Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko azaroaren 22koa, Kulturako sailburuarena, «Kultura-bonua» garatzeari eta sustatzeari buruzkoa - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko azaroaren 22koa, Kulturako sailburuarena, «Kultura-bonua» garatzeari eta sustatzeari buruzkoa

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 223
  • Hurrenkera-zk.: 5719
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/11/22
  • Argitaratze-data: 2011/11/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Ogasun; Herri Administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Autonomia Estatutuaren 10.17 artikuluan xedatutakoaren arabera, eskumen osoa du Kulturaren arloari dagokionez, Konstituzioaren 149.2 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 15. artikuluak Kultura Sailari esleitzen dizkio, besteak beste, kultura sustapenari dagozkionak, bai eta musika, antzerki, dantza, liburu, ikus-entzunezko eta arte bisualei dagozkienak ere.

Eskumen horiek Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari atxikita daude organikoki, halaxe dago-eta araututa Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuaren 11. artikuluan.

Aipatutako martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, zehazki 11.3 artikuluko f) eta g) idatzi-zatietan dioenez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren zereginak dira lehen aipatu ditugun arlo horietan kultura kontserbatzeaz, sortzeaz eta zabaltzeaz arduratzea, bai eta Euskadiko kultura-industriak garatzen laguntzea eta bultzatzea ere.

Alde horretatik, Euskadiren ekonomia biziberritzeko ekintzak garatzeko Eusko Jaurlaritzak duen egitasmoaren baitan, eta 2009. eta 2010. urteetan lorturiko emaitza onak ikusirik, Kultura Sailak «Kultura Bonua - Bono Cultura» programa berritu nahi du, alegia, arte- eta kultura-ekoizpenaren merkatua bultzatzeko ekimena, hain zuzen 2011-2012 Gabonetako kanpainan, Euskadin, aipaturiko kultura-produktu horiek suspertzeari begira.

Ondorioz, hau

  1. Euskarri ezberdinetako kultura-produktuen erosketa lagunduko du diruz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, kultura-bonu batzuen bidez (44.000). Bonuok hautatutako finantza-entitatearen bitartez jarriko dira salgai, eta berorien bitartez erabiltzaileak bere diruaren balioa handitu ahal izango du, bai liburuak edo diskoak erosterakoan, bai museo batean bisita egiteko edo zinera, antzerkira edo kontzertu batera joateko.

  2. Bonu bakoitzak 25 euroko kostua izango du, baina 40 euroko balioa emango dio erabiltzaileari kanpaina honi atxikitzen diren establezimenduetan liburuak edo musika-euskarriak erosteko, edo museo eta zuzeneko ikuskizunetan edo bestelako ekitaldietarako sarrerak erosteko. Bonu bakoitzaren 15 euroren diferentzia hori Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.

  3. Kultura Sailak hautatutako entitate kolaboratzaileak txartel, multizerbitzu kutxazainen edo antzekoen bidez baino ezingo du kultura-bonua saldu, nahiz eta, Eusko Jaurlaritzak berariaz baimenduz gero, bestelako biderik ere erabili ahalko den. Alde horretatik, kreditu-txartel bakoitzarekin kultura-bonu bat baino gehiago erostea eragozten duten mekanismoak jarriko ditu entitate kolaboratzaileak, dela txartela blokeatuz dela bestelako prozeduraren baten bidez.

  1. Aukeratzen den entitatea «entitate kolaboratzailetzat» joko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoarekin bat (Testu Bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen), eta testu bategin horretan eta hura garatzen duten xedapenetan diru-laguntzen kudeaketan kolaboratzaile diren entitateei begira aurreikusitako araubide juridikoa aplikatuko zaio.

  2. Behin entitate kolaboratzailea aukeratuz gero, horren berri emango du Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emandako ebazpen baten bidez.

  3. Programa honetarako eskabideak aurkezten dituzten pertsonek egoki iritzitako erreklamazioak egin ahal izango dituzte Kultura Sailean, hautatzen den entitate kolaboratzaileari dagokionez. Behin entitate kolaboratzaileari entzun ondoren, erreklamaziook gauzatzeari ekingo zaio, eta baietsi edo ezetsi egin dira, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.

