- AGINDUA, 2012ko urtarrilaren 17koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegora txanda librez sartzeko hautaprobak gainditu dituztenei Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen zaizkien lanpostuen zerrenda argitaratzeko dena. Hautaproba horietarako deialdia maiatzaren 31ko JUS/1654/2010 Aginduz egin zen. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko urtarrilaren 17koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegora txanda librez sartzeko hautaprobak gainditu dituztenei Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen zaizkien lanpostuen zerrenda argitaratzeko dena. Hautaproba horietarako deialdia maiatzaren 31ko JUS/1654/2010 Aginduz egin zen.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 21
- Hurrenkera-zk.: 498
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/01/17
- Argitaratze-data: 2012/01/31
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Justizia; Funtzio publikoa
Testu legala
Justizia Administrazioko funtzionarioen kidego edo eskaletan sartzeko hautaketa prozesuak arautuko dituzten oinarri komunak ezartzeari buruzko maiatzaren 5eko JUS/1294/2010 Aginduaren hamaseigarren oinarrian ezarritakoarekin bat etorriaz (2010eko maiatzaren 19ko BOE), honako erabakiak hartu dira:
Lehenengoa. Maiatzaren 31ko JUS/1654/2010 Aginduaren bitartez, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegora txanda irekiko sistemaz-sartzeko hautaprobak deitu ziren. Bada, proba horiek gainditu dituzten hautagaiei Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean eskaintzen zaizkien plazetarik bete gabe geratu direnen zerrenda ematen da argitara.
Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko hautagaiek Giza Baliabideak Antolatzeko zuzendariari bidali beharko dizkiote destino-eskabideak, eta Gasteizko, Donostiako eta Bilboko EATeko sarrera-erregistroan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saileko erregistro orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Horretarako, hamar egun natural izango dituzte, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera; agindu hau ez bada egun berean argitaratzen Euskal Herriko Agintaritzan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean, agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera zenbatuko da epe hori. Hori guztia abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 29. artikuluan ezarritakoa betez egingo da.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38. artikuluan ezarritako eran ere bidal daitezke eskabideak.
Postetxeetan aurkezten direnak bi modu hauetan bidali ahal izango dira:
Posta arruntaz. Honela eginez gero, Bilbo, Donostia eta Gasteizko EATetako sarrera-erregistroetan edo, bestela, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Erregistro Orokorrean eman beharko zaio sarrera, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.
Posta ziurtatuz. Eskaria irekita aurkeztu beharko da postetxean, postako langileak eguna eta zigilua jar ditzan, igorri baino lehen.
Hirugarrena. Eskabideak egiteko, agindu honetako II. eranskinean agertzen den eredua erabili beharko dute, jarraibide hauen arabera:
Eskabidean, gehienez ere 50 lanpostu hautatu ahal izango dira, eta organoa, herria eta probintzia zehaztuko dira.
Modu horren bidez lanposturik egokitu ezean, probintzien araberako lehentasunen hurrenkera hartuko da kontuan; eskatzaileek eskabidean adierazi beharko dute lehentasun-hurrenkera hori.
Probintzia bakoitzean destinoak esleitzeko, hurrenkera honi jarraituko zaio:
EAEko Justiziako Auzitegi Nagusia.
Probintzia Auzitegiak.
Fiskaltzak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Medikuntzako Erakundea.
Dekanotzak eta zerbitzu komunak.
Instrukzioko Epaitegiak.
Zigor arloko Epaitegiak.
Espetxeratuen Zaintzako Epaitegiak.
Emakumearen Aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiak.
Lehen Auzialdietako Epaitegiak.
Merkataritza arloko Epaitegiak
Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak.
Lan arloko Epaitegiak.
Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiak.
Adingabekoen Epaitegiak.
Bake Epaitegiak.
Laugarrena. Hautaketa-ikastaroa eta praktika-aldia amaitu, eta horietako puntuak eta lehiaketa-oposizioko fasean lortutakoak batutakoan, esleipena gauzatuko da, betiere hautaketa-prozesu osoan lortutako ordena-hurrenkeraren arabera.
Bosgarrena. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, izangaiek ez dute eskabidea ezeztatzerik ez aldatzerik izango.
Seigarrena. Hautagairen batek eskaerarik egin ez badu edo eskatutakorik egokitzen ez bazaio, esleitu gabe geratu diren lanpostuetako bat emango zaio, nahitaez onartu beharrekoa.
Zazpigarrena. Destinoak nahitaez esleituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako hautaprobetan lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera.
Zortzigarrena. Esleitutako destinoak behin betikoak eta lehiaketa bidez lortutakoen baliokideak izango dira, ondorio guztietarako; eta ez dute izango parte hartzerik lehiaketetan, behin betiko destinoa esleitzeko ebazpenaren egunetik aurrera bi urte igaro arte. Bi urte horiek zenbatzeko, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 529.3 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraituko zaio.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 17a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


