- AGINDUA, 2011ko urriaren 21ekoa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko urriaren 21ekoa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 24
- Hurrenkera-zk.: 563
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/10/21
- Argitaratze-data: 2012/02/03
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Instituzional; Ekonomia
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi barik, betiere.
Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. legearen 33. artikuluan eta dekretuaren 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako dagokion sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.
Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau
Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa onartzea.
Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa agindu honen eranskin gisa argitara dadin agintzea.
Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egin den aldaketa Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba dadin agintzea, elkargoa formalki osatzen den unean.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 21a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi barik, betiere.
Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea aipatu eskumenaren indarrez eman zen. Lege horren 33. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.
Estatutuen gaztelaniazko bertsioa idazteko orduan, Espainiako Errege Akademiak emandako gomendioei jarraiki, maskulinoaren erabilera orokortu da plurala adierazteko, bi generoak biltzen baititu bere baitan. Bestalde, gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 14.11 artikuluan ezarritakoa betetzen da.
I. ARABAKO PSIKOLOGOEN ELKARGO OFIZIALAREN IZAERA, HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK.
Arabako Psikologoen Elkargo Ofiziala Legeak babesturiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak onarturiko Eskubide Publikoko Erakundea da, berezko izaera juridikoa eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa duena.
Estatutu hauek arautuko dute Arabako Psikologoen Elkargo Ofiziala; horrek ez du esan nahi lanbidea arautzeko legerik egon ezin litekeenik.
Elkargoko arauen aurrean kide guztien berdintasuna, elkargoko kargu guztien hautagarritasuna, erabakiak gehiengozko sistemaren bitartez hartzea eta legeak errespetatuz aske jardutea dira Elkargoaren egituraren eta funtzionamenduaren printzipio osagarriak.
Arabako Lurralde Historikoa da lurralde-eremua, eta egoitza Gasteizen dauka.
Elkargoaren egoitzaren helbidea: Zerkabarren kalea, 7 pasabidea, 1. solairua, 01001, Gasteiz. Udalerri beretik atera gabe egoitza beste norabait aldatzea erabakitzeko erabakia Biltzar Orokorrak hartu beharko du, eta horretarako, estatutuak ez dira aldatu beharko.
Elkargoaren ikurra «psi» letra grekoan oinarrituriko sinboloa izango da.
Profesionalen elkargoei eta segidako aldaketei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearekin, 2010eko abenduaren 22ko 25/2009 Legearekin eta zerbitzuen jarduerak eskuratzeko eta jarduera horietan libre aritzeko Legearekin bat etorriz, hauek dira elkargoaren funtsezko helburuak:
Lanbideko jarduna antolatzea.
Erakundeetako ordezkaritza.
Elkargokideen lanbide-interesak defendatzea.
Elkargokideen zerbitzuak kontsumitu eta baliatzen dituztenen interesak babestea.
Bere helburuak betetzeko, elkargoak honako eginkizun hauek izango ditu:
Psikologoaren lana, bere modu eta espezialitate guztiak barne, dagokion legezko esparruan eta bere eskuduntzaren esparruan antolatzea, zerbitzatzen duen gizartearen onerako eta bere interes orokorren onerako.
Jarduera profesionala ikuskatzea, psikologoaren lanean eragina duten legezko xedapenen ezagutza eta betetzea ahalbidetuz, psikologoaren etika profesionala eta arau deontologikoak betearaziz eta elkargokideen zerbitzu profesionalen kalitate-maila egokia bermatuz. Horretarako, honako hauek bultzatuko ditu: lanbideko prestakuntza eta hobekuntza, sustapen eta garapen tekniko eta zientifikoak, lanbide-elkartasuna eta lanbideak gizarteari egiten dion zerbitzua.
Elkargokideei beren lana erraztea, enplegu maila handiagoa lortzen eta etengabeko trebakuntza profesionala ematen saiatuz, eta, beharrezkoa denean, Administrazio Publikoekin eta ekimen pribatuarekin lan eginez.
Lanbidea Administrazioaren, instituzioen, auzitegien, erakundeen eta partikularren aurrean ordezkatzea eta defendatzea, interes profesionaletan eragina duten auzi guztietan alderdia izateko legitimitatea duelarik; Legeari jarraiki eskaera-eskubidea erabil dezake, eta lanbidea defendatzeko bidezkotzat jotzen dituen lege-aldaketak proposa ditzake.
Bere eskuduntzaren eremuan, lanbidea antolatzea, irizpide deontologikoak jarraituz eta partikularren eskubideak errespetatuz burutu dadin; horretarako, maila profesionalean eta elkargo mailan bere diziplinazko ahalmena erabiliko du.
Elkargoaren antolamendu eraginkorra bermatzea, espezializaturiko atalen, eremuen, lan-taldeen, batzordeen eta halakoen funtzionamendua bultzatuz, asmoa baita hezkuntzaren, kulturaren, laguntzaren eta aurreikuspenen ikuspuntutik elkargoarentzat eta lanbidearentzat interesgarriak diren jarduerak eta zerbitzu komunak sustatzea. Horretarako, beste elkargo batzuekin edo nazioko eta nazioarteko erakunde batzuekin lan egin ahal izango du.
Elkargokideek beren lanbide-eginkizunengatik dituzten eskubideak defendatzea eta, behar denean, elkargokideen eskariz, ordainsariak eta pertzepzioak kobratzea.
Elkargokideen artean harmonia eta lankidetza sustatzea, haien arteko lehia desleiala eragotziz, arrazoi profesionalengatik haien artean sortzen diren gatazketan elkargokideak adiskidetzen saiatuz edo arbitrajea eginez, eta dagokionean, beren eginkizun profesionalak betetzean sortutako desadostasunak interesdunek eskaturiko laudoaren bitartez konpontzea.
Intrusismo profesionala galarazteko neurriak hartzea, Gobernu-Batzordeak ezagutzen dituen kasuak Administrazioaren eta justizia-auzitegien aurrean salatuz eta jarraituz.
Elkargoko ekonomia administratzea, kargak kuota eta ekarpenen bidez zuzen banatuz, horretarako behar dituen bilketarako eta kudeaketarako ahalmenak erabiliz.
Aplikagarriak diren xedapenetan, Foru Arauaren proiektuetan eta jarduera profesionalaren baldintza orokorrei buruzko beste edozein xedapenetan emandako baldintzei buruzko informazioa ematea, beharrezko titulazioa eta beste lanbideekiko bateraezintasunak barne hartuz; halaber, Administrazioak ematen dizkion eginkizun guztiak betetzea, eta harekin eta beste edozein erakunderekin lan egitea, ahal denean, ikerketak, txostenak eta estatistikak eginez, eskatzen dizkioten edo berak erabakitako beste jarduera batzuk eginez, laneko ordainsariei buruzko alderdiren bat eztabaidatzen den prozesu judizialetan edo administrazio-prozeduretan txostena eginez eta lan profesionalak ikus-onetsiz, legeriak hala ezartzen badu.
Legezko edo erregelamenduzko xedapenek hori agintzen dutenean, eskuduntza profesionaleko gaietan Administrazio Publikoen kontsulta-batzorde eta erakundeekin lan egitea, ikerketa-planen eraketan parte hartzea eta, eskatzen zaionean, lanbidean aritzea gaitzen duten tituluen lorpena ahalbidetzen duten ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolamendu-arauen txostenak egitea; era berean, psikologo berriei bizitza profesionalean sartzen laguntzeko beharrezko informazioa prestatzea.
Auzitegiei gai judizialetan peritu gisa lan egin dezaketen elkargokideen zerrenda ematea, edo Elkargoak berak haiek aukeratzea, dagokionean.
Estatutu hauek eta publizitate-arloa betetzea eta elkargokideak betearaztea. Gainera, arlo ekonomikoan eragina duten elkargoaren egintza guztiek Lehiaren Defentsari buruzko Legea bete beharko dute, Kode Deontologikoa barne, bai eta lege orokorrak eta bereziak, eta elkargoko organoek beren eskumenetan hartutako erabakiak eta arauak ere.
Probak eta material psikologikoa egokiro banatzen eta erabiltzen direla ziurtatzea.
Legezko xedapenek ematen dizkioten eginkizunak eta elkargokideen edo lanbidearen interes profesionalei, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei on egiten dieten eginkizunak onartzea.
II. ELKARGOKIDETASUNA LORTZEA, UKATZEA, BATERAEZINA IZATEA ETA GALTZEA.
Elkargoan sartzeko eskubidea dute martxoaren 18ko 481/1999 Errege Dekretuan aurreikusitakoek, Psikologian lizentziatuek, Filosofia eta Letretan lizentziatu direnek Psikologiaren adarrekoek, Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatu direnek Psikologiaren adarrekoek, bai eta Psikologiaren graduak ikasita dauzkatenek ere, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua betez. Legez ezarritako goi-mailako ikasketen tituluen onarpenerako sistema orokorrari jarraiki, beren titulu akademikoa aipatutako edozein titulaziorekin homologatu dutenak ere Elkargoan sartu ahal izango dira.