  1. Helburu horretarako 660.000 euro erabiliko dira.

  2. Diru-kopuru hori eskuratzea espero den aurreikusitako kultura-bonuen kopuruaren arabera egon daitekeen doikuntza erantsita entitate kolaboratzaileak adierazitako kontu korrontean sartuko da, ordainketa bakarrean, aurreko artikuluan aipatutako entitatearekiko lankidetza hitzarmena sinatu eta gero.

Programa honen baitan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

Ezarritako bideen bitartez kultura-bonua eskuratzen duten pertsona fisikoak izango dira laguntza hauen onuradun zuzenak.

Finantza-entitate kolaboratzaileak eskuratuko dituen 44.000 bonuak hiru lurralde historikoetan banatuko dira, honako irizpide eta proportzio hauei jarraituta:

(Ikus .PDF)

*(Eustat 2007)

Dena den, eskaera dela-eta egoki ikusten bada, salmentaren azken astean egokitzapenak egin ahal izango zaizkio aipaturiko lurraldeen arteko banaketa horri, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez, ahalik eta bonu gehien bana daitezen interesdunen artean. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta, orobat, entitate kolaboratzaileari jakinaraziko zaio.

Kultura-bonuen bidez, honako kultura-produktu hauen erosketak egin ahal izango dira:

(Ikus .PDF)

Programatik kanpo geratuko dira eta, beraz, ezingo dira bonu bidez erosi, honako hauek: papergintzako gaiak; informatika eta elektronikako tresneria, softwarea eta gai suntsikorrak; joko eta bideojokoak.

Kultura Sailak programaren helburuarekin bat datozen beste produktu eta zerbitzu batzuk gehitu ahal izango ditu edozein unetan, EHAAn argitaratzen den Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

  1. «Kultura-bonua» programari atxikitzeko eta, beraz, bonua ordaintzeko bidetzat onartzeko, honako baldintza hauek bete behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten establezimenduek, pertsona fisikoak izan zein juridikoak izan.

    1. Honako alor hauetan kultura produktu edo ondasunak kontsumitzaileari saltzea izan behar du haien jardueraren helburua: liburuak, musika, zinema, ikuskizun eszenikoak (antzerkia, dantza, musika...) eta museoak.

    2. Enpresa txiki edo ertainak izatea (horretarako, Europako Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 Erregelamenduko I. eranskina hartuko da aintzat).

    3. Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak konplituak izatea.

  2. Horri dagokionez, gutxieneko baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen edozein dokumentu eskatu ahal izango du Eusko Jaurlaritzak, bestela nahitaez bete beharreko formalidadeez gain.

    Gutxieneko baldintza hauek betetzen ez dituzten entitateek aurkeztutako eskaintzak ez dira aintzat hartuko eta ez dira onartuko.

Merkataritza-establezimenduak «Kultura-bonua» programari atxikitzeko epea 2011ko azaroaren 24an hasiko da, eta 2011ko abenduaren 7an amaituko da (biak barne).

Atxikitzeko inprimakia Eusko Jaurlaritzako Zuzenean - Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan dago eskuragai, bai eta Interneteko www.kultura.ejgv.euskadi.net helbidean ere. Hura bete eta honako tokietako batean entregatu beharko da:

Eusko Jaurlaritzako Zuzenean - Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan.

Postaz:

Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Sustatzeko Zuzendaritza (Kultura-bonua)

Donostia kalea, 1 z/g

01010 VitoriaGasteiz

Atxikipen-eskaria onartua edo ukatua izan den jakinaraziko dio Eusko Jaurlaritzak eskatzaileari, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez. Behar duten dokumentazioa eta Programari buruzko sustapen-materiala eskuratuko zaie atxikitako establezimenduei.

Kultura Sailak «Kultura-bonua» programari atxikitako establezimenduen zerrenda argitaratu eta eguneratuko du www.kultura.ejgv.euskadi.net atarian.

Atxikipen-eskabidearen bidez «Kultura-bonua» programari atxikitako establezimenduak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

  1. Hitzarmenari atxikitzen zaion enpresak konpromisoa hartuko du publizitate-materialak jasotzeko eta establezimenduan, ongi ikusteko tokian toki batean, jartzeko.

  2. Ez die erosleei esku-dirutan itzulketarik egingo, erosketaren balioaren eta bonuaren arteko diferentzia berdintzeko.

  3. Atxikitako establezimenduek galdera-sorta labur baten aleak jarriko dituzte leku ageri batean, hala nahi duten bezeroek bete dezaten. Kanpainaren bukaeran, galdera-sortak adierazitako helbidera bidaliko dira.

  4. Prozesuak irauten duen bitartean, atxikitako establezimenduek telefono-dei bat jaso dezakete, kanpaina zer moduz doan egiaztatu ahal izateko eta haien iritzia jakiteko.

  1. Kultura-bonuak EAEko lurralde-eremuan baino ez du baliorik izango.

    Programa honekiko atxikipena, ondorio guztietarako, 2011ko abenduaren 12an jarriko da indarrean, eta 2012ko urtarrilaren 31n amaituko, honako epe hauen arabera:

    1. Pertsona interesdunek 2011ko abenduaren 12tik 2012ko urtarrilaren 5era bitartean erosi ahal izango dituzte bonuak finantza-entitate kolaboratzaileak gaitutako kutxazainetan.

    2. Bonuak 2011ko abenduaren 12tik 2012ko urtarrilaren 20ra bitartean erabili ahal izango dira, programari atxikitako establezimenduetan.

    3. Behin epea igaroz gero, ez dute ordaintzeko baliorik izango.

    4. Programari atxikitako establezimenduek jasotzen dituzten bonuak dirutan trukatu ahal izango dituzte, aukeratzen den finantza-entitatean, 2011ko abenduaren 13tik 2012ko urtarrilaren 31ra bitartean. Behin epea igaroz gero, bonuak ezingo dira dirutan trukatu entitate kolaboratzaileetan.

  2. Kultura Sailak data horiek aldatu ahal izango ditu, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez, baldin eta antolamenduzko arrazoiek edo bestelako gorabeherek hala aholkatzen badute. Kasu horietan, atarian emango da horren berri.

  1. Trukea finantza-entitate kolaboratzailearen edozein sukurtsaletan egin ahal izango da, bertan fisikoki agertuz. Jasotako bonuak entregatu ondoren, haien balioa kalkulatuko da, alegia, biderkatuz 40 euro/bonu bakoitzeko. Horren emaitza programari atxikitako establezimenduak finantza-entitate kolaboratzailean propio izango duen kontu korrontean sartuko da. Inoiz ere ez da esku-dirurik emango bonuen truke.

  2. Trukea astean behin egin ahal izango da, lehen adierazitako 2012ko urtarrilaren 31ko eguna epemuga dela.

  3. Iruzurrik egon ez dadin, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak emango duen programarekiko atxikipen-dokumentazio egiaztatzailea erakutsi beharko da trukea egiterakoan. Arrazoi berberagatik, trukaturiko bonu bakoitzari dagokion erosketa-tiketa eskatu ahal izango du Eusko Jaurlaritzak, berariaz establezimenduei jakinarazita.

Programaren arduraduna den aldetik, Eusko Jaurlaritzak eskubidea izango du baliabide publikoak zuzen aplikatzen direla eta laguntza programa egokiro betetzen dela egiaztatzeko egoki ikusten dituen egiaztatze, ikuskatze eta gainerako neurriak hartzeko.

Atxikitako establezimenduen aldetik ez-betetzeren bat gertatuz gero, «Kultura-bonua» programarekiko atxikipen hori automatikoki baliogabetu ahal izango du Kultura Sailak, eta horren berri eman finantza-entitate kolaboratzaileari, bonu-trukea eragozteari begira.

Diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan eskatzen dioten informazio guztia eman berako diote atxikitako establezimenduek Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

Lehenengoa. Kultura-bonua programari atxikitzeko eskariaren bitartez emandako datu pertsonalak Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren mendeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.

Fitxategi horren erabilera Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatutako laguntzen kudeaketa alorrera mugatuko da soilik. Finantza-entitate kolaboratzaileari laga ahal izango zaio, entitate hori datuak tratatzeko arduraduna izango baita programak irauten duen bitartean, baina soil-soilik programaren ondorioetarako.

Bigarrena. Oinarri hauetan aurreikusten ez diren alorretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak aginduko du.

Hirugarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke Kulturako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Laugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 22a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik