- AGINDUA, 2012ko martxoaren 23koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2012ko martxoaren 29rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean erkidegoari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzen da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko martxoaren 23koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2012ko martxoaren 29rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean erkidegoari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzen da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 61
- Hurrenkera-zk.: 1443
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/03/23
- Argitaratze-data: 2012/03/24
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua
- Azpigaia: Lana eta enplegua
Deskribapenak
Testu legala
ELA, LAB, STEE/EILAS eta ESK erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute 2012ko martxoaren 29rako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremu geografikoaren barnean dauden enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu guztiek betetzen dituzten lan eta funtzionario-jarduera guztiak hartuko ditu eraginpean, kontuan izan gabe zein enpresa edo administrazioren mende dauden.
Deitutako lanuztea 2012ko martxoaren 29an egingo da, 00:00etatik 24:00etara. Txandaka lan egiten duten enpresetan, greba lehenengo txanda hasiko da, martxoaren 29ko 00:00 orduak baino lehen izan arren, eta azken txanda amaitutakoan amaituko da, nahiz eta martxoaren 29ko 24:00 baino geroago izan. Eguneroko prentsako enpresetan (erredakzioa eta errotatibak) martxoaren 28ko 06:00etatik martxoaren 29ko 06:00etara; eta bide-garbiketaren eta zabor-bilketaren zerbitzuko enpresetan martxoaren 28ko 22:00etatik martxoaren 29ko 22:00etara.
Laburbilduz, honako hauek dira grebaren helburuak: 1. Lan-erreformari eta gobernuek eta Administrazioek krisiari lotuta hartu dituzten neurri eta politikekiko gaitzespena adieraztea, eta haien eraginkortasunik eza eta izaera antisoziala salatzea; 2. Botere ekonomiko eta enpresarialek eragin eta gauzatu duten enplegu-suntsiketa masiboa eta enplegu-kolokatasunaren gehikuntza gaitzetsi eta salatzea; eta 3. Politika publiko ekonomikoetan eta lan eta gizarte-politiketan muturreko aldaketa bat bultzatzea, eta politika horiek Euskal Herrian erabaki daitezen eskatzea.
Lanaren Konfederakunde Nagusiak (LKN) greba orokorrerako dei egin du 2012ko martxoaren 7an, lurralde- eta denbora-esparru berbererako, eta oinarrian berberak diren helburuekin: 1. Gizarte- eta lan-eskubideen ezabapena eta 3/2012 Errege Dekretua arbuiatzea. 2. Gobernu zentralak, autonomikoak eta tokikoak abian jarritako gizarte- eta lan-politiketan aldaketa bat eragitea.
SATSE, SME-FFHE, SAE eta UTESE erakunde sindikalek, 2012ko martxoaren 8an, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrerako dei egin zieten langile guztiei, oinarrian antzekoak diren helburuekin haiek ere: 1. Lan-erreformari eta krisia dela-eta gobernuek eta administrazioek hartu dituzten murrizketa-neurriengatik arbuioa adieraztea, sektore publikoko eta pribatuko langileen eskubideak eta soldatak murriztera mugatu direlako; 2. Enplegatu publikoen soldatei aplikatutako zuzeneko murrizketak eta soldata-izoztea arbuiatzea. Murrizketa horiek legegileak azken lan-erreformaren ondoren erraztuta, sektore pribatuko langileek aplikatutako soldata-erregimena ez aplikatzearen bitartez gauzatu dira; 3. Osasun-sektorean izandako murrizketak arbuiatzea; izan ere, profesionalei ez ezik, herritarrei ere eragiten diete, pertsonaleko aurrekontuan murrizketaren eragina nozitzen hasi baitira, baja eta oporretan daudenak ordezkatzen ez direlako, lanpostuak kendu direlako, zentroak eta zerbitzuak itxi direlako, itxaron-zerrenda luzatu delako, etab.
Langile Sindikal Batasuna erakunde sindikalak ere greba deialdia egin zuen, martxoaren 12an, jarduera-sektore guztietarako, publiko zein pribatuetarako, autonomia erkidegoaren esparruan, ondoko helburuekin: 1. Lan-erreforma eta gobernuek eta administrazioek hartutako neurri ekonomikoak gaitzestea, eta horien eraginkortasunik eza eta izaera antisoziala salatzea; 2. Enplegu-suntsiketa eta lan-harremanen kolokatasuna salatzea, eta egoerarik txarrenean daudenak krisialdiaren ondorioez babesteko neurriak ezar daitezen eskatzea; eta 3. Sindikatu honek, azken urteetan, langileentzat kaltegarriak diren politikak bertan behera uzteko eskatu die botere publikoei eta enpresa-botereei, eta hainbat proposamen aurkeztu ditu arazo ekonomikoak langileei eskubideak murriztu gabe gainditzeko, baina ez dute oihartzunik izan.
2012ko martxoaren 16an, CC.OO. eta UGT erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremu geografikoaren barnean dauden enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu guztiek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak hartuko ditu eraginpean, kontuan izan gabe zein enpresa edo administrazioren mende dauden; ondoko arrazoiengatik: 1. Gobernu Zentralak lan erreforma dela-eta jakinarazi dituen eta ezarriko dituen neurriak gaitzestea. Izan ere, neurri horiek aldaketa sakona dakarte gaur egungo legerian, eta aplikatuz gero nabarmen murriztuko dira herrialdeko langileen eskubideak. Gobernuak neurri antisozial horiek aplikatu nahi ditu enpresaburuen interesen mesederako, eta a) Langileen kaleratzea errazten eta merkatzen du; b) Hitzartutako baldintzak ez betetzea errazten die enpresaburuei, eta c) Kaleratzearen kausak aldatzen ditu.
Grebaren esparrua kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertako Gobernu Agintaritzari dagokio Euskal Administrazio Publikoak eta gainerako erakunde, entitate edo enpresek ematen dituzten ezinbesteko zerbitzuak ematen direla ziurtatzeko bermeak ezartzea zerbitzu publikoetan edo behar-beharrezkoak eta atzeraezinak direnetan, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak langileen greba egiteko eskubidea onartzen du, langileek beren interesak defenda ditzaten, horixe baita egungo zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoak oinarri dituen funtsezko eskubideetako bat. Konstituzioak, beraz, berdin babesten du greba-eskubidea eta beste zenbait eskubide garrantzitsu, hala nola bizia, integritate fisikoa, osasuna, hezkuntza, joan-etorri askea, eta informazio-askatasuna, besteak beste; hain zuzen, Konstituzioak bete-betean babesten ditu, bai eskubide horiek guztiak, baita greba egiteko eskubidea ere.
Beraz, greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin.
Hala ere, aurreko premisa gorabehera, begien bistakoa da funtsezko eskubideak mugatzeko edozein neurri proportzionaltasunaren printzipioa zorroztasunez aplikatuz hartu behar dela, eta horretarako hiru baldintza bete behar ditu neurri horrek: hori aplikatuz proposatutako helburua lortu ahal izatea, edo «egokitasun-judizioa»; egitatea aztertuta, ondorioztatu izana ez dagoela neurri apalagoren bat helburu hori eraginkortasun berarekin lortzeko, edo «beharrizan-judizioa»; eta, azkenik, neurria edo konponbidea orekatua edo neurtua izatea, haren aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako gatazkan dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino, hau da, «proportzionaltasun-judizioa, zehazki ulertuta». Gai horri buruz hainbat aldiz erabaki du Auzitegi Konstituzionalak, honako epai hauen bitartez, besteak beste: 122/1990, 123/1990, 8/1992, eta 126/2003.
Erabaki horietatik ondorioztatu behar dugu erkidegoarentzat ezinbesteko zerbitzuak emango direla ziurtatzeak mugatu egiten duela grebarako eskubidea baliatzeko aukera, eta horretarako nahitaezkoa dela interes desberdinak kontuan hartuta zuhurtasunez jokatzea. Hori guztia dela-eta, ziurtatzeak berme gisa balio behar du, eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatuta; betiere ulertuta grebalarien eskubidea mugatu beharko dela, etsi, Auzitegi Konstituzionalaren hitzetan haien eskubideak grebaren bidez babesteak erkidegoari edo ezinbesteko zerbitzuaren hartzaileari zein zerbitzua jasotzeko eskubidearen titularrari eragiten dion edo eragin liezaiokeen kaltea larriagoa bada grebalarien errebindikazio edo eskakizunen arrakastarik ez izateak eragingo lukeena baino. Hori guztia dela-eta, greba-deialdi honen aurrean, haren garapenak dituen ezaugarri zehatzak hartu beharko dira kontuan; egun bateko lanaldia izango da ondorio guztietarako.
Adierazitakoa dela-eta, Konstituzioaren 15., eta 43.1, 19., 20., 27. eta 35. artikuluetan, bizia, integritate fisikoa eta morala, osasuna, hezkuntza, lurraldeko joan-etorri askea eta informazioa babesten dira. Hain zuzen ere, herri-agintariei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu. Horren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Agintaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, erkidegoan ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko, ondoren adierazten diren eta agindu honetan zehaztuta geratzen diren sektoreetan.
Zerbitzu sanitario publiko nahiz pribatuek pertsonen osasuna eta bizia zaindu behar dute. Horren ondorioz, eta greba-deialdiari dagokionez, ez da argudiorik behar edo argudio gutxi behar da larrialdiko zerbitzuak bete-betean mantentzea behar-beharrezkoa dela adierazteko; izan ere, zerbitzu horietan berehala esku hartu ezean, gerta baitaiteke norbaiten bizia arrisku larrian egotea. Orobat, «ospitaleratutako pazientea behar bezala artatu ahal izateko», ospitaleratutako paziente bakoitzari behar bezala eman behar zaizkio botikak, higiene-egoera egokia bermatu behar zaio, eta jaten eman behar zaio, otorduak errespetatuz; esan nahi baita, beharrezko asistentzia eman behar zaio, bere integritate fisiko eta morala honda ez dadin.
Osasun-arloko lehen mailako arretari dagokionez, funtsezko zerbitzua dela argi dago, batez ere ospitalaz kanpoko larrialdiak babesten dituen heinean. Gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan, esan behar da aurretik egin diren mota honetako greba-deialdietan larunbateko zerbitzuak ezarri zirela gutxieneko zerbitzu gisa, astegun horri dagozkion ohiko langileekin eta lanaldi horretako ohiko ordutegiarekin. Dena den, eta 2010eko ekainean izandako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuaren berrantolaketa aztertuta, irizpide hori aplikaezina bihurtu zen nahikoa ez zelako, eta hori horrela, 2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deialdia zela-eta, gobernu-agintaritza honen 2011ko urtarrilaren 21eko Agindu bidez erabaki zen kategoria bakoitzeko langileen % 20 ehunekoa ezartzea Lehen Mailako Arretako Zentroetan. Dena den, puntu jakin hori zuzenbidearen kontrakotzat deklaratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak 2011ko uztailaren 13ko epaian, nahikoa arrazoibiderik ez zuelako. Horregatik guztiarengatik, sektore publikoan 2012ko otsailaren 9rako deitutako lanuzte partzialen aurrean, otsailaren 3ko Aginduaren bidez, langileen grebarako eskubideak eta erabiltzaileen eskubidea bermatzeko modua aukeratu zen; Lehen Mailako Arretako unitateetako bakoitzaren «buruetan» gutxieneko zerbitzuak ezartzea, hain zuzen ere. Izan ere, uste izan genuen horrela bermatuta geratuko zela greba-deialdiaren ordutegietan gerta daitezkeen ospitalez kanpoko larrialdien estaldura,. Ezkerraldea-Enkarterri eskualdean, dena den, geografiarekin eta bideekin loturiko berezitasunak direla-eta, ezin zen estaldura egokirik bermatu, eta, irizpide bera betetze aldera, bestelako erabaki bat hartu behar zen, hau da, eskualde hartan «buru» gisa hartzea Balmasedako eta Karrantzako osasun-zentroak.
Izandako esperientziaren argitan, eta deialdi hau 24 ordukoa dela kontuan izanik, gutxieneko zerbitzu berberei eustea aukeratu da, zonako buru bakoitzean pediatra batekin gehituta, haurren ospitalez kanpoko larrialdiak estaltzeko, berehalako laguntza eskatzen duten egoerei erantzute aldera, zentro horietan larrialdi-zerbitzua ere badagoela kontuan izanik, gorago jasota gelditu denez.
Bestalde, garraio sanitarioko enpresek egiten dituzten zerbitzuak kontuan izan behar dira, zerbitzu horiek erabat egin ezean arreta sanitarioa behar duten herritar asko ezin izango liratekeelako lekualdatu, eta horrek lehendik aipatu dugun osasunerako edo bizitzeko eskubideari erasotzen dio, izan ere, gaixorik dauden pertsonen lekualdaketan behar bezain azkar ez bada jarduten pertsona horien heriotza ere gerta baitaiteke, beharrezko arreta sanitarioa ez jasotzeagatik, eta arrazoi horiek guztiak kontuan izanik, sektore horretan egiten den zerbitzua erkidegoarentzat ezinbestekotzat jo behar da, eta haren prestazioa, onartu beharreko eta geroratu ezin den premiakoa.
Osasunaren alorrean, era berean, udal-hilerrietan egiten den hilobiratze eta/edo errausketa-jarduera kontuan izan behar da, osasun eta osasungarritasun publikoa bermatzen laguntzen baitute hildako pertsonen bilketa, gordailatze eta zaintza edo errausketarekin.
Gizarteak larrialdiei aurre egiteko eta bide-segurtasuneko zerbitzuetarako (SOS Deiak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen eta larrialdien mantentzea aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta abar) duen eskubideari eta Herrizaingo Sailaren komunikazio eta informatika-arloari dagokienez, jendearentzako ezinbestekotzat hartzen dira, larrialdia ezbehar bihur ez dadin egiten baitira zerbitzu horiek. Beraz, horiek mantendu egin behar dira horretarako beharrezkoak diren langileekin.
Gizarte-zerbitzuak, bestalde, babes-neurrien multzo gisa daude eratuta, mendetasun-egoeran dagoen pertsonari bizitzeko gutxienezko baldintza duinak eta kalitatezkoak bermatzeko. Geriatrikoetan eta eguneko zentroetan egiten den lanak minusbaliatu fisikoak eta psikikoak zainduz, adingabekoen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, esku-hartze sozialeko zentroetan eta etxez etxeko laguntza publikoa emanez egiten denak erabateko garrantzia du gizartearentzat. Zerbitzu horien beharra duten pertsonek ezin dute beren kabuz jardun, haien egoera subjektibo eta pertsonala dela-eta. Beraz, sektore horretan gutxieneko zerbitzuak finkatu ezean (nahiz eta greba hogeita lau ordukoa izan), baliteke kalte larriak eragitea, eta, hartara, grebaren helburuak lausotuta geratzea; izan ere, pertsona batzuen osasuna arrisku bizian egongo bailitzateke.
Hala eta guztiz ere, zerbitzu horien prestazioan garatzen diren eginkizun guztiak ez dira ezinbestekoak. Ezinbesteko zerbitzutzat hartu beharko dira «zuzeneko arretakoak» direnak; hau da, artatzen diren pertsonen oinarrizko zaintza pertsonalen (garbitzea, ohetik altxatzea eta oheratzea, pixoihalak aldatzea, ezarreraz aldatzea, mugitzen laguntzea eta abar) mantentzea bermatzen dutenak, baita elikagaien eta sendagaien hornidura ere. Era berean, eremu biopsikosozialaren mantentze eta kontserbaziotzat hartzen dena ere bermatu beharko da.
Eguneko zentroetan ezinbesteko zerbitzutzat hartu behar da, baita ere, mendetasun-egoeran dauden pertsonen garraioa, horien desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira mugikortasun-ahalmenera egokitutako bestelako garraiobideen bitartez egin. Bestela, pertsona horiek ezin izango lituzkete jaso prebentziorako, mantentzerako eta «eguneroko bizitzarako oinarrizko jarduerak» izenekoak hobetzeko beharrezkoak diren arreta eta zerbitzu asistentzialak, terapeutikoak eta sanitarioak (Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeko 24. artikuluan bermatzen diren moduan).
Hala ere, zentro horien ohiko funtzionamenduak intentsitate-maila desberdinak ditu egunean zehar, pertsonen jarduera funtzionalaren eta ziklo biologikoaren arabera, eta jarduera handiagoa dago goizeko lehenengo orduan (jaiki, higiene pertsonala, jantzi, medikazioa eta abar), eguerdiko otorduan eta eguneko azken orduetan (afaria, oheratu, pixoihala aldatu, medikazioa eta abar); beraz, ordu horietan arreta pertsonalizatu handiagoa behar da zaintzaileen aldetik. Horren ondorioz, ordu horietan beharrezkoa da langile horietako gehiago egotea, egoitzetako bezeroen beharrizanei erantzuteko jarduera txikiagoa den gainerako orduetarako ezarritako oinarrizko langileei laguntzeko.
Hezkuntzaren arloari dagokionez, premisa gisa hartu behar da hezkuntzarako eskubidea Konstituzioaren 27. artikuluan onartutako oinarrizko eskubidea dela, zentzu zabalean hartuta, unibertsitate-hezkuntza barne, Auzitegi Konstituzionalak 26/1987, FJ 4., a) epaian adierazi zuen bezala: «hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen tratamendua, unibertsitate-arloan, ez da geratzen ezinbesteko zerbitzuen zehaztapenetik kanpo ikastetxe horietan lan egiten duten langileak greba-eskubideaz baliatzen diren kasuan. Horren ondorioz, ezin da baieztatu ezinbesteko zerbitzu horiek zehaztea Espainiako Konstituzioaren 28. artikuluaren (Grebarako eskubideari buruzkoa) kontrakoa dela».
Bermatu beharreko oinarrizko zerbitzuak zeintzuk diren zehazteko eta, beraz, hezkuntza-eremuan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, hain zuzen ere greba-deialdiak hezkuntza-zentro guztiengan eta hezkuntza-arloko funtzioak eta eskumenak garatzen dituzten langile guztiengan funtzionarioak nahiz langile arruntak eragina duelako, horren eraginpeko eremua, zehazki, honako hau dela aurkitu dugu:
Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza: eraginpekoak, 606 Zentro Publiko, eta sektorean zerbitzuak ematen dituzten 30.056 pertsona, hainbat kolektibotakoak irakasleak, langileak, eta abar.
Haurreskolak Partzuergoa: eraginpekoak, 228 Zentro eta 1.242 pertsona.
Euskal Herriko Unibertsitatea: Eraginpeko zentroak: Unibertsitate Campusak, 3; Fakultateak, Goi-mailako Eskola Teknikoak, Unibertsitate Eskolak eta Unibertsitate Eskola Teknikoak, 31; Atxikitako Zentroen kopurua, 3; eta, deitutako langileak (irakasleak, ikertzaileak, administrariak eta zerbitzuetakoak, eta abar): 6.800 pertsona.
Goi Mailako Musika Ikastegia, Musikene: Irakasten den zentroen kopurua: 4; eta eraginpeko langileak: 196 pertsona.
Deitutako grebaren eremua kontuan izanik, hezkuntza-zerbitzuaren esparruaren barruan, sektore publikoko enplegatu publiko eta lan-kontratuko langile ez publiko guztiak barne hartzen ditu horrek, hezkuntza egitekoak eta eskumenak garatzen baldin badituzte, baita besteren konturako eta beren konturako langileak ere, hezkuntzari lotutako egitekoak eta lanak egiten baldin badituzte. Zehazkiago, eragin-esparrua ondokoa litzateke: Unibertsitatez kanpoko hezkuntza; Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak; Euskal Herriko Unibertsitatea eta Musikene, Goi Mailako Musika Ikastegia.
Egun bateko jardunaldiko greba dela kontuan izanda ere, nahitaezkoa eta beharrezkoa da zentroak irekitzea greba egiten ez duten langileek lanerako eskubidea Konstituzioaren 35. artikuluan onartua gauzatu ahal izan dezaten. Horregatik, gobernu-agintaritzak gutxieneko zerbitzutzat jotzen du ikastetxeetarako eta lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzea, gutxienez grebarako eskubidea ez baliatzea erabakitzen duten langileen sarrera bermatze aldera, baita ikasleen sarrera ere, hain zuzen ere zentroak irekiko ez balira, lanerako eta hezkuntzarako eskubide korrelatiboa guztiz eta bidegabeki saihestuko litzatekeelako.
Unibertsitatez kanpoko ikastetxeak irekitzeko beharrizan bakarra ez da «ikastetxea irekitzea» jarduera material gisa; aitzitik, irakaskuntza-egitekoaren edo -jardueraren ezinbesteko «funtzionamendu-errutinak» gauzatu behar dira (gutxieneko zerbitzuen izaera murriztaileagatik eskatzen direnak), ikastetxe horietan instalazioak edo materialak zaintzeko eta ikasleak zaintzeko egiten direnen artean; izan ere, ikastetxe haietara ikasle adingabeak joaten direnez Adingabeei ezin zaie helduei eskatzen zaien heldutasun-maila bera eskatu haien jardunean, eta horren ondorioz, ikastetxearen erantzukizuna ezin da guztiz baztertu (Auzitegi Gorenaren 2002ko apirilaren 14ko Epaia), berebiziko arreta eskatzen da ekiditeko modukoak diren arriskuak ezabatzeko edo murrizteko, instalazioak behar bezala edukiz eta mantenduz, baita zaintzeko eta kontrolatzeko lanak eginez irakaskuntza edo prestakuntza-jarduerak garatzen diren egoitza batean adingabeak edo ezinduak zaintzeko ardura hartzen badira [ ...] arreta berezia jarri behar da haien nozitu lezaketen edozein lesio edo kalte saihesteko. Valentziako Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren urriaren 23ko Epaia, 1526/2009 zenbakikoa (Administrazioarekiko Auziak, 1. sek.)-. Valentziako Erkidegoko JANaren 1526/2009 epaia, urriaren 23koa (Administrazioarekiko Auziak, 1. sek.)-. Horren ondorioz, ikastetxe horietan, gutxieneko zerbitzu gehigarri gisa, aginte- eta/edo zuzendaritza-ahalmena duten pertsonak egotea ezarri beharko da, prebentzio eta segurtasunerako arreta ikastetxe haietara joaten diren adingabeentzat ikuspuntu objektibo batetik arriskutsuak izan litezkeen guneetara zuzentzeko ardura beren gain hartu dezaten.
Haurreskolak Partzuergoa osatzen duten zentroak eta udal-haurtzaindegiak zabaldu beharrari dagokionez, grebarekin bat egiten ez duten langileen lanerako eskubidea babesteaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2009ko urriaren 28ko Epaian adierazitakoari jarraiki, oinarrizko zerbitzua da, bai Konstituzioaren 27. artikuluak aitortzen duen hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen ikuspegitik, bai lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko zailtasunaren ikuspegitik. Gainera, zerbitzua lan egiteko eskubidearekin lotuta dago, gizarte-harremanen bilakaera-izaera dela-eta.
Konstituzioan aitortutako eskubide eta bermeez modu askean baliatzearen oinarri legetxe ulertzen da segurtasuna. Funtsezkoa da eta balore behinena du elkarbizitzarako, eta bere bermea ezelango zalantza barik Estatuari dagokio. Babes horri begira, segurtasun pribatuko enpresak parte hartzea aurreikusi da osaketaren eta laguntzaren bidetik, zertarako eta, herritarren zenbait funtsezko eskubide eta Konstituzioak babestutako ondasunak zaindu eta babesteko, batik bat, euren integritate fisikoa mehatxatuta ikusten duten pertsonen segurtasuna bermatze aldera (Konstituzioaren 17.1 artikulua).
Era berean, zirkulazio-askatasuna bermatu behar da, beste funtsezko eskubide batzuk ahalbidetzeko oinarri gisa, adibidez: osasun-zerbitzuetara iritsi ahal izatea, edo greba egitea edo lan egitea hautatzeko askatasuna, baita ezinbesteko gutxieneko zerbitzuak emateko izendatutako pertsonei dagokien betebeharra betetzeko ere. Arrazoi horrengatik, aintzat hartu behar da bidaiarien garraioa erkidegoarentzat ezinbesteko zerbitzua dela, zerbitzu horiek guztiz gelditzeak leku batetik bestera mugitzeko erabateko ezintasuna eragingo lukeelako herritar askorentzat, eta horrek adierazitako zirkulazio-askatasunerako eskubidea urratuko luke.
Horrez gain, kontuan hartu behar da bidaiarien garraio-linea batzuk bakarrak direla eta bestelako garraio-aukerarik ez dutela, hala nola Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 72. artikuluan xedaturikoaren arabera ezarritakoak. Halaber, kontuan hartu behar da linea horien erabiltzailearen profila honako hau dela: ibilgailu partikularrik ez duen pertsona, adineko pertsona edo ezindua, edo zonalde isolatuetan bizi dena eta bestelako garraiobideetara iristeko baliabide gutxi dituena.
Bestalde, azken hamarkadan herri-administrazioek bidaiak egiteko garraio publikoaren erabilera sustatu dute herritarren artean, horretarako sektorea baliabide berriekin hornituz (metroa, tranbia, eta abar) eta jada ezarritako baliabideen (trena eta autobusa, nagusiki) lineak eta zerbitzuak sustatuz, horrela garapen egokiagoa eta iraunkorragoa lortzeko, eta hiriarteko trafikoaren kolapsoa saihesteko, batez ere eguneko trafikoaren kasuan, eta hori saihesteko aukera bakarra garraiobide pribatuaren erabilera izan ez zedin. Jardun horrek lagundu egin dio zerbitzu publiko horien erabilera-eskaria modu nabarmenean handitu izanari. Hazkunde hori, adierazitako txostenaren arabera, hiri-eremuko garraio-zerbitzu kolektiboen eskariaren % 35 izan da 2000-2008 aldian.
Zirkunstantzia horrek, beste faktore batzuekin batera, ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak % 30ean finkatzea ekartzen du. Hona hemen faktore horietako batzuk: hiru Lurralde Historikoetako hiriburuen eta udalerri mugakideen (horiek guztiak biztanle askorekin) arteko komunikazioa bermatzea, udalerri mugakideen arteko lotura modu esklusiboan eta lanerako, hezkuntzarako, osasunerako eta abarrerako elkarrekiko mendetasun sozioekonomiko handiarekin, eta bidaiarien garraio-zerbitzu edo garraio-linea batzuk herritarren bidaietarako ezinbestekoak edo bakarrak bestelako aukerarik ez izateagatik, edo kudeatzen dituen beste garraiobide batekiko aukera izateagatik izatea. Era berean, oinarrizkotzat jo behar dira garraiobideen koordinazioko eta kontroleko zerbitzuak, horien segurtasun-arloko zereginak, instalazioenak nahiz bertan dauden pertsonenak, eta larrialdi-egoeretan jarduteak greba-egoera batean bermatu behar diren funtsezko eskubideekin lotura dutelako. Zerbitzu horiek gutxieneko langile kopuru batekin eman beharko dira.
Era berean, bide-zirkulazioa bermatu behar da ordainpeko autobide eta tuneletan, eta horretarako, ordainlekuetako igarobidea bermatu behar da, bide automatikoen nahiz eskuzko bideen elementu erregulatzaile gisa, langileen gutxieneko presentziarekin, joan-etorrien ondorioz sor daitezkeen arrisku-egoeren intentsitatearen arabera modulatzeko, eta zuzenean segurtasunari lotuta daudenez egon daitezkeen gorabeherak kontrolatu eta mantentzeko, laguntzeko eta seinaleztatzeko; hori dela medio, horiek guztiak ezinbestekotzat hartu behar dira.
Bestalde, ibilgailuentzako erregaia hornitzea gaur egun ezinbestekoa da pertsonen eta salgaien zirkulazio askea ahalbidetzeko, baita erkidegoan beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzeko, hala nola: anbulantziak, suhiltzaileak, babes zibila eta Larrialdikotzat jotzen diren zerbitzu guztiekin erlazionatutakoak, izan ere, pertsonen bizia, osasuna eta integritate fisikoa nahiz morala bermatzen eta zaintzen baitute.
Halaber, energia elektrikoa eta gasa produzitu eta banatzen eta ura arazten eta banatzen duten enpresak eta erakundeak funtsezkotzat jo behar dira, oinarrizko eta/edo premia larriko ondasunak eta zerbitzuak sortzen dituzten azpiegiturei eta produkzio-prozesuei ekarpen erabakigarria egiten dietelako. Bada, enpresa horietako langileek greba eginez gero, baliteke pertsonen osasunari ezin konponduzko kalteak eragitea; hortaz, hain beharrezkoak ditugun ondasun horien banatzeak grebaldian bermatuta egon beharko du.
Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten telekomunikazio-enpresei dagokienez, ematen duten zerbitzuaren zati baten ezinbestekotasuna Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorrean ezarrita dago, zerbitzu horrek komunikazio pertsonal, profesional eta komertzialetan duen eraginean oinarrituta. Era berean, Interneterako sarbide funtzionala bermatu behar da, Europar Batasunaren Zerbitzu Unibertsalari buruzko Zuzentarauan ezarritakoari jarraiki (2002ko otsailaren 22an onartutako zuzentarau hori Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorreko 22. artikuluaren bitartez txertatu zen gure ordenamendu juridikoan).
Horrez gain, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) ente publikoak eskaintzen duen zerbitzuak, ente publiko hori sortzeari buruzko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen arabera, ezinbesteko zerbitzu publikoaren izaera du. Aztergai dugun kasuan, eta EITBk edozein hedabideren bitartez egiazko informazioa komunikatu eta emititzeko funtsezko eskubideen erabilera azpimarratzen duenez, Konstituzioaren 20.1.d) artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, eduki instituzionala, politikoa edo soziala duten albistegiak ez badira emititzen, herritarren eskubide eta askatasunen erabilera mugatuko litzateke.
Herritarren eta administrazioaren arteko harremanei dagokienez, kontuan izan behar da horietako asko araututa daudela. Arau horietan ezarritako epeak oso garrantzizkoak dira herritarrek euren interesak defenda ditzaten, baita babes judizial eragingarrirako eskubidea ere. Hain zuzen ere, idazki, dokumentu nahiz espediente jakin bat administrazioan dagokion epearen barruan sartu dela egiaztatzen dute administrazioaren erregistroek, zeren, bestela, gerta baitaiteke herritarren eskubide batzuk urratzea. Horrela, bada, Autonomia Erkidegoan 24 orduko greba orokorra deklaratzeak ez du esan nahi egun hori jaieguna denik. Hortaz, Administrazio Publikoak gutxienez dokumentuak erregistratzeko zerbitzua irekita eduki beharko du, herritarren oinarrizko eskubideak bete ahal izateko.
Ildo beretik, kontuan izan behar da Ejie Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak bere informatika-zerbitzuak ematen dizkiela Eusko Jaurlaritzari eta erakunde guztiei, eta zerbitzu horietako batzuk funtsezkoak direla. Horrela bada, Ustiapen Zerbitzua funtsezkotzat jotzen da haren jarduerak Jaurlaritzaren informazio-sistemak erabilgarri daudela bermatzen duelako, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan, eta erabiltzaileei aukera ematen dielako edozein lekutatik edozein sistema informatikotara sartzeko. Horrez gain, azpiegituren eta aplikatiboen etengabeko monitorizazio-lanak egiten ditu. Gutxieneko zerbitzuak ezarri ezean, zerbitzu orokorra galdu liteke, eta horren ondorioz ezinezkoa izan liteke bai informatika-tresnak bai datu-biltegiratzea erabiltzea, baita Platea plataforma ere, zeinaren bidez bideratzen baitira gobernuak Interneten duen presentzia, izapidetze elektronikoa, dokumentuen kudeaketa eta gobernuaren eta kanpo-erakundeen arteko integrazio-prozesuak. Halaber, gorabeheraren bat izanez gero, informatika-sistema batek bermatzen du gobernuaren eraikinetarako sarbidea, bai funtzionarioena bai herritarrena; eta gai horri buruz azpimarratu behar da sistemak huts eginez gero, erregistrorako ezarritako gutxieneko zerbitzuak eraginik gabe geratu litezkeela, aurreko paragrafoan azaldu den bezala. Azkenik, funtsezkoa da, jakina, babeskopia egitea, egunean zehar landutako informazioa geroago inolako galerarik gabe berreskuratu ahal izateko.
Hori guztia ikusita, Gobernuko Agintaritzak Agindu honetan zehazten diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu, auzitan dauden eskubideen ezinbesteko edukia bateragarri egiten saiatzeko.
Zerbitzu jakin batzuk ezinbestekoak dira funtsezko eskubide batzuk betetzen dituztelako, eta zerbitzu horiek mantendu ahal izateko, greba-eskubideari muga batzuk jarri behar zaizkio. Eta alor horretan eskumen esklusiboa gobernu-agintaritzak edukitzeak zera bermatzen du, muga horiek zuzenbidearen arabera ezarriko direla, eta, ezarri ere, gobernatzeko erantzukizuna eta ahalmena duenak baino ez dituela ezarriko.
Horregatik, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuko 10.2 artikuluan aipatzen den prozedura bideratu da, eta, horrenbestez, Jaurlaritzaren erabakia doakien zerbitzuei eta langileei buruzko proposamenak egin ditzaten, grebaren eraginpean dauden aldeei, idatziz, entzunaldia eskaini diegu: grebarako deialdia egin duten sindikatuei, eta herri-administrazioei, eta Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoko enpresa eta erakundeei.
Deitutakoaren antzeko iraupena duten greba orokorren kasuetan, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduak eman dira, hala nola 2009ko maiatzaren 18koa (2009ko maiatzaren 19ko EHAA, 93. zenbakikoa), 2010eko ekainaren 24koa (2010eko ekainaren 26ko EHAA, 121. zenbakikoa), 2010eko irailaren 24koa (2010eko irailaren 27ko EHAA, 121. zenbakikoa) eta 2011ko urtarrilaren 21ekoa (2011ko urtarrilaren 25eko EHAA, 186. zenbakikoa). Agindu horiek ez dira aurrekari lotesleak, baina, aplikazioan izandako gorabeherak eta akatsak kontuan hartuta, aurrekari garrantzitsuak dira.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 25eko 42/2011 Dekretuaren 4.2 artikuluak eskumena eman dio Sail horren titularrari Autonomia Erkidegoko funtsezko zerbitzuak bermatzeko neurriak ezartzeko, zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan eragina duten greba-eskubidea egikaritzen denean, betiere Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki. Eskumen hori Jaurlaritzaren Kontseiluak eskuordetuta baliatzen da, ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, honako hau
Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei egin zaien deialdiaren arabera 2011ko martxoaren 29an egingo den grebarako eskubidearen erabilera eta egun horren inguruan hasten edo amaitzen diren lan-txandak ondoren adierazten diren ezinbesteko prestazioen eta horiei dagozkien gutxieneko zerbitzuen mantentzera baldintzatuta egongo dira:
Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek mantendu beharko dituzte:
Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere mantenduko dira. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute.
Lehen mailako arreta, betiere Lehen Mailako Arretako Unitate bakoitzeko buruetan honako langile hauek daudela: arretako mediku 1 zentroan, pediatra 1, etxeko arretako mediku 1, arretako erizain 1 zentroan, etxeko arretako erizain 1 eta zelari eta bezeroaren arretarako profesional 1. Ezkerraldea-Enkarterri eskualdean burutzat hartuko dira Balmasedako eta Karrantzako osasun-zentroak.
Larrialdi-zerbitzuak eta atentzio iraunkorreko guneak (AIG/PAC): % 100.
Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:
Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat hartuko da, Koordinazio Zentro batek eskatzen duen edo mediku-akta baten bitartez egiaztatzen den garraio sanitarioa.
Hemodialisi eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa, baita ospitale-barneko larrialdiko garraioa eta Basurtoko ospitalean gertatzen diren larrialdi-garraioak, baldin eta: a) Mediku-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, b) Ospitalean zerbitzu hori egiteko langilerik ez badago, eta c) Ohatila erabili behar bada. Era berean, ohatila erabiltzea eskatzen duten ospitaleko altek eragindako eta mediku-ziurtagiriarekin egiaztatzen den garraioa.
Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.
Telefonia-zerbitzua, zerbitzu hori normalki egiten duten langileen % 25ek egin beharko dute.
Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzua mantenduko da, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.
Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS Deiak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea eta larrialdiak aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.
Egoitza geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, baita mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak mantenduko dira, zuzeneko arreta hori gauzatzen duten langile gerokultoreen edo klinika-laguntzaileen % 50arekin, goizeko 08:00etatik 10:30era bitarte eta 20:00etatik 22:00etara bitarte izan ezik, eta janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Gaueko txandan, hori betetzeko pertsona bat baino gehiago duten zentroetan, 2 pertsonek lan egingo dute gutxienez. Era berean, eguneko zentroetara joaten diren mendekoen garraio berezia bermatuko da, zentro horietara joateko desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira bestelako garraiobideen bitartez egin, eta/edo horiek ez badaude haien mugikortasun-ahalmenera egokituta.
Adingabeen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Sektorean, mendetasun-egoeran daudenen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, jaiegun batean bezala.
Irakaskuntza-zentroetan ondoren adieraziko diren zerbitzuak emango dira, honako langile hauekin:
Unibertsitatez kanpoko hezkuntza, publikoa eta/edo itunpekoa: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta urgazleen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.
Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.
Euskal Herriko Unibertsitatea: Zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: Zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.
Goi Mailako Musika Ikastegia, Musikene: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.
Osotasun fisikoa mehatxupean dutenen segurtasun pertsonala bermatuko du zerbitzu horiei atxikitako pertsonalaren % 50ak, baldin eta beharrezkoa bada mehatxatuen oinarrizko eskubideetarako.
Bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Era berean, aginteko, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.
Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokitan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. Ordainketa-zerbitzua langileen % 30ekin artatuko da puntako orduetan (06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era) eta langileen % 15ekin gainerako orduetan. Ehuneko horiek kasuren batean pertsona bat baino gutxiago badira, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.
Errepideen mantentzea jaiegun bati dagozkion langile eta zerbitzuekin mantenduko da.
EAEko gasolina-zerbitzuguneen % 30en funtzionamendua bermatuko da. Lurralde bakoitzeko sektoreko patronalak erabakiko du zeintzuk izango diren, Greba Batzordeari nahitaez entzun ondoren.
Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek, zerbitzuaren mantentzea bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.
Telekomunikazio-enpresetan, mantentze-lanak egiteko, jaiegunetan langile-talde horretan lan egingo luketen langileek lan egingo dute.
Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.
Administrazio publikoak. Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzuek ere zerbitzua eman beharko dute, Zuzenean zerbitzuaren bitartez, ondoko egoitzetan: Araba: Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz; eta Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak dituen Lurralde-ordezkaritzetan: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia 85, Bilbao, eta Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián. Gutxieneko zerbitzuak pertsona batek gauzatuko ditu, lurralde eta txanda bakoitzean.
Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, Ejie. Jaiegunetako pertsonala egongo da, hau da, operadore bat txandako.
Bigarrena. Zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ahal izanez gero.
Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresetako nahiz administrazio publikoetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, aurreko atalean eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.
Hirugarrena. Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.
Laugarrena. Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.
Bosgarrena. Grebaren deialdia egin duten sindikatuei, Confebask-eri eta Administrazio Publikoei jakinarazi behar zaie Agindu hau, bete dezaten, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira bidali behar da, bertan argitaratzeko.
Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean hasiko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 23a.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
maría gemma aránzazu zabaleta areta.


