- AGINDUA, 2011ko abuztuaren 30ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuetan eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan obrak egiteko eta ekipamendua erosteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena (2011. urtea). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko abuztuaren 30ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuetan eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan obrak egiteko eta ekipamendua erosteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena (2011. urtea).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 180
- Hurrenkera-zk.: 4609
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/08/30
- Argitaratze-data: 2011/09/21
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak; Hezkuntza; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Lanbide Heziketa ahalegin handia egiten ari da Europan, Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan bere araudia, curriculuma eta baliabide materialak produkzio-sistemak eta gizarteak ezartzen dizkion prestakuntza-eskaeretara egokitzeko.
Gure hezkuntzako arau-esparruari dagokionez, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko 5/2002 Lege Organikoak kualifikazio-sistema oso bat arautzen du. Kualifikazio-sistema hori hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketari nahiz Enplegurako Lanbide Heziketari dagokie, eta prestakuntzako baliabideak optimizatzera, ikaskuntzako emaitzak hobetzera eta, azken batean, gure profesionalentzat kualifikazio-maila gorena lortzera bideratuta dago.
Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoak (LOE) eta hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketa arautzen duen 1538/2006 Errege Dekretuak lanbide-heziketako titulu berriak emateko oinarriak ezarri dituzte. Titulu horiek ordeztu egingo dituzte, era progresiboan, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako 1/1990 Lege Organikoa (LOGSE) aplikatzeko eta garatzeko ezarri ziren tituluak.
Ekonomia eta hezkuntza etengabe aldatzen ari diren honetan, heziketa-zikloen eskaintzak eskatzen du instalazioak eta ekipamendua eguneratzen ahalegintzea, heziketa-zentroen errealitatea enpresaren produkzio-mundura gerturatu ahal izateko. Helburu horri erantzun nahi zaio, hain zuzen ere, Agindu honen bitartez.
Hori horrela, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak xedatutakoarekin bat (Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak eta diru-laguntzak arautzen ditu) hau
Agindu honen xedea da diru-laguntzak ematea, batetik, LOE ziklo berrietarako instalazioak egokitzeko obrak burutzeko, eta, bestetik, Lanbide Heziketako LOGSE eta LOE heziketa-zikloak emateko beharrezkoa den ekipamendua erosteko.
2010-2011 ikasturtean heziketa-zikloak itunduta edo hitzartuta dituzten ikastetxe pribatuak eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoak dira diru-laguntzetarako agindu honen onuradun.
Ekintza hauek jaso ahal izango dute diru-laguntza:
Ikastetxeen instalazioak 2010-2011 ikasturtean ezarritako LOE heziketa-ziklo berrietara egokitzeko beharrezkoak diren obrak.
Lanbide Heziketako LOGSE eta LOE heziketa-zikloak emateko beharrezkoa den ekipamendua erostea.
Agindu honen xedea obrak egitea eta ekipamendua erostea 2011. urtean zehar gauzatu behar da.
Agindu honetako laguntzen zenbatekoa, guztira, hiru milioi seiehun eta berrogeita hemezortzi mila (3.658.000) eurokoa izango da. Agindu honen 3.1.a) artikuluan adierazitako ekintzak diruz laguntzeko erabiliko den zenbatekoa hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa izango da; eta 3.1.b) artikuluan adierazitako ekintzetarako, berriz, hiru milioi hirurehun eta zortzi mila (3.308.000) euro erabiliko dira.
Diru-laguntzak jasotzeko, ikastetxe onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:
Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zergak ordainduta izatea. 293/1987 Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailak horretarako bereziki ezarritako araudian ezarritakoaren arabera egiaztatu beharko da hori (293/1987 Dekretua, hezkuntza-itunen erregelamendua onartzekoa).
Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasi eta artean izapidetzen ari direnak.
Lanbide Heziketako Zuzendaritza izango da diru-laguntza emateko prozedura honetako organo instruktorea.
Balorazio-batzorde batek aplikatuko ditu agindu honen 7. eta 8. artikuluetan jasotzen diren balorazio-irizpideak. Hauek izango dira batzordekide:
Lanbide Heziketako zuzendaria; lehendakaria izango da.
Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna.
Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko Lanbide Heziketako Zuzendaritzako teknikari bat.
Lanbide Heziketako Zuzendaritzako teknikari bat; idazkari izango da; iritzia ematerik izango du, baina botorik ez.
Hauek izango dira agindu honen 3.1.a) idatzi-zatian adierazitako obren diru-laguntzetarako balorazio-irizpideak:
2010-2011 ikasturtean eman eta itundu/hitzartu diren LOE heziketa-zikloen kopurua; % 45ekoa izango da balio haztatua.
LOE tituluen heziketa-zikloetan matrikulatutako ikasleen kopurua; % 20koa izango da balio haztatua.
Kudeaketa-sistemen ziurtagiriak; % 16koa izango da balio haztatua.
Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-jardueretan 2008-2009, 2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteetan parte hartu izana; % 9ko balio haztatua.
Etengabeko prestakuntzan eta lanerako prestakuntzan parte hartu izana; % 10eko balio haztatua.
Hauek izango dira agindu honen 3.1.b) idatzi-zatian adierazitako ekipamendua erosteko diru-laguntzetarako balorazio-irizpideak:
2010-2011 ikasturtean eman eta itundu/hitzartu diren LOGSE eta LOE heziketa-zikloen kopurua; % 45ekoa izango da balio haztatua.
2010-2011 ikasturtean LOE tituluen heziketa-zikloek ordeztu dituzten LOGSE tituluen heziketa-zikloak, paragrafo honetako heziketa-zikloen kopurua kalkulatzeari dagokionez, ziklo bera direla joko da.
LOGSE eta LOE heziketa-zikloetan matrikulatutako ikasleen kopurua; % 20koa izango da balio haztatua.
Kudeaketa-sistemen ziurtagiriak; % 16koa izango da balio haztatua.
Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-jardueretan 2008-2009, 2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteetan parte hartu izana; % 9ko balio haztatua.
Etengabeko prestakuntzan eta lanerako prestakuntzan parte hartu izana; % 10eko balio haztatua.
Agindu honen 7.1.a) eta 7.1.b) idatzi-zatietan adierazitako heziketa-zikloen kopuruaren balorazioa honela egingo da:
Heziketa-ziklo bakoitzari koefiziente bat emango zaio, hain zuzen ere, I. eranskineko zein talde dagokion kontuan hartuta. Aplikatzeko koefizienteak taula honetan ageri direnak izango dira:
(Ikus .PDF)
Ikastetxe bakoitzaren puntuazioa lortzeko, heziketa-zikloei dagozkien koefizienteak batuko dira, aurreko taulan jasotako balioen arabera.
Ekipamenduaren balorazioari dagokionez, I. eranskinean aplikatutako koefizienteari 1,5 biderkatuko zaio, baldin eta 2010-2011 ikasturtean agindu honen III. eranskineko LOE heziketa-ziklo bat ezarri bada.
Puntuaziorik handiena lortzen duen ikastetxearentzat izango da baloraziorik handiena, eta gainerakoak, proportzio sinple baten bidez baloratuko dira.
Agindu honen 7.1.b) eta 7.2.b) idatzi-zatietan adierazitako ikasle-kopuruaren balorazioa honela egingo da:
Idatzi-zati horietan adierazitako heziketa-ziklo horietako bakoitzean matrikulatutako ikasleen batura egingo da.
Matrikulatuta ikasle gehien dituen ikastetxeari egingo zaio adierazitako baloraziorik handiena, eta gainerakoak, proportzio sinple baten bidez baloratuko dira.
Kudeaketa-sistemen ziurtagirien balorazioa 7.1.c) eta 7.2.c) idatzi-zatietan adierazitakoa honela egingo da:
ISO 9001 ziurtagiria, kalitatearen kudeaketari buruzkoa: % 4ko balio haztatua.
