- AGINDUA, 2011ko irailaren 7koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena eta Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei 2011-2012 ikasturtean zehar egin beharreko Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak garatzeko deia egiten diena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko irailaren 7koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena eta Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei 2011-2012 ikasturtean zehar egin beharreko Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak garatzeko deia egiten diena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 183
- Hurrenkera-zk.: 4664
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/09/07
- Argitaratze-data: 2011/09/26
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 1996ko martxoaren 26ko Aginduaren bitartez, osasuna sustatu eta arlo horretan hezteko lankidetza-esparru bat ezarri zen bi sail horien artean. Agindu horretan zehaztutako interes komuneko eremuak honako hauek izan ziren; osasuna sustatzea, horretarako elikadura eta nutrizioaren, ariketa fisikoaren, istripuzko lesioen prebentzioaren eta aho-hortzen osasunaren arloetan bizimodu eta aztura osasungarriak hartu eta barneratzea bultzatuz; afektibitateari eta sexuari buruzko hezkuntza eta pertsonarteko harremanen heziketa, gai jakin batzuk batez ere nerabeei zuzenduta; hiesa, sexu-transmisiozko gaixotasunak eta nahigabeko haurdunaldiak, esaterako; alkohola, tabakoa eta bestelako substantzien gehiegizko kontsumoa.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 2000ko irailaren 22ko Aginduaren bitartez aldatu egin zen 1996ko martxoaren 26ko Agindua, Drogamendetasunen Idazkaritzaren bitartez Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari sarrera emateko, helburu horrekin sortutako lankidetza akordioan eta Batzorde Mistoan.
Aipatutako agindu horrek esparru egokia sortu zuen bien artean lanean aritzeko prozesurako; izan ere, aspaldian ziharduten Sail biak elkarrekin lanean, eskoletako bizimodu osasuntsuaren eta aztura osasungarrien sustapenari dagokionez.
Ildo horretatik, 1998. urtean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Osasun Sailak unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei dei egin zieten Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak garatzeko, eta deialdi horiek urtero egiten jarraitu da.
Deialdi hori mantendu izana bat dator Europar Batasunaren «Salud en todas las políticas» (Osasuna politika guztietan) estrategiaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Osasunaren Gizarte Determinatzaileei buruzko Batzordearen txostenaren gomendioekin. Osasuna batez ere osasun-esparrutik kanpoko eragileek eragiten duen premisan oinarritzen da estrategia hori. Herritarren osasuna eta ongizatea gizarte-sektore guztiek zaindu eta sustatu beharreko balore gisa kokatzea da elementu dinamizatzailea. Ildo horretatik, etapa guztietako hezkuntzak, baina eskolakoak bereziki, oso zeregin garrantzitsua dauka bizitza osasuntsua izateko ohituren ezagutzan eta barneratzean.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren menpeko ikastetxe publikoek ezin dute parte hartu dirulaguntzen sisteman, ez eta sistema horren araudipean juridikorik ez baitute eta Administrazioan bertan sartuta baitaude. Horrenbestez, beharrezkoa da diru-izendapenak bereiztea laguntzak jaso ahal izateko. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 57. eta 54.2 artikuluetan esaten denez, ikastetxe publikoek osagarrizko diru-horniketak eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura hezkuntza-proiektua eta ikastetxearen urteko plana garatu ahal izateko. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 48.2 artikuluan, bestalde, ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko erakundeetakoak ez diren pertsonei edo erakunde publiko edo pribatuei aurrekontu orokorren kontura doan emandako fondo publikoak dirulaguntzak izango direla.
Aurreko guztia kontuan izanik eta, gorago aipatu bezala, bi Sailen arteko lankidetza zabaldu eta sakontzeko xedez, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren eta Osasun Publikoko zuzendariaren proposamenez, hau
Agindu honen helburua da unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuko edozein maila eta mota irakasten duten ikastetxeei, agindu honetan ezartzen diren helburua, ezaugarriak eta baldintzak betetzen dituztelarik, Osasun sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak aurkezteko deialdia egitea.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoei diru-horniketak ematea, 2011-2012 ikasturtean ezarri beharreko Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak garatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntzako edozein maila eta mota irakasteko baimena duten itunpeko ikastetxe pribatuei diru-laguntzak ematea, 2011-2012 ikasturtean ezarri beharreko Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak garatzeko.
Lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da deialdi hau. Ondorio horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatu ondoren emango dira laguntzak, betiere Araudi honetako 12. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideei jarraiki eskabide horien lehentasun-hurrenkera jakin bat ezartzearren, eta aurrekontu-zuzkidurari buruzko 14. artikuluan horretarako ezarri den aurrekontu-kreditua agortu arte balorazio handiena lortu dutenak bakarrik esleituko dira.
Ikasleek bizitza osasuntsurako ohiturak jaso eta barneratze aldera, ikasgelako edo zentroaren antolamenduko hezkuntza-praktikan aldaketa edo ekarpen berri bat eragiten duen edozein lan proposamen ulertzen da Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektutzat.
Deialdi honetarako diru-horniketak edo diru-laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak ikasgelako programazioan txertatzen eta praktikan jartzen dituzten hezkuntza zentroek, publikoek zein pribatuek. Era berean arlo, jakintzagai edo modulu baten curriculumaren barruan sartzen dituztenek, unibertsitateaz kanpoko zikloetan, sailetan eta etapetan.
Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak, bai lege esparruan eta araudian, bai Euskal Autonomia Erkidegoan etapa guztietarako dauden curriculum-proposamenetan aurreikusten diren derrigortasun-mailara eta malgutasunera egokituko dira.
Deialdi honetan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.
Proiektuak 2011-2012 ikasturtean onartuko dira. Onartutako proiektuak ikastetxearen ikasturte horretako planean sartu beharko dira.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldearen ardura izango da Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektua aurkeztea.
Azterlanen burutzari dagokio proiektua abian jartzea eta proiektu horren jarduerak koordinatzea, berak zuzenki edo eginkizun hori irakasle baten esku utzi. Horrela eginez gero, koordinatzaileak proiektuaren jardueraren berri emango dio aldiro-aldiro ikasketa buruari, eta proiektuari lotutako gaiak aztertuko diren zuzendaritza-taldearen bileretara joatea izango du.
Dena den, ikastetxeak Osasun Sailaren Osasunerako Heziketa Unitateez, Hezkuntza Sailaren eskualdeko laguntza-zerbitzuez (Berritzeguneak) eta kanpoko aholkularien laguntzaz balia daitezke hala proiektua lantzeko orduan nola aplikatzerakoan.
Ikastetxe publikoetan onartutako proiektuak garatzeko ez dute inolako ordutegi-murrizketarik izango bertan parte hartzen duten irakasleek.
Dena dela, ikastetxeak, antolakuntzako bere autonomiaren barruan, proiektuaren arduradunaren ordutegia bertan burutzen duen lanari egokitzeko moldatu ahal izango du, eskola-orduei dagokienez zein hauen banaketari dagokienez, ikastetxearen ordu-aukerak kontuan hartuz eta beti ikasturteko hasierako zirkularren arauak betetzen dituelarik.
Ikastetxeak ezin du helburu honetarako berbererako beste administraizo publiko edo erakunde pribatu batek emandako diru-laguntzarik jaso.
Interesa duten ikastetxeek prozedura honen izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ditzake, baliabide elektronikoen bidez.
Hauek arautzen dute izapide elektronikoa: administrazioaren prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili behar diren arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua; Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua; eta PLATEA E-Administrazioarentzako Plataforma Teknologikoa ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.
Izapideak egiteko aurrez aurrezko kanala edo kanal elektronikoa erabiltzeko jarraibideak, eskabideak, erantzukizun-adierazpenak, eta gainerako ereduak euskadi.net atariak duen hurrengo egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri.
Http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckproc03/eu/contenidos/informacion/procedimiento_administrativo/eu_proz/herritarrak_prozedurak_laguntzak.html
Ikastetxeko zuzendariari, ikastetxe publikoen kasuan, eta legezko ordezkariari, ikastetxe pribatuen kasuan, dagokio espedientea irekitzea; horretarako dokumentazio hau izango da beharrezkoa:
Ikastetxeko zuzendariak edo legezko ordezkariak izenpeturiko eskabidea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari eta Osasun Publikoko zuzendariari zuzendua (I. eranskina).
2011-2012 ikasturtean garatuko den Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako proiektuaren deskribapen xehatua; oinarrizko informazioa agertuko da bertan, gai honen gaineko jarraibideetan azaltzen den eran (II. eranskina).
Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako proiektuaren laburpen-fitxa (III. eranskina).
Klaustroaren akta; bertan, klaustroak Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektua ezagutzen duela eta ikastetxearen barne-antolamenduan proiektu horrek izan ditzakeen ondorioak bere gain hartzen dituela jasoko da (IV. eranskina).
