Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko irailaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuena, lan-esperientziaren bidez eta/edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-konpetentzia ebaluatzeko, egiaztatzeko eta ziurtatzeko prozesurako deia egiten duena, «Mendeko pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza gizarte-erakundeetan», «Pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza etxean», «Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak», «Jatetxeko eta ta - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko irailaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuena, lan-esperientziaren bidez eta/edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-konpetentzia ebaluatzeko, egiaztatzeko eta ziurtatzeko prozesurako deia egiten duena, «Mendeko pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza gizarte-erakundeetan», «Pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza etxean», «Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak», «Jatetxeko eta ta

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 196
  • Hurrenkera-zk.: 4942
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/09/28
  • Argitaratze-data: 2011/10/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak, lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ezagutzeari buruzkoak, lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-konpetentzia ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurak eta eskakizunak ezartzen ditu, bai eta ebaluazio eta egiaztatze horren ondorioak ere. Prozedura hori garatzeko oinarrizko lege-esparrua da Estatuko lurralde osoan.

5 artikuluak adierazten du aukera dagoela berariazko deialdiak egiteko, kolektibo jakin batzuen beharrei erantzutearren.

Bestalde, autonomia-erkidegoen lankidetzarekin Hezkuntza eta Lan ministerioek bultzatutako Acredita programaren helburua da 2011. urtean zehar deialdiak egitea, horien bidez herritarrek aukera izan dezaten lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-konpetentzia ebaluatzeko eta egiaztatzeko.

Apirilaren 3ko 62/2001 Dekretuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa, Industria, Merkataritza eta Turismo, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailenak, Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia sortzen duenak, 3. artikuluan adierazten du Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziaren funtzioak, besteak beste, biztanleria aktibo okupatuaren nahiz okupatu gabearen lanbide-konpetentzia ebaluatzeko esparruan garatuko direla, eta 6. artikuluko 1. atalean adierazten du Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia izango dela dagozkion ziurtagiriak luzatzeko erakunde arduraduna.

Era berean, aipatutako 6. artikuluaren 3. atalean adierazten da agentziak Lanbide Heziketako Euskal Planaren gauzatzea zuzentzen duten sailek, hau da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eskatzen dizkioten funtzio guztiak garatuko dituela.

Agindu honen bidez, jarraian adierazten diren lanbide-kualifikazioetako lanbide-konpetentzia egiaztatze ahalbidetuko duen deialdia zabaltzen da: «Mendeko pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza», «Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak», «Jatetxeko eta tabernako oinarrizko eragiketak» eta «Igeltserotza-fabrikak».

Deialdi honek ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura zuzentzen duten printzipioak kontuan hartuko ditu: norbanakoaren eskubideen errespetua, fidagarritasuna, baliozkotasuna, objektibotasuna, parte-hartzea, kalitatea eta koordinazioa.

Agindu hau lantzeko prozesuan kontsulta egin diegu Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluari.

Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, hau

Agindu honen xedea da pertsonek uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako lan-esperientziaren bidez eta/edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-konpetentzia ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesurako deia egitea, «Mendeko pertsonentzako gizarte eta osasun-laguntza gizarte-erakundeetan» (SSC320_2), «Pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza etxean» (SSC089_2), «Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak» (HOT091_1), «Jatetxeko eta tabernako oinarrizko eragiketak» (HOT092_1) eta «Igeltserotza-fabrikak» (EOC052_2) lanbide-kualifikazioen konpetentzia-atalen esparruan.

Deialdi honen helburuak hauek dira:

  1. Pertsonek dituzten lanbide-konpetentziak, lan-esperientziaren bidez eta bestelako prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratuak, ebaluazioaren baliozkotasuna, fidagarritasuna, objektibotasuna eta zorroztasun teknikoa bermatuko duten prozedura eta metodologia komunen bidez ebaluatzea.

  2. Lanbide-konpetentziak ofizialki egiaztatzea, haiek baliaraztea ahalbidetuz, hala lan-munduan txertatzea eta integratzea eta lan-merkatuan libreki ibiltzea, nola pertsonalki eta lanbidean aurrera egitea errazteko.

  3. Pertsonei bizialdi osoko ikaskuntza eta lanbide-kualifikazioa areagotzeko aukera eskaintzea, egiaztatze partzial metagarria lortzeko aukerak eskainiz, dagokien lanbide-heziketako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza osa dezaten.

Prozedura hau apirilaren 3ko 62/2001 Dekretuaren bidez eratutako Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziak koordinatuko du.

Deialdi honetan, I. eta II. mailako konpetentzia-atalak hauek ebaluatuko dira:

  1. «Mendeko pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza gizarte-erakundeetan» 2. mailako lanbide-kualifikazioa.

    UC1016_2: Pertsonei eta horien ingurukoei erakunde-esparruan laguntzeko, diziplina arteko taldeak adierazitako esku-hartzeak prestatzea eta horietan laguntzea.

    UC1017_2: Mendeko pertsonei zuzendutako laguntza fisikoko esku-hartzeak erakunde-esparruan garatzea.

    UC1018_2: Mendeko pertsonei zuzendutako gizarte- eta osasun-laguntzako esku-hartzeak erakunde-esparruan garatzea.

    UC1019_2: Mendeko pertsonei zuzendutako laguntza psikosozialeko esku-hartzeak erakunde-esparruan garatzea.

    Adierazitako konpetentzia-atalak «Mendeko pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza gizarte-erakundeetan» SSCS0108 profesionaltasun-ziurtagirian sartuta daude (1379/2008 Errege Dekretua, 08-9-9ko BOE).

  2. «Pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza etxean» 2. mailako lanbide-kualifikazioa

    UC0249_2: Gizarte- eta osasun-laguntzako beharrak dituzten pertsonei zuzendutako etxeko laguntza fisikoko esku-hartzeak garatzea.

    UC0250_2: Gizarte- eta osasun-laguntzako beharrak dituzten pertsonei zuzendutako etxeko laguntza psikosozialeko esku-hartzeak garatzea.

    UC0251_2: Bizikidetza-unitatearen kudeaketarekin eta funtzionamenduarekin lotutako jarduerak garatzea.

    Adierazitako konpetentzia-atalak «Pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza etxean» SSCS0208 profesionaltasun-ziurtagirian sartuta daude (1379/2008 Errege Dekretua, 08-9-9ko BOE).

  3. «Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak» 1. mailako lanbide-kualifikazioa

    UC0255_1: Sukaldaritzako hornikuntza, aurretiazko elaborazio eta kontserbazioko oinarrizko eragiketak egitea.

    UC0256_1: Sukaldaritzako elaborazioan laguntzea, eta prestaketa errazak egin eta aurkeztea.

    Adierazitako konpetentzia-atalak «Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak» HOTR0108 profesionaltasun-ziurtagirian sartuta daude (1376/2008 Errege Dekretua, 08-9-6ko BOE).

  4. «Jatetxeko eta tabernako oinarrizko eragiketak» 1. mailako lanbide-kualifikazioa

    UC0257_1: Janariak eta edariak zerbitzatzen laguntzea.

    UC0258_1: Oinarrizko hornikuntza-eragiketak egitea, eta edari errazak eta janari azkarrak prestatu eta aurkeztea.

    Adierazitako konpetentzia-atalak «Jatetxeko eta tabernako oinarrizko eragiketak» HOTR0208 profesionaltasun-ziurtagirian sartuta daude (1376/2008 Errege Dekretua, 08-9-6ko BOE).

  5. «Igeltserotza-fabrikak» 2. mailako lanbide-kualifikazioa:

    UC0869_1: Oreak, morteroak, itsasgarriak eta hormigoiak prestatzea.

    UC0142_1: Estaltzeko fabrikak eraikitzea.

    UC0143_2: Bistako fabrikak eraikitzea.

    UC0141_2: Igeltserotza-lanak antolatzea.

    Adierazitako konpetentzia-atalak «Igeltserotza-fabrikak» EOCB0108 profesionaltasun-ziurtagirian sartuta daude (1212/2009 Errege Dekretua, 09-8-22ko BOE).

  1. Prozeduran parte hartu nahi dutenek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Espainiar nazionalitatea izatea, Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela lortu izana, edo Espainian bizilekua izateko baimena edo bizilekua izateko eta lan egiteko baimena indarrean izatea, atzerritartasunari eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako terminoetan.

    2. Izena ematerakoan 18 urte beteta izatea, I. mailako kualifikazioei dagozkien konpetentzia-atalen kasuan, eta 20 urte II. mailakoen kasuan.

    3. Egiaztatu nahi diren lanbide-konpetentziekin zerikusia duten lanbide edo lanpostu adierazgarrietakoren batean lan-esperientzia eta/edo prestakuntza izatea:

      1. Lan-esperientziaren kasuan.

        1. mailako konpetentzia-ataletarako, gutxienez 3 urte justifikatzea, gutxienez 2000 ordu lan eginda guztira, deialdia egin aurreko azken 10 urteetan, lanbide-kualifikazioan adierazitako lanbide edo lanpostu adierazgarrietakoren batean edo baliokidean. I. mailako konpetentzia-ataletarako 2 urteko lan-esperientzia eskatuko da, gutxienez 1200 ordu lan eginda guztira.

      2. Prestakuntzaren kasuan.

        1224/2009 Errege Dekretuaren 11.1.c.2) artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honetan justifikatu beharko da deialdi honen aurreko azken 10 urteetan 370 ordu egin direla «Mendeko pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza gizarte-erakundeetan» lanbide-kualifikazioaren konpetentzia-ataletarako, 480 ordu egin direla «Pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza etxean» lanbide-kualifikazioaren konpetentzia-ataletarako, 300 ordu egin direla «Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak» lanbide-kualifikazioaren konpetentzia-ataletarako, 240 ordu egin direla «Jatetxeko eta tabernako oinarrizko eragiketak» lanbide-kualifikazioaren konpetentzia-ataletarako eta 450 ordu egin direla «Igeltserotza-fabrikak» lanbide-kualifikazioaren konpetentzia-ataletarako.

  2. Aurreko atalean adierazitako lan-esperientziaren edo prestakuntzaren inguruko eskakizunak betetzen dituzten 25 urtetik gorakoek, eskakizun horiek agindu honen 7. artikuluan adierazitako dokumentuen bidez justifikatu ezin badituzte, prozeduran behin-behinean inskribatzeko eska dezakete. Zuzenbidean onartutako frogaren baten bidez justifikatuko dituzte lan-esperientzia edo prestakuntzako ikaskuntza ez-formalak. Kasu horiek aztertzeko, Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziak izendatuko ditu inskribatzea bidezkoa den ala ez erabakiko duten aholkulariak.

«Mendeko pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza gizarte-erakundeetan» kualifikaziorako, deialdi honetan gehienez ere 1.300 izangai ebaluatuko dira.

«Pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza etxean» kualifikaziorako, deialdi honetan gehienez ere 950 izangai ebaluatuko dira.

«Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak» kualifikaziorako, deialdi honetan gehienez ere 65 izangai ebaluatuko dira.

«Jatetxeko eta tabernako oinarrizko eragiketak» kualifikaziorako, deialdi honetan gehienez ere 60 izangai ebaluatuko dira.

«Igeltserotza-fabrikak» kualifikaziorako, deialdi honetan gehienez ere 65 izangai ebaluatuko dira.

Eskatzaile kopuruak adierazitako gehienezkoa gainditzen badu, irizpide hauek kontuan hartuko dira izangaiak hautatzeko:

  1. Lan-esperientzia handiagoa egiaztatzea, azken 10 urteetan, lanbide-kualifikazioaren berariazko esparruan, lan egin duen enpresaren edo enpresen ziurtagiria eta lan-bizitzaren laburpena aurkeztuta.

  2. Berdinketarik izanez gero, Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulego batean eskatzaile izatea eta, berdinketak iraunez gero, adinez nagusiagoa izatea.

  3. Aurreko deialdietan onartutako izangaiek lehentasuna izango dute.

  1. Aurreinskripzioa.

    Aurreinskripzioa agindu honen I. eranskinean ezarritako lekuetan egingo da, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkuntzan, ezarritako prozeduretariko edozeinen bitartez.

    Interesdunek agindu honen II. eranskinean ageri den aurreinskripzio-eredu ofiziala bete beharko dute ezarritako egunetan, historial pertsonalarekin edo prestakuntzakoarekin batera, curriculum vitaerako Europako ereduaren arabera. Eredua interesdunen eskueran egongo da Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziaren webgunean (http://www.euskadi.net/agencia).

    Aurreinskripzio-ereduarekin batera ondoren adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

    1. NANaren edo, hala badagokio, pasaportearen edo AIZaren fotokopia.

    2. Inoren konturako langileentzat: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatuta dauden mutualitatearen ziurtagiria, enpresa, lan-kategoria (kotizazio-taldea) eta kontratazio-aldia jasoko dituena, eta, hala badagokio, lan-esperientzia eskuratu duten enpresaren lan-kontratua edo ziurtagiria, kontratuaren prestazio-aldiak, garatutako jarduera eta jarduera hori egin den denbora-tartea berariaz jasoko dituena.

    3. Langile autonomoentzat edo bere konturako langileentzat: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren edo Itsasoko Gizarte Institutuaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzan dagokion erregimen berezian alta egindako aldiena. Garatutako jardueraren deskribapena eta jarduera hori egin duen denbora-tartea.

