Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2012ko otsailaren 3koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan 2012ko otsailaren 9rako deitutako greba egunean erkidegoari eman beharreko funtsezko zerbitzuak mantenduko direla bermatzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko otsailaren 3koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan 2012ko otsailaren 9rako deitutako greba egunean erkidegoari eman beharreko funtsezko zerbitzuak mantenduko direla bermatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 25
  • Hurrenkera-zk.: 590
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/02/03
  • Argitaratze-data: 2012/02/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

ELA, LAB, eta STEE/EILAS erakunde sindikalek grebarako deialdia egin dute 2012ko otsailaren 9rako, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoaren barnean dauden sektore publikoaren zerbitzuko langile guztiak funtzionarioak, lan-kontratudunak eta estatutupekoak- eta estatu-, autonomia- eta toki-arloko administrazioko, merkataritza-sozietate publikoetako eta gainerako erakunde publikoetako eta estatu-, autonomia- eta toki-arloko sektore publikoko erakundeetako jarduerak barne hartzen ditu, edozein administrazioren mendeko direla ere.

Deitutako geldialdia 2012ko otsailaren 9an izango honako ordu-tarte hauetan:

Administrazio autonomikoa, Osakidetza eta Hezkuntza izan ezik: 11:00etatik 15:00etara.

Hezkuntza: 11:00etatik 18:00etara.

Osakidetza: 11:00etatik 19:00etara.

Estatuaren Administrazioa eta Justizia Administrazioa: 11:00etatik 15:00etara.

Toki eta Foru Administrazioa: 11:00etatik 19:00etara.

Merkataritza-sozietate publikoak, enpresa-arloko erakunde publikoak eta sektore publikoko gainerako erakunde publiko eta bestelako erakundeak: 11:00etatik 19:00etara.

Honako hauek dira grebaren helburuak: 1. Gobernu eta administrazioek krisia dela-eta hartutako neurri eta politiken aurkako arbuioa adieraztea eta horien eraginkortasunik eza eta izaera antisoziala salatzea. 2. Bereziki arbuiatzea eta salatzea enpleguaren suntsiketa, eskubideen galera (ABE, txanda-kontratua eta abar) sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien murrizketa eta aurrekontuen eta beste gizarte-gastu publiko batzuen murrizketa dakarten doikuntza-neurriak, guztiz bidegabeak direlako eta botere ekonomiko eta finantzarioen onurarako baino ez direlako. 3. Politika publiko ekonomiko eta soziolaboraletan errotiko aldaketa eragitea eta Euskal Herrian erabaki daitezela galdegitea.

Deialdi horren ondoren, eta helburu berak lortzeko, honako hauek erregistratu dira Sail honetan:

ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuen deialdia, Hezkuntzaren sektorerako deialdi orokorrarekin aldi berean gertatuko den ordutegiarekin.

ETB-Bizkaiko enpresa-batzordearen deialdia, 08:00etatik 10:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

ETB, EA - Gipuzkoako enpresa-batzordearen deialdia, 12:45etik 14:45era eta 15:00etatik 17:00etara.

Eusko Irratiko enpresa-batzordearen deialdia, 08:00etatik 10:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

EITBko enpresa-batzordearen deialdia, 14:30etik 16:30era.

Deialdi bikoitza Metro Bilbao, SAn. Alde batetik, ELA eta LAB sindikatuak, 07:30etik 09:30era eta 17:30etik 19:30era, eta, bestetik, enpresa-batzordea ordutegi berean baina arrazoi desberdinekin.

LAB eta ELA sindikatuen deialdia Bilbao Bizkaia Ur Partzuergorako, 11:00etatik 15:00etara.

LABen eta ELAren deialdia Tuvisa Transportes Urbanos de Vitoria enpresarako, 08:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Eusko Trenbideak erakundeko enpresa-batzordearen deialdia, 06:30etik 10:30era eta 17:30etik 21:30era.

ELAren eta LABen deialdia Euskal Trenbide Sarerako, 06:30etik 10:30era eta 17:30etik 21:30era.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak langileen greba egiteko eskubidea onartzen du, langileek beren interesak defenda ditzaten, horixe baita egungo zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoak oinarri dituen funtsezko eskubideetako bat. Konstituzioak, beraz, berdin babesten du greba-eskubidea eta beste zenbait eskubide garrantzitsu, hala nola bizia, integritate fisikoa, osasuna, hezkuntza, joan-etorri askea, eta informazio-askatasuna, besteak beste. Hain zuzen, Konstituzioak bete-betean babesten ditu, bai eskubide horiek guztiak, baita greba egiteko eskubidea ere.

Beraz, greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin.

Hala ere, aurreko premisa gorabehera, begien bistakoa da funtsezko eskubideak mugatzeko edozein neurri proportzionaltasunaren printzipioa zorroztasunez aplikatuz hartu behar dela, eta horretarako hiru baldintza bete behar ditu neurri horrek: hori aplikatuz proposatutako helburua lortu ahal izatea, edo «egokitasun-judizioa»; egitatea aztertuta, ondorioztatu izana ez dagoela neurri apalagoren bat helburu hori eraginkortasun berarekin lortzeko, edo «beharrizan-judizioa»; eta, azkenik, neurria edo konponbidea orekatua edo neurtua izatea, haren aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako auzian dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino, hau da, «proportzionaltasun-judizioa, zehazki ulertuta». Gai horri buruz hainbat aldiz erabaki du Auzitegi Konstituzionalak, honako epai hauen bitartez, besteak beste: 122/1990, 123/1990, 8/1992, eta 126/2003.

Erabaki horietatik ondorioztatu behar dugu erkidegoarentzat funtsezko zerbitzuak emango direla ziurtatzeak mugatu egiten duela grebarako eskubidea baliatzeko aukera, eta horretarako nahitaezkoa dela interes desberdinak kontuan hartuta zuhurtasunez jokatzea. Hori guztia dela-eta, ziurtatzeak berme gisa balio behar du, eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatuta; betiere ulertuta grebalarien eskubidea mugatu beharko dela, etsi, Auzitegi Konstituzionalaren hitzetan haien eskubideak grebaren bidez babesteak erkidegoari edo funtsezko zerbitzuaren hartzaileari zein zerbitzua jasotzeko eskubidearen titularrari eragiten dion edo eragin liezaiokeen kaltea larriagoa bada grebalarien errebindikazio edo eskakizunen arrakastarik ez izateak eragingo lukeena baino. Hori guztia dela-eta, greba-deialdi honen aurrean, haren garapenak dituen ezaugarri zehatzak hartu beharko dira kontuan, hau da, orduen kopuru aldakorra, 4 ordu (Administrazio Orokor autonomikoa eta Estatuarena, Justizia Administrazioa) eta gehienez 8 ordu (Osakidetza, Toki eta Foru Administrazioak, merkataritza-sozietate publikoak eta beste batzuk) bitartekoa, horien jarduerari dagokionez.

Adierazitakoa dela-eta, Konstituzioaren 15., eta 43.1, 19., 20., 27. eta 35. artikuluetan, bizia, integritate fisikoa eta morala, osasuna, hezkuntza, lurraldeko joan-etorri askea eta informazioa babesten dira. Hain zuzen ere, herri-agintariei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu. Horren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Agintaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, erkidegoan ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko, ondoren adierazten diren eta Agindu honetan zehaztuta geratzen diren sektoreetan.

Zerbitzu sanitario publikoek pertsonen osasuna eta bizia zaindu behar dute. Ondorioz, eta greba-deialdiari dagokionez, ez da argudiorik behar edo argudio gutxi behar da larrialdiko zerbitzuak bete-betean mantentzea behar-beharrezkoa dela adierazteko; izan ere, zerbitzu horietan berehala esku hartu ezean, gerta baitaiteke norbaiten bizia arrisku larrian egotea. Orobat, «ospitaleratutako pazientea behar bezala artatu ahal izateko», ospitaleratutako paziente bakoitzari behar bezala eman behar zaizkio agindutako botikak, higiene-egoera egokia bermatu behar zaio, eta jaten eman behar zaio, otorduak errespetatuz; esan nahi baita, beharrezko asistentzia eman behar zaio, bere integritate fisiko eta morala honda ez dadin.

Osasun-arloko lehen mailako arretari dagokionez, esan behar da aurretik egin diren mota honetako greba-deialdietan larunbateko zerbitzuak ezarri zirela gutxieneko zerbitzu gisa, astegun horri dagozkion ohiko langileekin eta lanaldi horretako ohiko ordutegiarekin. Dena den, eta 2010eko ekainean izandako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuaren berrantolaketa aztertuta, irizpide hori aplikaezina bihurtu zen nahikoa ez zelako, eta hori horrela, 2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deialdia zela-eta, gobernu-agintaritza honen 2011ko urtarrilaren 21eko Agindu bidez erabaki zen kategoria bakoitzeko langileen % 20 ehunekoa ezartzea Lehen Mailako Arretako Zentroetan. Dena den, puntu jakin hori zuzenbidearen kontrakotzat deklaratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak 2011ko uztailaren 13ko epaian, nahikoa arrazoibiderik ez zuelako. Hori guztia dela-eta, deialdi honen aurrean eta biltzen dituen ezaugarri bereziak kontuan izanda, hau da, sektore publikoari zuzendutakoa eta 8 orduko iraupenarekin arlo jakin horretan, nahiz eta, osasun-arloko antolamenduari begira, kontuan hartzen den 4 orduko eragina duela goizeko txandan (11:00etatik 15:00etara), 4 ordukoa arratsaldeko txandan (15:00etatik 19:00etara) eta 2 ordukoa Arreta Jarraituko Zerbitzuetarako, eta hori horrela, langileen grebarako eskubidea zein erabiltzaileek duten eskubidea (hots, gutxieneko zerbitzuak mantendu edo atxikitzea Lehen Mailako Arretako unitate bakoitzaren «buruetan») bermatzen duen formula baten alde egin dugu. Izan ere, uste dugu horrela bermatuta geratuko dela greba-deialdiaren ordutegietan gerta daitezkeen ospitalez kanpoko larrialdien estaldura; Ezkerraldea-Enkarterri eskualdean, dena den, geografiarekin eta bideekin loturiko berezitasunak direla-eta, ezin da estaldura egokirik bermatu, eta, irizpide bera betetze aldera, bestelako erabaki bat hartu behar da, hau da, eskualde horretan «buru» gisa hartzea Balmasedako eta Karrantzako Osasun Zentroak.

Errepikakorra gerta badaiteke ere, berriz ere azpimarratu behar da ordutako geldialdia dela, eta hori horrela, irizpide hori ezin izango da denbora aldetik goragokoa den deialdi batera aldatu, bizia jar baitaiteke arriskuan, edo, zabalago hartuta, osasuna.

Osasunaren alorrean, era berean, udal-hilerrietan egiten den hilobiratze- eta/edo errausketa-jarduera kontuan izan behar da, osasun eta osasungarritasun publikoa bermatzen laguntzen baitute hildako pertsonen bilketa, gordailatze eta zaintza edo errausketarekin.

Gizarte-zerbitzuak, bestalde, babes-neurrien multzo gisa daude eratuta, mendetasun-egoeran dagoen pertsonari bizitzeko gutxienezko baldintza duinak eta kalitatezkoak bermatzeko. Geriatrikoetan eta eguneko zentroetan egiten den lanak minusbaliatu fisikoak eta psikikoak zainduz, adingabekoen egoitzetan, esku-hartze sozialeko zentroetan eta etxez etxeko laguntza publikoa emanez egiten denak erabateko garrantzia du gizartearentzat. Zerbitzu horien beharra duten pertsonek ezin dute beren kabuz jardun, haien egoera subjektibo eta pertsonala dela-eta. Beraz, sektore horretan gutxieneko zerbitzuak finkatu ezean (nahiz eta greba ordu batzuetako izan), baliteke kalte larriak eragitea, eta, hartara, grebaren helburuak lausotuta geratzea; izan ere, pertsona batzuen osasuna arrisku bizian egongo bailitzateke.

Hala eta guztiz ere, zerbitzu horien prestazioan garatzen diren eginkizun guztiak ez dira ezinbestekoak. Ezinbesteko zerbitzutzat hartu beharko dira «zuzeneko arretakoak» direnak; hau da, artatzen diren pertsonen oinarrizko zaintza pertsonalen (garbitzea, ohetik altxatzea eta oheratzea, pixoihalak aldatzea, ezarreraz aldatzea, mugitzen laguntzea eta abar) mantentzea bermatzen dutenak, baita elikagaien eta sendagaien hornidura ere. Eremu biopsikosozialaren eta Eguneko Zentroetako pertsonen titulartasun publikoko garraioaren (nahitaezkoa baitute zentroetara iristeko) mantentzetzat eta kontserbaziotzat jotzen dena ere bermatu beharko da.

Zentro horien ohiko funtzionamenduak intentsitate-maila desberdinak ditu egunean zehar, pertsonen jarduera funtzionalaren eta ziklo biologikoaren arabera, eta jarduera handiagoa dago goizeko lehenengo orduan (jaiki, higiene pertsonala, jantzi, medikazioa eta abar), eguerdiko otorduan eta eguneko azken orduetan (afaria, oheratu, pixoihala aldatu, medikazioa eta abar); beraz, ordu horietan arreta pertsonalizatu handiagoa behar da zaintzaileen aldetik. Dena den, deialdi honetan geldialdi-ordutegia aldi kritiko horietako bakarrarekin soilik gertatzen da aldi berean, zehazki bazkalorduarekin, eta hori horrela, ordu horietan beharrezkoa da langile horietako gehiago egotea, egoiliarren premiei erantzuteko jarduera txikiagoa den gainerako orduetarako ezarritako oinarrizko langileei laguntzeko.

Hezkuntzaren arloari dagokionez, premisa gisa hartu behar da hezkuntzarako eskubidea Konstituzioaren 27. artikuluan onartutako oinarrizko eskubidea dela, zentzu zabalean hartuta, unibertsitate-hezkuntza barne, Auzitegi Konstituzionalak 26/1987, FJ 4.a) epaian adierazi zuen bezala: «hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen tratamendua, unibertsitate-arloan, ez da geratzen ezinbesteko zerbitzuen zehaztapenetik kanpo ikastetxe horietan lan egiten duten langileak greba-eskubideaz baliatzen diren kasuan. Horren ondorioz, ezin da baieztatu funtsezko zerbitzu horiek zehaztea Espainiako Konstituzioko 28. artikuluaren (Grebarako eskubideaz) kontrakoa dela».

Bermatu beharreko oinarrizko zerbitzuak zeintzuk diren zehazteko eta, beraz, hezkuntza-eremu publikoan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, hain zuzen ere greba-deialdiak hezkuntza-zentro publiko guztiengan eta hezkuntza-arloko funtzioak eta eskumenak garatzen dituzten langile guztiengan funtzionarioak nahiz langile arruntak eragina duelako, horren eraginpeko eremua, zehazki, honako hau dela aurkitu dugu:

  1. Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza: eraginpekoak, 606 Zentro Publiko, eta sektorean zerbitzuak ematen dituzten 30056 pertsona, hainbat kolektibotakoak irakasleak, langileak, eta abar.

  2. Haurreskolak Partzuergoa: eraginpekoak, 228 Zentro eta 1242 pertsona.

  3. Euskal Herriko Unibertsitatea: eraginpeko zentroak: Unibertsitate Campusak, 3; Fakultateak, Goi-mailako Eskola Teknikoak, Unibertsitate Eskolak eta Unibertsitate Eskola Teknikoak, 31; Atxikitako Zentroen kopurua, 3; eta, deitutako langileak (irakasleak, ikertzaileak, administrariak eta zerbitzuetakoak, eta abar): 6.800 pertsona.

  4. Goi Mailako Musika Ikastegia, Musikene: irakasten den zentroen kopurua: 4; eta eraginpeko langileak: 196 pertsona.

    Greba-deialdiaren eraginpean dagoen langile-eremua eta espazio-eremua ezarrita, eta arlo jakin horretan 7 orduko geldialdia dela kontuan hartuta ere, ezinbestekoa da hezkuntzaren sektoreko gutxieneko zerbitzuak finkatzeko greba-egun hori otsailean izatea, Eskola Egutegietan eta Egutegi Akademikoetan aldez aurretik finkatutako eta ikasleen aurrean jarritako ebaluazioen, proben eta azterketen hilabetea delako. Hau da, gutxieneko zerbitzuak finkatzeko premia, kasu honetan, ez da zehaztuko jarduera akademikoen, irakaskuntzakoen eta ikerketakoen edukien arabera, ezta garatu beharko diren modua ere, baizik eta hezkuntzarako eskubidea kaltetua gera ez dadin eten edo gelditu ezin den jarduera horien zatiaren arabera; zati horren barruan biltzen dira, esate baterako, Ikasturtearen bigarren ebaluazioko probak eta lau hilean behingo azterketak, Jurisprudentziak adierazi duenaren arabera, besteak beste Auzitegi Gorenaren 2001eko urriaren 16ko Epaian (FJ 2.7).

    Hain zuzen ere, horregatik, gobernu-agintaritzak uste du gutxieneko zerbitzu gisa ezarri behar dela Eskola Egutegietan eta Egutegi Akademikoetan aldez aurretik finkatutako eta jendaurrean jarritako azterketa eta ebaluazio-proba guztiak egin beharra, horretarako gordetako epean egiten ez badira, plangintza akademikoa apurtzeaz gain, eraginpeko ehunka ikasleren plangintza pertsonala apurtuko lukeelako, eta plangintza hori funtsezkoa da azterketa-egunak behar den aurrerapenarekin finkatzeko. Hortaz, baldintza hori ikaslearen eskubide-kategoriara igo behar da, Espainiako Konstituzioan ematen zaion errekonozimendu orokorra alde batera utzita. Izan ere, horixe adierazi zuen Gaztela eta Leongo Auzitegi Gorenak (Valladolid, Auzietako Sala, 3. Atala) 2007ko otsailaren 20ko Epaian.

    Era berean, ikasleek plangintzaren arabera ebaluatuak izateko duten eskubide hori betetzeko, ezinbestekoa da hezkuntza-zentroak irekiak egotea. Halaber, zentroen irekitze hori derrigorrezkoa eta premiazkoa da greban parte hartzen duten gainerako langileen lanerako eskubidea baliatzeko (Konstituzioaren 35. artikuluan aitortua). Horregatik, gobernu-agintaritzak gutxieneko zerbitzutzat jotzen du ikastetxeetarako eta lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzea, gutxienez grebarako eskubidea ez baliatzea erabakitzen duten langileen sarrera bermatze aldera, baita ikasleen azterketetan ebaluazioak egingo dituzten irakasleen sarrera ere, hain zuzen ere zentroak irekiko ez balira, hezkuntzarako eta lanerako eskubide korrelatiboa guztiz eta bidegabeki saihestuko litzatekeelako.

    Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeak irekitzeko beharrizan bakarra ez da «ikastetxea irekitzea» jarduera material gisa; aitzitik, irakaskuntza-egitekoaren edo -jardueraren ezinbesteko «funtzionamendu-errutinak» gauzatu behar dira (gutxieneko zerbitzuen izaera murriztaileagatik eskatzen direnak), ikastetxe horietan instalazioak edo materialak zaintzeko eta ikasleak zaintzeko egiten direnen artean; izan ere, ikastetxe haietara ikasle adingabeak joaten direnez Adingabeei ezin zaie helduei eskatzen zaien heldutasun-maila bera eskatu haien jardunean, eta horren ondorioz, ikastetxearen erantzukizuna ezin da guztiz baztertu (Auzitegi Gorenaren 2002ko apirilaren 14ko Epaia), berebiziko arreta eskatzen da ekiditeko modukoak diren arriskuak ezabatzeko edo murrizteko, instalazioak behar bezala edukiz eta mantenduz, baita zaintzeko eta kontrolatzeko lana eginez irakaskuntza edo prestakuntza-jarduerak garatzen diren egoitza batean adingabeak edo ezinduak zaintzeko ardura hartzen badira [ ...] arreta berezia jarri behar da haien nozitu lezaketen edozein lesio edo kalte saihesteko. Valentziako Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren urriaren 23ko Epaia, 1526/2009 zenbakikoa (Administrazioarekiko Auziak, 1. sek.)-. Horren ondorioz, ikastetxe horietan, gutxieneko zerbitzu gehigarri gisa, aginte eta/edo zuzendaritza-ahalmena duten pertsonak egotea ezarri beharko da, prebentzio eta segurtasunerako arreta ikastetxe haietara joaten diren adingabeentzat ikuspuntu objektibo batetik arriskutsuak izan litezkeen guneetara zuzentzeko ardura beren gain hartu dezaten.

    Haurreskolak Partzuergoa osatzen duten zentroak zabaldu beharrari dagokionez, grebarekin bat egiten ez duten langileen lanerako eskubidea babesteaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2009ko urriaren 28ko Epaian adierazitakoari jarraiki, oinarrizko zerbitzua da, bai Konstituzioaren 27. artikuluak aitortzen duen hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen ikuspegitik, bai lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko zailtasunaren ikuspegitik. Gainera, zerbitzua lan egiteko eskubidearekin lotuta dago, gizarte-harremanen bilakaera dela-eta. Kontsiderazio horiek berak, jakina, titulartasun publikoko haur-hezkuntzako gainerako zentroei aplika dakizkieke, batez ere udal-haurtzaindegiei.

    Gizarteak larrialdiei aurre egiteko eta bide-segurtasuneko zerbitzuetarako (SOS Deiak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak, errepideen eta larrialdien mantentzea aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta abar) duen eskubideari eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloari dagokienez, jendearentzako funtsezkotzat hartzen dira, larrialdia ezbehar bihur ez dadin egiten baitira. Beraz, horiek mantendu egin behar dira horretarako beharrezkoak diren langileekin.

    Era berean, zirkulazio-askatasuna bermatu behar da, beste funtsezko eskubide batzuk ahalbidetzeko oinarri gisa, adibidez: osasun-zerbitzuetara iritsi ahal izatea, edo greba egitea edo lan egitea hautatzeko askatasuna, baita ezinbesteko gutxieneko zerbitzuak emateko izendatutako pertsonei dagokien betebeharra betetzeko ere. Arrazoi horrengatik, aintzat hartu behar da bidaiarien garraioa erkidegoarentzat ezinbesteko zerbitzua dela, zerbitzu horiek guztiz gelditzeak leku batetik bestera mugitzeko erabateko ezintasuna eragingo lukeelako herritar askorentzat, eta horrek adierazitako zirkulazio-askatasunerako eskubidea urratuko luke.

    Horretaz gain, kontuan hartu behar da titulartasun publikoko bidaiarien garraio-linea batzuk bakarrak direla eta bestelako garraio-aukerarik ez dutela, hala nola Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 72. artikuluan xedaturikoaren arabera ezarritakoak; legeak aitortzen du zerbitzu publikoak bakarrak izango direla, eta, beraz, debekatuta dago, oro har, horiekin uztartzen diren linea berriak ezartzea. Esklusibitate hori ohikoa da titulartasun publikoko garraio-zerbitzuetan, hain zuzen ere horien errentagarritasun-atalasea ekimen pribaturako defizitarioa edo erakargarritasun gutxikoa delako. Halaber, kontuan hartu behar da linea horien erabiltzailearen profila honako hau dela: ibilgailu partikularrik ez duen pertsona, adineko pertsona edo ezindua, edo zonalde isolatuetan bizi dena eta bestelako garraiobideetara iristeko baliabide gutxi dituena.

    Bestalde, azken hamarkadan herri-administrazioek bidaiak egiteko garraio publikoaren erabilera sustatu dute herritarren artean, horretarako sektorea baliabide berriekin hornituz (metroa, tranbia, eta abar) eta jada ezarritako baliabideen (trena eta autobusa, nagusiki) lineak eta zerbitzuak sustatuz, horrela garapen egokiagoa eta iraunkorragoa lortzeko, eta hiriarteko trafikoaren kolapsoa saihesteko, batez ere eguneko trafikoaren kasuan, eta hori saihesteko aukera bakarra garraiobide pribatuaren erabilera izan ez zedin. Jardun horrek lagundu egin dio zerbitzu publiko horien erabilera-eskaria modu nabarmenean handitu izanari. Hazkunde hori, adierazitako txostenaren arabera, hiri-eremuko garraio-zerbitzu kolektiboen eskariaren % 35 izan da 2000-2008 aldian.

    Azkenik, deialdiak garraio-sektoreari dagokionez duen berezitasuna nabarmendu behar da. Izan ere, eta ut supra bildu denez, deialdi generiko bat dago 11:00etatik 19:00etara eta bina espezifiko, Metro Bilbaorenak (07:30etik 09.30era eta 17:30etik 19:30era), Eusko Trenbideak enpresarenak (06:30etik 10:30era eta 17:30etik 21:30era), Euskal Trenbide Sarearenak (06:30etik 10:30era eta 17:30etik 21:30era) eta Tuvisarenak (08:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 20:00etara). Zirkunstantzia horrek, beste faktore batzuekin batera, ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak % 30ean finkatzea ekartzen du, betiere sektoreko enpresen aurreko deialdietan ezarritako zerbitzuei jarraiki, zeren, alde batetik, ordutegiak neurri batean aldi berean gertatzen badira ere, bestetik, deialdia ez da kasu gehienetan zerbitzuen hasierarekin aldi berean gertatzen, eta horrenbestez, erabiltzaileek beren bidaiak aurrera ditzakete. Hona hemen faktore horietako batzuk: hiru Lurralde Historikoetako hiriburuen eta udalerri mugakideen (horiek guztiak biztanle askorekin) arteko komunikazioa bermatzea, udalerri mugakideen arteko lotura modu esklusiboan eta lanerako, hezkuntzarako, osasunerako eta abarrerako elkarrekiko mendetasun sozioekonomiko handiarekin, eta bidaiarien garraio-zerbitzu edo garraio-linea batzuk herritarren bidaietarako ezinbestekoak edo bakarrak bestelako aukerarik ez izateagatik, edo kudeatzen dituen beste garraiobide batekiko aukera izateagatik izatea.

    Era berean, oinarrizkotzat jo behar dira garraiobideen koordinazioko eta kontroleko zerbitzuak, horien segurtasun-arloko zereginak, instalazioenak nahiz bertan dauden pertsonenak, eta larrialdi-egoeretan jarduteak greba-egoera batean bermatu behar diren funtsezko eskubideekin lotura dutelako. Zerbitzu horiek gutxieneko langile kopuru batekin eman beharko dira.

    Hortaz aparte, greba hasi orduko zenbait zerbitzu hasita egongo dira, eta horrek gutxieneko zerbitzuak jarri ezean erabiltzaileak zein garraiobideak bertan behera uztea erakarriko luke. Halaber, lanuztea bukatzen denean, hau da, zerbitzua berrabiarazterakoan, aipatu egoerak zailago bihurtuko luke garraiobideen maiztasuna berreskuratzea eta, ondorioz, grebaren eragina luzeagoa izan liteke.

    Era berean, energia elektrikoa eta gasa produzitu eta banatzen eta ura arazten eta banatzen duten titulartasun publikoko enpresak eta erakundeak funtsezkotzat jo behar dira, oinarrizko eta/edo premia larriko ondasunak eta zerbitzuak sortzen dituzten azpiegiturei eta produkzio-prozesuei ekarpen erabakigarria egiten dietelako. Bada, enpresa horietako langileek greba eginez gero, baliteke pertsonen osasunari ezin konponduzko kalteak eragitea; hortaz, hain beharrezkoak ditugun ondasun horien banatzeak grebaldian bermatuta egon beharko du.

    Era berean, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) ente publikoak eskaintzen duen zerbitzuak, ente publiko hori sortzeari buruzko maiatzaren 20ko 5/1982 legearen arabera, funtsezko zerbitzu publikoaren izaera du. Aztergai dugun kasuan, eta EITBk edozein hedabideren bitartez egiazko informazioa komunikatu eta emititzeko funtsezko eskubideen erabilera azpimarratzen duenez, Konstituzioaren 20.1.d) artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, eduki instituzionala, politikoa edo soziala duten albistegiak ez badira emititzen, herritarren eskubide eta askatasunen erabilera mugatuko litzateke.

    Herritarren eta administrazioaren arteko harremanei dagokienez, kontuan izan behar da horietako asko araututa daudela. Arau horietan ezarritako epeak oso garrantzizkoak dira herritarrek euren interesak defenda ditzaten, baita babes judizial eragingarrirako eskubidea ere. Hain zuzen ere, idazki, dokumentu nahiz espediente jakin bat administrazioan dagokion epearen barruan sartu dela egiaztatzen dute administrazioaren erregistroek, zeren, bestela, gerta baitaiteke herritarren eskubide batzuk urratzea. Aurrekoa gorabehera, deialdi hau ez da 24 ordukoa, aurreko hurrena bezala, baizik eta 4 ordukoa administrazio orokorrean, gehienez 8 ordura ere iritsita, eta kasu bakar batean ere ez da hasten 11:00ak baino lehen, eta hori horrela, uste dugu ez dela beharrezkoa alderdi horretan gutxieneko zerbitzurik ezartzea, herritarren eskubideak gordeta baitaude. Nabarmentzekoa da horri dagokionez, sail bakoitzaren eta Foru eta Toki Administrazioen erregistro propioak alde batera utzita, Zuzenean Zerbitzuak atxikitzen duen ordutegia zabala dela, 08:00etatik 20:00etara. Bestelako kontua da Justizia Administrazioari dagokiona, administrazio-egintza bereiziaren bidez gauzatzen baita, bere berezitasuna kontuan izanda.

