- AGINDUA, 2012ko martxoaren 23koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2012ko martxoaren 29rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean Justizia Administrazioaren esparruan erkidegoari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzen da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko martxoaren 23koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2012ko martxoaren 29rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean Justizia Administrazioaren esparruan erkidegoari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzen da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 61
- Hurrenkera-zk.: 1444
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/03/23
- Argitaratze-data: 2012/03/24
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Justizia
Testu legala
ELA, LAB, STEE/EILAS eta ESK erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute 2012ko martxoaren 29rako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremu geografikoaren barnean dauden enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu guztiek betetzen dituzten lan eta funtzionario-jarduera guztiak hartuko ditu eraginpean, kontuan izan gabe zein enpresa edo administrazioren mende dauden.
Justizia Administrazioan, deitutako lanuztea 2012ko martxoaren 29an egingo da, 00:00etatik 24:00etara.
Laburbilduz, honako hauek dira grebaren helburuak: 1. Lan-erreformari eta gobernuek eta Administrazioek krisiari lotuta hartu dituzten neurri eta politikekiko gaitzespena adieraztea, eta haien eraginkortasunik eza eta izaera antisoziala salatzea; 2. Botere ekonomiko eta enpresarialek eragin eta gauzatu duten enplegu-suntsiketa masiboa eta enplegu-kolokatasunaren gehikuntza gaitzetsi eta salatzea; eta 3. Politika publiko ekonomikoetan eta lan eta gizarte-politiketan muturreko aldaketa bat bultzatzea, eta politika horiek Euskal Herrian erabaki daitezen eskatzea.
Lanaren Konfederakunde Nagusiak (LKN) greba orokorrerako dei egin du 2012ko martxoaren 7an, lurralde- eta denbora-esparru berbererako, eta oinarrian berberak diren helburuekin: 1. Gizarte- eta lan-eskubideen ezabapena eta 3/2012 Errege Dekretua arbuiatzea. 2. Gobernu zentralak, autonomikoak eta tokikoak abian jarritako gizarte- eta lan-politiketan aldaketa bat eragitea.
Langile Sindikal Batasuna erakunde sindikalak ere greba deialdia egin zuen, martxoaren 12an, jarduera-sektore guztietarako, publiko zein pribatuetarako, autonomia erkidegoaren esparruan, ondoko helburuekin: 1. Lan-erreforma eta gobernuek eta administrazioek hartutako neurri ekonomikoak gaitzestea, eta horien eraginkortasunik eza eta izaera antisoziala salatzea; 2. Enplegu-suntsiketa eta lan-harremanen kolokatasuna salatzea, eta egoerarik txarrenean daudenak krisialdiaren ondorioez babesteko neurriak ezar daitezen eskatzea; eta 3. Sindikatu honek, azken urteetan, langileentzat kaltegarriak diren politikak bertan behera uzteko eskatu die botere publikoei eta enpresa-botereei, eta hainbat proposamen aurkeztu ditu arazo ekonomikoak langileei eskubideak murriztu gabe gainditzeko, baina ez dute oihartzunik izan.
2012ko martxoaren 16an, CC.OO. eta UGT erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremu geografikoaren barnean dauden enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu guztiek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak hartuko ditu eraginpean, kontuan izan gabe zein enpresa edo administrazioren mende dauden; ondoko arrazoiengatik: 1. Gobernu Zentralak Lan Erreforma dela-eta jakinarazi dituen eta ezarriko dituen neurriak gaitzestea. Izan ere, neurri horiek aldaketa sakona dakarte gaur egungo legerian, eta aplikatuz gero nabarmen murriztuko dira herrialdeko langileen eskubideak. Gobernuak neurri antisozial horiek aplikatu nahi ditu enpresaburuen interesen mesederako, eta a) Langileen kaleratzea errazten eta merkatzen du; b) Hitzartutako baldintzak ez betetzea errazten die enpresaburuei, eta c) Kaleratzearen kausak aldatzen ditu.