Ordezkaritza Organo Gorenaren akta; bertan, eskariaren oniritzia jasoko da, baita baieztapen hauek ere: aurkezturiko proiektua ezagutu eta onartzen duela, proiektua gauzatzeko behar diren neurriak hartuko dituela eta, onartzen bada, urteko planean jasoko duela (V. eranskina).
Zentro pribatuak badira, Eusko Jaurlaritzaren hirugarren interesduneko Datuen Alta Inprimakia edo, hala badagokio, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskabidea. Horretarako inprimakia eskuragarri dago euskadi.net atariak duen egoitza elektronikoan: http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
Laguntzak eskatzen dituzten ikastetxe pribatuek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurrean betetzeko egiaztapena automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar bezain beste aldiz, eta aurretik onarpena eman beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.
Eskaerek hurrengo aukera hau dute: laguntzaren eskatzaileak (pertsona/erakundea) baimena emango du berariaz, organo kudeatzaileak nortasunari buruzko datuak lor edo egiazta ditzan, aurrez aurreko kanala zein kanal elektronikoa erabiltzen duenean, eta horrek ez du galaraziko Administrazio Publikoarenak diren ikuskapen, egiaztapen, kontrol eta ikerketa ahalmenak gauzatzea.
Kanal elektronikoaren kasuan, pertsona (edo ikastetxea) aitortutako ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu beharko.
Aurrez aurreko kanalaren kasuan, pertsonak baimena ematen badu Administrazioak nortasunari buruzko datuak Barne Ministerioan froga edo egiazta ditzan, ez da zertan dokumenturik aurkeztu beharko eta eskabidean adierazi beharko da baimena ematen dela deialdi honen atal kudeatzaileari dagokion Administrazioan baliabide elektronikoen bidez, edo bere kasuan, aukeran dauden baliabideen bidez, egiaztatzeko, baieztatzeko edo ziurtatzeko.
Administrazioari horretarako baimena ematen ez bazaio, paperezko euskarrian (fotokopia) edo elektronikoki (pdf formatuan eskaneatutako eta elektronikoki sinatutako kopia) eskura daitezke datuak, Nortasun Agiri Nazionalaren, pasaportearen edo pertsona fisikoaren nortasuna frogatzen duen beste edozein agiriren bidez egiaztatuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz, ikastetxe pribatuek eginbehar hauek egiaztatuko dira eskabide-orri normalizatuan erantzukizunezko adierazpenaren bidez:
Hasierako itzultze- edo zigor-prozedura batean sartuta ez egotea edo prozedura amaituta izatea.
Sexu-bazterkeria dela eta, santzio administratibo edo penalik jaso ez izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen 50.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean horri emandako idazketaren arabera.
Laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jaso duen edo horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik duen ikastetxe eskatzailea ez izatea.
Eskabidea egin duen ikastetxeak, bestalde, eskabidean zehaztutako datuak eta erantsitako dokumentuak egiazkoak direla adieraztea eta laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzea.
Dokumentazioa tramitatzeko aukeratzen duzun kanala edozein dela ere, paperezko euskarrian zein elektronikoki aurkez daiteke. Dokumentazioa emateko argibideak euskadi.net atariaren aipatutako egoitza elektronikoan daude eskuragarri.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Eskabideak, dokumentazioarekin batera, aurrez aurre aurkez daitezke Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikorako Zuzendaritzan edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Herritarrei kasu egiteko bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Lurralde Zuzendaritzetan, Osasun Publikoko Zuzendaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, adierazitako guztian behar bezala betetako eskabide-orri normalizatuaren bidez. Eskabide-orriaren eredua agindu honen I. eranskinean dago, eta eskuragarri egongo da euskadi.net atariaren egoitza elektronikoan, tramitazio elektronikoari buruzko 6. artikuluan adierazi den moduan.
Era berean, eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkez daitezke aurreko paragrafoan adierazitako euskadi.net atariko egoitza elektronikoan.
Eskabidea izapidetzean eta agiriak aurkezterakoan, aurrez aurreko kanala edo kanal elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen horietaz baliatzera prozeduraren hurrengo izapideetan, izan ere edozein unetan alda daitezke.
Eskabidearen ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, euskadi.net/nire gestioak izenekoaren bidez egingo dira.
Ikastetxe interesdunek eskabidea aurkez dezakete, erantsitako egiaztapenekin batera, aukeratuko duten hizkuntza ofizialean. Halaber, ikastetxe eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, hala ezartzen baitu Euskararen erabilera arautzeko den azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 6.1 artikuluak.
Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez egiten dituzten ikastetxeek pdf formatuan eskaneatuta aurkez ditzakete agiriak.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan agindutakoa betez, aurkeztutako eskabideak aurreko artikuluetan zehaztutako baldintzak betetzen ez baditu, hamar eguneko epearen barruan akatsa zuzentzeko edo erantsi beharreko agiriak eransteko eskatuko zaio eskabidea egin duen ikastetxeari, eta adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Osasuneko sailburuordeak ebazpena eman ondoren, aipatu den Legearen 42. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Agindu honetako I. Kapituluan ezartzen diren baldintzen arabera eta 12.3 artikuluan ezartzen diren lehentasunen eta irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak hautaketa egin aurretik. Horretarako sortuko den Ebaluazio Batzordea arduratuko da proiektuak baloratzeaz. Ebaluazio Batzordeko kideak ondoko hauek izango dira: Osasun Publikoko zuzendaria, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, Osasun Sustapenerako arduraduna eta Hezkuntza Berriztatzeko Programen koordinatzailea.
Ebaluazio Batzordeko lehendakariak azpibatzorde teknikoak bat izendatuko du. Azpibatzorde hori ondokoek osatuko dute: Osasun Sustapenerako arduraduna, Pedagogia-berriztapeneko Zerbitzuko Hezkuntza Berriztatzeko teknikari bat, Osasun Sustapenerako teknikari bat eta Akademia Antolakuntzaren Zerbitzuko Hezkuntza Berriztatzeko teknikari bat.
Aurreko artikuluan aipatzen den Azpibatzorde Teknikoak aurkeztu diren proiektuen berri emango du eta bere txostena Ebaluazio Batzordeari aurkeztuko dio, bertan alderdi hau jasoz: Proiektuen zerrenda, puntuazioaren arabera, artikulu honetako 3. puntuan ezarritako irizpideak kontuan hartuta.
Agindu honetako 10. artikuluan aurreikusten den Ebaluazio Batzordeak proiektuak baloratuko ditu Azpibatzorde Teknikoak egindako txostenak oinarritzat hartuta, eta proiektu bakoitzari eman beharreko diru-laguntza edo diru-horniketa erabakiko du; ondoren, Osasuneko sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena.
Proiektuak baloratzeko eta diru-laguntzen edo diru-horniketen zenbatekoa zehazteko irizpide hauek hartuko dira aintzat:
Proiektuaren oinarriak eta lehentasunetarako egokitzapena: Jarduera fisikoa eta elikadura osasuntsua (gehienez 6 puntu). Bestelako ohitura osasungarri batzuk bultzatzen badira gehienez 3 puntu. Atal hauek baloratuko dira:
Osasun premien eta lehentasunen diagnostikoa; ikastetxeak aurkeztutako proiektuan justifikatzen dituenak. Hezkuntzako zikloak, etapak eta mailak aukeratzeko arrazoiak azaldu beharko dira.
Gizarte-egoera txarrean dagoen biztanleriari arreta ematen dion ikastetxea.
Lehentasunezko gaiak: elikadura osasuntsua; ariketa fisikoen sustapena.
Proiektuaren garapenerako egingo diren Hezkuntzako Zikloak, Etapak eta Mailak osorik azaldu beharko dira.
Aukeratutako ziklo, etapa edo maila bakoitzean, gutxienez, irakasleriaren % 60k parte hartu behar du.
Ikastetxeek zehaztu behar dute nola sustatzen dituzten osasungarri bizitzeko moduak estamentu eta inguruneetan. Apartatu hau baloratzeko honakoa azaldu beharko da: zer jarduera egiten diren, jardueren emaitzak, jardueren ebaluazioa eta jarraipena.
Proiektuak deskribatzeko zehaztasuna (gehienez 2 puntu). Atal hauek baloratuko dira:
Proiektuak daukan lotura antzemandako beharrizanekin.
Xedeen zehaztasuna.
Erabiliko diren baliabideak eta metodología.
Emaitzak ebaluatzeko plana.
Proiektuaren jarraipena egiteko prozesua.
Proiektuaren planteamendua berritzailea izatea ikasleriaren hezkuntza-jardueretarako (gehienez 2 puntu). Atal hauek baloratuko dira:
Proiektua zer areatan garatuko da.
Metodologia.
Dibertsitatearen tratamendua.
Aurreikusten diren emaitzak.