    Horiek guztiak ikusita, Gobernu Agintaritzak Agindu honetan zehazten diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu, auzitan dauden eskubideen ezinbesteko edukia bateragarri egiten saiatzeko.

    Zerbitzu jakin batzuk ezinbestekoak dira funtsezko eskubide batzuk betetzen dituztelako, eta zerbitzu horiek mantendu ahal izateko, greba-eskubideari muga batzuk jarri behar zaizkio. Eta alor horretan eskumen esklusiboa gobernu-agintaritzak edukitzeak zera bermatzen du, muga horiek zuzenbidearen arabera ezarriko direla, eta, ezarri ere, gobernatzeko erantzukizuna eta ahalmena duenak baino ez dituela ezarriko.

    Izan ere, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu-legearen 10.2 artikuluak honako hau xedatzen du: «greba egiten denean edozein zerbitzu publiko edo onartuta dagoen eta geroraezina den beharrizaneko edozein zerbitzu eskaintzeko enpresetan, eta larritasun bereziko egoerak daudenean, gobernu-agintaritzak beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu zerbitzuen funtzionamendua ziurtatzeko» eta «Gobernuak, era berean, horretarako beharrezkoak diren esku-hartzeko neurriak har ditzake».

    Arau horretan zeina konstituzionala den (Auzitegi Konstituzionalaren 11/1981 Epaia, apirilaren 8koa [RTC 1981\11]), Konstituzioaren greba-eskubideari buruzko 28.2 artikuluarekin bat etorriz, bertan honako hau ezartzen baita: «eskubide horren erabilera arautzen duen legeak beharrezko bermeak ezarriko ditu erkidegoarentzako funtsezko zerbitzuen mantentzea ziurtatzeko», azken batean, gobernu-agintaritzari ematen zaio edozein motatako berme-neurri hartzeko, greba-kasuan ezinbesteko zerbitzuei eusteko, eta hori egiteko neurrietako bat administrazio-ebazpenaren bidez jarduerari eusteko ezinbesteko gutxieneko zerbitzuak ezartzea da, eta lan-prestazioa eskaini behar duten langileei horiek bete ditzaten eskatzea.

    Horretarako, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuko 10.2 artikuluan aipatzen den prozedura bideratu da, eta, horrenbestez, Jaurlaritzaren erabakia doakien zerbitzuei eta langileei buruzko proposamenak egin ditzaten, grebaren eraginpean dauden aldeei entzunaldia eskaini diegu: grebarako deialdia egin duten sindikatuei, eta herri-administrazioei, eta Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoko enpresa eta erakundeei.

    Agertze horretan, gizarte-zerbitzuen sektorean eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-eremuan alderdiek lorturiko aldez aurreko akordioa jakinarazi, eta eraginpeko alderdien jarrerak uztartu egin ziren puntu jakin batzuei dagokienez eman beharreko gutxieneko zerbitzuei buruz: ospitaleko arreta eta Osakidetzako larrialdiko zerbitzuak eta AIG; udal-hilerriak, larrialdiko arreta-zerbitzuak eta Etxez Etxeko Laguntza Sektorea. Deitutako administrazio batzuk ez ziren agertze horretara bertaratu, eta horrenbestez ez zen akordiorik lortu; dena den, beren proposamenak helarazi dizkiote gobernu-agintaritza honi.

    Horregatik guztiagatik, alderdiek horien gainean akordiorik lortu ez duten zerbitzuen ematea bermatzen duten gutxieneko ezarri beharko ditu Agindu honek, betiere funtsezkotzat hartzen badira.

    Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1.c artikuluak ezartzen du Gobernu Batzordearen eskumena izango dela: «Euskadiko Herri Administrazioen zerbitzupeko langileen greba-kasuetan gutxieneko zerbitzuak bermatzeko behar diren neurriak hartzea, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak proposatuta eta aldez aurretik dagokion Administrazioen eremuko sindikatu esanguratsuenei galdetuta».

    Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 25eko 42/2011 Dekretuaren 4.2 artikuluak eskumena eman dio Sail horren titularrari Autonomia Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko neurriak ezartzeko, zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan eragina duten greba-eskubidea gauzatzen denean, betiere Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki. Eskumen hori Jaurlaritzaren Kontseiluak eskuordetuta baliatzen da, ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

    Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, honako hau

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoan sektore publikoko langile guztiek 2012ko otsailaren 9rako, ordu-tarte desberdinetan, deialdia egin zaien grebarako eskubidea balia dezakete, betiere ondoren adierazten diren funtsezko prestazioak eta horien ondoriozko gutxieneko zerbitzuak atxikita:

  1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, osasun-zerbitzuak emateaz arduratutako erakunde publikoak, honako zerbitzu hauek mantenduko ditu:

    1. Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere mantenduko dira. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute.

    2. Lehen mailako arreta, betiere Lehen Mailako Arretako Unitate bakoitzeko buruetan honako langile hauek daudela: arretako mediku bat zentroan, etxeko arretako mediku bat, arretako erizain bat zentroan, etxeko arretako erizain 1 eta zelari eta bezeroaren arretarako profesional 1. Ezkerraldea-Enkarterri eskualdean burutzat hartuko dira Balmasedako eta Karrantzako Zentroak.

    3. Larrialdi-zerbitzuen eta Atentzio Iraunkorreko Guneen % 100.

  2. Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzua mantenduko da, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.

  3. Egoitza geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, baita mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak mantendu edo atxikiko dira, zuzeneko arreta hori gauzatzen duten langile gerokultoreen edo klinika-laguntzaileen % 50arekin, janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Horretaz gain, laguntza behar duten pertsonak Eguneko Zentroetara eramateko titulartasun publikoko garraio bereziak lan egingo du.

  4. Adingabeen egoitzetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Sektorean, mendetasun-egoeran daudenen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, jaiegun batean bezala.

  5. Ikastetxe publikoetan, unibertsitate-zentroetan eta haurreskoletan, ondoren adieraziko diren zerbitzuak mantenduko dira honako langile hauekin:

    1. Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza:

      1. Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta urgazleen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

      2. Eskola-egutegian planifikatutako azterketak egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.

    2. Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.

    3. Euskal Herriko Unibertsitatea:

      1. Zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

      2. Egutegi Akademikoan planifikatutako azterketak egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.

    4. Goi Mailako Musika Ikastegia, Musikene: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

  6. Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS Deiak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak, errepideen mantentzea eta larrialdiak aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.

  7. Titulartasun publikoko bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Era berean, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.

    Greba hasi baino lehen ekinean diharduten zerbitzuak mantendu beharko dira beren ohiko ibilbidea bukatu arte. Halaber, lanuzteak bukatutakoan, trenek, tranbiek, autobusek eta gainontzeko garraiobideek hurrengo zerbitzuen abialekuetan edota heltzeko lekuetan egon beharko dute.

  1. Zehazki, Metro Bilbao SA enpresan, greba-ordutegian honako langile hauek geratuko dira Aginte Toki Nagusian: ATNko gainbegiratzaile 1, Trafiko eta Energiako operadore 1, Segurtasun eta Komunikazioetako operadore 1. Era berean, segurtasunerako edo pertsonen bizitzarako arriskua dakarten egoera premiazko eta atzeraezinei erantzuteko Premiazko Konponketako Lantaldearen (PKL) talde batekiko baliokidea den pertsona kopurua baliatuko da.

    Basauri; Ariz; Etxebarri; San Inazio; Santurtzi; Bidezabal; Ibarbengoa-Getxo; Larrabasterra; Sopelana Torre; Urduliz eta Plentziako geltokietan, normalki lanpostu horretan diharduen pertsona bat izango da egon daitezkeen gorabeherei erantzuteko.

  2. Eusko Trenbideak enpresan, hainbat arlori Azpiegiturak eta Trenbidea, Energia, Komunikazioak, Seinaleak, Material Mugikorreko eta Errepide Materialeko Tailerrak eta Lineen Ikuskapena dagozkien mantentze-lanak jaiegun batekiko baliokidea den langile taldeak emango ditu, eta langile horiek ez dira inoiz ere izango normalki lan horietan aritzen diren langileen heren bat baino gehiago. Langileen antolaeraren barruan, PKL Premiazko Konponketako Lantaldeetan barne harturiko langileak bildu beharko dira).

  3. Tuvisa enpresan, horri dagokionez, Txandako Ikuskatzaile 1 eta Tailerretako pertsona bat izango dira lanean.

  1. Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren titulartasun publikoko enpresek eta erakundeek, zerbitzuaren mantentzea bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.

  2. Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.

    Bigarrena. Zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ahal izanez gero.

    Langileen ordezkariei entzun eta gero, herri-administrazioetako eta titulartasun publikoko erakunde eta enpresetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, aurreko atalean eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.

    Hirugarrena. Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

    Laugarrena. Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.

    Bosgarrena. Grebaren deialdia egin duten sindikatuei, eta herri-administrazioei eta titulartasun publikoko erakunde eta enpresei jakinarazi behar zaie Agindu hau, bete dezaten, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira igorri behar da, bertan argitaratzeko.

    Seigarrena. Agindu hau aldeei jakinarazten zaien unean jarriko da indarrean, eta, nolanahi ere, argitaratzen den egunean.

    Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 3a.

    Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

    MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.