- AGINDUA, 2011ko abenduaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitatekoak ez diren irakasleen kidegoetako langile funtzionarioen arteko autonomia mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko abenduaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitatekoak ez diren irakasleen kidegoetako langile funtzionarioen arteko autonomia mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 6
- Hurrenkera-zk.: 142
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/12/16
- Argitaratze-data: 2012/01/10
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Deskribapenak
Testu legala
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko seigarren xedapen gehigarriko 4. paragrafoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe dauden ikastetxeetan plaza hutsak daudela ikusita,
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitatekoak ez diren irakasleen kidegoetako langile funtzionarioen arteko autonomia mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egitea.
Aipatutako deialdia arautuko duten oinarriak onartzea.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa. Indarrean jartzea.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.
Bigarrena. Errekurtsoak.
Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 16a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
OINARRIAK
Lehenengoa. Deialdia.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitatekoak ez diren irakasleen kidegoetako karrerako langile funtzionarioen arteko autonomia mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da:
Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren kidegoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasle Teknikoen kidegoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Musika eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastiko eta Diseinuko irakasleen kidegoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen Kidegoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Musika eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoa.
Halaber, lehiaketa honetan parte hartzera deitzen dira goian zerrendatutako irakasleen kidegoetako praktiketako funtzionarioak.
Bigarrena. Eskaintzen diren lanpostuak.
Lekualdatze-lehiaketa honetan aipatzen diren kidegoei dagozkien eskaintzen diren plaza hutsen behin-behineko eta behin betiko zehaztapena lekualdatze-lehiaketa honen destinoen behin-behineko eta behin betiko esleipenen aurretik egingo da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net
Lekualdatze-lehiaketa honetan, zehazten diren lanpostu hutsak eskainiko dira eta horien artean jasoko dira, gutxienez, 2011ko abenduaren 31 baino lehen hutsik geratu direnak eta kidego bakoitzeko lehiaketa ebazterakoan sortzen direnak. Horiez gain, derrigorrezko erretiroak direla-eta, 2011-2012 ikasturtea amaitu artean hutsik geratzen diren lanpostuak ere gehitu ahal izango dira. Lanpostu horiek eskainiko dira baldin eta aurrerantzean ere hezkuntzarako plangintza orokorrean indarrean jarraituko dutela ohartemanda badago eta zentro berean ezartzen diren irakasleen egonkortasun-baldintzen arabera.
Lanpostu hutsen argitalpenean horien definizioaren akatsen bat egongo balitz edo lanpostu horren funtzionamendua eskola-plangintzan aurreikusi gabe badago, dagokion akats-zuzenketa argitaratuko da.
Beste herri batzuetan plazak dituzten ikastetxeetan, eskatutako ikastetxera atxikita dauden edozein herritan emango dituzte zerbitzuak horietan destinoa lortzen duten irakasleek.
Hirugarrena. Maisu-maistren kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte-hartze baldintzak.
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Atzerriko hizkuntza: Ingelesa, Atzerriko hizkuntza: Frantsesa, Euskara, Gorputz Hezkuntza, Musika, Pedagogia terapeutikoa, Entzumena eta Hizkuntzako lanpostuak eskatu ahal izango dituzte dagozkien espezialitateko titulartasuna egiaztatzen duten maisu-maistrek, bai eta, 1364/2010 Errege Dekretuko laugarren xedapen gehigarriaren arabera, aipatu Errege Dekretua indarrean sartu aurretik zegoen araudiaren arabera horietarako gaitu direnak ere.
Aholkulari-lanpostuak eskatu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzetakoren bat betetzen duten maisu-maistrek:
1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera Aholkulari lanpostua betetzeko gaitu izana edo,
Hezkuntza Bereziko Arloa, Pedagogia Terapeutikoan egokitzapena sorrarazten duten titulazioetakoren baten jabe izatea, edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren arabera, aipatu Arloan egokitzapena sorrarazten duten egoeretako batean egotea edo,
Psikologian lizentziatua; Pedagogian; Psikopedagogian; Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan, psikologia alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, pedagogia alorreko edozein espezialitate; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, hezkuntza-zientzien alorreko edozein espezialitate; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorra, psikologia espezialitatea; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorra, hezkuntza-zientziak espezialitatea; Filosofia eta Letrak, psikologia alorra; Filosofia eta Letrak, pedagogia alorra; Filosofia eta Letrak, hezkuntza-zientziak alorra edo,
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren IV. eranskinean zerrendatzen diren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu edo baliokidetutako ikastaroren bat gainditu izana.
Helduen Hezkuntzako lanpostuak (HHI).
Honako lanpostu hauek eska ditzakete: Helduen Hezkuntza, hasierako ikasketak; Helduen Hezkuntza, ingelesa; Helduen Hezkuntza, frantsesa. Horretarako, Lehen Hezkuntza, Ingelesa edo Frantsesa espezialitateko titulartasuna egiaztatu beharko da edo, bestela, 1364/2010 Errege Dekretuko laugarren xedapen gehigarriaren arabera, aipatu Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera aipatu lanpostuetan aritzeko gaituak izan behar dute.
Pedagogia terapeutikoko lanpostuak Helduen Hezkuntzan eta Hezkuntza Ertaineko zereginen ikaskuntzarako geletan.
Helduen Hezkuntza, Pedagogia terapeutiko eta Hezkuntza Ertaineko ikastetxe publikoetan zereginen ikaskuntzarako geletan Pedagogia terapeutikoko lanpostuak eska ditzakete Pedagogia terapeutikoa espezialitatearen titulartasuna egiaztatzen duten maisu-maistrek, bai eta 1364/2010 Errege Dekretuko laugarren xedapen gehigarriaren arabera, aipatu Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera aipatu espezialitateko egokitzapena dutenek ere.
Derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen bi mailetako lanpostuak.
Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko lehen xedapen iragankorrean xedatuta dagoenaren arabera, aipatu Legea indarrean jarri aurretik derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen bi mailetako lanpostuetara behin betikoz adskribatutako maisu-maistren kidegoko funtzionarioek, aipatu lanpostuetan eperik gabe jarraitu ahal izango dute eta Hezkuntza Administrazioak horretarako xedatutako lehen maila horietako lanpostu hutsekin lotutako mugikortasunaz gozatu ahal izango dute. Halaber, gaituak dauden haur eta lehen hezkuntzako plaza edo lanpostuetarako mugikortasuna balia dezakete, eta horiek lortuz gero, derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan etorkizunean egon daitezkeen lanpostu hutsak lortzeko aukerak galduko lituzkete.
Behin betikoz adskribatutako lanpostua ezabatuko balitz, derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, aipatu lanpostuetan destino berri bat lortzeko lekualdatze-lehiaketetan parte hartzeko aukera izaten jarraituko lukete.
Nolanahi ere, lanpostu horien eskabidea egiterakoan, egokitzapena egiaztatu beharko dute ondoko baliokidetasunak kontutan izanda:
(Ikus .PDF)
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako lanpostuetara behin-betikoz atxikia egoteaz gain aipatzen diren baldintzetakoren bat betetzen duten maisu-maistrek eskatu ahal izango dituzte lehen bi mailei dagozkien ondorengo arloetako lanpostuak:
Teknologia.
Ondoko titulazio hauetakoren bat edukitzea: Ondoko titulazio hauetakoren bat edukitzea: Goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Fisika, Kimika edo Zientzietako Lizentziatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa, Itsasgintza Zibileko diplomatura edo bigarren graduko Lanbide Heziketa edozein arlotan, administraziokoa, osasunekoa edo etxekoa izan ezik, edo
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak antolatutako Oinarrizko Teknologia Ikastaroetan, edo horrek homologatu dituen bestelako ikastaroetan parte hartu izana (250 ordukoak edo gehiagokoak).
Plastikaren eta Ikusizkoen Hezkuntza.
Ondoko titulazio hauetakoren bat edukitzea: Goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Arte Ederrak, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo Bigarren graduko Lanbide Heziketa, Delineazio arloa.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Pedagogia Terapeutikoa eta Entzumena eta Hizkuntza lanpostuak.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Pedagogia Terapeutikoa eta Entzumena eta Hizkuntza lanpostuak eskatu ahal izango dituzte dagozkien espezialitateko titulartasuna egiaztatzen dutenek eta 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera, horietarako gaitu direnak aipatu Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera, bosgarren atalaren lehen paragrafoan adierazitako mugapenik gabe.
Gaur egun gaituta ez badaude baina hainbat baldintza betetzen badituzte espezialitate batean zeinaren bidez lekualdatze-lehiaketan parte hartu nahi duten maisu-maistrek edo 1594/2011 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako ezohiko epearen erabilera egin nahi dutenek, espezialitatea onartzeko eskabidea Agindu honen hamazazpigarren oinarrian aurreikusitako epean aurkeztuko dute. Espezialitatea onartzeko baldintza horiek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako etapetan beren funtzioak betetzen dituzten Maisu-maistren kidegoko irakasleen espezialitateak xedatzen dituen azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuaren eranskinean ezarritakoak izango dira. Eskabidea Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan egingo da, dagokion egiaztatze-dokumentazioaren batera. Eskatutako espezialitate bat edo batzuetan parte hartzea onartzeko dagokion espezialitatea egiaztatuko da.
Laugarrena. Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte-hartze baldintzak.
Kidego horietako funtzionarioek honako lanpostu hauek eskatu ahal izango dituzte:
Titular diren espezialitateei dagozkien lanpostuak, agindu honen II. eranskinean azaltzen diren ikastetxeetan eta IV. eranskinean aipatutako espezialitateetarako.
Hizkuntza eta Gizartearen arloko Curriculum Desberdinak Eratzeko irakasle-lanpostuak. Ondorengo espezialitateetako batean titularrak diren irakasleek aukeratu ahal izango dituzte lanpostu horiek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Latina, Euskara eta Literatura eta Filosofia.
Zientzia eta Teknologiaren arloko Curriculum Desberdinak Eratzeko irakasle-lanpostuak. Ondorengo espezialitateetako batean titularrak diren irakasleek aukeratu ahal izango dituzte lanpostu horiek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika, Teknologia, Fabrikazio Mekanikoaren Antolakuntza eta Prozesuak, Sistema Elektroteknikoak eta Automatikoak, Sistema Elektronikoak, Ibilgailuak Mantentzeko Antolaketa eta Prozesuak, Eraikuntza Zibilak eta Etxegintza, Sistema Energetikoen Antolaketa eta Proiektuak, Analisia eta Kimika industriala, Ehungintzako Prozesuak eta Produktuak, Jantzigintza eta Larrugintza, Zurgintzako eta Altzarigintzako Prozesuak eta Produktuak, Nekazaritzako Ekoizpen Prozesuak, Komunikazio Prozesuak eta Komunikabideak eta Arte Grafikoetako Prozesuak eta Produktuak.
Helduen Hezkuntzako lanpostuak:
Komunikazio arloa. Ingelesa. Lanpostu hauek eskuratu ahal izango dituzte Ingelesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.
Komunikazio arloa. Frantsesa. Lanpostu hauek eskuratu ahal izango dituzte Frantsesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.
Komunikazio arloa. Gaztelania eta Literatura. Lanpostu hauek eskuratu ahal izango dituzte Gaztelania eta Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.
Komunikazio arloa. Euskara. Lanpostu hauek eskuratu ahal izango dituzte Euskara eta Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.
Gizarte Ezagutzaren arloa. Lanpostu hauek eskuratu ahal izango dituzte Geografia eta Historia espezialitateko titularrak diren irakasleek.
Zientzia eta teknologiaren arloa. Ondorengo espezialitateetako batean titularrak diren irakasleek aukeratu ahal izango dituzte lanpostu horiek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika, Teknologia, Fabrikazio Mekanikoaren Antolakuntza eta Prozesuak, Sistema Elektroteknikoak eta Automatikoak, Sistema Elektronikoak, Ibilgailuak Mantentzeko Antolaketa eta Prozesuak, Eraikuntza Zibilak eta Etxegintza, Sistema Energetikoen Antolaketa eta Proiektuak, Analisia eta Kimika industriala, Ehungintzako Prozesuak eta Produktuak, Jantzigintza eta Larrugintza, Zurgintzako eta Altzarigintzako Prozesuak eta Produktuak, Nekazaritzako Ekoizpen Prozesuak, Komunikazio Prozesuak eta Komunikabideak eta Arte Grafikoetako Prozesuak eta Produktuak.
Kultura Klasikoko lanpostuak. Lanpostu hauen titularrek Latina eta Grekoaren espezialitateak irakatsi ahal izango dituzte, urriaren 6ko 1635/1995 Errege Dekretuak hamargarren xedapen gehigarrian zehaztutakoaren arabera. Lanpostu hauek behar bezala bereizita agertuko dira ikastetxeko langileen zerrendan eta era berean eskatu ahal izango dituzte aipatutako bi espezialitateetako batean titularrak diren Bigarren Hezkuntzako katedradunek eta irakasleek. Lanpostuak eskuratzen dituzten irakasleek, Latinaren zein Grekoaren espezialitateetako irakasgaiak eman beharko dituzte derrigorrean.
Hizkuntza indartzeko lanpostuak: Ondorengo espezialitateetako batean titularrak diren irakasleek aukeratu ahal izango dituzte lanpostu horiek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Latina, Euskara eta Literatura, Filosofia eta Alemana.
Irakaskuntza ingelesez egiteko lanpostuak (elebidunak). Ingelesez eman beharreko espezialitateetako lanpostuak eskura ditzakete, IV. eranskinean jasotako espezialitateetako baten irakasle titular izateaz gain, Ingeles Filologiako Lizentziatura edo baliokidea, Hizkuntza-eskola ofizialeko Maila Aurreratuko egiaztagiria edo baliokidea edo ingeleseko espezialitateko titulua duten irakasleek.
Ingelesezko irakaskuntza-lanpostuak eskatzeko interesa dutenek, eskakizunean, elebitasuna eremuan, 2. ingelesa aukera adieraziko dute.
Bosgarrena. Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte-hartze baldintzak.
Kidego horretako funtzionarioek honako lanpostu hauek eskatu ahal izango dituzte:
Titular diren espezialitateei dagozkien lanpostuak, agindu honen II. eranskinean azaltzen diren ikastetxeetan eta IV. eranskinean aipatutako espezialitateetarako.
Zereginen Ikaskuntzarako Gelei dagozkien lanpostuak, 250 kodea. Lanpostu horiek edozein espezialitate izanda eska daitezke.
Lanbide Heziketako espezialitateetako Zereginen Ikaskuntzarako Gelei dagozkien lanpostuak: lanpostu horiek eskuratu ahal izango dituzte Lanbide Heziketako espezialitateko titularrak diren irakasleek.
Seigarrena. Hizkuntza-Eskola Ofizialetako, Musika eta Arte Eszenikoko eta Arte Plastiko eta Diseinuko katedradun eta irakasleen kidegoetako funtzionarioentzako lanpostuak eta parte-hartze baldintzak.
Hizkuntza-Eskola Ofizialetako katedradun eta irakasleen kidegoko funtzionarioek, titular diren espezialitateak kontuan hartuta, agindu honetako II. eta IV. eranskinetan agertzen diren ikastetxe eta espezialitateetako lanpostuak eskatu ditzakete.
Musika eta Arte Eszenikoen katedradun eta irakasleen kidegoko funtzionarioek, titular diren espezialitateak kontuan hartuta, agindu honetako II. eta IV. eranskinetan agertzen diren ikastetxe eta espezialitateetako lanpostuak eskatu ditzakete.
Arte Plastiko eta Diseinuko katedradun eta irakasleen kidegoko funtzionarioek, titular diren espezialitateak kontuan hartuta, agindu honetako II. eta IV. eranskinetan agertzen diren ikastetxe eta espezialitateetako lanpostuak eskatu ditzakete.
Zazpigarrena. Borondatezko parte hartzea.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe dauden eta jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden irakasle funtzionarioek:
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako ikastetxeetan behin betiko destinoarekin jarduneko zerbitzuan ari diren funtzionarioek, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.
Horretarako, Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Arte Plastiko eta Diseinuko katedradunen kidegoetako karrerako langile funtzionarioei, kontuan hartuko zaie aurretik dagokien irakasle-kidegoko karrerako funtzionario gisa lanpostu berean jardun duten denbora.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako ikastetxeetan aitortutako zerbitzu berezietako egoeran dauden funtzionarioek, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikita dauden ikastetxeetan aitortutako borondatezko eszedentzia egoeran, horren mota desberdinetan, dauden funtzionarioek.
Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89.1 artikuluko a) eta b) idatzi-zatietan aurreikusitako moduan, norbere interesagatik edo familia batzeagatik borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, parte hartu ahal izateko, ezinbesteko izango dute eszedentziara igaro zirenetik aurtengo ikasturtea amaitu arte bi urte igaro izana.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako ikastetxeetan aitortutako etendura egoeran aurkitzen diren funtzionarioek, betiere, aurtengo ikasturtea amaitzen denean, etendurako diziplina zigorraren iraunaldia bukatu bada eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik gutxienez urte bi pasatu badira.
Beste Herri Administrazio batzuetan zerbitzua eskaintzen ari diren funtzionarioek, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.
Destinoren bat lortzeko, lehentasunezko eskubideren batez baliatu nahi dutenek deialdi honetako hamaikagarren oinarri-arauan zehaztutakoa bete beharko dute.
Zortzigarrena. Derrigorrezko parte-hartzea.
Deialdi honetan eskaintzen diren lanpostuetan parte hartzera derrigortuta daude jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden langile funtzionarioak:
Behin-behineko destinoa izan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe dauden ikastetxeetan 2011-2012 ikasturtean zehar zerbitzuak betetzen dihardutenek.
Langile horiek, hala badagokio, titular diren espezialitateen eta hizkuntza-eskakizunen arabera edo, maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera aipatu lanpostuetan aritzeko gaituak diren arabera eska ditzaketen lanpostu guztiak eskatzera derrigortuta daude. Hala ere, oraindik bere lehen behin betiko destinoa lortu ez duenak aukeratua izan den espezialitateko lanpostuak soilik lor ditzake.
Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, parte hartu arren, behar den beste lanpostu huts eskatzen ez badute, ofizioz esleituko zaie behin betiko destinoa, titularrak diren espezialitateen eta hizkuntza-eskakizunen arabera edo, maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera aipatu lanpostuetan aritzeko gaituak izan badira, beti ere behin betiko lehen destinoa jada lortua badute; aitzitik, funtzionario horiei aipatu kidegora sartzeko hautazko prozesura gainditzeko erabilitako espezialitateko plaza hutsak soilik esleituko zaizkie ofizioz. Esleipen hori behin-behinean zerbitzua ematen duten Lurralde Historikoan kokatutako ikastetxeetan egingo da, II. eranskinean argitaratutako ikastetxeen ordena jarraituz, kasuaren arabera.
Musika eta Arte Eszenikoko katedradun eta irakasleen kidegoko funtzionarioei, aurreko paragrafoan adierazitakoa burutu ezin bada, ofizioz eta behin betikoz emango zaie destino bat titular diren espezialitateen eta hizkuntza-eskakizunen arabera eska ditzaketen lanpostuetan II. eranskinean argitaratutako ikastetxeen ordena jarraituz.
Behin betiko destinorik lortu ez badute lehiaketa honetan, behin-behineko destinoko egoeran geratuko dira 2011-2012 ikasturtean zerbitzuak bete dituzten Lurralde Historikoan.
Aurreko ikasturtean zerbitzuak eskaini diren Lurralde Historikoak kokatutako ikastetxeetan egin beharreko esleipena II. eranskinean argitaratutako ikastetxeen zerrenda jarraituz egingo da, kasuaren arabera.
Eszedentziatik edo funtzioen etenaldi egoeratik etorri, behin betiko destinoa galdu eta jarduneko zerbitzura itzuli diren funtzionarioak, baldin eta, deialdi hau argitaratzen den eguna baino lehenago, itzuleraren indarrez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxeren batean behin-behineko destinoa lortu badute.
Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, parte hartu arren, behar den beste lanpostu huts eskatzen ez badute, ofizioz esleituko zaie behin betiko destinoa, titularrak diren espezialitateen eta hizkuntza-eskakizunen arabera edo, maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera aipatu lanpostuetan aritzeko gaituak izan badira, beti ere behin betiko lehen destinoa jada lortua badute; aitzitik, funtzionario horiei aipatu kidegora sartzeko hautazko prozesura gainditzeko erabilitako espezialitateko plaza hutsak soilik esleituko zaizkie ofizioz. Esleipen hori behin-behinean zerbitzua ematen duten Lurralde Historikoan kokatutako ikastetxeetan egingo da, II. eranskinean argitaratutako ikastetxeen ordena jarraituz, kasuaren arabera.
Nahitaezko eszedentzian, edo funtzioen etenaldi irmoan eta destinoko lanpostua galduta dauden funtzionarioek, zigorra bete eta gero, behin-behinean itzultzerik lortu ez badute, eta egoera hori aitortu bazaie Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxeren batean.
Aurreko paragrafoan aipatutako funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, parte hartu arren, behar den beste lanpostu eskatzen ez badute eta, hala, behin betiko destinorik lortzen ez badute, borondatezko eszedentzia egoeran geldituko dira, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89 artikuluko 1.a) idatz-zatian aurreikusten den modura.
Atzerriko lanpostuetara atxikita egon ondoren, 2012-2013 ikasturtean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren kudeaketa eremura itzuli behar diren funtzionarioek edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenek.
Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, parte hartu arren, behar den beste lanpostu huts eskatzen ez badute, ofizioz esleituko zaie behin betiko destinoa, titularrak diren espezialitateen eta hizkuntza-eskakizunen arabera edo, maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera aipatu lanpostuetan aritzeko gaituak izan badira, beti ere behin betiko lehen destinoa jada lortua badute; aitzitik, funtzionario horiei aipatu kidegora sartzeko hautazko prozesura gainditzeko erabilitako espezialitateko plaza hutsak soilik esleituko zaizkie ofizioz. Esleipen hori bere azken destinoa izan duten edo behin-behinean zerbitzua ematen duten Lurralde Historikoan kokatutako ikastetxeetan egingo da, II. eranskinean argitaratutako ikastetxeen ordena jarraituz, kasuaren arabera.
Behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioek epaia betetzea edo errekurtsoari emandako ebazpena betetzeagatik edo behin betiko izaeraz betetzen zuten lanpostua espresuki ezabatu zaielako.
Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute ofizioz esleituko zaie behin betiko destinoa, titularrak diren espezialitateen eta hizkuntza-eskakizunen arabera edo, maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera aipatu lanpostuetan aritzeko gaituak izan badira, beti ere behin betiko lehen destinoa jada lortua badute; aitzitik, funtzionario horiei aipatu kidegora sartzeko hautazko prozesura gainditzeko erabilitako espezialitateko plaza hutsak soilik esleituko zaizkie ofizioz. Esleipen hori behin-behinean zerbitzua ematen duten Lurralde Historikoan kokatutako ikastetxeetan egingo da, II. eranskinean argitaratutako ikastetxeen ordena jarraituz, kasuaren arabera.
Halaber, lehiaketan parte hartzera derrigortuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle-kidegoetan sartzeko hautatze-prozeduretan aukeratuak izanda, ikasturte honetan praktika-aldian badago honako salbuespenarekin:
Lehiaketan parte hartzeko derrigortasunetik salbuetsita daude maisu-maistren kidegotik Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegora Gorako talde bateko kidegoetara sartzeko prozeduraren bidez iritsi direnak eta espezialitate berean behin betiko zerbitzuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ematen ari direnak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren mendeko ikastetxeetan. Aurreko atalean aipatzen den aukera idazki baten bidez derrigorrean jakinarazi beharko zaio Langileriaren Kudeaketarako Zuzendariari, eskaerak eta agiriak aurkezteko epean.
Irakasle horiek, Hezkuntzako Lege Organikoaren lehen xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraiki, betetzen ari ziren destinoetan berretsiko dira, hautaproben espedientea onartu ondoren horretan hautatutako izangaiak karrerako funtzionario izendatzen dituztenean.
Praktikan dauden funtzionario langileek beren behin betiko lehen destinoa Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe dauden plaza edo lanpostuetan eta aukeratuak izan diren espezialitatean soilik lor dezakete.
Destinoen esleipena aukeratuak izan diren deialdiko urtea kontutan hartuz egingo da. Eta, deialdi honen barruan, praktiketan dauden funtzionario gisa esleitzen zaien zerrenda-ordenaren zenbakia kontutan hartuko da.
Dagokien destinoa, praktikaldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu izanak baldintzatuko du.
Eskabidea eskatzen ez duenak edo hala eginda ez baditu behar beste lanpostu eskatzen, ofizioz eta behin betikoz har dezake destinoa aukeratua izan den espezialitateari dagozkion lanpostuetan, aurreko ikasturtean zerbitzuak betetzen dihardun duen Lurralde Historikoan kokatutako ikastetxeetan eta II. eranskinean argitaratutako ikastetxeen ordena jarraituz, kasuaren arabera.
Behin betiko destinorik lortu ez badu lehiaketa honetan, behin-behineko destinoko egoeran geratuko da praktiketako funtzionario gisa 2011-2012 ikasturtean zerbitzuak bete dituen Lurralde Historikoan.
Oinarri-arau honen 1. paragrafoan aipatzen diren parte-hartzaileek, c) eta e) kasuetan zehaztutakoek izan ezik, eskatutako lanpostuetako bakarra ere lortzen ez den kasuan eta, beraz, ofizioz behin betiko destinoa esleituko zaienaren kasuan, eskabidearen «Derrigorrean parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» izeneko idazpuruan, gogokoenen hurrenkeran, lanpostu-moten (espezialitateak) eta hizkuntzen (hizkuntza-eskakizunak) kodeak adieraziko dituzte, deialdi honetan ezarritakoaren arabera, ikastetxea, lanpostu-mota (espezialitatea) eta hizkuntza (hizkuntza-eskakizuna) kontutan hartzeko ofizioz lanpostua esleitzen zaienean.
Halaber, oinarri-arau honen 1. paragrafoan aipatzen diren parte-hartzaileek, c) eta e) kasuetan zehaztutakoek izan ezik, eta 2. paragrafoan aipatzen direnek hala nahi izanez gero, lehentasun-ordenan, lurralde historikoen kodeak adierazi ditzakete, ofizioz esleitzerakoan zehaztutako lehentasun-ordena kontutan har dadin.
Lurralde historikoen kodeei erreferentzia egiten dien atala betetzen ez bada, 2011-2012 ikasturtean behin-behinean zerbitzuak bete dituzten lurralde historikoan soilik esleituko zaizkie lanpostuak ofizioz.
Bederatzigarrena. Ez dira inolaz ere nahitaez esleituko honako hauek:
Maisu-maistren kidegoko langile funtzionarioentzat, honakoei dagozkien lanpostuak:
Helduen Hezkuntzako lanpostuak.
Zereginen Ikaskuntzarako Gelei dagozkien lanpostuak.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako lanpostuak.
Plaza ibiltariak.
Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta katedradunen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako langile funtzionarioentzat, honakoei dagozkien lanpostuak:
Helduen Hezkuntzako lanpostuak.
Zereginen Ikaskuntzarako Gelei dagozkien lanpostuak.
Curriculum Desberdinak Eratzeko irakasleen lanpostuak.
Kultura Klasikoko lanpostuak.
Hizkuntza indartzeko lanpostuak.
Irakaskuntza ingelesez egiteko lanpostuak (elebidunak).
Hamargarrena. Hizkuntza-eskakizuna.
Derrigortasun-eguna beteta daukaten hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea, edo bestela, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak (apirilaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) martxoaren 10eko 42/1998 eta urriaren 6ko 263/1998 Dekretuek aldatua, bai eta euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatzeari buruzko indarrean dagoen gainerako araudia ere, aipatutako hizkuntza-egiaztapenen jabe izatea, bertan finkatutako baldintza eta betebeharrekin.
Hamaikagarrena. Lehentasunezko eskubidea.
Honako baldintza hauek betetzen dituzten lehiatzaileak lehentasunezko eskubideaz baliatu ahalko dira, eta eskabideetan halaxe agertuko dute hori.
Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea.
Behin betiko destinoa duten edo izan duten ikastetxe berean lanpostu berri bat lortzeko lehentasunezko eskubidea izango dute, adierazitako kasuren batean dauden eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaileek, zerrendatzen diren lehentasun-ordenan:
Ikastetxe batean behin betikoz betetzen zuten plaza edo lanpostua ezabatzen denean, egoera horrek irauten duen denboran, ikastetxe berean edozein espezialitatetan behin betiko beste destino bat lortzeko dagoen beste edozein hautagairekiko lehentasunezko eskubidea izango dute, beti ere lanpostua betetzeko ezinbesteko diren baldintzak betetzen badituzte.
Ikastetxe batean behin betikoz betetzen zuten plaza edo lanpostua aldatzen denean, egoera horrek irauten duen denboran, ikastetxe berean edozein espezialitatetan behin betiko beste destino bat lortzeko dagoen beste edozein hautagairekiko lehentasunezko eskubidea izango dute, beti ere lanpostua betetzeko ezinbesteko diren baldintzak betetzen badituzte.
Behar adina irakastordu ez izateagatik beren ikastetxetik lekualdatu dituztenen kasuan, egoera horrek irauten duen denboran, behin betiko destinoa duten ikastetxean egon daitezkeen lanpostu hutsetarako beste edozein hautagairekiko lehentasunezko eskubidea izango dute, beti ere lanpostua betetzeko ezinbesteko diren baldintzak betetzen badituzte.
Espezialitate berriak eskuratzen dituztenean, ekainaren 4ko 850/1993, otsailaren 27ko 334/2004 eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuetan ezarritakoaren arabera, behin betiko destinoa duten ikastetxean, eskuratutako espezialitate berrian, lanpostu bat lortzeko beste edozein hautagairekiko lehentasunezko eskubidea izango dute. Eskubide hori Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegoetako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleek izan dezakete.
Lanpostu berria lortu ostean, eskubide hori beste espezialitate berri bat eskuratzerakoan soilik erabili ahal izango da.
Aurreko atal bakoitzean adierazitako egoeran karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean, lanpostua merituen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio. Puntuazioetan berdinketak gertatuko balira, berdinketa horiek hausteko lehen irizpide gisa ikastetxean karrerako funtzionario gisa jarduneko egoerako benetako zerbitzuetan denbora gehien daramana lehenetsiko da eta, beharrezkoa balitz, merituen baremoan (I. eranskina) aurreikusitako gainerako irizpideak erabiliko dira bertan agertzen diren ordenan.
Ikastetxe baterako lehentasun-eskubide hori erabili nahi duen irakasleak parte hartzeko eskabidean («Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan), lehenik, eskubide hori erabiltzeko hautatu den ikastetxearen kodea eta lehentasun-eskubideaz baliatzeko arrazoia adierazi beharko ditu. Eskubide horretaz baliatzeko lanpostu-mota (espezialitatea) eta hizkuntza (hizkuntza-eskakizuna) adierazten duen lehentasun-ordena adieraziko da. Gainera, maisu-maistren kidegoko langile funtzionarioek ibiltaritza-atala aukeratuko dute ibiltari izaera duten lanpostuak nahi badituzte.
Halaber, jarraian, «Eskatzen diren lanpostuak» atalean, beste ikastetxe batzuetako lanpostuei dagozkien beste eskaera batzuk gehitu ahal izango dituzte, titular diren espezialitateen eta hizkuntza/hizkuntza-eskakizunaren arabera eska ditzaketenak edo, maisu-maistren kidegoko langile funtzionarioen kasuan, 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera gaituta izan zirenak, horietan lehentasun-eskubiderik gabe lehiatu nahi badute.
Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea.
Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango dute, jarraian adierazten diren egoeraren batean dauden eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten karrerako funtzionarioek, zerrendatzen diren lehentasun ordenan:
Ikastetxe batean behin betikoz betetzen zuten plaza edo lanpostua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, lehentasun-eskubidea izango dute herri bereko beste ikastetxe bateko edo, hala badagokio, lanpostua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe bateko beste lanpostu bat lortzeko.
Behar adina irakastordu ez izateagatik beren ikastetxetik lekualdatu dituztenen kasuan, ezabatutako lanpostuetako titularren baldintza beretan, behin betiko destinoa duten herrian edo, hala badagokio, barrutian dauden lanpostu hutsekiko lehentasun-eskubideaz baliatu ahal izango dute.
Behin betikoz betetzen zuten irakasle-lanpostua galduta Herri Administrazioan beste lanpostu bat betetzera pasa direnak, beti ere azken lanpostua eten badute.
Behin betikoz betetzen zuten plaza edo lanpostua galdu dutenak, apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89.4 artikuluan aurreikusitako familiarteko edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentziaren egoera aitortu ostean aplikatu beharreko araudiak zehaztutako lanpostu-erreserbaren denbora-tartea amaitu delako eta zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira.
Atzerriko lanpostuetara atxikita egon ondoren, 2012-2013 ikasturtean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren kudeaketa eremura itzuli behar diren funtzionarioak edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenek (Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioko administrazioa atzerrian arautzen duen urriaren 31ko 1138/2002 Errege Dekretua).
Behin betiko azken destinoa galtzeagatik, sententzia betearazpenean edo administrazio-errekurtsoaren ebazpenean.
Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean, zerbitzu aktiborako errehabilitatuak izan direnak.
Aurreko atal bakoitzean adierazitako egoeran karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean, lanpostua merituen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio. Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren atal bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta atalak baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz. Hala ere berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpi-ataletan lortutako puntuak aintzat hartuko dira, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz. Bi kasuotan, arlo bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan atal bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiatalen kasuan, azpiatalak sartuta dauden arloak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiatal bat edo gehiago sartuta dagoen atalaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiataletan izandako puntuazioak. Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.
Aurreko 2 paragrafoan jasotako kasuren batean egonda, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatu nahi badute, herri baterako edo barruti baterako baliatu behar duten erabakiko dute.
Herri baterako eskubidea baliatuz gero, lehentasunen arabera zerrendatuko ditu aukeratutako ikastetxeak eta, barrutiaren arabera egiten badu, lehentasunaren ordenan, herriak eta, hala nahi badu, ikastetxeak zerrendatuko ditu.
Eskubide hori baliatu nahi bada nahi dena lortzeko, horretarako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egiten dituen deialdi guztietan parte hartu beharko da. Parte hartuko ez balitz, lehentasunezko eskubidea baztertuko litzaioke.
Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideren batez baliatzen diren irakasleek, parte hartzeko eskabidean honakoa adierazi beharko da:
«Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidea izateko arrazoia ere.
Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko lanpostu-mota (espezialitatea) eta hizkuntza (hizkuntza-eskakizuna) adierazten duen lehentasun-ordena adieraziko da. Gainera, maisu-maistren kidegoko langile funtzionarioek ibiltaritza-atala aukeratuko dute ibiltari izaera duten lanpostuak nahi badituzte. Lehentasun hori kontuan hartuko da herria edo barrutia, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.
Lehentasun-eskubideaz baliatuta herri edo barrutia, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, ikastetxe jakin bateko destinoa, lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten gainerakoekin batera merituen baremoan lortutako puntuazioaren arabera lortuko dute.
Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-ordenaren arabera, «Eskatzen diren lanpostuak» idazpuruan, eskubiderako arrazoia den herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeraz eskatutako herrietako ikastetxe guztiak; herriko kodea soilik adieraziz gero, lanpostuak hutsik dituzten bertako edozein ikastetxetako destinoa emango zaio; ikastetxe jakin batzuk adieraziz gero, herrien araberako bloke homogeneotan multzokatu behar dira. Eskubidea izanda herriko ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, edo, gune baterako lehentasun-eskubidea izanda, aukeraz eskatu diren herri edo herrietako ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, horietako batean lanposturen bat hutsik badago, Administrazioak, libreki, aipatu herriko gainerako edozein ikastetxeko lanpostu batean eman ahal izango dio destinoa, dagozkion eranskinetan kidego bakoitzari lotuta agertzen diren ordenan.
Lehen adierazitako egoera guztietan, lehentasun-eskubide horretaz baliatzen diren parte-hartzaile guztiek «HLE» lehentasun-eskubidea siglak adierazi beharko dituzte eskatutako ikastetxeko «lanpostu-mota» izeneko kodeari dagozkion laukitxoetan. Hala eginez gero, parte hartzeko eskatu diren espezialitate guztiak hartuko dira kontutan.
Gainera, jarraian, beren espezialitate eta hizkuntza-eskakizunen arabera, deialdi honetako hirugarren, laugarren eta bosgarren oinarri-arauetan xedatutako baldintzak beteta, lehentasun-eskubiderik gabe, lortu nahi dituzten beste lanpostu batzuetako eskaerak gehitu ditzakete.
Hamabigarrena. Ikastetxerako lehentasunezko eskubideak destinoa lortzeko lehentasuna dakar herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabiltzen dutenen aurrean.
Hamahirugarrena. Konkurrentzia-eskubidea.
Konkurrentzia-eskubide gisa hartzen da, behin betiko destinoa duten irakaskuntza-kidego bereko karrerako hainbat funtzionariok lehiaketa batean parte hartzeko baldintza gisa Lurralde Historiko jakin bateko ikastetxe batean edo batzuetan destinoa lortzea jartzen dutenean.
Eskubide horrek ondoko berezitasunak izango ditu:
Parte-hartzaileek, beren eskabideetan, Lurralde Historiko bakarreko ikastetxeak adieraziko dituzte, berdina multzo-kide talde bakoitzerako.
Talde bakoitzean parte hartzen duten pertsonen kopurua, gehienez, laukoa izango da eta derrigorrezkoa da eskatzaile bakoitzak eskabidea bereizita aurkeztea.
Destinoaren esleipena horniduragai izango diren hutsik dauden lanpostuen artean egingo da eta Agindu honetako I. eranskin gisa jasotzen den merituen baremoaren aplikazioak zehaztuko du.
Parte hartzeko modu horren helburua talde bereko parte-hartzaileek Lurralde Historiko bereko ikastetxe batean edo hainbatetan destinoa batera lortzea da. Horietako baten batek ezingo balu lanpostu bat lortu, bide horren bidez taldeak eginiko eskabideak ez dira onartuko.
Ezingo dute eskubide hori erabili behin-behineko destinoa izanda lehiaketan derrigorrez parte hartzen duten pertsonek.
Hamalaugarrena. Eskabideak.
Lekualdatze-lehiaketako parte-hartzea irakasle-gunean dagoen eskaera elektronikoa betez formalizatuko da http://www.irakasle.net helbidetik sartuta.
Parte-hartzaile bakoitzak kidego bakoitzeko eskabide bakarraren izapideak on-line egingo ditu.
Parte hartzeko modu horren hautua egiterakoan, kontuan izan da abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duenak, xedatutakoa, eta horren arabera, «prozedura elektronikoak arautzean, administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez bakarrik komunikatzea nahitaezkotzat joko da baldin eta interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak badira eta, euren gaitasun ekonomiko edo teknikoa, jarduera profesionala edo egiaztatutako bestelako arrazoiak direla-eta, beharrezko bitarteko teknologikoetara sartzea eta horiek eskuratzea bermatuta badaukate.» (4.4 artikulua).
Parte-hartzaile bakoitzak irakasle-gunera sartzeko irakasleen helbide elektronikoaren (irakasle.net) erabiltzaile eta pasa-hitza erabiliko du edo, hori izango ez balu, NANaren eta aipatu gunera sartzeko pasa-hitzaren bidez. Sartzeko pasa-hitza gogoratzen ez bada, aipatu helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke.
Pasahitza sartu ostean, Lekualdatze-lehiaketak - Onarpen-eskabidea ataletan sartu.
Eskabidea osorik bete ostean, ontzat emanez itxiko da, behar bezala baliozkotua eta erregistratua gera dadin.
Eskabidea ez bada ontzat ematen, aipatu eskabidea ez dela aurkeztu ulertuko da, salbuespen batekin: eskabidea bete duen pertsona derrigortuta egotea parte-hartzera eta ez badu behar bezala itxia dagoen beste eskabide bat aurkeztu. Kasu horretan, betetako eta itxi gabeko eskabidea itxi egingo da automatikoki eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean; hala, ordura arte grabatu dena hartuko da kontutan, esleipena egiterakoan.
Lanpostuen eskaerak «Eskatzen diren lanpostuak» idazpuruan adieraziko dira; ikastetxe edota herri jakin baterako egin daitezke, eta bi modalitateak bateragarriak dira. Azken kasu horretan, lanpostu bat hutsik duen herriko lehen ikastetxea edo oinarri-arauen II. eranskinean adierazitako orden berean azaltzen dena esleituko da.
Lehiakideak lehentasun-ordenaren arabera eskatuko ditu lanpostuak, aukera ditzakeen ikastetxe edo herrietako eta lanpostu-motetako (espezialitatea) eta hizkuntzetako (hizkuntza-eskakizuna) kodeak adieraziz, Agindu honen eranskinetan agertzen diren bezala.
Lanpostu elebidunak eskatzen badira eskabidean adieraziko da, elebitasuna eremuan, 2. ingelesa aukera. Gainera, maisu-maistren kidegoko langile funtzionarioek ibiltaritza-atala aukeratuko dute ibiltari izaera duten lanpostuak nahi badituzte.
Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musika eta Arte Eszenikoko eta Arte Plastiko eta Diseinuko katedradunen kidegoetako funtzionarioek dagozkien mailetako irakasleen kidegoetako funtzionarioekin batera hartuko dute parte, lanpostu huts berak lortzeko, aipatutako katedradunen kidegokoak izateagatik aplikatu beharreko berariazko merituen kaltetan izan gabe.
Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak eskatu direla hartuko da kontutan. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen, osatu gabeak badira edo parte-hartzaileak eska ditzakeen lanpostuekin bat ez badatoz, baliogabetu egingo dira. Aurreko arrazoiengatik eskaera guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko da, deialdi honetan aurreikusten diren ofiziozko destinoen esleipen-egoeren kaltetan izan gabe.
Hamabosgarrena. Lehiaketan parte hartzeko aurkeztu beharreko agiriak.
Parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean, lehiatzaileek eskatutako baldintzak eta adierazitako merituak ziurtatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte, oinarri hauei erantsitako I. eranskineko baremoan zehazten diren aurreikuspenei jarraituz, praktiketako funtzionarioen kasuan izan ezik, ez baitute merituak ziurtatzeko agiririk aurkeztu behar.
Eskakizun eta merituak egiaztatzen dituen dokumentazioa aplikazio informatikoan (eskaera bete ostean) lortuko den inprimakiarekin batera aurkeztuko da eta emandako dokumentazio guztiaren zerrenda egingo da bertan. Aipatu inprimakia Interneteko www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net helbideetan lor daiteke.
Fotokopia bidez aurkezten den dokumentazioa behar bezala konpultsatua izango da.
Gaztelania edo euskara ez den beste edozein hizkuntzatan emandako dokumentazio guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean dagoen itzulpen ofizialarekin aurkeztu beharko da; zinpeko interpreteak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.
Edonola ere, Administrazioak behar diren azalpen eta agiriak eskatu ahal izango dizkie lehiatzaileei, merituei dagokienez sortutako zalantzak eta erreklamazioak ebazteko.
Aurkeztutako dokumentazioaren egiatasunaren erantzuleak eskatzaileak izango dira. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.
Eskabidea betetzeko (eskaera elektronikoa) eta oinarri honen lehen paragrafoan adierazten diren agiriak aurkezteko epean, lehentasun-eskubideaz epai edo administrazio-ebazpen irmoa dela eta baliatzen direnen kasuan, herri edo barruti jakin baterako lehentasun-eskubideaz baliatzeko eskubidea dutela egiaztatzen duen agiriaren kopia gehituko da.
Administrazio-izapideak murriztu eta sinpletzearren, 2010eko azaroaren 16ko aginduaren bidez (2010eko azaroaren 22ko EHAA) deitutako lekualdatze-lehiaketan parte hartu zutenek parte hartu zuten deialdi horretako I. eranskineko 2, 3, 4.3, 5 eta 6 idatzI-zatietako puntuazioari eustea erabaki dezakete. Horrela bada, ez dute berriz ere adierazitako merezimendurik ziurtatu beharko, eta eskabidean «2010-2011 lehiaketako puntuak mantendu» markatu beharko dute.
Aurreko paragrafoan adierazitako deialdian parte hartzen ez badute edo, parte hartuz gero, ez badaude aipatu idatzI-zatietako baremazioarekin ados, idatzI-zati guztietako agiriak aurkeztuko dituzte berriz balora ditzaten eskabidean « Berriro barematu» adieraziz.
2010-2011 lehiaketan jada barematutako merezimendu berriak gehitu nahi badituzte, beti ere dagokion idatzI-zati edo azpiataletan gehienezko puntuazioa lortu ez badute, eskabidean «2010-12-14tik aurrerako merituak erantsi» adieraziko dute eta lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean hobetutako merezimenduak soilik aurkeztuko dira (2010eko abenduaren 15etik). 2010eko abenduaren 15 baino lehenagoko merezimendu berriak gehituz gero, ez dira barematuko.
2010eko abenduaren 15a baino lehenagoko merezimenduak barematzea nahi bada, «Berriro barematu» atala aukeratuko da eta berriz ere merezimenduak justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu.
Hamaseigarrena. Eskatutako baldintzak eta adierazitako merituak ziurtatzeko agiriak aurkezteko tokia.
Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako edozein lekutan. Posta-zerbitzuko bulegoren batean aurkeztu nahi bada eskabidea, kartazal irekian egingo da, zerbitzu horretako funtzionarioak eguna eta zigilua jar ditzan eskabidean, kartazala egiaztatu aurretik.
Hamazazpigarrena. Eskabideak egiteko eta agiriak aurkezteko epea.
Eskaerak egin eta agiriak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 11tik eta 27ra bitarteko egunak dira, biak barne.
Aipatu epea amaitzen denean, ez da eginiko eskaeren aldaketarik onartuko, ez eta adierazitako merituen inguruko agiririk ere.
Parte hartzeko baldintza guztiak, Agindu honen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren kaltetan izan gabe, bai eta adierazitako meritu guztiak ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzeko datan bildu beharko dira.
Hemezortzigarrena. Merezimenduen ebaluaketa.
Adierazitako eta, hala badagokio, lehiatzaileek behar bezala egiaztatutako merezimenduak ebaluatzeko, I. eranskineko puntuazio-baremoko 5.1, 5.2, 6.1, 6.2 eta 6.3 idatzI-zatiei dagokienez, hala jokatuko da:
Maisu-maistren kidegoko langile funtzionarioen kasuan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzean 1.000 eskaeragile bakoitzeko Batzorde bat osatuko da. Batzorde hori dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzak esleitutako honako kide hauek osatuko dute:
Hezkuntzako Ikuskaritza Saileko funtzionario bat, batzordeburu lana egingo duena.
Lurralde-ordezkaritzetako karrerako lau funtzionario irakasle, batzordekide-lana egingo dutenak.
Idazkari gisa mahaikide gazteena izendatuko da, Batzordeak beste irizpiderik jartzen ez badu.
Deitutako gainerako irakasle-kidegoetako langile funtzionarioen kasuan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileria Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu beharrezko Batzorde Barematzaileak, espezialitateen arabera edo espezialitate-multzoen arabera.
Batzorde Barematzaileak honako kide hauek osatuko dituzte:
Lehendakaria: Hezkuntzako Ikuskarien kidegoko funtzionario bat edo batzordearen irakasle-kidegoko funtzionarioa.
Kideak: Batzordearen kidegoko karrerako lau irakasle funtzionario.
Idazkari gisa kide gazteena izendatuko da, Batzordeak beste irizpiderik jartzen ez badu.
Aurreko ataleko, hau da, b) ataleko batzorde barematzaile bakoitzeko burua Langileriaren Kudeaketako zuzendariak izendatuko du, eta kideak, aldiz, zozketaz aterako dira.
Kidego guztietan, ordezkaritzarik gehien duten erakunde sindikalek ordezkari bat izendatu ahal izango dute batzordeko, begirale-lana egiteko.
Batzordeetako kideak, deitutako lanpostuetarako beharrezko diren titulazio talde berekoak edo altuagokoak izango dira. Batzorde barematzailea izendatzeko irizpide berberei jarraituz, ordezko batzordeburua, kideak eta idazkaria ere izenda daitezke. Batzordeetako kideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritako arrazoibideen menpe egongo dira, beraiek uko egin nahiz besteen ezespena jasotzeko.
Batzorde horietan, horren kontrako oinarri sendoko arrazoirik ez bada adierazten, gizon zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkapena izango dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatzen duen Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2010eko azaroaren 16ko Aginduz (2010eko azaroaren 22ko EHAA) deitutako lekualdatze-lehiaketen balorazio batzordeetan parte hartu duten langile funtzionarioak oinarri honetan aurreikusitako batzordeetako kideak zozketaz esleitzeko prozesutik at geratuko dira, dagokion balorazio batzordea osatzeko lehiaketa xede diren espezialitateren batean nahikoa irakasle ez dagoenean salbu.
Lehiaketan sartzen diren espezialitateetakoren batean batzordea osatzeko nahiko irakasle ez badago, kideak izendatzeko, antzerako gaietako irakasleak edo gai horretako espezialistak izendatuko dira. Era berean, parte-hartzaileen kopurua txikia denean, antzerako espezialitate batzuk biltzen dituen batzorde bat izendatu ahal izango da.
Beharrezkotzat jotzen den batzordeetan, batzorde barematzaileak eskatuta, gai horretako aditu bi gehitu ahal izango dizkio batzordeari Langileriaren Kudeaketako zuzendariak, aholkulari lanetarako.
Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren (26ko EHAA) 6. eta 16. artikuluetan xedatzen diren ondorioetarako, zerbitzuarengatiko ordainketengatik eman behar diren kalte-ordainen zenbatekoak gaurkotzen dituen ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuaren hirugarren aldaketak (28ko EHAA) xedatzen denaren arabera ordainduko dira bidaia-gastuak bidaiengatiko ordainketak.
Batzorde Barematzaileen osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.
Dagokien langileen administrazio-atalek jarriko dute parte-hartzaileei baremoaren gainerako idatzi-zatietan dagokien puntuazioa.
Hemeretzigarrena. Behin-behineko ebazpena.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean Batzorde Barematzaileen aktak jaso ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net webguneetan, bai eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan ere, Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpena (parte-hartzaile onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzen duena) ikusgai jarriko da, eta azken horien kasuan, baztertzeko arrazoia, bai eta parte-hartzaile onartuei baremoaren atal bakoitzean emandako behin-behineko puntuazioa ere adieraziko dira.
Lehiatzaileek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte behin-behineko ebazpen horren kontra, jendaurrean jartzen denetik bost egun balioduneko epean.
Hogeigarrena. Aurreko oinarrian aipatutako erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko bihurtuko da eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net webguneetan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan plazaratuko da parte-hartzaile onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, bai eta baremoaren atal bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako behin betiko puntuazioa ere.
Aipatutako behin betiko zerrenda horren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, jendaurrean jartzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.
Halaber, Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenaren bidez, destinoen behin-behineko esleipena onartuko da, lortutako puntuazioa eta parte-hartzaileek beren eskabideak egiteko erabili duten lehentasun-ordena kontutan hartuta. Ebazpen hori, bai eta destinoen behin-behineko esleipen hori duten zerrendak ere argitaratuko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net webguneetan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.
Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren atal bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta atalak baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz.
Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiataletan lortutako puntuak aintzat hartuko dira, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.
Bi kasuotan, arlo bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan atal bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiatalen kasuan, azpiatalak sartuta dauden arloak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiatal bat edo gehiago sartuta dagoen atalaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiataletan izandako puntuazioak.
Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.
Hogeita batgarrena. Erreklamazioak eta uko egiteak.
Lehiatzaileek behin-behineko ebazpenaren aurkako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net webguneetan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan jendaurrean jartzen denetik bost egun balioduneko epean. Borondatezko lehiatzaileek, epe horretan bertan, uko egin ahal izango diote lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari, eta uko egite horrek eskabidean agertzen diren eskaera guztietan eragina daukala ulertuko da.
Horren ondorioetarako, kontuan izan behar da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez duela adierazi nahi behin betiko esleipenean lortuko ez denik.
Hogeita bigarrena. Behin betiko ebazpena.
Erreklamazioak aztertuta eta aurreko oinarrian aurreikusitako kasuan kasuko uko egiteak onartu eta gero agindu bidez onartuko da lekualdatze-lehiaketako destinoen behin betiko esleipena. Agindua, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuko da eta bertan lehiaketaren destinoen behin betiko esleipenen zerrendak non eta noiz argitaratuko diren jakinaraziko da.
Deialdia egiten duten espezialitate ezberdinen lanpostuetara lehiatuta ere, destino bakarra esleitu ahal izango da.
Hogeita hirugarrena. Jarduneko zerbitzura itzultzea.
Eszedentzia aldian egon eta gero lehiaketaren ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren irakasleek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte dagokien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan:
Eszedentziarako aginduaren kopia.
Medikuaren egiaztagiri ofiziala, irakaskuntzan aritzeko gaixotasunik edo beste akats fisiko nahiz psikikorik ez duela adierazten duena.
Zinpeko aitorpena edo agindua, diziplina espediente bidez ez dutela ez estatu, ez toki edo autonomia erkidegoko administrazioaren kidego edo eskala batetik ere banatu egiaztatzeko eta, era berean, funtzio publikoak betetzeko gaitasunik ez diotela kendu egiaztatzeko.
Dena dela, lehiaketa honen bidez lortutako destinoari dagokion irakaskuntza-kidegoa ez den beste irakaskuntza-kidegoren batean jarduneko zerbitzuan dauden irakasleek ez dituzte agiri horiek aurkeztu behar izango.
Hogeita laugarrena. Lanpostuaz jabetzea.
2012ko irailaren 1ean izango da destino berrien jabetza-hartzea.
Hogeita bosgarrena. Destinoei ezin zaie uko egin.
Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.
Hogeita seigarrena. Datu pertsonalen tratamendua.
Pertsona parte-hartzaileek aurkeztutako datuak dagokien prozeduran edo jarduketan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.
Aipatutako datuak inola ere ez dira tratatuko edo hirugarrenei lagako, eragindakoaren baimen dudagabekoarekin, edo Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13eko 15/1999 Legearen 6.2 eta 11.2 artikuluetan (1999ko abenduaren 14ko BOE, 298. zk.) aurreikusitako kasuetan ez bada.
Aipatutako 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, datuak lagatzen dituen pertsonak, edozein unetan, eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta aurka egiteko eskubideak bete ahal izango ditu, erregelamenduan zehaztuko den moduan.
Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenera egokitu beharko da.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


