- AGINDUA, 2012ko otsailaren 22koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, giza eskubideen «Rene Cassin» saria deitzeko eta arautzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko otsailaren 22koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, giza eskubideen «Rene Cassin» saria deitzeko eta arautzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 77
- Hurrenkera-zk.: 1759
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/02/22
- Argitaratze-data: 2012/04/19
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Instituzional; Justizia
Testu legala
Deialdi honen bidez, publikoki goraipatu eta saritu nahi dira ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza ematen duten pertsonak eta taldeak.
Rene Cassin jaunaren (1887ko urriaren 5ean jaioa, Baionan) oroimenez ezarri da sariaren izena. Lehen Mundu Gerran bizi izandako zorigaiztoko esperientziak eragin nabarmena izan zuen berarengan, eta borrokan ibilitakoen eta gerrako biktimen defendatzaile porrokatu bihurtu zen. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen, 1948an, eta 1950eko Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean funtsezko zeregina izan zuen. 1968an, Bakearen Nobel saria eman zioten, giza eskubideen alde atsedenik hartu gabe buru-belarri ibili zelako; sari hori Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko baliatu zuen.
Hori guztia dela-eta, Justizia eta Herri Administrazio Sailari dagozkion eskumenen barruan, 2012. urte honetako «Rene Cassin» saria deitu eta arautu da.
Horiek horrela, honako hau
Agindu honen helburua 2012ko «Rene Cassin» saria deitzea eta arautzea da. Sariaren bidez, giza eskubideen arloan irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoek publiko zein pribatu izan egin duten lana jendaurrean aitortu eta nabarmendu nahi da.
Epaimahaiaren iritziz saria lortzeko nahiko merezimendu erakutsi duen pertsonari edo pertsonei emango zaie deialdi honetako saria. Saria ohorezko aipamen batek, aintzatespen publikoak eta 16.550 euroko diru-zenbatekoak osatuko dute.
Agindu honen bidez iragarritako saria honako hauek jaso dezakete: beraien jarduera eta ibilbidearekin gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen lagundu dutelako edo laguntzen dutelako nabarmentzen diren irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuek.
Edozein pertsona fisikok nahiz juridikok, publikok nahiz pribatuk, aurkez ditzake saria lortzeko hautagaiak.
Sarirako hautagai bakoitzaren izenarekin batera, honako hauek bidali beharko dira:
Sarirako proposatutako hautagaiak giza eskubideei egindako ekarpena egiaztatzen duen dokumentazioa.
Hautagai izateko proposatua izan den pertsonak sariketa honetan parte hartzeko adostasuna ematen duela esateko egindako adierazpena.
Proposatutako hautagaiaren edo hautagaien aldeko abal edo atxikimenduak, hautagaiak aurkezten dituztenek halakorik aurkeztu nahi izanez gero.
Hautagai-proposamenak, aurreko paragrafoan ezarritako agiriekin batera, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzara bidali behar dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein modu erabiliz.
Epaimahaiak ofizioaz sartu ahal izango ditu aurreko edizioetan aurkeztu eta saritu ez ziren hautagaiak, balioetsi daitezen eta, egoki bada, saria lortzeko proposa daitezen.
Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzak egingo ditu deialdi honi dagozkion kudeaketa-lanak. Sariaren diru-zenbatekoa ordainketa bakarrean emango da.
Saria zein hautagaik merezi duen erabakitzeko, kalifikaziorako epaimahaia eratuko da, eta bertan, giza eskubideekin zerikusia duten ospe handiko pertsona ezagunek hartuko dute parte.
Epaimahaia honela osatuta egongo da:
Epaimahaiburua: Justizia Eta Herri Administrazioko sailburua.
Epaimahaikidea: Justizia eta Herri Administrazio Saileko Justiziako sailburuordea.
Epaimahaikidea: Joseba Arregi Aranburu jauna, Teologia eta Soziologiako doktorea, Soziologiako irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean.
Epaimahaikidea: M.ª Concepción Escobar Hernández andrea, Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko Harremanetako katedraduna.
Epaimahaikidea: Silvia Escobar Moreno andrea, Giza Eskubideetarako Misio Bereziko enbaxadorea Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioan.
Epaimahaikidea: Edmundo Rodríguez Achútegui jauna, Arabako Probintzia Auzitegiko magistratua.
Epaimahaikidea: Xabier Etxeberria Mauleón jauna, Etikako katedraduna Deustuko Unibertsitatean.
Epaimahaikidea: José Angel Cuerda Montoya jauna, Zuzenbidean lizentziatua, Gasteizko alkate ohia eta bake eta giza eskubide-gaietako hainbat erakundetako kidea.
Epaimahaikidea: Maria Oyanguren Andrea, Gernika Gogoratuz elkarteko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Gorka Landaburu Illarramendi jauna, kazetaria.
Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen zuzendaria izango da epaimahaiko idazkaria. Hitz egiteko eskubidea izango du, baina botoa emateko eskubiderik ez.
Erabakiak, emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira, eta, berdinketarik izanez gero, epaimahaiburuak hartu ahal izango du erabakia. Hartzen diren erabakien eta jarduera guztien akta egingo du idazkariak. Akta horretan, sariaren epaitza oinarritzen duen irizpen arrazoitua ere jaso beharko da.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan adierazitako kasuren bat gertatzen bada, epaimahaikideek ezingo dute epaimahaian parte hartu eta interesdunek epaimahaikideak errefusatu ahal izango dituzte.
Sariduna proposatzeko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
Proposatutako pertsonak edo pertsonek giza eskubideen alorreko jardueretan luzaroan parte hartu izana.
Giza eskubideen balioak garatzeko egindako lanaren berezko garrantzia.
Proposatutako pertsonak edo pertsonek egindako jarduerak edo ibilbideak euskal gizartean eta nazioartean daukan oihartzuna eta eragina.
Deialdi honetan jasotako irizpideei kasu eginez epaimahaiaren uste eta jakinduria leialaren arabera hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak adieraziko ditu epaimahaiaren epaitzak eta, horrez gain, saritutako pertsonaren edo pertsonen ibilbidearen esanahiaz egiten duen balorazioa ere azalduko du.
Epaimahaiak, salbuespenez, justifikatutako arrazoiak eta interes sozial eta humanitarioak tarteko direla, saria beste pertsona edo erakunde batzuei ematea proposatu dezake, betiere hautagairik aurkeztu ez bada edo aurkeztu direnek ez baldin badituzte saria eskuratzeko gutxieneko baldintzak betetzen.
Epaimahaiak, halaber, proposatutako pertsonak edo pertsonek saria jasotzea merezi ez dutela pentsatzen badu, saria eman gabe uztea proposatu dezake.
Epaimahaiak saria emateko edo hutsik uzteko epaitza eman ondoren, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak «Rene Cassin» saria esleitzeko agindua emango du. Bertan aginduko du agindua bera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, jende guztiak ezagutu dezan, eta interesdun guztiei jakinarazteko.
Aintzatespen publikoko ekitaldia Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak iragarriko du. Ekitaldi publiko bat egingo da saria emateko.
Lehenengoa. Deialdi honetan berariaz aurreikusi gabeko kontuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean agindutakoa aplikatuko da.
Bigarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta haren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuotan, errekurtsoak jartzeko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 22a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
Idoia MendIa Cueva.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: AGINDUA, 2012ko urriaren 8koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Giza Eskubideen «René Cassin» Sariaren Epaitza jakinarazten duena.
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, ondoko aginduarena: «Agindua, 2012ko otsailaren 22koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, giza eskubideen «Rene Cassin» saria deitzeko eta arautzeko dena».