Grebaren esparrua kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertako Gobernu Agintaritzari dagokio Euskal Administrazio Publikoak eta gainerako erakunde, entitate edo enpresek ematen dituzten ezinbesteko zerbitzuak ematen direla ziurtatzeko bermeak ezartzea zerbitzu publikoetan edo behar-beharrezkoak eta atzeraezinak direnetan, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraikiz.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak langileen greba egiteko eskubidea onartzen du, langileek beren interesak defenda ditzaten, horixe baita egungo zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoak oinarri dituen funtsezko eskubideetako bat. Konstituzioak, beraz, berdin babesten du greba-eskubidea eta beste zenbait eskubide garrantzitsu, hala nola bizia, integritate fisikoa, osasuna, hezkuntza, joan-etorri askea, eta informazio-askatasuna, besteak beste. Hain zuzen, Konstituzioak bete-betean babesten ditu, bai eskubide horiek guztiak, baita greba egiteko eskubidea ere. Beraz, greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin.
Hala ere, aurreko premisa gorabehera, begien bistakoa da funtsezko eskubideak mugatzeko edozein neurri proportzionaltasunaren printzipioa zorroztasunez aplikatuz hartu behar dela, eta horretarako hiru baldintza bete behar ditu neurri horrek: hori aplikatuz proposatutako helburua lortu ahal izatea, edo «egokitasun-judizioa»; egitatea aztertuta, ondorioztatu izana ez dagoela neurri apalagoren bat helburu hori eraginkortasun berarekin lortzeko, edo «beharrizan-judizioa»; eta, azkenik, neurria edo konponbidea orekatua edo neurtua izatea, haren aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako auzian dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino, hau da, «proportzionaltasun-judizioa, zehazki ulertuta». Gai horri buruz hainbat aldiz erabaki du Auzitegi Konstituzionalak, honako epai hauen bitartez, besteak beste: 122/1990, 123/1990, 8/1992, eta 126/2003.
Erabaki horietatik ondorioztatu behar dugu erkidegoarentzat ezinbesteko zerbitzuak emango direla ziurtatzeak mugatu egiten duela grebarako eskubidea baliatzeko aukera, eta horretarako nahitaezkoa dela interes desberdinak kontuan hartuta zuhurtasunez jokatzea. Hori guztia dela-eta, ziurtatzeak berme gisa balio behar du, eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatuta; betiere ulertuta grebalarien eskubidea mugatu beharko dela, etsi, Auzitegi Konstituzionalaren hitzetan haien eskubideak grebaren bidez babesteak erkidegoari edo ezinbesteko zerbitzuaren hartzaileari zein zerbitzua jasotzeko eskubidearen titularrari eragiten dion edo eragin liezaiokeen kaltea larriagoa bada grebalarien errebindikazio edo eskakizunen arrakastarik ez izateak eragingo lukeena baino. Hori guztia dela-eta, greba-deialdi honen aurrean, haren garapenak dituen ezaugarri zehatzak hartu beharko dira kontuan; eta kasu honetan lanegun bateko lanaldia izango da.
Horregatik guztiagatik, Konstituzioaren 24. artikuluan bildutako tutoretza judizial eraginkorra izateko konstituzio-eskubideak ezin daitezke dagokien babesik gabe geratu, ezta greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eta herri-agintariei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Agintaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, Agindu honetan zehaztu direnak, erkidegoan ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko, Erkidego honen eskumenekoa den Justizia Administrazioaren eremuan.
