- AGINDUA, 2011ko urriaren 13koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskampus Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko urriaren 13koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskampus Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 244
- Hurrenkera-zk.: 6238
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/10/13
- Argitaratze-data: 2011/12/27
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Aztertu da Euskampus Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea.
Lehenengoa. 2011ko abuztuaren 17an, Justizia eta Herri Administrazio Sailean sartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan Euskampus Fundazioa inskribatzeko eskaria; aipatu fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eratu du. Eskabideari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko batzorde teknikoa bildu zen, fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen 2011ko irailaren 28an.
Hirugarrena. Euskampus Fundazioaren estatutuen 6. artikuluan ezartzen denaren arabera, fundazioaren helburua da elementu bultzatzaile gisa jardutea, EAEren bilakaera sozial, ekonomiko eta kulturalean, hain zuzen ere, ezagutzaren sozietatearen nazioarteko abangoardian kokatzeko. Helburu horrek mugatzailea izan gabe ondokoa suposatzen du:
Nazioarte-mailan garrantzia izango duen prestakuntza- ikerketa- transferentzia- eta berrikuntza-gune bat prestatzen laguntzea.
Nazioarte-mailakoa izango den campus akademiko bat finkatzea, hain zuzen ere, kanpora proiektatzeko goi-mailako hezkuntza publikoaren eredu bat, kalitatezkoa eta ezagutzaren sozietatean txertatutakoa.
Lankidetza sustatu eta bideratzea EAEko hainbat eragileren artean (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko entitateak, enpresak, eragile sozialak,...), baita horien eta nazioarteko eragileen artean ere, bai maila handiko prestakuntza-eremuetan, bai ezagutzaren ikerketa, balioztapen eta transferentzian, betiere sozietatearen onerako izan dadin, nazioarteko testuinguru batean.
Euskal Autonomia Erkidegoa nazioartean sustatzea, zientzia- teknologia- berrikuntza- sorkuntza- eta talentu-gune gisa, nazioartean erreferenteak diren entitateekin lankidetza egonkorra izateko erabakiak ezarri nahian; horretarako, bai pertsonen mugikortasuna, bai prestakuntza, ikerketa eta berrikuntzarako programen sorkuntza sustatuko dira.
Munduko edozein lekutatik datorren talentua erakartzea eta leial bihurtzea, harrera, integrazio eta jarduerarako beharrezkoak diren baliabideak eskuragarri jarriz.
Zientzia, teknologia, arte eta humanitateen azterketa, ikerketa eta sustapen sozialarekin zerikusia duen jarduera oro sustatu, bultzatu eta zabaltzea, bai bakarrik, bai beste instituzio batzuekin elkarlanean.
Euskal Herriko Unibertsitatea nazioarteko kanpus moduan finkatzen laguntzea: inguruan dituen gainerako instituzio publiko eta pribatuekin lotura hertsia izan behar du, herritarrarekiko konpromisoa agertu behar du, eta aktiboki parte hartu behar du lurraldearen garapenean eta EAEk gizarte, kultura eta ingurumenaren arloan dituen erronkei irtenbideak topatzen.
Fundazioan parte hartzen duten entitateen eta sozietatearen artean lotura handiagoa sustatuko duten ekimen mota guztiak bultzatzea.
Aktiboki parte hartzea euskal kultura eta hizkuntzaren garapen eta proiekzio sozialean, fundazioaren helburuak bete ahal izateko.
Laugarrena. Estatutuen 3. eta 4. artikuluek diotenez, fundazioaren egoitza Leioan (Bizkaia) dago, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaiko kanpusean (Sarriena auzoa z.g. 48940), eta fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu, batik bat, bere jarduerak.
Bosgarrena. Hasierako dotazioa 60.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.
Seigarrena Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.
Zazpigarrena. Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:
(Ikus .PDF)
Zortzigarrena. Batzorde Betearazleko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:
(Ikus .PDF)
Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera.
Lehenengoa. Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4. artikuluan.
Bigarrena. Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.
Aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik
Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta F-312 erregistro-zenbakiarekin, Leioako (Bizkaia) «Euskampus Fundazioa» fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren eta Batzorde Betearazlearen hasierako osaera ere. Patronatu eta batzorde horren kideak zazpigarren eta zortzigarren aurrekarietan agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, 2011ko uztailaren 19an, Juan Ramón Manzano Malaxechevarría notarioaren aurrean (1034 protokolo-zenbakia) emandako eskritura publikoan xedatu bezala.
Bigarrena. Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 1. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 13a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.