    4. Borondatezko langileentzat edo bekadunentzat:

      Laguntza eman dioten erakundearen ziurtagiria, egindako jarduerak eta funtzioak, horiek egin dituzten urtea eta eskainitako guztizko ordu kopurua berariaz jasoko dituena.

    5. Langabezian daudenen kasuan, enplegu-eskatzailearen txartelaren kopia zigilatua.

    6. Prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-konpetentzien kasuan, izangaiak egiaztatu nahi dituen konpetentzia-atalekin zerikusia duen prestakuntza duela egiaztatuko duen dokumentuaren bidez egingo da justifikazioa. Dokumentu horretan prestakuntzaren edukiak eta orduak jasoko dira.

      Aurkeztutako edo deklaratutako datuak faltsutzeak prozeduran parte hartzeko eskubidea galtzea ekarriko du berekin.

      Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko eta behin betiko zerrendak Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziaren webgunean (http://www.euskadi.net/agencia) eta inskripzioa egiten den ikastetxeetako iragarki-tauletan emango dira argitara.

      Baztertutako izangaiek erreklamazio-idazkiak aurkez diezazkiokete, onartutakoen behin-behineko zerrenden aurka, haiek argitaratu ondorengo 5 egun balioduneko epean, Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziari.

      Onartutakoen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, emaitzarekiko desadostasunak bere horretan badirau, izangaiek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari.

  2. Inskripzioa.

    Onartutakoek aholkularitzarako inskripzioa egingo dute I. eranskinean adierazitako lekuetan. Horretarako, agindu honen III. eranskinean ageri den inskripzio-eredu ofiziala bete eta ezarritako egunetan aurkeztuko dute.

    Eredua interesdunen eskueran egongo da Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziaren webgunean (http://www.euskadi.net/agencia).

    Halaber, 11. artikuluan adierazten diren prezio publikoak ordaindu beharko dituzte.

  1. Inskripzio-egutegia.

    «Mendeko pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza gizarte-erakundeetan» kualifikaziorako:

    Aurreinskripzio-epea: azaroaren 1etik 11ra, biak barne.

    Inskripzio-epea: abenduaren 1etik 16ra, biak barne.

    «Pertsonentzako gizarte eta osasun-laguntza etxean» kualifikaziorako:

    Aurreinskripzio-epea: urriaren 17tik 28ra, biak barne.

    Inskripzio-epea: azaroaren 14tik 29ra, biak barne.

    «Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak», «Jatetxeko eta tabernako oinarrizko eragiketak» eta «Igeltserotza-fabrikak» kualifikazioetarako:

    Aurreinskripzio-epea: abenduaren 1etik 16ra, biak barne.

    Inskripzio-epea: 2012ko urtarrilaren 16tik 27ra, biak barne.

  2. Prozeduraren faseak.

    Prozedurak honako fase hauek ditu:

    1. Aholkularitza.

      Izangaiei ezagutu beharreko konpetentzia-atalak profesionalki aise menderatzen dituztela frogatzeko beharrezkoak diren ebidentziak jasotzen laguntzea da fase honen funtsezko helburua. Aholkularitza bakarka zein taldeka egin daiteke.

      Parte hartzeko hautatuak izan diren eta dagozkien prezio publikoak ordaindu dituztela justifikatzen duten izangaiek parte hartu ahal izango dute aholkularitza-fasean. Fase hori nahitaezkoa izango da. Beraz, onartutako izangairen batek justifikaziorik gabe parte hartzen ez badu, organo kudeatzaileak prozesutik baztertutzat jo dezake.

      Aholkularitza-faseak egutegi hau izango du:

      «Mendeko pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza gizarte-erakundeetan» kualifikaziorako, 2012ko urtarrilaren 16tik 2012ko martxoaren 18ra.

      «Pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza etxean» kualifikaziorako, 2011ko abenduaren 5etik 2012ko martxoaren 4ra.

      «Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak», «Jatetxeko eta tabernako oinarrizko eragiketak» eta «Igeltserotza-fabrikak» kualifikazioetarako, 2012ko otsailaren 1etik 2012ko martxoaren 30era.

      Konpetentzia-ataletako matrikulazioa aholkularitza-fasea amaitu ondoren egingo da.

    2. Ebaluazioa.

      Fase honen xedea da izangaiak aurkeztutako ebidentziak nahikoa diren egiaztatzea, konpetentzia-atal bakoitzaren lanbide-burutzapenetan, burutzapen-irizpideetan ezarritako mailetan eta lanbide-testuingurua abiapuntutzat hartuta finkatutako lan-egoera erreal edo simulatu batean eskatzen den lanbide-konpetentzia esleitzeko.

      Izangaia matrikulatu den konpetentzia-atal bakoitzean ebaluatu ahal izango da. Ebaluazio-fasean parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da fase horri dagozkion prezio publikoak ordaindu izana justifikatzea.

      Konpetentzia-atal jakin bateko lanbide-konpetentziaren ebaluazioaren emaitza «frogatua» edo «ez frogatua» izango da.

      Izangaiak konpetentzia-atalen ebaluazioaren emaitzen aurka erreklamatzeko eskubidea izango du. Horretarako, bost egun naturaleko epea izango du, ebaluazioaren emaitzak entregatzen dizkiotenetik hasita, Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziako zuzendariari erreklamazioa aurkezteko.

      Behin betiko ebaluazio-aktak argitaratu ondoren, emaitzarekiko desadostasunak bere horretan badirau, izangaiek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari.

      Ebaluazio-faseak egutegi hau izango du:

      «Mendeko pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza gizarte-erakundeetan» kualifikaziorako, 2012ko martxoaren 19tik 2012ko maiatzaren 23ra.

      «Pertsonentzako gizarte- eta osasun-laguntza etxean» kualifikaziorako, 2012ko martxoaren 5etik 2012ko ekainaren 11ra.

      «Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak», «Jatetxeko eta tabernako oinarrizko eragiketak» eta «Igeltserotza-fabrikak» kualifikazioetarako, 2012ko apirilaren 1etik 2012ko ekainaren 11ra.

    3. Konpetentzia egiaztatzea.

      Prozeduran zehar frogatutako konpetentzia-atalak ezagutzean eta egiaztatzean datza.

      Izangaiek lanbide-konpetentzia frogatu duten konpetentzia-atal guztien ziurtagiria jaulkiko du Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziako zuzendariak.

      Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helaraziko dizkio egiaztatzearen emaitzak, erakunde horrek erregistratzeko eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari transferitzeko, estatuko erregistroan sar ditzan.

      Deialdian sartutako kualifikazio guztietarako konpetentzia-atalak egiaztatzeko aldia 2012ko uztailaren 2tik 2012ko uztailaren 30era bitartekoa izango da.

  3. Informaziorako, aholkularitzarako eta ebaluaziorako lekuak.

    Agindu honen I. eranskinean adierazten diren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak eta LANBIDEko bulegoak dira informazio eta aholkularitza eman eta ebaluazioa egingo duten berariazko guneak.

Konpetentzia-atalak egiaztatzeak lanbide-heziketako tituluetako lanbide-moduluak baliozkotzeko eta profesionaltasun-ziurtagirietako prestakuntza-moduluak salbuesteko ondorioak ditu indarreko araudiaren arabera.

Prozedura horren bitartez, izangaiak profesionaltasun-ziurtagiri bat edo lanbide-heziketako titulu bat lortzeko eskakizunak betetzen dituenean, administrazio eskudunak adieraziko dio hura lortzeko zein izapide egin behar dituen.

Prozedura izapidetzen den bitartean egiten den datu pertsonalen edozein tratamenduk Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoa errespetatuko du.

Agindu honetan ezarritako konpetentzia ebaluatzeko, ezagutzeko eta ziurtatzeko prozesuan parte hartzen dutenek ordaindu beharreko prezio publikoak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egiten dituen zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituen 2007ko maiatzaren 21eko Aginduaren (uztailaren 3ko EHAA) 5. artikuluan ezarritakoak izango dira.

Prezio publiko hori ordaindu beharretik salbu utzi ahal izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta dauden langile langabeak, orientazio prozesu pertsonalizatua egin dutenak, eta prezio publikoei buruzko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aginduan deskribatutako salbuespen eta hobarietarako eskubidea dutenak.

Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesu osoa amaitzean, deialdi honetan ezarritako prozeduran parte hartu duten guztiei idazki bat igorriko zaie, honakoa jasoko duena, dagokionaren arabera:

  1. Prestakuntza-aukerak, orientazio egokiekin, egiaztatzeko eskatu dituzten konpetentzia-atalak hurrengo deialdietan egiaztatu ahal izateko.

  2. Prestakuntza-aukerak, orientazio egokiekin, erlazionatutako lanbide-heziketako titulu bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzera bideratutako prestakuntza osatzeko.

Lehenengoa. Errekurtsoak. Agindu honen aurka interesdunek, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako, eta Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuen aurrean, hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, nahiz administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena. Gaitzea. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuordeei gaitasuna ematen zaie agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezko jarraibideak eman ditzaten.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 28a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik