Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko urriaren 7koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bidez, Pasaiako ItsasMendikoin, Bermeoko ItsasMendikoin eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean, 2011-2012 ikasturtean, itsasoari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko bekak deitzen dira. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko urriaren 7koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bidez, Pasaiako ItsasMendikoin, Bermeoko ItsasMendikoin eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean, 2011-2012 ikasturtean, itsasoari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko bekak deitzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 214
  • Hurrenkera-zk.: 5482
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/10/07
  • Argitaratze-data: 2011/11/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen prestakuntza-politika egokiari eustea da, besteak beste, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren helburuetariko bat. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuna emateko, beharrezkoa da, aurreko urteetan bezala, itsas langileei, eta, oro har, merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten eta aipatutako arrantza-sektoreak etekin handiagoa lor dezan.

Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko Ministerioaren azaroaren 5eko 1442/2010 Errege Dekretuaren bidez eta Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren azaroaren 9ko 288/2010 Dekretuaren bitartez (azaroaren 16ko EHAA, 220. zk.) onartu zen, besteak beste, Itsasoko Gizarte Institutuak hezkuntza, enplegua eta enplegurako lanbide-heziketaren arloan dituen zereginak eta zerbitzuak eskualdatzeko akordioa. Horren ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eskualdatzen zaizkio zerbitzu eta funtzio horiek, Bermeoko Nautika Arrantzako Lanbide Eskola eta bere lurralde esparruko instalazioak, Itsasmendikoi Sozietate Publikoari atxikitzen zaizkionak, hori arduratzen delako zerbitzu horretaz (85/2011 Dekretua, 2011ko maiatzaren 3koa).

Lehen paragrafoan aipatutako helburu hori lortzeko, hain zuzen, egin dugu beken deialdi hau, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraiki. Horri dagokionez, 2010eko ekitaldian, 2011ko urriaren 22ko agindua argitaratu zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bidez, Pasaiako ItsasMendikoin eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean itsasoari eta arantzari buruzko ikasketak 2010-2011 ikasturtean egiteko bekak deitzen ziren (2010eko azaroaren 18ko EHAA, 222. zk.).

2011ko ekitaldirako, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2011ko ekainaren 7ko Agindua bete behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, erakunde autonomoen eta sektore publikoko gainerako erakundeen 2011ko aurrekontuaren defizitaren euspenerako jarraibideak ematen dituena; ezartzen du 2011ko diru-laguntzen programen deialdietako eskabideak izapidetu eta aurkezteko epeak azaroan amaitu behar duela.

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenarekin bat etorriz, abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera (haren bidez Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri baitzen), eta Nekazaritza eta Arrantza Sailak proposatuta,

Lehenengoa. Pasaiako ItsasMendikoin, Bermeoko ItsasMendikoin eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean itsasoari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko beken deialdia egitea, 2011-2012 ikasturterako.

Bigarrena. Hona bekak zein gastutarako erabili ahalko diren:

Ohiko bizitokitik kanpo bizitzeko ostatu-gastuak.

Ikastetxera joateko gastuak.

Mantenu-gastuak.

Ikasteko materiala erosteko gastuak.

Hirugarrena. Hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira bekak, eta horretarako izendatuko den balorazio batzorde batek ezarriko du puntuazioa. Hona zer irizpide baliatuko diren lagun bakoitzari puntuak esleitzeko:

Egin beharreko ikasketen maila:

* A. maila. Arrantza kapitaina.

Goi-graduko prestakuntza-zikloak: 8 puntu.

* B. maila. Gradu ertaineko prestakuntza-zikloak: 6 puntu.

* C. maila. Itsasbazterreko patroi balioaniztuna: 2 puntu.

Zer distantzia dagoen ohiko bizitokitik (herritik) ikastetxera (herrira):

* 1. taldea: 50 kilometrotik gorakoa: 16 puntu.

* 2. taldea: 30 eta 50 kilometro artekoa: 8 puntu.

* 3. taldea: 10 eta 30 kilometro artekoa: 4 puntu.

* 4. taldea: 5 eta 10 kilometro artekoa: 2 puntu.

Eskatzailearen egoera pertsonala eta familiarra:

  • Bizikidearengatik (ez badu ordaindutako lanik egiten): 2 puntu.

  • Seme edo alaba bakoitzarengatik: 2 puntu.

  • Neba-arreba bakoitzarengatik (baldin eta adingabekoak badira edo langabezian badaude eta euren familia-unitatean ezkontide bakarrak egiten badu lan ordaindua): 1 puntu.

    Eskatzaileak aurreko urtean lortutako diru-sarrera gordinak, alde batera utzita nondik datozen, edo haren familiak lortutakoak, baldin eta eskatzailea ekonomikoki familiaren mende bizi bada.

  • 0 eta 6.000 euro arteko diru-sarrerak: 8 puntu.

    6.001 eta 12.000 euro arteko diru-sarrerak: 4 puntu.

    12.001 eta 18.000 euro arteko diru-sarrerak: 2 puntu.

    Laugarrena. Balorazio Batzordeak esleituko die puntuazioa hautagaiei, aurreko puntuan azaldutako irizpideei jarraiki egiten duen balorazioaren arabera.

    Hona batzorde horretako kideak:

    Lehendakaria: Pasaiako ItsasMendikoiko zuzendaria.

    Idazkaria: Pasaiako ItsasMendikoiko irakasle-koordinatzailea.

    Kidea: Pasaiako ItsasMendikoiko Kalitateko arduraduna.

    Gainera, Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean eta Bermeoko ItsasMendikoin ikasi nahi dutenek aurkeztutako eskabideak baloratzeko, eskola horietako idazkaria eta irakasle-koordinatzailea Balorazio Batzordeko kidea izango dira.

    Bosgarrena. Aurkeztutako eskabideak aztertu ostean, Balorazio Batzordeak eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten lagunak hautatuko ditu, dagokien puntuazioa esleituko die, eta ebazteko proposamena igorriko dio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari, zeinak, ebazpen baten bidez, agindu honen bidez deitutako bekak esleituko baititu. Onartutako hautagaien zerrenda, puntuazio zehatza eta esleitutako bekaren zenbatekoa: hori guztia jasoko du aipatu ebazpenak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena azaroaren amaiera baino lehen argitaratuz egingo zaie jakinarazpena interesdunei. Epe hori igarota, eskabideak ezetsitzat jo ahalko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako; nolanahi ere, aipatu legearen arabera, Administrazioak berariaz ebazteko obligazioa dauka legez. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, horrenbestez, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Arrantza eta Elikagaien Industrietako sailburuordeari hilabeteko epean.

    Seigarrena. 1. Gehienez ere 139.000 euro baliatuko dira 2011-2012 ikasturterako deitutako bekak finantzatzeko, horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontuko kredituaren arabera.

    1. Agindu honetan azaldutako baldintzak betetzen dituzten hautagai guztiek izango dute beka jasotzeko eskubidea. Beken zenbatekoa 150,25 euro eta 2.404,05 euro artekoa izango da, zuzenki proportzionala bekadun bakoitzari esleitutako puntuen arabera. Puntuaren balioa honela kalkulatuko da: bekei esleitutako balioa zati bekadun guztiek lortutako puntu guztien kopurua. Beken balioa aurreko puntuan ezarritakoari jarraiki kalkulatuko da, eta bekadun guztien puntu guztiak, berriz, agindu honen 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera.

      Zazpigarrena. Bekaldiak ikasturte bat iraungo du.

      Zortzigarrena. 1. Beka eskatzeko inprimakia ikastetxeetan jasoko da eta eskatzaileak ikasten duen ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu beharko da, honako agiri hauek gehituta:

      1. Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

      2. Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-herrikidetasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

      3. Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia. Baldin eta familia-unitateko kideren batek ez badu aipatutako aitorpena aurkezten, aurkeztera behartuta ez dagoelako, horixe egiaztatu beharko du Foru Ogasunaren ziurtagiri baten bidez, eta, era berean, egiaztatu beharko ditu, nominen edo ordainagirien bidez, lanagatik, langabezia-subsidioarengatik, pentsioarengatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako zenbatekoak.