Elkargokide izateko, behar den titulazioa izateaz gain, Gobernu Batzordeari eskaera egin beharko zaio, eta inskripzio edo elkargokide-kuotak ordaindu beharko dira.
Profesionalen sozietateek ere izango dute Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialean sartzeko eskubidea (IV. Titulua).
Elkargokide izatea nahitaezkoa izango da titulazio ofizialaren jabe izanik Arabako lurralde-eremuan psikologo lanetan ari diren guztientzat, unean uneko legeriak hala eskatzen badu.
Titulazio ofizialaren jabe izanik Arabako lurralde-eremuan psikologo lanetan ari diren guztientzat, nahitaezkoa da Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialeko kide egitea, jarduneko modalitatean, legerian aurreikusitako kasuetan salbu, hala ezarrita baitago Elkargo profesionalak arautzen dituzten otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 3.2 artikuluan, Elkargo profesionalei buruzko maiatzaren 23ko 10/1990 Legearen 9. artikuluan (1990-05-23ko KAO, 66. zenbakia). Gainera, honako lege-xedapen hauen bidez egindako aldaketak ere hartuko dira kontuan: Lurzoruaren gaian neurriak liberalizatzeari eta lanbide elkargoei buruzko apirilaren 14ko 7/1997 Legea eta ondasun eta zerbitzuen merkatuan lehia areagotzeko ekainaren 23ko 6/2000 Errege Dekretu Legea.
Elkargoko kide egitea ondoko kasuetan bakarrik ukatu ahal izango da:
Behar den titulazioa ez izateagatik.
Inskribatzearen edo elkargokide egitearen kuota ez ordaintzeagatik edo beste elkargo ofizial batzuekin zorretan egoteagatik, elkargo horiek probintzia, autonomia-erkidego, estatu nahiz Europa Batasunekoak izan, eskatzaileak zor horiek egiaztatzeko agiriak aurkeztuta.
Interesdunaren aurkako ebazpena edo epai irmoa emateagatik, dirauen bitartean jarduera profesionalean aritzea desgaitzen duena.
Legeek ezarritako bateraezintasun edo debeku kasuren batean sartuta egoteagatik.
Elkargoko kide egitea ukatzeko erabakia hartzea Gobernu Batzordearen eskumena da (33. artikulua), eta erabaki horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta eskatzaileari arrazoiak emanez jakinarazi beharko zaio.
Psikologiako profesionala izatea bateraezina da beste pertsona batzuei zerbitzu profesionalak ematearekin, pertsona horien interesak eta profesionalarenak kontrajarriak direnean.
Horretarako, honako hauek hartzen dira norbere interestzat:
Norberarenak direnak.
Ezkontidearenak edo berarekin bigarren mailako odolkidetasuna edo ahaidetasuna duten pertsonenak.
Berarekin bizi direnenak.
Parte hartzen duen edo bera titular den administrazio-organoetako pertsona juridikoenak, edo bigarren mailako odolkidetasuna duten pertsonenak, edo berarekin bizi direnenak.
Pertsona fisiko edo juridikoenak, publiko nahiz pribatu izan, baldin eta eskuarki eta modu iraunkorrean bere zerbitzu profesionalak jasotzen badituzte.
Aurreko d) eta e) ataletan jasotako kasuetan, bateraezintasunak indarrean iraungo du, harik eta profesionala ez den interesa duten pertsonek neurri hori kentzen dutela berariaz eta idatziz jasotzen ez den arte. Elkargokideek soilik eska dezakete Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialak adieraz dezan ez dagoela interes-gatazkarik. Profesionalaren jarduna guztiz bat badator adierazpen horren edukiarekin, adierazpenak soilik eragingo du estatutu hauetan aipatutako falta larriak 61. artikulutik erator daitekeen erantzukizunetik askatzea.
Elkargokide izaera ondoko arrazoiengatik galduko da:
Norberak eskatuta, betetzeke dauden eginkizun profesional edo korporatiboei kalterik egin gabe.
Lan horretan jarduteko desgaikuntza-zigorragatik, epai judizial irmo bidez ezarri baita.
Elkargoaren kuota edo elkargoak ezarritako beste ekarpen batzuk gutxienez sei hilabetez ez ordaintzeagatik, eta elkargoak entzun ondoren eta ordaintzeko errekerimendu frogagarria egin eta gero.
Zehapenagatik edo diziplina-zehapena betetzen aritzeagatik, estatutu hauetako 62. artikuluan xedaturikoari jarraiki.
Elkargokide bati lanbide-gaitasungabetzea ekarri diezaiokeen delitu batengatiko ahozko epaiketa edo prozesamendua egin zaiola frogagarria denean, Gobernu Batzordeak elkargokidetzea kautelaz etetea erabaki dezake. Erabaki hori ebazpen arrazoitu bidez hartu beharko da, interesdunari entzun eta dagokion espedientea instruitu ondoren.
Elkargoan berriro sartzeko, bertan lehenengo aldiz sartzeko finkaturiko arau berberak jarraituko dira, eta eskatzaileak, dagokionean, zigorra bete duela egiaztatu beharko du, zigorra egoztearen arrazoia izan denean. Egoztearen arrazoia kuotak edo ekarpenak ez ordaintzea izan baldin bada, eskatzaileak bere zorra gehi eskaera-datatik metaturiko legezko interesak ordaindu beharko ditu.
Elkargokide arruntak.
Hona hemen nor diren elkargokide arruntak: bete beharreko baldintzak bete ondoren eta Elkargoan sartzeko eskatu ondoren onetsiak izan direnak, eta jarduneko izateko, horren eskaria egin beharko dute, estatutu hauetan aurreikusitako moduren bat erabiliz egin ere, jarduera profesionalean aritu ahal izateko.
Ez-jarduneko elkargokideak.
Elkargokide izan nahi izan arren, psikologo lanetan aritzen ez diren psikologoak dira. Eskubide osoz sartzen dira elkargoan, alegia, elkargokide arrunten eskubide eta betebehar berberak dituztela, salbu eta jarduera profesionalak berezko dituen arloetan. III. titulua.
Ez-jarduneko elkargokideen kuota eta arruntena berdina izango da, eta biek ere zerbitzu eta eskubide berberak izango dituzte.
Elkargokide jubilatuak.
Elkargoan elkargokide jubilatu gisa sartzeko edo jarraitzeko, hala eskatu beharko dute erretiratuta dauden elkargokideek. Horretarako, gutxienez eskaria egin aurreko bost urteotan etengabe izan beharko dira elkargokide, edo hamar urtez etenda, eta hamar horietatik gutxienez bi urte izan behar dira eskari egin aurrekoxe.
Elkargokide jubilatuak ezin izango dira hautesle izan, baina bai hautagarri, eta ez dute botorik izango Biltzar Orokorretan. Elkargoaren zerbitzuak eskuratzeko eskubidea izango dute, Biltzar Orokorrak ezarritako kuota bat ordainduta. Kuota hori, elkargokide arruntek ordaintzen dutenaren % 30 izango da, gehienez ere.
Psikologo elkartuak.
Psikologiako edozein profesional sartu ahal izango da Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialean, psikologo elkartu gisa, baldin eta Espainiako beste edozein elkargotan badago eta estatutu hauetan eskatzen diren titulazio-betebeharrak biltzen baditu.
Beste lurralde-elkargo batzuetako psikologo elkartuek, Araban lanean aritzeko, Arabako Elkargoaren eremuan lanbide horretan jarduteko aplikatu beharreko arauak bete beharko dituzte.
Elkargokide elkartuak ezin izango dira ez hautesle, ez hautagarri izan, eta ez dute botorik izango Biltzar Orokorretan. Elkargoak elkargokide arruntentzat ezarrita dauzkan zerbitzuak eskuratzeko eskubidea izango dute eta Biltzar Orokorrak ezartzen duen kuota ordaindu beharko dute (kuota hori gehienez ere elkargokide arruntek ordaindu beharrekoaren erdia izango da).
Ohorezko kideak.
Gobernu Batzordeak beren merezimendu zientifiko, tekniko edo profesionalekin Psikologiaren edo psikologoaren lanbidearen garapenari lagundu dioten pertsonak Elkargoko ohorezko kide izendatu ahal izango ditu, beren titulazioa kontuan izan gabe. Izendapenak ohorezko izaera izango du, erregelamenduzko arauek ezarritako Elkargoko bizitzan eta zerbitzuetan parte hartzeko eskubideei kalterik egin gabe.
III. ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK.
Elkargokideen eskubideak honako hauek dira: psikologo lanak egitea Estatu osoan.
Bere lanarekin loturiko gai guztietan Elkargoak elkargokideari laguntzea, aholkua ematea eta defendatzea, elkargoaren baliabideen arabera eta arauek ezartzen dituzten baldintzetan.
Bere lanarekin loturiko erreklamazio guztietan Elkargoko Gobernu Batzordeak elkargokidea ordezkatzea, hala eskatzen duenean.
Elkargoaren zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea, arauek ezartzen dituzten baldintzetan.
Hautesle eta hautagarri gisa elkargoan deitutako bozketa guztietan parte hartzea, Elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea, informazioa jasotzea eta Biltzar Orokorretan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.
Ezarritako edo horretarako ezartzen diren arauak betez sor daitezkeen ataletan, eremuetan, lan-taldeetan eta batzordeetan parte hartzea.
Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskabideak eta kexak idatziz aurkeztea.
Jarduera korporatiboari buruzko eta interes profesionaleko aldizkako informazioa jasotzea, informazio-aldizkariak, zirkularrak, web-komunikazioak eta bitarteko birtualak, eta egoki iritzitako beste edozein bitarteko erabiliz.
Elkargokideen betebeharrak hauek dira:
Lanean etikaz jardutea, eta bereziki Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialak promulgaturiko Psikologoaren Kode Deontologikoan bildutako arau deontologikoak jarraitzea.
Korporazio-arauak betetzea, bai eta Elkargoko gobernu-organoek hartutako erabakiak ere.
Deklarazio profesionalak, kontratuak eta estatutuetako edo erregelamenduzko xedapenei jarraiki eskatzen zaizkien gainerako dokumentu guztiak Elkargoari aurkeztea.
Bizileku-aldaketak Elkargoari hogeita hamar egun naturaleko epean jakinaraztea.
Ezarritako kuotak eta ekarpenak garaiz ordaintzea.
Elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea, Batzorde Orokorretan eta beren espezialitateagatik beren bertaratzea eskatzen duten ataletan, eremuetan, lan-taldeetan eta batzordeetan parte hartuz.
Bere karguetan arduraz jardutea, eta Elkargoko Gobernu Organoek eman diezazkieketen enkarguak egitea.
Beste elkargokideen eskubide profesional edo korporatiboei kalterik ez egitea.
Gobernu Batzordearekin lan egitea, eta bereziki, elkargoarentzat interesgarriak diren gaiei buruzko adierazpenak egitea eta informazioa ematea, sekretu profesionalari kalterik egin gabe.
Gobernu Batzordeari ezagutzen dituzten intrusismo-ekintza edo arauz kontrako ekintza profesional guztien berri ematea.
Lanean aritzeak ekar ditzakeen erantzukizun zibileko arriskuak dagokion aseguruarekin estaltzea. Betebehar hori ez zaie eskatuko hirugarrenen eskubideak dagokion jarduerari aplika daitekeen beste araudi batek bermatzen baldin baditu, edo eskubideok helburu bereko aplikazio orokorreko erabakiek babesten baldin badituzte.
Nahitaez lanean jardutea arrisku nabarmena dagoenean eta katastrofea edo hondamena gertatzen denean, Administrazioak halako egoerak deklaratzen baditu, elkargoak koordinazio-lanak eginez.
IV. LANBIDE SOZIETATEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK.
Lanbide-sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legea aplikagarri duten eta psikologo jardutea helburutzat duten lanbide-sozietateak Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialean sartuko dira, sozietate haien bidez edo beste lanbide batzuekin batera jarduten bada lan horretan, aipatutako legeari jarraiki. Legean eta estatutu hauetan aurreikusita dago nola sartuko diren eta zer baldintza bete beharko dituzten, betiere, sozietate-egoitza eta psikologo-lanbidearen egintzen jarduera nagusia edo bakarra Arabako Lurralde Historikoan kokatuta badaude.
Lanbide-sozietateak Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialaren Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatu beharko dira, psikologo-lanbidearen sozietateak Araban eta ez beste inon egin behar dituen jarduerak gauzatzeko.
Lanbide-sozietateek elkargoak eskaintzen dituen zerbitzuak jasotzeko eskubidea izango dute eta Biltzar Orokorrak ezartzen duen kuota ordaindu beharko dute.
Lanbide-sozietateak ez dira hautagarri izango eta ez dute boto-eskubiderik izango Biltzar Orokorretan, sozietate horietako kide (baina ez derrigorrez bazkide) diren psikologoen banako eskubideei kalterik eragin gabe.
Sozietate horiei dagozkien aldaketak jakinarazi beharko dituzte, erregistro horretan inskribatzeko aginduzkoak badira.
Psikologoen lanbide-sozietateak beste autonomia-erkidego batean egoitza badu, aginduzkoa izango da jakinarazte hori. Legean aurreikusitako elkargokide betebehar eta erantzukizun berberak izango dituzte lanbide-sozietateek.
V. LANA ARAUTZEN DUTEN OINARRIZKO PRINTZIPIOAK.
Elkargoaren barne-jarduna arautzeko, elkargoaren organoek «Los Perfiles profesionales del Psicólogo» delakoa (Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialak argitaratua, 1988an) hartuko dute jarraibidetzat, aplikatu beharreko arauetan jasota ez dagoen ororako. Kontuan hartuko dituzte, halaber, psikologia arloko Espainiako eta nazioarteko zientzia eta lanbide-elkarteetan aintzat hartzen diren argitalpenak.
Psikologoaren lanak Elkargoak onartzen duen Psikologoaren Kode Deontologikoan bilduriko arau deontologikoei jarraitu beharko die. Psikologoaren lana egitea estatutu hauetako 12. artikuluan aipatutako jardueretan aritzea izango da, baldin eta Psikologia Graduaren eta Lizentziaren babespean egiten badira, edo bere egunean Psikologoen Elkargo Ofizialean sartzeko bidea eman zuten tituluen babespean.
Lanbidean jarduteko, Lanaren Nazioarteko Erakundeak Erkidegoaren Okupazioen Nazioarteko Sailkapen Egonkorrean (CIUO-88, COM) ezarritako definizioa bete behar da, Europar Batasunak bere egin zuena eta Espainiak maiatzaren 6ko 917/1994 Errege Dekretuaren bidez Okupazioen Estatuko Sailkapen gisa onartu zuena. Horrek ez du esan nahi, Konstituzioaren 36. artikuluan xedatutakoa betez konfigurazio arau-emalerik onar ezin daitekeenik, psikologoaren lanbide-jardunari buruz, eta beste lanbide batzuei duten titulazioa dela-eta esleitzen zaizkien jarduerei kalterik egin gabe.
Psikologoek «gizakien portaera eta buru-jarduna aztertzen dituzte, medikuntzan, hezkuntzan eta industrian sortzen diren arazo psikologikoei buruzko ikerlanak egiten dituzte eta aplikatu beharreko tratamendua gomendatzen dute: esperimentuak eta ikerlanak proiektatu eta egiten ditu, bai gizakiekin, bai animaliekin, bere buru-ezaugarriak eta ezaugarri fisikoak zehazteko; herentzia, ingurumen eta bestelako faktoreek gizakien buru-konfigurazioan eta portaeran duten eragina aztertzen du; nahasmendu emozionalak eta nortasunekoak, eta gizartera eta lan arlora egokitzeko dauden arazoak diagnostikatu, tratatu eta prebenitzen ditu; test psikologikoak sortu eta aplikatzen ditu, adimena, ahalmenak, gaitasunak, portaerak eta beste ezaugarri batzuk zehazteko; lortutako datuak interpretatzen ditu eta behar diren gomendioak egiten ditu.
Psikologiaren eremu berezi bat izan lezake espezialitatetzat, esaterako, buru-gaixotasunen diagnosia eta tratamendua, haurrek eskola eta gizarte-garapen garaian dituzten arazo psikologikoak edo lanbideko arazo psikologikoak, eta langileen hautaketa, prestakuntza eta lanbide-orientazioari lotuta daudenak». LNE (1968) 1-92.30, 102. or. Hori guztia, psikologia-zientziak bere kasa eta beste diziplina batzuekin batera eguneratzen dituen arloei eta zientzia- nahiz lanbide-garapenei kalterik eragin gabe.
Psikologia osasun-zientzietako bat da, eta horregatik, gizakiekin eta gizakiei buruz nahiz animaliekin eta animaliei buruz egindako esperimentuetan eta azterlanetan oinarritutako metodologia zientifikoak erabiltzen ditu non zehazten baitira portaeraren ezaugarriak eta ondorioak, ezagutzak, emozioak, eta abar.
Beraz, besteak beste, ataza hauek izango ditu, geroan egin ditzakeenetatik aparte:
Saiakuntzak pentsatu, bideratu, antolatu eta egitea eta proba psikologikoak aplikatzea, faktore psikologikoak aztertzeko eta buru- eta portaera-ezaugarriak zehazteko. Behar eta ahal den neurrian, garapen pertsonalean laguntzea, buru-nahasmenak, normalak, psikopatologikoak, psikosomatikoak, nahasmen emozionalak, nortasunekoak edo portaerakoak eta bestelakoak ebaluatu, diagnostikatu, tratatu eta prebenituz. Esaterako, adimenari, ahalmenei, gaitasunei eta gogoei dagokienez, bai eta osasunean eragina izan dezaketen portaera eta psikologia arloko faktoreei ere. Elkarri lotutako eremuetako profesionalei kontsulta egin eta haiekin lankidetzan aritzea helburu horiek hobeto lortzeko, bai banan-banan, bai talde edo sozietateetako kide gisa. Arlo horiei buruzko aholkuak ematea aplikatzen dituztenei, pertsonen banako egokitzapena eta garapena sustatzeko, eta beren arlo sozial, hezkuntzako edo profesionalean bultzatzeko.
Ebaluazio psikologikoak interpretatu, baliozkotu eta baloratzea eta arlo horretan aholkularitza ematea. Lanbidean jarduteko modalitateetan aplikatzeko testak eta bitarteko psikotekniko bereziak eta psikodiagnosikokoak egitea dute ezaugarri esklusibotzat psikologo profesionalek.
Herentzia, gizarte, lanbide, ingurumen eta bestelako faktoreek buru- eta portaera-konfigurazioan, pentsaeran, sentitzeko eran eta jokabidean duten eragina aztertu eta ikertzea, kontuan harturik psikologoaren prestakuntza akademikoa unibertsitatetik datorrela, eta honako hauek dira bere ezagutzen oinarriak: pertzepzioa, oroimena, arreta, adimena, pentsamendua, hizkuntza eta, oro har, prozesu eta egitura kognitibo guztiak; ikaskuntza, psikologia ebolutiboa, hizkuntzarena, psikobiologiarena, portaerako psikoneurologiarena, psikofisiologiarena eta psikofarmakologiarena. Halaber, honako hauen prozesuak eta ebaluazioa: nortasuna, psikometria, ebaluazio psikologikoa, portaeraren analisia eta terapia, psikologia dinamikoa, motibazioa, emozioak, psikologia soziala, antolakundeak, bereziki. Batik bat arlo hauetan jarduten du: hezkuntza, arlo klinikoa eta osasunekoa, lana eta giza baliabideak eta antolaketa, kirola eta jarduera fisikoa, bideko segurtasuna, zahartzaroa, zerbitzu sozialak/erkidegokoak, juridikoa eta drogamendekotasunak/adikzioak, larrialdi eta hondamendietako esku-hartzea, eta oro har, gizakiak estatutu hauetako 16. artikuluan aipatutakoa orientagarri modura erabiliz parte hartzen duen ekintza-eremu guztiak.
Molde eta helburu desberdinetako elkarrizketak egitea, esaterako, analisikoak, ebaluaziokoak, diagnostikokoak, kontsultatzekoak, aholkularitzakoak, teraupeutikoak, tratamendu psikologikokoak edota banako edo taldeko psikoterapiakoak, bikotekoak eta familiakoak, bai osasun eremuan, bai psikologiarekin lotutako beste eremu batzuetan (eremu horiek osasuna hobetzeko eta pertsonak antolamendu-eremuetara, eremu sozialetara, hezkuntzako eremuetara, eremu klinikoetara eta Psikologia Profesionalaren garapenerako arlo horietara egokitzeko dira, bai eta laguntza psikoterapeutikoa eta aholkularitzakoa emateko ere).
Behar diren kontaktuak izatea senitarteko, agintari, instituzio, irakasle, hezitzaile, enpresaburu eta enplegu-emaleekin... eta gomendatzea nola tratatu eta konpondu psikologia arloan sortu diren arazoak, auziak eta egoerak.
Txosten eta hitzaldi zientifikoak, akademikoak, izaera klinikoak eta lanbidekoak prestatzea eta horrelako lanak egitea.
Beste profesional batzuk koordinatu edota ikuskatzea, eta giza taldeak zuzentzea esku hartzeko eremuetan eta laguntza psikologikoan.
Psikologoaren lanaren oinarriak irizpide profesionalaren independentzia, bezeroa egokiro artatzea eta komunitatea zerbitzatzea dira.
Psikologoak sekretu profesionala gordetzeko eskubidea eta betebeharra dauka.
Psikologoak etengabeko trebakuntza zientifikoa eta teknikoa egin beharko du bere gaitasun profesionala handitzeko. Bere lan, txosten eta diagnostikoetan, hipotesi gisa aurkezten duena eta oinarria duten ondorioak kontu handiz bereizi beharko ditu.
kapitulua. Lanbide-autonomia.
Psikologoak ezingo du bere autonomia profesionala erasotzen duen lanik edo egungo Psikologiak konpondu ezin dituen arazoekin loturiko lanik onartu.
Psikologoak bere ezagutzak komunitate profesionalari jakinarazi beharko dizkio, erabilera zientifikoa izan dezaten, datuen babesari eta konfidentzialtasunari buruzko legeak errespetatuz.
Psikologoak bere lana lehia askeko erregimenean egingo du, eta zerbitzuak eskaintzeari eta bere ordaina zehazteari dagokionez lehiaren defentsari, lehia desleialari eta publizitateari buruzko legedia jarraitu beharko du (4.n artikulua).
Bezeroak eta, dagokionean, haren legezko ordezkariek jarraituko den edozein prozesu edo tratamenduren helburuak eta litezkeen ondorioak ezagutu behar ditu.
Nolanahi ere, psikologoak bezeroaren edo erabiltzailearen autonomia, erabakiak hartzeko duen askatasuna eta bere duintasuna errespetatu behar ditu. Aurkako interes pertsonalak edo instituzionalak daudenean, psikologoa bere lana ahalik eta inpartzialtasun handienaz egiten saiatuko da. Bere zerbitzuak instituzio batean ematen baldin baditu, instituzio horrekin gatazkak izan ditzaketen pertsonak begirunez hartu, errespetatu eta artatu beharko ditu, eta dagokion kasuetan, psikologoa pertsona horien babeslea izango da aginte instituzionalen aurrean.
Dokumentuen bidez aurkeztu behar diren lan profesional guztiak, hala nola txostenak, irizpenak, diagnostikoak eta antzerakoak, sinatu egin beharko ditu psikologoak, bere elkargokide zenbakia emanez eta bere edukiaren eta egokitasunaren erantzule bihurtuz.
VI. GOBERNU-ORGANOAK, BEREN ERATZE-ARAUAK, FUNTZIONAMENDUA ETA LEHIA.
Elkargoak ordezkaritza-, gobernu- eta administrazio-organo hauek izango ditu:
Biltzar Orokorra.
Gobernu Batzordea.
Biltzar Orokorra elkargoaren kontrolerako goreneko organoa da, eta kide guztiek osatzen dute, estatutu hauetan aurreikusitakoari jarraiki.
Gobernu Batzordea elkargoaren organo eragile eta ordezkaritzakoa da.
Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialak Euskadiko Psikologoen Elkargoen Batzordearen eta estatuan eta nazioartean sortzen diren batzordeen osaketan, funtzionamenduan eta helburu eta atribuzioen garapenean parte hartuko du.
Biltzar Orokorrak ohiko bilkurak egingo ditu, eta ezohikoak ere bai, aurretiaz deialdia eginez gero.
Gutxienez urtean behin egingo da ohiko bilkura.
Salbuespen modura, Gobernu Batzordeak edo elkargokideen ehuneko hamarrak eskaturik egingo da bilera, eta eskaria dekanoari bidaliko zaio eta hor azalduko da zer gai aztertuko diren.
Biltzar Orokorraren ohiko bilkuretarako deialdia elkargoko idazkariak egingo du, biltzarburuaren aginduz, alegia dekanoaren aginduz, eta elkargokideei komunikazio idatzia bidaliko zaie.
Gutxienez bilkura egin baino hogeita hamar egun natural lehenago egingo da horretarako deialdia, eta adieraziko da non eta zer ordutan izango den, lehenengo eta bigarren deialdirako, eta gai-zerrenda ere aipatuko da.
Lehen deialdian, elkargokideen erdia gehi bat biltzen badira Biltzar Orokorraren osaketa baliozkotzat emango da, eta bigarren deialdian, elkargokideen kopurua kontuan izan gabe bere osaketa baliozkotzat emango da.
Hogeita hamar minutu, behintzat, igaro beharko dira lehenengo deialditik bigarrenera.
Gai-zerrendan agertzen ez diren gaiak ez dira aztertuko, ez eta haren inguruko erabakirik hartuko ere, salbu eta bertan diren elkargokide guztiek gaia urgentziakotzat jotzen ez badute, emandako gehiengo soilaren bidez bozkatuta, eta estatutu hauetako beste artikulu batzuetan (27. artikulua, esaterako) eskatutako gehiengoaren kontra ez badoaz.
Dekanoa izango da Biltzar Orokorretako buru, Gobernu Batzordeko gainerako kideak ondoan dituela. Dekanoa bileretako moderatzailea edo koordinatzailea izango da, eta hitza emango edo kenduko du, eta eztabaidak eta bozketak antolatuko ditu.
Batzorde Orokorreko idazkaria Gobernu Batzordeko idazkaria izango da, eta Dekanoaren oniritzia jaso ondoren bileraren akta egingo du.
Emandako botoen gehiengo erlatiboaz hartuko dira erabakiak. Hala ere, emandako botoen bi herenak beharko dira ohiz besteko ekarpen ekonomikoak onesteko, indarrean den aurrekontuan aurreikusita ez daudenak. Bi herenak beharko dira, orobat, Gobernu Batzordearen kontrako zentsura-botoa onartzeko, estatutu hauek aldatzeko, eta Batzorde Deontologikoko kideen izendapenak eta kargu-uzteak egiteko.
Hauek dira Biltzar Orokorraren eskumenak:
Aurreko bileraren akta onestea, hala badagokio.
Azken ekitaldiko balantze ekonomikoa, hurrengo ekitaldiko aurrekontuarena eta Gobernu Batzordearen aurreko urteko oroitidazkia ezagutu, eztabaidatu eta onestea.
Elkargoaren eskumenei buruzko arau orokorrak onartzea.
Estatutu hauek onartu eta aldatzea, Administrazioan geroago izapidetzeko.
Elkargoaren ondasunen inbertsioari buruzko erabakiak hartzea.
Lanbidearen Kode Deontologikoa onestea.
Ohiz besteko prestazioen sortzapena onestea.
Gobernu Batzordearen aurkako zentsura-mozioak onestea.
Gobernu Batzordeak bere eskumenekotzat jotzen dituen gaiak eztabaidatu eta horri buruzko erabakiak hartzea.
Estatutu hauek interpretatzea.
Lanbide-atalak sortzea eta beren araudi orokorra onartzea, Gobernu Batzordeak aurretiaz txostena egin badu.
Hauteskundeei buruzko Araudia onartzea, estatutu hauetan aurreikusi gabeko gai guztietarako, eta, hala badagokio, araudi horri egindako aldaketak ere bai.
Gobernu Batzordeak aurkezten dizkion proposamenak onartzea, gutxienez agintaldien hasieran mamituko dituenak. Proposamen horiek Batzorde Deontologikorako kide berriak izendatzeko edo kargutik kentzeko dira. Batzorde horren araudia ere onetsi beharko du.
Elkargokideek Gobernu Batzordearen egintzei eta ebazpenei aurkezten dizkieten gorako errekurtsoak ebaztea.
Biltzar Orokorrak, eskumen horiek guztiak ez ezik, Euskadiko Psikologoen Kontseiluari edo Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialen Batzorde Orokorrari esleitu dakizkiokeenak ere izan ditzake.
Gobernu Batzordeak honako kide hauek izango ditu:
Dekanoa Batzordeburua.
Dekanordea.
Idazkaria.
Diruzaina.
Kidea Liburuzaina.
Gutxienez hiru eta gehienez zortzi kide.
Hautagaitzako zerrendatik datozen ordezkoak sartzea badago, gehienez ere Gobernu Batzordeko kideen herenaren kargu-uzteak estaltzeko bada.
Gobernu Batzordeko kideak estatutu hauetan ezarritako prozeduraren bidez aukeratuko dira, lau urteko agintaldirako, eta berriz ere aukeratuak izan ahal izango dira. Edozer arrazoirengatik, Gobernu Batzordeko kideen heren bat baino gehiago bere kargutik kentzen badute, hautaketa bidez beteko dira hutsik dauden karguak, agintaldia bukatzeko falta den denborarako, eta denbora hori urtebetetik gorakoa bada.
Hauek dira Gobernu Batzordean baja emateko arrazoiak:
Heriotza.
Beren agintaldia bukatzea.
Karguan aritzeko ezgaitzen dituen gaixotasun bat izatea.
Karguari uko egitea.
Elkargoko lurralde-eremutik kanpo bizitzera joatea.
Batzorde Orokorrak beren aurkako zentsura-mozioa onartzea.
Zigorrezko ebazpen irmoa eman delako eta zehapen-espedientea ireki zaielako.
Elkargoa uztea.
Gobernu Batzordeko bileretara ez joatea, ez joate hori justifikatu ez denean eta hamabi hilabeteren buruan elkarren segidako bi bileratara edo txandakako hiru bileratara joan ez direnean. Gobernu Batzordeak hartuko du baja emateko erabakia.
Dekanoak du elkargoaren ordezkaritza, legeriak, araudiek eta elkargo-arauek ematen dizkioten eskubide eta eskurantza guztiekin. Berak du orobat deialdia egiteko eta moderatzeko eginkizuna, eta aktak sinatu eta batzordeak koordinatu beharko ditu. Nolanahi ere, beste eginkizun hauek ere izango ditu:
Gobernu Batzordearen buru izatea.
Gai judizialetarako ahalordetza ematea, Gobernu Batzordeak ahalduntzen duenean.
Elkargoko kontu korronteak banketxe zein aurrezki kutxetan zabaltzea baimentzea, Gobernu Batzordeak horretarako ahalmena eman ondoren.
Diruzainaren proposamenei jarraituz, fondo-mugimenduak baimentzea.
Fidantzak eta gordailuak sortzea eta indargabetzea, Gobernu Batzordeak horretarako ahalmena eman ondoren.
Gobernu Batzordeak ematen dion beste edozein lan egitea.
Dekanordeak dekanoa ordeztuko du, dekanoak ematen dizkion eginkizun guztietan, dekanoa ez badago edo gaixorik badago edo kargua hutsik badago.
Idazkariak honako eginkizun hauek izango ditu:
Biltzar Orokorreko eta Gobernu Batzordeko ohiko eta ezohiko bileretako aktak idaztea eta haien fede ematea.
Elkargoko dokumentazioa eta elkargokideen espedienteak zaintzea.
Dekanoaren oniritzia jaso ondoren, ofiziozko ziurtagiriak edo interesdunak eskaturiko ziurtagiriak egitea.
Jakinarazpenak eta dokumentuak egitea eta izapidetzea, Gobernu Batzordeari eta dagokion organo eskudunari haien berri emanez.
Administrazioko langileak eta elkargoko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren zerbitzuak zuzentzea, eta administrazio-zerbitzuak materialki antolatzea.
Urteko kudeaketa-memoria idaztea Batzorde Orokorrean onartua izan dadin.
Dekanoari bere eginkizunetan laguntzea eta maila teknikoan eta sozio-profesionalean egin daitezkeen ekimenak orientatzea.
Idazkarien ohiko beste eginkizun batzuk betetzea.
Idazkaria ez badago edo gaixorik badago edo kargua hutsik badago, Gobernu Batzordeak bere kide bat hautatuko du, eta pertsona horrek Gobernu Batzordeak eskatzen dizkion lan guztiak egingo ditu, bere karguarekin zerikusia dutenak.
Diruzainak ohiko liburuetan jaso beharko du bere kudeaketa. Liburu horiek behar bezala legeztaturik eta itzulirik egon beharko dute. Diruzainak izango du funtsak zaintzeko erantzukizuna. Aurrekontuak, ordainketa eta elkargoaren kontularitza orokorra zainduko ditu eta aldian behin Gobernu Batzordeari emango dio horren berri.
Kideek honako eginkizun hauek izango dituzte:
Biltzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak edo dekanoak eskatzen dizkien lanak egitea.
Gobernu Batzordeko gainerako karguen titularrekin lankidetzan aritzea, baldin eta haiek ez badaude, gaixorik badaude edo lanpostu horiek hutsik badaude, estatutu hauetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Gobernu Batzordeak ematen dion beste edozein lan egitea.
Gobernu Batzordeak dekanoak deialdia egiten duenean egingo du bilera, eta dekanoak bere ekimenez edo gutxienez Gobernu Batzordeko kideen ehuneko hogeiak eskatuta egingo du deialdia. Nolanahi ere, gutxienez urtean lau aldiz egingo dute bilera.
Deialdiak idatziz jakinaraziko zaizkie kide guztiei, gutxienez bilera egin baino zazpi egun baliodun lehenago, eta bertan gai-zerrenda adieraziko da.
Lehenengo deialdian, kide guztien bi herenak bertan direla, eta bigarren deialdian, ordea, zenbanahi lagun bertan direla, eratutzat joko da Gobernu Batzordea.
Deialdi batetik bestera, gutxienez, hogeita hamar minutuko tartea egongo da, eta erabakiak gehiengo soilez hartuko dira.
Gai-zerrendan sartu ez den gairik ez da eztabaidatuko edo horren gaineko erabakirik ez da hartuko, non eta Gobernu Batzordeko kide guztiak bertan egonik, gaiak duen presa dela-eta, gehiengoak aldeko botoa ematen ez duen.
Idazkariak bileren akta egingo du, dekanoaren oniritziarekin.
Gobernu Batzordeak eskumen hauek ditu:
Elkargoaren ordezkaritza izatea.
Biltzar Orokorraren erabakiak betetzea.
Elkargoaren kudeaketa eta administrazioa zuzentzea, dituen helburuak betetzeko.
Interes profesionala duten gaietan Elkargoaren iritzia ofizialki eta publikoki adieraztea.
Interes profesionalak botere publikoen aurrean ordezkatzea eta lanbidearen izen ona eta eskubideak defendatzea.
Azterlanak, txostenak eta irizpenak aurkeztea, hala eskatzen zaienean, elkargoarentzako gasturik eragin gabe eta bere interesei kalterik egin gabe, eta e) puntuaren kontra joan gabe, Administrazioko organoei eta beste edozein entitate publiko edo pribaturi aholkularitza emanez. Horretarako, Gobernu Batzordeak lan-batzordeak edo aipatu azterlanak eta txostenak egiteko egokiak iritzitako elkargokideak izendatu ahal izango ditu.
Erakunde, batzorde, bilera, batzar eta abarretan Elkargoaren ordezkariak izendatzea, hori dagokionean.
Ekintzak erabakitzea eta errekurtso administratiboak eta jurisdikzionalak aurkeztea.
Interes orokorreko gaiak Biltzar Orokorrari aurkeztea, hark eztabaidatu eta erabakia har dezan.
Elkargoan sartzeko prozedurak, bajak, kuoten eta beste ekarpen batzuen ordainketa arau bidez erregulatzea, bai eta diziplina-ahalmenez baliatzea ere, estatutu hauetan xedatutakoari jarraiki betiere.
Kulturan, lanbidean, laguntzan eta aurreikuspenean oinarrituriko jarduerak eta zerbitzuak elkargokideen mesedetan antolatzea.
Ezarritako kuotak eta ekarpenak biltzea, aurrekontua eta urteko balantzea prestatzea, eta elkargoaren zerbitzu orokorren funtzionamendua antolatu eta zuzentzea.
Elkargokideei elkargoaren jarduerak eta erabakien berri ematea, eta haren kudeaketaren urteko memoria prestatzea.
Atalen, eremuen, batzordeen eta lantaldeen eratzeari buruz informazioa ematea.
Biltzar Deontologikoko kideen izendapenak edo kargutik kentzeak Batzorde Orokorrari proposatzea, hark onar ditzan.
Gobernu Batzordearen eskuordetu ezinezko eskumenak honako hauek dira:
Elkargorako sarrera ukatzearen aurkako berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.
Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialaren organoen egintzen edo erabakien kontrako errekurtsoak ebaztea, hala badagokio.
Atalen araudi partikularrak eta beraiei egindako aldaketak onartzea, ataleko zuzendaritza-batzordearen eskariz.
Biltzar Orokorraren ezohiko bilkuretarako deialdia adostea.
Gobernu Batzordeko kargudunak hautatzeko deialdia egitea, hala dagokionean.
Estatutu hauetan zehapen-araubidean aurreikusitako zigorrak adostea.
Estatutuak onartzeko eta aldatzeko prozedura bultzatzea.
Gobernu Batzordeak batzorde iraunkor gisa jokatu ahal izango du. Batzorde Iraunkorrak gutxienez kide hauek izango ditu: dekanoa, dekanordea, idazkaria eta diruzaina. Batzorde Iraunkorrak bere egingo ditu Gobernu Batzordeak osoko bilkuran hari eskuordetzen dizkion eginkizunak, ezin eskuordetuzkoak izan ezik.
Gobernu Batzordeak batzorde aholkulariak eta lan-batzordeak eratu ahal izango ditu. Nolanahi ere, Batzorde Deontologikoa eratu da, txosten lotesleak emango dituena, arrazoi deontologikoengatik baloratzeko ematen zaizkion egintza profesionalen zehapen-kalifikazioari buruz. Txosten aholku-emaileak ere emango ditu, araudi deontologiko-profesionalarekin lotutako gainerako gaietan.
Biltzar Orokorrak edo Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialen Batzorde Nagusiak horretarako ezarritako araudi orokorraren arabera sortzen diren atal eta eremu profesionalak beren araudiari jarraiki arautuko dira. Araudi horrek bermatuko du beren ordezkaritza-organoak demokratikoki hautatuko direla, eta, balio izateko, Gobernu Batzordearen oniritzia jaso beharko du.
VII. ELKARGOKIDEEK GOBERNU ORGANOETAN DUTEN PARTAIDETZA ETA HAUTESKUNDE ARAUBIDEA.
Elkargokide guztiek, gehienez ere hauteskundeak izan baino hogeita lau egun lehenago elkargokide-izaera eskuratu badute, hautesle eta hautagarri izateko eskubidea izango dute, Arabako Psikologoen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kideak izendatzeko prozesuan.
Hauteskundeak izan baino hogeita lau lanegun lehenago zigortuta dauden elkargokideek ez dute hautesle izateko eskubiderik izango, baldin eta zehapenak berezkoa badu elkargokide-eskubideak bertan behera geratzea.
Hauteskundeak diren egunean zigortuta dauden elkargokideek ez dute hautesgarri izateko eskubiderik izango, baldin eta zehapenak berezkoa badu elkargokide-eskubideak bertan behera geratzea.
Lanbide-sozietateen kasuan, kontuan hartzekoa da ez dutela ez modu aktiboan ez pasiboan botoa emateko eskubiderik, elkargokide diren profesionalen eskubideari kalterik egin gabe (IV. titulua).
Lau urterik behin, Gobernu Batzordeak hauteskundeetarako deia egingo du, Gobernu Batzordeko postu guztiak betetzeko.
Gutxienez hauteskunde-eguna baino hirurogei egun natural lehenago egingo da hauteskundeetarako deialdia, eta bertan zehaztuko dira hauteskunde-egutegia, bozketa-prozedura, zenbaketa, aldarrikapena eta aurkez daitezkeen errekurtsoak.
Estatutu hauetako 29. eta 33.e) artikuluan aurreikusitako baldintza ematen delako ezohiko hauteskundeen deialdia egitea beharrezkoa denean, eta ezohiko hauteskundeak eskatzen dituen ezohiko gertaera bat denean, deialdia aurreko paragrafoan adierazitako aurrerapenaz egingo da, eta zazpigarren kapitulu honetan xedaturiko arauak betez.
Hautagai-zerrenda osoak aurkeztu beharko dira, kargu bakoitzerako proposaturiko pertsona adierazi ahal izango da eta gehienez hiru ordezko aipatu. Hautagai-zerrendak itxiak ere izango dira. Deialdia egin ondorengo bi hilabeteetan aurkeztu beharko dira, Gobernu Batzordeari idazkia bidalita eta gutxienez hamazazpi elkargokideren sinadurarekin abalaturik.
Gobernu Batzordeak aldarrikatuko ditu gehienez ere hauteskundeak egin baino hogeita bost egun baliodun baino lehenago behar bezala aurkeztutako hautagai-zerrendak, eta, horretarako, komunikazio bat bidaliko die elkargokide guztiei. Elkargoak ematen dituen baliabideen arabera, Gobernu Batzordeak berdintasunez emango du hautagaitzei buruzko propaganda.
Hautagaiak aldarrikatzearen kontra, edozein elkartegokidek erreklamazioa aurkeztu ahal izango du Gobernu Batzordearen aurrean. Horretarako, hiru egun baliodun izango ditu. Erreklamazioa beste hiru egun balioduneko epean ebatziko du Gobernu Batzordearen Batzorde Iraunkorrak.
Hautagai-zerrenda bakarra badago, aldarrikatua izango da hautagai-zerrenda hori; ez da bozketarik egin beharko, bozketa egiteko ezarritako egunean.
atala. Hauteskunde Mahaia.
Bozketa hasi baino bost egun natural lehenago Elkargoaren egoitzan hauteskunde-mahaia osatuko da.
Mahaiak honako kide hauek izango ditu: mahaiburua, idazkaria eta bi kide, zozketa bidez elkartegokideen artean hautatuak. Hautagaia izanik, ez dago mahaiko kide izaterik.
Hautagaiek artekari bat izendatu ahal izango dute mahairako, bozketa egin baino lehenagoko hogeita lau ordutan.
Gobernu Batzordeko kideen hautaketa sufragio unibertsal, libre, zuzen eta sekretuaren bitartez egingo da.
Elkargokideek botoa emateko eskubidea erabiliko dute. Horretarako, boto-txartel ofizialak erabiliko dituzte, Gobernu Batzordeak baimendutako boto-txartelak.
Elkargokideek, bozkatzerakoan, beren datuak eman beharko dituzte, elkargokide-txartelaren, NANaren, gidatzeko baimenaren edo indarrean dagoen legediak onartutako beste edozein txartelen bidez, eta botoa zigilaturiko hautestontzi batean sartuko dute. Mahaiko idazkariak zerrendan idatziko du botoa eman duen elkargokidearen izena.
Posta bidez bozkatu ahal izateko, boto-txartela hauteskunde-mahaiko buruari bidali beharko zaio, gutun-azal batean sartutako beste gutun-azal itxi batean. Horrekin batera, elkargokide-karnetaren kopia ere aurkeztu beharko da, edo aurreko artikuluan aurreikusitako beste edozein agiriren kopia.
Aurrez aurreko bozketa bukaturik, eta zenbaketa egiten hasi aurretik, mahaiak egiaztatuko du posta bidez bozketa-egunera arte bidalitako botoak bertatik bertara bozkatu ez duten elkargokideenak direla. Egiaztatzen bada elkargokideren batek bertatik bertara ez ezik, posta bidez ere bozkatu nahi duela, boto hori ezestatuta geratuko da eta elkargokideari salaketa jarriko zaio, Batzorde Deontologikoaren aurrean, behar diren neurriak har daitezen. Gero, gutun-azal handiak irekiko dira, eta boto-txartelak dituzten gutun-azalak hautesontzian sartu. Bukatzeko, botoak zenbatuko dira. Zenbaketa publikoa izango da.
Mahaiko idazkariak bozketaren eta beraren inguruabarren akta egingo du, eta mahaiko kide guztiek eta artekariek (halakorik badago) sinatu beharko dute, eta beren kexak adierazteko eskubidea izango dute.
Zenbaketa honela egingo da:
Hautagai-zerrenda osoek lortutako botoak zenbatuko dira.
Boto gehien jasotzen duena izango da hautatua. Berdinketa gertatuz gero, errepikatu egingo da bozketa.
Boto-txartelek zirriborrorik, zuzenketarik edo errakuntza eragin dezakeen bestelako aldaketarik badute, baliogabeak izango dira. Baliogabeak izango dira orobat boto-txartel bat baino gehiago dituzten postaz bidalitako botoak, non boto-txartelak ez diren hautagai-zerrenda berekoak. Kasu horretan, boto-txartel bakar bat zenbatuko da.
Gobernu Batzordeak hautaturiko hautagai-zerrenda izendatuko du, elkargokide guztiei, Arabako Foru Administrazioari, Eusko Jaurlaritzari, Euskadiko Psikologoen Batzordeari, baldin badago, eta Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialen Batzorde Nagusiari jakinaraziz.
Hautatutako gobernu-batzordeak gehienez ere hogeita hamar egun izango ditu karguak hartzeko, aldarrikatzen den egunetik hasita.
Aurkeztutako gorabehera edo kexak ikusirik, Gobernu Batzordeak hautaketa indargabetzea erabakitzen badu, berriro egiteko deialdia egingo du, gehienez ere hirurogei egun naturaleko epean egin dadin, azken emaitzen aldarrikapena ordurako utziz.
Gobernu Batzordeak hauteskunde-gaietan ematen dituen ebazpenen aurka, edozein elkargokidek gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango du, Biltzar Orokorraren aurrean, legeetan aurreikusitako gainerako errekurtsoei kalterik egin gabe.
Euskadiko Psikologoen Batzordea sortzen denean, beraren aurrean gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da. Errekurtsoaren ebazpenaren aurka, administrazioarekiko auzibidea hasi ahal izango da.
VIII. EKONOMIA ETA FINANTZA ARAUBIDEA.
Elkargoak behar beste baliabide izango ditu bere helburuak betetzeko, eta elkargokideek arauetan jasota dagoen moduan lagundu beharko dute elkargoak mantentzen.
Hauek dira elkargoaren baliabide ekonomikoak:
Elkargokide egiteko ordaindu beharreko kuotak.
Elkargokideen ohiko kuotak.
Biltzar Orokorrak onartzen dituen ezohiko kuotak.
Ziurtagiri ofizialak, arbitrajeak, irizpenak, txostenak eta beste zerbitzu orokor batzuk egiteagatik jaso ditzakeen diru-kopuruak.
Administrazioak, erakundeek, elkargokideek eta beste partikular batzuek ematen dituzten diru-laguntzak, ondasunak eta dohaintzak.
Ondasun edo eskubide propioen etekinak.
Baliabide ekonomikoak biltzea Gobernu Batzordearen eskumena da.
Aurrekontua urtero egingo da, urte naturalka, eragingarritasun eta ekonomia printzipioen arabera, eta elkargoaren diru-sarrera eta gastuen guztizkoa adieraziko da bertan. Horrelaxe egingo da, urtero, ekitaldiaren balantzea, 28.e) eta 32.l) artikuluan aipatutako aurreikuspenak kontuan harturik.
Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren kontu-ikuskapeneko txostena egingo da urtero, Biltzar Orokorrak izendatutako bi elkargokideren edo Gobernu Batzordeak izendatutako kanpoko kontu-ikuskaritza baten bitartez.
Gobernu Batzordeak betearaziko du aurrekontua, eta elkargoaren zerbitzuak zuzenduko, aurrekontuaren arabera esleitzen zaizkien baliabideak kudeatzeko atal, batzorde eta lantaldeen eskuetan utz ditzakeen ahalmenei kalterik egin gabe.
kapitulua. Elkargoa desegitea.
Elkargoa bere helburuak bertan behera uztearen ondorioz baino ez da desegiterik izango, Biltzar Orokorrak erabakia hartu ondoren.
Elkargoa deseginez gero, Gobernu Batzordeak batzorde likidatzaile gisa jardungo du. Biltzar Nagusiari geratzen diren ondasunen norakoa proposatuko dio; ondasunok Psikologiarekin zerikusirik duen eta gizarterako interesgarriak diren egitekoak betetzen dituen edozein erakunderi esleituko zaizkio. Erakunde horrek irabazi-asmorik gabekoa izan beharko du.
Izaera publikoko diru-sarrerei dagokienez, arau erregulatzaileetan ezarritakoa beteko da.
Elkargoaren organoen eskumena ukaezina da eta esleituta daukatenek baliatuko dute, estatutu hauetan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako eskuordetza eta norbereganatze kasuei kalterik egin gabe.
Elkargoaren erabakiak eta arauak elkargoaren informazio-organoan argitaratu beharko dira, edo bestela, zirkular baten bidez jakinaraziko dira, eta horrela, bazkide guztiek izango dute horien berri.
Banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei beren eskubide eta interesetan eragina duten erabakiak.
Elkargoaren organoen aktak eta kontularitzako dokumentazioa artxibatu eta zaintzeko, sistema tekniko egokiak erabiliko dira, agiri horien egiazkotasuna behar bezain bermaturik egonez gero betiere.
Estatutu hauetan berariaz aurreikusita ez dagoen ororako, elkargoaren egintzek aplikagarri diren legezko arauak eta erregelamenduzkoak bete beharko dituzte, eta, duten izaeraren arabera, administrazio arloko arau orokorrak, edo, hala badagokio, arau zibilak bete beharko dituzte; beraz, jurisdikzio batean edo bestean aurkez daiteke errekurtsoa.
Jakinarazpenak ebazpena eman eta hurrengo hamar egun balioduneko epean bideratu beharko dira, eta ebazpenaren testu osoa jaso beharko dute; datu hauek emango dituzte: administrazio-bidean behin betikoa den ala ez; zein errekurtso aurkez daitezkeen; zer organoren aurrean aurkez daitezkeen eta zein den horretarako epea. Interesdunek, hala ere, egoki iritzitako beste edozein baliatu ahal izango dute.
Elkargoak zuzenbide publikoko erakunde gisa jokatzen duenean, elkargoaren organoen egintza hauek izango dira erabat deusezak:
Konstituzioak babesten dituen eskubide eta askatasunen funtsezko edukiari kalte egiten badiete.
Gaia edo lurraldea dela-eta argi eta garbi eskumenik ez duen organo batek ematen baditu.
Eduki ezinezkoa dutenak.
Arau-hauste penala badira edo arau-hauste penalaren ondorioz ematen badira.
Legezko prozedura guztiz kontuan hartu gabe ematen direnak, bai eta elkargoaren organoen borondatea eratzeko funtsezko erregelak dituzten arauak kontuan hartu gabe ematen direnak ere.
Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza adieraziak nahiz presuntziozkoak, baldin eta egintza horiek ahalmen edo eskubideak eskuratzeko bide ematen badiete, horretarako funtsezko betekizunak ez dituztenei.
Lege-mailako xedapen batean berariaz ezartzen den beste edozein.
Deuseztagarriak dira, ordenamendu juridikoa hausten badute, agintea desbideratzen dutenak barne.
Dekanoak egintza deusezen edo deusezgarriren baten berri badu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean egintza deusezak, deuseztagarriak berrikusteko edo administrazio-egintzak errebokatzeko ezarritako legezko xedapenen arabera jokatuko du.
Behin ofizioz berrikusteko prozedura hasiz gero, dekanoak egintzaren betearazpena etetea deklaratu ahal izango du.
Errekurtsoaren araubideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea bete beharko du, elkargoak egiteko publikoak gauzatuz jokatzen duen neurrian.
Gobernu Batzordearen egintza eta erabakien aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Biltzar Orokorraren eta Euskadiko Psikologoen Batzordeko Gobernu Batzordearen aurrean (baldin badago); eta bestela, Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialen Biltzar Orokorraren Gobernu Batzordearen aurrean.
Interesatuek ez dute gorako errekurtsorik aurkezterik izango administrazio-bideari amaiera ematen ez dioten Gobernu Batzordearen egintzen eta erabakien kontra, ez eta prozedura bati jarraipena ematea ezinezkoa dela ebazten duten edo babesgabetasuna sortzen duten izapide-egintzen kontra ere. Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialen Biltzar Orokorraren Gobernu Batzordeak du beraren aurrean aurkezten diren errekurtsoak ezagutu eta ebazteko eskumena.
Salbuespen modura, berraztertze-errekurtsoa aurkez liteke elkargoaren organoek emandako egintzen aurka, administrazio-bidea amaitzen badute. Errekurtso hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren arabera bideratuko da.