Proiektua ez izatea aurreko baten errepikapena edo aldaketa handirik gabeko egokitzapena.
Proiektuaren iraupenari buruzko planteamendua eta nola txertatuko den eskola-jardueran.
Ikastetxerako edo jarduerarako hezkuntza-estrategia berritzaileak edukitzea.
Proiektu bakoitzak jaso beharreko laguntzaren kalifikaziorako, proportziozko banaketa sistema erabiliko da, deialdiaren diru-horniketa balorazio fasean jasotako puntuazioaren proportzioari jarraituz banatu da, artikulu honen aurreko puntuan aipatzen diren irizpideak aplikatuz, ezarritako gehienezko laguntza errespetatuz, edo, txikiagoa balitz, eskatutako kopurua.
Proiektu bakoitzak 4.000 euro jaso ahal izango du gehienez, eta proiektuek ezingo dute hurrenez hurren 2 ikasturte baino gehiago iraun.
5 puntutik beherako puntuazioa lortzen duten proiektuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
Osasuneko sailburuordeari dagokio azaroaren 30a baino lehen, Ebaluazio Batzordearen proposamenari jarraituz deialdia ebaztea, eta ebazpenaren berri ematea, eskabideak aurkezteko epea hasi eta hurrengo sei hilabetetan. Ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertu behar da.
Behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da aipaturiko epearen barruan, emandako diru-laguntza edo diru-horniketa zehaztuko duelarik. Ebazpen horren aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun eta Kontsumoko sailburuari, argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.
Deialdi honen helbururako guztira ehun eta hogeita hamahiru mila, zortziehun eta laurogeita hemeretzi (133.899) euro bideratuko dira. Kopuru horretatik 2011. urterako laurogeita bederatzi mila, berrehun eta hirurogeita sei (89.266) euro esleituko dira eta 2012. urterako berrogeita lau mila, seiehun eta hogeita hamahiru (44.633) euro.
Diru-laguntzen banakako zenbatekoa diru-laguntzaren zenbatekoaren ehuneko ehuna izan daiteke. Diru-laguntza edo diru-horniketa horiek izango dira materiala, aholkularitza, ikastaroak eta joan-etorriak edo laguntza jasotzen duen proiektua egitetik eratorritako beste gastu batzuk ordaintzeko.
Diru-laguntza edo diru-horniketa horiek bateraezinak izango dira xede bereko beste deialdi batzuen bidez lor daitezkeen diru-laguntza edo diru-horniketekin.
Diru-laguntza edo diru-horniketa bi alditan ordainduko da. Lehenengo aldian kopuru osoaren bi heren ordainduko da eta deialdiaren ebazpena EHAAn argitaratu eta onartzeko epearen ondoren egingo da. Bigarren aldian gainerako herena ordainduko da, jarduerak burutzean eta diru-laguntza jasoko duen proiektuari dagokion memoria horretarako ezarritako epean aurkeztu ondoren.
Diru-laguntza edo diru-horniketa jaso duten ikastetxeek 2012ko ekainaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute justifikazioaren hurrengo dokumentazio tekniko eta ekonomikoa:
Hurrengoa biltzen duen ebaluazio-memoria: burututako jarduerei eta emaitzen balorazioari buruzko txosten teknikoa, lortutako hobekuntzei buruzko informazioa, planaren alderdi positiboak eta funtzionamendua hobetzeko eta egokitzeko puntuak. Memoria horrek proiektuan parte hartuko dutenen zerrenda izan beharko du. Agindu honen VI. eranskinean dago memoria egiteko gida.
Legalki onartu ondoren, diru-laguntzari edo diru-horniketari egotz dakiokeen proiektua burutzeko egin den gastuaren faktura edo bestelako justifikante originala edo horien fotokopia konpultsatua. Diru-hornidura horien onuradunak ikastetxe publikoak badira, agiri horien ordez, diru-hornidurari emandako erabileraren gainean Ordezkaritzako Organo Gorenak egindako ziurtagiri bat aurkeztu ahal izango da, ziurtagiri originalaren ordez. Justifikatzeko agiri original horiek ikastetxeetan geldituko dira, administrazio eskuduneko kontrol ekonomikoko organoen esku.
Jarduerarekin loturiko dokumentazioa, hala nola proiektuaren funtsen kargura landu, erreproduzitu eta zabalduriko ikasmateriala. Bertarako esteka elektronikoen bidez egiaztatu ahal izango da.
Justifikatzeko dokumentazioa Osasun Publikoko zuzendariari bidaliko zaio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Memoria horia eta eskabidea 8.2 artikuluan ezarritako tokietan aurkez daitezke. Halaber, euskadi.net/nire gestioak ataleko baliabide elektronikoen bidez ere aurkez daitezke.
Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan agindutakoa betez, justifikatzeko aurkeztutako dokumentazioak akatsen bat badu edo osatugabe badago, hamar eguneko epearen barruan (jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita) akatsa zuzentzeko edo adierazitako agiriak eransteko eskatuko zaio eskabidea egin duen ikastetxeari. Eskatutako denboran eta moduan egiten ez bada eskatutakoa, behar bezala justifikatu gabetzat joko da, eta agindu honen 18. Artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen ikastetxe onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena EHAAn argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamar eguneko epean ikastetxe onuradunek inolako ukorik egiten ez badute, onartu egin dutela ulertuko da.
Diru-laguntza ematea eragin duen xedean erabiltzea.
Jarduera horiek egiaztatzeko eta horien jarraipena egiteko prozeduretan Osasun eta Kontsumo Sailari laguntzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura jasotako laguntzei eta diru-laguntzei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiak aurreikusitakoei dagokienez Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jardueren mende jartzea.
Itunpeko ikastetxeen kasuan jasotako diru-laguntza eta horri ezar dakizkiokeen legezko interesak itzuli egin beharko dira, honako gorabehera hauetakoren bat izanez gero:
III. kapituluan aipaturiko Azpibatzorde Teknikoak esaten badu, 19. artikuluan zehazten den dokumentazioaren bidez, proiektuaren gutxieneko helburuak ez direla betetzen.
Agindu honetan xedatutako edozer ez betetzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunei dagozkien eginbeharretakoren bat ez betetzea.
Itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen du (1992ko otsailaren 17ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura emandako diru-laguntzen bermetarako eta itzulketarako araubide orokorra ezartzen duenak.
Ikastetxe publikoen kasuan, jasotako diru-horniketaren itzulketa dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren ardura izango da. Etorkizunean Lurralde Ordezkaritzak egin beharreko ordainketetatik kenduko da itzulketari dagokion kopurua, honako gorabeheraren bat gertatzen denean:
III. Kapituluan aipaturiko Azpibatzorde Teknikoak esaten badu, 19. artikuluan zehazten den laguntza justifikatzeko dokumentazioaren bidez, proiektuaren helburuak ez direla betetzen.
Agindu honetan xedatutako edozer ez betetzea.
Ikasturtea amaitutakoan, Azpibatzorde Teknikoak ondoko dokumentazioa bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari:
Ikastetxeen zerrenda, Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektua eta helburuen betetze-maila adieraziz, bereziki aurreikusitako helburuen gutxienekoa ere bete ez bada.
Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektu bakoitzean parte hartu dutenen zerrenda.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eta Osasun Publikoko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko diete irakasleei Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektu horietan parte hartu izana, baldin eta Azpibatzorde Teknikoak aldeko txostena ematen badu. Horretarako aurreko artikuluan aipatzen den parte hartzaileen zerrendan oinarrituko da.
Ziurtagiriak prestakuntza-jarduerei dagokien Arlo/Eremuaren arabera emango dira:
Sustapenari eta Osasun-hezkuntzari buruzko Berrikuntza-proiektuek, onartuak izateko, lortu behar duten portzentajezko partaidetza % 60koa izango da, Berrikuntza-proiektua aplikatzeak harrapatzen duen maila/ziklo/etapa/sail/organoko irakasle guztiekiko.
Ziurtagiria Proiektuan izandako partaidetzaren arabera emango da, beti ere prestakuntza-aldea edota Berrikuntza-proiektuaren aplikazio-aldea % 80an gaineratzen bada.
Ikastaro berean, Berrikuntza-proiektuagatik, inoiz ere ez zaio emango irakasle berari 90etik gorako orduko ziurtagiririk, Berrikuntza hori hezkuntzazkoa izan, Ingurumenekoa izan, Osasun-promoziokoa izan zein prestakuntza-jardueretakoa izan arren.
Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete ikastetxe interesdunek Osasun eta Kontsumoko sailburuari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Agindu honek aurreikusten ez duenerako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea ezarriko da. Aipatutako legea urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.
Hirugarrena. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eta Osasun Publikoko Zuzendaritzak aginpidea dute agindu hau betearazteko beharrezkoak izan daitezkeen jarraibideak emateko.
Laugarrena. Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 7a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Osasun eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


