Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2012ko otsailaren 2koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko otsailaren 2koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 60
  • Hurrenkera-zk.: 1424
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/02/02
  • Argitaratze-data: 2012/03/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ekonomia; Instituzional

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoa Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bide onartu zen. Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.

Aipatu eskumenaren indarrez eman ziren Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua. Lege horren 33. artikuluan eta dekretu horren 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako dagokion sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, onartutako estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Artikulu horietan aurreikusitakoa betez, Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak, Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak eta Osasun eta Kontsumo Sailak lanbide horren arloan eskumena baitu nahitaezkoak diren txostenak egin dituzte.

Bizkaiko Psikologoen Elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa legearen araberakoa dela egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzea.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa agindu honen eranskin gisa argitara dadin agintzea.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba dadin agintzea, erregistroa formalki osatzen den unean.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 2a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

BIZKAIKO PSIKOLOGOEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUEN ALDAKETA

LEHENENGO KAPITULUA

bizkaiko PSIKOLOGOEN ELKARGO OFIZIALAREN IZAERA, HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa dauzka. Honako hauek dira Elkargoak bere lurralde-eremuaren barruan dituen oinarrizko helburuak:

  1. Lanbideko jarduna bere modu eta espezialitate guztiak barne antolatzea, honako printzipio hauetan oinarrituta: dentologia, eraginkortasuna, independentzia eta erantzukizuna.

  2. Psikologoen lanbidea esklusiboki ordezkatzea, betiere, derrigorrezkoa bada elkargokide izatea, lanbidean jarduteko.

  3. Psikologiaren funtzio soziala betetzea; horretarako, lanbide-jardunarekin zerikusia duten interes orokorren alde egingo du.

  4. Elkargokideen lanbide-interesak defendatzea.

  5. Elkargokideen zerbitzu profesionalak etengabe hobe daitezen sustatzea, elkargokideen etengabeko prestakuntzaren eta hobekuntzaren bidez.

  6. Proposamenak egitea, lanbidean jarduteko gaitzen duen titulaziorako ikasketak hobetzeko, bai eta graduondoko prestakuntzarako ere.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek euren eskumenez baliatzerakoan behar duten laguntza ematea, legeetan ezarritako moduan.

  8. Biztanleriaren osasun-zaintzan, ongizate psikologikoan eta bizi-kalitatean laguntzea.

  9. Elkargokideen zerbitzuak kontsumitu eta baliatzen dituztenen interesak babestea.

    BIGARREN KAPITULUA

    ELKARGOKIDETASUNA LORTZEA, UKATZEA, BATERAEZINA IZATEA ETA GALTZEA

  1. Bizkaiko Lurralde Historikoan, zeinahi modalitatetan, psikologo-lanbidean jarduteko, ezinbesteko baldintza izango da Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialean sartzea, baldin eta psikologoak lurralde-eremu horretan badu bere lanbide-helbidea bakarra edo nagusia, eta, betiere, derrigorrean izan behar bada elkargokide, psikologo-lanbidean jarduteko.

  2. Atzerritarrak edo Europar Batasuneko estatu kideetakoak diren psikologoen lanbide-jardunari edo elkargokidetzeari dagokionez, koalifikazioen aitorpenari buruzko Erkidegoko Zuzenbidea aplikatuz indarrean dagoen araudiari jarraituko zaio; Europako Esparru Komunekoak ez diren profesionalei dagokienez, berriz, aldebiko hitzarmenetan eta nazioartekoetan ezarritakoari jarraituko zaio, halakorik egonez gero.

  3. Psikologoaren lana egitea estatutu hauetako 13. artikuluan aipatutako jardueretan aritzea izango da, baldin eta horretarako gaitzen duten titulazio akademikoen babespean egiten badira.

  4. Martxoaren 15eko 2/2007 Legea aplikagarri duten eta psikologoaren jarduna bakarrik edo bateraezina ez den beste lanbide batekin batera helburutzat duten lanbide-sozietateak Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialean sartuko dira, nahitaez, Lanbide Sozietateen Erregistroaren bidez, aipatutako legean eta estatutu hauetan aurreikusita dagoen moduan, betiere, sozietate-egoitza eta psikologo-lanbidearen egintzen jarduera nagusia edo bakarra Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatuta badaude.

  1. Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialean sartzeko eskubidea izango dute psikologian jarduteko legezko gaikuntza ematen duten titulazio akademikoak dituztenek. Legez ezarritako goi-mailako ikasketen tituluen onarpenerako sistema orokorrari jarraikiz beren titulu akademikoa homologatu dutenak ere Elkargoan sartu ahal izango dira.

  2. Honako hauek dira Elkargoan sartzeko baldintza orokorrak:

    1. Espainiar nazionalitatea edo Europar Batasuneko kide den estaturen batekoa izatea, edo horretarako gaikuntza izatea, nazioarteko itun edo hitzarmen baten bidez.

    2. Adinez nagusi izatea.

    3. Psikologian jarduteko legezko gaikuntza ematen duen titulazio akademikoa izatea. Atzerriko titulua baldin bada, agintaritza eskumendunak emandako homologazioa ere aurkeztu beharko da.

    4. Ezgaitasun-kausaren bat ez izatea.

    5. Lanbidean jarduteko gaitasungabetua ez egotea.

    6. Elkargokidetze-kuota ordaintzea.

    7. Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 5.1 artikuluari jarraikiz, legeek ezarritako bateraezintasunik edo debekurik ez izatea.

      1. Elkargokidetze-eskabidearekin batera, dagokion titulu ofiziala jatorrizkoa edo horren notario-testigantza aurkeztuko da, eta, halakorik ezean, ziurtagiri akademikoa, honako hauek jasoko dituena: ikasitako gaiak, ikasketak amaitu izana, eta dagokion titulua jasotzeko tasak ordaindu izanari buruzko berariazko aipamena.

      2. Eskatzailea Psikologoen beste Elkargo Ofizial batetik badator, elkargo horrek emandako ziurtagiria ere aurkeztu beharko du, zeinean zehaztuko baita, psikologoa dela, betebehar ekonomikoak egunean dituela, eta ez duela lanbidean jardutea eragozten dion behin-behineko edo behin betiko gaitasungabetzerik.

      3. Elkargoaren Gobernu Batzordeak hilabete izango du elkargoan sartzeko eskabidearen gaineko ebazpena emateko; epe horretan, komenigarritzat jotzen dituen izapideak egin eta txostenak eskatu ahal izango ditu. Ebazpenak Elkargoan sartzea onartuko edo ukatuko du; ukatzen baldin bada, arrazoiak emango ditu.

        Gobernu Batzordeak Batzorde Iraunkorra eskuordetu ahal izango du elkargokidetze-eskabideen gaineko ebazpena emateko.

        6 bis 1. artikulua. Elkargokide-motak.

      1. Jarduneko elkargokideak.

        Jarduneko elkargokideak dira, bete beharreko baldintzak bete eta Elkargoan sartzeko eskatu ondoren, onetsiak izan direnak, estatutu hauetan ezarritako moduan lanbidean jarduteko.

      2. Jardunean ez dauden elkargokideak dira, Psikologian doktore izanik ere, psikologo-lanbidean jarduteko legezko gaikuntza ematen dien titulu akademikorik ez dutenak.

        Elkargokide izateko, behar den titulazioa izateaz gain, Gobernu Batzordeari eskaera egin beharko zaio, eta dagozkion kuotak ordaindu beharko dira.

        Jardunean ez dauden elkargokideek Batzar Orokorretan parte hartu ahal izango dute hautesle gisa, eta eskubidea izango dute, bai hitz egiteko, bai botoa emateko.

      3. Elkargoan elkargokide erretiratu gisa sartzeko, hala eskatu beharko dute lanbidetik erretiratuta dauden elkargokideek. Horretarako, beharrezkoa izango da eskabidea egin baino gutxienez bost urte lehenagotik elkargokide izatea, edo, hamar urte lehenagotik, baldin eta urte horiek jarraian igaro ez badira. Azken kasu horretan, hamar urte horietatik, bi, behintzat, eskabidea egin aurreko urteak izan behar dira.

        Elkargokide erretiratuak ezin izango dira izan ez hautesle, ez hautagarri, eta ez dute botorik izango Batzar Orokorretan. Elkargoaren zerbitzuak eskuratzeko eskubidea izango dute, baldin eta Batzar Orokorrak ezarritako kuota ordaintzen badute. Kuota hori elkargokide arruntek ordaintzen dutena baino txikiagoa izango da.

      4. Psikologo elkartuak.

        Psikologiako edozein profesional sartu ahal izango da Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialean, psikologo elkartu gisa, baldin eta Espainiako beste edozein elkargotan badago (Psikologoen Elkargo Ofiziala), eta estatutu hauetan eskatzen diren titulazio-betebeharrak biltzen baditu.

        Beste lurralde-elkargo batzuetako psikologo elkartuek, Bizkaiko lurralde historikoan lanean aritzeko, Bizkaiko Elkargoaren eremuan lanbide horretan jarduteko arauak bete beharko dituzte.

        Psikologo elkartuak ezin izango dira izan ez hautesle, ez hautagarri, eta ez dute botorik izango Batzar Orokorretan. Elkargoak jarduneko elkargokideentzat ezarrita dauzkan zerbitzuak eskuratzeko eskubidea izango dute, eta Batzar Orokorrak ezartzen duen kuota ordaindu beharko dute (kuota hori jarduneko elkargokideena baino txikiagoa izango da).

      5. Lanbide-sozietateak.

        Martxoaren 15eko 2/2007 Legea aplikagarri duten eta psikologoaren jarduna bakarrik edo bateraezina ez den beste lanbide batekin batera helburutzat duten lanbide-sozietateak Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialean sartuko dira nahitaez, betiere, sozietate-egoitza eta psikologo-lanbidearen egintzen jarduera nagusia edo bakarra Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatuta badaude.

        Lanbide-sozietateek elkargoan parte hartuko dute Batzar Orokorreko kide gisa, nahiz eta botoa emateko eskubiderik eta hautagai izateko eskubiderik ez izan, baina horrek ez du esan nahi sozietatearen profesionalek, elkargoan inskribatuta daudenek, eskubide propiorik izango ez dutenik.

        6 bis-2 artikulua. Lanbide-sozietateen inskripzioa.

      1. Lanbide-sozietateak Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatu beharko dira, helbide soziala Bizkaian badute edota jarduera-helbidea, bakarra edo nagusia, lurralde horretan badago.

      2. Lanbide-sozietateak Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatu beharko dira, psikologo-lanbidearen sozietateak Bizkaian eta ez beste inon egin behar dituen jarduerak gauzatzeko.

      3. Lanbide Sozietatea Lanbide Sozietateen Erregistroan legez eta arauz ezarritako moduan inskribatzeko betebeharra haren ordezkaritza esleituta dutenena izango da.

      4. Lanbide-sozietateak erregistroan inskribatzen direnetik aurrera, Elkargoak eskumenak izango ditu eurengan; hain zuzen ere, pertsona fisikoak diren elkargokideen kasuan lege eta estatutu bidez aitortuak dituen eskumen berberak izango ditu. Zehazki, honako hauei dagozkienak: zehapen-araubidea, araubide deontologikoa, eta bateraezintasun eta gaitasungabetzeei dagokien araubidea. Nolanahi ere, jarduten duten profesionalek diziplina-erantzukizuna izango dute, zeina bateragarria izango baita lanbide-sozietatearen beraren erantzukizunarekin.

      5. Sozietatea erregistroan inskribatzeak ez du esan nahi bazkide dituen psikologoek, lanbidean jarduteko, elkargokide izan beharrik ez daukatenik.

      6. Gobernu Batzordeari dagokio Lanbide Sozietateen Erregistroari buruzko arauak ezartzea eta interpretatzea, 2/2007 Legean oinarrituta; baita Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatzeko eta hura mantentzeko tasa eta kuotak ezartzea ere; tasa eta kuota horiek erregistroan inskribatzen diren sozietateei, inskribagarriak diren ekintzak eskatzen dituztenei edo ziurtagiriak eskatzen dituztenei ezarriko zaizkie.

        Honako hauek dira Erregistroan sartu beharreko datuak, 2/2007 Legeko 8.2 artikuluan xedatzen denaren arabera:

        1. Sozietatearen izena eta helbidea.

        2. Eraketa-eskrituraren eta notarioaren identifikazio-oharra eta data; sozietatearen iraupena, epealdi zehatz baterako eratuz gero.

        3. Sozietatearen helburu diren jarduera profesionalak.

        4. Bazkide profesionalen eta ez profesionalen datuak; elkargokide-zenbakia eta zein elkargo profesionaletakoa den.

        5. Sozietatearen administrazio eta ordezkaritzaren ardura eman zaien pertsonen datuak, bazkide profesionalak diren ala ez adierazita.

          Bazkide edota administratzaileak aldatzen badira edo kontratu sozialean aldaketaren bat egoten bada, Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatuko dira.

          Diziplina-anitzeko lanbide-sozietateen kasuan, lanbide-sozietatea Lanbide Sozietateen Erregistroetan inskribatuko da, zehazki, sozietatearen helburu den lanbide bakoitzari dagokion Elkargoaren Erregistroan.

          Lanbide Sozietatea eratu ondoren sortzen den edozein gorabeheraren berri emango dio Elkargoak Merkataritza Erregistroari, baldin eta gorabehera horrek sozietatearen bazkide elkargokideen lanbide-jarduna eragozten badu.

          Elkargoaren Erregistroa publikoa izango da. Justizia Ministeriora hileko inskripzioak bidali ondoren, Interneteko atari batean emango da argitara lanbide-sozietate bakoitzari irekitako erregistro-orriaren edukia. Publikoa, doakoa eta iraunkorra izango da atari hori, eta ministerioak ezarriko du nola kudeatuko den. Horretaz gain, horren gainean Euskal Autonomia Erkidegoak ezartzen duenari ere jarraituko zaio.

  1. Elkargoan sartzea ukatzeko arrazoiak honako hauek izango dira:

    1. Eskatutako titulazioa ez izatea.

    2. Eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan hutsuneak egotea, dokumentazio horren egiazkotasun edo benetakotasunaren inguruko zalantzak egotea, eta hutsak zuzentzeko eskatu bada, dokumentazioa ez zuzentzea edo osatzea, eskaera egin eta hamar eguneko epean.

    3. Jatorrizko Elkargoko betebehar ekonomikoak ordainduta ez izatea.

    4. Lanbidean aritzeko ezgaitzen duen diziplina-zehapena edo zigor penala betetzen aritzea, eskabidea egiteko unean.

    5. Psikologoen beste Elkargo batetik bidalia izatea, eta artean birgaitu gabe egotea.

  2. Elkargoak, eskatzailea birgaitu dela, zigorrak eta zehapenak bete direla, eta elkargoan sartzea ukatzen zuten oztopoak gainditu direla egiaztatu ondoren, besterik gabe, inskripzioa onartzeko ebazpena emango du.

    Elkargokide egitea ukatzeko erabakiak ez du administrazio-bidea agortzen, eta eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, arrazoi eta guzti.

    HIRUGARREN KAPITULUA

    ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

    12 bis artikulua.

  1. Debekuak.

    Psikologo elkargokideek debekatuta daukate honako hau guztia:

    1. Beste profesional batzuei komisioak ordaintzea, bezeroak edo pazienteak aholkatzeagatik.

    2. Lanbidean jarduterakoan, Bidegabeko Lehiari eta Lehiaren Babesari buruzko legeetan ezarritakoa ez betetzea, ezta, oro har, publizitateari, eta, zehazki, osasun-publizitateari buruzko arauak ere.

    3. Behar den titulurik izan gabe edo elkargokide izan gabe psikologian diharduena estaltzea edo babestea.

Elkargokideen artean arlo profesionalean sor daitezkeen desadostasunak Elkargoaren Bitartekotza Batzordearen bidez ebatziko dira, interesdunek eurek eskatuta. Batzorde hori osatuko dute dekanordearen eta Deontologia Batzordeko lehendakariaren karguetan dauden pertsonek.

LAUGARREN KAPITULUA

LANBIDE-JARDUNA ARAUTZEN DUTEN OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

Lanbide-jarduna Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko Deontologia Kodean jasotako deontologia-arauen araberakoa izango da (kode hori Elkargoak onartuko du). Nolanahi ere, arau horiek lehia askeko araubidean ezarriko dituzten mugak ez dira izango legean aurreikusitakoak baino gehiago.

BOSGARREN KAPITULUA

ELKARGOAREN ANTOLAKETA

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak barne-antolamendurako sistema, batzorde-sistema, atal-sistema edo unearen arabera funtzionamenduko premiak hobekien asetzen dituzten beste sistema batzuk ezarriko ditu.

  1. Honako Batzorde hauek izango dira, gutxienez:

    1. Aholkularitza Batzordea, zeinek honako eginkizun espezifiko hauek baititu: elkargokideek aurkeztutako kexa edo erreklamazioei erantzuteko eta elkargokideek emandako psikologia-zerbitzuen erabiltzaile eta kontsumitzaileei laguntzeko zerbitzua ematea, eta, zuzenbidearen arabera, kexa edo erreklamazioak ebaztea. Hori guztia, 25/2009 Legearen 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz egingo da. Zerbitzu hori arautzeko, Aholkularitza Batzordeak araudi espezifiko bat izango du, eta bertan jaso dira bai kexa eta erreklamazioak aurkezteko sistemak, bai horiei laguntzeko edo ebazpena emateko prozedurak ere.

    2. Deontologia Batzordea: zenbaki bakoitia osatuko dute batzorde horretako kideek, eta, gutxienez, bost izango dira; Batzar Orokorrean izendatuko dira, betiere, Gobernu Batzordeak proposatuta. Batzordearen egitekoa izango da txostenak eta proposamenak egitea, arrazoi deontologikoengatik baloratzeko ematen zaizkion egintza profesionalen zehapen-kalifikazioari buruz, eta estatutu hauetan ezarritako moduan izapidetuko ditu prozedurak.