      4. Familia-elkarbizitzaren ziurtagiria.

      5. Hirugarrenen altaren inprimakia.

        1. Bekaren gehieneko zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen batura izango da eta onuradunak gastu horiek benetan egin dituela egiaztatu beharko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren, 51.1 artikuluko e) eta g) letretan ezarritakoaren arabera.

          Bederatzigarrena. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

          Hamargarrena. Emandako diru laguntza, bekak edozein zenbateko duela ere, bi zatitan ordainduko da: lehenengo ordainketa, guztizko zenbatekoaren % 35, ikasturteko lehenengo hiruhilekoa amaitzean egingo da; eta bigarrena, guztizko zenbatekoaren % 65a, ikasturtea amaitzean, betiere ikasleak probetxua atera badio eta matrikulatutako modulu edo ikasgai guztiak gainditu baditu.

          Hamaikagarrena. Bekak deitzeko agindu honetan ezarritakoa formalki onartzeko konpromisoa ekartzen du berarekin batera beka-eskabidea aurkezteak. Bekadunak arau honetan ezarritakoa urratuz gero, onartu eta eman zitzaion zenbatekoa bueltatu beharko du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere.

          Behar bezala justifikatutako arrazoi bat dela medio, bekari uko eginez gero, bekagatik kobratutako eskubide ekonomikoen parte bat bueltatu beharko du. Garatzeke geratzen den bekaldia eta bekaren zenbatekoa kontuan hartuta kalkulatuko da zenbat diru itzuli behar duen.

          Hamabigarrena. 1. Eskolara joan ezean, beka jasotzeko eskubidea galduko du ikasleak. Eskolara ez joatea honela neurtuko da:

          Ikaslea ez badoa eskolara, justifikatu gabe, eskolaldiaren % 15 baino gehiagotan, beka galduko du, eta jasotako kopuruak bueltatu beharko ditu.

          Ikaslea ez bada eskolara joaten, baina justifikatu egiten badu, aurreko atalean azaldutako ondorio berberak egongo dira, baldin eta hutsen kopurua % 30 baino handiagoa bada. Nolanahi ere, klasera bueltatzen den unean bertan aurkeztu beharko du eskolara joan ez izanaren justifikazioa.

        1. Ikasturtea errepikatzen ari diren ikasleek, hala balegokie, ohiko bekaren % 50eraino ere lortu ahalko dute, baldin eta aurreko ikasturteari probetxua ez ateratzeko arrazoia behar bezala justifikatzen badute, eskolaz kanpoko arrazoi larriengatik; arrazoi horiek kasuan kasu baloratuko ditu agindu honen 4. puntuan ezarritako batzordeak.

          Hamahirugarrena. Ezin da aldi berean baliatu ikasteko beka hau eta helburu bererako funts publikoen kontura ematen den beste edozein laguntza, eta, horrenbestez, eskatzaileak, agindu honetan deitutako beketariko bat esleitzen badiote, laguntzaren bati uko egin beharko dio.

          Hamalaugarrena. Bekadunak beka galduko du eta jasotako zenbatekoa gehi dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bueltatu beharko dizkio, gehienez bi hilabeteko epean, baldin eta agindu honetan eskatutako baldintzaren bat, edozein ere, bete ez duela egiaztatzen bada; bai eta onuradunak aurkeztu zuen dokumentazioan jasotako datuak okerrak edo faltsuak badira ere; eskolari probetxurik atera ez badio eta/edo ez bada klasera joan; edo beste ez betetzeren bat egin badu, bai bekaren xedeari dagokionez, bai eta laguntza emateko eskatutako baldintzei dagokienez ere. Holakorik gertatzekotan, ikastetxeko zuzendaritzek ziurtatu beharko dute, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, horrenbestez, haren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkeztu dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 7a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik