.
Agindu honetako jarduerak diruz laguntzeko izendatu den zenbatekoa, guztira, bi milioi hirurehun eta hogeita bi mila ehun eta hogeita hemezortzi (2.322.138) eurokoa da; horietatik seiehun mila (600.000) euro 3.1 artikuluan aurreikusi diren jardueretarako izango dira, eta milioi bat zazpiehun eta hogeita bi mila ehun eta hogeita hemezortzi (1.722.138) euro 3.2 artikuluan aurreikusi direnetarako.
Diru-laguntzak jaso ahal izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:
Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zergak ordainduta izatea. Hori egiaztatzeko, 293/1987 Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailak horretarako bereziki ezarritako araudian ezarritakoa bete beharko da (293/1987 Dekretua, hezkuntza-itunen erregelamendua onartzekoa).
Diru-laguntzak eta laguntzak onuradunei esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza edo diru-laguntzengatik hasi eta oraindik ere izapidetzen ari den prozedura oro.
Gainera, atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroek, agindu honetako 3.1 paragrafoan zehaztu direnek, eskakizun berezi hauek bete beharko dituzte:
Ikastaro horiek 2010-2011 ikasturtean heziketa-zikloren bateko lehen mailan matrikulatuta egon diren eta 2011-2012 ikasturtean bigarren mailara igo diren ikasleentzat izan behar dute.
Ikastaro horiek, ikastetxe bakoitzari dagokionez, 2011ko irailetik 2012ko martxora bitartean (biak barne) antolatuta egon behar dute, eta heziketa-zikloko irakastorduetatik kanpo eskaini behar dira.
Ikastaroek 120 irakastorduko iraupena izan behar dute.
Ikastaroetarako matrikula egiteak borondatezkoa eta doakoa izan behar du, baina eskoletara joateak derrigorrezkoa.
Taldeko, 10-15 ikasle izan behar dituzte.
Irakasleek, gutxienez, Hizkuntzen Europako erreferentzia-esparru bateratuko B2 mailari dagokion hizkuntza-ziurtagiria izan beharko dute.
Diru-laguntzak atzerriko hizkuntza indartzeko talde guztientzat iristen ez badira, erdi-mailako zikloetan matrikulatutako ikasleek izango dute lehentasuna.
Lanbide Heziketako Zuzendaritza izango da diru-laguntza emateko organo instruktorea.
Balorazio-batzorde batek aplikatuko ditu agindu honetan balorazioa eta hautaketa egiteko jasotzen diren irizpideak. Hauek izango dira batzorkide:
Lanbide Heziketako zuzendaria; lehendakaria izango da.
Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna.
Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko Lanbide Heziketako Zuzendaritzako teknikari bat.
Lanbide Heziketako Zuzendaritzako teknikari bat; idazkari izango da; iritzia ematerik izango du, baina botorik ez.
Ikastetxe bakoitzean atzerriko hizkuntza indartzeko zenbat talde hautatuko diren zehazteko, hau izango da irizpidea: 2010-2011 ikasturtean ikastetxe guztietan matrikulatu diren ikasleak kontuan hartuta, ikasturte horretan ikastetxe bakoitzean matrikulatu diren ikasleen proportzioa.
Goiko paragrafoan lortutako koefizienteak handiagora edo txikiagora biribilduko dira, 4. artikuluko aurrekontu-izendapena kontuan hartuta zenbatekoa den gehieneko talde-kopurua.
Ikastetxe bakoitzean gutxienez talde batek jasoko du diru-laguntza; horretarako, ordea, nahitaezkoa izango da eskaera gutxienez 10 ikaslek egina izatea.
Diru-laguntza 4.800 eurokoa izango da ikastetxe batean hautatzen den talde bakoitzeko.
artikulula. Berrikuntza-jarduerak baloratzeko irizpideak.
Berrikuntza-jarduerei dagozkien diru-laguntzak kalkulatzeko, irizpideok hartuko dira kontuan:
2010-2011 ikasturtean eman eta itundu edo hitzartu diren heziketa-ziklo desberdinen kopurua; % 35ekoa izango da balio haztatua.
2010-2011 ikasturtean LOE tituluei lotutako heziketa-zikloek ordeztu dituzten LOGSE tituluei lotutako heziketa-zikloak, paragrafo honetako heziketa-zikloen kopurua kalkulatzeari dagokionez, ziklo bera direla joko da.
Heziketa-ziklo desberdinen kopuru handiena lortzen duen ikastetxeari egingo zaio adierazitako baloraziorik handiena, eta gainerakoak, proportzio sinple baten bidez baloratuko dira.
Heziketa-zikloetan 2010-2011 ikasturtean matrikulatutako ikasleen kopurua; % 10ekoa izango da balio haztatua.
Matrikulatuta ikasle gehien dituen ikastetxeari egingo zaio adierazitako baloraziorik handiena, eta gainerakoak, proportzio sinple baten bidez baloratuko dira.
Kudaketa-sistemen ziurtagiriak: % 16ekoa izango da balio haztatua. Ziurtagiri horiek honela baloratuko dira:
ISO 9001 ziurtagiria, kalitatearen kudeaketari buruzkoa: % 4ko balio haztatua.
EFQM ziurtagiriari % 4ko balio haztatuta emango zaio puntuazioa 500ekoa edo 500etik gorakoa bada, eta % 2koa puntuazioa 400etik 500era artekoa bada (biak barne).
ISO 14001 ziurtagiria, ingurumenaren kudeaketari buruzkoa: % 4ko balio haztatua. ISO 14001 ziurtagiria izan ezean, Ekoscan ziurtagiriak izango du % 2ko balio haztatua.
OHSAS ziurtagiria, laneko osasun eta segurtasunari buruzkoa: % 4ko balio haztatua.
Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-jardueretan 2008-2009, 2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteetan parte hartu izana: % 14ko balio haztatua.
Jarduera horietan parte hartu izana baloratzeko, irizpideok hartuko dira kontuan:
Ikastetxeak Gaitasuna Ebaluatu eta Aitortzeko Sisteman parte hartu izana: % 4ko balio haztatua. Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziak egingo du, ofizioz, parte hartze horren ziurtagiria.
Urratsbat ekintzailetzako proiektuetan edo Europako Enpresa Gaztea (EGG) programa ezartzen parte hartu izana: % 4ko balio haztatua: Proiektu horietan parte hartu izana agiri bidez ziurtatuko da; Tknika-rekin egindakoak, ordea, ofizioz ziurtatuko dira.
Tknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak sustatutako berrikuntza-proiektuetan parte hartu izana: % 6ko balio haztatua. Proiektu horietan parte hartu izana ofizioz ziurtatuko du Tknika-k.
Etengabeko prestakuntzan eta lanerako prestakuntzan parte hartu izana: % 25eko balio haztatua.
Jarduera horietan parte hartu izana baloratzeko, irizpideok hartuko dira kontuan:
Batu egingo dira INEMek eta Lanbidek ziurtatutako orduak eta Hobetuzek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren 2009ko eta 2010ko deialdien bitartez emandakoak. Deialdi horiek, hurrenez hurren, 2009ko urriaren 23ko EHAAn eta 2010eko urriaren 13ko EHAAn argitaratu ziren. INEMen bidez egindako ikastaroak agiri bidez justifikatu beharko dira; gainerakoak, ofizioz justifikatuko dira.
Ikastaro horietan ordu-kopuru gehien lortu dituen ikastetxeari egingo zaio adierazitako baloraziorik handiena, eta gainerakoak, proportzio sinple baten bidez baloratuko dira.
Onuradun bakoitzari zenbateko diru-laguntza emango zaion kalkulatzeko, hau izango da irizpidea: agindu honetako 4. artikuluan ezarri den aurrekontu-hornidura ikastetxe bakoitzak lortu duen puntuazioaren arabera banatuko da, zuzeneko proportzioaren arabera. Zenbateko hori ez da inoiz izango ikastetxeak eskatutakoa baino handiagoa.
Interesa duten ikastetxeek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Lanbide Heziketako zuzendariari zuzenduko dizkiote eskabideak, behar bezala beteta, agindu honetako I. eranskinean datorren ereduari jarraituz.
Eskabideak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko dira, ikastetxea zein lurralde-historikotan kokatuta dagoen hango ordezkaritzan, edo, bestela, 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan eta 72/2008 Dekretuak aipatzen dituzten organoren batean (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena eta 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa). Eskabideak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:
Eskatzailearen NANaren fotokopia.
Eskabidea sinatzen duenak laguntza eskatzeko behar besteko ahalordea duela jasotzen duen dokumentazioa, administrazioak konpultsatua.
Azalpen-txostena, atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaro bakoitzari buruzkoa (3.1 artikulua), II. eranskinaren araberakoa.
Azalpen-txostena, berrikuntza-jarduera bakoitzari buruzkoa (3.2 artikulua), III. eranskinaren araberakoa.
Foru Ogasunaren zerga-betebeharrak beteta daudela eta Gizarte Segurantzaren kuotak ordainduta daudela ziurtatzen duten agiriak.
Erantzukizunpeko adierazpena, hau dioena: ikastetxea ez dagoela zehapen penal edo administratibo baten ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduta, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duen inongo legezko debekuren eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean bilduriko debekuak barnean hartuta.
Erantzukizunpeko adierazpena, ikastetxeak beste erakunde pribatu edo publikoren batean helburu bererako beste diru-laguntzaren bat eskatu duen azaltzen duena. Eskatu badu, zehaztu egin beharko du zenbatekoa, eta erosketa-fakturak erantsi.
11. artikulu honetako 3.a) eta 3.b) idatzi-zatietan eskatzen diren agiriak aurkezteari dagokionez, baliozkotzat joko dira honako agindu honetarako aurkeztu izan direnak: 2010eko irailaren 1eko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuek eta udal korporazioen titulartasuneko ikastetxe publikoek 2010-2011 ikasturtean jarduerak garatzeko diru-laguntzetarako deia egiten duena (2010eko irailaren 17ko EHAAn argitaratua). Izan ere, pertsona berak dira 2010eko agindu horren eta 2011ko agindu honen onuradun. Horretarako, ordea, eskaera egiten duen ikastetxeak legezko ordezkari bera izan behar du, nahitaez, deialdi bietan.
Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, ikastetxe interesdunari 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da. (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari, eta, hartan, 13.1 artikuluan adierazten diren datuak jasoko dira.
Deialdia Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak ebatziko du, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpenean, ikastetxe onuradunak eta eman zaizkien diru-laguntzen zenbatekoak zehaztuko dira, bai atzerriko hizkuntzak indartzeko ikastaroei dagokienez (3.1 artikulua) eta bai berrikuntza-jarduerei dagokienez (3.2 artikulua). Ebazpenean, horrekin batera, onartu ez diren eskabideak eta diru-laguntza ukatu zaienak zehaztuko dira, hartarako arrazoiak emanda.
Agindu honen babesean aurkeztu diren eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazpena egiteko epea agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2011ko azaroaren 30ean amaituko da. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan araututakoaren arabera.
Atzerriko hizkuntzak indartzeko ikastaroen (3.1 artikulua) eta berrikuntza-jardueren (3.2 artikulua) diru-laguntzak justifikatzeko, IV. eranskina beteko da. Eranskinarekin batera, agindu honen 1. artikuluan zehaztu den aldiari dagozkion fakturen kopiak aurkeztuko dira, administrazioak konpultsatuta.
Agindu honetako 3. artikuluko bi paragrafoei dagozkien diru-laguntzak bi alditan ordainduko dira, honela:
Lehenengo aldian, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 50 ordainduko da, betiere 18.1 artikuluko epea igaro eta diru-laguntzari uko egin ez bazaio.
Bigarren aldian, gainerako zenbatekoa ordainduko da, diruz lagundu diren jarduerek sortutako gastuak agiri bidez justifikatu ondoren, 14. artikuluarekin bat; agiri horiek 2012ko urriaren 15a baino lehen aurkeztuko dira.
Artikulu honetan aipatutako lehenengo ordainketei edo aurreratutako ordainketei dagokienez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako bermeak aurkeztu beharko dira (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.).
16 artikulua. Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.
Laguntzak ezeztatu egingo dira baldin eta ikastetxe onuradunek bete gabe uzten badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak, eta laguntzak ez badituzte erabiltzen aurkeztutako proiektuan zehaztutako helburuetarako.
Hori dela eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.
Diru-laguntza ematerakoan kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuliko zaizkio. Hala ezartzen dute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen bermeak eta itzulketak arautzen dituen 698/1991 Dekretuak.
Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, aldatu egin ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena ere, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak errespetatzen badira.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da gehienez jarrita dagoen mugaraino.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
Onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Horretarako, diru-laguntzaren esleipena EHAAn argitaratu eta hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.
Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman egin beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribaturengandik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako Zuzendaritzari.
Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako Zuzendaritzari.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «lanbide-heziketako jarduerak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Lanbide Heziketako Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideak Lanbide Heziketako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hau da helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Lanbide Heziketako Zuzendaritzari aurkeztu diren agiriak egiazkoak diren frogatzeko beste erakunde publiko batzuetara jo dezaten.
Lehenengoa. Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Aurka egiteko, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean zenbatzen hasita.
Bigarrena. Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.
Hirugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko abuztuaren 30a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)