EFQM ziurtagiriari % 4ko balio haztatuta emango zaio 500 puntuko puntuazioa edo 500 puntutik gorakoa lortu duenean, eta % 2koa puntuazioa 400etik 500era artekoa bada (biak barne).
ISO 14001 ziurtagiria, ingurumenaren kudeaketari buruzkoa: % 4ko balio haztatua. ISO 14001 ziurtagiria izan ezean, Ekoskan ziurtagiriak izango du % 2ko balio haztatua.
OHSAS ziurtagiria, laneko osasun eta segurtasunari buruzkoa: % 4ko balio haztatua.
Honela egingo da 7.1.d) eta 7.2.d) idatzi-zatien balorazioa:
Urratsbat ekintzailetzako proiektuetan edo Europako Enpresa Gaztea (EJE) programa ezartzen parte hartu izana: % 4ko balio haztatua: Parte hartu izanaren ziurtagiriaTknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak egingo du.
Tknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak sustatutako berrikuntza-proiektuetan parte hartu izana; % 5eko balio haztatua. Proiektu horietan parte hartu izana ofizioz ziurtatuko du Tknikak.
Agindu honen 7.1.e) eta 7.2.e) idatzi-zatietan adierazitako etengabeko prestakuntzan eta lanerako prestakuntzan parte hartzea honela baloratuko da:
Batu egingo dira INEMek eta Lanbidek ziurtatutako orduak, eta Hobetuz-ek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren 2009ko eta 2010eko deialdien bitartez emandakoak. Deialdi horiek, hurrenez hurren, 2009ko urriaren 23ko EHAAn eta 2010eko urriaren 13ko EHAAn argitaratu ziren. INEMen bidez egindako ikastaroak agiri bidez justifikatu beharko dira; gainerakoak, ofizioz justifikatuko dira.
Ikastaro horietan ordu-kopuru gehien eman dituen ikastetxeari egingo zaio adierazitako baloraziorik handiena, eta gainerakoak, proportzio sinple baten bidez baloratuko dira.
8. artikuluaren 3., 4. eta 5. paragrafoetan eskatutako agiriak aurkezteari dagokionez, baliozkotzat joko da 2010-2011 ikasturteko ekintzetarako diru-laguntzak arautzen dituen deialdian aurkeztutako dokumentazioa, deialdi horren onuradunak agindu honek arautzen duen laguntza-deialdiko berberak baitira. Nolanahi ere, ikastetxe eskatzailea legez ordezkatzen duen pertsona berbera izan behar da bi deialdietan.
Onuradun bakoitzari zenbateko diru-laguntza emango zaion kalkulatzeko, hau izango da irizpidea: agindu honetako 4. artikuluan ezarri den aurrekontu-hornidura ikastetxe bakoitzak lortu duen puntuazioaren arabera banatuko da, zuzeneko proportzioaren arabera. Zenbateko hori ez da inoiz izango ikastetxeak eskatutakoa baino handiagoa.
Interesa duten ikastetxeek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Lanbide Heziketako zuzendariari zuzendu beharko dizkiote eskabideak, behar bezala beteta, agindu honetako II. eranskinean datorren ereduari jarraituz.
Eskabideak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko dira (ikastetxea zein lurralde-historikotan kokatuta dagoen, hango ordezkaritzan), edo, bestela, 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan eta 72/2008 Dekretuak aipatzen duten organoren batean (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena eta 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa). Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:
Eskatzailearen NANaren fotokopia.
Eskabidea sinatzen duenak laguntza eskatzeko behar besteko ahala duela jasotzen duen dokumentazioa, administrazioak konpultsatua.
Azalpen-memoria (III. eranskinaren araberakoa), eskatzen den diru-laguntza zer nolako obra egiteko den adierazten duena.
Azalpen-memoria (IV. eranskinaren araberakoa), diru-laguntza zein ekipamendurako eskatzen den adierazten duena; memoria horretan jaso beharko da ekipamendu horren deskribapen teknikoa eta balorazio ekonomikoa.
Foru Ogasunaren zerga-betebeharrak beteta daudela eta Gizarte Segurantzaren kuotak ordainduta daudela ziurtatzen duten agiriak.
Erantzukizunpeko adierazpena, hau dioena: ikastetxea ez dagoela zehapen penal edo administratibo baten ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduta, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duen inongo legezko debekuren eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean bilduriko debekuak barne.
Erantzukizunpeko adierazpena, ikastetxeak beste erakunde pribatu edo publikoren batean helburu bererako beste diru-laguntzaren bat eskatu ote duen azaltzen duena. Eskatua badu, zehaztu egin beharko du zenbatekoa, eta erosketa-fakturak erantsi.
10. artikuluko 3.a) eta 3.b) idatzi-zatietan eskatzen diren agiriak aurkezteari dagokionez, baliozkotzat joko dira Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuek eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoek 2011-2012 ikasturtean atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroak eta berrikuntza-jarduerak egiteko laguntza-deialdiaren arabera aurkeztu diren agiriak, deialdi horren onuradunak agindu honek arautzen duen laguntza-deialdiko berberak baitira. Nolanahi ere, ikastetxe eskatzailea legez ordezkatzen duen pertsona bi deialdietan berbera izan behar da.
Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, ikastetxe interesdunari 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari, eta, hartan, 12.1 artikuluan adierazten diren datuak zehaztuko dira.
Deialdia Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak ebatziko du, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpenean, ikastetxe onuradunak eta bai obrak egiteko, bai ekipamendua erosteko eman zaizkien diru-laguntzen zenbatekoak zehaztuko dira. Ebazpenean, horrekin batera, onartu ez diren eskabideak eta diru-laguntza ukatu zaienak zehaztuko dira, hartarako arrazoiak emanda.
Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena eman eta jakinarazteko epea 2011ko azaroaren 30ean amaituko da. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo daitezke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
1.a) eta 3.1.b) idatzi-zatietan adierazitako obra eta ekipamenduei dagozkien inbertsioak egiteko diru-laguntzak, V. eranskina beteko da. Eranskinarekin batera, agindu honen 3.2. artikuluan zehaztu den aldiari dagozkion fakturak aurkeztuko dira, administrazioak konpultsatuta.
Ematen diren diru-laguntzen ordainketa aldi bakarrean egingo da, agindu honen 3.1. artikuluan adierazitako inbertsioei dagozkien diru-laguntzak justifikatu ostean. Administrazioaren kopia konpultsatuen bidez egingo da justifikazioa, hain zuzen ere, agindu honen 3.2. artikuluan adierazitako aldiari dagozkion fakturen kopia konpultsatuen bidez.
15 artikulua. Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.
Laguntzak ezeztatu egingo dira baldin eta ikastetxe onuradunek bete gabe uzten badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak, eta laguntzak ez badituzte erabiltzen aurkeztutako proiektuan zehaztutako helburuetarako.
Hori dela eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.
Diru-laguntza ematerakoan kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio. Hala ezartzen dute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen bermeak eta itzulketak arautzen dituen 698/1991 Dekretuak.
Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, aldatu egin ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena ere, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak errespetatzen badira.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da gehienez jarrita dagoen mugaraino.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
Onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Horretarako, diru-laguntzaren esleipena EHAAn argitaratu eta hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.
Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, eman egin beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribaturengandik, agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako Zuzendaritzari.
Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako Zuzendaritzari.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «lanbide-heziketako obrak eta ekipamendua» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen erantzulea Lanbide Heziketako Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideak Lanbide Heziketako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hau da helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Lanbide Heziketako Zuzendaritzari aurkeztu diren agiriak egiazkoak diren frogatzera beste erakunde publiko batzuetara jo dezaten.
Lehenengoa. Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Aurka egiteko, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Bigarrena. Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.
Hirugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko abuztuaren 30a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)