    3. Hauteskunde Batzordea, zeinen helburua eta funtzionamendua estatutu hauetan jasoko baitira.

  2. Batzorde horien funtzionamendu-araubidea batzorde bakoitza arautzen duen erregelamenduan ezarriko da, eta erregelamendu bakoitza Batzar Orokorrean onartuko da, Gobernu Batzordeak proposatuta.

  3. Batzorde bakoitzaren azterketa, proposamen eta ondorioak Gobernu Batzordeari bidaliko zaizkio, eta hark erabakiko du zer egin azkenean.

  4. Gobernu Batzordeak, dekanoak proposatuta, beste batzorde batzuk izendatu ahal izango ditu, edozein motako egoerak hala eskatzen badu, eta komenigarritzat jotzen den izaera emango die.

  1. bis artikulua. Atal profesionalak. Izaera eta helburuak.

Nolanahi ere, Elkargoaren gobernu-organoek Atalaren Zuzendaritza Batzordea edo koordinatzailea eskuordetu dezakete komenigarritzat jotzen dituzten eta Atalarekin lotuta dauden gorabehera edo gestioetarako.

Honako hauek izango dira Atalaren helburuak:

  1. Garapen zientifiko, tekniko eta profesionala bultzatzea, Atalari dagokion diziplina-eremuan.

  2. Atalkideen arteko lankidetza sustatzea, baita informazio eta esperientzia profesionalaren trukea ere.

  3. Elkargoaren Gobernu Batzordearen aurrean sustatzea, batetik, erakundeen presentzia, eta, bestetik, lankidetza, diziplina-eremu berbera edo antzekoa duten nazio eta nazioarteko erakunde eta elkarteetan.

  4. Lanbidearen ikerketa, prestakuntza eta sustapena bultzatzea, Atalaren eremuan.

  5. Psikologoaren Deontologia Kodearekin bat etorriz, Elkargoaren gobernu-organoei aholkuak ematea, psikologiaren lanbidean ongi jarduteko interesgarriak direla uste duen gaien inguruan, betiere, bere eremu profesionalarekin zerikusia duten gaiak izanik. Eta, behar izanez gero, lanbidean behar bezala jarduteko eska daitezkeen prestakuntza-irizpideak edo -betekizunak gomendatuko ditu.

  6. Bere eremuan lanbidean ongi jardutea bultzatzea.

    Gobernu Batzordeak onartuko duen Erregelamendu baten bidez zehaztuko da Atalen funtzionamendua; Erregelamendu horrek honako hauek arautuko ditu: elkargokideak ataletan sartzea, zuzendaritza-karguen izendapena zeina beti izango baita demokratikoa, eta bere ohiko funtzionamendurako beharrezkoak diren gainerako alderdiak.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak parte hartuko du EAEko Psikologiako Elkargoen Batzordearen, Psikologiako Elkargo Ofizialen Batzorde Nagusiaren eta estatuan eta nazioartean sortzen diren batzordeen osaketan, funtzionamenduan eta helburu eta atribuzioen garapenean.

SEIGARREN KAPITULUA

GOBERNU-ORGANOAK, BEREN ERATZE-ARAUAK, FUNTZIONAMENDUA ETA LEHIA

Batzar Orokorra Elkargoaren erabakitze-organo burujabea da, baina horrek ez du esan nahi elkargoaren beste organo batzuek eskumenik izango ez dutenik. Gobernu Batzordeak bere jardunaren berri eman behar dio Batzar Orokorrari. Batzar Orokorrean hartutako erabaki guztiak lotesleak izango dira elkargokideentzat, betiere ahaztu gabe estatutu hauetan ezartzen diren errekurtsoak.

Gobernu Batzordea elkargoaren organo eragilea eta ordezkaritza-organoa da.

  1. Batzar Orokorra elkargokide guztiek osatuko dute.

    Hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin joan ahal izango dira batzarrera bai jarduneko elkargokideak, bai jardunean ez daudenak.

  2. Ohiko Batzar Orokorrerako deia dekanoak egingo du, nahitaez, urtean behin. Nolanahi ere, ezohiko batzarrerako deia ere egin daiteke, baldin eta aztertu behar diren gaien garrantziak hala eskatzen badu, edo aurreko urteko abenduaren 31n erroldan dauden eta boto-eskubidea duten elkargokideen % 20k hala eskatzen badu.

  3. Gai-zerrenda Gobernu Batzordeak zehaztuko du, eta Elkargoaren iragarki-oholean jarriko da. Elkargokideei gutxienez hilabete lehenago jakinaraziko zaie.

  4. Batzarra behar izanez gero bigarren deialdian egingo dela jaso behar du deialdiak; nolanahi ere, hogeita hamar minutu baino gutxiagoko tartea egon behar da lehen deialditik bigarrenera.

  5. Batzar Orokorraren eraketa baliozkoa izango da lehenengo deialdian, baldin eta elkargokideen erroldaren erdia gehi bat bertaratzen badira. Bigarren deialdian Batzarraren eraketa baliozkoa izango da, bertaratuen kopurua edozein dela ere.

  6. Erabakiak isilpeko botazioaren bidez hartuko dira, batzarrera joaten diren elkargokideen %25ek hala eskatzen badu. Edozein modutan, botoa isilpekoa izango da elkargokideren baten ohorearekin zerikusia duten gaiei eragiten dienean.

    Gai-zerrendan sartu ez den gairik ez da eztabaidatuko edo horren gaineko erabakirik ez da hartuko; nolanahi ere, salbuespena egin ahal izango da elkargokide guztiak bertan badaude, eta gaiaren urgentzia deklaratzen bada, botoen gehiengo sinplearen bidez.

    26 bis artikulua. Bilera-erregimena.

  1. Urte bakoitzaren lehen lauhilekoan eta inola ere ez egutegiko lehendabiziko hirurogei egunak igaro baino lehen, Ohiko Batzar Orokorra egingo da, eta bere gai-zerrendan honako puntu hauek sartuko dira, gutxienez:

    1. Aurreko bilkuraren akta irakurtzea.

    2. Aurreko urteko memoriaren aipamena, zeina idazkariak egingo baitu.

    3. Aurreko urteko sarrera eta gastuen kontuen likidazioa, egoera-balantzea eta galdu-irabazien kontua irakurri, eztabaidatu eta onartzea, beharrezkoa izanez gero; eta, Gobernu Batzordeak hurrengo urteko ekitaldi ekonomikorako onartutako sarrera-gastuen aurrekontua irakurri, aztertu eta onartzea.

    4. Deialdian ageri diren irizpen eta proposamenak irakurri, aztertu eta bozkatzea, beharrezkoa izanez gero.

    5. Galde-eskeak.

  2. Batzarrean aztertzea eta erabakitzea nahi dituzten proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte elkargokideek, urtarrilaren hogeita hamarra baino lehen, eta proposamen horiek dekanoak sartuko ditu gai-zerrendan, dagokion atalean. Aurreko urteko abenduaren 31n erroldan sartuta dauden eta botoa emateko eskubidea duten elkargokideen % 6k, behintzat, izenpetu egin behar ditu proposamen horiek.

    27 bis artikulua. Ezohiko Batzar Orokorra.

    1. Batzarra egitea.

      1. Ezohiko Batzar Orokorrak egingo dira Elkargoko dekanoaren edo Gobernu Batzordearen ekimenez, edo, botoa emateko eskubidea duten elkargokideen % 20k, behintzat, idatziz hala eskatzen badute, betiere, batzarrean aztertu beharreko gai zehatzak jasota.

      2. Deialdia elkargokideei jakinaraziko zaie ezarritako gai-zerrenda eta guzti, gutxienez, batzarra egin baino egutegiko 30 egun baino lehen, eta Elkargoaren iragarki-oholean zintzilikatuko da. Horretaz gain, elkargokideen posta-kontuetara bidaliko diren mezu elektronikoak eta elkargoak baliatzen dituen komunikabideak erabiliko dira jakinarazteko.

      3. Ezohiko Batzar Orokorrean Gobernu Batzordearen edo haren kideetako baten aurkako zentsura-botoa eman nahi bada, batzarra egiteko eskabidea izenpetu behar du aurreko urteko abenduaren 31n erroldan ageri diren eta botoa emateko eskubidea duten elkargokideen % 20k, eta argi eta garbi azaldu beharko dira horretarako arrazoiak.

      4. Dekanoak edo Gobernu Batzordeak Ezohiko Batzar Orokorra egiteko erabakia hartzen duenetik edo elkargokideek batzar-eskabidea aurkezten dutenetik aurrera, egutegiko 60 egun izango dira batzarra egiteko. Deialdian agertzen diren gaiak bakarrik aztertu ahal izango dira batzarrean.

      5. Ezohiko Batzar Orokorra egitea uka daiteke honako kasu hauetan: ebazpen arrazoitu bat ematen bada, proposamenak ez baditu betetzen estatutu hauetan jasotzen diren baldintzak edo Elkargoaren helburuekin zerikusirik ez badu; nolanahi ere, horren aurkako errekurtsoak ezarri ahal izango dira.

      6. Ezohiko Batzar Orokorrerako deia egutegiko 15 eguneko aurrerapenarekin egin ahal izango da, baldin eta aztertu beharreko gaien urgentziak hala eskatzen badu. Ohiko Batzarretarako eskatzen diren gainerako baldintza guztiak bete beharko ditu deialdiak. Gaiak urgentziazkoak diren ala ez Gobernu Batzordeak baloratuko du, kasuan kasuan.

    2. Ezohiko Batzar Orokorraren eskumenak.

      Ezohiko Batzar Orokorrak eskumena izango du Elkargoaren estatutuak aldatzeko eta Gobernu Batzordearen edo haren kideren baten jarduera onartu edo zentsuratzeko. Halaber, beste edozein gaien inguruko eskumena ere izango du, gaiak duen izaera eta interesa dela-eta, batzarrerako deia egin eta hura egitea komeni bada.

    3. Erabakiak.

      Erabakiak isilpeko botazioaren bidez hartuko dira, batzarrera joaten diren elkargokideen % 25ek hala eskatzen badu. Edozein modutan, botoa isilpekoa izango da elkargokideren baten ohorearekin zerikusia duten gaiei eragiten dienean.

    4. Zentsura-mozioa.

      1. Zentsura-mozioa bakar-bakarrik aurkeztu ahal izango da horretarako propio deitu den Ezohiko Batzar Orokorrean, eta, betiere, 27 bis artikuluan eskatzen diren baldintzak beteta. Batzarraren eraketa baliozkoa izango da boto-eskubidea duten elkargokideen % 5 bertaratzen denean.

      2. Quoruma baldin badago, mozioak aurrera egingo du, baldin eta emandako botoen bi herena aldekoa, zuzena eta pertsonala bada.

      3. Batzar horietan ez da onartuko ez boto eskuordetua, ez posta bidezko botoa.

Gobernu Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

  1. Dekanoa.

  2. Dekanordea.

  3. Idazkaria.

  4. Idazkariordea.

  5. Diruzaina.

  6. Gutxienez hiru eta gehienez zortzi bokal.

    Gobernu Batzordeko kideak estatutu hauetan ezarritako prozeduraren bidez aukeratuko dira, lau urteko agintaldirako, eta berriz ere aukeratuak izan ahal izango dira. Hautagaitza bakoitzean aukeratutako bokal-kopurua ez da aldatuko agintaldia amaitu arte.

    Gobernu Batzordeko kide izateari uztea.

    1. Gobernu Batzordeko kideek honako arrazoi hauek direla medio utziko diote batzordekide izateari:

      1. Karguan aritzeko, estatutuetan ezarritako baldintza guztiak ez betetzea.

      2. Epe baterako aukeratuak izan zirela kontuan izanda, epe hori amaitzea.

      3. Interesatuak uko egitea.

      4. Urtebeteko epean, Gobernu Batzordearen bi bilkura jarraietara edo hiru ez-jarraietara ez joatea, eta hori ez arrazoitzea Gobernu Batzordeak interesdunari entzun ondoren emango duen ebazpen baten bidez.

      5. Zentsura-mozioa onartzea.

      6. Herri Administrazioren batean kargu politiko baterako izendatzea edo kargua betetzeko bateraezintasun bat izatea.

      7. Epai irmo baten bidez kargu publikoan jarduteko ezgaitzea.

      8. Diziplina-zehapena, estatutu hauetan ezarritako arau-hauste larria edo oso larria egiteagatik.

      9. Elkargoa uztea.

    2. Gobernu Batzordeko kideren batek bere lekua hutsik uzten badu, estatutuetan ezarritako mekanismoen bidez beteko da leku hori, automatikoki. Estatutuetan horrelako egoerarik aurreikuisita ez badago, idazkariaren egitekoak idazkariordeak hartuko ditu bere gain, eta, diruzainarenak, berriz, elkargokiderik zaharrena den bokalak, harik eta hurrengo hauteskundeak egiten diren arte.

    3. Idazkariorde-lanak, berriz, hutsunea gertatzen den unean Gobernu Batzordeko elkargokiderik zaharrena denak egingo ditu.

    4. Gobernu Batzordeko kideen erdia baino gehiago bada kargua uzten duena, batzordeak, azken hutsunea gertatu eta egutegiko 30 eguneko epean, Gobernu Batzorde Osorako hauteskundeetarako deia egingo du.

    5. Aurreko paragrafoko egoera gertatzen bada, Gobernu Batzordearen egoera ezegonkorra izango da, eta, beraz, bere erabakitzeko gaitasuna mugatua izango da: administrazio-izapide sinpleei dagozkien eta presako irtenbide bat eskatzen duten gorabeherei buruzko erabakiak hartuko dira, eta ezin izango da hartu politika eta ekonomia mailako erabaki garrantzitsurik.

    6. Gobernu Batzordeak ezin badu gobernatu zentsura-mozioa aurkeztu delako, elkargoaren bozketa zuzenaren bidez hautatutako kideen erdiak baino gehiagok kide izateari utzi diolako, edo dekanoak bere kargua utzi duelako, Batzar Orokorrak Behin-behineko Batzorde bat izendatuko du, zeinek hiru kide izango baititu eta Elkargoaren Administrazioa eramango baitu Gobernu Batzorde berria eratu artean. Gobernu Batzordea eratzeko, hauteskunde-prozesu berri baterako deia egingo da, gehienez, bi hilabeteko epean.

    7. Gobernu Batzordearen kargu-uzteak hautaketa zuzenaren bidez hautatutako batzordekideen erdiari baino gutxiagori badagozkio, eta, betiere, dekanorik tartean ez bada, Gobernu Batzordeak Batzar Orokorrari proposatuko dizkio hutsuneak beteko dituzten hautagaiak, eta hark baimena eman beharko du horretarako. Batzar Orokorrak berretsitako hautagaiak Gobernu Batzordean sartuko dira, beteko duten karguaren obligazio eta eskubide guztiekin.

Elkargoaren Gobernu Batzordeari honako egiteko hauek dagozkio:

  1. Elkargo Profesionalen arloan eman diren edo emango diren estatuko edo erkidegoko legezko xedapenen bidez esleituak izan zaizkionak.

  2. Lanbidearentzat interesekoak eta garrantzitsuak diren gaiei buruzko aholkua eskatzea elkargokideei, batzordeak berak ezartzen duen moduan, eta horrela, elkargokideen partaidetza sustatzea.

  3. Ordezkatzen dituen elkargokideen eskubideak eta ohorea defendatzea, baita horietako edozein ere, lanaren arloan irain, kalte, begirune-falta eta ezjakintasunak bizi dituenean ere.

  4. Batzar Orokorrari proposatzea elkargokideek elkargoaren zama eta zerbitzuetarako ordaindu behar dituzten kuotak, elkargoan sartzerakoan ordaindu beharrekoak eta ohikoak.

  5. Batzar Orokorrari proposatzea onar dezala premia zehatz eta apartekoei erantzuteko kuotak elkargokideei ezartzea.

  6. Elkargoa mantentzeko kuotak biltzea, baita Elkargoaren gainerako baliabide ekonomikoak ere, estatutu hauetan aurreikusitakoak.

  7. Profesionalen erroldaz eta legearen arabera egitekoak diren erregistroez arduratzea, informazio egokia izateko beharrezkoak diren datuak mota guztietakoak jasoz.

  8. Psikologiaren arloko azterketa, proiektu eta proposamenak hobeto egiteko beharrezkoak diren estatistikak egitea.

  9. Lanbidearen eta elkargoaren alorrean, diziplina-ahala erabiltzea elkargokide diren psikologoengan, betiere estatutu hauetan ezarritako moduan.

  10. Elkargoaren estatutuak lantzea baita aldaketak ere, eta Batzar Orokorrera eramatea, hark onar ditzan.

  11. Elkargoaren funtzionamendu-arauak eta barne-araubidea lantzea, baita Deontologia Arauak ere, ondoren Batzar Orokorrak onartzeko, eta Deontologia Batzordeko kideen izendapen edo kargu-uzteetarako proposamenak egitea, ondoren onartuak izan daitezen.

  12. Lege, estatutu eta erregelamendu-xedapenak bete eta elkargokideei betearaztea, baita Gobernu Batzordeak berak eta Batzar Orokorrak hartutako erabakiak ere, izan ditzaketen hutsuneak edo akatsak behin-behinean zuzenduz edo interpretatuz.

  13. Emandako zerbitzu, proiektu, txosten eta abarrengatik sortutako ordainsariak kobratzeaz arduratzea, elkargokideek eskatuta. Kasu horietan, Elkargoak ehuneko bat atxikiko du, Gobernu Batzordeak onartuko duena. Psikologoaren figura gardena, kalitatezkoa eta etika profesionalduna den lanbide bateko profesional gisa sustatzeko, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak zerbitzu horiek ezarriko ditu, eta elkargokide arruntek eta lanbide-sozietateek zerbitzu horiek erabiltzea bultzatuko du.

  14. Sarrera eta gastuen urteko aurrekontuak egitea, eta horien proiektua onartzea, gero Batzar Orokorrak onartzeko.

  15. Urteko kontuak eta ekitaldi bakoitzeko aurrekontu-likidazioak egitea, eta horien proiektua onartzea, Batzar Orokorrean aurkezteko.

  16. Elkargokideak onartzeari buruz ebaztea.

  17. Gobernu Batzordeko kargudunak hautatzeko deialdia egitea, eta hautaketarako, beharrezko baliabideak jartzea.

  18. Ohiko eta ezohiko Batzar Orokorretarako deia egitea eta gai-zerrenda zehaztea, estatutu hauetan ezarritako moduan.

  19. Elkargoaren funtsak administratzea. Beharrezkoak diren eta aurrekontuan sartu gabe dauden presako gastu edo jarduerei buruzko erabakiak hartzea, eta horren berri ematea Batzar Orokorrari. Arlo ekonomikoko eginkizun guztiak betetzea, eta Elkargoaren ondareari dagokionez, edozein motatako xedapen eta karga-egintza egitea (aurrekontuaren % 10 gaindituz gero, Batzar Orokorraren baimenarekin), estatutu hauetan ezarritako moduan, eta aplikatu beharreko legeek kasu bakoitzean eskatzen dituzten eskumenak erabiliz.

  20. Izaera profesionala, zientifikoa edo kulturala duten prestakuntza-programak lantzea eta burutzea.

  21. Psikologiarentzat eta psikologoentzat interesgarriak diren ekintza eta zerbitzu komunak antolatzea.

  22. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioarekin, Bizkaiko Herri Administrazioarekin eta Toki Administrazioekin lankidetzan aritzea asistentzia psikologikoari buruzko politika formulatzerakoan eta instituzio horien arteko lankidetza-hitzarmenak eta kudeaketa-gomendioak antolatu eta garatzerakoan.

  23. Asistentziako eta aurreikuspeneko ekintzak eta zerbitzuak antolatzea eta garatzea.

  24. Azterketa edo kudeaketako Ordezko Batzordeak izendatzea, lanbidearentzat interesgarritzat jotzen duen zeinahi gaitarako.

  25. Bitartekari-lanak egitea elkargokideen artean sor daitezkeen arazo profesionaletan, betiere, interesdunek hala eskatzen badiote; eta bere menpe uzten diren gaietan arbitro-funtzioak betetzea, arbitrajeari buruzko legeria orokorrari betez.

  26. Elkargokideei arduraz jakinaraztea interesgarriak diren eta eurengan eragina izan dezaketen gaiak, elkargoari dagozkionak, profesionalak, kulturalak eta abar.

  27. Elkargokideak defendatzea euren lanbide-jardunean, eta bidezkoa eta zuzena denean, elkargoaren babesa eskaintzea.

  28. Elkargoaren langileak eta beharrezkoak diren laguntzaileak kontratatzea, lan-kontratu edo zerbitzu-errentamenduaren bidez. Elkargokideen borondatezko zerbitzuak onartzea.

  29. Diru-laguntza publiko edo pribatuak eskatzea eta eskuratzea, eta diru-laguntza horiek zein helburutarako ematen diren, hartarakoxe erabiltzea.

  30. Justizia Administrazioan esku hartu dezaketen psikologoen zerrendak antolatzea.

Gobernu Batzordeak batzorde iraunkor gisa jokatu ahal izango du. Batzorde Iraunkorrak kide hauek izango ditu: dekanoa, dekanordea, idazkaria eta diruzaina.

Batzorde Iraunkorra, gutxienez, bi hilean behin bilduko da, elkargoa opor-garaia dela-eta itxita dagoenean salbu. Batzordearen eraketa baliozkoa izateko, gutxienez, hiru kidek egon behar dute bertan.

Botoen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoak ebatziko du.

Hauek dira batzorde iraunkorraren eskumenak:

  1. Gobernu Batzordearen bilkuretarako gai-zerrenda prestatzea.

  2. Elkargoaren jardueren jarraipena egitea.

  3. Gobernu Batzordeari aurkeztea egokitzat jotzen duen txosten, irizpen edo proposamen oro.

    3.000 eurotik beherako gastuak onartzea, zeina berretsi egin beharko baita Gobernu Batzordearen hurrengo bilkuran.

  1. Gobernu Batzordeak eskuordetutako zeinahi eskumen bere gain hartzea, eskuordetu ezin diren eskumenak ez badira, behintzat.

  2. Elkargoan sartzeko eskabideak ebaztea, baldin eta Gobernu Batzordeak horretarako eskuordetzen badu.

    Batzorde Iraunkorraren bilkuretara joateko aukera ez dute batzordearen titularrek bakarrik izango; batzordeari proposamenen bat aurkeztu nahi dioten bokalek ere joateko aukera izango dute, aurrez idazkariari horren berri ematen badiote.

Gobernu Batzordeak batzorde aholkulariak eta lan-batzordeak eratu ahal izango ditu. Nolanahi ere, Batzorde Deontologikoa eratuko da, txosten lotesleak emango dituena, arrazoi deontologikoengatik baloratzeko ematen zaizkion egintza profesionalen zehapen-kalifikazioari buruz. Txosten aholku-emaileak ere emango ditu, araudi deontologiko-profesionalarekin lotutako gainerako gaietan.

Hauteskunde Batzordea ere eratuko da, estatutu hauetan arautzen den moduan, eta baita Aholkularitza Batzordea ere, elkargokide, kontsumitzaile edo erabiltzaileei zerbitzua emateko batzorde gisa, betiere, 25/2009 Legearen 12. artikuluan ezarritakoa betetzeko; batzorde horrek bere araudia izango du, zeina Gobernu Batzordeak onartu beharko baitu.

Atal profesionalak eratuko dira Batzar Orokorrak horretarako ezarritako araudi orokorraren arabera, eta beren araudiari jarraikiz arautuko dira. Araudi horrek bermatuko du beren ordezkaritza-organoak demokratikoki hautatuko direla, eta, balio izateko, Gobernu Batzordearen oniritzia jaso beharko du.

ZAZPIGARREN KAPITULUA

ELKARGOKIDEEK GOBERNU ORGANOETAN DUTEN PARTAIDETZA ETA HAUTESKUNDE ARAUBIDEA

Jarduneko elkargokide guztiek, hauteskundeak izan baino hogeita bost egun lehenagotik elkargokide-izaera eskuratua badute, hautesle eta hautagarri izateko eskubidea izango dute, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kideak izendatzeko prozesuan.

Jardunekoak ez diren elkargokide guztiek, hauteskundeak izan baino hogeita bost egun lehenagotik elkargokide-izaera eskuratua badute, hautesle izateko eskubidea izango dute, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kideak izendatzeko prozesuan. Hauteskundeak izan baino hogeita bost egun lehenago zigortuta dauden elkargokideek ez dute hautesle izateko eskubiderik izango, baldin eta zehapenak berezkoa badu elkargokide-eskubideak bertan behera geratzea; halaber, ez dute horretarako eskubiderik izango kuotak ordaindu gabe dituztenek. Hauteskunde-deialdia egiten den egunean zigortuta dauden elkargokideek ez dute hautagarri izateko eskubiderik izango, baldin eta zehapenak berezkoa badu elkargokide-eskubideak bertan behera geratzea; halaber, ez dute horretarako eskubiderik izango kuotak ordaindu gabe dituztenek.

Lau urterik behin, Gobernu Batzordeak hauteskundeetarako deia egingo du, Gobernu Batzordeko postu guztiak betetzeko.

Gutxienez hauteskunde-eguna baino hiru hilabete lehenago egingo da hauteskundeetarako deialdia, eta bertan zehaztuko dira hauteskunde-egutegia, bozketa, zenbaketa eta aldarrikapen-prozedura, bai eta aurkez daitezkeen errekurtsoak ere, betiere, estatutu hauetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Estatutu hauetako 28. artikuluan aurreikusitako baldintza ematen dela-eta ezohiko hauteskundeen deialdia egitea beharrezkoa denean, eta ezohiko hauteskundeak eskatzen dituen ezohiko zerbait gertatzen denean, deialdia aurreko paragrafoan adierazitako aurrerapenaz egingo da, eta VII. kapitulu honetan xedaturiko arauak betez.

Hautagai-zerrenda osoak eta itxiak aurkeztu beharko dira, eta kargu bakoitzerako proposaturiko pertsona zein den adieraziko da. Deialdia egin ondorengo bi hilabeteetan aurkeztu beharko dira zerrendak, Hauteskunde Batzordeari idazkia bidalita, eta, gutxienez, berrogeita hamabost elkargokideren sinadurarekin.

Aurkeztutako hautagaitzen osaera orekatua izango da sexuari dagokionez, eta sexu bakoitzeko hautagaiek, gutxienez, zerrenda osoaren % 40 izan behar dute.

Hauteskunde Batzordeak aldarrikatuko ditu hauteskundeak egin baino hogeita bost egun lehenagorako behar bezala aurkeztutako hautagai-zerrendak, eta, horretarako, jakinarazpen bat bidaliko die elkargokide guztiei, postaz nola botoa eman dezaketen adieraziko die eta boto-txartelak emango dizkie. Hauteskunde Batzordeak berdintasunez egingo du hautagaitzei buruzko propaganda, Elkargoak dituen baliabideen arabera.

Hautagaien aldarrikapenaren kontra, edozein elkargokidek erreklamazioa aurkeztu ahal izango du Hauteskunde Batzordearen aurrean. Horretarako, hiru egun baliodun izango ditu, eta erreklamazioa beste hiru egun balioduneko epean ebatziko du Hauteskunde Batzordeak.

Hautagai-zerrenda bakarra badago, hautagai-zerrenda hori aldarrikatuko da, eta ez da bozketarik egin beharko, bozketa egiteko ezarritako egunean.

37 bis artikulua. Hauteskunde Batzordea.

Hauteskunde-deialdia egin eta egutegiko hamabost eguneko epean, Gobernu Batzordeak Hauteskunde Batzorde bat izendatuko du, zeina botoa emateko eskubidea duten elkargokideen artean zozketaz hautatutako hiru kidez osatua egongo baita; zozketan sartzeko, elkargokideek ezinbestekoa izango dute hautagaitza batekoa ez izatea, Elkargoan, gutxienez, bost urteko antzinatasuna izatea, eta legeetan aurreikusitako bateraezintasun-kausarik ez izatea. Lehenik eta behin, Hauteskunde Batzordean lehendakari kargua izango duen kidea nor izango den zozketatuko da; bigarrenik, idazkari-kargua nork izango duen, eta hirugarrenik, berriz, bokal bat izendatuko da. Aldi berean, zozketaz hautatuko dira Hauteskunde Batzordeko kargu bakoitzerako ordezkoak.

Hauteskunde Batzordea osatuko dutenen eta horien ordezkoen izenak jakinaraziko zaizkie elkargokideei, elkargoaren iragarki-oholaren eta elkargoak erabiltzen dituen ohiko komunikabideen bidez.

Hauteskunde Batzordeak elkargoaren egoitzan jardungo du bere egitekoetan.

Hauteskunde Batzordearen erabakiak hartzeko, kideen gehiengoa beharko da.

Honako hauek dira Hauteskunde Batzordearen egitekoak:

  1. Balioz aurkeztutako hautagaitzak aldarrikatzea, eta horren aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

  2. Elkargoaren egoitzan sartzen diren posta bidezko botoak zaintzea, harik eta Hauteskunde Mahaiko lehendakariari entregatzen zaizkion arte.

  3. Hauteskunde Mahaiko kideak izendatzea.

  4. Emaitzen aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

  5. Behin betiko aldarrikapenaren aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

  6. Hauteskunde-prozesu guztia hasieratik bertatik bultzatzea, garatzea eta zaintzea, beharrezkoak diren erabakiak hartuz.

Bozketa hasi baino bost egun lehenago, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren egoitzan Hauteskunde Mahaia osatuko da. Mahaiak honako kide hauek izango ditu: lehendakaria, idazkaria eta bi kide, zozketa bidez elkargokideen artean hautatuak.

Hautagaia izanik, ez dago mahaiko kide izaterik. Nolanahi ere, kontu-hartzaile bat izendatu ahal izango du, hurrengo artikuluan ezarritako moduan.

38 bis artikulua. Kontu-hartzaileak.

Hautagaitzek kontu-hartzaile bat izenda dezakete hauteskunde-mahai bakoitzeko, baina kontu-hartzaile horrek ezingo du izan hautagaia. Bozketa egin baino hogeita lau ordu lehenago izendatuta egon beharko du. Bozketa eta zenbaketa-prozesuan bertan egon ahal izango da kontu-hartzailea.

Gobernu Batzordeko kideen hautaketa sufragio unibertsal, libre, zuzen eta sekretuaren bitartez egingo da.

Elkargokideek botoa emateko eskubidea erabiliko dute. Horretarako, boto-txartel ofizialak erabiliko dituzte, Gobernu Batzordeak baimendutako boto-txartelak. Elkargokideek, bozkatzerakoan, beren datuak eman beharko dituzte, elkargokide-txartelaren, NANaren, gidatzeko baimenaren edo indarrean dagoen legediak onartutako beste edozein txartelen bidez, eta botoa zigilaturiko hautestontzi batean sartuko dute. Mahaiko idazkariak zerrendan idatziko du botoa eman duen elkargokidearen izena.

Elkargokideek, posta bidez bozkatu ahal izateko, boto-txartela Hauteskunde Mahaiko lehendakariari bidali beharko diote, gutun-azal batean sartutako beste gutun-azal itxi batean. Horrekin batera, elkargokide-karnetaren, NANaren edo gida-baimenaren kopia ere aurkeztu beharko da, edo indarrean dagoen legeriak onartzen duen beste edozein agiriren kopia. Kanpoko gutun-azalean botoa ematen duen elkargokidearen izena eta elkargokide-zenbakia jarriko da, ondo irakurtzeko moduan.

Posta bidezko botoak Hauteskunde Batzordeak jasoko ditu bozketa ixteko ezarritako ordua baino lehen. Ixteko ordua iristen denean, Hauteskunde Batzordeak posta bidezko botoak entregatuko dizkio Hauteskunde Mahaiko lehendakariari, zeinek egiaztatuko baitu posta bidezko botoa emateko eskubidea duten elkargokideenak direla, eta ez dutela bertatik bertarako botorik eman. Mahaiko idazkariak elkargokideen zerrendan markatuko du nork eman duen posta bidezko botoa, eta, ondoren, mahaiko lehendakariak kanpoko gutun-azalak ireki eta botoak boto-kutxan sartuko ditu.

Posta bidezko botoak izango dira, boto-mota horretarako jarraibideak betetzen dituzten eta bozketa itxi aurretik hauteskunde-egoitzara sartzen diren botoak.

Hauteskunde Batzordeak erabakiko du zein prozedura jarraitu posta bidezko botoak erregistratzeko, baita boto horiek zaintzeko ere, betiere, elkargoaren bitarteko ekonomikoak eta giza-baliabideak aintzat hartuta.

Hauteskunde Mahaiko idazkariak bozketaren eta beraren inguruabarren akta egingo du, eta mahaiko kide guztiek eta kontu-hartzaileek (halakorik badago) sinatu beharko dute, eta beren kexak adierazteko eskubidea izango dute. Sinatzaileak, sinadurarekin batera, bidezkotzat jotzen dituen eragozpenak adierazi ahal izango ditu, idatziz.

Bozketa amaitu ondoren, zenbaketari ekingo zaio, zeina jendaurrean egingo baita, eta aktan jasoko da emaitza.

Bozketa itxi eta hogeita lau orduko epean, idazkariak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dizkio bozketa-aktak eta bozkatzaileen zerrendak. Hauteskunde Batzordeak ebatzi egingo ditu kontu-hartzaileek aurkeztutako erreklamazioak, bai eta gainerako gorabeherak ere.

Zenbaketa honela egingo da:

  1. Hautagai-zerrenda osoek lortutako botoak zenbatuko dira.

  2. Boto gehien jasotzen duena izango da hautatua. Berdinketa gertatuz gero, errepikatu egingo da bozketa.

    Hauteskunde Mahaiak baliogabetzat joko ditu zirriborroak, zuzenketak edo errakuntza eragin dezakeen bestelako aldaketak dituzten boto-txartelak. Baliogabeak izango dira orobat boto-txartel bat baino gehiago dituzten postaz bidalitako botoak, non eta boto-txartelak ez diren hautagai-zerrenda berekoak.

    Kasu horretan, boto-txartel bakar bat zenbatuko da.

Hauteskunde Batzordeak, kontu-hartzaileek aurkeztutako erreklamazioak eta gainerako gorabeherak aztertu ondoren, ez badu ikusten bozketa baliogabetzeko adinako edukizko zein formazko akatsik dagoenik, hamar eguneko epean aldarrikatuko du emaitza, eta elkargokide guztiei jakinaraziko die elkargoaren idazkaritzan emaitza argitaratuta, aditzera eman eta berrogeita zortzi orduko epean. Bost egun izango dira erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta, Hauteskunde Batzordeak hamar egun izango ditu horiek ebazteko, eta hauteskunderik baliogabetu beharrik ez dagoela uste badu, Elkargoaren Gobernu Batzordea estatutu hauen araberako zenbaketa-sistema erabiliz behin betiko hautatu dela aldarrikatuko du. Eta elkargoaren idazkaritzan argitaratuko du emaitza, elkargokide guztiek haren berri izan dezaten.

Hautatutako Gobernu Batzordeak gehienez ere hilabete izango du karguak hartzeko, aldarrikatzen den egunetik hasita.

Aurkeztutako gorabehera edo kexak ikusirik, Hauteskunde Batzordeak hautaketa baliogabetzea erabakitzen badu, Gobernu Batzordeak, Hauteskunde Batzordeak txostena egin ondoren, hautaketa berriro egiteko deialdia egingo du, gehienez ere bi hilabeteko epean egin dadin, eta azken emaitzen aldarrikapena ordura arte etenda geldituko da.

Hauteskunde Batzordeak hauteskunde-gaien inguruan ematen dituen ebazpenen aurka, edozein elkargokidek ezarri ahal izango ditu estatutu hauetan aurreikusitako errekurtsoak, baita legeetan aurreikusitako gainerako errekurtsoak ere.

ZORTZIGARREN KAPITULUA

FINANTZA ETA EKONOMIA-ARAUBIDEA

  1. Hauek dira elkargoaren baliabide arruntak:

    1. Elkargokide egiteko ordaindu beharreko kuotak.

    2. Batzar Orokorrak onartzen dituen ohiko eta ezohiko kuotak.

    3. Elkargoak ematen dituen zerbitzuengatiko ekarpenak.

    4. Gobernu Batzordeak edozein gairen inguruan ematen dituen txosten, irizpen, ebazpen edo aholkuengatik lortutako diru-baliabideak.

    5. Ziurtagiriak emateagatik lortutako diru-baliabideak, zeinak Gobernu Batzordeak zehaztuko baititu.

    6. Inprimaki ofizialak eta baimendutako zigiluak saltzeagatik eta beste zerbitzu orokor batzuek emateagatik lortutakoak.

    7. Elkargoko ondarea osatzen duten ekintza, ondasun, zerbitzu edo eskubideak sortzen dituzten etekinak, baita elkargoaren banku-kontuetan gordetako funtsen etekinak ere.

  2. Hauek dira elkargoaren ezohiko baliabideak:

    1. Estatuak, Autonomia Erkidegoak edo korporazio ofizialek, erakundeek edo partikularrek emandako diru-laguntzak eta dohainak.

    2. Jaraunspen edo beste titulu bategatik elkargoaren ondarean sartzen diren ondasun eta eskubideak.

    3. Beste edozein kontzeptu dela-eta elkargoak jasotzen dituen zenbatekoak, baldin eta elkargoak, behin-behineko edo behin betiko enkargu bat betez (baita kulturala edo ongintzakoa ere), zenbait ondasun edo errenta administratzen baditu.

    4. Legez dagokion beste edozein baliabide.

  1. Elkargokide egiteko kuotak.

    Elkargokideek sarrera-kuota bat ordaindu beharko dute elkargoan inskribatzen direnean. Kuota horren zenbatekoa Batzar Orokorrak finkatu eta aldatu ahal izango du, Gobernu Batzordearen proposamenez.

    Bai inskripzio-kuotei dagokienez, bai ohiko eta ezohiko kuotei dagokienez, 6 bis-2 artikuluari jarraituko zaio, betiere, dauden elkargokide-moten arabera.

  2. Ohiko kuotak.

  1. Ohiko kuotak dira elkargoaren ohiko mantentze eta funtzionamendurako ordaintzen direnak.

  2. Elkargokideek obligazioa dute elkargoak ezarritako kuotak ordaintzeko, ezarritako epeetan ordaintzeko ere. Batzar Orokorrak urteko aurrekontuetan ezarriko du kuota horien zenbatekoa, Gobernu Batzordearen proposamenez.

  3. Elkargoko kuotak seihilekotan ordainduko dira, dagokion seihilekoaren lehen hilean ordaindu ere.

  4. Kuotak ordaindu gabe dituen elkargokideak galdu egingo du Elkargoak elkargokideentzat ezarrita dituen zerbitzuak eskuratzeko eskubidea, 11.2 artikuluak ezartzen duen moduan, eta zerbitzu horiek errekuperatuko ditu zor duena estatutu hauetan ezarritakoaren araberako errekargu eta guzti ordaintzen duenean.

  5. Errekerimendua egin eta bi hilabete igaro ondoren, Gobernu Batzordeak elkargokideari jakinaraziko dio elkargokide izaera galdu egin duela. Horrelakorik gertatzen denean, elkargokideek, euren eskubideak berreskuratu nahi badituzte, zor dituzten zenbatekoak eta ordainagirien itzulketak sortutako banku-gastuak ordaindu beharko dituzte.

  1. Ezohiko kuotak.

    Ezohiko ordainketa edo zorren kasuan, Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak proposatuta, ezohiko kuotak ezarri ahal izango ditu, elkargokideek ezinbestean ordaindu beharrekoak.

    48 bis artikulua. Zaintza, inbertsioa eta administrazioa.

  1. Zaintza eta inbertsioa.

  1. Elkargoaren kapitala, ahal dela, berme osoko baloreetan inbertituko da.

  2. Baloreak Gobernu Batzordeak erabakitako banku-erakundeetan gordailatuko dira, eta gordailuen frogagiriak elkargoaren kutxan zainduko dira; diruzainak izango du horien gaineko erantzukizuna, pertsonala eta berehalakoa.

  3. Elkargoak ezingo du diruzaina ez den beste bat eskuordetu bere sarrera-iturrien administraziorako.

  4. Ekitaldi ekonomikoa amaitzean superabita baldin badago, superabit horren % 0,7 erabili ahal izango du, gutxienez, lankidetza solidarioan, irabazi asmorik gabeko erakunderen batekin. Erakunde hori Gobernu Batzordearen proposamenez hautatuko da.

  1. Elkargoaren ondarea administratzea.

    Elkargoaren ondarea Gobernu Batzordeak administratuko du. Ordaintzeko aginduak dekanoak emango ditu. ¡

  2. Kontuen azterketa.

  1. Elkargokideek, baldin eta elkargoaren erroldaren % 10 baino gehiago badira, ekitaldi ekonomikoari dagokion edozein daturi buruzko eskaera zehatza egin ahal izango dute.

  2. Elkargoaren kontuak aztertzeko epea hau izango da: deialdia egiten denetik kontuak onartzeko Ohiko Batzar Orokorrerako ezartzen den ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago arte.

  1. Elkargokide kontu-azterlariak.

    Batzar Orokorrak bi kontu-azterlari eta bi ordezko izendatu ahal izango ditu, bilkuran dauden elkargokideen artean, zozketaz; arrazoi justifikaturik ezean, bilkuran bertan onartu beharko da kargua. Batzarraren aginduz jardungo dute kontu-azterlariek, haren menpe, eta Batzarrak emandako agindua baliogabetu ahal izango du.

    Batzar Orokorrak Gobernu Batzordea eskuordetu dezake kontu-azterlarien eta horien ordezkoen izendapenetarako, hain zuzen ere, elkargokide guztien aurrean egingo den zozketa bidez izendapenak egiteko.

    Elkargokide kontu-azterlarien egitekoa izango da Gobernu Batzordeak onartutako balantzea eta galdu-irabazien kontua aztertzea eta horri buruzko txostena egitea, ondoren, Batzar Orokorraren aurrean aurkezteko.

    Kontu-azterlariaren kargua ekitaldi ekonomiko baterako izango da, eta kargua utziko dute eurek zuzendutako kontuak onartu ondoren.

  2. Elkargokide kontu-azterlarien egitekoa.

    Elkargokide kontu-azterlariek honako hauek aztertu ahal izango dituzte: Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren kontabilitatea, liburu laguntzaileak eta gainerako dokumentazio osagarria, baita beharrezkoak diren aurrekariak ere. Jarduera hori elkargoaren egoitzan egin behar dute, eta ezingo dute bertatik inolako dokumenturik atera; Gobernu Batzordeko diruzainarekin harremanetan egongo dira euren jarduna burutzerakoan.

    Kontu-azterketa egiteko, hilabete izango dute, behin Gobernu Batzordeak balantzea eta galdu-irabazien kontua onartzen duenetik aurrera; ezinbestekoa izango da hilabete hori igarotzea dagokion Ohiko Batzar Orokorra egin aurretik.

    Kontu-azterlariek isilpean gorde behar dituzte euren karguaz baliatzerakoan jaso dituzte datu guztiak, baina Batzar Orokorrari jakinarazi ahal izango dizkiote, baldin eta harengandik jasotako agindua dela medio hori egiteko obligazioa dutela uste badute. Konfidentzialtasun-betebehar hori hausten bada, legeak ezarritako erantzukizuna sortu ahal izango da.

  3. Elkargokide kontu-azterlarien aktak.

    Kontu-azterlariek dagokion akta idatzi behar dute, eta bertan jaso behar dute balantzeari eta galdu-irabazien kontuari buruzko balorazioa.

    Elkargokide kontu-azterlariek dagokion Batzar Orokorraren aurrean aurkeztu eta defendatu behar dute euren txostena, eta batzarra baino hamabost egun lehenago, txostenaren kopia aurkeztu behar diote dekanoari eta Gobernu Batzordeari.

  1. Egintzen eraginkortasuna.

    Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak, dekanoak eta Gobernu BAtzordeko gaineko kideek hartzen dituzten erabakiak baliozkotzat joko dira, eta hartzen diren egunetik bertatik izango dute eragina, non eta 58. artikuluan ezarritakorik gertatzen ez den (Elkargoko organoen ekintzen aurkako errekurtsoak).

  2. Erabakiak jakinaraztea.

    1. Elkargoaren erabakiak eta arauak elkargoaren informazio-organoetan argitaratu beharko dira, edo bestela, mezu elektroniko edo zirkular baten bidez jakinaraziko dira, eta horrela, bazkide guztiek izango dute horien berri. Banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei beren eskubide eta interesetan eragina duten erabakiak.

    2. Elkargokideei banan-banan jakinarazi beharreko erabakiak (zeinahi delarik ere gaia) elkargoan egiaztatuta daukaten helbidean jakinaraziko dira, estatutu hauetan ezarritako betebeharra betez.

    3. Halaber, eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/92 Legearen 59. artikuluan aurreikusitako moduan ere bidal daitezke.

  1. Batzar Orokorrak eta Gobernu Batzordeak egiten duen batzar bakoitzaren akta egingo du elkargoaren idazkariak, izan ohiko batzarra, izan ez-ohiko batzarra.

  2. Akta horiek, behin onartuta, liburuetara transkribatuko dira, betiere, behar bezala bereiziz, batetik, Batzar Orokorraren bileretako aktak, eta, bestetik, Gobernu Batzordearen bileretako aktak.

  3. Akta horiek dekanoak edo idazkariak edo estatutuen arabera horiek ordezkatzen dituztenek sinatu behar dituzte.

  4. Elkargoaren organoen aktak eta kontularitzako dokumentazioa artxibatu eta zaintzeko, sistema tekniko egokiak erabiliko dira, agiri horien egiazkotasuna behar bezain bermaturik egonez gero betiere.

    54 bis artikulua. Ziurtagiri eta inprimaki ofizialak.

    Elkargoak editatu eta banatuko ditu bere lurralde-eremuan erabiltzekoak diren agirien inprimakiak eta ziurtagiri psikologiko ofizialak zeinahi delarik ere horien helburua; berari dagokio, halaber, zerbitzu hori antolatzea. Eta hori guztia egingo da aipatu agiri eta ziurtagiri horien gaineko araudiak ezartzen duena betez.

    Elkargoak erregistro bat izango du dokumentazio pertsonalizatu moto orori sarrera eta irteera emateko, eta haren egitekoa izango da bertan egiten diren oharren fede ematea, baita horiek justifikatzea ere.

    BEDERATZIGARREN KAPITULUA

    ERANTZUKIZUN-ARAUBIDEA

Elkargokideak, euren lanbide-jardunean, legeek ezartzen dituzten erantzukizun zibilak eta penalak, eta estatutu hauetan ezarritako diziplina-erantzukizunak izango dituzte.

Elkargokide izate hutsagatik, elkargokideek onartu egiten dute elkargoaren diziplina-araubidea, eta hor jasota daude, besteak beste, elkargokideen betebeharren eta orokorrean ezartzen diren lanbide-deontologiako arauen hausteak prebenitu eta zuzentzeko eskumenak.

  1. Eskumenak eta lankidetza.

    Bizkaiko PEOko kide diren profesionalek lurraldetik kanpo jarduten badute, edo beste PEO bateko kide izanik, Bizkaian jarduten badute, Bizkaiko PEOk, kontsumitzaile eta erabiltzaileen mesederako jarduera profesionala egiten den lurralde horretako elkargoari dagozkion antolaketa-eskumenak eta diziplina-ahalmenaz baliatu ahal izateko, beharrezkoak diren mekanismoak erabiliko ditu, baita gainerako PEOekiko administrazio-lankidetzarako sistemak ere, zehazki, 17/2009 Legean aurreikusitakoak (17/2009 Legea, azaroaren 23koa, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzkoa). Bai Bizkaiko PEOk, bai jarduera profesionala burutzen den lurraldeko elkargoak ezarritako zehapenek espainiar estatu osorako ondorioak izango dituzte.

  2. Diziplinazko erantzukizuna. Printzipio orokorrak

  1. Euren betebehar profesionalak edo estatutu hauetan araututako betebeharrak hausten dituzten psikologoek diziplina-erantzukizuna izango dute, ekintza horiengatik izan dezaketen erantzukizun zibila, penala edo administratiboa kontuan hartu gabe.

  2. Elkargokideak diziplina-erantzukizuna izango dute estatutu hauetan eta Deontologia Kodean ezarritako egoera eta gorabeheretan.

  3. Diziplina-zehapen korporatiboak elkargokidearen espediente pertsonalean jaso beharko dira.

    59 bis artikulua. Diziplina-ahalmenak.

  1. Gobernu Batzordeak diziplina-ahala erabiltzeko eskumena izango du.

  2. Betebehar profesionalak edo jarrera aldetiko arau etikoak lanbideari eragiten diotenak hausteagatiko zehapena jarrita gauzatuko da diziplina-ahalmena.

  3. Diziplina-prozeduran zehazten diren izapideak egin eta espedientea ireki ondoren sortuko da diziplina-erantzukizuna.

    62 bis artikulua. Zehapenak ezartzea eta errekurtsoen araubidea.

  1. Interesdunak, Gobernu Batzordearen ebazpenaren aurka zeinak amaiera emango baitio diziplina-prozedurari, berraztertze-errekurtsoa ezarri ahal izango du Bizkaiko PEOren aurrean, hilabeteko epean. Epe hori igaro eta errekurtsorik ezarri ez bada, ebazpena irmoa izango da ondorio guztietarako. Nolanahi ere, hala dagokionean, berrikusteko ezohiko errekurtsoa jarri ahal izango da.

  2. Errekurtsoa diziplina-ebazpena eman zuen Elkargoko Gobernu Batzordeari aurkez dakioke.

  3. Behin ebazpena irmoa denean, erreklamazio zibilik egonez gero, elkargoak aukera emango die alderdiei arbitrajera jotzeko, betiere inplikatu guztien oniritzia baldin badago. Kasu horretarako arbitraje-batzordea osatuko dute Deontologia Batzordeko dekanordeak, lehendakariak eta idazkariak.

    HAMARGARREN KAPITULUA

    SARIEN ETA GORAIPAMENEN ARAUBIDEA

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak, Gobernu Organoek proposatuta, sariak eta goraipamenak eman ditzake, hainbat kategorietakoak, sari eta goraipamen horien merezimendudunek korporazioan eta/edo lanbidean lortutakoaren arabera. Nolanahi ere, estatutu hauetan aurreikusitakoarekin bat etorriz egin ahal izango da hori.

  1. Elkargoak bi motako sariak eman ditzake: ohorezkoak eta izaera ekonomiko-zientifikokoak.

  2. Honako hauek izan daitezke ohorezkoak:

    1. Zorionak eta aipamenak.

    2. Kondekorazio ofizialen proposamena.

    3. Ohorezko kideak.

    4. Ohorezko elkargokideak.

  3. Ohorezko kideak estatuko edo atzerriko instituzio edo korporazioak izan daitezke; Gobernu Batzordearen iritziz eta beraren proposamenez lanbidearen alde lortutako merezimenduengatik aipamen hori merezi dutenak izango dira, hain zuzen ere.

  4. Gobernu Batzordearen erabakiaren bidez, ohorezko elkargokideak ere izenda daitezke; hain zuzen ere, psikologoak izan ala ez, psikologiaren lanbidean lan garrantzitsua eta merezimenduzkoa egin duten pertsonak. Kategoria hori ohorezkoa izango da.

  5. Izaera ekonomiko-zientifikoko sariak unean-unean erabaki ahal izango dira, eta honako hauek izan daitezke:

    1. Ikerketa-lanengatiko sariak.

    2. Elkargoaren kontura argitaratzea balio zientifiko handiko lanak, baldin eta Gobernu Batzordeak hala erabakitzen badu.

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak arreta berezia eskainiko die psikologiako ikasleekin izango dituen harremanei, eta ikasle horiek elkargoaren gazte-ekintzetan parte har dezaten lagunduko du.

Horretarako, Gobernu Batzordeak Elkargoaren Ikasle Lagun izendatu ahal izango ditu Psikologiako azken bi ikasturteetan dauden psikologiako ikasleak, betiere, kontuan hartuta ikasle horien merezimendu akademikoak, elkargoaren eta unibertsitatearen arteko harremanen sustapen eta garapenean eskaini duten lankidetza edo elkargoaren ekintzetan eskaini duten lankidetza.

Ikasle Lagun izateak eskubidea emango die elkargoaren zerbitzuak erabiltzeko, baita elkargoak psikologoak izango direnekin harremanak izateko antola ditzakeen ekintzetan parte hartzeko ere.

HAMAIKAGARREN KAPITULUA

(66. artikuluaren edukia ez da aldatzen; bai, ordea, zenbakia, 68. artikulua izango baita hemendik aurrera).

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik