- AGINDUA, 2012ko martxoaren 7koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, oroimen historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egin, eta diru-laguntza horien oinarri arautzaileak ezartzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko martxoaren 7koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, oroimen historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egin, eta diru-laguntza horien oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 64
- Hurrenkera-zk.: 1493
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/03/07
- Argitaratze-data: 2012/03/28
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Aginpide publikoek lan egin behar dute oroimen historikoa ezagutarazten eta gordetzen, oroimen historikoa ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren eta erresistentziaren erakusgarri. Helburu horretarako, erakundeek bideratu beharko dituzte beharrezko ekimenak, aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen Gerra Zibilean eta Frankoren diktaduran gertaturiko bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten pertsonak: balio demokratikoak defenditzeko helburuz borrokatu zirenak eta gatazkan bizia galdu zutenak, askatasuna galdu zutenak eta, azken batean, aldi historiko horretan erbesteratzearen bidegabekeria pairatu zutenak.
Oroimen historikoa berreskuratzea da, beraz, Gerra Zibilean eta horren ondoko diktadura frankistan izandako gertakariak eta inguruabarrak ezagutu beharra. Haren helburu nagusia da gure historiako aldi samingarri hartan zio politiko, ideologiko edo erlijiosoengatik jazarpena eta bidegabeko zigorrak eta zehapenak pairatu zituztenen aintzatespen publikorako eta birgaikuntzarako esparru egokia ezartzea.
Hori dela-eta, oroimen historikoa berreskuratu eta zaintzeko politika publiko bat burutu nahi du Justizia eta Herri Administrazio Sailak Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez eta, hortaz, oroimen historikoaren balioak eta printzipio demokratikoak sustatu nahi ditu, horietan oinarritzen baita egungo gizartea. Gerra Zibileko biktima guztiak eta gerra ondoko diktaduran politika, gizarte eta kultura alorretako errepresioari aurre egin beharrean izan ziren pertsona guztiak eta, baita haien senideak ere, ondratu eta betiko berreskuratzea da helburu nagusia.
Hortaz, oroitu, ikertu, ezagutarazi eta prestakuntza emateko hainbat programa burutzeko diru-laguntzen oinarri arautzaile hauek oroimen demokratiko antifrankistaren politika publikoak sustatzeko lege-esparruan kokatu behar dira. Politika horiek, hain zuzen, borroka hartatik eratorritako baloreak biltzen dituzte.
Oinarri hauen ildotik, oroimen historikoa berreskuratzeko lana askatasunen eta demokrazien aldeko borrokaren omenaldi eta historia ikertzeko abagune gisa ulertu daiteke. Halaber, oraingo eta geroko belaunaldiei giza eskubideenganako begirunea irakatsi eta zabaltzeko eta oraingo gizarteak dituen askatasunen sistemaren oinarriak ezagutarazteko bide bezala ere ulertu daiteke.
Azken batean, agindu honek lagungarria izan nahi du nork bere soinean zuzenean nahiz senideen larruan Gerra Zibilaren ondorioak edo Frankoren diktadurarenak pairatu zituen edozein herritar aintzatetsi eta oroitua izan dadin. Oroimen historikoa berreskuratzeko lana defendatzeak eta berdintasuna, justizia, adiskidetzea, eta bizikidetasun demokratikoa bezalako balioen errebindikazioak bermatzen dute aintzatespen hori. Horrela, oroitzapeneko eta ikerkuntzako nahiz oroimen historikoa ezagutarazteko proiektuak burutzetik eratorritako gastuak ordaintzeko diru-laguntzak egitearren sortu da, hain zuzen ere, agindua, proiektu horiek baitira lege-testu honetan bildutakoak. Bestela esanda, oroimen historikoa berreskuratzeko politika publikoa den heinean, agindu honen bitartez lortu nahi dena da deialdi honetara aurkezten diren erakundeek omenaldiko programak eta oroimen historikoa berreskuratzekoak proposatu eta garatzeko aukera izatea, eta gure gizartearen adiskidetze eta bizikidetasun-nahiak sustatzea.
Programa horiek lagungarriak izango dira oraindik ere irekita dauden zauriak duintasunez ixteko eta gerraren eta frankismoaren biktimei kalte-ordaina emateko. Halaber, lagungarriak izango dira nor bere buruaz eta nor bere familiaz oroitzeko eskubidea aldarrikatu eta babesteko, Konstituzioaren balioak sustatzeko eta, gure iraganari buruz argibideak emateko eta hausnarketa egiteko, beti ere orduan bizi ziren gertakariak berriro gertatu ez daitezen. Egia esateko, intolerantziari eta giza eskubideak urratzeari amaiera ematea nahitaezko betebehar moral bat da gizarte-eskubideen eta funtsezko askatasunen aldeko defentsan konpromisoa bere gain hartu duen edozein gizarte askerentzat.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio agindu bidez laguntza hauen deialdia egin eta laguntzok arautzea, hala ezartzen baitute arau hauek: Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 26. eta 28. artikuluak; Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 4. artikuluak; eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 51.2 artikuluak.
Horregatik guztiagatik, honako hau
Agindu honen helburua honako hau da: oroimen historikoa eta balio demokratikoak eta 1936-1977 aldian Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz hortik kanpo demokrazia eta askatasunaren alde egindako borroka berreskuratu, zabaldu eta ezagutzea helburu duten proiektuak norgehiagoka bidez diruz laguntzeko deialdia arautzea.
Diru-laguntzaren eskabidearen xedeko proiektuak 2012ko ekitaldian gauzatu beharko dira.
Oroimen historikoa berreskuratzeko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere 1. artikuluari jarraiki eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badituzte:
Errepresioarekin, erresistentziarekin eta gizarte demokratikoa eraikitzearekin zerikusia duten pertsonak eta gertakizunak oroitzeko edo omentzeko jardunak.
Ondare demokratikoa materiala eta ez-materiala gordetzeko eta berreskuratzeko jardunak: testigantzen datu biografikoak sortzea batez ere ikus-entzunezko euskarrian eta 1. artikuluan bilduriko gaiei buruzko lekuak, monumentuak, aztarnak, izenak eta beste dokumentu batzuk aurkitzea eta haien errolda egitea hartzen ditu barne.
Diktaduraren errepresioarekin, erbestearekin, erresistentziarekin eta balio demokratikoen errealitate eta egoerarekin loturiko gertaerak eta prozesuak berritzera bideraturiko ikerketa-jardunak.
Zabalkunde eta prestakuntza-jardunak: biltzarrak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak eta aldi baterako erakusketak antolatzea, ikus-entzunezko produktuak, argitalpenak eta hezkuntza-proiektuak hartuko ditu barne.
Deialdi honetara bideraturiko gehieneko zenbatekoa ehun eta bost mila (105.000) eurokoa da guztira, eta 2012ko aurrekontuen kargura joango da.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen bolumena ez da zenbateko hori baino handiagoa edo zenbateko hori Justizia eta Herri Administrazio Sailaren aurrekontu-atala eguneratzetik betiere indarreko legedian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki ateratzen dena baino handiagoa izango. Giza Eskubideen zuzendariak ebazpena emango du aurreko guztiaren berri emateko.
Legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoek eska ditzakete agindu honetako diru-laguntzak, beraien estatutu sozialen arabera helburu hauek baldin badituzte: balio demokratikoak defendatu, hedatu eta sustatzea edo/eta aldi antifrankistako oroimen historikoa berreskuratzea.
Interesa duten erakundeek, bitarteko elektronikoen bitartez eskatu eta kontsultatu ahal izango dute prozedurari buruzko informazioa; izapideak ere bide beretik egin ahal izango dituzte.
Honako hauek arautzen dute izapidetze elektronikoa: Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa Platea ezartzen duen dokumentua onartzeko den Informatika eta Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: http://www.jusap.ejgv.euskadi.net/r47-dheduki/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_memoria_historica_2012/eu_ayudas/derechos_humanos.html.
Eskaeraren eta dokumentazioa aurkeztearen izapideak bide batetik egiteak (modu presentzialean edo elektronikoan) ez du prozeduraren hurrengo izapideak bide beretik egitera behartzen; edozein unetan aldatu daiteke izapideak egiteko modua.
Eskaera egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, http://www.http://www.euskadi.net.misgestiones gunean egingo dira.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen zuzendariari zuzendu behar zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Eskabideak modu presentzialean aurkeztu nahi izanez gero, leku hauetara eraman daitezke: Giza Eskubideen Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoetara; lurralde-ordezkaritzetara; beste erakunde laguntzaileetara. Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeko 38.4 artikuluak ezarritako bideak ere erabil daitezke, eskaera-orri normalizatua behar bezala eta oso-osorik betez. Eskabide-eredua euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daiteke: http://www.jusap.ejgv.euskadi.net/r47-dheduki/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_memoria_historica_2012/eu_ayudas/derechos_humanos.html.
Era berean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, euskadi.net-eko egoitza elektroniko horretara sartuta.
Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen ziurtagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko azaroaren 24ko 10/1984 Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezartzen duten bezala.
Eskaera, 6 artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barne, inprimaki normalizatuan bete beharko da. Euskadi.net-eko egoitza elektronikoan ere eskuragarri daude inprimaki horiek.
Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
Erakundearen ordezkariak bide presentziala erabiltzen badu eta ez badu baimenik ematen bere nortasun-datuak administrazioak Barne Ministerioan begiratu edo egiaztatzeko, nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Proiektuaren memoria zehaztua. Bertan honako hauek zehaztu beharko dira: helburua, metodologia, hartzaile izan daitezkeenak betiere sexuaren, lurralde-eremuaren eta egingo diren jardueren gauzatze-egutegiaren arabera banatuta, eta genero-ikuspegia nola hartuko den kontuan. Memoria horretan, eskatzaileak proiektuaren eremuan duen esperientzia egiaztatu behar da.
Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak, baleude, zehaztuko dira eta, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena egin behar da.
Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen edota ibilbidea duen pertsonarik; eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Inolako ordainsaririk gabe proiektuan parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.
Hirugarrenaren Alta izeneko agiria, erregistratuta ez egonez gero edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero.
Era berean, proiektua hobeto balioesteko, erakunde eskatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentazio osagarri aurkeztu ahal izango da.
Proiektuak dagoeneko gauzatuta baldin badaude, egindako gastuak justifikatzeko behar diren dokumentu guztiak ere aurkeztu beharko dira, agindu honetako 10. artikuluan eskatzen den moduan.
Espedientea behar bezala osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eta azalpenak eska diezazkioke Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari. Gainera, eskatzaileak emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.
Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa aztertzerakoan osatu gabe dagoela edo daturen bat falta dela ikusten badu Giza Eskubideen Zuzendaritzak, gehienez 10 eguneko epea emango die eskatzaileei, atzemandako akatsak zuzentzeko. Era berean, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluan ezarritakorekin bat etorriz, jakinaraziko zaie horrela egiten ez badute eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).
Laguntzak emateko proposamena epaimahai batek egingo du; honako hauek izango dira epaimahaikideak:
Epaimahaiburua:
Justizia eta Herri Administrazio Saileko Justiziako zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait. Kalitatezko botoa izango du.
Epaimahaikideak:
Lehendakaritzako Koordinazioko zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait.
Kultura Saileko Kultura Ondarearen zuzendaria edo hark eskuordetutako beste norbait.
Justizia eta Herri Administrazio Saileko Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendaria.
Justizia eta Herri Administrazio Saileko Herritarrei Arreta Emateko zuzendaria.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo hark eskuordetutako beste norbait.
Epaimahaiburuak egoki deritzonean, ebaluatu beharreko gaiari buruzko adituak eraman ahal izango ditu epaimahaira, beren iritzia eman dezaten.
Idazkari-lanetan Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikari bat arituko da. Giza Eskubideen zuzendari andreak izendatuko du.
Diru-laguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da eta emateko irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:
Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundearen gaitasuna eta antolamendu-egitura kontuan izanik. Gehienez 25 puntu.
Proiektuaren kalitatea eta zehaztasun zientifikoa. Gehienez 20 puntu.
Proiektuaren gizarte-interesa. Gehienez 20 puntu.
Proiektua hainbat erakunderen artean gauzatzea edo beste administrazio publikoren bat ere proiektuan inplikatuta egotea. Gehienez 15 puntu.
Proiektua gizarte-komunikabideen bidez hedatzeko ahalmena eta hezkuntza-mailetan eragiteko aukera. Gehienez 10 puntu.
Guztira, gehienez 90 puntu emango dira.
Diru-laguntza esleitzeko, eskaerak 20 puntutik gora lortu beharko ditu, aurreko baremoen arabera.
Diru-laguntzak emateko eta zenbatekoa finkatzeko, agindu honetako aurreko artikuluan ezarritako irizpide objektiboak hartuko dira kontuan.
Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, eskabideen balioespenean lortutako puntuazioen handienetik txikienerako hurrenkerari jarraiki eta formula hau aplikatuz puntuazio bakoitzarentzat aldez aurretik kalkulatutako diru-zenbatekoarekin: lortutako puntuazioa zati puntuaziorik handiena lortu duen proiektuaren balioa bider eskatutako zenbateko onartua.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hilabete pasa ondoren eskatzaileak ez badu jasotzen onartutzat jo beharreko aurrekontua jakitera ematen duen Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenik, eskatzaileak aurkeztutako zenbatekoa hartuko da eskatutako aurrekontu onartutzat.
Onartutako proiektuen kostuaren % 100eko laguntza eman ahal izango da, proiektu bakoitzaren egoeraren arabera eta betiere gehienez hamabost mila (15.000) euro emanda proiektu bakoitzeko.
Diru-laguntzen zenbatekoa diru-laguntza bakarrarena edo beste erakunde publiko edo pribatuek emandakoei batuta ez da izango garatuko den diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa.
Giza Eskubideen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharreko lanak egitea. Era berean, aurkeztutako proiektuen kontrola eta jarraipena egingo du. Horretarako, egoki iritzitako ikuskapen guztiak egin ahal izango ditu, proiektuak egoki gauzatzen direla bermatzeko. Horri dagokionez, erakunde onuradunek eskatzen zaizkien dokumentazio eta informazio guztia aurkeztu beharko dute nahitaez.
Giza Eskubideen zuzendariak berariaz emandako ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak, Kalifikazio Epaimahaiak egindako proposamena kontuan hartuta. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea bukatuko eta, hortaz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Justiziako sailburuordeari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Agindu honen babesean aurkeztutako eskaerak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpen adierazia eman eta jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat hartu ahal izango dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; hala ere, administrazioak berariazko ebazpena eman behar du.
Publizitate-printzipioa betetzeko, Giza Eskubideen zuzendariak emandako ebazpenaren bidez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntzen onuradunak izan diren erakundeen zerrenda eta emandako zenbatekoak; eta, bestetik, emandako diru-laguntza aldatu zaienen zerrenda. Nolanahi ere, ebazpenak berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko dira.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu aldatua aplikatuz, erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutako betebeharrak betetzen dituzten ala ez automatikoki eta behar adina aldiz egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eskatzaileen onespenik behar izan gabe. Interesdunek zergak Nafarroan ordaintzen badituzte, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
Administrazio publikoak esleituta dituen egiaztapen, kontrol eta ikuskaritza-ahalmenak alde batera utzi gabe, laguntza eskatzen duen erakundeak espresuki eman dezake baimena organo kudeatzaileak gainontzeko datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, bai bide presentziala erabiltzen duenean eta bai bide elektronikoa erabiltzen duenean.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua aplikatuz, honako betebehar hauek egiaztatuko dira eskabide normalizatuan, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
Edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturi helburu berbererako eskatutako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideen berri ematea. Halakoren bat lortuz gero, horren berri ere ematea.
Erakundea itzulketa edo zehapen-prozeduraren batean sartuta ez egotea edo, egon izanez gero, prozedura hori bukatuta egotea.
Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez edukitzea zigor eta administrazio-arloko zigorrik diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, edo ez egotea diru-laguntza edo laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik.
Erakundea legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea.
Gainera, eskaeran eta horrekin batera doan dokumentazioan azaltzen diren datuak egiazkoak direla eta laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela adierazi beharko du eskatzaileak.
Gainontzeko betekizunak egiaztatzeko modua lehen aipatutako euskadi.net-eko egoitza elektronikoan zehaztuko da.
Laguntzaren onuradunek, laguntzaren ebazpena eman aurretik, aipatutako betekizunak egiaztatuko dituzte, dagokion ziurtagiria aurkeztuz edo organo kudeatzaileak zuzenean egiaztapena egiteko baimena emanez.
Hirugarrenaren Alta izeneko agiria, erregistratuta ez egonez gero edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero.
Agindu honetan bilduriko diru-laguntzen erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte nahitaez:
Aurkeztutako proiektua gauzatzea.
Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bidez Justizia eta Herri Administrazio Sailari dagozkion egiaztaketen menpe jartzea, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste organo eskudunei dagozkien ekonomia eta finantza-arloko jardunen pean ere, aipaturiko jardunetan eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztuz.
Erakunde publiko edo pribaturen batek proiektu berbererako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik emanez gero, edo diru-laguntza eman zitzaieneko baldintzak aldatuz gero, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzari jakinaraztea. Jakinarazpen hori aipaturiko egoeraren berri izan bezain laster egingo da, eta, nolanahi ere, diru-laguntza justifikatu baino lehen.
Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egin aurretik, hau da, eskatzaileak aurkeztutako proiektuan diru-laguntza eskatu eta eman ondoren egin nahi duen edozein aldaketa egiteko, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzaren baimena lortzea.
Aplikatu beharreko araudian eskatzen den dokumentazioa edukitzea, egiaztatze eta kontrol-ahalmenak egoki baliatzea bermatzearren.
Jasotako funtsen erabileraren egiaztagiriak gordetzea, egiaztatu eta kontrola daitezkeen bitartean.
Indarrean dagoen araudian aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, horretarako emandako ebazpenaren ondoren.
Jarduerak sustatzeko eta hedatzeko ekintza guztietan jarduera horiek Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio Sailak diruz lagundu dituela aipatzea.
Hizkuntza modu sexistan ez erabiltzea eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta ez-estereotipatua duten irudiak erabiltzea diruz lagundutako jarduera gauzatzerakoan.
Diru-laguntzen erregimenari buruzko arauditik eratortzen diren eta aipatu gabe dauden beste betebehar guztiak betetzea.
Diru-laguntzen onuradunek, diruz lagundutako proiektuak sorrarazitako obra ustiatzeko eskubideak bost urtez lagako dizkiote Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren bidez; batez ere obra hori kopiatzeko, banatzeko, jendaurrean ezagutzera emateko eta eraldatzeko eskubideak lagako dira, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailak pertsona edo erakunde onuradunarekin batera baliatu ahal izango ditu eskubide horiek. Nolanahi ere, obraren egilea aipatuko da.
Justifikazioa aurkezteko epea 2013ko otsailaren 28an bukatuko da eta bertan honako hau sartu beharko da:
Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko faktura eta ordainagiriak. Nolanahi ere, laguntzaren esleipendunak jatorrizko dokumentuak administrazioaren esku uztea ezinezkoa duela behar bezala egiaztatzen badu, jatorrizko dokumentuak zein kopiak aurkeztuko ditu, eta kopiak itzuliko zaizkio, konpultsatu ondoren.
Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta zerrenda batean adierazita dokumentu bakoitzean adierazitako gastua zertarako egin den (fakturek bat etorri beharko dute Fakturatzeko betebeharrak arautzen dituen araudia onartzen duen eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duen azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuko 6. artikuluak ezartzen dituen eskakizun formalekin).
Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagirien originalak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.
Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiriak. Besteak beste datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, bere Nortasun Agiri Nazionala NAN, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako PFEZ atxikipena. Era berean, lankidetza horiekin lortutako diru-sarreren kitapena egiteko ogasuneko jatorrizko inprimakia aurkeztu beharko da (110 190 inprimakia).
Argitaratutako programa, iragartzeko kartel, argazki eta bestelako material grafikoaren aleak, idatzizkoak zein soinudunak.
Gauzatutako proiektuaren memoria zehatza, datu hauek jasotzen dituena: onuradunak sexuaren arabera bereizita eta genero-ikuspegia nola txertatu den.
Izapidetzea bide telematikotik eginez gero, aipatutako dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, administrazioak jatorrizko dokumentazioa eskatu ahal izango du, beharrezkotzat jotzen duenean.
Justifikazio presentzial nahiz elektronikoaren izapideari buruzko xehetasunak euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke: http://www.jusap.ejgv.euskadi.net/r47-dheduki/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_memoria_historica_2012/eu_ayudas/derechos_humanos.html.
Ordainketa honela zatituta egingo da:
75a diru-laguntza ematean ordainduko da eta gainontzeko % 25a, emandako diru-laguntzaren erabilera Giza Eskubideen Zuzendaritzan justifikatu ondoren.
Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du. Aurka egiteko, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Agindu honetan esanbidez aurreikusi ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan bildutako xedapenak aplikatuko dira.
Hirugarrena. Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 7a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.