Organo Jurisdikzionalen jarduerak, konstituzioaren lehen mailakoak izaki, bermatu beharrekoak diren funtsezko eskubide garrantzitsu jakin batzuei eragiten die. Horren ondorioz, jarduera hori ezinbestekotzat jo behar da greba-kasuetan, eta ez bakarrik funtsezko zenbait eskubideri askatasun-eskubideari adibidez eragiten dielako bereziki, baita Jurisdikziora biltzea eta tutoretza judizial eraginkorra lortzea ere kolokan jar dezakeelako ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren 2006ko urriaren 25eko 771. zenbakiko Epaiak ezarri duen bezala.
2006ko urriaren 25eko Epai horrek greba izanez gero ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak langile-hornidurarekin zerikusia dutenak barne zehazteko irizpideak finkatzen ditu. Besteak beste, honako hauek dira: epaitegietan eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundean guardia-eginkizunetan diharduten langileen % 100 hornitzea; dokumentuak jaso eta erregistratzea; premiazkotzat jotako jardunak edo Legeak aldez aurretik ezarritako epemuga egun horretan dutenak, baldin eta ez-betetze horrek eskubideak galdu edo kaltetzea ekar badezake berekin; kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriei eragiten dietenak, baldin eta, ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal badezakete edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzera badezakete; eta greba-egunerako ezarritako epaiketa, agerraldi eta antzekoak, baldin eta, etenez gero, kalte larriak eragin baditzakete, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta, edota etenaldi horrek eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta. Hori guztia ikusita, Gobernuko Agintaritzak Agindu honetan zehazten diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu, auzitan dauden eskubideen ezinbesteko edukia bateragarri egiten saiatzeko.
Zerbitzu jakin batzuk ezinbestekoak dira funtsezko eskubide batzuk betetzen dituztelako, eta zerbitzu horiek mantendu ahal izateko, greba-eskubideari muga batzuk jarri behar zaizkio. Eta alor horretan eskumen esklusiboa gobernu-agintaritzak edukitzeak zera bermatzen du, muga horiek zuzenbidearen arabera ezarriko direla, eta, ezarri ere, gobernatzeko erantzukizuna eta ahalmena duenak baino ez dituela ezarriko.
Izan ere, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluak honako hau xedatzen du: «greba egiten denean edozein zerbitzu publiko edo onartuta dagoen eta geroraezina den beharrizaneko edozein zerbitzu eskaintzeko enpresetan, eta larritasun bereziko egoerak daudenean, gobernu-agintaritzak beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu zerbitzuen funtzionamendua ziurtatzeko» eta «Gobernuak, era berean, horretarako beharrezkoak diren esku-hartzeko neurriak har ditzake».
Arau horretan zeina konstituzionala den (Auzitegi Konstituzionalaren 11/1981 Epaia, apirilaren 8koa [RTC 1981\11]), Konstituzioaren greba-eskubideari buruzko 28.2 artikuluarekin bat etorriz, bertan honako hau ezartzen baita: «eskubide horren erabilera arautzen duen legeak beharrezko bermeak ezarriko ditu erkidegoarentzako funtsezko zerbitzuen mantentzea ziurtatzeko», azken batean, gobernu-agintaritzari ematen zaio edozein motatako berme-neurri hartzeko, greba-kasuan ezinbesteko zerbitzuei eusteko, eta hori egiteko neurrietako bat administrazio-ebazpenaren bidez jarduerari eusteko ezinbesteko gutxieneko zerbitzuak ezartzea da, eta lan-prestazioa eskaini behar duten langileei horiek bete ditzaten eskatzea.
Horregatik, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan aipatzen den prozedura bideratu da, eta, horrenbestez, Jaurlaritzaren erabakia doakien zerbitzuei eta langileei buruzko proposamenak egin ditzaten, entzunaldia eskaini diegu, idatziz, grebarako deia egin duten sindikatuei eta herri-administrazioei.
Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1.c) artikuluak ezartzen du Gobernu Batzordearen eskumena izango dela: «Euskadiko Herri Administrazioen zerbitzupeko langileen greba-kasuetan gutxieneko zerbitzuak bermatzeko behar diren neurriak hartzea, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak proposatuta eta aldez aurretik dagokion Administrazioen eremuko sindikatu esanguratsuenei galdetuta».
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 25eko 42/2011 Dekretuaren 4.2 artikuluak eskumena eman dio Sail horren titularrari Autonomia Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko neurriak ezartzeko, zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan eragina duten greba-eskubidea gauzatzen denean, betiere Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki. Eskumen hori Jaurlaritzaren Kontseiluak eskuordetuta baliatzen da, ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, honako hau
Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei egin zaien deialdiaren arabera 2012ko martxoaren 29an Justizia Administrazioan baliatuko den grebarako eskubidearen erabilera, eta egun horren inguruan hasten edo amaitzen diren lan-txandak, ondoren adierazten diren funtsezko prestazioen eta horiei dagozkien gutxieneko zerbitzuen mantentzera baldintzatuta egongo da:
Guardia Zerbitzuaren berezko jardunak.
Dokumentuak jaso eta erregistratzea.
Premiazko gaiak organo judizialen artean banatzea.
Legeak aldez aurretik ezarritako epea amaitzen zaien jardun guztiak, baldin eta ez-betetzeak eskubideen galera edo eskubideak kaltetzea ekar badezake berekin.
Ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal dezaketen edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzeratzea ekar dezaketen kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriak.
Instrukzioko edo prozesua bultzatzeko jarduera, baldin eta aurreko idatzi-zatian aipatutako zirkunstantzietako bat gertatzen bada.
2012ko martxoaren 29rako deitutako ekitaldiak (epaiketak, agerraldiak eta abar), baldin eta etenez gero kalte larriak ekar baditzakete berekin, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta edo etenaldiak eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta, besteak beste:
Zigor-arloan, epaiketak edo apelazio-ikustaldiak, baldin eta tartean askatasunik gabeko pertsonak badaude edo urtebetetik gorako espetxealdia eskatzen bada.
Arlo zibilean, hartzekodunen batzarrak konkurtso-prozeduretan, eta oso behin-behineko neurriak.
Arlo sozialean, kaleratzeengatiko epaiketak.
Arlo guztietan, funtsezko eskubideen tutoretza-prozesuetan deitutako ekitaldiak, baldin eta etenaldiak azken ebazpena berandutzen badu.
Epea amaitzen zaien lurperatze-lizentziak eta erregistro-inskripzioak.
Itsasontzi-matxurekin, itsas protestekin eta errekisitoria-pertsonen egoera legeztatzearekin zerikusia duten jarduerak.
Pertsonak barneratzea.
Bigarrena. Aipatutako zerbitzuek beteko dituzte, lehentasunez, greba-eskubidea baliatzen ez duten langileek, Agindu honetako eranskinean zehazten den bezala.
Kasu horretan, idazkari judizialei, fiskalburuei edo dagokion erakundeko buruari dagokio ezinbesteko zerbitzuak bete behar dituztenak izendatzea, baita gutxieneko zerbitzuak bete behar dituen funtzionarioak zer kidegotakoa izan behar duen zehaztea ere, halakorik zehaztu ez den kasuetan, dagokion organoaren berezko zereginaren barnean bildutako ezinbesteko zerbitzuak betez.
Hirugarrena. Agindu honen aurreko idatzi-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.
Laugarrena. Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.
Bosgarrena. Agindu hau grebarako deialdia egin duten sindikatuei eta Justizia eta Herri Administrazio Sailari jakinaraziko zaie, bete dezaten.
Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean hasiko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 23a.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
AGINDUAREN ERANSKINA
Guardian dauden epaitegietan eta Auzitegiko Medikuntzaren Euskal Erakundean izan ezik horietan guardiako zerbitzua egin ohi duten langile guztiek lan egin beharko dute honako gutxieneko zerbitzu hauek ezartzen dira aipatutako ezinbesteko zerbitzuak emateko:
(Ikus .PDF)