Alderdi interesdunari eskatu ahal izango zaio, orobat, errekurtsoaren gai diren egintzak legean aurreikusitako moduan eteteko.
IX. DIZIPLINA-ARAUBIDEA ETA SARIAK.
Elkargokide izate hutsagatik, elkargokideek onartu egiten dute elkargoaren diziplina-araubidea, eta hor jasota daude, besteak beste, elkargokideen betebeharren eta orokorrean ezartzen diren lanbide-deontologiako arauen hausteak prebenitu eta zuzentzeko eskumenak.
Faltak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Falta arinak honakoak dira:
Elkargoak lanbide-dokumentazioaren gainean ezarritako arauak ez betetzea.
Elkargoak eskatutako txosten edo beste dokumentu batzuk ez ematea.
Beste elkargokideengako errespetu-falta, irain larria ez denean.
Publizitateari buruzko legean ezarritako publizitate-arauak ez betetzea.
Laneko jarduera arautzen duen edozein arau urratzea, arau-hauste larria edo oso larria ez bada, estatutu hauen arabera.
Honako hauek dira falta larriak:
Egiteko profesionalak ez betetzea, eta horrek jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kaltea eragitea.
Intrusismo-egintzei buruzko 13.j) artikuluan ezarritako jakinarazi beharra urratzea edo laneko beste edozein jarduera irregular jakitera ez ematea.
Asegurua izateko betebeharra ez betetzea.
Estatutu hauetako 13.l) artikuluan adierazten den betebeharra lanbidean jardutekoa ez betetzea, horretarako eskaera behar bezala egin zaionean; ez da arau-haustea izango zerbitzu hori eskaintzea ezinezkoa egiten duen arrazoi justifikaturen bat badago.
Lanbide bereko beste profesionalen, lanbidearen gobernu-organoen eta lanbidean jardutean harremanak dituzten pertsona edo erakundeen duintasuna larriki laidotzea, bai eta horietako edozein fisikoki erasotzea ere.
Bidegabeko lehia dakarten ekintzak.
Elkargoaren edo beraren organoen ohiko jarduera oztopatzen edo eragozten duten egintzak.
Bi urtean gutxienez bost arau-hauste arin egitea, edo urtebetean hiru zigor jasotzea, esleigarri diren arau-hausteetan koherentziari eta proportzionaltasunari eutsiz.
Orokorrean ezarritako arau deontologikoak urratzea.
Moralari, lanbidearen duintasun edo ospeari erasotzen dioten ekintzak eta ez-egiteak.
Sekretu profesionala larriki urratzea, eta hirugarrengo bat kaltetzea.
Egia esaten ez duten txostenak edo egiaztagiriak egitea.
Hautetsiek elkargoen organoetan dituzten betebeharrak ez betetzea.
Honako hauek dira falta oso larriak:
Psikologo lanean jardutea, dagokion titulua izan barik.
Elkargokide izan gabe psikologo lanak egitea, elkargokide izateko betebeharretik salbuesten duen gorabeheraren bat tartean ez badago.
Lanbideko egitekoak ez betetzea, eta horren ondorioz, zerbitzu profesionala eskatzen edo ituntzen dutenei oso kalte handia egitea.
Lanbide-sekretua urratzea.
Lanbidean aritzea, lanbidean jarduteko ezgaituta egonda edo ezgaitasun edo debeku-kausaren bat izanda.
Doluzko delituak eta pertsonen duintasunaren kontrako atentatuak, parte-hartze maila dena delakoa izanda ere, lanbidean jardutearen ondorioz edo horretan ari dela gertatzen bada.
Urte biko epean, gutxienez bi arau-hauste larri egitea. Salbuetsita geratzen da aurreko ataleko i puntuko arau-haustea.
Falta arinei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:
Idatziz ohartaraztea, elkargokidearen espedientean jasoz.
Isuna, gehienez 300 eurokoa.
Falta larriei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:
Lanerako gaitasunik gabe uztea gehienez ere urtebeterako.
300,01 eta 3.000 euro arteko isuna.
Oso larri diren faltei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:
Lanerako gaitasunik gabe uztea urtebete eta egun batetik hogei urtera bitartean.
3.000,01 eta 30.000 euro arteko isuna.
Oso larri diren arau-hausteak hiru urteren buruan preskribatzen dira; larriak bi urteren buruan; eta arinak, ordea, urtebete pasata. Oso larriak diren faltengatik ezarritako zehapenak hiru urteren buruan preskribatuko dira; falta larriengatik ezarritakoak bi urteren buruan; eta falta arinengatik ezarritakoak, ordea, urtebete pasata.
Gobernu Batzordeak du zehapenak ezartzeko eskumena. Lehenago, espedientea bideratu behar da, eta hor beti interesatuari entzungo zaio, eta kontuan hartuko dira zehatzeko ahalaren eta zehapen-prozeduraren erabileran ezarritako printzipioak, hala nola, legezkotasuna, atzeraeraginik eza, tipikotasuna eta proportzionaltasuna, bai eta espedientearen izapideketari dagozkionak ere, errugabetasun-presuntzioa, eragindakoari entzutea, azken ebazpenaren arrazoiak eta organo instrukzio-egilearen eta erabakitzailearen arteko beharrezko banaketa direla-eta, hain zuzen ere, prozedura horiek bideratzeko ezarritako legezko eta arauzko xedapenak betez.
Gobernu Batzordeak ustezko falten berri emango dio Batzorde Deontologikoari, falten edukia egintza profesionalen zehapen-kalifikazioaz ari denean. Batzorde Deontologikoak dagokion espedientea bideratuko du, instruktorea izendatuz eta egintzen edukia aztertuz, zehapen-prozedurak erregulatzen dituzten legezko edo arauzko ebazpenei erreparaturik, eta, azkenik, irizpena emango du, Gobernu Batzordeak ebazpena eman dezan.
Espedientearen eragina nork jaso duen, honako kasu hauek daude:
Elkargoaren organoko kidea bada, Batzordeak du eskumena.
Elkargokide profesionala bada, elkargoaren organoek dute eskumena.
Elkargokide izan gabe profesionala bada, Justizia eta Herri Administrazio Sailak du eskumena.
Zehapenen aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, estatutu eta lege aplikagarrietan aurreikusitako moduan, alderdi interesdunak egoki iritzitako errekurtsoei kalterik egin gabe.
Euskadiko Psikologia Kontseilua eratzen denean, berak izango du zehapenak ezartzeko eskumena, kontseilua osatzen duten elkargoetako gobernu-organoetako kideek egindako ustezko arau-hausteen kasuan.
Lanbideko elkargoak lanbidearen arau deontologikoak errespetatu eta elkargoaren betebeharrak beteko ditu, duen administrazio-ahalaz baliaturik eta Zuzenbide publikoko erakundearen izaera duenez gero. Bere jarduerak administrazio-zuzenbidearen menpean daude, herri-administrazioen eta administrazio-prozedura erkidearen araubide juridikoarekin bat etorriz.
Hori guztia, elkargoak estatutu hauetan ezarritako prozedurak alde batera utzi gabe.
Lanbideko araubide deontologiko eta diziplinakoaren kodeak arautzen ditu lanbide-sozietateak, diziplina arloan. Beraz, diziplina-espedienteen izapidetze-prozedura berberek arautzen dute arloa.
Gobernuko Batzordeko kideak joaten ez badira, justifikatu gabe, dagokien organoaren elkarren segidako bi saiotara, edo, hamabi hilabetean, elkarren segidakoak ez diren hiru saiotara joaten ez badira, bere kargutik kendu ahal izango dute, Gobernu Batzordeak hala erabakitzen badu, eta horretarako, aurretiaz ez da espedienterik idatzi beharko.
Gobernu Batzordeak arau bidez zehaztutako sariak eta goraipamenak eman ahal izango dizkie beren lanbide-zerbitzuengatik izugarri nabarmendu diren pertsonei, bai jarduera etengabea emanez, bai pisu zientifiko, profesional eta sozial handiko eta giza maila handiko banako ekitaldiak eginez.
X. ESTATUTU HAUEK ALDATZEA.
Gobernu Batzordeak edo gutxienez elkargokideen % 15ek egingo dute estatutu hauek aldatzeko eskaria. Estatutuetan egindako edozein aldaketa onartzeko, horretarako deitutako ezohiko biltzar orokor batean ematen diren botoen bi herenak beharko dira.
Estatutu hauek horretarako deitutako ezohiko biltzar orokor batean onartu ziren, eta haien bidez, Gobernu Batzordeari ahalmena ematen zaio Justizia eta Herri Administrazio Sailera bidaltzeko, bere legezkotasuna kontrolatzeko eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko. Gobernu Batzordeak du Euskal Autonomia Erkidegoaren legezkotasun-kalifikazioa lortzeko aldatu behar dena aldatzeko eskumena, dagokion aldizkari ofizialean argitaratzea helburutzat hartuta.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira estatutu hauek indarrean.


